Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

13. zk., 2008ko urtarrilaren 18a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
347

EBAZPENA, 2007ko urriaren 17koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Zerbitzu zuzendariarena, SD3-04165/04 espedientean Manuel Pêgas jaunak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ebazten duena.

AURREKARIAK

1.– Manuel Pêgas jaunak etxebizitza-eskatzaileen erregistroan sartzeko 2004ko uztailaren 13an egindako inskripzio-eskabidearekin batera hasi ziren jarduera hauek.

2.– Gipuzkoako lurralde ordezkariak hartu eta Lurralde-Ordezkaritzako iragarki-taulan argitaratutako ebazpenaren bidez, 2007ko urtarrilaren 20a baino lehen 2005eko zerga-aitorpena eta, horren ezean, urte horretan kontzeptu guztiengatik jasotako diru-sarrera guztiak egiaztatzeko eskatu zitzaion.

Horretarako epea amaitu eta ez zuen inolako agiririk aurkeztu.

3.– Gipuzkoako Lurralde ordezkariaren 2007ko otsailaren 1eko Ebazpenaren bidez, baja eman zitzaion babes ofizialeko etxebizitza-eskatzaileen erregistroan sartzeko eskabideari, eskatutako diru-sarrerak ez egiaztatzeagatik.

4.– Manuel Pêgas jaunak, 2007ko otsailaren 12an, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen aurreko ebazpenaren aurka, berarekin bat ez zetorrelako. Bertan alegatzen du ezin izan zuela agiririk aurkeztu garraiolaria delako eta, horren ondorioz, astirik izan ez zuelako. Errekurritutako ebazpena berraztertzeko eskatu zuen errekurtsoan.

Aurrekari horietan oinarrituta, hona hemen

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Zerbitzu zuzendaria da aztertu beharreko gorako errekurtsoa ebazteko organo eskuduna, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa ezartzen duen Eusko Jaurlaritzaren azaroaren 15eko 373/2005 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

2.– Errekurtsogileak interesduna dela egiaztatu du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 31. artikuluan ohartemandakoaren ondorioetarako, eta errekurtsoa lege horren 114. eta 115. artikuluetan finkatutako epean eta moduan aurkeztu du. Artikulu horiek urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zituen.

3.– Urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, honela dio 71.1 artikuluan: "Prozedura hasteko eskabidean betetzen ez badira aurreko artikuluko baldintzak edo aplikagarri den berariazko legedian eskatutakoak, interesdunari eskakizuna egingo zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko. Era berean, jakinarazi egingo zaio, horrela egiten ez badu eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Horretarako ebazpena emango da".

4.– Azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 70. artikuluan dioenez, eskabideetan honako hauek adierazi behar dira:

a) Interesdunaren izen-abizenak eta, ordezkaria badu, bere ordezkariarenak, baita jakinarazpenak jasotzeko aukeratutako bidea eta lekua ere.

b) Egitateak, arrazoiak eta eskaria, argi eta garbi adieraziak.

c) Lekua eta eguna.

d) Eskabide-egilearen izenpea edo benetan bere borondatea dela erakusteko edozein eratako egiaztapena.

e) Administrazioko zein organo, erakunde edo unitateri bidaltzen zaion eskabidea.

Bestalde, 71.1. artikuluak aipatzen duen berariazko araua 2002ko ekainaren 14ko Agindua da (2003ko abenduaren 16ko Aginduak aldatutakoa), babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedurari buruzkoa alegia, eta agindu horrek ezartzen duenez ondokoak dira bizikidetza-unitateak edo pertsona fisikoak babes ofizialeko etxebizitzen eskatzaileen erregistroan bere eskaerari alta emateko bete beharreko baldintzak:

a) Babes ofizialeko etxebizitzaren geroko titularretako batek Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean izan beharko du bizilekua.

b) Bizikidetza-unitateko kideek ez dute etxebizitzarik eduki behar, ez jabetzan, ez jabetza soilean, ez azalera-eskubide edo usufruktuan ere, babes ofizialeko etxebizitzen eskatzaileen erregistroan izena emateko eskabidearen egunean.

c) Babes ofizialeko etxebizitzei buruzko arau orokorrek babes ofizialeko etxebizitza baten esleipenaren onuradun izateko ezartzen dituzten gutxieneko eta gehieneko diru-kopuruen arteko diru-sarrerak dituela egiaztatu behar du bizikidetza-unitateak.

Eskuartean dugun honetan, espedientea aztertu ostean, Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzako iragarki-oholaren bidez, 2007ko urtarrilaren 20a baino lehen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren 2005eko aitorpenaren kopia aurkezteko eskatu zitzaion eta, aitorpena egin ez izana gertatuz gero, urte horretan kontzeptu guztiengatik jasotako diru-sarrera guztiak aurkezteko. Horretarako emandako epean ezer ere aurkeztu ez zuenez, baja eman zitzaion babes ofizialeko etxebizitza-eskatzaileen erregistroko inskripzioari, hain zuzen ere eskatutako diru-sarrerak ez zituelako egiaztatu.

Errekurtsoaren bidez 2005eko zerga-aitorpena aurkeztu arren, ezin da onartu aitorpen hori epez kanpo aurkeztu delako, lehen aipatutako 71. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta, ondorioz, ebazpena berretsi behar da, Zuzenbidearekin bat baitator.

Azaldutako oinarriak, aipatutako xedapenak eta horiekin bat datozenak eta oro har erabilgarriak diren gainerakoak ikusita, hauxe

EBATZI DUT:

Manuel Pêgas jaunak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ezestea. Errekurtsoa Gipuzkoako lurralde-ordezkariak SD3-04165/04 espedientean emandako ebazpenaren aurka aurkeztu zen, eta bere hartan berretsi behar da, Zuzenbidearekin bat baitator.

Ebazpen honek administrazio-bidea amaitzen du; hala ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Donostia-San Sebastiángo administrazioarekiko auzietako dagokion epaitegian. Horretarako epea ebazpen hau jakinarazten den egunaren biharamunean hasi eta bi hilabetekoa izango da.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko urriaren 17a.

Zerbitzu zuzendaria,

MIKEL ARANA ECHEZARRETA.


Azterketa dokumentala