Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

241. zk., 2007ko abenduaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
7090

AGINDUA, 2007ko urriaren 30ekoa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzak "Fundación Sota de Sopuerta" Fundazioa iraungitzeko erabakia berresteko eta erabaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzak "Fundación Sota de Sopuerta" Fundazioa iraungitzeko erabakia berretsi dezan eta erabaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskriba dadin eskatuz aurkeztutako espedientea ikusi eta aztertu da.

AURREKARIAK

1.– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Erregistroan 2007ko urriaren 9an Maria Pereda andreak izenpetutako idazki bat sartu zen, hain zuzen ere "Fundación Sota de Sopuerta" delakoaren izenean. Idazki horren bidez, honako agiri hauek helarazi zizkion Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzari:

"Fundación Sota de Sopuerta" Fundazioak 2007ko abuztuaren 29an Fundazioa iraungitzeko emandako eskritura publikoa, hain zuzen Bilboko Notarioen Elkargoko notario Vicente Maria del Arenal Otero jaunaren aurrean emandakoa (1371 protokolo-zenbakia).

2.– Eskritura publiko horretan honako hauek azaltzen dira:

2.1.– Sopuertan (Bizkaia), 2007ko uztailaren 9an, "Fundación Sota de Sopuerta" Fundazioaren Patronatuko idazkari Jaime Villanueva Landaburu jaunak, José María Oraá Oraá lehendakariaren oniritziarekin, emandako egiaztagiria. Ziurtagiri horretan, besteak beste, Fundazioaren Patronatuak 2007ko uztailaren 3an hartutako honako erabaki hauek laburbiltzen dira:

a) "Fundación Sota de Sopuerta" Fundazioaren iraungipena onartzea.

b) Fundazioaren likidazio-balantzea onartzea.

c) Fundazioaren likidazio-prozedura hastea; Patronatuak bere gain hartuko ditu likidazio-lanak.

d) Fundazioaren likidazio-programa onartzea.

2.2.– "Fundación Sota de Sopuerta" Fundazioaren txosten arrazoitua; txosten hori da Fundazioaren iraungitzea bidezkoa dela adierazteko oinarria.

2.3.– Likidazio-balantzea.

2.4.– Fundazioaren likidazio-programa.

ZUZENDIBEZKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari dagokio fundazioa iraungitzeko espedientea agindu baten bidez erabakitzea. Hala dago aginduta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legearen 36.3 eta 40. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4. artikuluan.

Bigarrena.– Legitimatuta dagoen pertsona batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legearen 33. eta 34. artikuluetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 35. artikuluan eta fundazioaren estatutuetan -ondarea iraungitze eta likidatzeari dagokionez- aurreikusitako baldintzak bete dira.

Hirugarrena.– Fundazioen Babeslaritzak onartu eta Fundazioen Erregistroan inskribatu beharreko agirietan ikusten denez, "Fundación Sota de Sopuerta" delakoaren Patronatuak 2007ko uztailaren 3an fundazioa iraungitzeko hartutako erabakia baliozkoa da, estatutuen eta Euskal Autonomia Erkidegoan fundazioei buruz indarrean dauden arauetan ezarritakoaren arabera. Era berean, fundazioaren xedea bete ezin denez, badago benetako arrazoi bat fundazioa iraungitzeko, Kode Zibilaren 39. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko 12/1994 Legearen 33.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.

Fundazioa iraungitzeko erabaki horren ondorioz, Patronatuak Fundazioaren likidazioaren ondoriozko likidoa ondoren adierazten diren erakundeetara destinatzea ebatzi du iraungitze-eskrituran:

1.– Sopuertako Udala, arazoak dituzten adinekoak artatzeko eta zaintzeko udal-lokalak konpontzeko. Hain zuzen, udal jabetzako erretiratuen zentroa handitu eta, bertan, adinekoak artatzeko Eguneko Zentroa egiteko.

2.– Sopuertako udalerriko merkatu txikiko parrokia.

Ondarearen destinoa, berez, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko 12/1994 Legearen 35. artikuluari atxikitzen zaiola jo behar da.

Lege eta arau hauek ikusi dira: indarrean dagoen Konstituzioa; Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101//2007 Dekretua eta orokorrean aplikatzekoak diren gainerako arauak. Ondorioz,

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak

EBATZI DU:

Lehenengoa.– Sopuertako (Bizkaia) "Fundación Sota de Sopuerta" iraungitzeko eta Fundazioa likidatzearen ondoriozko likidoa destinatzeko Fundazioko Patronatuak 2007ko uztailaren 3an hartutako erabakia berrestea. Ebazpen hori 2007ko abuztuaren 29an egin zen publikoa, Bilboko Notarioen Elkargoko Vicente María del Arenal Otero notario jaunak emandako eskrituraren bidez (1371 protokolo-zenbakia).

Bigarrena.– Fundazioa iraungitzeko erabaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

Hirugarrena.– Fundazioaren iraungipenak fundazioaren ohiko jarduerak amaitzen ditu eta likidazio-eragiketak hasten ditu, aurretik onartutako programari jarraituz. "Fundación Sota de Sopuerta" Fundazioaren Patronatuak garatu beharko ditu likidazio-eragiketa horiek, Babeslaritzaren kontrolpean. Horretarako, Fundazioaren Patronatuak aktibo- edo likidazio-eragiketa bakoitzaren berri emango dio Babeslaritzari.

Laugarrena.– Fundazioak likidazio-aldian dagoen bitartean nortasun juridikoari eutsiko dio eta bere izenari "likidazio-aldian" erantsi beharko dio.

Bosgarrena.– Likidazio-eragiketak amaitu ondoren, "Fundación Sota de Sopuerta" Fundazioaren Patronatuak likidazio-eskritura eman beharko du eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzara bidali, onartua izateko.

Seigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Agindu hau azkena da administrazio bidean. Horren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, hil biko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko urriaren 30a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala