
13. zk., 2008ko urtarrilaren 18a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
351
EBAZPENA, 2007ko urriaren 10ekoa, Ingurumen sailburuordearena, Elgoibarko Udalak sustatutako "Bernardo Ecenarro Sektoreari dagozkion Arau Subsidiarioen xedapen aldaketak" ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiten duena.
Euskal Herriko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 41. artikuluaren arabera, I eranskinaren A) paragrafoan azaltzen diren planek ingurumenean duten eraginari buruzko Ebaluazio Bateratua beharko dute, plangintzako lehen faseetan alternatiba egokienak aukeratzeko eta ingurumenean izango duten eraginaren analisia eta balorazioa egiteko, jarduera desberdinen ondorio metagarri eta sinergikoak kontuan hartuz.
Era berean, zenbait plan eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeko apirilaren 28ko 9/2006 Legearen aplikazio eremuan dago "Bernardo Ecenarro Sektoreari dagozkion Arau Subsidiarioen xedapen aldaketa". Aipatutako arauaren 9. artikuluan ezarri zenez, ingurumen iraunkortasunari buruzko txostenaren xehetasun maila eta zehaztasun gradua ingurumeneko organoak ezarriko ditu, ukitutako administrazio publikoak eta publiko interesduna identifikatu eta haiei galdetu eta gero, erreferentziako agiri bat emanez. Agiri horretan, gainera, kasu bakoitzean aplikatu beharreko ingurumen irizpide estrategikoak, ingurumen helburuen adierazleak eta iraunkortasun printzipioak adieraziko dira.
Elgoibarko Udalak du "Bernardo Ecenarro Sektoreari dagozkion Arau Subsidiarioen xedapen aldaketa" onesteko funtsezko eskumena eta beraz, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 44. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren ingurumen-organoari dagokio, ingurumen ondorioetarako soilik, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko txostena egitea. Bertan, proiektuak izan dezakeen eraginari buruzko iritzia eta, eragin horri aurre hartu, zuzendu eta konpentsatzeko beharko liratekeen neurriak jasoko dira.
Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailean 2007ko uztailaren 19an jasotako idatziaren bidez, "Bernardo Ecenarro Sektoreari dagozkion Arau Subsidiarioen xedapen aldaketa" erreferentzia-dokumentua ematea eskatu du Elgoibarko Udalak.
Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuaren arabera, Ingurumen Sailburuordetzari dagokio Plan eta Programek ingurumenean izango duten eraginari buruzko txostenak egiteko eskumena.
Espedienteko agiriak aztertu ondoren eta 9/2006 (1) Legearen 9. artikuluan aurreikusitako izapideak betez, Ingurumen Sailburuordetzak honakoa
EBATZI DU:
1.– Ingurumen ondorioetarako soilik, Elgoibarko Udalak sustatutako "Bernardo Ecenarro Sektoreari dagozkion Arau Subsidiarioen xedapen aldaketa" erreferentzia-dokumentua egitea.
2.– Txostena honakoa da:
2.1.– Egindako galderak.
Ingurumen Sailburuordetza honek ondorengo erakundeei egin zizkien galderak:
– Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusia.
– Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusia.
– Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusia.
– Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Antolaketako Zuzendaritza Nagusia.
– Eusko Jaurlaritzako Uren Zuzendaritza.
– Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritza.
– Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritza.
– Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitatearen Zuzendaritza.
– Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza.
– Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritza.
– Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritza.
– Gipuzkoako EHNE Nekazaritza Sindikatua.
– Ekologistak Martxan Elkartea.
Arauen araberako epea bukatu ostean, Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapenerako Zuzendaritza, Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Osasun Sailaren erantzunak jaso dira.
Halaber, interesdunen identifikazio eta kontsultarako, 2007ko abuztuaren 5ean EAEko hedapen zabaleko bi egunkaritan iragarki bat argitaratu zen, prozeduraren hasieraren berri emanez, eta dokumentazioa publikoaren eskura jarri zen Ingurumen Sailburuordetzako egoitzan, baita Ingurumen Saileko web orrialdean ere. Alegazioak jasotzeko epea irailaren 10ean bukatu zen. Inork ez du interesdun gisa hartua izateko eskaerarik aurkeztu.
2.2.– Ingurumen-arloko irizpide estrategikoak.
"Bernardo Ecenarro" Sektoreari dagokionez, Elgoibarko arau subsidiarioen aldaketa lantzeko funtsezko oinarritzat hartuko dira Garapen Iraunkorreko Euskal Ingurumen Estrategian (2002-2020) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparru Programan (2007-2010) jasotzen diren irizpide estrategikoak eta ingurumenarekin lotutako helburuak. Zehazki ondorengoak izango dira:
– Lurzoru urbanizaezina berriz sailkatu baino lehen, lurzoru artifizializatuen erabilpenari lehentasuna ematea, eta bereziki babestea nekazaritzako lurzorua eta lurzoru naturala.
– Bertako basoaren azalerari 10.000 Ha gehitzea (IEPko 3.2.X. Konpromisoa).
– Geure kapital naturala indartzea eta geure bioaniztasuna babestea. Kapital naturalaren galera dakarten jarduerak kapital natural hori areagotuz eta/edo hobetuz konpentsatu beharko dira (Ingurumeneko II. Esparru Programa (2007-2010). Bigarren Lehentasuna).
– Herrien banaketa eta sakabanaketa ekiditea behartutako mugikortasuna murrizteko.
Aurrekoari kalterik egin gabe, ondorengo bitartekoetatik eratorritako ingurumen-arloko helburuak hartuko dira kontuan:
– EAEko Lurralde antolamenduko gida-erroak (LAA).
– Eibarko Eremu Funtzionaleko Lurraldeko Plan Partziala (Deba Barrena).
– Jarduera Ekonomiko eta Merkataritzako Ekipamenduen Lurzoruaren Sorkuntza Publikorako Lurraldeko Sektore Plana (2004).
– EAEko Ibaiertzak eta Erreka-ertzak Antolatzeko Lurraldeko Sektore Plana.
– Nekazaritza eta Basogintzako Lurraldeko Sektore Plana.
– Ondare Kulturalaren Lurraldeko Sektore Plana.
– EAEko 2000-2006 Landa Garapen Iraunkorraren Plana.
– Euskadiko Baso Plangintza 1994-2030.
– Tokiko Agenda 21.
Aldaketan Hirigintzako Plangintza iraunkortasun irizpideen arabera idazteko Eskuliburuan jasotako arauak beteko dira (Eusko Jaurlaritza, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila. 2005eko martxoa), hark lehentasuna ematen die hiri eta herri konpaktu eta anitzei.
2.3.– Iraunkortasun txostenaren hedapen, xehetasun eta zehazpen maila.
Plangintza eta programa jakin batzuek ingurumenean daukaten eraginaren ebaluazioari buruzko apirilaren 28ko 9/2006 Legeak aipatzen duen ingurumenarekiko iraunkortasunari buruzko txostena ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozedura arautzen duen uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuak aipatzen duen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluaziorako azterlanaren barruan dagoela ulertu behar da.
Ondorioz, "Bernardo Ecenarro Sektoreari dagokionez, Elgoibarko arau subsidiarioen aldaketa puntualak" ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluaziorako azterlan bat barne hartuko du, eta azterlan horrek, bere gutxieneko edukiei eta egiturari dagokienez, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko prozedura arautzen duen uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuko eranskinean eta plan eta programa jakin batzuek ingurumenean daukaten eraginaren ebaluazioari buruzko apirilaren 28ko 9/2006 Legeko I. eranskinean ezarritakoa bete beharko du.
Aurrekoari dagokionez, garatuko diren atalek ondorengo eskema metodologikoa jarraitu beharko dute:
1) Programaren helburu estrategikoen eta helburu horiek lortzeko gogoan hartu diren aukeren deskripzioa.
2) Beste plan eta programa batzuekiko elkarrekintzen analisia.
3) Planaren eragina jasotzen duen esparruaren analisia, diagnostikoa eta ingurumen balorazioa.
4) Teknikoki arrazoizkoak diren aukeren ingurumen-azterketa. Hartu den irtenbidearen justifikazioa.
5) Planaren ekintza desberdinen eraginen identifikazioa eta balorazioa.
6) Babes, zuzenketa eta konpentsazio neurrien proposamena, ingurumen adierazleen proposamena barne.
7) Planaren eraginak gainbegiratzeko programa.
8) Laburpen dokumentua.
9) Dokumentazio grafikoa.
Ebaluatzen den agiriaren ezaugarriak direla eta, eta egindako kontsulten emaitzak ikusita, ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko azterlaneko aipatutako atal horiek ondoren adierazten den zabaltasun eta xehetasun mailarekin garatu beharko ditu:
2.3.1.– Programaren helburu estrategikoen eta helburu horiek lortzeko gogoan hartu diren aukeren deskripzioa.
Azterlaneko atal honetan planean adierazten diren helburu estrategikoak eta gogoan hartu diren aukera desberdinen bitartez, helburu horiek plana landu den bitartean nola hartu diren kontutan jaso beharko da. Zentzu horretan, 2.2. puntuan aipatutako ingurumeneko irizpide estrategikoak helburu estrategiko gisa hartuko dira.
Enpresaren beharrak zein diren zehaztu beharko da, baita instalatu nahi den plantaren ezaugarriak ere. Behar horien arabera proposamenaren aldaketa justifikatuko da, eta beharrezkoak diren zerbitzuen azpiegiturak eta eragina jasaten duen esparrua gehiegi dimentsionatzea ekidinago da.
Proposatutako aldaketaren eta udalerriko jarduera ekonomikoetarako lurzoruaren aurreikuspenaren arteko lotura justifikatuko da, eta aldaketa gauzatzekotan, planta tokiz aldatuz gero liberatuta geratuko liratekeen lurzoruen xedeari erreferentzia egingo zaio.
2.3.2.– Beste plan eta programa batzuekiko elkarrekintzen analisia.
Ingurumenaren gaineko Eragina Ebaluatzeko azterlanak aplikazioaren esparru geografikoaren arabera analizatutako planarekin gainjarritako planik dagoen zehaztu beharko du eta horiekin bateragarria den jaso beharko du.
Aldaketa 2.2. atalean zerrendatutako instrumentuekin bateragarria den aztertuko da, besteak beste.
Zehazki, beharrezkotzat jotzen da Debabarreneko Lurraldeko Plan Partzialean aipatutako arauak baloratzea:
1) Elgoibarko udalerrian planaren indarraldian (16 urte) Lurraldeko Plan Partzialak jarduera ekonomikoetarako lurzoruaren beharrak kuantifikatzen ditu. Horrez gain, beharrezko garapen berriak, ahal izanez gero, non gauzatu behar diren zehazten du, "ingurumenaren inguruko arrazoien ondoriozko gaitasun gehien daukaten eremuetan", alegia. Hala ere, plangintzaren aldaketa proposatzen den eremua ez dator LPPren arabera lehentasunez garatu behar diren esparruekin bat, udalerrian jarduera ekonomikoetarako erabiltzen den azalera kopuruari dagokionez nahiz jarduera horien kokapen zehatzari dagokionez.
2) Ingurune fisikorako LPPko zehazpenetan, aldaketaren xede den esparrua alda batetik "basoko" eta bestetik "nekazaritzako nahiz abeltzaintzako eta landazabaleko eremua"ren ingurune fisikoaren antolamendurako sailkapenekin lotzen da. Kategoria horietarako erabilpen matrize bat barne hartzen da, eta adibidez, debekatuta dago "instalazio arriskutsuak" "basoko" kategorian erabiltzea. Aurrez ikusitako erabileraren arabera, alderdi honetako analisi xeheago bat egin beharko da.
Goragoko esparruko plan eta programekin ingurumenarekin lotutako bateraezintasunak egoteak dagozkion ekintzen baliogabetzea edo ordezkapena exijituko du.
2.3.3.– Programaren eragina jasotzen duen esparruaren analisia, diagnostikoa eta ingurumen-balorazioa.
Ingurumenaren egungo egoerako alderdi garrantzitsuak adierazi beharko dira, baita plana edo programa aplikatu ezean izan dezaketen bilakaera ere.
Ondorengo alderdiak nahikoa xehetasunekin identifikatuko dira:
– Eragin garrantzitsuak jasan ditzaketen eremuen (2) ingurumenarekin lotutako ezaugarriak.
– Plangintzarako garrantzitsuak diren ingurumen arazoak (urperatu daitezkeen eremuak, kutsatutako lurzoruak, aldatutakoak edo higadura handikoak, kutsadura akustikokoak, etab.).
– Ingurumeneko garrantzi berezia daukaten eremuak, adibidez, ingurumenari dagokionez sentiberak diren eremuak (3) edo nekazaritzako balore handiko lurzoruak.
Erauzketa jarduera edo eragin handia daukaten beste jarduera batzuk egotea.
Albitxuri industrialdearen aldamenean giza kontsumoko uren hornikuntzarako hoditeria eta biltegi bat aurkitu dira.
Halaber, inguruan basoak daudela ikusi da, bertan, harizti azidofiloak eta harizti misto atlantikoak eta baso landaketak daude.
EAEko Espezieen Atlasean eremu horretan ondorengo espezieak aurkitu daitezkeela adierazten da:
– Eskulapioren sugea Elaphe longissima. Interes berezikoa.
– Zata arrunta Caprimulgus europaeus. Interes berezikoa.
– Arrano Sugezalea Circaetus gallicus. Gutxi daude.
– Erroia Corvus corax. Interes berezikoa.
– Oki txikia Dendrocopos minor. Interes berezikoa.
– Zuhaitz-belatza Falco subbuteo. Gutxi daude.
– Lepitzulia Jynx torquilla. Interes berezikoa.
– Bisoi europarra Mustela lutreola. Galzorian dago.
– Ipurtatsa Mustela putorius. Interes berezikoa.
– Iparraldeko belarrihandi arrea Plecotus auritas. Kaltebera.
– Hegoaldeko belarrihandi arrea Plecotus auritas. Kaltebera.
– Ferra-saguzar handia Rhinolophus ferrumequinum. Kaltebera.
Ingurumenaren gaineko eraginak eremuan espezie horiek mantentzeko beharrezkoak diren habitatak dauden analizatu beharko du.
Eskatutako informazioa biltzeko orduan aurkitu diren zailtasun teknikoak, ezagutzazkoak eta/edo eskarmentukoak azalduko dira, baita nola gainditu diren ere.
2.3.4.– Teknikoki arrazoizkoak diren aukeren ingurumen-azterketa. Hartu den konponbidearen justifikazioa.
Ingurumenaren ikuspuntutik azkenean hautatu den kokapena nola aukeratu den justifikatu beharko da. Horretarako, aintzakotzat hartu diren kokapen guztien ingurumenaren inguruko osagarriak adierazi eta baloratu beharko dira, eta planteatzen den instalazioaren eraginak jasan ditzaketen inguruneari buruzko alderdirik garrantzitsuenei buruzko informazio nahikoa emango da.
Ingurumenaren ikuspuntutik, alderatzen diren kokapenak ez lirateke Elgoibarko barrutira mugatu beharko. Gainera, Debabarreneko LPPean esparru funtzionalaren barruko jarduera berrietara bideratutako beste kokapen batzuk proposatzen dira.
Horrez gain, aukeren ingurumen azterketak ez plana edo 0 aukerarekiko kontrastea exijituko du.
2.3.5.– Programaren ekintza desberdinen eraginen identifikazioa eta balorazioa.
Ahalegina eragin daitezkeen ingurumeneko ondorio garrantzitsuak (4) eta beren arteko loturak identifikatzera bideratuko da.
Ingurumenaren gaineko eragin erabakigarriak (5) identifikatu beharko dira, hau da, onarpen orokorreko arau edo azterlan teknikoetan ezarritako mugako baloreak edo balore gidariak, arintzeko aukerarik gabe, gainditzen dituzten planeko jarduerak.
Ebaluazioa egiteko erabilitako metodologia esplizituki azaldu beharko da, eta kasuan kasu, eraginak baloratzeko orduan aurkitu diren zailtasun teknikoak, ezagutzakoak eta/edo eskarmentukoak adierazi beharko dira, baita zalantza horiek nola gainditu diren ere.
Albitxuri, Bernardo Ecenarro eta San Lorenzo industrialdeen kontzentrazioaren ondorioz eragin litezkeen ondorio sinergikoak kontutan hartu beharko dira.
2.3.6.– Babeserako neurrien, neurri zuzentzaileen eta konpentsaziozkoen proposamena.
Ingurumeneko irizpideak plangintzaren lantzeko prozesuan sartzeak neurri zuzentzaileak eta/edo konpentsaziozko neurriak ezartzeko beharra mugatu beharko lukete. Edonola ere, aldez aurretik identifikatutako eta planaren ondorioz eragin daitezkeen ondorio negatibo garrantzitsuenei aurrea hartu, zuzendu eta konpentsatzeko aurrez ikusitako neurriak zehaztu beharko dira.
Plan edo Programaren garapenerako dokumentu hauetan ondorengo ingurumeneko helburu hauek sartzeko ingurumeneko arauak ezarriko dira:
– Mugikortasun iraunkorraren sustapena (6). Bidaiarien banaketa motorrik gabeko garraiobide eta garraiobide kolektiboetara bideratzea, eta salgaien garraioa trenbide eta itsasoko garraiora bideratzea, eta horrela, errepideko garraioa gutxitzea.
– Aniztasun biologikoa mantentzea. Aniztasun biologikoaren galera geldiaraztea habitat eta ekosistemen funtzionamendu iraunkorra babestuz eta lehengoratuz, eta Babestutako Natu-guneetatik kanpoko eremuen babesaren nahikotasuna, koherentzia eta loturan zentratzea.
– Energia aurreztea, eraginkortasuna eta energia berriztagarrien erabilpena sustatzea.
– Hondakinen produkzioa ahal beste murriztea.
– Herri sistemetan baliabide naturalak aurreztea.
– Herriguneen ingurumenaren kalitatea hobetzea berdeguneak sustatuz eta areagotuz.
– 2010. urterako Kyotoko Protokoloan araututako negutegi efektuko gasen isurtzea murriztea.
Ildo horien helburuak planaren fase honetan plan edo jardueren garapenaren ondoriozko eragin negatiboak (erabakigarriak, gogorrak...) ekiditea, eta ondorioz, geroago neurri zuzentzaileak eta/edo konpentsaziozkoak ezartzeko beharra murriztea izan behar du.
Planean aurrez ikusten diren ekintzen artetik, besteak beste, ondoren aipatzen diren irizpideen arabera, zeintzuk egon litezkeen ingurumenaren gaineko ebaluazioaren menpe identifikatu beharko da: beharrezkoa den kokapena, instalazioaren ezaugarriak, eta kokapena 3/1998 Legearen ondorioetarako ingurumenari dagokionez sentibera den ala ez. Geroagoko ebaluazio elkartu edo banakatuetara erantsi beharko diren irizpideak ezarri beharko dira.
Lurzorua kutsatu lezakeen jarduera edo instalazio baten balizko behin betiko etetearen ondorioz, enpresak gaur egun hartzen dituen lurrekin alderatuta, lurzorua kutsatzeari aurrea hartu eta zuzentzeko 1/2005 Legeko IV. atalburuan arautzen den lurzoruaren kalitatearen adierazpena egitea egokia ote den analizatuko da.
2.3.7.– Planaren eraginak gainbegiratzeko programa.
Planean sinplifikatutako gerta litezkeen eraginak (7) eta ingurumenaren gaineko jarduerak (bai positiboak, bai neurri zuzentzaileak behar dituztenak) eta beren adierazleak antzeman ostean, ikuskapena egiteko autoritate arduraduna zein den eta hark plangintza sisteman zein fasetan erantsiko du, edo bestela, haren iraupena eta maiztasuna adierazi beharko dira.
Gutxienez, eragin litezkeen planeko ondorio garrantzitsuenetarako (7) eta beren jardueretarako adierazleak ezarriko dira. Ingurumenaren gainean ondorio garrantzitsuak eragitearen ondorioz, beharrezkoa izango da jarraipen bat egitea eta horretarako, ezinbestekoa izango da dagozkion adierazleak ezartzea. Adierazle horiek ezartzeko gutxienez ondorengo adierazleak berrikusiko dira:
– Oinarrizko adierazleak (8) (kausazko ereduaren oinarrian (9).
– Goiburuko ingurumeneko adierazleak (10).
– EAEko iraunkortasun adierazleak (11).
– Egiturako adierazle europarrak.
– Bizkaiko iraunkortasun adierazleak.
2.4.– Informazio eta kontsulta modalitateak.
Plan eta programa jakin batzuek ingurumenean daukaten eragina ebaluatzeko apirilaren 28ko 9/2006 Legeko 9. eta 10. artikuluetan ezarritakoa betez, atal honetan informazio eta kontsulta modalitatea definitzen da eta eragina jasotzen duten Herri-administrazioak eta interesdunak identifikatzen dira.
Informazio eta kontsulta modalitateari dagokionez, entitate sustatzaileak ondorengo ekintzak gauzatuko ditu:
– Eragina jasaten duten herri-administrazioei kontsulta Planaren lehenengo dokumentua eta haren Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluaziorako Azterlana igorriz. Eragina jasango duten Herri-administrazioak, Erreferentzia Dokumentu honetako 2.1. atalean aipatzen direnak izango dira gutxienez. Ez da interesdunik identifikatu.
– Planaren lehenengo dokumentua eta haren Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluaziorako Azterlanaren jakinarazpen publikoa egitea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian iragarkia sartuz, eta gutxienez 45 eguneko epea ezartzea horiek aztertu eta oharrak egiteko.
3.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aipatutako erreferentzia-dokumentua argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2007ko urriaren 10a.
Ingurumen sailburuordea,
IBON GALARRAGA GALLASTEGUI.
Oharrak:
(1) Apirilaren 28ko 9/2006 Legea, zenbait plan eta programak ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzkoa.
(2) Esan nahi duena da kontuan hartu beharreko ingurumen-ondorioak direla arrazoizko probabilitate-mailaz aurreikusi daitezkeenak. Zuhurtzia-printzipioa aplikatzen da: ondorio esanguratsurik gertatzea ez da ziurtasun kontua, probabilitate kontua baizik.
(3) Euskal Herriko Ingurumenaren Babeserako otsailaren 27ko 3/1998 Legeko 51. artikulua eta hirugarren xedapen eraginkorra.
(4) 2001eko ekainaren 27ko 2001/42 Zuzentaraua, II. eranskina, planek eta programek ingurumenean duten eragina ebaluatzeari buruzkoa; 2001/42 Zuzentarauaren aplikazioko 3.48tik a 3.61era bitarteko atalak.
(5) 1. eranskina. Ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko ekainaren 28ko 1302/1986 LED gauzatzeko arautegia onesten duen irailaren 30eko 1131/1988 EDko kontzeptu teknikoak.
(6) Mugikortasun iraunkorreko Planak lantzeko gida praktikoa. Tokiko Agenda 21.
(7) Planak izan ditzakeen ondorio esanguratsuenak identifikatu ondoren, komenigarria litzateke garrantzitsuenetan kontzentratzea, plan-motaren arabera, eta zehazki, aplikazio-fasearen arabera (2001/42/EE Zuzentarauaren Aplikazioaren I. eranskina –Ikuskapenaren orientazio praktikoa).
(8) EAEko Ingurumenaren Egoera egiteko balio dute, eta, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko Lege Orokorrak xedatu bezala, hiru urtero egin behar da.
(9) Kate kausalaren eredu bat gaur egun DPSIR da (Driving forces, Pressures, State, Impacts, Responses/Mugimen-indarra, presioa, Egoera, Inpaktua eta Erantzuna).
(10) Oinarrizko adierazleetatik abiatuz, adierazle kopuru txiki bat aukeratzen da; aukeratutako adierazle horien bidez, ezarritako lehentasunezko ingurumen-helburuen joera orokorrak ikusten dira. Gainera, adierazle horiek ekonomia-hazkundearen eta ingurumenaren arteko erlazioak era agregatuan erlazionatzen dituzte. Horrekin, urtero txosten bat idazten da; txosten horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenaren garapena argi eta labur azaltzen du.
(11) Adierazten dute euskal gizarteak nola egiten duen aurrera osotasunean; hau da, ekonomia- gizarte- eta ingurumen-arloetan. Europako egitura adirazleetatik abiatuz ezartzen dira.
RSS