
60. zk., 2007ko martxoaren 26a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Garraio eta Herri Lan Saila
1835
EBAZPENA, 2007ko otsailaren 23koa, Portu eta Itsas Gaietako zuzendariarena, Donostia-San Sebastiángo portuko aparkaleku-zerbitzua arautzen duena.
Garraio eta Herri Lan sailburuaren 2006ko irailaren 6ko Agindu bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren portuetako zerbitzu aldeetan ibilgailuak aparkatzeko portu-zerbitzua arautu zen.
Agindu horren 2.1 artikuluak ezartzen du portu bakoitzeko egoerak hala eskatzen badu, portuko aparkaleku-zerbitzua ere arautu egingo dela, Portu eta Itsas Gaietako zuzendariaren ebazpen bidez.
Aginduaren 2.2 artikuluan, berriz, aurreko idatz-zatian jasotako ondorioetarako, aparkaleku-zerbitzua udaldirako arautuko dela ezartzen da.
Hala eta guztiz ere, aginduaren 2.3 artikuluak ezartzen du, Portu eta Itsas Gaietako zuzendariak urteko beste sasoi batzuetarako eta egoki den eperako arautu ahal izango duela aparkaleku-zerbitzua, baldin eta horretarako nahiko arrazoi badago.
Donostia-San Sebastiángo portuak arazo bereziak ditu eta horregatik beharrezkoa da aparkaleku-zerbitzua arautzea. Portu horretan portu-jarduerekin lotutako lanak egiten dituzten hainbat talde dago, ibilgailua uzteko lekua behar dutenak, hala nola, arrantzaleak eta portuko emakidaren bat dutenak. Baina badira beste talde batzuk, portuko jarduerekin zerikusi zuzena ez izan arren, aparkaleku beharra dutenak. Horien artean, ditugu, besteak beste, hiriaren barruan beste leku batean aparkatzeko lekua erraztu ez zaien portuko egoiliarrak eta kirol-klubak, zeinak portu-jarduerekin zuzenean lotuta ez egon arren, aparkalekua behar duten, beren kirolaren abiapuntua Donostia-San Sebastiángo portua den aldetik.
Beraz, Portu eta Itsas Gaietako zuzendariak, Garraio eta Herri Lan Sailaren egitura organikoa eta egitekoak finkatzen dituen urtarrilaren 15eko 20/2002 Dekretuak emandako eskumenak erabiliz,
EBATZI DU:
Lehenengoa.– Helburua.
Ebazpen honen helburua da Donostia-San Sebastiángo portuan aparkaleku-zerbitzua arautzea.
Bigarrena.– Subjektuak.
Ibilgailua Donostia-San Sebastiángo portuaren barruan ebazpen honen hirugarren atalean zehaztutako aparkaleku-plazetan aparkatzen duten guztiek bete beharko dute arau hau.
Ebazpen honen gai diren aparkalekuak batez ere portu-jarduerekin lotutako taldeentzat izango dira, hau da, arrantzale eta emakidadunentzat. Hala eta guztiz ere, kontuan izanik talde horien beharrak ase ondoren ere hainbat plaza libre geratzen dela, egoiliarrei eta Acubaco taldeko kideei ere baimena eman ahal zaie ibilgailua aparkatzeko, nahiz eta portu-jarduerekin loturik ez izan, portu-jarduerekin bateragarri delako eta horiek ere Donostia-San Sebastiángo portuan aparkatzeko plaza baten premia dutela onartzen delako; egoiliarren kasuan portu barruan daudenez, ez zaielako beste aparkaleku-plazarik erraztu Donostian, eta Acubacokoei dagokienean, egiten duten kirolak Donostia-San Sebastiángo portuan duelako abiapuntua.
Hirugarrena.– Aplikazio-eremua.
Ebazpen honen aplikazio-eremuak Donostia-San Sebastiángo portuan erdiko kaian eta Lastako kaian dauden aparkatzeko leku guztiak hartuko du bere baitan, Euskadiko Kirol Portua sozietate publikoak kudeatzen dituenak izan ezik.
Laugarrena.– Zerbitzua emateko modua eta iraupena.
Arau honen gai den zerbitzua portuko Administrazioak kudeatuko du zuzenean eta ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera 10 urteko iraupena izango du.
Bosgarrena.– Aparkaleku barruko banaketa.
Donostia-San Sebastiángo portuan dauden 63 aparkaleku-plazak honela banatutako dira:
– 22 plaza, Donostia-San Sebastiángo portuko emakidadunentzat eta egoiliarrentzat.
– 24 plaza, arrantzaleentzat.
– 8 plaza, Acubaco elkartearentzat.
– 9 plaza, zamalanetarako.
Seigarrena.– Aparkalekuaren erabilera-araubidea.
Aurreko atalean aipatutako edozein lekutan aparkatzeko, talde bakoitzarentzat ezarritako baldintza bereziak betetzeaz gainera, honako baldintza orokor hauek ere bete beharko dira:
– Aparkatu beharreko ibilgailuak hiru mila eta bostehun kilo baino gutxiagoko gehieneko pisu baimendua izango du, eta neurriei dagokienean, 2,40 m zabal eta 6,50 m luze izango du.
– Ibilgailua urteko egun guztietan eta edozein ordutan aparkatu ahal izango da. Baina jakina, talde bakoitzarentzat iraupenari dagokionean ezarritako mugak errespetatu beharko dira, eta gainera, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak hainbat egoeratan, salbuespen gisa, ebazpen honen gai diren aparkaleku-plazak lehentasuna duten beste portu-erabilera batzuetarako baliatzeko eskubidea izango du.
– Donostia-San Sebastiángo portuan aparkatzeko, erabiltzaileek aparkatzeko txartela eta sarrera-txartela eskuratu beharko dituzte.
– Eskatzaile bakoitzeko aparkatze-txartel bana eta sarrera-txartel bana besterik ez da emango. Horiekin batera, plano bat emango zaie erabiltzaileei, taldearen arabera, zein aldetan aparkatu dezaketen jakiteko.
– Aparkatze-txartela ibilgailuaren aurreko beiraren barruko aldetik jarriko da, kanpotik erraz ikusteko moduan.
– Aparkatze-txartelak urtebeteko indarraldia izango du, urte naturalarekin bat, hasi urtarrilaren 1ean eta abenduaren 31ra arte; eta berritu nahi izanez gero, urriaren 15etik 30era bitartean eskatu beharko du interesdunak. Lehenengo aldiz eskatzeko berriz, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta 15 egun naturaleko epea utziko da. Eskabide-orriarekin batera, kasu bakoitzerako ezarritako agiriak aurkeztu beharko dira.
– Aparkaleku-plaza erabiltzeko eskatutako baldintzaren bat betetzeari utziz gero, sarrera-txartela baliogabetu egingo da, eta kasu horretan interesdunak entregatu egin beharko ditu bai aparkatze-txartela, bai sarrera-txartela Gipuzkoako Portuen Lurralde Zerbitzuan.
– Bete beharreko baldintzei buruz egoera berriren bat sortuz gero, Gipuzkoako Portuen Lurralde Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aldaketa gertatu eta 15 eguneko epean, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak, egoera berria kontuan hartu ondoren, aparkatze-txartela eta sarrera-txartela kendu behar dion ala ez erabakitzeko.
– Aparkatze-txartelaren eta sarrera-txartelaren titularra izango da agiri horien erabileraren erantzule. Sarrera-txartela galduz gero, titularrak berria eskuratu ahal izango du, baina galdu egin duela zin egin beharko du idatziz, eta gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren tasa eta prezio publikoei buruzko maiatzaren 29ko 13/1998 Legearen 171.9.2 artikuluaren arabera indarrean dauden diru-kopuruak ordaindu beharko ditu.
Zazpigarrena.– Donostia-San Sebastiángo portuko emakidadunak eta egoiliarrak.
a) Egoiliarrentzat gordetako lekuan aparkatu ahal izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:
1.– Bizilekua Donostia-San Sebastiángo kaiko pasealekuan edukitzea, izatez eta era iraunkorrean.
2.– Ibilgailua, Donostia-San Sebastiángo Kaiko pasealekuko etxebizitza baten jabe edo maizter den pertsona fisiko batena izatea, edo bestela, pertsona horren odol-ahaidetasunezko lehenengo mailako ondorengo batena, ezkontidearena edo izatezko bikotekidearena (dagokion Erregistro Publikoan hala jasota egon beharko du). Txartela eskatzeko edo berritzeko eskabidea aurkeztekoan gutxienez urtebete eraman beharko du, inolako etenik gabe, etxebizitza horretan erroldaturik.
Eskatzaileak ez du epe hori bete beharko, baldin eta etxebizitza urte horretan erosi edo alokatu badu. Hala bada, errolda-ziurtagiriarekin batera etxearen salerosketa eskritura edo errentan hartzeko kontratua aurkeztu beharko ditu. Errentan hartutako etxebizitzen kasuan, kontratuak urtebete baino gehiagorako behar du izan.
Atal honen lehenengo paragrafoko egoerei dagokienean, etxebizitzaren jabearekiko edo maizterrarekiko ahaidetasun-harremana egiaztatzeko, familia-liburua edo ezkondu gabeko bikote egonkorren Erregistroak egindako ziurtagiria aurkeztu beharko du eskatzaileak.
Gainera, ez da derrigorrezkoa izango eskatzailea ibilgailuaren jabe izatea, baldin eta:
– Eskatzaileak errentamendu finantzarioko kontratu baten bidez eskuratu badu ibilgailua, jabetzan beste ibilgailurik ez badu eta ibilgailu horren aseguruan ohiko gidari gisa ageri bada. Kasu horretan, bosgarren atalean eskatutako agiriez aparte, ibilgailuaren errentamendu finantzarioko kontratua aurkeztu beharko du.
– Ibilgailua lan egiten duen enpresak utzi badio ere lortu ahal izango ditu aparkatze-txartela eta sarrera-txartela, baldin eta bere jabetzako ibilgailurik ez badu, enpresak utzitako ibilgailu hori berak bakarrik erabiltzekoa bada, laneko orduetatik kanpo erabiltzeko baimena badu, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Aitorpenaren ondorioetarako espezietan ordaindutakoen artean jaso bada eta ibilgailuaren aseguruan ohiko gidari gisa ageri bada. Kasu horretan, artikulu honen bosgarren atalean adierazitako agiriez aparte, enpresak emandako agiri bat aurkeztu beharko du, honako hauek esaten dituena: ibilgailuaren erabiltzaile bakarra eskatzailea dela, ibilgailua laneko orduetatik kanpo erabiltzeko baimena duela, eta ibilgailua, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Aitorpenaren ondorioetarako, espezietan ordaindutakotzat jotzen dela. Ibilgailu hori errentamendu finantzarioan eskuratu badu enpresak, errentamenduaren kontratua ere aurkeztu beharko da.
Bi kasu horietan eskatzaileak artikuluan adierazitako eskakizun guzti-guztiak bete beharko ditu, ibilgailuaren jabe izatearena izan ezik.
3.– Ibilgailuaren jabea baimena lortu nahi duen ibilgailuaren ohiko gidaria izatea.
Berdin-berdin onartuko da ohiko gidari gisa (gidabaimena duena), titularraren ezkontidea, izatezko bikotekidea (Erregistro Publikoaren ziurtagiri bidez egiaztatzekoa) edo odol-bidezko ahaidetasunean lehenengo mailako ondorengo bat azaltzea. Kasu horretan, aparkatze-txartela eta sarrera-txartela eskuratzeko biek (jabeak eta ohiko gidariak) etxebizitza berean egon beharko dute erroldatuta.
Era berean onartuko da ohiko gidaria ibilgailuaren jabea bera ez izatea, baldin eta ibilgailuaren jabea ezindua bada eta gidabaimenik ez badu eta, bietako bat, edo aurreko paragrafoan ezarritako ahaidetasun eta erroldari buruzko eskakizunak betetzen baditu, edo, hala ez izan arren, honakoak aurkezten baditu: medikuaren ziurtagiria -titularrak etengabeko laguntza behar duela esaten duena–, ibilgailuaren jabearen elbarritasun-ziurtagiria eta harekin lotzen duen lan-kontratua.
Gainera, aurreko bi paragrafoetan adierazitako egoeretan, ahaidetasun-harremana egiaztatzeko, eskatzaileak ibilgailuaren jabearen eta gidariaren errolda-ziurtagiria eta familia-liburua edo ezkondu gabeko bikote egonkorren Erregistroaren ziurtagiria aurkeztu beharko ditu, eskabidearekin batera.
4.– Udalaren aparkaleku-plazarik ez izatea emakida moduan ez eta egoiliarrentzako TAO txartela, Donostia-San Sebastiángo portutik gertu (1. eremua).
5.– Aurreko ataletan adierazitako datuak egiaztatzeko, interesdunek eskabide-orriarekin batera honako agiri hauek (jatorrizkoa eta fotokopia) aurkeztu beharko dituzte Gipuzkoako Portuen Lurralde Ordezakaritzan:
– Eskatzailearen NANa, indarrean.
– Gidabaimena, indarrean.
– Aparkatu nahi den ibilgailuaren zirkulazioko baimena.
– Ibilgailuaren aseguruaren poliza eta azken errezibua
– Etxebizitzaren jabea dela edo maizter dagoela egiaztatzeko agiria.
– Errolda-ziurtagiria.
Atal honetan eskatutako agiriez gain, ebazpen honetan jasotako egoera bakoitzerako kasuan kasuko atalean eskatutakoak aurkeztu beharko dira.
Ebazpen honetan berariaz aurreikusitako kasuetan izan ezik, agirietan datorren helbideak bat etorri beharko du eskabide-orrikoarekin eta ibilgailuaren dokumentazio guztiak eskatzailearen izenean egon beharko du.
6.– Nolanahi ere den, etxebizitza bakoitzeko gehienez ere bi aparkaleku-txartel emango dira.
b) Emakidadunentzat gordetako lekuan aparkatu ahal izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:
1.– Donostiako portuarekin erlazionaturiko jarduera bat burutzen duen lokal edo zerbitzuaren emakidadun izatea.
2.– Hori egiaztatu ahal izateko, interesdunek eskabide-orriarekin batera honako agiri hauek (jatorrizkoa eta fotokopia) aurkeztu beharko dituzte Gipuzkoako Portuen Lurralde Ordezkaritzan:
– Eskatzailearen NANa, indarrean.
– Emakidadunaren IFK.
– Emakidari dagokion kanonaren ordainketan zorrik ez izatea.
– Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan ordainketan egunean dituela egiaztatzen duen agiria.
– Gidabaimena, indarrean.
– Aparkatu nahi den ibilgailuaren zirkulazioko baimena.
– Ibilgailuaren aseguruaren poliza eta azken errezibua.
– Emakidaren titularraren idatzizko adierazpena, aparkatze-txartela eta sarrera-txartela nork erabiliko dituen azalduko duena (baldin eta eskatzailea emakidaren titular ez bada).
Ibilgailuaren dokumentazio guztiak eskatzailearen izenean egon beharko du.
Emakidadunek, haientzat gordetako lekuan utzi ahal izango dute ibilgailua, betiere daukaten emakidarekin zerikusi zuzena duen lanen batean ari badira, eta beraz, jarduera hori burutzen duten bitartean soilik.
Edonola ere, emakida bakoitzeko gehienez ere aparkatze-txartel bat emango da.
Zortzigarrena.– Donostia-San Sebastiángo portuko arrantzaleak.
Arrantzaleentzat gordetako lekuan aparkatu ahal izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:
1.– Egoitza nagusia Donostiako portuan (Arrantzaleen Kofradia) duen itsasontzietako bateko ontziratzeko txartela duen arrantzale izatea eta helbidea Donostiatik kanpo edukitzea edo, Donostian bizi arren, ez izatea Donostiako 01 eremuko egoiliarrentzako TAO txartelik ibilgailu horrentzat edo udalaren aparkaleku-plazarik ez izatea emakida moduan.
2.– Hori egiaztatu ahal izateko, interesdunek eskabide-orriarekin batera honako agiri hauek (jatorrizkoa eta fotokopia) aurkeztu beharko dituzte Gipuzkoako Portuen Lurralde Ordezkaritzan:
– Eskatzailearen NANa, indarrean.
– Erroldatze-ziurtagiria.
– Eskatzailearen ontziratzeko txartela edo horri buruzko Donostiako Arrantzaleen Kofradiaren ziurtagiria.
– Gidabaimena, indarrean.
– Aparkatu nahi den ibilgailuaren zirkulazioko baimena.
– Ibilgailuaren aseguruaren poliza eta azken errezibua.
Egoitza Donostia-San Sebastiángo portuan (Arrantzaleen Kofradia) duten ontzietako arrantzaleek haientzat gordetako aldean aparkatu ahal izango dute, betiere, aparkatze-txartela eta sarrera-txartela badute eta ibilgailuaren titularra dagokion arrantza-ontzian badago, eskifaiako kide gisa, arrantza-ontziko jarduerarekin zerikusia duen beste zerbaitetan ari bada edo ontzirako lanen batean ari bada eta ibilgailua laguntza tekniko horretarako bada. Jarduera edo lan horiek irauten duten bitartean soilik izan ahalko du ibilgailua hor aparkatuta.
Arrantza-ontzi bakoitzeko laguntza teknikoa emateko ibilgailu bakar bat izango da. Laguntza teknikorako hautatutako ibilgailua zein den egiaztatzeko, Donostia-San Sebastiángo Karmengo Ama Arrantzaleen Kofradiak aitorpen bat egin beharko du idatziz, eta agiri hori eskabide-orriarekin batera aurkeztu beharko da.
4.– Sarrera-txartela eta aparkatze-txartela duten auzoko eta emakidadunek, haientzat gordetako aldeko aparkaleku-plazak ez ezik, arrantzaleentzat gordetakoetan ere aparkatu ahal izango dute, baldin eta ordutegiagatik, argi badago talde horrek ez dituela plaza horiek behar eta leku librerik badago.
Bederatzigarrena.– Acubaco, Kontxako Badiako kluben elkartea.
Acubacoko kideentzat gordetako lekuan aparkatu ahal izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:
1.– Acubaco osatzen duten klubetako batekoa izatea.
Ezinbestekoa izango da kluba Acubaco elkartekoa izatea, eta gainera, kirol-jarduerarako irteera Donostia-San Sebastiángo portuan izatea.
2.– Federatuta egotea.
Hori egiaztatu ahal izateko, interesdunek eskabide-orriarekin batera honako agiri hauek (jatorrizkoa eta fotokopia) aurkeztu beharko dituzte Gipuzkoako Portuen Lurralde Ordezkaritzan:
– Eskatzailearen NANa, indarrean.
– Federazioko txartela.
– Kluba Acubaco elkartekoa dela eta gainera goian aipatutako eskakizunak betetzen dituela frogatzen duen egiaztagiria.
– Gidabaimena, indarrean.
– Aparkatu nahi den ibilgailuaren zirkulazioko baimena.
– Ibilgailuaren aseguruaren poliza eta azken errezibua.
Ibilgailuaren dokumentazio guztiak eskatzailearen izenean egon beharko du.
Acubaco taldekoek aipatutako plazetan aparkatu ahal izango dute soilik, eta titularra kasuan kasuko federazioko kirolean ari den bitartean gainera.
Jarduera edo lan horiek irauten duten bitartean soilik izan ahalko du ibilgailua hor aparkatuta.
Hamargarrena.– Erdiko kaiko zamalanetarako aldea.
Donostia-San Sebastiángo portuko zamalanetako eremua arrantzako tresnen zamalanak egiteko erabiliko da batik bat. Nolanahi ere, portura sartu beharra daukaten banaketa-kamioiek posible izango dute ordu erdiz aparkatzea, eta lan zehatzak egin ahal izateko portura sartu beharra daukatenek behar adina denbora utzi ahal izango dute ibilgailua, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak horretarako baimena eman ondoren.
Horrelakoetan ez da, ez aparkatze-txartelik, ez sarrera-txartelik emango; aski izango da sarrera-gunean identifikatzea eta, kasuaren arabera, baimena erakustea.
Hamaikagarrena.– Portuko sarreran ibilgailuen sarrera-irteerak, eta aparkatze- eta sarrera-txartelen erabilera kontrolatzeko zentro bat izango da. Gainera, aparkaleku-plazak behar bezala erabiltzen direla ikusteko behar diren egiaztapenak egingo dira.
Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak eskubidea izango du aparkatze-txartela dutenei beste edozein agiri eskatzeko edota aurkeztutako datuak benetakoak direla ofizioz egiaztatzeko. Egiaztapen horietan ikusten bada, aparkatze-txartelaren titularrak iruzur egin duela edo hura eskuratzeko aurkeztu dituen datuak faltsuak direla, aparkatze-txartela kentzeko espedientea abiaraziko da, kasuan kasuko zehatzeko espedientea irekitzeko aukera alde batera utzi gabe. Burutzen diren jarduketen ondorioz, zigor arloko egintza ez-zilegi baten zantzuak azaleratzen badira, organo eskudunari bidaliko zaizkio jarduketa horiek.
Hamabigarrena.– Portu-eremuan sartzeko ezinbestekoa izango da identifikazio-txartela edo bideo-atezaina erabiltzea.
Hamahirugarrena.– Ez dago baimenik norberari ez dagokion eremura sartzeko eta aparkatzeko. Norbere taldeari dagokion eremuan leku librerik ez badago, ebazpen honen 7.4 artikuluan jasotako kasuetan izan ezik, portutik kanpo utzi beharko da ibilgailua.
Hamalaugarrena.– Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak ikusten badu behin eta berriro (hiru aldiz) aparkalekuko sarrera edota plazari buruzko baldintzaren bat ez dela betetzen, aparkatze-txartela eta sarrera-txartela kentzeko espedientea abiarazi, eta ofizioz kendu eta baliogabetu ahal izango du sarrera-txartela.
Hamabosgarrena.– Baimen-eskaria aurkeztu eta aurkeztutako agiriak aztertu ondoren, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak aparkatze-txartela eta sarrera-txartela eman ala ez erabakiko du. Ematea erabakitzen badu, eskuratzeko lehenengo dagokion tarifaren likidazioa ordaindu beharko du eskatzaileak.
Aparkatze-txartela eta sarrera-txartela eskuratzen dutenek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren tasa eta prezio publikoei buruzko maiatzaren 29ko 13/1998 Legearen 171.9.2 artikuluan aparkaleku-zerbitzuagatik ezarritako diru kopurua ordaindu beharko dute, "T-9 Hainbat zerbitzu" kontzeptu gisa. Diru kopuru hori urtero eguneratuko da tarifa horri dagokion araudiaren arabera, eta likidazioan aurreikusiko den eran ordaindu beharko da.
Gainera, aparkatze- eta sarrera-txartelaren titularrak "T-9 Hainbat zerbitzu" tarifaren beste kontzeptuengatik dagozkionak ere ordaindu beharko ditu.
Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Garraio eta Herri Lan sailburuordeari ebazpena argitaratu eta hilabeteko epean.
Vitoria-Gasteiz, 2007ko otsailaren 23a.
Portu eta Itsas Gaietako zuzendaria,
JOSEBA ANDONI IDOIAGA URIBE.
RSS