Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

145. zk., 2007ko uztailaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Gipuzkoako Batzar Nagusiak
4290

6/2007 FORU ARAUA, apirilaren 10ekoa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalez gaindiko erakundeak arautzen dituena.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela "Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalez gaindiko erakundeak arautzen dituen apirilaren 10eko, 6/2007 Foru Araua", eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia-San Sebastián, 2007ko apirilaren 10a.

Diputatu nagusia,
JOXE JOAN GONZALEZ DE TXABARRI MIRANDA.
HITZAURREA

Eusko Legebiltzarraren azaroaren 25eko 27/1983 Legeak, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta Lurralde Historikoetako foru organoen harremanei buruzkoak, xedatzen du erakunde foru organo horiek dutela lurralde historikoan dauden udal barrutiei edo udalerriz gaindikoei buruzko gaien eskumen esklusiboa.

Bestalde, 1985eko apirilaren 2ko 7/1985 Legeak, Udal Erregimenaren Oinarriak arautzen dituenak, oinarrizko legeria ezartzen du mankomunitate eta kontsortzioen arloan eta bigarren xedapen gehigarrian lege hori Gipuzkoako lurralde historikoan ezartzeko berezitasunak onartzen ditu.

Eskumen hori dela eta, Batzar Nagusiek martxoaren 17ko 2/2003 Foru Araua, Gipuzkoako udal-barrutiak arautzen dituena, onartu zuten eta amaierako bigarren xedapenean ezartzen du Gipuzkoako lurralde historikoko udalez gaindiko erakundeak foru-arau baten bidez arautu behar direla.

Gipuzkoako lurralde historikoan 88 udalerri daude, baina horietako 57 udalerrik 5.000 biztanle baino gutxiago ditu eta biztanleen % 25 baino gehiago hiriburuan bizi da. Horrek mugatu egiten du udal egitura; izan ere, biztanle gehienak udalerri gutxi batzuetan bizi dira, eta, gainera, tamaina oso txikiko udalerri asko daude.

Hori ikusirik, eta zerbitzu publikoak emateak dituen exijentziei erantzuteko ekonomia- eta finantza-askitasuna edukitzea ezinbesteko denez, beharrezko da udal-elkarteak egoki definitzea eta sendotzea.

Horregatik guztiagatik, asmoa da foru-arau bidez ondoko udalez gaindiko erakundeak arautzea:

A) Udalen mankomunitateak. Autonomia Lokalaren Europar Gutunak denen intereseko zereginak egiteko udalei onartzen dien elkartzeko eskubidearen adierazpen dira erakunde lokal horiek. Aski frogatu dute beren funtzionaltasuna, borondatezkoak direlako, eta beren malgutasuna, tokian tokiko obra eta zerbitzuak egin behar izateak eskatzen duen lurralde-mailara egokitzen direlako; horrela, zerbitzuak zentzumenez eta ekonomiari begira emanez, garapen sozial edota ekonomiko handiagoa lortu nahi dute.

I. idazpuruan arautzen dira erakunde horiek. Hor jasotzen dira beren ahalmenak, eskumenak eta erregimen ekonomikoa eta, baita, estatutuak eratzeko, onartzekou eta aldatzeko prozedurak ere.

B) Kontsortzioak. II. idazpuruko definizioaren arabera, borondatezko elkarteak dira, udal erakunde, bestelako herri administrazio eta irabazi asmorik gabeko entitate pribatuek jardueren eta zerbitzu publikoen kudeaketan batera parte hartzeko aukera ematen dutenak.

C) III. idazpuruan partzuergoak azaltzen dira. XV. mendearen hasieran sortutako erakunde tradizionalak dira. Partzuergoen helburua, batetik, udal batzuen ondasunak —batez ere baso edota abeltzaintzakoak— zatitu gabeko jabekidetasunean administratzea, ustiatzea eta erabiltzea da; eta, bestetik, herri administrazioek ematen dizkieten zerbitzu publikoak kudeatzea. Partzuergoek beren estatutuak edo jatorri historikoko itunak dituzte eta horiei eta ohiturazko arauei jarraitzen diete.

Foru-arau honetan dauden udalez gaindiko erakundeek beren helburuak burutzeko beharrezko baliabideak izan ditzaten, beharrezko da arautze horrek eskaini beharreko bermeak ematea udalei. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak hartu behar dituen sustapen-neurri batzuk azaltzen dira IV. idazpuruan, hau da, aholkua eta laguntza teknikoa, juridikoa eta ekonomikoa emateari buruzkoak.

Udalez gaindiko erakundeen foru-arauaren helburua, beraz, figura horiek arautzea da, kontuan edukiz borondatezko izaera nabarmena duten erakundeak direla, horrela, dituzten estatutuen bidez beren buruak arautzeko eta antolatzeko tarte zabala izan dezaten.

Aurrekoarekin ados, estatutuak egiteko eta onartzeko prozedura ahalik eta era sinpleena izan dadila lortu nahi dugu, erakunde horiei eraginkortasunez eratzen laguntzeko, erakunde horiek udal zeregin garrantzitsua betetzen baitute obra eta zerbitzuen kudeaketan.

I. IDAZPURUA
MANKOMUNITATEAK
I. KAPITULUA
KONTZEPTUA, AHALMENAK ETA ESTATUTUAK

1. artikulua.– Kontzeptua.

1.– Gipuzkoako lurralde historikoko udalerriak beren borondatez elkar daitezke mankomunitateetan: egin beharreko obrak elkarrekin erabakitzeko, kudeatzeko eta egiteko eta beren eskumenen barruko zerbitzu jakin batzuk emateko; baita, koordinatuki esku hartzeko ere beren eremuko garapen ekonomikoa eta soziala sustatzeko gaietan.

2.– Mankomunitateek erakunde lokal baten izaera dute; hau da, beren helburu espezifikoak betetzeko nortasun eta gaitasun juridikoak dituzte, eta beren estatutuei jarraitzen diete.

3.– Mankomunitatearen helburuak zehatza izan behar du eta elkartutako udalen eskumen guztiak ezin ditu bere gain hartu. Mankomunitatearen xedea areagotu nahi izanez gero, estatutuak aldatu behar dira.

4.– Mankomunitatean elkartuko diren udalerrien artean lurralde jarraitutasuna egotea ez da ezinbesteko izango, eratu nahi den mankomunitatearen helburuek jarraitutasun hori egotea beharrezko egiten ez badute.

5.– Edonola ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak Lurralde Historikoan eratzen diren mankomunitateen berri emango die Batzar Nagusiei.

2. artikulua.– Ahalmenak eta eskumenak.

1.– Estatutuetan erabakitakoari jarraituz, mankomunitateek ondoko ahalmen hauek dituzte, beren helburuak lortzeko beharrezkoak badira:

a) Arauak emateko eta autoantolatzeko ahalmenak.

b) Zerga- eta finantza-ahalmenak. Tasak, zerga bereziak eta prezio publikoak ezarri eta eskatzea da ahalmen hori, dituzten eratze-arauetan erabakitakoaren arabera, eta Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituen Foru Arauan ezarritakoari jarraituz.

c) Programatzeko eta plangintza egiteko ahalmena.

d) Aztertu, mugarriztatu eta beren ondasunak ofizioz berreskuratzeko ahalmena.

e) Legitimotasun-presuntzioa eta beren ekintzak gauzatzeko ahalmena.

f) Nahitaez betearazteko eta zigortzeko ahalmena.

g) Beren ekintzak eta erabakiak ofizioz berrikusteko ahalmena.

h) Beren ondasun eta eskubideen bahi-ezintasuna, legeetan aurreikusitakoari jarraituz.

i) Herri Ogasunari, kredituei dagokienez, aitortutako lehentasun eta hobespenak eta gainerako eskumenak, Foru Ogasunari dagozkienei kalterik egin gabe.

2.– Hartu beharreko ondasunak non dauden hango udalerriari dagokio desjabetzeko ahalmena, edota Foru Aldundiari baldin eta ondasunak udalerri bat baino gehiagorena badira; baina, mankomunitateak eskatu ondoren eta haren onuran erabiliko dute.

3. artikulua.– Estatutuak.

1.– Mankomunitateen funtzionamendua estatutuek ezartzen dutenari egokituko zaio eta, ordezko gisa, toki erregimenari buruzko legerian ezarritako erakunde lokalen funtzionamenduko arau orokorrei.

2.– Mankomunitatearen estatutuek ondoko puntu hauek arautu behar dituzte nahitaez:

a) Mankomunitatean beren borondatez sartuko diren udalerriak.

b) Gaia, xedeak eta eskumena.

c) Izena.

d) Gobernu- eta administrazio-organoek izango duten egoitza.

e) Gobernu organoak, elkartutako udalerrien ordezkarien kopurua eta izendatu eta kargugabetzeko era.

f) Finantza-baliabideak eta elkartutako udalerrien ekarpenak eta konpromisoak.

g) Iraupena eta desegiteko kausak eta prozedura.

h) Funtzionamendu-arauak.

i) Kitatzeko era.

j) Mankomunitatera beste udalerri batzuk sartzeko eta hango kide diren udalerri bat edo batzuk banantzeko arau orokorrak.

k) Lehendakaria eta estatutuetan dauden gobernu-organoetako kideak hautatzeko eta, hala dagokionean, kargugabetzeko sistema, Batzar Nagusikoak alde batera utzita.

l) Lehendakaritzaren eta Batzar Nagusiaren edo mankomunitatean dauden udalerri guztiak ordezkatzen dituen gobernu organoaren eskumenak edo eskuduntzak.

m) Funtzionarioentzat gordetako lanpostuak zehazteko irizpide orokorrak eta langileen dedikazioa eta, lanpostua mankomunitateko beste udal batekin partekatzen bada, betetzeko era.

n) Estatutuak aldatzeko prozedura.

o) Mankomunitatearen funtzionamendurako beharrezko diren puntu guztiak.

II. KAPITULUA
MANKOMUNITATEA ERATZEA ETA ESTATUTUAK ONARTZEA

4. artikulua.– Ekimena.

Mankomunitatea eratzeko elkartu nahi duten udalena da, udalbatza bakoitzeko legezko kide guztien gehiengo absolutuaren bidez udal batzarrean onartutako erabakiaren bidez. Erabaki horretan, mankomunitatea osatzeko beren borondatea adierazi behar dute.

5. artikulua.– Batzorde Sustatzailea.

1.– Batzorde Sustatzailea eratu behar da, espedientea izapidetu eta estatutuen aurreproiektua egin dezan. Ondoren, elkartu nahi duten udalerrietako zinegotzi guztien batzarrera bidali behar du aurreproiektua.

2.– Batzorde horrek izango du elkartu nahi duten udalerrien ordezkaritza, mankomunitatearen gobernu organoak behin betiko osatu arte. Udalerri bakoitzak bere ordezkaria izango du, udal bakoitzak izendatuko duena aurreko artikuluan aipatutako udal batzarraren erabakian. Batzordeko lehendakaria kideen artean hautatuko dute eta lehendakaritza hartzen duen udaletxean idazkari lanak egiten duena izango da idazkari.

Eraketa baliozkoa izan dadin kide guztien gehiengo absolutua eskatuko da gutxienez.

6. artikulua.– Estatutuak egin eta onartzea.

1.– Estatutuak onartzeko, ondoko arau hauei jarraituko zaie:

a) Batzorde Sustatzaileko lehendakariak elkartu nahi duten udalerrietako zinegotzi guztiei batzar baterako deia egingo die, eta batzar horri dagokio estatutuak egitea. Eraketa baliozkoa izan dadin parte har dezaketen kide gehienak, gutxienez, han egotea eskatuko da, eta udalerri bakoitzeko, gutxienez, ordezkari batek egon behar du.

Udalerriren bat Kontzeju Irekikoa bada, alkatetza hartu duen pertsonari eta, badaude, alkateordeei deituko zaie.

Estatutuen proiektua onartutzat hartzeko, beharrezko izango da bildu diren gehienen aldeko botoa.

b) Estatutuen proiektua idatzi ondoren, jendaurrean erakutsiko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuz eta hilabeteko epean udalerri horietako iragarki tauletan erakutsiz, herritarrek aztertu eta alegazioak aurkeztu, eragozpena jarri edo oharpenak egin ditzaten.

c) Zinegotzien Batzarrak erabakiko ditu alegazio, eragozpen eta oharpen horiek.

d) Onartutako estatutu horiei buruz txosten bat egin behar du Foru Aldundiak hilabeteko epean, eta epe horretan ez badu bere iritzia ematen, aldekotzat hartuko da.

e) Txosten hori egin bada edo horretarako arauzko epea iragan bada, edukia ikusi ondoren Batzorde Sustatzaileak beharrezkotzat jotzen badu, lehendakaritzak dei egingo dio berriro Zinegotzien Batzarrari estatutuetan antzeman diren irregulartasunak zuzentzeko. Hori egin ondoren, behin betiko testua udalei bidaliko die eta horiek, bi hilabeteko epean, udal-batzarrak hartutako erabakiaren bidez estatutuak onartuko dituzte bertako kideen legezko gehiengo absolutuaren aldeko botoekin eta mankomunitateko Batzar Nagusirako edota gobernu kolegiatuaren organorako beren ordezkariak izendatuko dituzte.

f) Udalek estatutuak onartzeko erabaki guztiak onartu ondoren, edota horretarako emandako epea iragan ondoren, Batzorde Sustatzaileko Lehendakaritzak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean emango ditu argitara.

2.– Udalek estatutuak onartzen dituztenean, aztertzeko eman dieten testu osoa onartuko dute, eta ezin izango da haren aldaketarik planteatu.

3.– Horretarako legezko epea iragan eta udalen batek ez baditu estatutuak onartu, mankomunitatea eratzeko prozesutik kanpo geratuko da automatikoki, eta prozesuak beste udalerriekin jarraituko du. Kasu horretan, mankomunitateak aldatu egingo ditu estatutuak.

7. artikulua.– Jakinarazpenak eta izen ematea.

Batzorde Sustatzaileko Lehendakaritzak, udal guztiek estatutuak onartzeko erabakia hartu ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundira bidaliko ditu erabaki horien eta estatutuen ziurtagiriak, mankomunitatea Gipuzkoako Toki Erakundeen Foru Erregistroan sar dezan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari eta Estatukoari eraz jakinaraz diezaien.

8. artikulua.– Eratzeko bilera.

Estatutuak argitaratu eta ondorengo hilaren barruan, Batzorde Sustatzaileko Lehendakaritzak mankomunitatearen Batzar Nagusia edo elkartutako udalerri guztiak ordezkatuko dituen gobernu-organoa eratzeko bilerarako deia egingo die udalek izendatutako ordezkari guztiei. Bilera hamar eguneko epearen barruan egingo dela ezarri behar da deialdi horretan.

Bilera hori udalak eratzeko dauden arauek zuzenduko dute, eta mankomunitateko lehendakaritza hautatu ondoren, Batzorde Sustatzailea deseginda geratuko da.

9. artikulua.– Mankomunitateen antolaketa.

1.– Batzar Nagusia edo gobernu organo kolegiatua ondokoek osatuko dute: lehendakariak, lehendakariordeak, zeina lehendakaria ez dagoenean bere ordezko izango den, estatutuetan adierazten diren kideak eta idazkariak.

2.– Mankomunitatearen estatutuek, gainera, beste organo osagarri batzuk egotea ere ezar dezakete, nahiz izaera exekutibokoak (Gobernu Batzordea), nahiz aholku emaileak (informazio-batzordeak); organo garrantzitsuak bere gain hartzen edo kudeatzen dituzten zerbitzuak era askotarikoak direnean.

3.– Batzar Nagusian edo gobernu organo kolegiatuan, hura osatzen duten udalerri guztiek izango dute ordezkaria, estatutuetan ezartzen den proportzioan.

4.– Lehendakaria eta lehendakariordea izendatzea mankomunitatearen Batzar Nagusiari edo gobernu-organo kolegiatuari dagokio.

5.– Idazkari edo idazkari-kontu hartzaile kargua eta ikuskatzaile-diruzain kargua badaude, izaera nazionaleko gaitasuna duten funtzionarioek bete behar dituzte.

III. KAPITULUA
UDALERRIAK ATXIKITZEA ETA BANANTZEA

10. artikulua.– Atxikitzea eta banantzea.

1.– Mankomunitatea eratu ondoren, beste udalerriak ere sar daitezke, estatutuetan erabakitakoa betez.

Mankomunitatearen helburu guztietarako, batzuetarako edo bakar baterako sar daitezke; betiere, alderdi tekniko edo finantzarioei dagokienez, zerbitzu edo obra horiek beren artean zerikusirik ez badute.

2.– Era berean, estatutuan ezarritakoari jarraituz, mankomunitatetik atera daiteke hura osatzen duten udal erakundeetako edozein.

3.– Mankomunitateari Udalerri gehiago atxikitzea edo handik kideren bat banantzeak estatutuak aldatzeko ezarritako arauak betetzea ekarriko du ondorioz.

IV. KAPITULUA
ESTATUTUAK ALDATZEA
ETA DESEGITEA

11. artikulua.– Estatutuak aldatzea.

Mankomunitatearen estatutuak aldatzeko, prozedura hau izango da:

a) Ekimena lehendakariari dagokio edo Batzar Nagusiko edo gobernu organo kolegiatuko heren bati, gutxienez.

b) Batzar Nagusiak eta gobernu organo kolegiatuak onartzea, bileran dauden gehienek hartutako erabakiaren bidez.

c) Erabakia jendaurrean erakustea hilabeteko epean Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuz eta doakien udaletxeetako iragarki-tauletan erakutsiz. Horren ondoren, estatutuen aldaketa Foru Aldundiaren iritzira makurtuko da epe berdinean, eta hori iragaten bada iritzirik eman gabe, aldekotzat hartuko da.

d) Mankomunitateko udal gehienek onartzea, mankomunitatea eratzeko eskatutako quorumarekin onartutako udal batzarraren erabakiaren bidez.

e) Estatutuen testu osoa, bere aldaketekin, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

12. artikulua.– Desegitea.

Udalerrien mankomunitatea deseginda geratuko da estatutuetan aurreikusitako kausak gertatzen direnean, eta aurreko artikuluan ezarritako estatutuak aldatzeko prozedurari jarraitu behar zaio.

Desegiten bada, mankomunitateak likidatzeko organo gisa gorde egingo du bere nortasun juridikoa Batzar Nagusiak edo gobernu organo kolegiatuak likidatzeko erabakia hartzen duen arte. Desegitea Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar da.

V. KAPITULUA
ERREGIMEN EKONOMIKOA

13. artikulua.– Araudi aplikagarria.

Mankomunitateen ogasuna estatutuetan ezarritako baliabideek osatuko dute, toki ogasunak arautzen dituen araudiaren barruan.

14. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Mankomunitateek ondoko baliabide hauek izan ditzakete, kide izango diren udal-erakundeen ohiko ekarpenez gain, eta estatutuen arabera ezar daitezkeen beste batzuk alde batera utzi gabe.

a) Beren ondaretik eta Zuzenbide pribatuko gainerakoetatik datozen sarrerak.

b) Diru-laguntzak.

c) Kreditu-eragiketatik datozenak.

d) Mankomunitateak emango dituen obra eta zerbitzuen onuradun edo erabiltzaileek ordaindu behar dituzten tasa, zerga berezi eta prezio publikoak.

e) Beren eskumen-eremuko isun eta zehapenetatik datozenak.

f) Zuzenbide publikoko gainerako prestazioak.

15. artikulua.– Ekarpenen ordainketa.

1.– Udal-erakundeek beren aurrekontuetan esleitu behar dituzte mankomunitaterako egin behar dituzten ekarpenak, eta estatutuetan ezarritako eran eta epeetan egin behar dituzte ekarpen horiek. Nolanahi ere, ekarpen ekonomiko horiek ordaindu beharreko ordainketatzat eta lehentasunekotzat hartu behar dira ondorio guztietarako.

2.– Udal-erakunde batek ez badu zorra ordaintzen horretarako ezarritako epean, mankomunitateko lehendakariak ordaindu gabeko kuota horiek atxikitzeko eta ordaintzeko eska diezaioke Foru Aldundiari, udal zordunari kontzepturen batengatik kitatu behar zaion diru-kopuruaren kargura.

Horretarako, kasuan kasuko arauzko zorpeko ziurtagiria erantsi behar da.

3.– Era berean, udalerrien ekarpenen ordainketa bermatzeko, mankomunitateko Lehendakaritzak udal aurrekontuen aurka egin dezake, baldin eta udalak mankomunitateari egin behar dion ekarpenen gaineko kontu-sailik ez badu aurreikusi aurrekontu horietan.

16. artikulua.– Kreditu eragiketak.

Mankomunitateak bere eskumeneko helburuak lortzeko, kreditu- eragiketaren bat hitzartu behar duenean, hango kide diren udalek bermea edo abala eman diezaiokete eragiketa horri, baldin eta mankomunitatearen beraren ondarea edo bere baliabide arruntak nahiko ez badira eragiketa hori egiteko.

Kasu horietan, zorpetze-baimena lortzeko, baliabide arrunt gisa eta bestelako finantza-datu gisa, abala ematen duten udalei dagozkienak kalkulatuko dira.

17. artikulua.– Aurrekontu- eta kontabilitate-arauak.

Mankomunitateei aurrekontuei eta gastu publikoari buruzko arauak ezarriko zaizkie, Gipuzkoako lurralde historikoko udal erakundeen aurrekontu- eta finantza-araudian daudenak.

Era berean, kontabilitate publikoaren erregimenari jarraitu beharko diote, bai eta beren kontuen eta kudeaketa ekonomikoaren kontrol eta fiskalizazioari buruzko arauei ere, araudi horretan agindu bezala.

II. IDAZPURUA
KONTSORTZIOAK
I. KAPITULUA
KONTZEPTUA ETA ESTATUTUAK

18. artikulua.– Kontzeptua.

1.– Denen intereseko jarduerak eta zerbitzu publikoak kudeatzeko, udal erakundeek kontsortzioak era ditzakete beste herri-administrazio batzuekin edo irabazirik gabeko erakunde pribatuekin, herri-administrazioen helburuekin bat egiten duten helburuak dituztenean.

2.– Kontsortzioek beren pertsonalitate juridikoa dute eta helburu espezifikoak betetzeko ahalmena. Kontsortzioko estatutuei jarraitzen diete.

3.– Kontsortzioen eskumeneko zerbitzuak kudeatzeko, Toki Erregimenaren legerian ezarritako edozein era erabil dezakete, kontsortzioko kide diren erakundeen ordezkari.

4.– Udal-erakundeek bestelako herri administrazioekin eratutako kontsortzioek, udal erakundeen interesak kudeatzen dituztenean, kontsortzio lokalen izaera izango dute, eta toki erregimeneko legerian ezarritako erregimen juridikoa aplikatuko zaie.

5.– Gipuzkoako lurralde historikoko udal-erakundeek mugaz gaindiko kontsortzioak era ditzakete udal-zerbitzu publikoak kudeatzeko, Gipuzkoako udal-erakundeek parte hartuko duten mugaz gaindiko lankidetza-hitzarmenen barruan eta gai horretan Estatuak berretsitako nazioarteko hitzarmenetako aurreikuspenen arabera.

19. artikulua.– Ahalmenak eta eskumenak.

1.– Kontsortzioak ondoko ahalmen hauek izango ditu bere funtzioak betetzeko:

a) Arauak emateko eta autoantolatzeko ahalmena.

b) Finantza- eta zerga-ahalmena, beren zerga propioak ezartzeko ahalmena alde batera utzita.

c) Programatzeko eta plangintza egiteko ahalmena.

d) Aztertzeko, mugarriztatzeko eta beren ondasunak ofizioz berreskuratzeko ahalmena.

e) Legitimotasun-presuntzioa eta beren ekintzak gauzatzeko ahalmena.

f) Nahitaez betearazteko zein zigortzeko ahalmena.

g) Beren ekintzak eta erabakiak ofizioz berrikusteko ahalmena.

h) Beren ondasun eta eskubideen bahi-ezintasuna, legeetan aurreikusitakoari jarraituz.

i) Kredituei dagokienez, herri-ogasunari aitortutako lehentasun eta hobespenak eta gainerako eskumenak, indarrean dagoen legeriaren arabera, eta udal-erakunde izatetik datozen gainerako ahalmenak.

2.– Hartu beharreko ondasunak non dauden hango udalerriari dagokio desjabetzeko ahalmena, edota Foru Aldundiari ondasunak udalerri batzuetakoak badira, baina kontsortzioak eskatu ondoren eta haren onuran arituko dira.

20. artikulua.– Estatutuak.

Kontsortzioaren estatutuek, bere oinarrizko araua denez, kontsortzioen funtzionamendu-erregimena ezarriko dute eta ondoko puntu hauek jasoko dituzte gutxienez:

a) Kontsortzioaren izena eta egoitza.

b) Kontsortzioko kide diren udalerri, herri-administrazio, erakunde, instituzio eta organismoen izenak.

c) Kontsortzioaren gaia eta helburuak.

d) Gobernu- eta kudeaketa-organoak eta kontsortzioko kideen ordezkariak izendatzeko era.

e) Kontsortzioaren funtzionamendu-arauak.

f) Baliabide ekonomikoak eta kontsortzioko kideen ekarpenak.

g) Kontsortzioaren indarraldia.

h) Udalerriak eta bestelako organismoak kontsortzioan sartzeko eta banantzeko prozedura.

i) Estatutuak aldatzeko prozedura.

j) Desegiteko kausak eta prozedura, eta kontsortzioa likidatzeko arauak.

21. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Kontsortzioaren baliabide ekonomikoak ondoko hauek dira:

a) Kontsortzioko kideen diru- edo in natura ekarpenak. In natura ekarpenak, jatorriz duten jabari publikoko edo ondareko kalifikazio hori gordeko dute, eta, estatutuetan adierazitakoari jarraituz, administrazio titularrei itzuliko zaizkie lortu nahi ziren helburuak bete eta gero.

b) Beren ondaretik eta Zuzenbide Pribatuko gainerakoetatik datozen sarrerak.

c) Diru-laguntzak.

d) Kreditu eragiketatik datozenak.

e) Zuzenbide publikoko gainerako prestazioak.

2.– Udalerriek, mankomunitateek eta gainerako elkartzezko udal erakundeek eman diezaiekete eratu dituzten kontsortzioei emango dituzten zerbitzuengatik ezarritako prezio publikoak jartzeko ardura, baldin eta prezioek zerbitzuen kostua ez badute estaltzen eta estatutuetan bestelakorik ez bada esaten.

Kontsortzioko kide diren erakundeei proposamenaren kopia ez ezik, prezio publikoek zerbitzuaren kostua estaltzen dutela egiaztatzen duen azterketa ekonomikoaren kopia ere bidali behar diete kontsortzioek.

3.– Udalerriek, mankomunitateek eta gainerako elkartzezko udal entitateek eratu dituzten kontsortzioen esku utz ditzakete, egokitzat jotzen diren lankidetza-formulen bidez, kontsortzioak bere gain hartutako zerbitzuen prestazioaren ordain udalek ezarritako tasen kudeaketa, likidazioa eta bilketa egiteko ahalmena. Kontsortzioak zenbatekoa eguneratu ahal izango du, hori zurituko duen aginduzko txosten ekonomiko-administratiboan ezarritakoaren arabera.

II. KAPITULUA
ERATZEA, ESTATUTUAK ONARTZEA ETA ALDATZEA ETA DESEGITEA

22. artikulua.– Kontsortzioaren eraketa eta estatutuen onarpena.

1.– Kontsortzioa eratzeko eta estatutuak onartzeko prozedura foru arau honetako I. idazpuruko II. kapituluan erabakitakoa izango da funtsean, kontsortzioko kideen izaerak ekar ditzakeen salbuespenak kontuan edukiz. Hartara, ez da zertan Batzorde Sustatzailerik izan.

Kontsortzioa eratu aurretik administrazio interesdunen arteko hitzarmena sinatu behar da, non agerian azalduko den elkartzeko duten borondatea. Hitzarmen horri, gainera, kontsortzioko estatutuen proiektuaren zirriborroa erantsiko diote eranskin gisa.

2.– Foru Aldundiaren txostena alde batera utz daiteke, hura kontsortzioko administrazioetako bat denean.

3.– Kontsortzioaren eraketa eta estatutuen onarpena kontsortzioko erakunde guztiek onartu behar dituzte, horretarako dagoen legeriari jarraituz.

4.– Zuzendaritza organoetan kontsortzioko erakunde guztietako ordezkariak izango dira, estatutuetan ezarritako proportzioan.

23. artikulua.– Ordezko arauak.

Kontsortzioko estatutuak aldatzeko, kideak atxikitzeko eta banantzeko, desegiteko, langileen erregimena eta ekonomia, aurrekontu eta kontabilitateari buruzko erregimena erabakitzeko, foru-arau honetan mankomunitateei dagokienez erabakitakoari jarraituko zaio, baina alde batera utzi gabe kontsortzioko kide diren erakundeen izaera anitza kontuan, estatutuetan ezar daitezkeen berezitasunak.

24. artikulua.– Publizitatea.

Kontsortzioak Gipuzkoako Toki Erakundeen Foru Erregistroan egon behar dute izena emanda, legez ezarritako beste erregistro batzuetan ere izena emanda egotea alde batera utzi gabe.

III. IDAZPURUA
PARTZUERGOAK

25. artikulua.– Kontzeptua, izaera eta helburua.

1.– Partzuergo izenarekin ezagutzen ditugun erakunde tradizionalak udalerri batzuetako ondasun batzuk, zatitu gabeko jabekidetasunean, dituztenak dira. Partzuergo horien helburu nagusia beren ondasunak administratzea, ustiatzea eta denen artean erabiltzea da; baita beste herri-administrazio batzuetako legeriak eman diezazkiekeen zerbitzu publikoak kudeatzea ere.

2.– Partzuergoek beren nortasun juridikoa dute eta helburu espezifikoak betetzeko ahalmena. Partzuergoen estatutuei ez ezik, ohiturazko edo tradiziozko arauei jarraitzen diete.

26. artikulua.– Estatutuak.

Estatutuek ezarriko dituzte partzuergoen funtzionamendu arauak eta ondoko puntu hauek jasoko dituzte gutxienez:

a) Partzuergoaren izena eta egoitza.

b) Partzuergoko kide diren udalerrien izena.

c) Partzuergoko udalerri bakoitzari dagokion proportziozko zatia adieraztea.

d) Partzuergoaren gaia eta helburuak.

e) Gobernu- eta kudeaketa-organoak eta partzuergoko kideen ordezkariak izendatzeko era.

f) Funtzionamendu-arauak.

g) Udalerriak partzuergoan sartzeko eta handik banantzeko prozedura.

h) Estatutuak aldatzeko prozedura.

27. artikulua.– Estatutuak edo erakundearen oinarrizko ordenantzak aldatzea.

Partzuergoen estatutuen eta oinarrizko ordenantza instituzionalen aldaketa horretarako egin dituzten aurreikuspenen arabera egingo da, partzuergoek dituzten helburuak gehitzerik ez badakar; bestela, foru-arau honetan ezarritako prozeduren bidez.

28. artikulua.– Erregimen ekonomikoa.

Daukaten autonomia alde batera, partzuergoek, erregimen ekonomikoari dagokionez, Gipuzkoako lurralde historikoko udal erakundeetarako erabakitakoari jarraitu behar diote.

IV. TITULUA
XEDAPEN ERKIDEAK

29. artikulua.– Sustapen-neurriak.

Foru arau honetako I. idazpuruan, II. idazpuruan eta III. idazpuruan, hurrenez hurren, araututako udalerrien mankomunitate, kontsortzio eta partzuergoen eraketa eta funtzionamendu ona sustatzeko neurriak bultzatuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, zerbitzu publikoak emateko berme handiagoa behar denean eta emateko orduan eraginkorrago izan behar denean.

Zehazki, honako sustapen-neurri hauek izan daitezke:

1.– Mankomunitate, kontsortzio eta partzuergoen eraketa eta funtzionamendurako behar duten laguntza tekniko eta juridikoa ematea.

2.– Lehentasunezko laguntza ematea, inbertsio, laguntza eta diru-laguntzen bidez, mankomunitate, kontsortzio eta partzuergoek obrak egin eta zerbitzu publikoak ematen dituztenean.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Foru arau hau indarrean sartzen denetik urtebeteko epean, foru- arau honen aurretik eratutako mankomunitate eta kontsortzioek egokitu egin behar dituzte beren estatutuak foru-arauan ezarritako aginduen arabera, 11. artikuluan adierazitako izapideei jarraituz.

Estatutuak foru-arauaren arabera egokitzen ez badira, foru-arau honen aurka doazen estatutuetako agindu guztiak geratuko dira indargabetuta.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabe gelditzen da, foru-arau honetan araututakoaren aurka doan maila bereko edo apalagoko xedapen oro.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ahalmena ematen zaio Gipuzkoako Foru Aldundiari foru-arau hau gauzatu eta betetzeko beharrezko diren xedapenak emateko.

Bigarrena.– Foru-arau hau Gipuzkoako Aldizkari

Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.


Azterketa dokumentala