Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

222. zk., 2007ko azaroaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Osasun Saila
6312

AGINDUA, 2007ko urriaren 30ekoa, Osasun sailburuarena, zeinaren bitartez pertsonal ez-sanitarioarentzako kanpoko desfibriladore automatikoak (KDA) erabiltzeko prestakuntza emateko diru-laguntzetarako deialdia iragartzen baita.

Ebidentzia kliniko eta zientifikoek berresten dute desfibrilazio goiztiarra dela, biziraupen-katearen barruan, erantzun sanitariorik egokiena bihotz-gelditzearen tratamendurako. Kanpoko desfibriladore automatikoa (KDA) bereziki diseinatuta dago jende asko ibili ohi den espazioetan kokatzeko eta pertsonal ez-sanitarioak erabili ahal izateko.

Horregatik, lanbide medikoarekin zerikusirik ez daukaten pertsonek, sanitarioak ez diren esparruetan aparatu horiek erabiltzea sustatu eta errazteko asmoz, pertsonal ez-sanitarioak kanpoko desfibriladore automatikoak erabiltzeari buruzko urtarrilaren 23ko 8/2007 Dekretua eman zen (2007ko otsailaren 12ko 30. zenbakidun EHAA).

Osasun Sailak, bere aldetik, pertsonal ez-sanitarioak KDAren erabilerari buruzko prestakuntza izatea biziraupen-katearen funtsezko elementutzat jotzen du. Horrez gain, positibo eta ezinbesteko deritzo honako hauekin elkarlanean aritzea: pertsonal ez-sanitarioak erabiltzeko KDA duten entitateak eta erakundeak.

Esandako guztiaren ondorioz eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileei buruzko testu bateginaren VI. tituluan agertzen diren xedapenetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan diru-laguntzak arautzeari buruzko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitakoa) eta aplikazio orokorreko gainerako xedapenetan ezarritakoaren arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2007. ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 28ko 9/2006 Legean jasotako gastu-baimenak kontuan hartuta, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Hauxe da Agindu honen xedea: kanpoko desfibriladore automatikoak (KDA) erabiltzeaz eta zaintzeaz arduratzen den pertsonal ez-sanitarioari prestakuntza emateko diru-laguntzen emakida arautzen duten oinarriak ezartzea. Gainera, langileen prestakuntzarako eman diren ikastaroetara edo pertsonal ez-sanitarioak KDAren erabilerari buruzko urtarrilaren 23ko 8/2007 Dekretua (2007ko otsailaren 13a) indarrean jarri zen momentutik eta 2008ko abenduaren 31ra arte emango diren ikastaroetara joatea finantzatuko da.

2.– Entitateek eta emango diren ikastaroek, aipatutako Dekretuan ezarritakoa bete beharko dute.

2. artikulua.– Onuradunak.

Agindu honetan begietsitako diru-laguntza honako hauek jaso ahal izango dute: pertsona juridikoak, publikoak edo pribatuak, titularrak badira edo izaera ez-sanitarioa duten sarbide publikoko lokalak, establezimenduak edo barrutiak kudeatzen dituztenak badira. Establezimendu horiek, halaber, modu iraunkor batean Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta egongo dira, eta dagokien eskabidea aurkezteko datan KDA delakoak instalatuta izango dituzte edo 2008ko abenduaren 31 baino lehen instalatuko dituztela hitzeman beharko dute.

3. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.

Laguntzen emakida lehiaketa-prozedura bidez egingo da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileei buruzko testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Horiek horrela, laguntzen emakida eskabideak erkatuz egingo da, 10. artikuluan finkatutako balorazio-irizpideak kontuan hartuta euren artean hurrenkera bat ezartzeko asmoz; era berean, balorazio-fasean gutxienez hirurogei (60) puntu lortzen dituzten eskabideei baino ez zaie diru-laguntza emango, esleitutako kreditua heltzen denera arte.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Agindu honen xedea betetzeko bideratzen diren baliabide ekonomikoak, horretarako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan ezarritako dagozkien aurrekontu-kredituetatik hartuko dira.

2.– Adierazitako ondorioetarako, begietsitako diru-laguntzen finantzaketa, honako honetan aurreikusitako aurrekontu-kredituaren kontura egingo da: 001 partida (Desfibriladoreak pertsona ugari igarotzen den tokietan instalatzea. Prestakuntzarako diru-laguntzak), C.A.C 453.01, 13 Zerbitzua, 45200 Programa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2007. ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 28ko 9/2006 Legeak dakartzan gastu-baimenen 09 Atala. Baliabide horien zenbatekoa 20.000,00 eurokoa izango da.

3.– Emango diren diru-laguntzen kopuruak, guztira, ez du aipatutako diru-izendapena gaindituko edo bere gehikuntzatik ondorioztatzen dena, Osasun Sailaren diru-laguntzei buruzko beste programa batzuen betearazpenetatik agortu gabeko aurrekontu-baliabideak egongo balira, edo indarrean dagoen legeriaren arabera onar daitezkeen aurrekontu-aldaketenak.

4.– Aipatutako gehikuntza gertatuko balitz, Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzen emakida-prozedura ebatzi baino lehen jazo beharko dena, horren berri emango da Osasun sailburuordearen ebazpenaren bitartez.

5. artikulua.– Jarduerak, diruz laguntzeko gastuak eta diru-laguntzen gehienezko zenbatekoa.

1.– Agindu honen babespean emango diren diru-laguntzak, prestakuntza-ikastarora doan pertsonak sortutako gastuak finantzatzeko erabiliko dira. Honako hauek eragindako gastuak izango dira kontuan hartuko direnak: matrikula, joan-etorria, mantenua, material-erosketa eta ikastarora joatearekin zerikusi zuzena eta zalantza ezina duen egiaztatutako beste edozein gastu.

2.– Gehienez bi pertsonak egindako prestakuntza-ikastaroa diruz lagundu ahal izango da, instalatutako desfibriladore bakoitzeko edo 2008ko abenduaren 31 baino lehen horrelako bat instalatuko dela hitzeman bada.

3.– Pertsona bakoitzaren prestakuntzarako diru-laguntzaren banakako zenbatekoa, dagokion gastuko aurrekontuaren % 100ekoa izan daiteke. Kopuru hori ez da, inola ere, berrehun eurotik gorakoa izango.

4.– Gastuen zenbatekoa ez da diruz lagunduko, ezta emango den diru-laguntzaren karguan finantzatuko ere, joan-etorriei, mantenuari, material-erosketari eta ikastaroa egitearekin zerikusia duten beste batzuei buruzkoa izan arren, aurkeztutako aurrekontuaren % 25a eta irabazitako gastua ere gainditzen badute.

6. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Agindu honen babespean emango diren diru-laguntzak bateragarriak izango dira, helburu bererako lor litezkeen beste edozein motatako babes edo diru-laguntzekin; betiere, finantzaturiko jardueraren gehiegizko finantzaketarik ez gertatzeko baldintzarekin. Hori gertatuz gero, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugara arte.

7. artikulua.– Eskabideak: formalizazioa, aurkezteko lekua, bidali beharreko dokumentazioa eta onarpen-epea.

1.– Agindu honetan begietsitako diru-laguntzak hartzeko eskabideak, aginduko I. eranskin gisa agertzen den eredu normalizatuan aurkeztuko dira, eta Osasun Saileko Osasun Plangintza eta Antolamenduko zuzendariari helaraziko zaizkio (Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz). Era berean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan adierazitako gainerako moduetan aurkeztu ahal izango dira.

2.– Eskabidearekin batera honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Ikastaroaren programa, non honako datu hauek agertuko baitira: emango diren gaiak, noiz emango diren eta zein den ikastaroa emango duen entitatea.

b) Honako datu hauek dakartzan azalpen-memoria: KDAk dituzten lokal, establezimendu, barruti edo instalazioen kokalekua, edukiera eta batez besteko okupazioa, baita horien ezaugarri teknikoak eta euren erabileraz arduratuko den pertsona edo pertsonen identifikazioa ere. Oraindik jarri gabe baldin badaude, esandakoarekin batera jartzearen konpromiso esplizitua aurkeztu beharko da eta noiz jarriko diren adieraziko da.

c) Entitate eskatzailearen Identifikazio Fiskaleko Kodearen kopia.

d) Dagokion Foru Ogasunak luzatutako ziurtagiria, entitate eskatzaileak bere zerga-betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren pentzurako diru-laguntzen onura jasotzen dutenen zerga-eginbeharrak betetzen direla egiaztatzeari buruz, Ogasun eta Finantza sailburuak emandako 1991ko urriaren 7ko Aginduan (1991ko urriaren 15eko 208. zenbakidun EHAA) aurreikusitakoaren arabera.

e) Esleipen-irizpideei dagokienez, diru-laguntza emateko alegatzen diren merezimenduen dokumentu bidezko justifikazioa.

f) Ikastarora joateko hautatu diren pertsonen Nortasun Agiri Nazionalaren kopia.

g) Bankuaren datuak (II. eranskina).

3.– Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izango da, Agindu hau indarrean jartzen denetik zenbatzen hasita.

8. artikulua.– Eskabidearen akatsen zuzenketa.

Diru-laguntza emateko eskabideak behar bezala beteta egongo ez balira, edo diru-laguntza bakoitzerako adierazten den dokumentazio guztia aurkeztuko ez balitz, entitate eskatzaileari hamar eguneko epea emango litzaioke akats hori zuzen dezan edo aginduzko dokumentazioa aurkez dezan. Era berean, jakinaraziko zaio horrela egingo ez balu, eskaera ukatutzat joko litzatekeela. Administrazioak eskabide horiei buruzko ebazpen espresua eman eta jakinarazi beharko du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedaturikoaren arabera.

9. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Aurkeztutako eskabideen ebaluazioa egiteko, dagokion Balorazio Batzordea eratuko da. Batzorde hori honako hauek osatuko dute:

Presidentea: Osasun Saileko Osasun Plangintza eta Antolamenduko zuzendaria edo berak eskuordetzen duen pertsona.

Batzordekideak: Antolamendu eta Egiaztatze Sanitario Zerbitzuko bi teknikari, M.ª Ángeles Baile Acosta eta Javier Sánchez De la Fuente; azken hori, gainera, idazkari lanetan ere arituko da. Irakaskuntza eta Garapen Profesionaleko Zerbitzuko teknikari bat, M.ª José Bombín López. Zerbitzu sanitarioak Kontratatzeko Zerbitzuko teknikari bat, José Antonio Biain Santiago, eta Osakidetzako Emergentzietako teknikari bat, Carlos Ibarguren Olalde.

2.– Batzordeak, 10. artikuluan aurreikusten diren esleipenari eta kuantifikazioari buruzko irizpideak aplikatzeko asmotan, aurkeztutako eskabideak ebaluatuko ditu eta Osasun sailburuordeari dagokion ebazpen-proposamena helaraziko dio.

3.– Batzordeak entitate eskatzaileari hauxe eskatu ahal izango dio: eskabidea bete-betean ulertzeko beharrezkoa den dokumentazio osagarria aurkeztea.

10. artikulua.– Esleipenari eta kuantifikazioari buruzko irizpideak.

1.– Diru-laguntzen esleipena irizpideetan oinarrituta eta honako neurri hauek kontuan hartuta egingo da:

a) Desfibriladore bakoitzarekin atendituak izan daitezkeen pertsonen kopurua, instalazioaren edukieran eta batez besteko okupazioan oinarrituta. Gehienez, 30 puntu.

b) Desfibriladoreak jarriko diren instalazioaren kokapen geografikoa, zentro sanitario batekiko duen hurbiltasun handiagoa edo txikiagoa kontuan hartuta. Gehienez, 20 puntu.

c) Paziente potentzialen ezaugarri sozio-demografikoak. Gehienez, 20 puntu.

d) Desfibriladoreen ezaugarri teknikoak. Gehienez, 20 puntu.

e) Instalazio berean dauden edo jarriko diren desfibriladoreen kopurua. Gehienez, 10 puntu.

2.– 3. artikuluan adierazitako gutxieneko puntuazioa lortu duten eskabideei esleituko zaien diru-laguntza bakoitzaren zenbatekoa zehazteko, hauxe da erabiliko den prozedura: balorazio-fasean eskabide bakoitzak lortutako puntuazioaren beheranzko ordena kontuan hartuko da, 5. artikuluak ahalbidetzen duen gehienezko zenbatekoa esleituko da, edo, hala balegokio, txikiagoa izango balitz, eskatutako zenbatekoa, deialdiaren zuzkidura ekonomikoa agortu arte.

11. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.

1.– Aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean bideratuko dira, eta ebazpena, interesdunek planteatutako kontu guztiak erabaki ondoren, Balorazio-batzordeak proposatuta, Osasun sailburuordeari dagokio.

2.– Ebazpenak emakida zehaztuko du eta, hala balegokio, Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzen ukapena. Lehenengoen kasuan, gainera, datu hauek adierazi beharko dira: entitate onuraduna zein den, emandako zuzkidura eta diruz lagundutako ikastaroa edo ikastaroak zeintzuk diren.

3.– Aurreko paragrafoak aipatzen duen ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen eta, horren aurka interesdunek gorako errekurtsoa jarri ahal izango diote Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluen arabera.

4. Hartutako ebazpenaren berri interesdunei emango zaie, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian iragarriz.

5.– Prozedura ebatzi eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko gehienezko epea bi hilabetekoa izango da, Agindu hau argitaratzen den hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro ondoren Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpenik argitaratu ez bada, interesdunek euren diru-laguntza eskabidea ezetsitzat eman dezakete, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

6.– Agindu honetan begietsitako diru-laguntzen emakida eta, hala balegokio, entitate onuradunei ordaintzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik tramitatzen dagoen itzultzeko edo zehatzeko edozein prozeduraren bukaerak baldintzatuko du.

7.– Diru-laguntza ukatzen den kasuetan, eskabidearekin

batera aurkeztutako dokumentazioa berreskuratzeko epea hilabetekoa izango da, ebazpena argitaratzen den egunetik kontatzen hasita, baldin errekurtsorik aurkeztu ez bada. Errekurtsoren bat aurkeztuko balitz, epea ezespen-ebazpena jakinarazten den egunetik hasiko da kontatzen.

12. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntzak jasoko dituzten entitateek, betiere, honako eginbehar hauek bete beharko dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Zentzu horretan, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian prozeduraren ebazpena argitaratu ondorengo hamabost egun naturaleko epean onuradunak ez badio berariaz eta idatziz uko egiten, onartutzat emango da.

b) Diru-laguntza zehazki emana izan den helbururako erabiltzea.

c) Diru-laguntzaren emakidaren ondorio gisa ezarritako baldintzak betetzea.

d) Diru-laguntzaren emakida edo onura zehazten duten eskakizun eta baldintzen betetzea justifikatzea, baita jarduera egitea eta xedearen betetzea ere.

e) Ematen duen organoak egin beharreko egiaztapen-jarduketen eraginpean egotea, baita Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion egiaztapen, finantzen kontrol eta kudeaketari buruzko beste edozeinen pean ere, Agindu honetan xedaturikoaren babespean eskuratutako diru-laguntzari dagokionez, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoak aurreikusitakoez gain.

f) Osasun Plangintza eta Antolamenduko Zuzendaritzari honako datu hauek jakinaraztea: lorpena, laguntza ematen duen organoa eta helburu bererako edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatuk emandako beste edozein diru-laguntzen zenbatekoa (finantzarioak zein materialak), inguruabar horren berri izan eta hurrengo hamar egun balioduneko epean.

g) Aipatutako organoari, diru-laguntza emateko kontuan hartu den edozein inguruabarretan gertatutako aldaketa (objektibo zein subjektibo) jakinaraztea, aurreko paragrafoan adierazitako epean.

h) Jasotako fondoak edo garatutako jarduera edo jarduketaren diruz lagundutako kostuaren gainetik lortutako gehiegia itzultzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileei buruzko testu bateginaren 53. artikuluan begietsitako kasuetan.

13. artikulua.– Justifikazioa, likidazioa eta ordainketa.

1.– Emango diren diru-laguntzen ordainketa, ordain-agindu bakar baten bidez egingo da, diruz lagundutako jarduketaren gauzatze eraginkorra, xedetzat duen helburuarekiko egokitzapena eta bere kostuaren guztizko zenbatekoa egiaztatu ondoren.

Horretarako, entitate onuradunak Osasun Plangintza eta Antolamenduko Zuzendaritzara honako dokumentazio hau bidali beharko dio, bi hilabeteko epean, diruz lagundutako prestakuntza-ikastaroa bukatzen denetik zenbatzen hasita:

a) Egin diren gastuen jatorrizko egiaztagiriak.

b) Ikastaroa gainditu dela egiaztatzen duen ikastetxeak egindako ziurtagiri indibidualaren kopia.

c) Dagokion Foru Ogasunak egindako ziurtagiria, entitate eskatzaileak bere zerga-betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duena, Ogasun eta Finantza sailburuak emandako 1991ko urriaren 7ko Aginduan aurreikusitakoaren arabera, diru-laguntza eman zen datatik hiru hilabete baino gehiago igaro izan balira.

2.– Entitate onuradunak eskabidea egiten den momentuan KDA horiek instalatu gabe izango balitu, esandakoaz gain, diru-laguntza eskatzean hitzartutako KDA delakoen jartze eraginkorra dokumentu bidez egiaztatu beharko du.

14. artikulua.– Diru-laguntza emateko baldintzak aldatzea.

Dagokigun diru-laguntzaren emakidarako kontuan hartu diren baldintzen aldaketa orok, horren helburua bete dela jotzen bada eta, hala balegokio, beste edozein entitate publiko edo pribatuk emandako bestelako laguntza eta diru-laguntzen aldibereko lorpenak, diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea eragin dezake; betiere, onuradun izateko Agindu honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak babesten baldin badira. Ondorio horietarako, Osasun Plangintza eta Antolamenduko Zuzendaritzak bidezkoa den likidazio-ebazpena emango du; eta ebazpen horretan, emandako diru-laguntzaren zenbatekoak birdoituko dira, edo, hala balegokio, soberan jasotako zenbatekoak itzultzeko aginduko da.

15. artikulua.– Emandako diru-laguntzaren zenbatekoa aldatzea.

1.– Prestakuntza-ikastarora joatearen behin-betiko kostu erreala diru-laguntza eman zen aurrekontua baino baxuagoa bada, emandako kopurua murriztuko da haren zenbatekoa honen kopuru baino txikiagoa denean bakarrik.

2.– Aitzitik, hasiera batean aurkeztutako aurrekontuak goranzko aldaketa egiten badu, prozeduran sartu ahal izango da berau ebazpen-proposamenaren fasean egon baino lehenago bakarrik. Ikastarora joateak dituen kostuetan igoerak kontuan hartzeko gorantz zuzendutako aurrekontua geroago aurkezteak, ez du emandako diru-laguntza gehitzea eragingo, eta hurrengo artikuluaren ondorioetarako baino ez da kontuan hartuko.

16. artikulua.– Prestakuntza-proiektuen aldaketa.

1.– Hasieran aurreikusi eta ebazpen bidez onartutako gastu edo jarduketei dagokienez egin nahi den edozein aldaketa, egin aurretik eskatu beharko da eta Osasun sailburuordearen berariazko onarpena izan beharko du.

2.– Aldaketak ez du, inolaz ere, diruz lagundutako jarduketaren izaeran eraginik izango.

3.– Diruz lagundutako jarduketa egiteko eta bukatzeko epeari dagokionez, justifikatzen duten kausak aldi berean gertatzen direnean, bere epemuga baino lehenago onuradunak idatziz egindako eskabidea eginez, Osasun sailburuordeak, horretarako emandako ebazpen bidez, epemuga hori luzatu ahalko du, baina ez da, inola ere, 2008ko abenduaren 31 baino beranduago izango.

4.– Diru-laguntzaren onuradunak justifikazioan diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatu direla eta aldaketa horiek ebazpena aldatzea eragin dezaketela aditzera ematen duenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileei buruzko testu bateginaren 49.12 artikuluan ezarritakoaren arabera, berau onartzeko aldez aurretik egin behar den administrazio-baimenaren tramitea egin ez delarik, diru-laguntza ematen duen organoak aurkeztutako justifikazioa onartu ahal izango du; betiere, hirugarrenen eskubideetan eraginik ez bada.

5.– Egiaztapen-egintzan laguntza ematen duen organoak aldaketak onartzeak, ez du onuraduna legozkiokeen komunikazio-eginbeharrak ez betetzeagatiko zehapenetatik salbuesten.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimena arautzen du. Dekretu horretan ezarritakoaren arabera, entitate onuradunak eskakizunak, ezarritako epeak edo diru-laguntzaren helburua beteko ez balitu, behar diren prozedura-tramiteak behin bideratuz gero, galdutzat joko da diru-laguntza jasotzeko eskubidea eta, hala balegokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, jadanik jasotako kantitateak euren legezko interesekin itzuli beharko zaizkio, bidezko diren gainerako akzioei kalterik egin gabe. Aipatutako kantitateak diru-sarrera publikotzat joko dira ondorio guztietarako.

Osasun Plangintza eta Antolamenduko zuzendaria izango da ez-betetzeagatiko espedientea hasi eta bideratzeko eskumena izango duena.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Administrazio-bidea agortzen duen Agindu honen aurka, entitate interesdunek Osasun sailburuari aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hilabeteko epean, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita bi hilabeteko epean.

Bigarrena.– Agindu honetan aurreikusi ez den guztian Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa aplikatuko da, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako idazkeraren arabera.

Hirugarrena.– Agindu honek, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko urriaren 30a.

Osasun sailburua,

GABRIEL M.ª INCLÁN IRIBAR.

I. ERANSKINA
DIRU-LAGUNTZA ESKATZEKO INPRIMAKIA

Osasun sailburuaren 2007ko urriaren 30eko Aginduan ezarritako erregimenaren babespean, Agindu horren bitartez pertsonal ez-sanitarioarentzako kanpoko desfibriladore automatikoak (KDA) erabiltzeko prestakuntza emateko diru-laguntzetarako deialdia iragartzen baita. 2007ko

ENTITATE ESKATZAILEAREN DATUAK

Izen ofiziala:	

Helbidea:.	

Herria:....................................................... LH.................................................................................. PK:	

Telefonoa: .................................. Faxa:

Identifikazio Fiskaleko zk.:	

Eskabidearen arduraduna:

Izena:

IKASTAROAREN DATUAK

Ikastaroaren izen ofiziala:	

Prestakuntza ematen duen entitatea:	

Zein herritan egingo den:	

Hasiera-data: .................................... Amaiera-data:

Ikastarora bertaratutako pertsonen kopurua:	

Ikastarora bertaratutakoen guztizko gastuen aurrekontua:	

Matrikulak:	

Joan-etorriak eta dietak:	

Materiala:	

Bestelako gastuak (zehaztu):	

Eskatutako kantitatea:	

Eskatutako edo lortutako bestelako diru-laguntzak:	

Entitatea

	

Behean izenpetzen duenak AITORTZEN DU entitate eskatzailea ez dagoela zigorturik ez penal ez administratiboki diru-laguntzak edo bestelako laguntza publikorik lortzeko aukera galduta, ezta horretarako ezgaitzen duen ezein lege-debekuren menpe ere.

....................................-(e)n ,
	
Sinadura: Entitatearen legezko erantzulea
OSASUN PLANGINTZA ETA ANTOLAMENDUKO ZUZENDARI ANDRE AGURGARRIA

Azterketa dokumentala