Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

34. zk., 2008ko otsailaren 18a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Iragarpenak

Bizkaiko Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofiziala
1025

IRAGARKIA, 2007ko abenduaren 18an, Bizkaiko Industri Ingeniari Teknikoen Elkargo Ofizialaren Batzar Nagusiak hartutako Erabakiari buruzkoa.

Juan M.ª Altuna Urizar jaunak, Bizkaiko Industri Ingeniari Teknikoen Elkargo Ofizialeko idazkariak, honakoa

ZIURTATZEN DU:

Lanbide Elkarteei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legeko xedapen iragankorretako bigarrenean, 8.4 artikuluan eta aplika daitezkeen gainontzekoetan aurreikusitakoa bete dadin, Elkargoaren Gobernu Batzordeak proposaturik, 2007ko abenduaren 18an egindako batzarrean, Bizkaiko Industri Ingeniari Teknikoen Elkargo Ofizialeko Kolegiatuen Batzar Nagusiak honakoak erabaki ditu:

Lehenengoa.– Bizkaiko Industri Ingeniari Teknikoen Elkargo Ofizialeko Lanbide Elkarteen Erregistroa eratzea.

Bigarrena.– Bizkaiko Industri Ingeniari Teknikoen Elkargo Ofizialeko Lanbide Elkarteen Erregistroaren Araudia onartzea (idazki honi eransten zaio).

Hirugarrena.– Erabaki hau eta araudia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Eta jasota gera dadin eta bidezko ondorioak izan ditzan, ematen eta sinatzen dut ziurtagiri hau, Bilbon, bi mila eta zortziko urtarrilaren zortzian.

Dekanoa,

CARLOS PESCADOR CASTRILLO.

BIZKAIKO INDUSTRI INGENIARI TEKNIKOEN ELKARGO OFIZIALAREN (IITEO) LANBIDE ELKARTEEN ERREGISTROAREN ARAUDIA
LEHENENGO KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

Bizkaiko IITEOko Estatuetan eta Lanbide Elkarteei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legean xedatutakoarekin bat etorriaz, idatzi da Bizkaiko Industri Ingeniari Teknikoen Elkargo Ofizialeko Lanbide Elkarteen Erregistroaren Araudia. 2001eko apirilaren bostean eta 2000ko apirilaren lauan kolegiatuek egindako batzar nagusietan onartu ziren aipatu estatutuak, eta berretsi, Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2001eko ekainaren 11ko Aginduaren bitartez (2001-12-07ko EHAA, 236. zk.).

1. artikulua.– Era esklusiboan edo bateragarri den beste lanbide-jarduera batekin, Industri Ingeniari Teknikoaren edo Perituaren lanbidean jardun ahal izateko, martxoaren 15eko 2/2007 Legeak xedatutakoari jarraiki eratutako lanbide-elkarteak, araudi honen bidez araututako Elkargoko Erregistroan inskribatu beharko dira, betiere Bizkaiko Industri Ingeniari Teknikoen Elkargo Ofizialaren jarduera-eremukoak badira.

2. artikulua.– Industri Ingeniarien edo Perituen lanbide-jarduerak burutu ahal izateko, elkarteak ezinbestean inskribaturik egon beharko du Erregistroan; eta, halaber, kolegiatuek, lanbideko jarduerak burutu ahal izateko, betiere, elkartearen izenean edo mende eta lanbideko jardueraz baliatzeari doazkion obligazioak eta eskubideak elkarteari esleituaz.

3. artikulua.– Behin Erregistroan sartuz gero, elkarteak onartu egin beharko ditu: Elkargoak, legez eta estatutuen arabera, baliatu ditzakeen eskumenak, zehazki, kolegiatuei dagokienez eta, bereziki, lanbidean aritzeko kolegiatuei aplikatu ahal zaizkien bateraezintasunei eta desgaikuntzei, diziplinari eta deontologiari buruzko araubideari dagokionez.

Guzti hori betiere, bazkide izanik edo izan gabe, jardungo diren profesionalei dagokien diziplinazko erantzukizuna baztertu gabe, zeina bateragarria izango baita elkartearenarekin.

Elkartea Elkargoko Erregistroan sartu gabe, elkartearen izenean edo mende burututako lanbide-ekintzen gaineko erantzukizuna bazkide profesional guztiena izango, era solidarioan; eta, kasua bada, bazkide profesional izan gabe, lanbide-ekintzak burutu dituzten profesionalena.

4. artikulua.– Elkartea Elkargoko Erregistroan sartzeak ez ditu salbuesten, elkartearen bidez badihardute, bazkide profesionalak eta bazkide ez diren profesionalak, hau da, ez ditu salbuesten, lanbideaz —eretariko edozeinetan— baliatzeko, Elkargoan inskribatzeko beharretik.

Hala ere, Elkargoari eusteko kuota eta derramei dagokienez, elkarteentzako kuota espezifikoak ezarriko dira, horietako bakoitzera sartu den kolegiatu kopuruaren (bazkide zein ez) araberakoak, eta bazkide horiek salbuetsita geratuko dira kuotok ordaintzetik, betiere elkartearenen ondoriozko erantzukizun subsidiarioaren kontra egin gabe.

5. artikulua.– Erregistroa Gobernu Batzordearen ardura eta erantzukizunaren menpe izango da, batzorde horri dagozkio hari buruzko erabakiak hartzea, eta idazkariari dagokio Erregistroaren kudeaketa, hartarako beharrezko diren langileen laguntzarekin.

BIGARREN KAPITULUA
EREMU SUBJEKTIBOA

6. artikulua.– Martxoaren 15eko 2/2007 Legean aurreikusitakoaren bat eratutako elkarteak (era edozein delarik ere) inskribatuko egingo dira Elkargoko Erregistroan, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

1.– Elkarteak kapitalistak izatea, eta euretan kapitalaren eta boto-eskubideen hiru laurdenak bazkide profesionalenak izatea.

2.– Eta elkarteak kapitalistak ez badira, ondarearen hiru laurdenak bazkide profesionalenak izatea eta bazkideetarik hiru laurdenak profesionalak izatea.

7. artikulua.– Aurreko artikuluaren ondorioetarako, honakoak joko dira bazkide profesionaltzat:

Industri Peritu edo Industri Ingeniari Teknikoaren titulua duten pertsona fisikoak, kolegiatuak direnak.

2.– Aurreko artikuluko 1. paragrafoan aipatu kapitalaren eta boto-eskubideen proportzioan nahiz artikulu bereko 2. paragrafoan aipatu bazkide eta ondarearen proportzioan diren lanbide-elkarteak, Industri Peritu edo Industri Ingeniari Teknikoaren titulua duten kolegiatuei badagozkie. Eta, halaber, lanbide-elkarte hauek: kolegiatu diren Peritu edo Industri Ingeniari Teknikoei dagokienez, kapitalean eta boto-eskubideetan nahiz ondare sozialean eta bazkide kopuruan, paragrafo honetan adierazitako proportzioa betetzen badute.

Lanbidean jarduteko eskatutako baldintzak bete beharko dituzte artikulu honetan aipatu pertsona fisikoek.

8. artikulua.– Edonola ere, lanbide-elkarteak honako helburu bakarra izango du: Peritu edo Industri Ingeniari Teknikoei dagozkien jarduera profesionalak burutzea, era esklusiboena edo beste jarduera profesional batzuekin, baldin eta hauek bateragarriak badira Peritu edo Industri Ingeniari Teknikoaren lanbidearekin.

9. artikulua.– Lanbide-elkarteetan, administrazio-organoko kideetarik erdiek bazkide profesional izan beharko dute, baldin eta organo hori kolegiatua bada.

Administrazio-organoa pertsona bakarrekoa bada edo ez bada kolegiatua, administratxzaileak/ek bazkide profesional izan beharko du. Halakorik bada, kontseilari delegatuek ere profesional izan beharko dute.

HIRUGARREN KAPITULUA
ERREGISTROAREN FUNTZIONAMENDUA

10. artikulua.– Elkargoko Erregistroko elkartearen inskripzioak, elkartearen formari dagokionez eskatutako aipamenez gain, honakoak ere jaso beharko ditu: elkartearen eraketa-eskritura eman dutenen identifikazioa, bazkideak profesionalak diren ala ez adieraziaz eta honakoak jasoaz:

a) Elkartearen izena eta helbidea.

b) Eraketako eskritura publikoaren data eta identifikazio-aipamenak eta baimena ematen duen notarioa; eta denbora jakin baterako eratu bada, elkartearen iraupena.

c) Elkartearen helburua osatzen duten jarduera profesionalak.

d) Bazkide profesionalen eta ez-profesionalen identifikazioa, eta lehenengoei dagokienez kolegiatu kopurua eta zein Lanbide Elkargoko kide den.

e) Administrazioaz eta ordezkaritzaz arduratzen direnen identifikazioa, horietako bakoitzari dagokionez bazkide profesionala den ala ez adieraziaz.

f) Inskripzioa xedatzeko elkargoak hartutako erabakiaren data.

g) Erantzukizun zibileko asegurua zein entitaterekin kontratatu duen lanbide-elkargoak, polizaren zenbakia eta aseguratutako kapitala.

h) Elkarteari emandako elkargoko zenbakia.

Halaber, elkarte bakoitzarentzat irekitako orrian, administratzaileetan edo bazkideetan izandako aldaketa oro inskribatuko da, eta bai kontratu sozialaren aldaketa oro ere, inskripzioa xedatzeko elkargoak hartutako erabakiaren data adieraziaz.

Elkarte bakoitzari irekitako orrian jaso egin beharko dira: Peritu eta Industri Ingeniari Teknikoen Elkargo honek edo beste batek ezarritako diziplinazko zehapenak, zehazki, elkarteari eta horren bazkideei edo lanbide-elkargoaren bidez jarduera profesionalak burutzen dituzten kolegiatu ez-bazkideei; eta, halaber, lanbidean jarduteari eragiten dioten zehapen penalak.

11. artikulua.– Elkartearen hasierako inskripzioaren espedientea ofizioz hasiko da, 2/2007 Legeko 8.4 artikuluaren azken paragrafoak aipatu Merkataritza Erregistratzailearen komunikazioa dela medio edo kolegiatutako bazkide profesionaletako edozeinek eskatuta; kasu honetan, erregistroko inskripzioaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, eta bai lanbidean jarduteko galarazpen, desgaikuntza edo suspentsio egoeran ez egoteari buruzko deklarazioa, bazkideetariko bakoitzak sinatua, ere.

Espedientea ofizioz ireki bada, aipatu deklarazioak aurkezteko eskatuko zaie administratzaileei, eta harik eta deklarazio horiek aurkeztu arte, inskripzio-espedientea etenda izango da.

Egoki bada etendura horren aurka egin gabe, etendurako espedientea gehienez ere hilabeteko epean izapidetu beharko da eta Gobernu Batzordeak inskripzioa xedatzeko hartutako erabakiarekin bukatuko da, baldin eta elkarteak araudi honetan eta 2/2007 Legean ezarritako betekizunak konplitzen baditu; hala ez bada, Gobernu Batzordeak ezezkoa emango dio inskripzioari, eta elkartearen ordezkariari jakinaraziko dio, bidezko diren errekurtsoak adieraziaz.

Behin inskripzioa erabakita, 2/2007 Legean aurreikusitako eran, elkarteari egotziko zaizkio: inskripzio-espedientea ireki zen egunetik hara elkarteak burututako lanbide-ekintzak.

12. artikulua.– Merkataritza Erregistroan inskribatu beharreko aldakuntzak honelaxe inskribatuko dira: elkartearen hasierako inskripzioa egin zen legez.

13. artikulua.– Elkarteari, bazkide profesionalei edo elkartearen zerbitzuan diharduten profesional kolegiatuei ezartzen zaizkien diziplinazko zehapen kolegiatuak elkartearen erregistro-orrian idatziko dira, elkargoak erregistroari egindako komunikazioaren bidez, baldin eta elkargoak berak ezarri badu zehapena; edo, bestela, Peritu eta Industri Ingeniari Teknikoen Elkargo Ofizialean Kontseilu Orokorrak edo elkargo horietan zehazpena ezarri duenak egindako komunikazioaren bidez.

Zehapen penalaren kasuan, agintaritza judizialak edo edozein interesatuk igorritako kondena-testigantza dela-eta egingo da idatzoharra; edonola ere, elkarteari eta eraginpeko profesionalari entzunda.

14. artikulua.– Elkartea desegin behar den kasuetan, aldez aurretik Gobernu Batzordeari entzunda ezeztatuko da inskripzioa.

Deuseztapen-erabakiari buruzko erregistro-ziurtagiriarekin batera, elkartearen ordezkariek aurkeztutako eskabidea dela-eta, edo Merkataritza Erregistroak egindako komunikazioa dela-eta.

Lanbideaz baliatzeko, profesionalek bateraezintasun edo desgaikuntza kasuetan ez egoteko betekizuna bete ez dela-eta agitu bada deuseztapena, inskripzioaren ezeztapena ofizioz aginduko da, 2/2007 Legeko 4.5 artikuluan ezarritako hiru hilabeteko epea igaro bada eta bateraezintasunean edo desgaikuntzan diren bazkide/en esklusioa egiaztatu ez bada.

LAUGARREN KAPITULUA
LAN PROFESIONALAK BISATZEA

15. artikulua.– Interesatuek hala eskatuz gero, lan profesionalak elkarteak bisatuko ditu, edo lana egin duten kolegiatu profesionalek, bazkide izan edo ez izan.

Lehen kasu horretan, lana egin duenaren kolegiatu zenbakia eta izena eraso beharko dira; eta bigarren kasuan, lana elkartearen kontura egiten dela eraso beharko da.

Helmenari, erari, emateko elkargo-eskumenari eta beste elkargo batzuekiko harremanei dagokienez, bisatua betiere ondokoei egokituko zaie: Lanbide Elkargoen Legean, Elkargoen Estatutu Orokorretan eta elkargoko erakunde eskumendunek hartutako erabakietan aurreikusitakori.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Goi Mailako Hezkuntzaren Espazio Europarra garazten duten unibertsitate-tituluak sortuta, Peritu eta Industri Ingeniari Teknikoei dagokienez araudi honetan jasotako aipamenek honakoak era hartuko dituzte: Ingeniaritzako arlo industrialean Gradu titulua dutenak.

Bigarrena.– 2/2007 Legean aurreikusitako eran, araudi hau aplikatu egingo zaie: Peritu eta Industri Ingeniari Teknikoen lanbide-elkarteak, zehazki, aipatu legeak indarra hartzean daudenak.

Hirugarrena.– 2/2007 Legeko 8.5 artikuluak aipatzen duen Erregistroaren publizitatea honakoari lotu zaio: lege horrekin bat onartzen diren garapen-arauek xedatzen dutenari.

Laugarrena.– Bizkaiko Industri ingeniari Teknikoen Elkargo Ofizialaren Gobernu Batzordeari dagokion araudi hau interpretatzerakoan sor litezkeen zalantzak ebaztea, betiere indarreango legeekin bat etorria; bestalde, araudi hori bete dadin arduratzea ere badagokio, hartarako beharrezko diren jarraibideak eta aginduaz emanez.

AZKEN XEDAPENA

Kolegiatuen Ohiko Batzar Orokorrak onartzen duen egunean hartuko du indarra araudi honek, onarpen hori kolegiatu guztiei jakinarazi beharko zaie, eta autonomia erkidegoko aldizkari ofizialean ere argitaratu beharko da.

Bilbao, 2007ko abenduaren 18a.

Dekanoa,

CARLOS PESCADOR CASTRILLO.

Idazkaria,

JUAN M.ª ALTUNA URIZAR.


Azterketa dokumentala