Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

13. zk., 2008ko urtarrilaren 18a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
352

EBAZPENA, 2007ko urriaren 16koa, Ingurumen sailburuordearena, Lasarte-Oriako Udalak sustatutako "Lasarte-Oriako HIE A.38 Goiegi-Gora eta BSO-5 eremuei dagozkien, Planeamenduko Arau Subsidiarioen Aldaketa" izeneko planak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiten duena.

Euskal Herriko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 41. artikuluaren arabera, I eranskinaren A) paragrafoan azaltzen diren planek ingurumenean duten eraginari buruzko Ebaluazio Bateratua beharko dute, plangintzako lehen faseetan alternatiba egokienak aukeratzeko eta ingurumenean izango duten eraginaren analisia eta balorazioa egiteko, jarduera desberdinen ondorio metagarri eta sinergikoak kontuan hartuz.

Ingurumenaren gaineko eraginari buruzko Ebaluazio Bateratua arautzen duen uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren 3. artikuluaren arabera bere aplikazio-eremua ere arautzen da eta horren barnean dago "Lasarte-Oriako HIE A.38 Goiegi-Gora eta BSO-5 eremuei dagozkien, Planeamenduko Arau Subsidiarioen Aldaketa" izeneko plana.

Era berean, zenbait plan eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeko apirilaren 28ko 9/2006 Legearen aplikazio eremuan dago "Lasarte-Oriako HIE A.38 Goiegi-Gora eta BSO-5 eremuei dagozkien, Planeamenduko Arau Subsidiarioen Aldaketa" izeneko plana. Aipatutako arauaren 9. artikuluan ezarri zenez, ingurumen iraunkortasunari buruzko txostenaren xehetasun maila eta zehaztasun gradua ingurumeneko organoak ezarriko ditu, ukitutako administrazio publikoak eta publiko interesduna identifikatu eta haiei galdetu eta gero, erreferentziako agiri bat emanez. Agiri horretan, gainera, kasu bakoitzean aplikatu beharreko ingurumen irizpide estrategikoak, ingurumen helburuen adierazleak eta iraunkortasun printzipioak adieraziko dira.

Lasarte-Oriako Udalak du "Lasarte-Oriako HIE A.38 Goiegi-Gora eta BSO-5 eremuei dagozkien, Planeamenduko Arau Subsidiarioen Aldaketa" izeneko plana onesteko funtsezko eskumena eta beraz, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 44. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren ingurumen-organoari dagokio, ingurumen ondorioetarako soilik, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko txostena egitea. Bertan, proiektuak izan dezakeen eraginari buruzko iritzia eta, eragin horri aurre hartu, zuzendu eta konpentsatzeko beharko liratekeen neurriak jasoko dira.

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailean 2007ko abuztuaren 3an jasotako idatziaren bidez, "Lasarte-Oriako HIE A.38 Goiegi-Gora eta BSO-5 eremuei dagozkien, Planeamenduko Arau Subsidiarioen Aldaketa" izeneko planaren erreferentzia-dokumentua ematea eskatu du Lasarte-Oriako Udalak.

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuaren arabera, Ingurumen Sailburuordetzari dagokio Plan eta Programek ingurumenean izango duten eraginari buruzko txostenak egiteko eskumena.

Espedienteko agiriak aztertu ondoren eta apirilaren 28ko 9/2006 (1) Legearen 9. artikuluan aurreikusitako izapideak betez, Ingurumen Sailburuordetzak honakoa

EBATZI DU:

1.– Ingurumen ondorioetarako soilik, Lasarte-Oriako Udalak sustatutako "Lasarte-Oriako HIE A.38 Goiegi-Gora eta BSO-5 eremuei dagozkien, Planeamenduko Arau Subsidiarioen Aldaketa" izeneko planaren erreferentzia-dokumentua egitea.

2.– Txostena honakoa da.

2.1.– Aurrekariak.

Eskaeran aurkeztutako dokumentazioa honako hau da: 2007ko martxoko hirigintza-dokumentua (memoria, betearazpena antolatzeko eta kudeatzeko jarraibideak, hirigintza-arauak eta fitxak eta planoak) eta 2007ko apirileko ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateratuaren azterlana.

Aldaketaren helburua 9.668,32 m2-ko lurzoru urbanizaezina birsailkatzea dentsitate baxuko hirugarren sektorearen garapena ahalbidetzeko. Eremua Lasarte-Oria udalerriko iparraldean dago, Nazional I Errepidearen ekialdean eta Vaguada Goiegi esparruko udal bide-sarea erabiliko da.

2.2.– Eginiko kontsultak.

Ingurumen Sailburuordetza honek kontsultak egin ditu erakunde hauekin:

– Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza.

– Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritza.

– Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritza.

– Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritza.

– Eusko Jaurlaritzako Uren Zuzendaritza.

– Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritza.

– Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritza.

– Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kulturako Zuzendaritza Nagusia.

– Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia.

– Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusia.

– Gipuzkoako Foru Aldundiaren Lurralde Antolaketako Zuzendaritza Nagusia.

– EHNE Gipuzkoa.

– Ekologistak Martxan elkartea.

Halaber, 2007ko abuztuaren 19an, zabalera handiko bi egunkaritan iragarkia argitaratu zen, publiko interesduna identifikatzeko eta kontsultatzeko.

Ebazpenaren egunera arteko epean, honako hauek eman dute erantzuna: Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoko Zuzendaritzak, Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak, Landa eta Itsasertzeko Garapenerako Zuzendaritzak eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzak.

2.3.– Ingurumen-irizpide estrategikoak.

Aldaketa egiteko oinarritzat hartuko dira Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategian (2002-2020), Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Esparruko Programan (IEP) (2007-2010) eta lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean jasota dauden ingurumen-irizpide eta helburu estrategikoak, batez ere, honako hauek:

1) Dagoeneko artifizializatutako lurzoruak erabiltzeari lehentasuna eman behar zaio. Ahalegin berezia egin behar da nekazaritzako lurzoruak eta lurzoru naturalak babesteko (2).

a) Lehentasuna eman behar zaio herrietako jatorrizko guneetan eraikita eta urbanizatuta dagoen ondarea berroneratzeari eta hutsik dauden etxebizitzak erabiltzeari (3).

b) Potentzialki kutsatuta dauden eta hirigintzako plangintzak beste erabileraren bat ematea edota jardueraren bat gauzatzea aurreikusten dituen lurzoruak garbituko dira. Dena den, subsidiarioki, erabilera hori ematea aurreikusita ez dituen lurzoruak ere garbituko dira.

2) Ahal den neurrian, gaur egun garatu gabe dauden eta 100 urteko itzulera epeko uholdeak jasateko arriskua duten eremuen artifizializazioa saihestea.

3) Hirietan bereizketa eta sakabanatzea saihestea. Gaur egun dauden beharrei eredu trinko, konplexu eta funtzio anitzetan oinarritutako konponbideak bilatu behar zaizkie, beti ere, lurraldean gero eta gehiago hedatzen ari den eredu zehaztugabea eta sakabanatua geldiarazteko helburuz, baita haiek hiriko bizigarritasunean eta iraunkortasun globalean eragiten dituzten ondorio kaltegarriak ere.

4) Energia aurreztea, energia-eraginkortasuna eta energia berriztagarrien erabilera sustatzea.

5) Hiriguneen ingurumenaren kalitatea hobetzea, berdeguneak bultzatuz eta hauen kopurua handituz.

6) Dibertsitate biologikoaren galera gelditzea habitat eta ekosistemen funtzionamendu jasangarria berrituz eta babestuz; horretarako, Babespeko Naturguneetatik kanpo dauden eremuen nahikotasun, koherentzia eta konektibitateari arreta jarri behar zaie.

Era berean, Aldaketak Agenda 21eko helburuekin bat etorri beharko du; izan ere, Lasarte-Oriako udala Agenda 21 ezartzeko prozesuan dago.

Erreferentziazko irizpide hauetaz aparte, badaude kontuan hartu beharreko bestelako orientabideak edo printzipio orientatzaileak ere, honako bi agiri hauetan:

a) "Hirigintza-planeamenduak iraunkortasun-irizpidez idazteko eskuliburua".

b) EAEko etxebizitzetarako eraikuntza iraunkorrerako gidaliburua (EEE, IHOBE, ORUBIDE, VISESA, 2006).

2.4.– Ingurumen-helburuen adierazleak eta iraunkortasun-irizpideak.

Ingurumen-helburu horien adierazleak, ingurumen Planaren eragin nabarmenak sor ditzaketenak, gutxienez, IEPko (2007-2010) Aginte Taula Integralean (ATI) adierazitakoak izango dira.

Bikoizketak saiheste aldera, adierazle horien gainbegiratze-lanak (ingurumenari buruzko informazio-bilketa, prozesatzea eta ebaluazioa) egiteko ardura IEPko (2007-2010) ATIn agertzen dena izango da. Arduradunak gainbegiratze hori Ingurumen Esparruko Programaren (2007-2010) konpromisoen jarraipena egiteko txostenean txertatuko du; hain zuzen, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak urtero herritarrei aurkezten dien txostenean.

Nolanahi ere, adierazleak ezarri beharko dira, arau subsidiarioen aldaketaren fasearen berariazkoak diren eta ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen ingurumen-helburuak neurtzeko.

2.5.– Ingurumen aldetik interes berezia duten baliabide eta espazioak eta horiek babesteko helburuak.

Biodibertsitateari dagokionez, aipatu behar da Aldaketak eragindako eremua ferra-saguzar mediterraneoarentzako (Rhinolophus euryale) Interes Bereziko Gune (4) bezala sailkatuta dagoela; izan ere, saguzar mota hori eremu horretatik ibil daiteke. Espezie hori habitatei buruzko 92/43/CEE zuzentarauaren II. eta IV. eranskinetan sartuta dago eta EAEn galtzeko arriskuan dauden espezietzat hartzen da (5).

Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateratuaren azterlanak zehaztu beharko du zer nolako eragina izan dezakeen aldaketak espezie horren habitatean eta ezarri beharko ditu habitat hori mantentzeko edo hobetzeko behar diren neurri babesle edota zuzentzaileak.

2.6.– Iraunkortasun-txostenaren zabalera, xehetasun eta zehaztasun-maila.

Apirilaren 28ko 9/2006 Legean, zenbait plan eta programak ingurumenean duten eraginaren ebaluazioari buruzkoan, aipatzen den ingurumen-iraunkortasunari buruzko txostena, uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuan, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateratuari (IEEB) buruzkoan, adierazitako ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateraturako azterlanean sartuta dagoela ulertu behar da.

Beraz, "Lasarte-Oriako HIE A.38 Goiegi-Gora eta BSO-5 eremuei dagozkien, Planeamenduko Arau Subsidiarioen Aldaketa" izeneko planak ingurumenean duen eraginaren ebaluazio bateratuaren azterlana izango du eta ondorengo araudian ezarritako gutxieneko edukiak eta egiturak jasoko ditu: uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateratuaren prozedura arautzen duenaren eranskinean, eta apirilaren 28ko 9/2006 Legearen, zenbait plan eta programak ingurumenean duten eragina ebaluatzeari buruzkoaren I. eranskinean.

Aurrekoarekin bat etorriz, garatzen diren atalek ondoko metodologi eskema hau izan behar dute:

1) Planaren helburu estrategikoak eta helburu horiek lortzeko beharrezkotzat jotzen diren bideak deskribatzea.

2) Beste plan eta programa batzuekiko elkarreraginen analisia.

3) Planak eragina izango duen eremuko ingurumena aztertu, diagnostikatu eta baloratzea.

4) Teknikoki arrazoizkoak diren alternatiben ingurumen-azterlana. Aukeratu den konponbidearen justifikazioa.

5) Planak izan ditzakeen eraginak identifikatzea eta baloratzea.

6) Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsaziozkoen proposamena, ingurumen adierazleak barne sartuz.

7) Planaren eraginak gainbegiratzeko programa.

8) Laburpen-agiria.

9) Dokumentazio grafikoa.

Aztergai dugun dokumentuaren ezaugarriak eta egin ditugun kontsultetatik ateratako ondorioak kontuan izanda, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateratuaren azterlanak aipatutako atalak garatu behar izango ditu, ondoren adierazten den zabalera eta zehaztasun-mailarekin:

2.6.1.– Planaren helburu estrategikoak eta helburu horiek lortzeko beharrezkotzat jotzen diren bideak deskribatzea.

Azterlanaren atal honetan arau subsidiarioen aldaketak adierazitako irizpide estrategikoak jaso beharko dira eta, plana lantzeko garaian, alternatiba bakoitzean irizpide horiek nola hartu diren kontuan.

2.6.2.– Beste plan eta programa batzuekiko elkarreraginen analisia.

Aplikazioko geografia-eremuari dagokionez, aztertutako planari gainjartzen zaizkion beste plan batzuk egonez gero, IEEBren azterketan adierazi egin beharko dira plan horiek. Era berean, aztertutako planak beste plan horiekin daukan bateragarritasuna identifikatuko da.

Besteak beste, Planak ondoren aipatzen diren plan eta programarekin daukan bateragarritasuna aztertuko da:

– EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak.

– EAEko Ibaien eta Erreken ertzak antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana.

– EAEko Hezeguneen Lurralde Arloko Plana.

– Oraindik behin betiko onartzeko dagoen Nekazaritza eta Basogintzaren Lurraldeko Arlo Plana.

– Kultura Ondarearen Lurraldearen Arloko Plana.

– Uholdeak saihesteko EAEko osoko Plana eta hura berrikusteko agiriak.

– Ekonomia Jarduera eta Merkataritza Horniduretarako Lurzoruaren Sorkuntza Publikoaren Lurraldearen Arloko Plana.

– EAEko Landa-garapen Iraunkorrerako Plana (2000-2006).

– Euskal Baso Plana (1994-2030).

–Donostia Beterriko Lurraldearen Zatiko Plana.

– Tokiko Agenda 21.

Plan edota programa hauekin bateraezintasunak badaude, ekintzak baliogabetu edo ordezkatu egingo dira.

2.6.3.– Planak eragina izango duen eremuko ingurumena aztertu, diagnostikatu eta baloratzea.

IEEBren azterlanak gaur egungo ingurumen-egoeraren alderdi garrantzitsuenak aipatu beharko ditu eta, plana aplikatu ezean, ingurumenak izango duen bilakaera.

Ahalik eta zehatzen identifikatuko dira honako alderdiok:

– Eragin handia jasan dezaketen (6) guneetako ingurumen-ezaugarriak (landaredia, fauna, paisaia, hidrologia, geologia,…).

– Planerako garrantzitsuak izan daitezkeen ingurumen-arazoak (urak har ditzakeen aldeak, kutsatutako, eraldatutako edo higadura handiko lurzoruak, kutsadura akustikoa dutenak, eta abar).

– Ingurumen mailan garrantzi berezia duten aldeak, adibidez, gune kalteberak (7), nekazaritzarako balio handia duten lurzoruak, eta abar.

Ebaluazioa egiteko beharrezko informazioa biltzerakoan izan diren zailtasun teknikoak, ezagutzazkoak edota esperientzia mailakoak identifikatuko dira, eta zailtasun horiek nola gainditu diren azalduko da.

2.6.4.– Teknikoki arrazoizkoak diren alternatiben ingurumen-azterlana. Aukeratu den konponbidearen justifikazioa.

Aukera desberdinen ingurumen-azterketa beti alderatu beharko da 0 aukerarekin, hau da, planik ezarekin.

Kalte garrantzitsuak eragiten dituzten jardueretan (larriak) eskatuko da nazioartean, batasunean, estatuan eta erkidegoan ezarritako ingurumena babesteko helburuak eta plan aplikatuko den gunearen eremu geografikoa kontuan izango dituzten arrazoizko beste aukera batzuk (teknikoki eta ingurumen ikuspuntutik bideragarriak) aurkezteko. Beste proposamen horiek eskatuko dira erreferentziako ingurumen irizpideak (8) kontuan hartzen ez dituzten plan edo jarduerak direnean eta eragin kritikoak sor ditzaketenean.

Ingurumenaren aldetik beste arlo batzuk aztertu badaitezke ere, eta kontutan izanda ferra-saguzar mediterraneoa ibiltzen den eremuan mantendu edo leheneratu beharreko habitataren ezaugarriak, habitat mota horretan gerta daitekeen eboluzioa edo transformazioa aurreikusi beharko da aurkeztutako alternatiba bakoitzean (0 alternatiba barne).

2.6.5.– Planak izan ditzakeen eraginak identifikatzea eta baloratzea.

Ingurumenean eragin ditzaketen (9) kalterik garrantzitsuenak (10) eta haien arteko erlazioa identifikatzen saiatu beharko da.

Hori dela eta, hauek dira arreta berezia izango duten alderdiak:

a) Natura-baliabideen gaineko eragina.

b) Paisaiaren gaineko eragina.

c) Balio agrologiko handia duten lurzoruen gaineko eragina eta nekazaritza-produktibitatea galtzeko arriskua.

d) Artifizializatua dagoen lurzorua areagotzea.

e) Baliabideen kontsumoa areagotzea (ura, energia).

f) Hondakin gehiago sortzea.

g) Ibilgailuen trafikoa areagotzea.

Eragin kritikoak (11) identifikatu beharko dira, hau da, oro har onartutako arau eta azterlan teknikoetan ezarrita dauden muga-balio edo gidak gainditu ditzaketen planaren jarduerak, horiek leuntzeko inolako aukerarik gabe.

Ebaluatzeko erabiliko den metodologia adierazi beharko da eta horretarako, hala badagokio, kalteak balioesteko izandako zailtasun teknikoak, ezagutzazkoak edota esperientziazkoak zehaztuko dira eta zailtasun horiek nola gainditu diren.

2.6.6.– Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsaziozkoen proposamena.

Arau subsidiarioen aldaketa egiterakoan ingurumen-irizpide estrategikoak sartzeak konpentsazio-neurri edota neurri zuzentzaileak ezartzeko beharra mugatu beharko luke. Edozein kasutan, planaren eragin negatibo posible eta esanguratsuenak, lehenago identifikatu direnak, prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko aurreikusitako neurriak zehaztuko dira.

Aldaketak kapital naturala (lurzoru urbanizaezina) galtzea ekarriko du eta konpentsatu egin beharko da kapital hori handitzearen edota hobetzearen bitartez (Ingurumen Esparruko bigarren Programa (2007-2010). Bigarren Lehentasuna). Lurzoru urbanizaezinaren galera hori konpentsatuko beharko litzateke udalerriaren beste eremu batean lurzorua liberatzen.

Plana edo programa garatzeko agirietarako ingurumen-jardunbideak ezarriko dira. Jardunbide horien helburua ondoren aipatuko diren ingurumen-arloko berariazko helburuak garatzea izango da, planaren fase honen garapenerako planen edo jardueren eragin kaltegarriak (larriak, gogorrak...) mugatzeko asmoz eta, ondorioz, gerora neurri zuzentzaile edota konpentsazio-neurriak ezartzeko beharra murrizteko asmoz. Beraz, hurrengo baterako edo bakarkako ebaluazioetan eta proposamenak aurkitzea eta zehaztea helburu duten planetan jaso beharreko irizpideak ezarri behar dira.

Ahal den neurrian, aurretiaz identifikatu behar da, planean aurreikusi diren jardueren artean, zeini egin ahal izango zaien ingurumen-ebaluazioa eta zeini ez, planak, neurri handiagoan edo txikiagoan, ondoren datozen helburuak gara ditzan:

a) Energia berriztagarrien erabilera eta aprobetxamendua sustatzea.

b) Energia-eraginkortasuna sustatzea.

c) Hondakinen sorrera murriztea.

d) Hiriko sistemetan natura-baliabideak aurreztea.

e) Mugikortasun iraunkorra sustatzea (12).

f) 2010. urterako berotegi-efektua eragiten duten gasen emisio guztiak, Kyotoko Protokoloan araututakoak, mugatzea.

g) Dibertsitate biologikoa mantentzea.

Hori dela eta, hurrengo argibideak kontuan hartuko dira:

1) Neurriak proposatuko dira tokiko iragazkortasun ekologikoa sustatzeko, zuhaitz eta zuhaixkaz osatutako tarteak jarriko dira inguruko basoekin lotzeko eta bizitegi-gunearen paisaia hobetzeko. Kanpoko espezieak ez erabiltzen saiatuko da, inbaditzaileak izan baitaitezke.

2) Neurriak proposatuko dira lurra mugitzeak eta garraiatzeak sortuko duten eragina murrizteko; izan ere, garraiorako ibilgailu astunen erabilera nabarmen areagotuko da eta, horren ondorioz, kutsadura akustikoa eta atmosferikoa ere bai (partikulak, metal astunak, hidrokarburoak,…).

3) Aldaketan proposatzen diren eremua antolatzean eta eraikinen barruko banaketa egitean, N-I errepidek sortzen duen zarata kontuan hartu beharko da eta eragin horiek murrizten dituzten konponbideak hobesteko dira. Era berean, beste neurri batzuk proposatu beharko dira aurreikusitako bizitegi-erabilerako egokia den zarata maila murrizteko.

4) Behar diren neurriak hartuko dira uraren kontsumoa optimizatzeko; izan ere, ura ahalik eta gutxien erabili behar da.

5) Eremuko ingurumen baldintzak kontuan hartuta eta eraikinak bertako paisaian integratu eta ikus-intrusioak saihesteko asmoz, udalerriko eraikuntza-motarekin eta estetikarekin bat datozen eraikitzeko baldintzak zehaztuko dira (egitura, altuera, bolumena, eta abar).

6) Eraikin berrien orientazioa definitzeko eremuko eguzki-energia hartzeko eraginkortasuna kontuan izango da.

7) Era berean, hurrengo faseetan neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsaziozkoak ezartzeko ingurumen-irizpideak eta gidalerroak finkatzea beharrezkoa den aztertuko da.

2.6.7.– Aldaketaren eraginak gainbegiratzeko programa.

Planak eta bere baitako jarduerek sor ditzaketen eragin garrantzitsuenak (13), positiboak nahiz neurri babesle eta zuzentzaileak behar dituztenak, eta bakoitzarentzako adierazleak identifikatu ondoren, horiek guztiak gainbegiratzeko arduraduna nor izango den adierazi behar da eta gainbegiraketa zein fasetan txertatuko duen plangintzaren sisteman, edo bestela, neurri horien iraupena eta maiztasuna zein izango den.

Adierazleak ezarriko dira, gutxienez, planak eta bere baitako jarduerek ingurumenean izan ditzaketen eragin esanguratsuenak (14) neurtzeko. Ingurumenaren gaineko eragin esanguratsuak badaude, jarraipen bat egin beharko da; horretarako adierazle batzuk ezarriko dira lehenik. Horixe egingo da plan honetan esanguratsuak izango diren ingurumen-helburu eta iraunkortasun-printzipioetan. Adierazleak ezartzeko, gutxienez, honako hauek aztertuko dira:

a) Oinarrizko adierazleak (15) (eredu kausalean oinarrituta (16)).

b) Goiburuko ingurumen-adierazleak (17).

c) EAEko iraunkortasunaren adierazleak (18).

d) Europako egiturako adierazleak.

e) Gipuzkoako Iraunkortasunaren Adierazleen Sistema.

2.7.– Informazio eta kontsultarako moduak.

Hainbat planek eta programak ingurumenean duten eragina ebaluatzeari buruzko apirilaren 28ko 9/2006 Legearen 9 eta 10. artikuluetan ezarritakoa betetzeko, atal honetan informazioa eskatu eta kontsultak egiteko modua definitzen da, eta eragindako administrazio publikoak nahiz herritar interesatua identifikatzen dira.

Informazio eta kontsultarako moduari dagokionez, erakunde sustatzaileak honako jarduerak burutuko ditu:

a) "Lasarte-Oriako HIE A.38 Goiegi-Gora eta BSO-5 eremuei dagozkien, Planeamenduko Arau Subsidiarioen Aldaketa" izeneko planaren lehen agiria eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazio Bateratuaren azterlana jendaurrean jarriko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak argitaratuko den iragarki bidez, eta gutxienez 45 eguneko epea egongo da agiri horiek aztertu eta oharrak egiteko.

b) Eragindako administrazio publikoei eta herritar interesatuei (begiratu beheraxeago dagoen zerrendan) kontsulta egiteko planaren lehen agiria eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazio Bateratuaren azterlana bidaliko zaizkie.

2.8.– Eragindako Administrazio Publikoak eta herritar interesatuak identifikatzea.

Gutxienez, erreferentzia-dokumentuaren 2.2. atalean aipatutako eta identifikatutako Administrazio Publikoei eta herritar interesatuei egingo zaie kontsulta.

3.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aipatutako erreferentzia-dokumentua argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko urriaren 16a.

Ingurumen sailburuordea,

IBON GALARRAGA GALLASTEGUI.

OHARRAK:

(1) Apirilaren 28ko 9/2006 Legea, zenbait plan eta programak ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzkoa.

(2) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Esparru Programa (2007-2010).

(3) Lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea.

(4) Espeziearen populazioa kontserbatzeko garrantzi berezia duten gune txiki samar eta ondo mugatuak edota izan litezkeen asalduren aurrean hauskortasun nabarmena dutenak. Garrantzi bereziko alde horiek, arriskuan dauden espezien kudeaketarako planetako proposamenek ematen duten informazioan oinarrituta definitu dira; hainbat aditu taldek landu dituztenak 2001 eta 2002an.

(5) 167/1996 Dekretua, uztailaren 9koa, Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Katalogoa arautzen duena (1996ko uztailaren 22ko EHAA, 140. zenbakia) (eta horren hedapenak).

(6) Kontuan izan beharreko ingurumen mailako eraginak, arrazoizko probabilitate-maila aurreikus dakiekeenak izan daitezke. Arretaren printzipioa aplikatzea: ez da ziurtasun-kontua, kalte handiak eragin daitezkeelako probabilitatea baizik.

(7) Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 51. artikulua eta hirugarren xedapen iragankorra.

(8) Orokorrean balio duten arau eta azterlan teknikoetan ezarritako balio-gidak. EAEko Ingurumeneko Esparru Programa; Hirietako ingurumenari buruzko gai-estrategiaren gainean Batzordean egindako komunikazioa; Tokiko Agenda 21; Aalborg-eko gutuna (sinatuta baldin badago); 16/1994 Legea, Natura Zaintzeari buruzkoa; 92/43/EE Zuzentaraua, habitat naturalak eta basa-landaredia eta fauna zaintzeari buruzkoa; Lurzorua eta Hirigintzako 2/2006 Legea, LAG, LAP…

(9) Kontuan izan beharreko ingurumen mailako eraginak, arrazoizko probabilitate-maila aurreikus dakiekeenak izan daitezke. Arretaren printzipioa aplikatzea. Ez da ziurtasun-kontua, kalte handiak eragin daitezkeelako probabilitatea baizik.

(10) 2001eko ekainaren 27ko 2001/42 Zuzentaraua, II. eranskina, planek eta programek ingurumenean duten eragina ebaluatzeari buruzkoa. 2001/42 Zuzentaraua aplikatzea, 3.48tik 3.61ra arteko paragrafoak.

(11) 1. eranskina.– Irailaren 30eko 1131/1988 EDko kontzeptu teknikoak. Errege Dekretu horren bidez onartu zen ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua burutzeko araudia.

(12) Tokiko Agenda 21. Mugikortasun iraunkorrerako Udalerri Planak lantzeko gida praktikoa.

(13) Atzeman diren eta izan daitezkeen eraginetatik garrantzitsuenetan sakontzea komeni da plan-motaren arabera eta, batez ere, plana aplikatzeko fasearen arabera (I. eranskina 2001/42/EE Zuzentaraua aplikatzea–Gainbegiraketaren norabide praktikoa).

(14) Atzeman diren eta izan daitezkeen eraginetatik garrantzitsuenetan sakontzea komeni da plan-motaren arabera eta, batez ere, plana aplikatzeko fasearen arabera (I. eranskina 2001/42/EE Zuzentaraua aplikatzea–Gainbegiraketaren norabide praktikoa).

(15) EAEko ingurumenaren egoera lantzeko oinarri dira, eta Euskal Herriko Ingurumena babesteko Lege Orokorrean ezarrita dagoen bezala, hiru urtean behin landu beharko da.

(16) Kate kausalaren eredu bat gaur egun DPSIR da (Driving forces, Pressures, State, Impacts, Responses/Mugimen-indarra, Presioa, Egoera, Inpaktua eta Erantzuna).

(17) Oinarrizko adierazleetatik adierazle gutxi batzuk aukeratzen dira eta horiek emango dituzte ezarri diren ingurumen-helburu nagusien joera orokorrak. Adierazle horiek, gainera, hazkunde ekonomikoaren eta ingurumenaren arteko hartu-emanak lotzen dituzte. Horiekin urteko txosten bat prestatzen da, Euskal Herriko ingurumenaren bilakaera modu erraz eta azkarrean adierazten duena.

(18) Euskal gizartearen bilakaera islatzen du bere osotasunean, hau da, ekonomia, gizarte eta ingurumen dimentsioetan. Europako egiturako adierazleetatik abiatuta ezartzen dira.


Azterketa dokumentala