Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

98. zk., 2007ko maiatzaren 23a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila
2933

76/2007 DEKRETUA, maiatzaren 8koa, Fusarium Circinatum Niremberg et O’donnell onddoak kaltetutako zonetatik datozen basoko produktuak bildu, garraiatu eta tratatzeko arauak ezartzen dituena.

Fusariuma txankro erretxinaduna eragiten duen onddoa da; gaixotasun horrek zuhaitzetan erretxina ugari agertzea dakar. Airetik zabaltzen da eta inausketa-zaurien nahiz eguraldi txarraren (esate baterako, txingorraren) ondorioz sortzen da. Onddo hau AEBak, Hegoafrika, Txile, Haiti edo Mexiko bezalako herrialdeetan agertu da eta, egun, Euskadin ere badago, Bizkaia eta Gipuzkoako zona jakin batzuetan. Pinus generoak onddo horrekiko oso sentikorrak direnez eta Euskadin espezie hori hain garrantzitsua denez (zuhaiztien % 70 hartzen du), behar-beharrezkoa da gaixotasuna kontrolatzeko premiazko neurriak hartzea.

Egoera horren aurrean, 2006ko ekainaren 9an Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak maiatzaren 26ko 637/2006 Errege Dekretua argitaratu zuen (BOE, 137. zk.), Fusarium Circinatum Nirember et O’donnell onddoa erauzi eta kontrolatzeko programa nazionala ezartzekoa.

Dekretu horren arabera, nahitaezkoa da basoetan prospekzio eta kontrol sistematikoak egitea, bai ikuskapenak eginda bai laborategietan aztertzeko laginak bilduta; orobat, beharrezkoa da urtean gutxienez azterlan bat egitea, "zona jakin batzuk" mugatzea eta, 6.1.c) artikuluaren arabera, basoetarako prebentzio-neurriak hartzea. 8. artikuluak dio autonomia-erkidegoek salbuespenak egin ahal izango dituztela neurri horiei dagokienez, betiere, baldintza jakin batzuk betetzen badira (horietako batzuk 8. artikulu horretan bertan daude). Beste neurri batzuk, ordea, Autonomia Erkidegoak berak finkatu beharko ditu eta, beraz, helburu horrekin, honako arau hau eman da, sektoreari eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetako foru-organoei kontsulta egin ondoren.

Hori dela bide, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuak proposaturik eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2007ko maiatzaren 8an egindako bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Dekretu honen helburua ustez kutsatuta dauden lehen transformazioko produktuak eta landare-jatorriko produktuak (aurrerantzean, basoko produktuak) bildu eta Fusarium Circinatum Niremberg et O’donnell onddoak kaltetutako zonatik (aurrerantzean, mugatutako zona) beste zona batzuetara garraiatzeko eta mugatutako zona horietatik lortutako zura tratatzeko bete behar diren baldintzak ezartzea da. Mugatutako zonatzat hartuko da antzemandako guneak eta segurtasun-zonak osatutakoa; azken honek gutxienez kilometro bateko zabalera izango du.

2. artikulua.– Jakinarazpena.

1.– Aldian-aldian egindako ikuskapen-lanen ondorioz gune bat antzematen bada, Foru Aldundiak Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saileko Berrikuntza eta Garapen Teknologikoko Zuzendaritzari jakinarazi behar dio eta honek, berriz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Nekazaritza Zuzendaritza Orokorrari.

3. artikulua.– Lekualdatzearen dokumentazioa eta kontrola.

1.– Mugatutako zonetatik datozen basoko produktu guztiei, maiatzaren 26ko 637/2006 Errege Dekretuak, Fusarium Circinatum Niremberg et O’donnell onddoa erauzi eta kontrolatzeko programa nazionala ezartzekoak, 8. artikuluan aipatutako dokumentazioaz gain, garraio-gida ere erantsi beharko zaie eta, bertan, gutxienez honako informazio hau bilduko da: jabea, mozketa egiteko baimenaren zenbakia, jatorrizko zona, basoa ustiatzeaz arduratzen den enpresaren datuak, garraio-enpresarenak eta, hurrengo artikuluetan ezarritakoaren arabera, aurretik baimena jaso duen enpresa hartzailearenak.

2.– Bai pasaporte fitosanitarioa bai garraio-gida interesdunen eskura jarriko dituzte Foru Aldundietako organo eskudunek.

3.– Eusko Jaurlaritzak, Herrizaingo Sailaren bidez, mugatutako zonatik datozen basoko produktuen garraioa kontrolatzeko sistema ezarriko du.

4.– Produktuak mugatutako zonatik gertuen dagoen zona geografikoan landuko dira. Produktuak arin landuko direla bermatzeko eta enpresa hartzaileen ekoizpen-ahalmenak kontuan izanda, irizpide hori malgutasunez aplikatuko da.

5.– Mugatutako zonan horretarako instalazio egokiak baldin badaude, zura eta lehen transformazioko produktuak behin zurari azala kendu eta 30 minutuz 56 ºC-ko tratamendu termikoa (edo material horretan onddoa suntsitu dela bermatzeko baliokidea den tratamendu-tasa) aplikatu ondoren irtengo dira.

6.– Basoko produktuak ezin badira mugatutako zonetan landu eta, ondorioz, beharrezkoa bada horiek beste lurralde historiko edo autonomia-erkidego batera eramatea, Berrikuntza eta Garapen Teknologikoko Zuzendaritzak, 8. artikuluan ezarritako sistema informatiko koordinatuaren bidez, mugatutako zonetatik datozen basoko produktuak lekuz aldatu direla jakinaraziko die foru-organoei eta organo autonomikoei. Era berean, gutxienez zazpi egun lehenago jakinaraziko die produktuak beren eremu geografikoan kokatutako transformazio-enpresetan sartuko direla.

4. artikulua.– Mugatutako zonetatik datozen basoko produktuak hartzeko baimenduta dauden enpresen erregistroa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko mugatutako zonetatik datozen basoko produktuak hartzen dituzten enpresen erregistroa sortu eta arautzen da.

2.– Erregistroa publikoa eta bakarra da Euskal Autonomia Erkidego osorako eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailera atxikita dago, Berrikuntza eta Garapen Teknologikoko Zuzendaritzaren menpe. Bertan, enpresa hartzaileak inskribatuko dira, betiere, dekretu honetan jasotako betekizunak betetzen badituzte eta Berrikuntza eta Garapen Teknologikoko zuzendariaren ebazpenaren bidez horretarako baimena jaso badute. Erregistroa Berrikuntza eta Garapen Teknologikoko Zuzendaritzako langileen esku egongo da eta zuzendaria izango da horren arduraduna eta hori zuzendu eta kudeatzeaz arduratuko dena.

3.– Inskribatuta dauden enpresek eguneratuta izan beharko dituzte erregistroko datuak eta gertatzen den edozein aldaketa horren arduradunari jakinaraziko diote, hori gertatu eta hamar eguneko epean. Horretarako, beharrezko agiri guztiak ekarriko dituzte. Baimendutako enpresen erregistroan egiten diren inskripzioak eta ezeztapenak Lurralde Historikoetako foru-organoei jakinaraziko zaizkie.

5. artikulua.– Enpresa hartzailearen baimen-eskaera.

1.– Fusarium Circinatum Niremberg et O’donnell onddoak mugatutako zonetatik datozen basoko produktuak jasotzen dituzten pertsona juridikoek (aurrerantzean, enpresa hartzaileak) xede horretarako sortutako erregistroan inskribatuta eta horretara baimenduta egon behar dute. Horretarako, beren eskaera, eranskin gisa jasotako ereduari jarraiki, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren Berrikuntza eta Garapen Teknologikoko Zuzendaritzara bidaliko dute eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren erregistroan aurkeztuko dute, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako lekuetakoren batean.

2.– Behin eskaera jasota eta ebazpena eman aurretik, Berrikuntza eta Garapen Teknologikoko Zuzendaritzako teknikariek beharrezkotzat jotzen diren egiaztapenak egingo dituzte, baita "in situ" ikustaldiak ere interesdunaren instalazioetara. Teknikari horiek txostena egingo dute eta, bertan, 7. artikuluan deskribatutako betebeharrak betetzeko bideragarritasuna aztertu eta funtzionamendu-protokoloa ezarriko da. Txostena enpresak berak sinatuta egongo da. Horren bidez, 7. artikuluan jasotakoa betetzeko prozesua deskribatuko da. Txosten horren kopia bana helaraziko zaie Foru Aldundietako organo eskudunei.

6. artikulua.– Baimena eman edo ukatzeko ebazpena.

1.– Baimena onartu edo ukatzeko ebazpena Berrikuntza eta Garapen Teknologikoko zuzendariak emango du eta gehienez ere hiru hilabeteko epean jakinaraziko da, eskabidea Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren Erregistroan sartzen denetik zenbatzen hasita. Epealdi horretan berariazko ebazpenik izan ezean, interesdunek eskabideak onetsi egin direla pentsatu ahal izango dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 43. artikuluaren arabera.

2.– Dekretu honetan ezarritako baldintzak eta betekizunak bete ezean, baimena kenduko da Berrikuntza eta Garapen Teknologikoko zuzendariaren ebazpenaren bidez.

7. artikulua.– Enpresa hartzaileen betekizunak eta betebeharrak.

Inskribatutako enpresa hartzaileek honakoak egin beharko dituzte:

a) Mugatutako zonetatik enpresara heltzen diren garraio-gida guztien kopia gorde.

b) Zur-parkeetan deskargarako berariazko eremua izan.

c) Zura deskarga-eremutik zerratze-eremura igarotzeko prozesua agiri bidez erregistratu.

d) Berrikuntza eta Garapen Teknologikoko Zuzendaritzako teknikariek basoko produktuen lanketari dagokionez egiten dituzten jarraipen-kontrolei men egin.

e) Mugatutako zonatik datozen produktuak albait arinen landu, enpresaren ekoizpen-ahalmenak aintzat hartuta, eta horiei lehentasuna eman enpresak landu ohi dituen basoko beste produktu batzuen aldean.

f) Instalazio egokiak izan eta zurari 30 minutuz 56 ºC-ko tratamendu termikoa (edo material horretan onddoa suntsitu dela bermatzeko baliokidea den tratamendu-tasa) aplikatu.

g) Zurak idortegietan ematen duen denboraren eta horietan dagoen tenperaturaren erregistroa egin.

h) Mugatutako zonetatik datorren lehortutako zuraren loteak identifikatu eta/edo, hala badagokio, baita bukaerako produktuak ere.

i) Mugatutako zonetatik datozen basoko produktuak lantzean sortutako azala erraustu egingo da eta ezingo zaio beste erabilerarik eman. Ahal bada, errausketa enpresaren instalazioetan egingo da. Halakorik izan ezean, kamioi itxian (olanaz edo beste baliabideren batez estalita) garraiatuko da zura baimendutako beste instalazio batera. Hau dekretu honetan ezarritakoa betez egingo da.

j) Kamioiak garbitzeko eremu bat izan. Kamioiak behin deskarga amaituta garbituko dira, airearekin; gurpilak, berriz, urarekin garbituko dira.

k) Zura aurreko ataletan ezarritakoaren arabera landu ondoren, enpresatik atera ahal izateko pasaporte fitosanitarioa jarriko zaio, Foru Aldundietako foru-organoek emana.

8. artikulua.– Informazio-sistema informatiko koordinatua.

1.– Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak informazio-sistema informatiko koordinatua ezarriko du Foru Aldundiekin eta beste autonomia-erkidego batzuekin, administrazio bakoitzak albait arinen jakin dezan, egoki irizten dituzten kontrolak eta jarraipenak egite aldera, garraioa beren lurraldetik egingo dela eta mugatutako zonetatik datozen basoko produktuek zein jatorri duten eta zein xede izango duten, produktuak landuak edo landugabeak izan.

2.– Dekretu hau garatzearen ondorioz datu pertsonalak tratatu behar izanez gero, hori Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoari jarraiki egingo da, baita lege horren garapen-arauetan ezarritakoari jarraiki ere, bereziki, datu pertsonalak dituzten fitxategi automatizatuetako segurtasun-neurrien erregelamendua onartzen duen ekainaren 11ko 994/1999 Errege Dekretuan.

9. artikulua.– Baso Osasuneko Batzordea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen eskumen-banaketa ikusita eta Fusarium Circinatum Niremberg et O’donnell onddoaren gaixotasuna erauztera bideratutako jardun guztiak koordinatze aldera, Baso Osasuneko Batzordea sortu da. Batzordea Foru Aldundietako bakoitzak izendatzen duen ordezkariak eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saileko Berrikuntza eta Garapen Teknologikoko zuzendariak osatuko dute, azken hau lehendakari gisa.

2.– Baso Osasuneko Batzordeak berak ezarriko ditu bere funtzionamendu-arauak. Nolanahi ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko II. tituluko II. kapituluan xedatutakoaren arabera jardungo du.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuari dekretu hau garatzeko eta aplikatzeko behar diren xedapenak emateko ahalmena eman zaio.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2007ko maiatzaren 8an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburua,

GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.

MAIATZAREN 8KO 76/2007 DEKRETUAREN ERANSKINA

	 enpresak,

	 jauna/andrea

ordezkari duela (NAN zk.: 	), honako ezaugarri hauek ditu:

1.–	ENPRESAREN DATUAK:

	Enpresaren izena:

	IFK:

	Herria:

	Lurralde-historikoa:

	Telefonoa:

	Faxa:

	Helbide elektronikoa:

2.–	JARDUERAREN TEKNIKARI ARDURADUNA:

	Izena:

	NAN:

	Telefonoa:

	Faxa:

	Helbide elektronikoa:

3.–	INSTALAZIOEN KOKAPENA:

	Izena:

	Helbidea:

	Herria:

	Lurralde-historikoa:

	Telefonoa:

	Faxa:

	Helbide elektronikoa:

4.–	JARDUERAREN DESKRIBAPENA:

	Enpresak adierazi du mugatutako zonetatik datozen basoko produktu hauek hartuko dituela:

	a)

	b)

	c)

	d)

	Enpresan basoko produktu horietatik ekoizten edo lantzen diren produktuak honako hauek dira:

	a)

	b)

	c)

	d)

Behin zurari azala kendu ondoren, 30 minutuz 56 ºC-ko tratamendu termikoa aplikatuko zaio, edo Fusarium Circinatum Niremberg et O’donnell onddoa suntsitu dela bermatzeko baliokidea den tratamendu-tasa.

Mugatutako zonetatik datozen basoko produktuak hartzeko baimenduta dauden enpresen erregistroan inskribatzeko eskatu du. Erregistro hori maiatzaren 8ko 76/2007 Dekretuak sortu du, Fusarium Circinatum Niremberg et O’donnell onddoak kaltetutako zonetatik datozen basoko produktuak bildu, garraiatu eta tratatzeko arauak ezartzen dituenak.

Enpresak hamar eguneko epea izango du Berrikuntza eta Garapen Teknologikoko Zuzendaritzari instalazioetan edo jardueretan egindako aldaketen berri emateko, baita erregistroan jasota dauden datuak aldatzea dakarren beste edozein aldaketaren berri ere.

Halaber adierazi du behar bezala beteko dituela Eusko Jaurlaritzaren Berrikuntza eta Garapen Teknologikoko Zuzendaritzak egindako funtzionamendu-protokoloan aurreikusitako eskakizunak eta, beraz, protokoloan jasotako eskakizun guztiak beteko direla bermatu du (protokoloa eranskin gisa aurkeztu da, alde guztietan sinatuta).

Enpresak esan du erraztasunak emango dituela Berrikuntza eta Garapen Teknologikoko Zuzendaritzak egin beharreko ikuskapenak egiteko; horiek aurretik ohartarazpenik egin gabe izan ahalko dira, honakoak kontrolatze aldera:

– Instalazioek aipatu protokoloan aurreikusitako baldintzak betetzen dituztela.

– Funtzionamendu-protokoloan aurreikusitako eskakizunak betetzen direla, bereziki, fitosanitarioak.

Gainera, enpresak hartutako konpromisoak betetzen direla egiaztatzeko eskatzen zaion dokumentazio guztia ekarriko du.

...................(e)n, ....(e)ko ............ aren (e)(a)n.
Izpta.:

ENPRESAREN LEGEZKO ORDEZKARIA


Azterketa dokumentala