Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

241. zk., 2007ko abenduaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Jaurlaritzaren Lehendakaritza
7085

EBAZPENA, 2007ko azaroaren 22koa, Lehendakaritzaren idazkari nagusiarena, Gaztemundu programaren 2008ko deialdia egiten duena.

Abenduaren 23ko 316/2003 Dekretuak (EHAA, 8. zk., 2004ko urtarrilaren 14koa) Gaztemundu programa arautu zuen, Euskadin egonaldi bat egin eta gaurko errealitatera hurbiltzeko, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak finantzaturik. Egonaldi horretan, onuradunek parte hartu beharko dute eurentzat antolatzen diren jardunaldietan, eztabaida foroetan eta kultur guneetara, erakundeetara eta turismo guneetara egingo diren bisitaldietan.

Aipatutako dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, bidezkoa da dirulaguntza horien 2008ko deialdia egitea. Deialdi ebazpen honek espedienteak aurretiaz tramitatzeari eusten dio.

Horrenbestez, hauxe

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Gaztemundu programa deitzea 98.880 euroko zenbatekoarekin, euskal etxeetako gazteek egonaldia egin dezaten Euskadin. Eranskin bakarrean jaso dira horretarako onartu diren oinarriak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ebazpen honetan eta abenduaren 23ko 316/2003 Dekretuan aurreikusita ez dagoen guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da. Lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen.

Bigarrena.– Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du; hala ere, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke organo berean hilabeteko epean; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean. Epeok ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko azaroaren 22a.

Lehendakaritzaren idazkari nagusia,

JESÚS PEÑA MARTÍNEZ.

ERANSKINA
GAZTEMUNDU 2008 PROGRAMAREN
DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa.– Helburua.

Oinarri hauen helburua Gaztemendu programa deitzea da, hurrengo artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten gazteek egonaldia egin dezaten Euskadin uztailaren 1etik 15era.

Aurten eskainitako egonaldi kopurua 30ekoa da.

Bigarrena.– Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

1.– 18 eta 30 urte tartean edukitzea 2008ko urtarrilaren 1ean.

2.– Bizilekua Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo izatea.

3.– Ofizialki aintzatetsi eta Euskal Etxeen Erregistroan inskribaturiko euskal etxe bateko bazkide izatea, deialdia argitaratu baino hiru urte lehenegotik, gutxienez.

4.– Bosgarren Oinarriaren 2.c) zatian proposatutako gaiei buruzko ikerketa edo azterlana eginda edukitzea.

5.– Gaztemundu programako egonaldirik inoiz egin gabekoa izatea.

Hirugarrena.– Zenbatekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2008ko aurrekontuetan berariaz ezarritako aurrekontu kredituetatik deialdi honetarako gorde diren diru baliabideak 98.880 eurokoak dira guztira.

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren pentzutan egindako gastu-espedienteak aurretiaz tramitatzeari buruzko 2007ko apirilaren 26ko Ekonomia eta Ogasun Sailaren Aginduaren 5.3 artikuluan aurreikusitakoari eusten dio deialdi ebazpen honek. Beraz, deitutako diru-laguntzak ebatzi ahal izateko, beharrezkoa izango da 2008rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan kreditu egoki eta nahikoa egotea.

Laugarrena.– Eskabideak baloratzeko irizpideak.

1.– Ebaluazio Batzordeak honako irizpide hauek erabiliko ditu aurkeztutako eskabideak baloratzeko:

a) Ikerketa edo azterlanaren balorazioa. 	40 puntu gehienez

b) Eskatzaileak zenbateraino parte hartzen duen bere euskal etxeko jardueretan. 	35 puntu gehienez	

c) Euskara jakitea. 	15 puntu gehienez	

d) Euskal Herrian inoiz egon gabekoa izatea. 	10 puntu gehienez	

A irizpidea: "Azterketa edo ikerketa lanaren balorazioa". Lan helburura egokitzea, erabilitako iturriak, ideien azalpenen argitasuna eta azterketa kritikoa baloratuko dira, gehienez 40 puntu.

B irizpidea: "Eskatzailearen parte hartze maila partaide den euskal etxearen bizitza sozialean". Eskatzaileak aztertuko den gaian duen inplikazioa baloratuko da, baita zuzendaritza organoetan eta euskal etxeak antolatzen dituen ekintzetan duen parte hartzea ere. Gehienez 35 puntu.

C irizpidea: "Euskararen ezagutza". Oinarrizko maila, erdi maila eta goi maila baloratuko dira. Gehienez 15 puntu.

D irizpidea: "Euskal Herria bisitatu ez izana". 10 puntu emango zaizkie Euskal Herria bisitatu ez dutenei.

2.– Hautaketa prozesuan onartzeko, eskabideek 50 puntu lortu beharko dituzte gutxienez.

Bosgarrena.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Hona hemen non aurkeztu behar diren eskabideak: Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritza, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia, Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz.

Eskaerak formalizatzeko, oinarri hauei erantsitako inprimaki eredua erabili beharko da; www.euskadi.net web orrialdean izango dute eskura interesatuek inprimaki hori.

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Pasaportearen edo nortasun agiriaren kopia, adina eta bizilekua egiaztatzeko.

b) Euskal etxeak emandako ziurtagiria, eskatzaileak honako baldintza hau betetzen duela egiazteko: ofizialki aintzatetsi eta Euskal Etxeen Erregistroan inskribaturiko euskal etxe bateko bazkide izatea, deialdia argitaratu baino hiru urte lehenagotik, gutxienez. Euskal etxeak ziurtatu beharko du bere gain hartuko dituela esleipendunak bere betebeharrak ez betzean sor daitezkeen gastuak, eta txostena erantsi beharko du eskatzaileak etxe horren jardueretan duen parte hartzeaz.

c) Ondoko gaietako bati buruzko ikerketa edo azterlana:

Euskal musika autoktonoko tresnen erabilpenari dagokionez, euskal etxean dagoen egoeraren diagnostikoa norberaren inplikazioaren ikuspegitik: gaurko gabeziak eta gerorako ikuspegia.

d) Euskara badakiela egiaztatzeko agiria.

3.– Eskatzaileak izenpetu beharko du eskabidea.

Seigarrena.– Aurkezteko epea.

Abenduaren 23ko 316/2003 Dekretuan eskatutako baldintzak betetzen dituztenek 2008ko otsailaren 4a baino lehen aurkeztu beharko dituzte kandidaturak eta horretarako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako bideak erabiliko dituzte. Lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen.

Zazpigarrena.– Ebaluazio Batzordea.

Abenduaren 23ko 316/2003 Dekretuaren 11. artikuluan aurreikusitako ebaluazio batzordeak honako kide hauek izango ditu:

– Iñaki Aguirre Arizmendi jauna, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, batzordeburua.

– Josu Legarreta Bilbao jauna, Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendaria, bokala.

– Goiatz Aizpuru Lizarralde andrea, Lehendakaritzako teknikaria, bokala.

– Andoni Martín Arce, Lehendakaritzako teknikaria, bokala.

– Benan Oregi Inurrieta, Lehendakaritzako teknikaria, bokala eta batzordearen idazkaria.

ESKABIDE INPRIMAKIA
DATU PERTSONALAK JAKINARAZPENA JASOTZEKO:

Izen-abizenak:

Jaioteguna:

Jaioterria:		Herrialdea:

Posta helbidea:	Kalea:

Posta kodea:	Herria:	Probintzia:		Herrialdea:

bazkide duen euskal etxea:

CURRICULUM VITAE:

Egindako ikasketak edota ikasten (ikasturtea adierazi)

Lanean	Bai:		Ez.

Lanean arituz gero, zein lanbidetan eta zein lanpostutan:

HIZKUNTZAK:

Ama-hizkuntza:

	Bestelako hizkuntzak: 	Oinarrizko maila	Maila ertaina	Maila altua

Euskara

Gaztelania

Ingelesa

Frantsesa

Besterik (zehaztu)

EUSKADI EZAGUTZEA:

Adierazi zenbatetan izan zaren Euskadin eta zein urtetan:

ZERGATIA:

Azaldu Gaztemundun parte hartzeko arrazoiak:

Eskatzaileak ez du ez isun administratibo ez zigor penalik jaso dirulaguntza publikoak eskuratzeko ahalmena kentzen dionik, ez dago legalki galerazita hauek jasotzeko.

Data eta sinadura:

Inprimaki honekin batera, deialdi ebazpenaren bosgarren oinarriko 2. zatian ezarritako dokumentuak aurkeztu behar dira.


Azterketa dokumentala