Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

13. zk., 2008ko urtarrilaren 18a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
354

EBAZPENA, 2007ko urriaren 30ekoa, Ingurumen sailburuordearena, Erriberagoitian instalazio fotoboltaikoa jartzeko Pobessolar S.L. enpresak sustatu duen proiektuak Ingurumenean duen Eraginaren Adierazpena egiteko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorraren arabera, bere I. eranskineko B) idatz-zatian jasotzen diren proiektuak ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlanaren menpe jarri beharko dira banan-banan, proiektuok egiteko edo, hala behar izanez gero, baimentzeko hartzen den administrazio-ebazpenaren aurretik. Azterlan horren amaiera ingurumenaren gaineko eraginaren Adierazpena da.

Pobessolar S.L. enpresak sustatuta, Erriberagoitian instalazio fotovoltaikoa jartzeko proiektua onartzeko jardunbidea hasi da, eta aplikatzekoak diren arauak kontuan hartu dira, hala nola, otsailaren 27ko Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko 3/1998 Legea, eta Ingurumenaren gaineko eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua eta berau garatzeko den irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretua. Ondorioz, honako izapideak burutu dira:

Kontsulten izapidea. Proiektuaren sustatzaileak eskatuta, Ingurumen Sailburuordetzak 2007ko ekainaren 15ean ekin zion kontsulten jardunbideari, irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuaren, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua gauzatzeko araudia onartzen duenaren, 13. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoa betez. Kontsulten izapidearen emaitzak 2007ko urriaren 2an bidali zitzaizkion sustatzaileari.

Jendaurreko informazioaren izapidea. Organo eskudunak jendaurrean jarri zuen proiektua eta proiektuak ingurumenean duen eraginaren gaineko azterlana (2007ko abuztuaren 10eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 154. zk.).

Espedientea bidaltzea. Energia eta Meategien Zuzendaritzak 2007ko urriaren 2an bidali zuen espedientea Ingurumen Sailburuordetzara, aipatutako irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuaren 16. artikuluan aurreikusitakoa betez.

Aipatutako proiektuaren espedientean jasotzen diren agiri tekniko eta txostenak aztertu dira eta ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlana zuzena da indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera; beraz, Ingurumen Sailburuordetzak, bera baita organo aginpideduna Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpen hau emateko, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorraren eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuaren arabera, honako hau

EBATZI DU:

1.– Erriberagoitian, Pobessolar S.L. enpresak sustatuta, instalazio fotovoltaikoa jartzeko proiektuak ingurumenean duen eraginari buruzko aldeko adierazpena egitea.

2.– Proiektua burutzeko ondoren adierazitako baldintzak ezartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorraren 47.2 artikuluaren arabera lotesleak izango direnak.

2.A.– Proiektuak Ingurumenean duen Eraginaren Ebaluazioa egiteko Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztutako agirietan jasotakoaren arabera eta berariaz ebazpen honetan finkatutako zehaztapenen arabera gauzatu beharko da proiektua.

Espediente honek ingurumenean duen eraginaren ebaluaziorako prozeduran kontuan izan dira proiektua gauzatuko den lurzatian panelek izango duten eragina. Badira ordea, espedientean aurreikusten ez diren beste jarduera batzuk, esaterako eguzki energia fotovoltaikoa argindarra garraiatzeko sarearekin kateatzea. Jarduera hori ezinbestekoa da instalazioa behar bezala aritzeko dezan.

Aipatutako azpiegitura gauzatzeko agiri teknikoak gutxienez Ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpen honetan jasotako neurri babesle eta zuzentzaile orokorrak izan beharko dituzte, eta aireko linean berriz, hegaztiak ez elektrokutatzeko neurriak; horrez gain, behar diren gainerako baimenen berariazko prozeduretan ezarriko diren gainerako neurriak ere hartuko dira.

2.B.– Proiektua aldatu edo handitu nahi izanez gero, Ingurumenaren gaineko eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren 1.3 artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da, bere II. eranskineko 9.k) epigrafearekin bat.

Proiektuan egingo diren aldaketa jakinak aurreko idatz-zatian adierazitako garrantzirik ez dutenean, lanak burutzeko falta diren gainerako prozeduretan sortzen direnean, ingurumenaren ikuspegitik ere arrazoitu egin beharko dira, eta aldaketok proiektuko neurri babesle eta zuzentzaileetan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintza-pleguetan sartuko dira.

2.C.– Neurri babesle eta zuzentzaileak.

Neurri babesle eta zuzentzaileak egitasmoaren sustatzaileak ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko aurkeztu zituen agirietan jasotakoaren arabera gauzatuko dira. Era horretan, neurri hauek hartzeak, batetik, eta kontrolerako esleitutako pertsonalak, bestetik, azterketan ezarritako eta ingurumenaren gaineko eraginaren aitorpen honetan ezarritako kalitate-helburuak bermatu ahal izango dituzte. Ondorengo idatz-zatietan adierazitako neurriak gehitu beharko dituzte.

2.c.1.– Jarduketa-eremua mugatzea.

Energia fotovoltaikoa sortzeko instalazioa eraikitzeko jarduera guztiak partzelaren barruan egingo dira eta hainbat kasutan partzela horren lursail mugakideak ere erabili ahal izango dira, baldin eta behar bezala justifikatuta badago.

Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatuko balitz, zuzentzeko eta leheneratzeko neurri egokiak aplikatuko dira.

2.c.2.– Natura ondarea babesteko neurriak:

2.c.2.1.– Obrarako sarbideak, makinak edukitzeko guneak eta obra-materialak aldi baterako metatzeko aldeak ingurumenean ahalik eta gutxien eragiteko irizpideen arabera proiektatuko dira.

Instalazioak jartzeko landaredi naturala ez mozten ahaleginduko da.

2.c.2.2.– Osorik utziko dira panel fotovoltaikoak jarriko diren eremuaren iparraldean eta hego-mendebaldean dauden erkametz-basoak. Horretarako, lanak egin aurretik eremu horiek ondo mugatu eta balizatuko dira proiektua gauzatzerakoan inolako kalterik ez sortzeko.

2.c.2.3.– Proiektuaren eremuan mirotz urdina (Circus pygargus) egon daitekeela aipatu da. Espezie hori Itsasoko eta Lehorreko Flora eta Fauna Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan jasota dago.

Espezie horri edo bere habitatei kalterik eragin diezaiekeen edozein jardun egin ahal izateko, Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legean, eta Itsasoko eta Lehorreko Flora eta Fauna Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoa arautzen duen uztailaren 9ko 167/1996 Dekretuan ezarritakoa eta, hala dagokionean, eskumena duen foru-organoak ezartzen duena hartuko da kontuan.

Horrez gain, obrak egin daitezke mirotz urdinak habiak jartzen ez dituen aldian. Habiak jartzeko aldia apiriletik abuztura bitartekoa da, bi hilabete horiek barne hartuta. Hala izan ezean, fauna gaietako aditua obra-tokian egon beharko da obren zuinketa fasean eta lurrak mugitzerakoan, Obren Zuzendaritzari aholkuak emateko aipatutako espeziearen eta bere habitataren gainean kalterik ez eragiteko aplikatu behar diren babes-neurri zein neurri zuzentzaileei dagokienez.

2.c.2.4.– Proiektuak ingurumenean duen eraginaren ebaluazioa egiteko sustatzaileak aurkeztu dituen agirietan aurreikusten denez, proiektua kokatuko den lurzatiaren inguruan jarriko den itxiturak aukera eman behar die ugaztun txikiei handik igarotzeko; beraz, behean gutxienez 20 cm-ko tartea utzi beharko da. Hesia txarrantxarekin egin ahal izango da.

2.c.2.5.– Instalazio fotovoltaikoa argindar sarearekin kateatzeko azpiegiturak hegaztiak ez elektrokutatzeko neurriak izango ditu aireko linean.

2.c.3.– Hauts-isurtzeak murrizteko neurriak.

Obrak dirauen bitartean, ibilgailuak igarotzean hautsa barreiatzea sahiestuko da, bai proiektuak eragin zuzenena duen tokian, bai sarbideetan. Beharrezkoa izanez gero, obren eragina jasaten duten azalerak ureztatzeko sistema bat egongo da.

2.c.4.– Lur gaineko urak babesteko neurriak.

Proiektua gauzatzeko lur-mugimenduak egiterakoan ahalik eta fin gutxien isuriko da drainatze-sarera. Neurriak hartuko dira lanetako solido esekiz beteriko isurketako urak Baias ibaira iritsi ez daitezen. Horretarako, ez da lur-mugimendurik egingo euri asko egiten duen egunetan.

2.c.5.– Zaraten ondorio diren efektuak gutxitzeko neurriak.

Lanak egiten diren bitartean, inguruan zaraten ondorio diren efektuak gutxituko dira. Horretarako, lanetan erabiltzen diren makinak eta ibilgailuak mantendu beharko dira eta arlo honetako araudia betetzen dela kontrolatuko da.

2.c.6.– Kultura-ondarearen babesa.

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean xedatutakoa kaltetu gabe, honako neurri babesleak eta zuzentzaileak hartuko dira:

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak kontsulten izapide garaian egindako txostenaren arabera, proiektua gauzatuko den eremuaren hegoaldean Fuente Espinoko Asentuaren ustezko arkeologia gunea dago, Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak 1997ko maiatzaren 26an emandako Ebazpen bidez izendatu zena. Eremu horren mugaketa finkoa denez, Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren ustetan, arkeologia aditu batek edo talde batek lanen jarraipena egin beharko luke. Aurrekoa kontuan izanda, ustezko arkeologia gunearen inguruan lur mugimenduak eginez gero, zuinketa eta lur mugimenduen garaian arkeologi alorreko aditu batek egon beharko luke lanen tokian obraren zuzendariari aztarna arkeologikoen berri emateko.

Lur-erauzketako lanetan edo lurzorua harrotzerakoan arkeologia aztarnaren bat aurkituz gero, zuzenean jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol Sailari Sailari. Horrek adieraziko ditu hartu beharreko neurriak.

2.c.7.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

2.c.7.1.– Obrek iraun bitartean sortutako hondakinak Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legean eta arautegi zehatzetan aurreikusitakoarekin bat etorriz kudeatuko dira, honelako hondakinak barne direla: indusketa hondakinak, obra-arloak prestatzeko eragiketetatik sortzen direnak, enbalajeak, baztertzen diren lehengaiak eta garbiketa lanetako soberakinak.

Hondakinak teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak badira, baimendutako hondakinen balioztatzaile batengana eraman behar dira.

Hondakinak deusestatzera bidali ahal izango dira baldin eta aldez aurretik horiek balioztatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik bideraezina dela frogatzen bada soilik.

2.c.7.2.– Hondakindegira eraman behar diren hondakinak, hondakinak hondakindegian utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuan eta hondakin geldoen eta geldotuen kudeaketari buruzko azaroaren 2ko 423/1994 Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira. Hondakin horiek Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiarekin bat etorriz karakterizatu beharko dira. Erabaki horren bidez hondakinak zabortegietan hartzeko irizpide eta prozedurak ezartzen dira, 1999/31/CEE Zuzentarauaren 16. artikuluarekin eta II. eranskinarekin bat.

Lur-beteketa eta egokitzetara bideratu behar diren hondakinei dagokienez, horiek hondakin geldoen eta geldotuen kudeaketari buruzko azaroaren 2ko 423/1994 Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

Lur-betetze eta lurzoru egokitzeetan, kutsatzaile edukiari dagokionez, A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik dauden materialak baimenduko dira bakarrik. Adierazle horiek lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen I. eranskinak jasotzen ditu.

2.c.7.3.– Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean erkamezti zatitxo bat atzeman da proiektua gauzatuko den lurzatian; eremu horretan hondakinak utzi dira sakabanatuta, zeramika, metal, etxetresna txikiak eta abar. Erkameztirako ez da inolako jarduera berezirik aurreikusi. Hala ere, ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean eremu hori garbitu eta hondakinak zabortegira eramatea proposatzen da.

Hondakin horiek Ebazpen honen aurreko atalean ezarritako moduan kudeatuko dira; baina aurretik, proiektuaren sustatzaileak hondakin horien karakterizazioa eta bakoitza nola kudeatuko den proposamena bidaliko dizkio ingurumen organoari.

Edonola ere, jarduera horien garaian lurzoruaren kutsaduraren aztarnaren bat atzemanez gero, otsailaren 4ko 1/2005 Legeak, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzekoak, bere 10 artikuluan aurreikusitakoaren arabera jokatuko da.

2.c.7.4.– Erabilitako olioei dagokienez, erabilitako industria-olioen kudeaketari buruzko ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua aplikatuko dira.

Ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan, Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenean aurreikusitako baimendutako kudeaketa bateraturako sistema bat ezartzen ez den bitartean, irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoan erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenean begiesten diren aurreikuspenak bete beharko dira.

Baimendutako kudeatzaile bati eman arte, erabilitako olioa andel estankoetan bilduko da estalitako biltegi batean; andelok etiketatuta egon eta azpila edo atxikipen-sistemaren bat eduki beharko dute. Zola iragazgaitz gainean egon beharko dute, edozein ihes edo isuriri aurre egiteko prestatuta, elementu nagusia hautsiko balitz ere.

2.c.7.5.– Araudi hau betetzea errazte aldera, zeregin desberdinetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatuko dira. Sistema horiek zeregin bakoitzaren arduradunek kudeatuko dituzte eta beraiek arduratuko dira langileei behar bezala betearazteaz.

2.c.8.– Paisaiarekiko bateragarritasuna.

2.c.8.1.– Lanekin eragindako eremu guztiak leheneratuko dira, baita ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean agertu ez arren, lanak amaitzean nolabait erasanda geratu direnak ere; esaterako argindarra husteko linea eraikitzerakoan erasandakoak. Leheneratzeko, landare-estaldurari eutsi diezaioketen eremu guztiak landareztatuko dira.

2.c.8.2.– Instalazioaren inguru guztian jarriko den itxitura pantailatua izango da, bertako sastraka-espeziez osatutako hesia landatuz.

Landaredia mantentzeko lanak egin beharko dira: ongarritu, ureztatu eta hutsuneak landare berritu.

2.c.8.3.– Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanaren arabera, proiektuaren lurzatian bere kasako landaredia hazi dadin sutatuko da. Horretarako baldintzarik egokienak jarriko dira malta, lurzoru eta abarrei dagokienez, epe laburrean lurzati hori landarez estalita egon dadin. Edo bestela, jarduera-eremuan inguru horretako belar espezieak ereingo dira. Dena dela, landareen tratamendua bateragarria izango da garatuko den jarduerarekin.

2.c.9.– Garbiketa eta obra bukatzea.

Obrak amaitzen direnean, garbiketa-kanpaina zorrotza burutuko da eta proiektuak eragindako area guztiz garbi geratuko da obra-hondakinetatik.

2.c.10.– Lurzorua eta urak ez kutsatzeko neurri zuzentzaileak

Landaretza kontrolatzeko ez da herbizidarik erabiliko, tresna mekanikoak baizik, behar izanez gero.

2.c.11.– Eremu elektromagnetikoen eraginpean egotea mugatzeko.

Kontsulten izapide garaian Arabako Osasun Publikoko Azpizuzendaritzak 2006ko urriaren 27an egindako txostenaren arabera, transformazio zentroaren inguruko aldeetako eremu elektriko eta magnetikoetan ez dira gaindituko 1999ko uztailaren 12an Europako Batasunaren Kontseiluak egindako Gomendioan, jendea oro har eremu elektromagnetikoen eraginpean egoteko ezarritako erreferentziako neurriak eta oinarrizko murrizketak (0tik 300 GHz bitartean).

2.c.12.– Instalazioak uztea.

Jarduera amaitu eta instalazioa desegiten den bitartean, berariazko araudia aplikatzeaz gain, obren fasean erabilitako neurri babesle eta zuzentzaileen antzekoak aplikatuko dira, hondakinak kudeatzeko bereziki. Beraz, instalazioek bete dituzten lurzoruak leheneratu egin beharko dira, eremu horretako kalitate paisajistikoa berreskuratu eta partzela nekazaritza-lanetarako berriro erabili ahal izateko.

2.D.– Ingurumena Zaintzeko Programa.

Ingurumena Zaintzeko Programa Obra kontratatzeko Baldintzen Pleguaren barruan egongo da eta dagokion aurrekontua izango du, harik eta obra behin-behinean jaso eta haren berme-aldia igaro arte eta eguzki-parke fotovoltaikoa martxan dagoen bitartean. Aldi horietan, zaintze-lanak egiteko honako kontrol hauek egin behar dira.

2.d.1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, baita neurri zuzentzaileak eta babesleak noraino bete diren jasotzeko ere. Erregistro hori Ingurumen Sailburuordetzak ikuskatzeko moduan egon beharko da eta, obrak amaitzen direnean, nolanahi ere, Ingurumen Sailburuordetzari bidali beharko zaio.

Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez dokumentatu beharko dira, ingurumenaren gaineko eraginaren ikuspegitik justifikatuta. Era berean, indusketako soberakinen helburu zehatza dokumentatu beharko da.

2.d.2.– Lehengoratzea kontrolatzea.

Landaketa ondo dagoen jakiteko jarraipena egingo da aldian-aldian lursailaren perimetroan, horien sustraitze eta finkatzea egiaztatu arte.

2.d.3.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenak behar bezala erregistratu eta Ingurumen Sailburuordetza honetara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak obrak amaitu ondoren eta urtean behin, ingurumena zaintzeko programa amaitu arte, bidaliko dira, ingurumenean aditua den erakundeak egindako txostenarekin batera. Aipatutako txostenean emaitzen analisia jasoko da, epe horretan emandako gertakari nagusiak, gertakarien arrazoiak eta konponbideak bereziki aipatuta.

Kasuak kasu aplikatzekoa den araudian ezarritakoez gain, sustatzaileak datu horiek euskarri egokian gorde beharko ditu gutxienez bi urtez, herri-administrazioetako ikuskaritza-zerbitzuek eskuragarri izateko moduan.

2.E.– Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak, edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitera bagaramatza, neurri babesle eta zuzentzaileak eta Ingurumena zaintzeko Programa aldarazi ahal izango dira. Era berean, neurri babesle eta zuzentzaileak eta Ingurumena zaintzeko Programa jarduketaren sustatzaileak edo ofiziozkoak hala eskatuta aldaraz daitezke, Ingurumena zaintzeko Programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

2.F.– Ebazpen honen aurreko idatz-zatietan ezarritakoaz gain, Sustatzaileak honako dokumentu hauek bidali beharko ditu Ingurumen Sailburuordetzara, han onar daitezen.

2.f.1.– Lanak gauzatu aurretik eguzki planta fotovoltaikoa argindarra garraiatzeko sarearekin kateatzeko instalazio elektrikoaren proiektua. Proiektu horretan beharrezko neurri guztiak sartuko dira lanek ingurumenean sor ditzaketen kalteak konpontzeko; aireko linean hegaztiak ez elektrokutatzeko neurriak ere hartuko dira.

2.f.2.– Hondakinak erretiratu aurretik, proiektuaren eremuan egin den zabortegiak bildutako hondakinen karakterizazioa eta horiek kudeatzeko proposamen jakina, Ebazpen honen 2.c.7.3. idatz-zatian aurreikusitakoaren arabera.

Aurreko agirietako bakoitza bidaltzen denetik hogei egun baliodun igaro ondoren esanbidezko inolako adierazpenik jaso ezean, kasu bakoitzean aplikatu beharreko prozedurarekin aurrera jarraitu ahal izango duzu.

2.G.– Halaber, sustatzaileak honako dokumentu hauek bidali beharko dizkio Ingurumen Sailburuordetzari, espedientean bildu daitezen:

2.g.1.– Obrak amaitzean, obra horiek garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, neurri babesleak eta zuzentzaileak zein neurritaraino bete diren jasoko duena, Ebazpen honen 2.d.1 atalean aurreikusitakoaren arabera.

2.g.2.– Urtero, eta obrari dagokion bermealdiak irauten duen bitartean, Ebazpen honetako 2.d.3 idatz-zatian aurreikusitako ingurumena zaintzeko programari buruzko dokumentuak.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Legeak 47.3. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honek, ondorio guztietarako, jarduera-lizentzia emateko behar diren neurri zuzentzaileen txostena ordezkatzen duela jakitera ematea.

4.– Bi urteko epea finkatzea proiektuaren egikaritzari hasiera emateko, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik kontatzen hasita, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorraren 47.8 artikuluari jarraituz. Epe hori bukatu ondoren egikaritzari hasiera eman ez bazaio, sustatzaileari egotzi dakizkiokeen arrazoiengatik, Ingurumenaren gaineko eraginaren Adierazpen hau baliogabetu egingo da. Hala ere, organo aginpidedunak hasiera emateko epea luzatu ahal izango du, behar bezala justifikatutako arrazoirik balego.

5.– Ingurumenaren gaineko eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren 4.6 artikuluan ezarritakoaren arabera, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen organoari proiektuari dagozkion lanak zein egunetan hasiko diren.

6.– Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko urriaren 30a.

Ingurumen sailburuordea,

IBON GALARRAGA GALLASTEGUI.


Azterketa dokumentala