Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

235. zk., 2007ko abenduaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Iragarpenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
6863

EDIKTUA, Aranzazu Iturrikastillo Manterola andreak jarritako gorako helegitea atzera botatzen duen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2007ko irailaren 21eko Agindua jakinarazten duena.

Ezin izan zaio Aranzazu Iturrikastillo Manterola andreari jakinarazi idazki honen idazpuruan agertzen den 2007ko irailaren 21eko Agindua eta, horregatik, ediktu hau argitara emanez jakinarazten zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 59.4. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2007ko irailaren 21eko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, Aranzazu Iturrikastillo Manterola andreak ezarritako gorako errekurtsoa ezezten duena.

Aranzazu Iturrikastillo Manterola andreak gorako errekurtsoa ezarri zuen Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren Kidegoan sartzeko hautatze-prozesuetan aukeratutako izangaien behin betiko zerrendak argitara ematen dituen Hezkuntza Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Langileriaren Kudeaketarako zuzendariaren 2007ko uztailaren 30eko Ebazpenaren aurka.

GERTAKARIAK

I.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2007ko martxoaren 16ko Aginduaren bitartez (EHAA, 2007ko martxoaren 23koa), Euskal Autonomia Erkidegoko Maisu-Maistren Kidegoan sartzeko hautatze-prozedurak deitzen zituen (2007ko apirilaren 4ko EHAAn argitaratutako 2007ko martxoaren 30eko Aginduaren bitartez zuzenduta).

II.– Aipatutako epean, Aranzazu Iturrikastillo Manterola andreak eskabide bat aurkeztu zuen Maisu-Maistren Kidegoko Haur Hezkuntzarako, txanda irekian hain zuzen ere.

III.– Hezkuntza Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Langileriaren zuzendariaren 2007ko uztailaren 30eko Ebazpenaren bidez (EHAA, abuztuaren 2koa) Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren Kidegoan sartzeko hautatze-prozesuetan aukeratutako izangaien behin betiko zerrendak argitara eman ziren.

Zerrenda horietan ez da agertzen Aranzazu Iturrikastillo Manterola andrea.

IV.– 2007ko abuztuaren 6an, era egokian eta epearen barruan, Aranzazu Iturrikastillo Manterola andreak gorako errekurtsoa ezarri zuen 2007ko uztailaren 30eko Ebazpenaren aurka (EHAA, 2007ko abuztuaren 2koa). Helegitean desadostasuna adierazten du oposizioko A ariketan lortutako kalifikazioarekin.

Aipatutako gertakariei hurrengo zuzenbideko oinarriak dagozkie

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– 2007ko martxoaren 16ko Aginduaren bosgarren oinarriak, Aranzazu Iturrikastillo Manterola andreak errekurritu ez duenak eta hortaz borondatez onartu duenak, honako hau esaten du:

"5.1.– Hautaketa-prozedura honetako parte hartzaileen hautaketa egiteko, hautaketa-organoak izendatuko ditu Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak, agindu baten bidez. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, hilabeteko epean gehienez ere, onartuen eta aztertuen behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik aurrera".

Halaber, oinarri horrek, seigarren atalean zehazten ditu epaimahaiei eta hautaketa-batzordeei dagozkien eginkizunak:

5.6.1.– Epaimahaiei dagokie:

a) Epaimahaiak jarduteko irizpideak zehaztea.

b) Aukeratze-prozesuko aldien garapena, deialdi honetan xedatutakoaren arabera.

c) Oposizio aldiko probaren balorazioa.

d) Deialdi honen I. eranskineko II.5 eta III.1 paragrafoetan jasotzen diren merezimenduen baremazioa.

e) Arau hauek aplikatuz sor daitezkeen zalantza guztiak argitzea, baita aurreikusi ez diren kasuetan egin behar dena ere.

f) Hautaketa-batzordeei agindutako eginkizunak, halako batzorderik ez badago.

Epaimahaiek euren lanetara aholkulari espezialistak sartzea proposa dezakete, baita laguntzarako funtzio teknikoak egiteko laguntzaileak ere. Horien lana espezialitate teknikoetan laguntza ematea baino ez da izango. Langileriaren Kudeaketa zuzendariak izendatuko ditu.

5.6.2.– Hautaketa-batzordeei dagokie:

a) Epaimahaien arteko koordinazioa.

b) Epaimahaien jardute-irizpideak homogeneizatzea. Horretarako, epaimahaiek jarraitu beharko dituzten balioespen-irizpideak finkatu beharko dituzte, probak hasi baino lehen.

c) Oposizio lehiaketa aldietatik bakoitzari dagozkion puntuaketak batzea, izangaiak sailkatzea eta oposizio lehiaketa gainditzen dutenen izenak aldarrikatzea.

d) Hautatuak izan diren eta gainditu duten izangaien zerrendak prestatzea, eta deialdia egin duen organoari zerrenda horiek helaraztea.

Hautespen prozesuan zehar arau hauek aplikatzerakoan sor litezkeen zalantza guztiak hautaketa-batzordeek ebatziko dituzte, eta aurreikusi ez diren egoeretan zer egin behar den erabakiko dute.

Bigarrena.– Errekurtsogileari esleitutako kalifikazioa berak egindako ariketari dagokiola egiaztatu da. Puntu honetan gogorarazi behar da oposaketako ariketak puntuatzea aukeraketa-organoen eginkizun esklusiboa dela. Izan ere, goian aipatutako arautegiaren arabera, kalifikazio-epaimahai bakoitzak zehazten ditu jardute-irizpideak eta oposaketa-aldiko probak baloratzen ditu. Hortaz, balorazio-irizpide hutsetara mugatzen ari garenez, horien erabakia kalifikazio-epaimahai bakoitzaren eskumen esklusiboa da, eta ezin da balorazio hori aukerako beste balorazio batekin ordezkatu.

Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatekoez kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legearen 19.1 artikuluaren arabera "Epaimahaia edo aukeraketarako organo teknikoa osatzen dutenek iharduteko autonomia osoa izango dute…".

Interesatuak eskatzen duen nota berrikusteari buruz, esan behar da jurisprudentziaren doktrinak behin eta berriz errepikatu duela epaimahai aztertzaileek diskrezionalitate tekniko handia dutela probak baloratzeko orduan; doktrina horren agergarri dira, besteak beste, Auzitegi Gorenaren 2003ko urtarrilaren 28ko epaia, Administrazioarekiko Auzietako Salak legea betearazteko eman duena, eta baita Sala horrek 2000ko urriaren 10ean emandakoa ere.

Jurisprudentzia-doktrina kontsiderazio hauetan oinarrituta finkatu da:

– Funtzio publikora sartzeko hautaketa-prozeduretan epaimahai kalifikatzaileek duten funtzioa honako hau da: ebaluazio profesionaleko zereginak —hautaketa-prozesuen funtsa direnak— burutzeko ezagutzak ez baditu administrazio-organoak, ezagutza horiek eskaintzea organo horri.

– Gai espezifikoei dagokienez epaimahaiei dagokien organo espezializatuen izaerak honako hau dakar: euren jarduera ebaluatzailean balioespen-tartea zabala dute, hau da, doktrinan diskrezionalitate teknikoa deitu izan dena.

Diskrezionalitate hori dela-eta haien jarduera kontrolatzeko posibilitateak bi kasutara mugatzen dira: araututako elementuak ez errespetatzea —esate baterako, deialdiaren oinarriak— eta errakuntza nabarmen eta agerikoa. Hortaz, organo kalifikatzaileak egindako ebaluazioaren berraztertze edo ebaluazio alternatiboa bakarrik eskatzen duten uziak aipatu kontroletik kanpo geratzen dira, eta horixe da Aranzazu Iturrikastillo Manterola andreak planteatutako kasua.

Kasu honetan legez, errekurtsoa ebazteari dagokionez, kontrola egiteko ezintasunak Administrazioari eragiten dio, eta organo jurisdikzionalei ere galarazi egiten die epaimahai kalifikatzaileen irizpidea, estimazio tekniko libreaz osatutakoa, aldatzea. Konstituzio Auzitegiak bere egiten du esandako hori 34/1995 eta 353/1993 epaietan.

Laburbilduz, diskrezionalitate teknikoak galarazten du organo eskudunaren irizpidea errekurtsogilearen iritzi subjetiboan oinarritutako beste irizpide batekin aldatzea organo eskudunari egotzitako gaia denean, baldin eta ez bada erakusten administrazio-egintzan akatsen bat dagoela eta ondorioz administrazio-egintzaren berezko legezkotasun-presuntzioan ere bai. Adminitrazioaren jarduera espezialitatuan ere jurisdikzio-erakunde batek ezin du irizpidea ordezkatu. Jurisdikzio-organoek hautaketa-organo edo oposaketa-epaimahaien kalifikazioa ordezkatzeko ahalmena ukatzen da bereziki, araua zapaltzen denean izan ezik. Dena den, oraingoan ez da horrelakorik gertatu, oposaketa-epaimahaiek ahalmen diskrezionala eta teknikoa dute eta.

Aipatutako arauak eta oro har eta gai honetan aplikatzekoak diren arauak aztertuta, eman zaizkidan eskumenak erabiliz, hau

EBATZI DUT:

Aranzazu Iturrikastillo Manterola andreak jarritako gorako errekurtsoa ezestea, Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren Kidegoan sartzeko hautatze-prozesuetan aukeratutako izangaien behin betiko zerrendak argitara ematen dituen Hezkuntza Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Langileriaren Kudeaketarako zuzendariaren 2007ko uztailaren 30eko Ebazpenaren aurkakoa.

Errekurtsoak:

Agindu honen aurka, administrazio-bidea amaitzen baitu, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salaren aurrean; bi hilabeteko epea izango da horretarako, jakinarazpena egin eta biharamunetik kontatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko irailaren 21a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.

Eta hau ematen da, leku ezezagunean dagoen Arantza Iturrikastillo Manterola andreari jakinaraztearen ondorioetarako.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko azaroaren 5a.

Azterlan eta Araubide Juridikoaren zuzendaria,

RICARDO BURUTARAN FERRÉ.


Azterketa dokumentala