Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

235. zk., 2007ko abenduaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
Kultura Saila
6832

203/2007 DEKRETUA, azaroaren 20koa, Donostia-San Sebastiángo "Asociación Teléfono de la Esperanza de Gipuzkoa / Gipuzkoako Itxaropen Telefonoa" elkartea herri-onurakotzat aitortzeko dena.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak honela dio: Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak herri-onurakotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.

Horren babesean, izan ere, Donostia-San Sebastiángo "Asociación Teléfono de la Esperanza de Gipuzkoa / Gipuzkoako Itxaropen Telefonoa" elkarteak aitorpen hori eskatu du, Itxaropen Telefonoaren bidez egiten dituen jarduerengatik (orientazio, laguntza psikologiko eta informazio lanak) herri onurakotzat aitortzeko merezimenduaren gai dela uste duelako.

Erakunde eskatzailea 1987ko azaroaren 19an eratu zen eta 1987ko abenduaren 4an inskribatu zen, AS/G/00777/1987 erregistro-zenbakiarekin. Erakundeak Gipuzkoako Lurralde Historikoan dihardu batik bat.

Eratu zenetik, Donostia-San Sebastiángo "Asociación Teléfono de la Esperanza de Gipuzkoa / Gipuzkoako Itxaropen Telefonoa" sustatzen duen Itxaropen Telefonoak, larrialdietarako zerbitzua da, bertara berehala eta erraz iristeko modukoa eta une jakin batean arazoei aurre egiteko inolako laguntzarik ez duenari entzuteko beti prest dagoena. Itxaropen telefono honek orientazio, laguntza psikologiko, baliabideei buruzko informazio eta gestioak errazteko lanak egiten ditu, baina laguntzarik espezifikoenak bi ezaugarri ditu: entzunaldi aktiboa, pertsona berreraikitzeko terapia moduan, eta pertsonaren itxaropena sendotu, dituen arazoei aurre egiteko oinarrizko faktore moduan.

7/2007 Legearen 45.2 artikuluan agindutakoarekin bat etorriz, herri onurako aitorpena Jaurlaritzaren Kontseiluak erabakitako dekretu baten bidez egingo da, arloa dela-eta kasuan kasuko sailek proposatuta, eta sailek eta interesatuta dauden erakunde eta entitateek txostena eman ondoren. Agindu hori betez, dagokion espedientea abiarazi da, eta, ondoren, sailei eta instituzioei eskatu zaizkien txostenak erantsi zaizkio espedienteari. Txosten horietan Donostia-San Sebastiángo "Asociación Teléfono de la Esperanza de Gipuzkoa / Gipuzkoako Itxaropen Telefonoa" herri onurako elkarte moduan aitortzearen alde agertzen dira bai sailak bai instituzioak.

Ondorioz, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren eta Kultura sailburuaren proposamenez, interesaturik dauden erakunde eta entitateek emandako txostenak ikusi ondoren, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2007ko azaroaren 20an egindako bilkuran aztertu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Donostia-San Sebastiángo "Asociación Teléfono de la Esperanza de Gipuzkoa / Gipuzkoako Itxaropen Telefonoa" Elkartea, Euskal Autonomia Erkidegoko Bazkunen Errolda Nagusian AS/G/00777/1987 zenbakiaz inskribatuta dagoen, herri onurako dela aitortzea, bere jardueren ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoko interesen alde egiten duela uste baita.

Horrekin batera, aitorpen horri dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, ekainaren 22ko 7/2007 Legeko 43. artikuluan jasota daudenak.

Vitoria-Gasteizen, 2007ko azaroaren 20an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZCÁRRAGA RODERO.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.

Kultura sailburua,

MIREN KARMELE AZKARATE VILLAR.


Azterketa dokumentala