Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

222. zk., 2007ko azaroaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
6303

EBAZPENA, 2007ko irailaren 17koa, Energia eta Meategien zuzendariarena, martxoaren 14ko 63/2006 Dekretua aplikatzeko barne-instrukzioa onartzen duena. Instrukzio horren bidez, meatzeko makinistaren (makineria finko eta mugikorrekoa) praktikaldia eta kualifikazio indibidualeko txartelak eskuratzea arautzen dira.

63/2006 Dekretuak -martxoaren 14koa, industria-segurtasunaren alorrean kalifikazio indibidualeko txartelak eta enpresa baimenduak arautzen ditu- aldaketa handia ekarri dio espezialitate guztietako profesional baimenduei kalifikazio indibidualeko txartelak emateko eta enpresa baimenduen ziurtagirien erregimenari.

Dekretu hori garatzeko aginduak -2006ko apirilaren 10ekoa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena- martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuan adierazitako funtsezko alderdietako batzuk zehaztu ditu.

Horren ondorioz, beharrezkotzat jo da meatzeen eremuari loturiko hainbat alderdi arautu eta zehaztea, meatzeko makinistaren (makineria finko nahiz mugikorrekoa) kalifikazio indibidualeko txartelei dagokienez.

Meatzeetako Segurtasunerako Oinarrizko Arauen Erregelamendu Orokorra onartzen duen apirilaren 2ko 863/1985 Errege Dekretuaren 1. artikuluak ezartzen duenez, Erregelamendu horretako arauak gutxieneko arauak izango dira eta hartarako estatutu-eskumenak dituzten Autonomia Erkidegoek -hala nola Euskal Autonomia Erkidegoak, Euskal Herriaren Autonomia Estatutua onartzen duen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 11.2.c) artikuluan xedatutakoaren arabera- garatu ahal izango dituzte, oinarrizko arauak betearaziko direla ziurtatuz.

Meatzeetako makineria mugikorreko operadoreei eta gidariei buruzko araudia 863/1985 Errege Dekretuaren -apirilaren 2koa, Meatzeetako Segurtasunerako Oinarrizko Arauen Erregelamendu Orokorra onartzen du- 117. artikuluan bilduta dago gaur egun, baita "Aire zabaleko lanak. Zereginen garapenari" buruzko 07.0.03 Jarraibide Tekniko Osagarrian ere. Instrukzio hori Industria eta Energia Ministerioaren 1990eko apirilaren 16ko Agindu bidez onartu zen eta adierazitako Erregelamendu horren VII. Kapitulua arautzen du. Horri dagokionez, 5.1 atalean, beste eskakizun batzuen artean, honako hau ezartzen du: Meatzeetako Agintariaren behar den baimena jaso duten operadoreek eta gidariek soilik maneia dezakete meatzeetako makineria mugikorra. Era berean, ITC 04.5.04 eta ITC 04.6.02 jarraibide tekniko osagarrietan bildu da lurpeko ustiategietako ibilgailuen gidariei eta makinistei dagokien araudia.

Industria, Energia eta Meategien zuzendariaren 1997ko urtarrilaren 15eko Ebazpen bidez meatzeetako makineria mugikorra maneiatzeko operadoreen baimenak eskatzeko eta emateko izapideei buruzko Instrukzioa onartu zen. Dena den, egokitzat jo da Instrukzio hori lehen aipaturiko Aginduak -Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2006ko apirilaren 10eko Agindua- ezarritako betekizunetara egokitzea.

Aipatutako lege-aginduak eta aplikazio orokorreko gainerako xedapenak aztertuta, honako hau

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.– Meatzeko makinistaren (makineria finko eta mugikorrekoa) praktikaldia eta kualifikazio indibidualeko txartelak eskuratzea arautzen dituen Instrukzioa onartzea. Instrukzio hori Ebazpen honen eranskinean bildu da.

XEDAPEN IRAGANGORRAK

Lehenengoa.– Ebazpen hau indarrean hasten denean indarrean dauden makineria finko edo mugikorreko operadorearen txartel profesionalak baliozkoak izango dira eta eragina izango dute beren mugaegunera arte. Txartel horiek ordezteko, txartel profesionalaren originala aurkeztu beharko da dagokion Lurralde Bulegoan. Era berean, erantsitako Instrukzioan adierazitako bost urteko gaitasun-ziurtagiri medikoa aurkeztu beharko da.

Bigarrena.– Ebazpen hau indarrean jartzen denetik Lurralde Bulegoetan aurkezten diren eta bertan izapidetzen ari diren eskabideei aplikatuko zaie Instrukzio hau. Dena den, prestakuntzarako onartutako Erakundeak erregelamendu bidez baimendu arte, erantsitako Instrukzioaren 5. artikuluak azterketei buruz ezarritakoari dagokionez, orain arte erabilitako prozedura aplikatzeari eutsiko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ebazpen honetan arautu ez den guztiari dagokionez, honako hauetan ezarritakoa hartuko da kontuan: Kontsumo eta Industria Segurtasuneko eta Energia eta Meategien zuzendarien 2007ko martxoaren 9ko Ebazpena, martxoaren 14ko 63/2006 Dekretua -industria-segurtasunaren alorrean kalifikazio indibidualeko txartelak eta enpresa baimenduak arautzen ditu- aplikatzeko barne-instrukzio berriak ematen dituena; Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2006ko apirilaren 10eko Agindua, adierazitako Dekretua garatzen duena; eta aplikatu beharreko gainerako araudia.

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian oso-osorik argitaratu eta hogei egunera jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko irailaren 17a.

Energia eta Meategien zuzendaria,

TXABER LEZAMIZ CONDE.

I. ERANSKINA
MEATZEKO MAKINISTAREN PRAKTIKALDIA
ETA KUALIFIKAZIO INDIBIDUALEKO
TXARTELAK ESKURATZEA ARAUTZEN DITUEN INSTRUKZIOA

1.– Xedea.

Honako hau da Instrukzio honen xedea: meatzeko makinistaren (makineria finko eta mugikorrekoa) praktikaldia eta kualifikazio indibidualeko txartelak eskuratzea arautzen dituen baldintzak eta eskakizunak ezartzea.

2.– Aplikazio-eremua.

Instrukzio hau Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuko aire zabaleko edo lurpeko meatze-ustiategietan aplikatuko da indarrean hasten denez geroztik.

3.– Meatzeko makineria.

1) Instrukzio hau aplikatzen zaien makinak edo instalazioak, barnekoak nahiz kanpokoak, honako hauek dira:

– Pala kargatzaileak (gurpilak eta kateak).

– Aurretik kargatzen den dumperra (zurruna edo artikulatua).

– Hondeamakinak (gurpilak eta kateak).

– Traktoreak edo otxabuak.

– Zulamakinak (barrukoak, kanpokoak, jumboak).

– Laguntzako kamioiak (metaketak, berrezarpena, etab.).

– Makina laguntzaileak (ekortzaileak, minizamagailuak, jasomakinak).

– Bereizketa-instalazioak.

2) Energia eta Meategien zuzendariaren ebazpen bidez, aurreko paragrafoan adierazitako makinen edo instalazioen zerrenda luzatu ahal izango da.

4.– Meatzeko makinistaren txartel indibiduala lortu aurretiko baldintzak.

Meatzeko makineria 18 urtetik gorako operadoreek soilik maneiatu ahal izango dute, betiere behar den prestakuntza jaso badute, praktikaldi eta guzti, makinen prestazioak, ohiko mantentze-lanak eta mugak zeintzuk diren baldin badakite eta meatzeko agintaritza eskudunak hartarako baimena ematen badie. Langilea praktikaldian onartu baino lehen, enpresa ustiatzaileak, lantokiaren titularra den aldetik, edo, hala badagokio, enpresa kontratistak, honako baldintza hauek betetzen direla ziurtatuko du:

1) Mediku-azterketa.

Praktikaldia egiten ari den langileari mediku-azterketa espezifikoa egingo zaio, praktikaldi horretan egin behar dituen zereginei dagokienez. Hortaz, egin beharreko lanetarako arriskurik sor lezakeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duten langileak soilik onartuko dira meatzeko makineriarekin lan egiteko.

Eskakizun hori dagokion ziurtagiri edo txosten medikoaren bidez egiaztatu beharko da. Enpresak bere langileen osasuna zaintzeko hitzartuta duen Prebentzio Zerbitzuak emango du ziurtagiri edo txosten hori, eta, hala badagokio, praktikaldian diharduen langilea meatzeko makineriarekin lan egiteko gai dela esanbidez agerrarazi beharko du bertan.

2) Informazioa, jarraibideak eta bete beharreko arauak.

Langileak honako informazio hau jasoko du, idatzita eta modu ulergarrian: praktikaldian esleituko dizkioten zereginak, lantokiko arrisku orokorrak eta bere lanpostuko arrisku espezifikoak, arrisku horiei dagozkien babes- eta prebentzio-neurriak, praktikaldi horretan erabili beharreko ekipoak eta makinak segurtasunez erabiltzeko beharrezkoak diren jarraibide eta arau espezifikoak, ikuskatzaile batek etengabe zainduta soilik egin ahal izango dituen zereginak, eta praktikaldian inola ere egin ezin izango dituen zereginak.

Dokumentazio hori enpresa ustiatzailearen ordezkari batek -bertako zuzendari fakultatiboak, esaterako- izenpetu beharko du, eta behar bezala jasota geratuko da langileari dokumentazio hori eman zaiola. Era berean, 1389/1997 EDaren -irailaren 5ekoa, meatzeetako jardueretan diharduten langileen segurtasuna eta osasuna babesteko gutxieneko xedapenak onartzen ditu- 3.2 artikuluak aipatzen duen Segurtasunari eta Osasunari buruzko Dokumentuan bildu beharko da.

5.– Meatzeko makinistaren txartel indibiduala lortzeko azterketak egiteko prozedura.

1) Praktikaldian onartzea: enpresaburuak langilea praktikaldian onartuko du, dagokion onarpen-dokumentua formalizatuz. Langile bakoitzarentzat, berriz, langileari irakasteko eta hura gainbegiratzeko behar adinako jakintza eta eskarmentua dituen langile bat izendatuko da. Onarpena emateko eta praktikaldia hasteko agiria dagokion Lurralde Bulegoan aurkeztuko da.

2) Praktikaldiaren gehieneko iraupena: langileak gutxienez hilabetez jardungo du probaldian eta gehienez bi hilabetez.

3) Azterketa egiteko ziurtagiria: aurreko epeak iragandakoan, ustiategiko zuzendari fakultatiboak praktikaldiaren amaierako ziurtagiria egingo du, eta meatzeko makinistaren txartel profesionala lortzeko azterketa egiteko eskabidea egingo du dagokion erakundean. Azterketariak aukeratuko du zer erakundetan egin nahi duen azterketa, hartarako baimena duten eta prestakuntza emateko aintzat hartutako erakundeen artean. Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztuko da: bi argazki eta gidabaimenaren fotokopia, edo, bestela, nortasun-agiri nazionalarena; mediku-ziurtagiria, gidabaimena lortzeko edo berritzeko eskatzen dutenaren baliokidea; eta Instrukzio honen 4. artikuluan aipaturiko dokumentazioa.

4) Azterketa: meatzeko makinistaren txartel profesionala lortzeko azterketa prestakuntza emateko aintzat hartutako erakundeen artean azterketariak aukeratutako erakundearen bidez egingo da. Erakunde horrek Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren Energia eta Meategien Zuzendaritzaren hartarako baimena eduki beharko du, Kontsumo eta Industria Segurtasuneko zuzendariaren eta Energia eta Meategien zuzendariaren 2007ko martxoaren 9ko Ebazpenari jarraiki. Ebazpen horren bitartez, industria-segurtasunaren arloan kalifikazio indibidualeko txartelak eta enpresa baimenduak arautzen dituen martxoaren 14ko 63/2006 Dekretua eta Dekretu hori garatzen duen Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2006ko apirilaren 10eko Agindua aplikatzeko barne-instrukzio berriak ematen dira.

Azterketa horrek bi zati izango ditu.

a) Teorikoa, segurtasun orokorrari eta makineriaren segurtasunari buruzko barneko Xedapenei buruzkoa.

b) Praktikoa, tokian bertan egingo dena.

5) Txartel profesionala ematea: azterketariak azterketa gainditzen badu, prestakuntza emateko aintzat hartutako erakundeak txartela lortzeko gai dela ziurtatuko du, eta, ondoren, dagokion Lurralde Bulegoak txartel hori emango du, araudi erregulatzailean ezarritako irizpideei jarraiki.

6) Txartel profesionalaren baliozkotasuna: baimena emateak ez du esan nahi alde batera utziko denik gidabaimena eduki beharra, hala badagokio. Nolanahi ere, txartel profesionala azken gaitasun fisiko eta psikikoaren baitan emango da, eta, horretarako, mediku-ziurtagiria aurkeztu beharko da bost urtetik behin, Instrukzio honen 4. artikuluan ezarritakoari jarraiki. Ziurtagiri hori dagokion espedientean artxibatuko da.

6.– Lurralde Bulegoen gainbegiratzea.

Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren Lurralde Bulegoetako Meategi Teknikariek enpresari Ebazpen honetan adierazitako dokumentazioa eskatu ahal izango diote edozein unetan. Era berean, Ebazpen honetan xedatutakoa betetzen dela gainbegiratu ahal izango dute.

II. ERANSKINA
LANGILEA MEATZEKO MAKINERIAKO OPERADOREAREN
PRAKTIKALDIAN ONARTZEKO DOKUMENTUA

PRAKTIKALDIAN DAGOEN LANGILEA

Izen-abizenak	

Jaioteguna:	

NAN:	

Ohiko lanpostua:	

Mediku-azterketaren eguna:	

ENPRESA

Izena:

	

IFK:

	

Helbide soziala:

	

PRAKTIKALDIA EGITEN ARI DEN LANTOKIA

Titularra:

	

IFK:

	

Lantokiaren izena:

	

Udalerria:

	

Parajea:

	

PRAKTIKALDIAN BETE BEHARREKO LANPOSTUA

Lanpostuaren izena:	

Makina edo ibilgailu mota:	

Arrisku-ebaluazioaren data:	

Egilea:	

Langileari jarraibide idatziak emandako data:	

GAINBEGIRATZEAREN ARDURADUNA ETA EGIN BEHARREKO ZEREGINAK

Gainbegiratzeaz arduratuko den langilea:	

Gainbegiralea etengabe bertan egotea eskatzen duten zereginak:

Praktikaldian diharduen langileari egiten uzten ez zaizkion zereginak:

Zuzendari fakultatiboa	Gainbegiralea	Prebentzio-zerbitzua

(Sinadura eta data)	(Sinadura eta data)	(Sinadura eta data)

PRAKTIKALDIAN ONARTZEA

Dokumentu honen bitartez, langilea dagokion praktikaldian onartu da. Praktialdia adierazitako lantokian egingo da,

63/2006 Dekretua aplikatzeko barne-instrukzioa onartzearren Energia eta Meategien zuzendariak 2007ko irailaren 17an emandako Ebazpenean xedatutakoa betez. Instrukzio horren bidez, meatzeko makinistaren (makineria finko eta mugikorrekoa) praktikaldia eta kualifikazio indibidualeko txartelak eskuratzea arautzen dira.

Enpresa ustiatzailea	Enpresa kontratista	Praktikaldian ari den langilea

(Sinadura eta data)	(Sinadura eta data)	(Sinadura eta data)

AZTERKETA EGITEKO ZIURTAGIRIA

.......................................................... izeneko zuzendari fakultatiboak meatzeko makinistaren txartel profesionala lortzeko azterketa egitea ahalbidetzen duen ziurtagiri hau ematen du, betiere honako hau egiaztatuta egonik:

praktikak egiteko onartu zuten, eta praktikaldi horretan aritu da ............................(a)z geroztik.

Zuzendari Fakultatiboa	Praktikaldian ari den langilea

(Sinadura eta data)	(Sinadura eta data)

AZTERKETA

Energia eta Meategien zuzendariaren 	.(e)ko

ebazpen bidez prestakuntza emateko onarturiko erakundeak, praktiketan aritutako langileari (izen-abizenak: 	) 	ren txartela lortzeko gaitasuna balioesteko

azterketa (azterketaren data: ,

GAI n 	EZ-GAI n

Txartela emateko.

Prestakuntza eman duen Erakundearen ordezkaria:

(Sinadura, zigilua eta data)

Hortaz, ziurtagiri hau dagokion Lurralde Bulegora igorri behar da, dagokion txartel profesionala eman dezan.


Azterketa dokumentala