
145. zk., 2007ko uztailaren 30a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
4288
119/2007 DEKRETUA, uztailaren 17koa, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako Legearen arabera Euskal Autonomia Erkidegoan Musikako goi ikasketak ezarri zituen Dekretua aldatzen duena.
Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, Hezkuntzari buruzkoak, arte-irakaskuntzak arautzen ditu I. tituluko VI. kapituluan eta Musika eta Dantzako goi ikasketak goi mailako arte-irakaskuntzetan sartzen dira. Lege organiko honek hauek, besteak beste, baliogabetzen ditu: urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoa, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerakoa, eta 10/2002 Lege Organikoa, Hezkuntzaren Kalitateari buruzkoa. Hala ere, hamaikagarren xedapen iragankorraren arabera, arlo honetan 2/2006 Lege Organiko berria garatu arte, kasu bakoitzean aplikatuko dira indarrean sartu zen datan zeuden araudiak.
Horiek horrela, apirilaren 24ko 73/2001 Dekretuak, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako Legearen arabera Musikako goi ikasketak Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen dituenak, 3. artikuluan klabea sartzen du espezialitateen artean. Baina, azken urteetako esperientziak erakutsi duenez, espezialitate honek ez du jarraitzea justifikatzeko adina eskaerarik izan.
Bestalde, apirilaren 21eko 617/1995 Errege Dekretuak (1995eko ekainaren 6ko BOE), musika-irakaskuntzen goi mailako curriculumaren funtsezko alderdiak ezartzen dituenak eta ikasketa hauetara sartzeko proba arautzen duenak, 3.1.20. artikuluan xedatutakoaren arabera sartzen da aurreko hezkuntza-planetan sartuta ez zegoen Jazz espezialitatea musika-irakaskuntzen goi maila, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako Legearen 39.1.c) artikuluan definitua, osatzen duten irakaskuntzen artean.
Euskadin jazzaren tradizioa oso sustraitua egoteagatik eta musika-espezialitate honetan jarduten duten euskal musikaren hainbat eta hainbat profesionalen ospearengatik Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko arduradunek musikako goi ikasketen espezialitateen zerrendan sartu dute.
Adierazitako horregatik eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholkularitza Batzorde Juridikoaren arabera eta Gobernu Kontseiluak 2007ko uztailaren 17ko bilkuran deliberatu ondoren,
XEDATU DUT:
Artikulu bakarra.– Apirilaren 24ko 73/2001 Dekretuaren, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako Legearen arabera Musikako goi ikasketak Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen dituenaren, 3. artikulua aldatzen da eta horrela geratzen da:
"3. artikulua.– Geroari begira izan daitezkeen zabaltzeen edo murrizketen kalterik gabe, ondorengo hauek dira EAEn ezarrita dauden musika-irakaskuntzen goi mailako espezialitateak:
a) Musika klasikoaren eta garaikidearen tresnak: Akordeoia, Arpa, Kantua, Klarinetea, Kontrabaxua, Fagota, Zehar Flauta, Gitarra, Oboea, Organoa, Perkusioa, Pianoa, Saxofoia, Tronboia, Tronpa, Tronpeta, Tuba, Biola, Biolina eta Biolontxeloa.
b) Musika tradizionalaren eta herrikoiaren tresnak.
c) Konposizioa.
d) Pedagogia.
e) Zuzendaritza: Korua eta Orkestra.
f) Jazza".
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2007ko uztailaren 17an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,
JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.
RSS