
13. zk., 2008ko urtarrilaren 18a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
353
EBAZPENA, 2007ko urriaren 30ekoa, Ingurumen sailburuordearena, Bilboko Udalak sustatutako "Bilboko HAPOren Aldaketa, sustapen publikoko etxebizitzak eraikitzeko Txurdinagan" izeneko planak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiten duena.
Euskal Herriko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 41. artikuluaren arabera, I eranskinaren A) paragrafoan azaltzen diren planek ingurumenean duten eraginari buruzko Ebaluazio Bateratua beharko dute, plangintzako lehen faseetan alternatiba egokienak aukeratzeko eta ingurumenean izango duten eraginaren analisia eta balorazioa egiteko, jarduera desberdinen ondorio metagarri eta sinergikoak kontuan hartuz.
Ingurumenaren gaineko eraginari buruzko Ebaluazio Bateratua arautzen duen uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren 3. artikuluaren arabera bere aplikazio-eremua ere arautzen da eta horren barnean dago "Bilboko HAPOren Aldaketa, sustapen publikoko etxebizitzak eraikitzeko Txurdinagan" izeneko plana.
Era berean, zenbait plan eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeko apirilaren 28ko 9/2006 Legearen aplikazio eremuan dago "Bilboko HAPOren Aldaketa, sustapen publikoko etxebizitzak eraikitzeko Txurdinagan" izeneko plana. Aipatutako arauaren 9. artikuluan ezarri zenez, ingurumen iraunkortasunari buruzko txostenaren xehetasun maila eta zehaztasun gradua ingurumeneko organoak ezarriko ditu, ukitutako administrazio publikoak eta publiko interesduna identifikatu eta haiei galdetu eta gero, erreferentziako agiri bat emanez. Agiri horretan, gainera, kasu bakoitzean aplikatu beharreko ingurumen irizpide estrategikoak, ingurumen helburuen adierazleak eta iraunkortasun printzipioak adieraziko dira.
Bilboko Udalak du "Bilboko HAPOren Aldaketa, sustapen publikoko etxebizitzak eraikitzeko Txurdinagan" izeneko plana onesteko funtsezko eskumena eta beraz, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 44. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren ingurumen-organoari dagokio, ingurumen ondorioetarako soilik, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko txostena egitea. Bertan, proiektuak izan dezakeen eraginari buruzko iritzia eta, eragin horri aurre hartu, zuzendu eta konpentsatzeko beharko liratekeen neurriak jasoko dira.
Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailean 2007ko uztailaren 10ean jasotako idatziaren bidez, "Bilboko HAPOren Aldaketa, sustapen publikoko etxebizitzak eraikitzeko Txurdinagan" izeneko planaren erreferentzia-dokumentua ematea eskatu du Bilboko Udalak.
Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuaren arabera, Ingurumen Sailburuordetzari dagokio Plan eta Programek ingurumenean izango duten eraginari buruzko txostenak egiteko eskumena.
Espedienteko agiriak aztertu ondoren eta apirilaren 28ko 9/2006 (1) Legearen 9. artikuluan aurreikusitako izapideak betez, Ingurumen Sailburuordetzak honakoa
EBATZI DU:
1.– Ingurumen ondorioetarako soilik, Bilboko Udalak sustatutako "Bilboko HAPOren Aldaketa, sustapen publikoko etxebizitzak eraikitzeko Txurdinagan" izeneko planaren erreferentzia-dokumentua egitea.
2.– Txostena honakoa da.
2.1.– Aurrekariak.
Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak Txurdinagan, gaur egun lurzoru urbanizaezintzat hartzen den eremu batean, etxebizitza publikoak sustatzeko asmoa du. Beraz, Aldaketa lurzoru urbanizaezin hori urbanizagarri izendatzean datza eta, horrela, etxebizitza publikoen sustapena aurrera eraman ahal izango da.
Aldaketa onetsitakoan egingo den esparruaren antolamenduak helburu bikoitza du: alde batetik, aurreikusitako erakinak Txurdinaga auzoko hiri-bilbearen barruan integratzea eta, bestetik, kota desberdinetan kokatutako bizitegi-zonak lotzeko berdegune bat sortzea. Esparruko alde baxuenean, hau da, aldapa gutxien daukan aldean, babes ofizialeko etxebizitzak eraikiko dira. Geratzen den esparruan espazio libreak eta berdeguneak jarriko dira Otxarkoaga eta Txurdinaga auzoetako bizilagunek erabil ditzaten. Okupatutako azalera 27.000 m2-koa da gutxi gorabehera. Iparraldean Zabalbide kalea (hiri-lurzorua) dago, hegoaldean Jesús Galíndez kalea (hiri-lurzorua), ekialdean landa-eremu bat (lurzoru urbanizaezina) eta mendebaldean bi ikastetxe (hiri-lurzorua).
2.2.– Eginiko kontsultak.
Ingurumen Sailburuordetza honek kontsultak egin ditu erakunde hauekin:
– Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza.
– Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritza.
– Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritza.
– Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritza.
– Eusko Jaurlaritzako Uren Zuzendaritza.
– Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritza.
– Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritza.
– Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza.
– Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza.
– Bizkaiko Foru Aldundiko Hirigintza Zuzendaritza Nagusia.
– Bizkaiko Foru Aldundiko Baso eta Naturguneen Zuzendaritza Nagusia.
– Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoa IHOBE.
– Ekologistak Martxan elkartea.
Halaber, 2007ko irailaren 23an, zabalera handiko bi egunkaritan iragarkia argitaratu zen, publiko interesduna identifikatzeko eta kontsultatzeko.
Ebazpenaren egunera arteko epean, honako hauek eman dute erantzuna: Eusko Jaurlaritzaren Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak eta Landa eta Itsasertzeko Garapenerako Zuzendaritzak.
2.3.– Ingurumen-irizpide estrategikoak.
Aldaketa egiteko oinarritzat hartuko dira Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategian (2002-2020), Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Esparruko Programan (IEP) (2007-2010) eta ekainaren 30eko lurzoruari eta hirigintzari buruzko 2/2006 Legean jasota dauden ingurumen-irizpide eta helburu estrategikoak. Era berean, Hirigintza-Planeamenduak Iraunkortasun-Irizpidez idazteko eskuliburuan (Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen era Lurralde Antolamendu Saila. 2005eko martxoa) jasotzen diren gidalerroak beteko dira; izan ere, aipatutako eskuliburuan hiri eta herri trinko eta anitzei lehentasuna ematen zaie (2). Aipatutako dokumentuen ingurumen-irizpide eta helburu estrategikoen artean honako hauek dira azpimarragarriak:
1) Dagoeneko artifizializatutako lurzoruak erabiltzeari lehentasuna eman behar zaio. Ahalegin berezia egin behar da nekazaritzako lurzoruak eta lurzoru naturalak babesteko (3):
a) Lehentasuna eman behar zaio herrietako jatorrizko guneetan eraikita eta urbanizatuta dagoen ondarea berroneratzeari eta hutsik dauden etxebizitzak erabiltzeari (4).
b) Lehentasuna emango zaio kutsatuta dauden lurzoruak garbitzeari, lurzoru urbanizaezina birkalifikatu aurretik (5).
2) Hirietan bereizketa eta sakabanatzea saihestea, nahitaezko mugikortasuna murrizteko (6).
3) Energia aurreztea, energia-eraginkortasuna eta energia berriztagarrien erabilera sustatzea (7).
4) Hiriguneen ingurumenaren kalitatea hobetzea, berdeguneak bultzatuz eta hauen kopurua handituz (8).
5) Eraztun Berdeak sortzea udalerrietan (9).
6) Dibertsitate biologikoaren galera gelditzea habitat eta ekosistemen funtzionamendu jasangarria berrituz eta babestuz; horretarako, Babespeko Naturguneetatik kanpo dauden eremuen nahikotasun, koherentzia eta konektibitateari arreta jarri behar zaie (10).
Aurrekoa eragotzi gabe, honako baliabidea estrategiko hauen ondoriozko helburuak hartuko dira kontuan:
– Bizkaia 21 programa.
– Bizkaiko Hiri Hondakinak Kudeatzeko II. Plan Integrala (2005-2016).
– EAE-n Hiri-hondakinak Planifikatzeko eta Kudeatzeko ildoak (zirriborroa).
– Hondakin Arriskutsuen Plana (2007-2010).
– Ingurumenaren aldetik Iraunkorra den Kontsumorako Euskal Plana (2006-2010).
– Bizkaiko Lurralde Historikoko Hornikuntza eta Saneamendurako Tokiko Plana.
– Klima Aldaketaren aurkako Plana (2008-2012).
– Bilbao Metropolitarreko Lurraldearen Zatiko Plana.
– Bilboko Udalaren Tokiko Agenda 21eko Ekintza-plana (2005-2008).
– Bilboko Udalaren Udal Etxebizitza Plana (2003-2007).
– Garraio Iraunkorraren Plan Zuzentzailea (2002-2012).
Erreferentziazko irizpide hauetaz aparte, badaude kontuan hartu beharreko bestelako orientabideak edo printzipio orientatzaileak ere EAEko etxebizitzetarako eraikuntza iraunkorrerako gidaliburuan (EEE, IHOBE, Orubide, Visesa, 2006).
2.4.– Ingurumen-helburuen adierazleak eta iraunkortasun-irizpideak.
Ingurumen-helburu horien adierazleak, ingurumen Planaren eragin nabarmenak sor ditzaketenak, gutxienez, IEPko (2007-2010) Aginte Taula Integralean (ATI) adierazitakoak izango dira.
Bikoizketak saiheste aldera, adierazle horien gainbegiratze-lanak (ingurumenari buruzko informazio-bilketa, prozesatzea eta ebaluazioa) egiteko ardura IEPko (2007-2010) ATIn agertzen dena izango da. Arduradunak gainbegiratze hori Ingurumen Esparruko Programaren (2007-2010) konpromisoen jarraipena egiteko txostenean txertatuko du; hain zuzen, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak urtero herritarrei aurkezten dien txostenean.
Beraz, adierazleak gainbegiratzea udalari ez badagokio ere, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateratuaren azterlana Aldaketa gainbegiratzeko programaren barruan sartuko da eta espresuki zehaztuko da nori dagokion gainbegiratzea, zein esparrutan egingo den (adibidez, 2007-2010 IEPren jarraipenaren barruan) eta noizik behin egin beharko den gainbegiratze hori.
Nolanahi ere, adierazleak ezarri beharko dira, planaren fasearen berariazkoak diren eta ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen ingurumen-helburuak neurtzeko.
2.5.– Ingurumen aldetik interes berezia duten baliabide eta espazioak eta horiek babesteko helburuak.
Aldaketak eragindako eremuan ez dira agertzen babestutako gunerik ezta ingurumen mailan garrantzi berezia duten alderik ere.
Nolanahi ere, interes handieneko areak identifikatuko dira, eskalako azterlanaren bidez, eta, hala badagokio, baliabide horiek behar bezala kudeatzeko neurriak proposatuko dira, ahalik eta eraginik txikiena jasanarazteko.
2.6.– Iraunkortasun-txostenaren zabalera, xehetasun eta zehaztasun-maila.
Apirilaren 28ko 9/2006 Legean, zenbait plan eta programak ingurumenean duten eraginaren ebaluazioari buruzkoan, aipatzen den ingurumen-iraunkortasunari buruzko txostena, uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuan, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateratuari (IEEB) buruzkoan, adierazitako ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateraturako azterlanean sartuta dagoela ulertu behar da.
Beraz, "Bilboko HAPOren Aldaketa, sustapen publikoko etxebizitzak eraikitzeko Txurdinagan" izeneko planak ingurumenean duen eraginaren ebaluazio bateratuaren azterlana izango du eta ondorengo araudian ezarritako gutxieneko edukiak eta egiturak jasoko ditu: uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateratuaren prozedura arautzen duenaren eranskinean, eta apirilaren 28ko 9/2006 Legearen, zenbait plan eta programak ingurumenean duten eragina ebaluatzeari buruzkoaren I. eranskinean.
Aurrekoarekin bat etorriz, garatzen diren atalek ondoko metodologi eskema hau izan behar dute:
1) Planaren helburu estrategikoak eta helburu horiek lortzeko beharrezkotzat jotzen diren bideak des-
kribatzea.
2) Beste plan eta programa batzuekiko elkarreraginen analisia.
3) Planak eragina izango duen eremuko ingurumena aztertu, diagnostikatu eta baloratzea.
4) Teknikoki arrazoizkoak diren alternatiben ingurumen-azterlana. Aukeratu den konponbidearen justifikazioa.
5) Planak izan ditzakeen eraginak identifikatzea eta baloratzea.
6) Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsaziozkoen proposamena.
7) Planaren eraginak gainbegiratzeko programa.
8) Laburpen-agiria.
9) Dokumentazio grafikoa.
Aztergai dugun dokumentuaren ezaugarriak eta egin ditugun kontsultetatik ateratako ondorioak kontuan izanda, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateratuaren azterlanak aipatutako atalak garatu behar izango ditu, ondoren adierazten den zabalera eta zehaztasun-mailarekin:
2.6.1.– Planaren helburu estrategikoak eta helburu horiek lortzeko beharrezkotzat jotzen diren bideak deskribatzea.
Azterlanaren atal honetan planak adierazitako irizpide estrategikoak jaso beharko dira eta, plana lantzeko garaian, alternatiba bakoitzean irizpide horiek nola hartu diren kontuan.
2.6.2.– Beste plan eta programa batzuekiko elkarreraginen analisia.
Aplikazioko geografia-eremuari dagokionez, aztertutako planari gainjartzen zaizkion beste plan batzuk egonez gero, IEEBren azterketan adierazi egin beharko dira plan horiek. Era berean, aztertutako planak beste plan horiekin daukan bateragarritasuna identifikatuko da.
Besteak beste, Aldaketak ondoren aipatzen diren plan eta programarekin daukan bateragarritasuna aztertuko da:
1) Nekazaritza eta Basogintzaren Lurraldeko Arlo Plana.
2) EAEko Etxebizitzen Sustapen Publikorako Lurzorua Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana.
3) Ekonomia Jarduera eta Merkataritza Horniduretarako Lurzoruaren Sorkuntza Publikoaren Lurraldearen Arloko Plana.
4) Bizkaiko Errepideen Arloko Plana.
5) EAEko Trenbideen Azpiegitura Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana.
6) Bilbao Metropolitarreko Lurraldearen Zatiko Plana.
7) Tokiko Agenda 21.
Plan edota programa hauekin bateraezintasunak badaude, ekintzak baliogabetu edo ordezkatu egingo dira.
2.6.3.– Planak eragina izango duen eremuko ingurumena aztertu, diagnostikatu eta baloratzea.
Gaur egungo ingurumen-egoeraren alderdi garrantzitsuenak aipatu beharko dira eta, plana aplikatu ezean, ingurumenak izango duen bilakaera.
Ahalik eta zehatzen identifikatuko dira honako alderdiok:
a) Eragin handia jasan dezaketen (11) guneetako ingurumen-ezaugarriak (landaredia, fauna, paisaia, hidrologia, geologia,…).
b) Planerako garrantzitsuak izan daitezkeen ingurumen-arazoak (urak har ditzakeen aldeak, kutsatutako, eraldatutako edo higadura handiko lurzoruak, kutsadura akustikoa dutenak, eta abar).
c) Ingurumen mailan garrantzi berezia duten aldeak, adibidez, gune kalteberak (12) edo nekazaritzarako balio handia duten lurzoruak.
Ebaluazioa egiteko beharrezko informazioa biltzerakoan izan diren zailtasun teknikoak, ezagutzazkoak edota esperientzia mailakoak identifikatuko dira, eta zailtasun horiek nola gainditu diren azalduko da.
2.6.4.– Teknikoki arrazoizkoak diren alternatiben ingurumen-azterlana. Aukeratu den konponbidearen justifikazioa.
Aukera desberdinen ingurumen-azterketa beti alderatu beharko da 0 aukerarekin, hau da, planik ezarekin.
Kalte garrantzitsuak eragiten dituzten jardueretan (larriak) eskatuko da nazioartean, batasunean, estatuan eta erkidegoan ezarritako ingurumena babesteko helburuak eta plan aplikatuko den gunearen eremu geografikoa kontuan izango dituzten arrazoizko beste aukera batzuk (teknikoki eta ingurumen ikuspuntutik bideragarriak) aurkezteko. Beste proposamen horiek eskatuko dira erreferentziako ingurumen irizpideak (13) kontuan hartzen ez dituzten plan edo jarduerak direnean eta eragin kritikoak sor ditzaketenean.
2.6.5.– Planak izan ditzakeen eraginak identifikatzea eta baloratzea.
Ingurumenean eragin ditzaketen (14) kalterik garrantzitsuenak (15) eta haien arteko erlazioa identifikatzen saiatu beharko da.
Zentzu horretan, arreta berezia emango zaie honako alderdiei:
– Natura-baliabideen gaineko eragina.
– Paisaiaren gaineko eragina.
– Nekazaritzako balio handiko lurzoruen gaineko eragina eta nekazaritza-produktibitatearen galera.
– Lurzoru artifizializatua areagotzea.
– Baliabideen kontsumoa (ura, energia) areagotzea.
– Hondakinen gehiago sortzea.
– Ibilgailuen trafikoa areagotzea.
Eragin kritikoak (16) identifikatu beharko dira, hau da, oro har onartutako arau eta azterlan teknikoetan ezarrita dauden muga-balio edo gidak gainditu ditzaketen aldaketaren jarduerak, horiek leuntzeko inolako aukerarik gabe.
Ebaluatzeko erabiliko den metodologia adierazi beharko da eta horretarako, hala badagokio, kalteak balioesteko izandako zailtasun teknikoak, ezagutzazkoak edota esperientziazkoak zehaztuko dira eta zailtasun horiek nola gainditu diren.
2.6.6.– Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsaziozkoen proposamena.
Aldaketa egiterakoan ingurumen-irizpide estrategikoak sartzeak konpentsazio-neurri edota neurri zuzentzaileak ezartzeko beharra mugatu beharko luke. Edozein kasutan, planaren eragin negatibo posible eta esanguratsuenak, lehenago identifikatu direnak, prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko aurreikusitako neurriak zehaztuko dira.
Aldaketak kapital naturala (lurzoru urbanizaezina) galtzea eragiten du. Galtze hori konpentsatu egin beharko da kapital naturala handitzearen edota hobetzearen bitartez (Ingurumen Esparruko bigarren Programa (2007-2010). Bigarren Lehentasuna).
Plana garatzeko agirietarako ingurumen-jardunbideak ezarriko dira. Jardunbide horien helburua ondoren aipatuko diren ingurumen-arloko berariazko helburuak garatzea izango da, planaren fase honen garapenerako planen edo jardueren eragin kaltegarriak (larriak, gogorrak...) mugatzeko asmoz eta, ondorioz, gerora neurri zuzentzaile edota konpentsazio-neurriak ezartzeko beharra murrizteko asmoz. Beraz, hurrengo baterako edo bakarkako ebaluazioetan eta proposamenak aurkitzea eta zehaztea helburu duten planetan jaso beharreko irizpideak ezarri behar dira.
Ahal den neurrian, aurretiaz identifikatu behar da, planean aurreikusi diren jardueren artean, zeini egin ahal izango zaien ingurumen-ebaluazioa eta zeini ez, planak, neurri handiagoan edo txikiagoan, ondoren datozen helburuak gara ditzan:
1) Energia berriztagarrien erabilera eta aprobetxamendua sustatzea.
2) Energia-eraginkortasuna sustatzea.
3) Hondakinen sorrera murriztea.
4) Hiriko sistemetan natura-baliabideak aurreztea.
5) Mugikortasun iraunkorra sustatzea (17).
6) 2010. urterako berotegi-efektua eragiten duten gasen emisio guztiak, Kyotoko Protokoloan araututakoak, mugatzea.
7) Dibertsitate biologikoa mantentzea.
Ebaluatzen ari garen agiriaren ezaugarriak eta egindako kontsulten emaitzak ikusita, Ingurumen Sailburuordetzak uste du Ingurumen gaineko Eraginaren Ebaluazioaren azterlanak, besteak beste, honako neurri hauek bildu behar dituela:
1) EAEko Nekazaritza eta Basogintza Antolatzeko LAPn eragindako lurzorua Nekazaritza-abeltzaintza eta Landazabala/Transitzioko Landa Paisaia antolamendu kategoriaren barruan dago. Bestetik, nekazaritza-ustiapen txikiak (baratzak eta negutegiak) daude. Ustiapen horietan eragina izanez gero, nekazaritza-jarduera babesteko eta produkzio-unitate moduan ustiapen horien funtzionamendua bermatzeko neurri zuzentzaileak proposatuko dira. Neurri zuzentzaile horiek eragindako ustiapenak beste lurzoru batzuetan kokatzea izan daitezke.
2) Jarduera berrien euskarri izan daitekeen substratuaren egonkortasun geoteknikoa bermatu behar da, bereziki, udalerriko eremurik kaskarrenetan (iparraldean, % 20-30 arteko malda nabarmenak baitaude).
3) Eragindako eremuan zarata-emisoreak, hain zuzen ere bide azpiegiturak, daudenez, aldaketa egin aurretik eta egin ondoren eremu horretako zarata-maila aztertu beharko da. Azterketa horren barruan zarata murrizteko neurriei buruzko ebaluazio laburtua sartuko da, bai aurreikusitako eraikuntzetarako bai bizitegi-zonetarako eta eremu horretatik gertu dauden ikastetxeetarako. Komenigarria izango litzateke, 2000ko urtarrilean Labeinek Bilboko Udalerako egindako Bilboko Zarata Mapan zehaztutako gidalerroak sartzea. Mapa horretan zarata-foku nagusiena ibilgailuen trafikoa dela aipatzen da.
4) Txurdinaga auzoaren barruan irisgarritasuna eta mugikortasun iraunkorra bermatzeko neurriak sustatuko dira.
5) Bizitegi-zona berrian eraikiko diren etxebizitza guztien hornidura- eta estolderia-sistema Bilbao Handiko Osasunbiderako Plan Orokorraren kolektore-sare nagusian sartu beharko da, udal sarearen bitartez. Hornidura- eta estolderia-sistema horren diseinua dagokion eraikuntza proiektuaren barnean sartuko da.
2.6.7.– Aldaketaren eraginak gainbegiratzeko programa.
Planak eta bere baitako jarduerek sor ditzaketen eragin garrantzitsuenak (18), positiboak nahiz neurri babesle eta zuzentzaileak behar dituztenak, eta bakoitzarentzako adierazleak identifikatu ondoren, horiek guztiak gainbegiratzeko arduraduna nor izango den adierazi behar da eta gainbegiraketa zein fasetan txertatuko duen plangintzaren sisteman, edo bestela, neurri horien iraupena eta maiztasuna zein izango den. Adierazle horiek ezartzeko, gutxienez, honako hauek aztertuko dira:
a) Erreferentzia-dokumentu honen 2.4. atalean aipatutakoak.
b) Oinarrizko adierazleak (19) (eredu kausalean oinarrituta (20)).
c) Goiburuko ingurumen-adierazleak (21).
d) EAEko iraunkortasunaren adierazleak (22).
e) Europako egiturako adierazleak.
f) Bizkaiko Iraunkortasunaren adierazleak (Bilbao, IX. Taldea).
2.7.– Informazio eta kontsultarako moduak.
Hainbat planek eta programak ingurumenean duten eragina ebaluatzeari buruzko apirilaren 28ko 9/2006 Legearen 9 eta 10. artikuluetan ezarritakoa betetzeko, atal honetan informazioa eskatu eta kontsultak egiteko modua definitzen da, eta eragindako administrazio publikoak nahiz herritar interesatua identifikatzen dira.
Informazio eta kontsultarako moduari dagokionez, erakunde sustatzaileak honako jarduerak burutuko ditu:
a) "Bilboko HAPOren Aldaketa, sustapen publikoko etxebizitzak eraikitzeko Txurdinagan" izeneko planaren lehen agiria eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazio Bateratuaren azterlana jendaurrean jarriko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak argitaratuko den iragarki bidez, eta gutxienez 45 eguneko epea egongo da agiri horiek aztertu eta oharrak egiteko.
b) Eragindako administrazio publikoei eta herritar interesatuei (begiratu beheraxeago dagoen zerrendan) kontsulta egiteko planaren lehen agiria eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazio Bateratuaren azterlana bidaliko zaizkie.
2.8.– Eragindako Administrazio Publikoak eta herritar interesatuak identifikatzea.
Gutxienez, erreferentzia-dokumentuaren 2.2. atalean aipatutako eta identifikatutako Administrazio Publikoei eta herritar interesatuei egingo zaie kontsulta.
3.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aipatutako erreferentzia-dokumentua argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2007ko urriaren 30a.
Ingurumen sailburuordea,
IBON GALARRAGA GALLASTEGUI.
OHARRAK:
(1) Apirilaren 28ko 9/2006 Legea, zenbait plan eta programak ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzkoa.
(2) Euskal Autonomia Erkidegoko II. Ingurumen Esparru Programa (2007-2010). 9. Helburu estrategikoaren (Lurraldea modu orekatuan erabiltzea lortzea) 2. jarduera ildoa.
(3) Euskal Autonomia Erkidegoko II. Ingurumen Esparru Programa (2007-2010). 9. Helburu estrategikoaren (Lurraldea modu orekatuan erabiltzea lortzea) 3. jarduera ildoa.
(4) Lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeko 3. artikulua.
(5) Euskal Autonomia Erkidegoko II. Ingurumen Esparru Programa (2007-2010). 3. Helburu estrategikoaren (Lurraren kutsadura aurreikustea eta zuzentzea) 5. jarduera ildoa.
(6) Lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeko 3. artikulua.
(7) Euskal Autonomia Erkidegoko II. Ingurumen Esparru Programa (2007-2010). 5. Helburu estrategikoa: Energia kontsumo eta ekoizpen iraunkorrak sustatzea.
(8) Euskal Autonomia Erkidegoko II. Ingurumen Esparru Programa (2007-2010). 9. Helburu estrategikoaren (Lurraldea modu orekatuan erabiltzea lortzea) 5. jarduera ildoa.
(9) Euskal Autonomia Erkidegoko II. Ingurumen Esparru Programa (2007-2010). 9. Helburu estrategikoaren (Lurraldea modu orekatuan erabiltzea lortzea) 4. jarduera ildoa.
(10) Euskal Autonomia Erkidegoko II. Ingurumen Esparru Programa (2007-2010). 7. helburu estrategikoa: gure aniztasun biologikoari eustea.
(11) Kontuan izan beharreko ingurumen mailako eraginak, arrazoizko probabilitate-maila aurreikus dakiekeenak izan daitezke. Arretaren printzipioa aplikatzea: ez da ziurtasun-kontua, kalte handiak eragin daitezkeelako probabilitatea baizik.
(12) Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 51. artikulua eta hirugarren xedapen iragankorra.
(13) Orokorrean balio duten arau eta azterlan teknikoetan ezarritako balio-gidak. EAEko Ingurumeneko Esparru Programa; Hirietako ingurumenari buruzko gai-estrategiaren gainean Batzordean egindako komunikazioa; Tokiko Agenda 21; Aalborg-eko gutuna (sinatuta baldin badago); 16/1994 Legea, Natura Zaintzeari buruzkoa; 92/43/EE Zuzentaraua, habitat naturalak eta basa-landaredia eta fauna zaintzeari buruzkoa; Lurzorua eta Hirigintzako 2/2006 Legea, LAG, LAP…
(14) Kontuan izan beharreko ingurumen mailako eraginak, arrazoizko probabilitate-maila aurreikus dakiekeenak izan daitezke. Arretaren printzipioa aplikatzea. Ez da ziurtasun-kontua, kalte handiak eragin daitezkeelako probabilitatea baizik.
(15) 2001eko ekainaren 27ko 2001/42 Zuzentaraua, II. eranskina, planek eta programek ingurumenean duten eragina ebaluatzeari buruzkoa. 2001/42 Zuzentaraua aplikatzea, 3.48tik 3.61 bitarteko paragrafoak.
(16) 1. eranskina.– Irailaren 30eko 1131/1988 EDko kontzeptu teknikoak. Errege Dekretu horren bidez onartu zen ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua burutzeko araudia.
(17) Tokiko Agenda 21. Mugikortasun iraunkorrerako Udalerri Planak lantzeko gida praktikoa.
(18) Atzeman diren eta izan daitezkeen eraginetatik garrantzitsuenetan sakontzea komeni da plan-motaren arabera. eta batez ere, plana aplikatzeko fasearen arabera (I. eranskina 2001/42/EE Zuzentaraua aplikatzea–Gainbegiraketaren norabide praktikoa).
(19) EAEko ingurumenaren egoera lantzeko oinarri dira, eta Euskal Herriko Ingurumena babesteko Lege Orokorrean ezarrita dagoen bezala, hiru urtean behin landu beharko da.
(20) Kate kausalaren eredu bat gaur egun DPSIR da (Driving forces, Pressures, State, Impacts, Responses/Mugimen-indarra, Presioa, Egoera, Inpaktua eta Erantzuna).
(21) Oinarrizko adierazleetatik adierazle gutxi batzuk aukeratzen dira eta horiek emango dituzte ezarri diren ingurumen-helburu nagusien joera orokorrak. Adierazle horiek, gainera, hazkunde ekonomikoaren eta ingurumenaren arteko hartu-emanak lotzen dituzte. Horiekin urteko txosten bat prestatzen da, Euskal Herriko ingurumenaren bilakaera modu erraz eta azkarrean adierazten duena.
(22) Euskal gizartearen bilakaera islatzen du bere osotasunean, hau da, ekonomia, gizarte eta ingurumen dimentsioetan. Europako egiturako adierazleetatik abiatuta ezartzen dira.
RSS