Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

221. zk., 2007ko azaroaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
6276

EBAZPENA, 2007ko irailaren 20koa, Ingurumen sailburuordearena, Bilboko Metropoli-trenbidean Etxebarri-Zubaranbarri tarteko Etxebarri-Alde Zaharra linea berria egiteko proiektuak ingurumenean duen eraginaren adierazpena egiteko dena.

Otsailaren 27ko Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, I. eranskineko B) atalean agertzen diren proiektuak ingurumenaren gaineko eragina banaka ebaluatzeko jardunbide baten menpe egongo dira eta jardunbide horri amaiera emateko Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Adierazpena egin beharko da, betiere proiektu horiek egiteko edo, hala badagokie, baimentzeko hartzen den administrazio erabakiaren aurretik.

Bilboko Metropoli-trenbidean Etxebarri-Zubaranbarri tarteko Etxebarri-Alde Zaharra linea berria egiteko proiektua onartzeko prozedura hasita, eta bai Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legean xedatutakoa, bai Ingurumenaren Gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretuan eta hori garatzeko Araudia onartu duen irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuan xedatutakoa aplikatuz, besteak beste, proiektu horrekin zerikusia duten eta jarraian jasotzen diren izapideak gauzatu dira:

• Aurre kontsultei buruzko izapidea. Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraio Zuzendaritzak eskatuta, Ingurumen Sailburuordetzak erreferentziako proiektuak ingurumenean duen eragina ebaluatzeari buruzko kontsulten izapideei ekin zien 2004ko irailaren 22an. Horretarako, proiektuaren memoria-laburpena aurkeztu zuen. Izapidetze hori jasota dago, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua gauzatzeko araudia onartzen duen irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan eta ondorengoetan. Behin Ingurumen Sailburuordetzak 2004ko ekainaren 15ean aurretiazko txostena bidali eta gero izapidetzea bukatu zen.

• Jendaurreko informazioaren izapidea. Bilboko Metropoli-trenbidean Etxebarri-Zubaranbarri tarteko Etxebarri-Alde Zaharra linea berria egiteko proiektua eta proiektuak ingurumenean duen eraginaren gaineko azterlana jendaurrean jarri ziren (2005eko martxoaren 14ko 50. zenbakiko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian).

• Espedientea bidaltzea. Garraio Azpiegituretarako Zuzendaritzak 2007ko uztailaren 5ean bidali zuen espedientea Ingurumen Sailburuordetzara, aipatutako irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuaren 16. artikuluan aurreikusitakoa betez. Espediente horretan sartu ziren jendaurreko informazioaren garaian aurkeztutako alegazioak eta alegazio horiek ebazteko egindako txosten teknikoak.

Espedientearekin batera bidalitako idatzian Garraio Azpiegituretarako Zuzendaritzak adierazi zuenez, alegazioak ebazteko egindako txosten teknikoen ondorioz, organo hark Zurbaranbarri - Alde Zaharra tarteari zegokion proiektua aldatu eta berriro jendaurrean jartzeko erabaki zuela. Beraz, proiektuak ingurumenean duen eraginaren gaineko ebaluazioa Etxebarri-Zurbaranbarri tarteari bakarrik dagokio.

Erreferentziako proiektuaren espedientean dauden txostenak eta dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterketa zuzena dela, eta indarrean dagoen araudian aurreikusten diren alderdiei egokitzen zaiela aintzat hartuta, Ingurumen Sailburuordetzak, Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Adierazpena emateko eskumena duen organoa izanik eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuaren arabera, ondokoa

EBATZI DUT:

1.– Bilboko Metropoli-trenbidean Etxebarri-Zubaranbarri tarteko Etxebarri-Alde Zaharra linea berria egiteko proiektuak Ingurumenean duen Eraginari Buruzko aldeko Adierazpena egitea.

2.– Honako baldintza hauek ezartzea proiektua burutzeko; baldintzok lotesleak dira Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraiki.

2.A.– Proiektuak ingurumenaren gainean duen eraginaren ebaluazioa egiteko Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztutako agirietan jasotakoaren arabera eta berariaz ebazpen honetan finkatutako zehaztapenen arabera gauzatu beharko da proiektua Etxebarri-Zurbaranbarri tartean.

2.a.1.– Ingurumenaren gaineko eraginari buruzko prozedura honetan kontuan izan dira proiektuaren trazaduraren jendaurreko informazio garaian prozeduraren ondoriozko aldaketak, "Bilboko Metropoli-trenbidean Etxebarri-Zubaranbarri tarteko Etxebarri-Alde Zaharra linea berria (3. linea) egiteko proiektuaren jendaurreko informazioan aurkeztu diren alegazioak ebazteko txosten teknikoa" izeneko agirian jasota geratu direnak. Txosten hori 2007ko uztailaren 5ean bidali zuten Ingurumen Sailburuordetza honetara.

2.a.2.– Ebazpen honen helburua den trenbide-tartea eraikitzeko lanetarako azkenean Usansolon beste azpiestazio bat eraiki eta hori hornitzeko argindarra hartu beharko balitz, jarduera horiek guztiak gauzatzeko gutxienez honako agiri teknikoak beharko dira: ingurumenaren gaineko eraginaren Adierazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak, baimena lortzeko beharrezko berariazko prozeduren emaitzak alde batera utzita; eta behar izanez gero, aplika dakiokeen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa.

2.B.– Proiektua zabaldu edo aldatzen bada, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorraren 50. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

Proiektuan egingo diren aldaketa jakinak aurreko idatz-zatian adierazitako garrantzirik ez dutenean, edota lanak burutzeko falta diren gainerako prozeduretan sortzen direnean, ingurumenaren ikuspegitik ere arrazoitu beharko dira, eta aldaketok proiektuko neurri babesle eta zuzentzaileetan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintza-pleguetan sartuko dira.

2.C.– Babes neurriak eta neurri zuzentzaileak.

Neurri babesle eta zuzentzaileak egitasmoaren sustatzaileak ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko aurkeztu zituen agirietan jasotakoaren arabera gauzatuko dira. Era horretan, neurri hauek hartzeak, batetik, eta kontrolerako esleitutako pertsonalak, bestetik, azterketan ezarritako eta ingurumenaren gaineko eraginaren aitorpen honetan ezarritako kalitate-helburuak bermatu ahal izango dituzte. Ondorengo idatz-zatietan adierazitako neurriak gehitu beharko dituzte.

Neurri hauek guztiak, obra kontratatzeko baldintzetan sartu beharko dira eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua izan beharko dute.

2.c.1.– Ondare naturala babesteko neurriak.

Urriaren 14ko 11/1997 Foru Arauan, bertako baso-espezie jakin batzuen berariazko Araubideari buruzkoan, jasota dauden zehaztapenak aplikatzea kaltetu gabe, beste neurri hauek ere hartuko dira:

2.c.1.1.– Lurzorua atzematea eragiten duten obrak, eta bai obron eragiketa osagarri guztiak ere, proiektuaren mugen barruan landuko dira. Arestion aipatu diren mugetatik at ahalik eta gehien murriztuko da makineriaren eta obrako ibilgailuen zirkulazioa.

Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatuko balitz, zuzentzeko eta leheneratzeko neurri egokiak aplikatuko lirateke, ebazpen honetako 2.c.9 idatz-zatian ezarritako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

2.c.1.2.– San Antonio aldean igogailu inklinatu bat jartzeko ez da landarerik moztuko zuzenean erabiliko ez diren aldeetan. Ondorio horietarako, zehatz-mehatz mugatu eta balizatuko dira lanak gauzatzeko derrigorrez behar ez diren zuhaitzak eta zuhaitz-unadak. Lanetan enbarazurik egiten ez duten zuhaitzak eta zaindu beharrekoak behar bezala babestuko dira kolpeak saihestu eta sustrai-sistemak ez erasateko.

2.c.1.3.– Obra-sarbideak, makineria-parkea, materialak biltzeko eta lur begetala aldi baterako metatzeko guneak, indusketako lurren eta hondakinen aldi baterako metaketak, ingurumenaren gainean ahalik eta eragin txikiena sortzeko irizpideari jarraituz proiektatuko dira. Obrak hasi aurretik, alderdi horiek zehazki mugatuko dira xehetasunezko kartografian. Mugaketa hori Obraren Zuzendaritzak onetsi beharko du, Ebazpen honen 2.c.9 idatz-zatian aipatu den ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

2.c.1.4.– Kontratistaren instalazio-eremuak kontratistak berak egokitu beharko ditu, bertan burutu nahi dituzten jarduerek ingurumenaren gainean izango duten eragina murriztu ahal izateko.

2.c.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Uren arloko organo eskudunak, egoera honetan aplika daitezkeen prozeduren esparruan ezarriko dituen baldintzaz gain, honako neurri babesleak eta zuzentzaileak ere hartu beharko dira:

2.c.2.1.– Eraikuntza-fasean, minimizatu egingo dira drainatze-sarera isurtzen diren material finak. Horretarako, urak eramateko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak erabiliko dira, eta horien bidez obrek eragindako ur kutsatuak jasoko dira.

Lanak Nerbioi-Ibaizabal ibaiaren inguruan gauzatzen direnean, neurri zorrotzak hartuko dira ibaiko ekosistema osoan denboran eta espazioan ahalik eta gutxien eragiteko.

2.c.2.2.– Proiektuan aurreikusitakoaren arabera, dekantazio-putzuak jarriko dira aurreikusitako tunela egiteko indusketa-lanetako efluenteak tratatzeko. Putzu horietan jasoko da zulatzerakoan ateratzen den ura, inora isuri aurretik.

Gailu horiek dimentsionatuko dira, solidoak behar bezala eusten direla bermatzeko beharrezko diren kalkulu hidraulikoen arabera, badagokio, isurketa kokatuta dagoela bermatzeko, eta indarrean dagoen araudiarekin bat datorrela, uraren parametro fisiko-kimikoei dagokienez.

Dekantazio-sistemen kokaleku eta neurri zehatzak Ebazpen honen 2.c.10 idatz-zatian aipatzen den lanetarako planean jasoko da.

2.c.2.3.– Obretako makineria-parke bezala erabiltzeko azalera eta makineria horren mantentze-lanetarako zona, drainatze naturaleko saretik bereiziko dira. Zola iragazkaitza eta efluenteak biltzeko sistema izango ditu, olio eta erregaiek lurzorua eta urak kutsa ez ditzaten. Erregaien karga eta deskarga, olio-aldaketa eta aipatutakoa ez den zonatan egiteko lantegi-lanak debekatuko dituzte.

2.c.2.4.– Lanen eta ustiapen-garaian sortzen diren efluenteak isurtzeko, isuriak isurketarako baimenean organo eskudunak ezarritako baldintzak bete beharko ditu.

2.c.2.5.– Lanak uholde-arriskua duten guneetan gauzatzeko, Eusko Jaurlaritzako Uren Zuzendaritzak egindako "Lurzorua uholde-arrisku mailaren arabera erabiltzeko irizpideak" agirian ezartzen diren gomendioak izango dira kontuan. Irizpide horiek 2005eko otsailaren 18an jaso ziren Ingurumen Sailburuordetzan, eta 2006ko martxoaren 16an jarri ziren Garraio Azpiegituretarako Zuzendaritzaren esku.

2.c.3.– Airearen kutsadura saihesteko neurriak.

2.c.3.1.– Obrak dirauen bitartean, ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai obrek ukitutako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Aldi baterako hutsik dauden pistak eta azalerak ureztatzeko sistema eduki beharko da.

2.c.3.2.– Obrako zonen irteeran, dekantazio-putzuetara konektatuta, ibilgailuak garbitzeko gailuak ezarriko dituzte.

Elementu horien ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak Ebazpen honen 2.c.10 puntuan aipatzen den agirietan jasota egongo dira.

2.c.3.3.– Indusketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreiatu ez daitezen.

2.c.4.– Zaratak eta bibrazioek eragindako efektuak gutxitzeko neurriak.

2.c.4.1.– Lanen garaian, ahal den neurrian gutxituko da etxebizitzetan sortutako eragina. Horretarako lanetan erabiltzen diren makinak eta ibilgailuak mantentzeko lan guztiak egingo dira, gai honetan dagoen Araudia betetzen dela kontrolatuz.

2.c.4.2.– Leherpenak eginez gero, horiek UNE 22-381-93 araua bete beharko dute, hau da, lanek ingurumenean duten eraginaren azterlanaren eremuko eraikin eta instalazioetan ez dira arauan aurreikusitako mugak gaindituko.

Aireko uhinaren presioak ez ditu 128 dB (L) gaindituko; hori izango da zarata gehien jasango duten etxebizitzen fatxadako goreneko balioa.

Sustatzaileak harrobitik hurbil bizi direnak banan-banan informatzeko sistema bat antolatu behar du. Horrela, auzokoek zehatz jakingo dute zer-nolako neurriak hartu behar dituzten leherpenek eragiten dituzten dardaren ondorioak gutxitu eta kontrolatzeko.

2.c.4.3.– Trenbide-linea berria eraiki eta ustiatzeko Bilboko Udalak 2000ko martxoaren 30ean emandako ingurumena babesteko Ordenantzan (2000ko ekainaren 10eko BAO, 111. zk.) ezarritako zarataren eta dardararen muga balioetara egokituko da.

Muga horiek gainditzen badira, neurri zuzentzaile osagarriak hartu beharko dira aipatutako helburuetara iristeko.

2.c.5.– Hondakinak kudeatzeko xedatuko diren neurriak.

2.c.5.1.– Obrek iraun bitartean sortutako hondakinak Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legean eta arautegi zehatzetan aurreikusitakoarekin bat etorriz kudeatuko dira, honelako hondakinak barne direla: indusketa hondakinak, obra-arloak prestatzeko eragiketetatik sortzen direnak, enbalajeak, baztertzen diren lehengaiak eta garbiketa lanetako soberakinak.

Hondakinak teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak badira, baimendutako hondakinen balioztatzaile batengana eraman behar dira.

Hondakinak deuseztatzera bidali ahal izango dira baldin eta aldez aurretik horien balioztatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik bideraezina dela frogatzen bada soilik.

2.c.5.2.– Hondakindegira eraman behar diren hondakinak, hondakinak hondakindegian utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuan eta hondakin geldoen eta geldotuen kudeaketari buruzko azaroaren 2ko 423/1994 Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira. Hondakin horiek Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/CE Erabakiarekin bat etorriz karakterizatu beharko dira. Erabaki horren bidez hondakinak zabortegietan hartzeko irizpide eta prozedurak ezartzen dira, 1999/31/CEE Zuzentarauaren 16. artikuluarekin eta II. eranskinarekin bat.

Lur-beteketa eta egokitzetara bideratu behar diren hondakinei dagokienez, horiek hondakin geldoen eta geldotuen kudeaketari buruzko azaroaren 2ko 423/1994 Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

Lur-betetze eta lurzoru egokitzeetan, kutsatzaile edukiari dagokionez, A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik dauden materialak baimenduko dira bakarrik. Adierazle horiek lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen I. eranskinak jasotzen ditu.

2.c.5.3.– Proiektuaren sustatzaileak aurreikusitako indusketako soberakinak Bilboko Portua betetzeko lanetan erabiltzea proposatu du.

Edozein inguruabar dela medio, lur-soberakin guztia edo horien zati bat ezin bada sustatzaileak proposatutako gunean pilatu eta indusketako soberakinak pilatzeko biltegiak egin beharko balira, azaroaren 2ko 423/1994 Dekretuan ezarritakoa betez, soberakinen biltegiak instalatzeko proiektua idatziko da. Horren edukia bat etorriko da Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumen sailburuak 1995eko otsailaren 15ean eman zuen Aginduan ezarritakoarekin (agindu horren bidez, hondakin geldoak eta geldotuak, betelaneko materialak eta lurra egokitzeko materialak biltzeko instalazioei buruzko proiektuen eta deskripzio-memorien edukia ezartzen da). Horrez gain, kontuan hartutako kokalekuetako bakoitzak ingurumenean duen eraginaren analisia, hartutako irtenbidearen justifikazioa, aurreikusitako leheneratze- eta kontrol-neurriak, eta dagokien aurrekontu xehatua ere aurkeztu beharko dira. Proiektu horiek guztiak Ingurumen Sailburuordetzak baimendu behar ditu.

Edonola ere, lanak amaitzen direnean, sustatzaileak lur mugimenduen gaineko balantze xehatua eta indusketako soberakinak, material horien karakterizazioaren arabera, proiektuaren eremutik kanpo kudeatu izanaren egiaztagiria bidali beharko ditu Ingurumen Sailburuordetzara. Balantzean adieraziko da proiektuarekin zerikusi zuzenik ez duten eraikuntzako beste jarduera batzuetara bideratu den material kantitatea guztira. Balantze hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da lanak amaitu eta 2 hilabete baino lehen.

2.c.5.4.– Erabilitako olioei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoan erabilitako olioen kudeaketari buruzko irailaren 29ko 259/1998 Dekretua, eta erabilitako industria-olioen kudeaketari buruzko ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua aplikatuko dira.

Baimendutako kudeatzaile bati eman arte, erabilitako olioa andel estankoetan bilduko da estalitako biltegi batean; andelok etiketatuta egon eta azpila edo atxikipen-sistemaren bat eduki beharko dute. Zola iragazgaitz gainean egon beharko dute, edozein ihes edo isuriri aurre egiteko prestatuta, elementu nagusia hautsiko balitz ere.

2.c.5.5.– Indusketa eta lur-mugimendu garaian lurzoruaren kutsaduraren aztarnaren bat atzemanez gero, otsailaren 4ko 1/2005 Legeak, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzekoak, bere 10.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera jokatuko da.

2.c.5.6.– Araudi hau betetzea errazte aldera, zeregin desberdinetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatuko dira. Sistema horiek zeregin bakoitzaren arduradunek kudeatuko dituzte eta beraiek arduratuko dira langileei behar bezala betearazteaz. Bereziki, inolaz ere ez da eragingo kontrolatu gabeko efluenterik erregai eta produktuak biltegiratzean eta makineria mantentzeko lanak egitean, ezta hondakinik erreko ere.

Aurrekoa kontuan izanik, ebazpen honetako 2.c.1.4. atalean aipatzen diren espazioetan alde berezi bat egokituko da, instalazio estaliekin. Horietan, hondakin arriskutsuak bilduko dira aldi baterako: olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak, e.a. Gainera, horietatik bereiztuta egon behar diren edukiontziak jarriko dira hondakin inerteentzat. Halaber, sortutako hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira obran (bidoiak, e.a.). Hondakinok euren izaeraren arabera bereiztuko dira, betiere aipatutako puntu garbian aldi batez biltegiratu ondoren.

2.c.5.7.– Lanetan sortutako hondakinen jarraipenari buruzko txostena egingo da, eta hondakin horien kontrolerako, jarraipenerako eta egokitzapenerako agiriak erantsiko dituzte gainera, indarrean dagoen legeriari jarraituz.

2.c.6.– Kultura ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultur Ondareari buruzko uztaileko 3ko 7/1990 Legeak ezarri dituen betebeharrez gain, obran zehar aztarna arkeologikoren bat dakarren aurkikuntzarik eginez gero, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari horren berri emango zaio berehala, eta hark adieraziko du zein neurri hartu behar den.

2.c.7.– Obrak lehengoratu eta integratzeko neurri zuzentzaileak.

Proiektuak Ingurumenaren gainean duen Eraginaren Ebaluazioa egiteko sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitako neurriez gain, honako beste neurri zuzentzaile hauek hartuko dira.

2.c.7.1.– Lanekin kaltetutako alde guztiak leheneratuko dira; baita ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean agertzen ez zirenak baina azkenean, proiektuaren ondorioz kaltetu direnak ere. Alde horiek leheneratzeak esan nahi du urbanizatu gabeko aldeetan sortutako kalteak konpontzeko, landarez estali daitezkeen eremu guztiak landare-berritu beharko direla, eta herri barruko aldeetan berriz, lorategietako elementuak berriro jarriko direla.

2.c.7.2.– Lur mugimenduen garaian, lur begetala modu desberdinean kendu, pilatu eta zabalduko da, ondoren eragindako espazioak leheneratzeko eta landare-berritzeko lanak errazteko. Lanak amaitu ostean erabiltzeko kenduko den lur begetala modu egokian biltegiratuko da, lurra trinkotu ez dadin, gaizki pilatu ez dadin eta euria egiten duen egunetan gaizki ez manipulatzeko.

2.c.7.3.– Ingurua leheneratu ondorengo bi urtetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsuneak landare-berritu. Herbizidak eta pestizidak ahal den gutxien erabiliko dira erein eta landatzeko garaian; prozedura mekanikoak lehenetsiko dira. Ezinbestekoa bada, iraupen eta toxikotasun gutxien duten produktuak erabiliko dira.

2.c.7.4.– Jarduera horiek guztiak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko den landare-berritzeko proiektuan jasota egongo dira, Sailburuordetza horrek onespena eman diezaion.

2.c.8.– Garbiketa eta obra bukatzea.

Obrak amaitzen direnean, garbiketa-kanpaina zorrotza egingo da, eta proiektuak eragindako eremua guztiz garbi geratuko da obra-hondakinetatik. Eraistetik sortu daitezkeen materialak, enkofratze materialak eta, oro har, garbiketa-kanpainatik sortutako hondakinak, eremutik atera eta baimendutako zabortegira eramango dira.

2.c.9.– Ingurumenari buruzko aholkularitza.

Obrak amaitu arte eta horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan, kultura-ondarearen zaingoan eta neurri babesle eta zuzentzaileetan, ondo jantzitako aholkularitza eduki beharko du Obraren Zuzendaritzak, ingurumenaren eraginari buruzko azterlaneko erabakien arabera. Betekizunen pleguan Obraren Zuzendaritzari izendatutako egitekoak direla eta, aipatutako gaiei buruz Obraren Zuzendaritzak erabakiak hartu aurretik aholkularitza horretako espezialistek egindako txostena hartu beharko dute gogoan.

2.c.10.– Lan-programaren diseinua.

Lanak hasi aurretik kontratatzaileak jarraian datozen idatz-zatietan azaltzen diren gaiei buruzko jarduera-proposamen zehaztua egin beharko du. Proposamen horiek lanen gauzatze-programarekin batera jasoko dira eta lanen zuzendariak berariaz onartu beharko ditu, Ebazpen honetako 2.c.9. idatz-zatian aipatutako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren. Honakoak dira agiriok:

• Lanek gehien eragingo duten aldea kartografía xehatu bidez seinaleztatzea.

• Obrarako sarbideak; makineria-parkea; obrako materialak, lur begetala, eta hondakinak aldi baterako biltzeko instalazio-eremuen kokapenari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak, 2.c.1.3. paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz.

• Ebazpen honen 2.c.2.1 idatz-zatian urak bideratzeko eta sedimentuei eusteko aurreikusitako sare eta sistemen xehetasunak.

• Ebazpen honen 2.c.2.2 idatz-zatian aurreikusitako tunela industetik ateratako efluenteak tratatzeko gailuaren ezaugarriak.

• 2.c.3.2 atalean aurreikusitako kamioien gurpilak garbitzeko gailuen ezaugarriak eta kokapena.

2.D.– Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena Zaintzeko Programa sustatzaileak proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginari buruzko ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denaren arabera egingo da (lekuak, parametroak eta neurketen maiztasuna). Gainera, ondoren zehazten diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.

Programa hau, obra kontratatzeko baldintza-orrietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.

2.d.1.– Proiektua gauzatzen ari den garaiko zaintza.

2.d.1.1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, baita neurri zuzentzaileak eta babesleak noraino bete diren jasotzeko ere. Erregistro hori Ingurugiro Sailburuordetzak ikuskatzeko moduan egin beharko da eta, obrak amaitzen direnean, nolanahi ere, Sailburuordetzara bidali beharko da. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Aldaketa guztiak, ingurumenean eragin dezaketen kaltearen ikuspegitik justifikatu behar dira.

2.d.1.2.– Obraren okupazio mugen kontrola.

Egindako okupazioa proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela egiaztatu behar da. Obrek ezin dute aurreikusitakoa baino azalera zabalagoa ukitu.

2.d.1.3.– Uren kalitatearen kontrola.

Oro har, lanean irekitako zuloetatik ingurumen urtarrera isuriak gerta daitezkeenean, 2.c.9 idatz-zatian aurreikusten diren ingurumeneko aholkulariek urak isuri aurretik ur horiek bideratu, drainatu eta eusteko gailuak ondo dabiltzala egiaztatuko dute astean behin; euri-aldietan ibaira finik isuri ote den ere aztertuko dute.

Ebazpen honen 2.c.2.2 idatz-zatian aipatutako dekantazio-gailuetako urak isuri aurretik analizatu egingo dira. Hilero analisiak egingo dira parametro hauek neurtzeko: emaria, eroankortasuna, pH-a, solido esekiak, eta olioak eta koipeak.

2.d.1.4.– Zarata eta dardara kontrolatzea.

Indusketako lanetan leherpenak egin behar badira, dardara eta aireko uhina neurtuko dira leherpenak egingo diren tokitik gertueneko jardueretan, azpiegituretan eta jendea bizi den eraikinetan, UNE 22-381- 93 arauak hala eskatzen duen kasuetan.

2.d.2.– Funtzionamendu garaian zaintzea.

2.d.2.1.– Leheneratzearen arrakasta kontrolatzea.

Landare-berritzeko lanen ondoren, landare-berritu diren guneak kontrolatu eta horiek jarraipena egingo da sei hilabetero, bi urtean gutxienez. Jarraipen horren bidez kontrolatu eta zehaztu ahal izango da higaduraren eboluzioa, paisaiaren leheneratzea eta landare-berritutako eremuak behar bezala mantentzen direla.

2.d.2.2.– Zarata kontrolatzea.

Linea jardunean hasten den unetik zarata neurtuko da, lehenengo bi urtean, urtean bi aldiz gutxienez; neurketak trafiko handia dabilenean, egunez eta gauez, eta gertuen dauden etxebizitzen fatxadatan egingo dira. Neurketa horiekin ingurumenaren gaieneko eraginaren azterlanean ezarritako kalitate helburuak betetzen diren zehaztu nahi da.

Zarata eta dardara kontrolatu eta horien jarraipena egiteko ingurumena zaintzeko programa ingurumena zaintzeko Bilboko Udalaren 2000ko martxoaren 30eko Ordenantzara egokituko da (2000ko ekainaren 10eko BAO, 111. zk.) muga balio eta erreferentziako balioei, nahiz neurketarako teknika eta metodoei buruzkoa.

Aurreikusitako mugak gainditzen direla ikusiz gero, zarata egin eta zabaltzeko sistema egokiak jarri beharko dira, egin eta zabaltzen den zarata kontrolatzeko, eta horrela zarata horren erasana gutxitzeko.

2.d.3.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu eta Ingurumen Sailburuordetza honetara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira ingurumenean aditua den erakundeak egindako txostenarekin batera. Aipatutako txostenean emaitzen analisia jasoko da, epe horretan emandako gertakari nagusiak, gertakarien arrazoiak eta konponbideak bereziki aipatuta.

Sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez eta Herri Administrazioen ikuskaritza zerbitzuen eskueran egongo dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

2.d.4.– Ingurumena Ikuskatzeko Programari buruzko agiri bategina.

Sustatzaileak Ingurumena Zaintzeko Programaren testu bategina landu beharko du, Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean, eta Ebazpen honetan lanen garairako nahiz jardunerako proposatu diren betebehar guztiak bilduko dituena.

Programa horretan kontrolatuko diren parametroak eta parámetro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira; horrez gain, laginketarako eta analisirako metodologia, kontrolerako puntuen kokapenari buruzko kartografía xehatua, horien maiztasuna eta hori guztia gauzatzeko aurrekontuaren gaineko xehetasunak ere jasoko dira.

2.E.– Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak, edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitera bagaramatza, neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, baita neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Era berean, neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa jarduketaren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz, aldaraz daitezke, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

2.F.– Ebazpen honen aurreko paragrafoetan esandakoaren kalterik gabe, proiekturen sustatzaileak jarraian aipatutako agiriak helaraziko dizkio ingurumen-organoari honek onar ditzan:

2.f.1.– Eraikuntzako proiektua onartu aurretik, Ebazpen honetako 2.d.4 idatz-zatian aurreikusten den Ingurumena Ikuskatzeko Programaren testu bategina.

2.f.2.– Eraikuntzako proiektua onartu aurretik, Ebazpen honetako 2.c.7.4 idatz-zatian aurreikusten den landare-berritzeko proiektua.

Aurreko agirietako bakoitza bidaltzen denetik hogei egun baliodun igaro ondoren esanbidezko inolako adierazpenik jaso ezean, kasu bakoitzean aplikatu beharreko prozedurarekin aurrera jarraitu ahal izango duzu.

2.G.– Era berean, proiektuaren sustatzaileak ondoren adierazten diren agiriak bidali beharko dizkio ingurumen Organo honi, lanak amaitu eta gehienez ere bi hilabeteko epean; agiriak espedientean sartuko dira.

2.g.1.– Obrak garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, neurri babesleak eta zuzentzaileak zein neurritaraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen 2.d.1.1 idatz-zatian aurreikusitakoaren arabera.

2.g.2.– Lur-mugimenduen balantze xehatua eta indusketako soberakinak proiektuaren eremutik kanpo kudeatu direlako egiaztagiria, Ebazpen honen 2.c.5.3 idatz-zatian ezarritako edukiarekin.

2.g.3.– Hondakinen jarraipenaren txostena, 2.c.5.7 idatz-zatian adierazitakoaren arabera.

2.g.4.– Urtero, lanak hasten direnetik, ebazpen honen 2.d.3 idatz-zatian aurreikusitako ingurumena zaintzeko programari buruzko dokumentua.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorraren 47.8 artikuluaren arabera, bi urteko epea ezartzea proiektua exekutatzen hasteko, Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik. Epe hori proiektuari hasiera eman gabe bukatzen bada, sustatzaileari egotzi dakizkiokeen arrazoiengatik, Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Adierazpen hau baliogabetu egingo da. Hala ere, organo aginpidedunak hasiera emateko epea luzatu ahal izango du, behar bezala justifikatutako arrazoirik balego.

4.– Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren 4.6 artikuluan ezarritakoaren arabera, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen organoari proiektuari dagozkion lanak zein egunetan hasiko diren.

5.– Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko irailaren 20a.

Ingurumen sailburuordea,

IBON GALARRAGA GALLASTEGUI.


Azterketa dokumentala