Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

98. zk., 2007ko maiatzaren 23a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Herrizaingo Saila
2939

AGINDUA, 2007ko maiatzaren 16koa, Herrizaingo sailburuarena, babes zibileko boluntarioen elkarteei zuzendutako prestakuntza-jarduerak garatzeko, udalei eta bestelako toki-erakundeei ematen zaizkien diru-laguntzak arautu eta laguntza horiek eskatzeko deialdia egiten duena.

Herrizaingo Sailak azken urte hauetan larrialdietarako udal-planak egitera bultzatzen ditu udalak diru-laguntzak emanez, arrisku-egoeretan hartu beharreko neurriak eta burutu beharreko jarduerak ahalik eta gehien arrazionalizatzeko.

Plan horiek benetan ezartzeko, larrialdietarako udal-planean aurreikusitako giza baliabideen prestakuntza aldetik gaitasun bat beharrezkoa da. Horretaz jabeturik, sail hau azken urte hauetan parte hartzen ari da eginkizun horretan, larrialdietarako udal-planetan ezarritako babes zibileko zereginetan dihardutenen prestakuntza teknikoa indartuz.

Adierazitakoari jarraituz, eta indarrean dagoen lege-antolamenduak ematen dizkidan ahalmenez baliatuz, hauxe

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Euskal Autonomia Erkidegoko udalei eta bestelako toki-erakundeei babes zibileko boluntarioen elkarteei zuzendutako prestakuntza-jardueratarako diru-laguntzak ematea da deialdi honen xedea.

Horretarako 29.799 euro erabiliko dira gehienez.

2. artikulua.– Onuradunak.

1.– Babes zibileko boluntarioen elkarteak dauzkaten edo 2007. urtean eratzekotan dituzten Autonomia Erkidegoko udalak eta bestelako toki-erakundeak izan daitezke deialdi honetan araututako diru-laguntzen onuradun.

2.– Ezin dute deialdi honetan parte hartu diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearekin administratiboki edo penalki zigortuta dauden erakunde eskatzaileek, ez eta diru- laguntza horiek jasotzeko aukera kentzen dien legezko debekuarekin zigortutakoek ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrena urratuz sexu-diskriminazioa egitea barne.

3. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

1.– Diru-laguntzak emango dira udalek edo bestelako toki-erakundeek bultzatuta 2007ko abenduaren 20a baino lehen burutuko diren prestakuntza-jardueretarako, baldin eta eratuta edo 2007. urtean eratzekotan dauden babes zibileko boluntarioen elkarteetako kideak trebatzeko badira. Prestakuntza-jarduera horiek, batetik, herriaren berezko arriskuekin zerikusia izan beharko dute, eta bestetik, larrialdietarako udal-planen barnean sartuta dauden babes zibileko esku-hartzaileen gaitasun teknikoa bultzatu behar dute.

2.– Udal eta toki-erakundeetan babes zibilaren arloan lan egiten dutenek parte har dezakete prestakuntza-jarduera horietan, eta baita gai horietaz ikasteko interesa daukaten herriko bizilagunek ere, gerora babes zibileko boluntario-talde horietako partaide izan baitaitezke.

3.– Erakunde bakoitzaren esku dago ikasleak aukeratzea. Gutxienez 12 eta gehienez 30 laguneko taldeak osatzea komeni da; hala ere, ikastaroak gehienbat praktikoak direnez, ikasle-kopurua txikiagoa izan daiteke. Dena dela, taldeak 12 lagunetik beherakoak balira, diru-laguntzak kudeatzen dituen organoaren berariazko onespena beharko da.

4.– Udalak edo toki-erakundeak kontratatutako enpresa adituek edo esperientzia duten profesionalek emango dituzte ikastaroak. Kasu batean zein bestean, erakundeak zergak eta Gizarte Segurantza ordaindu izanaren egiaztagiria eskatu beharko die.

4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua.

1.– Agindu honetan aipatzen diren diru-laguntzak eskuratu nahi dituzten erakundeek Herrizaingo sailburuari zuzendutako idazki arrazoitua —alkateak edo toki-erakundeko lehendakariak izenpetua— aurkeztu beharko dute, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik kontatzen hasi eta hilabeteko epearen barruan, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Saileko Erregistro Nagusian, Donostia kaleko 1ean, Vitoria-Gasteizen, edo bestela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak adierazitako edozein lekutan.

2.– Idatzi horrekin batera honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

– Babes zibileko prestakuntza-jarduera edo ikastaroen azalpen zehatza: egitaraua, horren barruan helburuak, nori zuzenduak dauden, edukiak, erabilitako bitartekoak, egingo diren praktikak, eta zein ordu, toki eta egunetan burutuko diren; prestakuntza-jarduera horien aurrekontua, ezargarri zaizkien zerga guztiak barne; eta baita BEZa ere.

– Ikastaroak emateko aukeratutako profesionalen eta enpresen gaineko azalpen zehatza. Horretarako, ikastaroetako irakasleen curriculumak aurkeztuko dira.

– Udaleko edo toki-erakundeko idazkariak emandako ziurtagiria, babes zibileko boluntarioen elkartea eratuta dagoela dioena, edo eratzekotan dagoela dioen proiektuaren ziurtagiria. Bertan jasoko dira, halaber, elkarteko kideen helbide eta telefonoen zerrenda eguneratua, eta zeintzuk diren zuzendaritza-organoak eta arduradunak.

5. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko organoa.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen kudeatze-lanak egitea Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzari dagokio.

6. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako okerrak zuzentzea.

Eskabideak ez baditu betetzen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 70. artikuluan bildutako baldintzak edo 4.2 artikuluak exijitutako agiriren bat falta dela ikusten bada, Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzak hamar eguneko epea emango dio eskatzaileari akatsa zuzentzeko, eta, era berean adieraziko zaio akatsa ez badu konpontzen bere eskaera atzera botako dela, horretarako eman beharreko ebazpena eman ondoren.

7. artikulua.– Epaimahai kalifikatzailea.

Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko epaimahai kalifikatzaile bat osatuko da. Hona hemen zeintzuk izango diren kideak:

– Epaimahaiburua: Larrialdiei Aurregiteko zuzendaria.

– Epaimahaikideak: Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzako bi teknikari, Herrizaingo sailburuak izendatuak.

– Idazkaria: Herrizaingo Saileko Zerbitzu Zuzendaritzako teknikari bat, Herrizaingo sailburuak izendatua, hitza bai baina botorik izango ez duena.

Epaimahai horrek erabakiak gehiengo soilez hartuko ditu, diru-laguntzak esleitzeko irizpideetan oinarrituz, eta ebazpen-proposamena Herrizaingo sailburuordeari igorriko dio.

8. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak.

Emango diren diru-laguntzen ebazpen-proposamena egiteko, Epaimahai Kalifikatzaileak honako irizpide hauek izango ditu kontuan:

a) Prestakuntza-jardueren egokitasuna, kontuan izanda herriaren arriskugarritasun-maila, edukiak, norentzat diren eta praktikotasuna: % 50 gehienez ere.

b) LABI Euskadiko Babes Zibileko Planaren IV. kapituluaren 3. paragrafoan jasotako arriskuak kontuan hartzen dituzten prestakuntza-ekintzak:

– Uholdeak izateko arriskua.

– Arrisku kimikoa.

– Salgai arriskutsuen garraioa.

– Baso-suteak.

% 25 gehienez ere.

c) Prestakuntza-jardueren balio ekonomikoa: % 25 gehienez ere.

9. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen prestakuntza-orduen gehieneko zenbatekoak.

Prestakuntzako ordu bakoitzeko zenbateko hauek emango dira gehienez:

a) Prestakuntza teorikoko ordua: gehienez 60 euro.

b) Prestakuntza teoriko-praktikoko ordua: gehienez 90 euro.

c) Prestakuntza praktikoko ordua: gehienez 120 euro.

10. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntzekiko bateraezintasuna.

Beste erakunde publiko edo pribaturen batek esleitutako diru-laguntzak eta agindu honetan aipatzen direnak bateraezinak izango dira, helburu bera betetzeko badira.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak modu proportzionalean banatuko dira. Hortaz, 1. artikuluan aurreikusitako diru-kopurua puntuen arabera banatuko da: 8. artikuluan adierazten diren irizpideak aplikatuz, balorazio-fasean lortutako puntuen arabera, hain zuzen ere, betiere 9. artikuluan ezarritako gehieneko zenbatekoak errespetatuz.

2.– Eskabideak aurkezteko epea agortutakoan, hiru hilabeteko epearen barruan egingo du Herrizaingo sailburuordeak deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak emateko ebazpena, Epaimahai Kalifikatzaileak egindako proposamena ikusi ondoren. Ebazpena esleipendunei jakinaraziko zaie eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, jende guztia jakinaren gainean egon dadin.

3.– Epearen barruan ebazpenaren berri ematen duen jakinarazpenik jaso ezean, eskabidea ezetsitzat joko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

12. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetako diru-laguntzak jasotzen dituzten onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

1.– Esleitutako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hamabost eguneko epean entitate onuradunek ukoa idatziz eta espresuki adierazten ez badute, onartu egiten dutela ulertuko da.

2.– Diru-laguntza eman den helburu zehatzerako erabiltzea, non eta ez den 14. artikuluan ezarritakoa aplikagarri gertatzen.

3.– Diru-laguntza esleitzeko arrazoi izan ziren jarduera edo programak gauzatzea eta jarduera horien inguruan Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzak eskatutako informazio eta agiriak ematea. Bereziki jakinarazi beharko zaio posta edo faxez noiz burutuko diren jarduerak, egin baino 15 egun lehenago.

4.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari aurkeztea euren funtzioak betez deialdi honen ondorioz jasotako diru-laguntzei dagokienez eskatzen duten informazio oro.

13. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

1.– Diru-laguntza osoa batera ordainduko da, diruz lagundutako prestakuntza-jarduerak egindakoan eta esleipenerako arrazoitzat jo zen xedea betetzen dela egiaztatzen duten fakturak edo horien kopiak (udaleko edo toki-erakundeko idazkariak konpultsatuta) Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzan aurkeztu badira.

2.– Faktura horiekin batera, egindako prestakuntza-jardueraren txosten-memoria aurkeztuko da. Bertan, honakoak adierazi behar dira: parte-hartzaileen kopurua, datak eta ordutegia; edukiak bereganatu dituzten, zer-nolako praktika-aldiak egin dituzten, zer giro egon den, irakasle eta ikasleen arteko harremana nolakoa izan den; eta, azkenik, balorazio orokorra eta prestakuntza-saioak eman dituzten pertsonen eta enpresen balorazioa.

3.– Agiriak aurkezteko epea 2007ko abenduaren 26an amaituko da.

4.– Ordainketa bakarra egiteko, beharrezkoa izango da aurkeztutako agiriak aztertu ondoren Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzak egingo duen aldeko txostena.

14. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza esleitzeko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira —baldin eta deialdiaren xedea betetakotzat jotzen bada— edo deialdi honetan esleitutako diru-laguntzez gain beste edozein erakunde publiko zein pribatutik diru-laguntzak edo laguntzak jasotzen badira, diru-laguntzak ematen dituen ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, likidazio-ebazpena emango da eta, bertan, esleitutako diru-laguntzak moldatuko dira.

15. artikulua.– Ez betetzeak.

Laguntza emateko ezarri den baldintzetakoren bat bete ezean, jasotako kopuruak eta legezko interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoekin bat etorriz.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Administrazio-bideari amaiera ematen dion agindu honen aurka, erakunde interesdunek, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa ezarri ahal izango diote Herrizaingo sailburuari; horretarako, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epea izango dute. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, agindua aipaturiko aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita bi hilabeteko epean.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko maiatzaren 16a.

Herrizaingo sailburua,

JAVIER BALZA AGUILERA.


Azterketa dokumentala