Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

191. zk., 2007ko urriaren 3a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
5401

AGINDUA, 2007ko irailaren 18koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, Unibertsitate aurreko irakasmailetako euskarazko ikasmaterial inprimatuen laguntza-bideetara dei egiten duena (EIMA I).

Hezkuntza eta Kultura Sailaren uztailaren 11ko 138/1983 Dekretuak dioena garatuz, abuztuaren 1eko Aginduak (EHAA, abuztuaren 19koa, 122. zk.) honela dio bere 6. artikuluan: "Hezkuntza eta Kultura Sailak behar diren neurriak hartuko ditu ikasmateriala dela medio euskarazko ikasketek ikasleari gastu gehigarririk ekar ez diezaioten. Beharrezko baliabideak ezarriko ditu, ondorioz, irakasmaila eta jakintzagai desberdinetan geroz eta neurri beteagoan euskarazko ikasliburu eta gainerako ikasmaterialak sortarazteko, eta berorien prezioa erdal ikasmaterialek dutenaren antzekoa izan dadin segurtatuko du. Guzti horretarako, besteren artean, deialdi baten bidez euskarazko ikasliburugintzarako diru-laguntzak banatuko ditu urtero".

Era berean, 295/1998 Dekretuak, azaroaren 3koak (EHAA, azaroaren 27koa, 227. zk.), honako hau dio, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan erabiltzekoak diren ikasmaterialen gainean: Euskal Administrazioak ezarritako curriculum-markoarekin bat datozela bermatu, hizkuntza taxuz erabiltzeko arauak ongi betetzen direla ziurtatu eta kalitate teknikoaren aldetik ere egokiak izan daitezen zainduko dela.

Hori guztia gogoan izanik, honako hau

EBATZI DUT:
I. KAPITULUA
XEDEA

1. artikulua.– Agindu honen xedea honako hau da: Unibertsitate aurreko irakasmailetako euskarazko ikasmaterial inprimatuei zuzenduriko diru-laguntzak arautu, horretarako dei egin eta finkatutako baldintzak betetzen dituztenei diruz laguntzea.

II. KAPITULUA
DIRU LAGUNTZAREN NONDIK NORAKOA

2. artikulua.– Agindu honek arautzen duen diru-laguntza euskarazko ikasmaterial inprimatuen prestakuntzan egindako gastu mekanikoei, finkoei zein aldakorrei, bakarrik dago zuzendurik. Hortaz, ez ditu gai-eraketari, testu-idazkuntzari, marrazki-argazkiei, egile-eskubideei eta itzulpen- edota egokitze-lanari dagozkien gastuak kontuan hartzen.

3. artikulua.– Ikasmaterial defizitarioei bakarrik eman ahal izango zaie diru-laguntza. Hots, beren prestakuntza-kostu mekanikoak 2007-2008 ikasturteko salmenta bidezko diru-sarrerekin, baita prestakuntza-fase mekaniko partez edo osoz berdinagatik han-hemendik izandako diru-sarrerekin ere, berdindu edo gainditu ezin dituzten ikasmaterialei.

4. artikulua.– 1.– Deialdira bildu eta baldintza guztiak betetzen dituzten ikasmaterialetako bakoitzari eman beharreko diru-laguntza ezingo da izan ikasmaterial horietako bakoitzarentzat 3. artikuluaren arabera finkaturiko defizita baino handiagoa.

2.– Nolanahi ere, adierazitako baldintzen araberako defizitak ez dira diruz lagunduko begiz jotako diru-laguntzak hirurehun (300) eurotik beherakoak direnean.

III. KAPITULUA
DIRU BALIABIDEAK

5. artikulua.– 1.– Xede horri aurre egiteko, milioi bat eta berrogeita hamar mila (1.050.000) euro erabiliko da. Diru hori Euskal Autonomia Erkidegoko 2007. urteko Aurrekontu Nagusietan jarritako aurrekontu sailetik hartuko da.

2.– Aurreko idatz-zatian jarritako diru zenbateko osoa aldatu egin daiteke, eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste diru-laguntza programa batzuetan agortu gabe geratu diren aurrekontuen arabera, betiere deialdi honetako diru-laguntzen ebazpena eman aurretik. Aldaketa horren berri, Hezkuntza sailburuordearen Ebazpenaren bidez emango da.

IV. KAPITULUA
KUDEAKETA-ORGANOA

6. artikulua.– Honako deialdi honen kudeaketa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio.

V. KAPITULUA
BIL DAITEZKEEN

IKASMATERIALAK

7. artikulua.– 1.– Indarrean dauden Unibertsitate aurreko irakasmailetan, bai araubide orokorrekoetan zein araubide berezikoetan, erabiltzekoak diren ikasmaterial inprimatuak hartzen ditu laguntza-deialdi honek kontuan.

2.– Ikasketa-plan edo curriculumarekin lotura zuzena edo zeharkakoa duten ikasmaterial inprimatuen sailean, oinarriz, ondoko hauek hartuko ditu laguntza-deialdi honek kontuan:

a) Oinarrizko ikasmaterialak: irakaslearen gidaliburuak, ikaslearen testu-liburuak, lan-koadernoak eta oinarrizko irakurgaiak.

b) Ikasmaterial osagarriak: kontsulta-liburuak, neurketa-materialak, irakasleen prestakuntzarako materialak, irakasmundurako informazio-gaiak, eskola-aldizkariak, mapak, horma-irudiak, saiakuntza-gaiak eta EIMA II eta III programen bidez lagundutako multimedia-lanen idatzizko osagarriak, gidak edo zuzen erabiltzeko eskuliburuak izan ezik.

8. artikulua.– Euskarazko ikasmaterialak soilik bil daitezke laguntza-deialdi honetara. Hala ere, zenbait jakintzagai eta ikasmaterial-mota (euskara irakasteko metodoak edo gramatikak, hiztegi elebidun edo eleanitzak, e.a.) partez euskaraz eta partez erdaraz egonik, horiek ere laguntza-deialdira bildu ahal izango dira.

9. artikulua.– Laguntza-deialdira bil daitekeen ikasmateriala, bere originaltasun-mailari dagokionez, honelakoa izan daiteke:

a) Testuari dagokionez: sorkuntza-lana (euskaraz sortua), egokitzapena (batutik bizkaierara edo alderantziz ekarritakoa) edota itzulpena (erdaratik ekarria).

b) Irudi-marrazkiei dagokienez: ikasmaterial honetarako berariaz sortua edota beste hizkuntzaren batean argitara emandako ikasmaterialetik hartua.

10. artikulua.– Lehen argitaraldientzat prestaturik dago, berez, diru-laguntza hau. Hala ere, bigarren edo hurrengo argitalpen birmoldatu edo osatuek ere jaso ahal izango dute diru-laguntza, betiere berritutako zatiaren arabera.

VI. KAPITULUA
DEIALDITIK KANPORA UTZIKO DIREN

IKASMATERIALAK

11. artikulua.– Laguntza-deialdi honetara ezin izango dira bildu, dena dela, ondoko ezaugarri hauetakoren bat duten ikasmaterialak:

a) Bibliofilo-liburuak.

b) Copyright-a, partez edo osoz, herri-aginteena, zuzenbide pribatuko herri-aginteena, edota herri-aginteen parte-hartze nagusia duten sozietate pribatuena duten argitalpenak.

c) Doan banatzekoak diren argitalpenak.

d) Liburu-klubek edo antzekoek bazkideentzat bakarrik argitaraturikoak.

e) Laguntza-plan honekin bateraezina den beste inolako laguntza-bidez argitaraturiko ikasliburuak eta gainerako ikasmaterialak.

f) Fotokopia edo multikopia bidez prestaturiko ikasmaterialak.

VII. KAPITULUA
LAGUNTZA JASOTZAILEAK

12. artikulua.– 1.– Beharrezko lege-nortasunez horniturik egonik, V. kapituluan aipaturiko ikasmaterial inprimatuak argitaratzen dituzten argitaletxeei eta egile-editoreei zuzendurik dago laguntza-deialdi hau.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

3.– Halaber, ezingo dute deialdi honetan parte hartu Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikuluko 5. paragrafoak, Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldatuak, ezarritako arrazoiren baten eraginpean daudenek. Honen haritik, Lege horrek aipatu artikuluan ezarritako arrazoiren baten eraginpean ez dagoela egiaztatzen duen zinpeko aitormena egin beharko du eskatzaileak.

VIII. KAPITULUA
LAGUNTZA BIDEAREN EPE BARRUTIA

13. artikulua.– 1.– 2006ko irailaren 13tik 2007ko irailaren 14ra bitartean argitaraturiko ikasmaterial inprimatuak bildu ahal izango dira honako laguntza-deialdi honetara.

2.– Argitalpen-data moduan zera hartuko da: lege-gordailuaren errolda-eskabidea egindako eguna.

IX. KAPITULUA
ESKABIDEAK AURKEZTEKO EPEA

14. artikulua.– 1.– Eskabide-orriak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

2.– Sarrera-eguna eskabide-orrian bertan emango den sarrera-zigilu ofizialarena izango da. Eskabide-orrian botatako posta zertifikatuaren zigiluak balio bera izango du.

3.– Hezkuntza Sailburuordetzak eskabidean hutsik edo akatsik antzematen badu, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango dio huts edo akats horiek zuzentzeko. Hamar egunen buruan zuzentzen ez baditu, eskatzaileak eskaerari uko egin diola ulertuko da, 4/1999 Legearen 42. artikuluak aurreikusitako moduan idatzi beharreko ebazpena eman ondoren.

X. KAPITULUA
AURKEZTU BEHARREKO AGIRIAK

15. artikulua.– 1.– Laguntza-deialdira bildu nahi duen orok I. eranskinean jasotako eskabide-orria zuzen bete beharko du eta, argitaletxearen legezko ordezkariak edota egile-editoreak adostasun-agiria izenpetu ondoren, deialdi honen 16. artikuluan adierazitako dokumentazioarekin batera aurkeztu.

2.– Eskabide-orri hori Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orrian (www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net) eskura daiteke. Hala nahi izanez gero, eranskinean jasotako ereduaren kopia erabil daiteke.

3.– Eskabide-orriok, ahal dela, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egoitzaren batean aurkeztuko dira, nahiz tokian tokiko Ordezkaritzan, nahiz Gasteizko egoitza nagusian, bertako Euskara Zerbitzuaren EIMA I programan (Donostia kalea 1, 01010 Gasteiz). Era berean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan zehazten duen edozein bulegotan ere aurkeztu ahal izango dira eskabideak.

16. artikulua.– 1.– Eskabide-orriarekin batera honako material eta dokumentuok aurkeztu beharko ditu, ezinbestean, laguntza-eskatzaileak:

a) Argitara emandako ikasmaterialaren bina ale.

b) Ikasmaterial bakoitzari dagozkion ISBNa eta lege-gordailua (M-5 inprimakia) egin izanaren agirien kopiak.

c) Ikasmaterial jakin bakoitza prestatzen eta argitaratzen egindako gastu mekanikoen laburpen zehatza. Ebazpena eman baino lehen, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak gastu horien justifikazioa eskatu ahal izango du; horretarako, beharrezkoa denean, lan horiek aurrera eraman dituen enpresak luzatutako fakturak eskatuko ditu.

d) Aurkeztutako materiala argitaratzeko beharrezko egile-eskubideak edota egile-baimenak dituela ziurtatzen duen zinpeko aitormena, enpresaren legezko ordezkariak sinatuta.

e) Laguntza-eskatzaileak banaketa-enpresari luzatutako faktura edo harekin sinatutako kontratua, ikasmateriala bana dezan. Dokumentu horretan azaldu beharko du merkatari-prezioak. Bestalde, ikasmaterial horrek erdarazko bertsioa baldin badauka, horren banaketarako dokumentua ere aurkeztu beharko da.

2.– Honako dokumentu hauek ere aurkeztu beharko ditu laguntza-eskatzaileak, ezinbestean:

a) Eskatzailea egile-editore beregain bat denean, bere NANaren kopia egiaztatua.

b) Eskatzailea argitalpen-enpresa bat denean (ondare-elkartea, SA, SM), enpresa-sortzearen akta edo eskritura, legezko ordezkariaren izendapen-eskritura eta bere NANaren kopia egiaztatua aurkeztu beharko da.

c) Enpresen kasuan, IFZren kopia egiaztatua.

d) Enpresen kasuan, Gizarte-segurantzaren ordainketan egunean egotearen ziurtagiri originala.

e) Dagozkion zergen ordainketan egunean egotearen ziurtagiri originala, kasuan kasuko Foru Aldundiak edo Hazienda Publikoak sinatua.

3.– Kopia egiaztatuen ordez originalak aurkeztuz gero, eta eskatzaileak hala eskatzen badu, original horiek itzuli egingo zaizkio beharrezko tramiteak egin ondoren.

4.– Eskatzaileak eskabide-orri bat baino gehiago aurkezten duenean, artikulu honen bigarren idatz-zatian eskatutako dokumentazioa bakarra izan daiteke eskabide-orri guztientzat.

5.– Eskatzaileak 2. idatz-zatiko b) eta c) puntuetan adierazitako dokumenturen bat edo beste administrazio honetan lehenago ere aurkeztua baldin badu, eta ordutik hona bost urte igaro ez badira, ez du nahitaez berriro aurkeztu behar izango. Nahikoa du delako dokumentu hori zein egunetan eta zein organo edo bulegotan aurkeztu duen Hezkuntza Sailburuordetzari adieraztea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 35. atalean agindutakoari jarraituz.

XI. KAPITULUA
LEGE BALDINTZAK

17. artikulua.– Argitaratutako ikasmaterialek indarrean dauden lege-eskakizunak bete behar dituzte jabego intelektualari, egile-eskubideei, lege-gordailuari, banaketari eta abarri dagokienez. Arau horiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaz kanpoko erakundeen esparrukoak direla kontuan izanik, eskakizun horiek bete direla ziurtatzen duen dokumentazioa eskatzera mugatuko dira egingo diren zehaztapenak.

XII. KAPITULUA
EGOKITASUN BALDINTZAK

18. artikulua.– 1.– Deialdi honen bidez lagundutako ikasmaterial guztiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren onespena izan beharko dute, ezinbestean, ikasmaterialen onespen-bidea arautzen duen azaroaren 3ko 295/1998 Dekretuak zehaztutakoaren arabera. Hori dela-eta, inprimaketa-lanari ekin aurretik, esandako Dekretu horretan finkatutako egokitasun-azterketa gainditu egin beharko du edozein ikasmaterialek eta zuzendu beharreko akats eta oker guztiak jaso eta zuzendu bere baitan.

2.– Hezkuntza Sailburuordetzak onetsitako ikasmaterialek egoera hori adierazten duen esaldi hau eramango dute inprimaturik, ongi ikus daitekeen tokian eta ale guztietan: "Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak onetsia (Onespen-data)".

19. artikulua.– Hezkuntza Sailburuordetzak ikasmaterial bati emandako onespena azaroaren 3ko 295/1998 Dekretuaren 19. artikuluan zehaztutakoari jarraituz baliogabetzea erabakiko balu, hiru jokabide hauetakoren bati ekingo litzaioke: diru-laguntza ukatu, esleitutako diru-laguntza galdu edota lehendik emandakoa atzera itzul dezan agindu, betiere 34. artikuluan aipatutako prozeduraren arabera.

XIII. KAPITULUA
TIRADA BALDINTZAK

20. artikulua.– Laguntza-deialdi honetara bildu ahal izateko, ikasmaterial orok, bezeria potentzial jakinik ez duten ikasmaterialek izan ezik, gutxieneko tirada bat izan beharko du. Agindu honen II. eranskinean finkaturik dago ikasmaterial bakoitzerako gutxieneko tirada-indizea. Gutxieneko tirada-indize horren bidez, 2007-2008 ikasturterako begiz jotako bezeria potentzialaren kopurua kontuan izanik, gutxienez kopuru hori halako zenbat aleren tirada egin beharko den adierazi nahi da.

21. artikulua.– 1.– Ikasmaterial bakoitzarentzat 2007-2008 ikasturterako begiz jotako bezeria potentziala kontuan izanik, kopuru jakin baterainoko tiradak bakarrik estaliko ditu Hezkuntza Sailburuordetzak bere diru-laguntzaz. Kopuru jakineko goi-muga hori finkatzeko gehieneko estalpen-indizea erabiliko da gidari, Agindu honen II. eranskinean zehaztutakoaren arabera. Gehieneko estalpen-indize horren bidez, 2007-2008 ikasturterako begiz jotako bezeria potentziala kontuan izanik, gehienez kopuru hori halako zenbat ale estaliko den adierazi nahi da.

2.– Hala ere, Lanbide Heziketako Zikloetan erabiltzekoak diren ikasmaterialei, ziklo horietako dibertsifikazioaren ondorioz dagoen jakintzagai-ugalketa, ikasmaterial-urritasuna eta ikasle-murrizketa kontuan izanik, tirada osoa onartuko zaie.

3.– Bezeria potentzial jakinik ez duten ikasmaterialen kasuan, Hezkuntza Sailburuordetzak gehienez ere 8.000 aleko tirada estaliko du.

22. artikulua.– Hezkuntza Sailburuordetzak, eskabide-orrian adierazitako tirada benetakoa dela ziurtatzeko, faktura edo bestelako dokumentu bidezko egiaztatze-lana egin ahal izango du.

XIV. KAPITULUA
BALDINTZA EKONOMIKOAK

23. artikulua.– Deialdi honetara biltzen diren ikasmaterialak merkaturatu egin beharko dira, jendaurreko banaketa-zirkuitu irekietan jarriz. Baldintza honek zera dakar berekin: egindako tiradaren parte bat behintzat liburu-dendetan salgai jarriko dela, edozein hiritarrek erosteko moduan, eta eskabide-orrian adierazitako prezioan. Horren ondorioz, Hezkuntza Sailburuordetzak baldintza horren betetze-maila ikuskatu egin ahal izango du laguntza finkatu aurretik.

24. artikulua.– 1.– Ikasmaterial bakoitzaren merkatari-prezioa, BEZ barne, egokia den edo ez neurtzeari dagokionez, ikasmaterial horren gaztelaniazko bertsioaren prezioarekin duen parekotasuna hartuko da kontuan.

2.– Ikasmateriala euskaraz sortua baldin bada eta ez baldin badauka gaztelaniazko bertsiorik, n4 = 1 ponderazio-indizea aplikatuko da.

XV. KAPITULUA
LAGUNTZEN KUDEAKETA

25. artikulua.– Argitaletxeek laguntza-eskabidea egin eta diru-laguntzak ordaindu artean gerta litezkeen gorabeherak bideratzeko Jarraipen-batzorde bat eratuko da.

26. artikulua.– Jarraipen-batzordea honako kide hauez osatuko da:

a) Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria (batzordearen buru).

b) Euskara Zerbitzuaren burua.

c) EIMA I teknikaria (batzordearen idazkari).

XVI. KAPITULUA
DIRU LAGUNTZEN KALKULUA, EBAZPENA

ETA ORDAINKETA

27. artikulua.– 1.– Aurkeztutako ikasmaterialak jaso ondoren, ikasmaterial horiek dagozkien eskabide-orrietan azaldutako datu tekniko eta ekonomikoekin agertzen duten adostasun-maila neurtuko du Hezkuntza Sailburuordetzak, besteak beste ondoko puntu hauek bereziki aztertuz: onespena, xedea, kostu mekanikoak, ezaugarri teknikoak, merkatari-prezioa, tirada eta salmenta kopurua.

2.– Deialdian zehar aipaturiko baldintzak betetzen dituzten ikasmaterialen adostasun-neurketa egin eta, eskatzaileak eskabide-orrian zehaztutako datuen inguruan beharrezkoak diren zuzenketak egin ostean, zeregin horretaz arduratuko den Ebazpen-batzordeak ikasmaterial bakoitzari dagokion diru-laguntzaren proposamena finkatu eta arrazoituko du eta, ondoren, ebazpen-proposamena egingo du.

3.– Diru-laguntza zehatza Hezkuntza Sailburuordetzak langintza honetarako duen laguntza-partida III. eranskinean ezarritako formularen arabera banatuz zehaztuko da. Nolanahi ere, diru-laguntza hori ezingo da izan finkaturiko defizitariotasun-maila baino handiagoa.

28. artikulua.– 1.– Esandako Ebazpen-batzordea honako kide hauez osatuko da:

a) Hezkuntza sailburuordea, batzordearen buru.

b) Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria.

c) Euskara Zerbitzuaren burua.

d) Ikasketen Antolamendurako Zerbitzuaren burua.

e) EIMA I programaren teknikaria, batzordearen idazkari.

2.– Batzorde horren aholkulari gisa, benetan produzituriko ikasmaterial bakoitzaren balorazio ekonomikoa egiteko, jakitun beregain edo profesionalak kontuan hartu ahal izango dira.

29. artikulua.– 1.– Goian aipatutako ebazpen-proposamena lantzeko, Ebazpen-batzordeak III. eranskinean azaldutako faktoreetan eta horiei dagozkien ponderazio-indizeetan oinarrituko du bere lana.

2.– Defizitariotasun-maila zehazteko, argitaletxeak edo egile-editoreak aurkezturiko datuez gainera, Ebazpen-batzordeak kontuan izango ditu Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzu Nagusian, deialdia argitaratzen den egunean, argitalpenetarako indarrean dauden prezioak eta, ondorioz, benetako datu operatibotzat joko diren kostu mekaniko ponderatuak finkatuko ditu. Lan hori egiteko, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak izendaturiko aholkulariak erabiliko ditu Ebazpen-batzordeak.

3.– Kalkuluak egiteko prozedurari dagokionez, III. eranskinean ezarritako transformazio-taula landuko da.

30. artikulua.– 1.– Ebazpen-batzordearen proposamena kontuan izanda, laguntza-deialdi hau ebatziko du Hezkuntza sailburuordeak, ikasmaterial bakoitzari dagokion diru-laguntza zehatza adieraziz. Ebazpena EHAAn argitaratuko da, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta sei hilabeteko epean beranduenik.

2.– Era berean, horren berri emango zaio laguntza-eskatzaile bakoitzari.

31. artikulua.– Laguntza-eskatzaileetako bat edo gehiago hartutako erabakiarekin ados ez badago eta gora jo nahi badu, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean gorako errekurtsoa egiteko aukera izango du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aurrean. Hala ere, esandako epean ebazpenik eman ezean, isiltasuna ezezko erantzuna balitz bezala jokatuko da.

32. artikulua.– Diru-laguntzak aldi bakar batean ordainduko dira ebazpena EHAAn argitaratu ondoren.

XVII. KAPITULUA
LAGUNTZA-JASOTZAILEEN BETEBEHARRAK

33. artikulua.– Deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzen inguruan Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edota Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, bere eginkizunak betez, eskatutako informazio guztia eman beharko dute laguntza-jasotzaileek.

34. artikulua.– Agindu honetan finkatutako edozein eginkizun ez betetzeak edota laguntzak lortzeko ezarritako baldintzetan gezurretan ibiltzeak, jokabide horien ondorioz gerta daitezkeen erantzukizun penalak baztertu gabe, agindutako diru-laguntza galtzea ekarriko du; baita, hala legokiokeen kasuan, aurretik jasotako diru-kopurua atzera itzuli beharra ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak onartzen duen bezala, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (EHAA, 1992ko otsailaren 7koa) zehaztutako prozeduraren arabera dagozkion legezko interesak gehituz.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honetako euskal eta erdal idazkien artean interpretazio-auzirik sortuz gero, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, hura hartuko da korapiloa askatzeko gidari.

Bigarrena.– Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka, interesdunek, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari, eta errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izango da Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Interesdunek, bestela, zuzen-zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salan; bigarren aukera horretaz baliatzeko epea, berriz, bi hilabetekoa izango da Agindua aldizkari ofizial horretan argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hirugarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean Agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko irailaren 18a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.

I. ERANSKINA

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA / ANEXO II

(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala