
60. zk., 2007ko martxoaren 26a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
1834
EBAZPENA, 2007ko otsailaren 10ekoa, Ingurumen sailburuordearena, Irunen 1.1.02 Araso Norte esparrua urbanizatzeko Proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpena egiteko dena.
Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, I. eranskineko B) atalean agertzen diren proiektuak ingurumenaren gaineko eragina banaka ebaluatzeko jardunbide baten menpe egongo dira eta jardunbide horri amaiera emateko ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpena egin beharko da, betiere proiektu horiek egiteko edo, hala badagokie, baimentzeko hartzen den administrazio ebazpenaren aurretik.
Irunen 1.1.02 Araso Norte esparrua eremua urbanizatzeko proiektua onartzeko prozedura hasita, eta bai Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legean xedatutakoa, bai ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretuan eta hori garatzeko araudia onartu duen irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuan xedatutakoa aplikatuz, besteak beste, proiektu horrekin zerikusia duten eta jarraian jasotzen diren izapideak gauzatu dira:
– Aurre kontsultei buruzko izapidea. 2004ko otsailaren 2an Sprilur sozietateak Ingurumen Sailburuordetzari eskatu zion erreferentziako proiektuaren ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeari buruzko kontsulten izapideei ekiteko. Horretarako, proiektuaren memoria-laburpena aurkeztu zuen. Izapidetze hori jasota dago, irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuaren, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua gauzatzeko araudia onartzen duenaren, 13. artikuluan eta ondorengoetan. Behin Ingurumen Sailburuordetzak 2004ko ekainaren 15ean aurretiazko txostena bidali eta gero izapidetzea bukatu zen.
– Jendaurrean jartzeko izapidea. Proiektua bera eta ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlana jendaurrean jarri ziren (2006ko uztailaren 4ko 126. zenbakiko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala).
– Espedientea bidaltzea. Irungo udalak espedientea bidali zuen Ingurumen Sailburuordetzara, aipatutako irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuaren 16. artikuluan ezarritakoa betez. 2007ko urtarrilaren 10ean ingurumen-organoak egindako eskakizunak betez, espedientearen dokumentazioa osatu zen.
Erreferentziazko proiektuaren espedientean dauden txostenak eta dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterketa zuzena dela, eta indarrean dagoen araudian aurreikusten diren alderdiei egokitzen zaiela aintzat hartuta, Ingurumen Sailburuordetzak, Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Adierazpena emateko eskumena duen organoa izanik eta Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuaren arabera, ondokoa
EBATZI DUT:
1.– Irunen 1.1.02 Araso Norte esparrua urbanizatzeko proiektuaren Ingurumenaren gaineko Eraginari Buruzko aldeko Adierazpena egitea.
2.– Honako baldintza hauek ezartzea proiektua burutzeko; baldintzok lotesleak dira Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraiki.
2.A.– Proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztutako agirietan jasotakoaren arabera eta berariaz ebazpen honetan finkatutako zehaztapenen arabera gauzatu beharko da proiektua.
Espediente honek ingurumenaren gainean duen eraginaren ebaluazioa egiteko prozeduran kontuan izan dira aldez aurretik, saneamendurako, uraren hornidurarako, telekomunikazioak, argiztatzea eta gasaren sareak eraikitzeak ingurumenean izan dezakeen eragina; baita Txingudi merkataritza-zentroa lotzeko biribilgunetik poligonora sartzeko bideak ere. Lan horiek guztiak beharrezkoak dira industria-urbanizazioak behar bezala funtziona dezan, eta berez dagozkionak. Prozedura honetan aurreikusitako trazadurak, lurzorua hartzea eta lanen ezaugarri orokorrak egokiak ote diren aztertu da. Ostera, ez dira aztertu eraikuntzaren alderdi xehatuak; horiek burutzapen-proiektuetan agertu beharko dute.
Aplikatuko dituzten baimendu beharreko prozedura espezifikoen eta, badagokie, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioen prozeduren emaitza kaltetu gabe, aurreko paragrafoan aipatutako azpiegiturak burutzeko behar dituzten dokumentu teknikoen barne sartu beharko dituzte ingurumenaren gaineko eraginak zuzentzeko behar diren neurriak. Kasu guztietan, obrako zonara sarrerak eta pistak egiteak kaltetutako espazioak ingurumen-arloan leheneratzeko neurriak adierazi beharko dituzte.
2.B.– Proiektua zabaldu edo aldatzen bada, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorraren 50. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
Aurreko guztia kaltetu gabe, 5. lurzatiko erabileraren erregimena dela eta, trenbideak erabiliko duena, plataforma intermodalaren diseinurako beharrezkoak diren espazio-baldintzak ez dituen edozein aldaketa egin nahi izan eta aldaketa horrek industrialdearen antolamendu desberdina eskatzen badu, kontuan izan beharko da Eusko Jaurlaritzako Uren Zuzendaritzak urbanizazio-proiektu honen gainean 2006ko irailaren 7an egindako txostena. Txosten hori espedienteari erantsi zaio. Egoera horretan eta aipatutako txostena gogoan, industrialdearen antolamendua berregituratzeko, 5. lurzati horretan eragingo den eremuan orain dauden ibai-ibilgu publikoak errespetatu beharko dira.
Edozein modutan, aipatutako aldaketak burutuko balira, aldez aurretik jabari publiko hidraulikoaren kudeaketaren arloko organo eskudunaren baimena beharko da.
2.C.– Babes neurriak eta neurri zuzentzaileak.
Neurri babesle eta zuzentzaileak egitasmoaren promotoreak ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko aurkeztu zituen agirietan jasotakoaren arabera gauzatuko dira. Era horretan, neurri hauek hartzeak, batetik, eta kontrolerako esleitutako pertsonalak, bestetik, azterketan ezarritako eta ingurumenaren gaineko eraginaren aitorpen honetan ezarritako kalitate-helburuak bermatu ahal izango dituzte. Ondorengo idatz-zatietan adierazitako neurriak gehitu beharko dituzte.
Neurri hauek guztiak, obra kontratatzeko baldintzetan sartu beharko dira eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua izan beharko dute.
2.c.1.– Ondare naturala babesteko neurriak.
Gipuzkoako mendien ustiaketa eta erabilera arautzen dituen Gipuzkoako Mendiei buruzko urriaren 20ko 7/2006 Foru Arauan, eta Gipuzkoako florako zenbait espezie babesten dituen urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretuan jasotako baldintzak betetzeaz gainera, honako neurri hauek bete beharko dira:
2.c.1.1.– Lurzorua atzematea eragiten duten obrak, eta bai obron eragiketa osagarri guztiak ere, proiektuaren mugen barruan landuko dira. Arestion aipatu diren mugetatik at ahalik eta gehien murriztuko da makineriaren eta obrako ibilgailuen zirkulazioa.
Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatuko balitz, zuzentzeko eta leheneratzeko neurri egokiak aplikatuko lirateke, ebazpen honetako 2.c.9 idatz-zatian ezarritako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.
2.c.1.2- Obra-sarbideak, makineria-parkea, materialak biltzeko eta lur begetala aldi baterako metatzeko guneak, indusketako lurren eta hondakinen aldi baterako metaketak, ingurumenaren gainean ahalik eta eragin txikiena sortzeko irizpideari jarraituz proiektatuko dira. Obrak hasi aurretik, alderdi horiek zehazki mugatuko dira xehetasunezko kartografian. Mugaketa hori Obraren Zuzendaritzak onetsi beharko du, ebazpen honen 2.c.9 idatz-zatian aipatu den ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.
Obretako makineria-parke bezala erabiltzeko azalera eta makineria horren mantentze-lanetarako zona, drainatze naturaleko saretik bereiziko dira. Zolata iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema izango ditu, olio eta erregaiek lurzorua eta urak kutsa ez ditzaten. Erregaien karga eta deskarga, olio-aldaketa eta aipatutakoa ez den zonatan egiteko lantegi-lanak debekatuko dituzte.
Kontratistaren instalazio-eremuak kontratistak berak egokitu beharko ditu, bertan burutu nahi dituzten jarduerek ingurumenaren gainean izango duten eragina murriztu ahal izateko.
2.c.1.3.– Poligonoa urbanizatzeko lanen planean, eta sarbide eta pista berriak egiterakoan, okupazio zuzena aurreikusten ez den aldeetako landaretza autoktonoa kentzea saihestu behar da. Xede horrekin, zaindu beharreko landaredi-guneak mugatu eta balizatu beharko dira, ez "Tratamenduak" 7. planoan zuinkatu beharreko gunetzat bereizitakoak bakarrik (Haginpe, Araso Iparraldea-1.1.02.1 eremua Urbanizatzeko Proiektuak Ingurumenaren gainean duen Eraginaren Ebaluazioko –IEE- Adenda II A1 agirian jasota dagoena eta Ingurumen Sailburuordetzara 2007ko urtarrilaren 10ean bidali zutena). baita Sasiko errekastoaren ibaiertzean landarediaz beteriko zatiak ere, industrialderako sarbidearen inguruan baitaude. Gune horiek zaintzeko neurri guztiak hartuko dira, delako sarbidea eraikitzeko lanetan kalterik izan ez dezaten.
2.c.1.4.– Proiektuaren inguruan Okil txikiarentzako (Dendrocopos minor) habitat egokiak identifikatu dira. Era berean, jakinekoa da proiektuaren inguruan Iris latifolia eta Ilex aquifolium espezieak biltzen direla. Espezie horiek guztiak Arriskuan dauden Basa eta Itsas Fauna eta Florako Espezieen Euskal Katalogoan daude.
Espezie horiei edo beren habitatei kalterik eragin diezaiekeen edozein jardun egin ahal izateko, kontuan hartuko da Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legean eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Katalogoa arautu duen uztailaren 9ko 167/1996 Dekretuan ezarritakoa eta, hala bada, foru-organo eskudunak fauna eta landarediaren kudeaketa arloan ezartzen duena.
2.c.2.– Ibaiko ekosistema babesteko neurriak.
Kasu bakoitzean, jabari publiko hidraulikoa eta bere zortasuneko eta uren zaintzako zonak eragiten dituen obrekin lotuta uren arloan organo eskudunak ezarriko dituen baldintzak kaltetu gabe, babesteko eta zuzentzeko honako neurri hauek hartu beharko dituzte:
2.c.2.1.– Eraikuntza-fasean, minimizatu egingo dira drainatze-sarera isurtzen diren material finak. Horretarako, urak eramateko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak erabiliko dira, eta horien bidez obrek eragindako ur kutsatuak jasoko dira.
Gailu horiek dimentsionatuko dira, solidoak behar bezala eusten direla bermatzeko beharrezko diren kalkulu hidraulikoen arabera, badagokio, isurketa kokatuta dagoela bermatzeko, eta indarrean dagoen araudiarekin bat datorrela, uraren parametro fisiko-kimikoei dagokienez.
2.c.2.2.– Bordaberri eta Sasiko erreketan egungo trazadura bera izango duten errekasto-zatietan, lanak dagoen landaredia eta ibilguaren morfologia ahalik eta gehien errespetatzeko moduan garatuko dira, bereziki ibaiaren ohearen osotasuna dagoen-dagoenean mantentzeko.
2.c.2.3.– Makineria ubideetan zehar garraiatzea beharrezko denean, egungo bideak eta sarbideak egiteko obrak, edo fabrika-obrak egingo diren guneak erabiliko dira. Obrako makineria inola ere ezin da eraman Bordaberri era Sasiko erreken ubidetik, aipatu diren gurutzeko lekuetatik kanpo.
2.c.2.4.– Aipatutako errekastoen bide-zortasuneko eremua denbora baterako edo modu iraunkorrean okupatzea saihestuko da. Gainera, bide-zortasun hori ahalik eta baldintzarik naturalenetan geratu behar da, horren eginkizuna oztopa dezaketen betelan, itxitura edo beste okupaziorik gabe.
2.c.2.5.– Estalitako sekzio berrien neurri eta ezaugarriak, eta oro har, ibai-ibilguetan eragiten duten lanetarako, espediente honen gainean Eusko Jaurlaritzako Uren Zuzendaritzak 2006ko irailaren 7an egindako txostenean ezarritako zehaztapenak izango dira kontuan. Txosten hori espedientera erantsi zaio.
Lehen aipatutako alderdiak proiektuaren sustatzaileak garatu behar ditu eta arroen arloan eskumena duen organoari aurkeztuko dizkio jabari publiko hidraulikoan eta honen zortasunetan eragina duten lanak baimentzeko prozeduran kontuan har ditzan.
2.c.2.6.– Bordaberri errekastoaren ibilguan eragiten duten lanak programatu eta sinkronizatu egingo dira, hartara, ahalik eta denbora laburrenean amaitu ahal izateko.
2.c.2.7.– Urbanizazio berriko euri- eta hondakin-uren sareek bete beharreko ezaugarri nagusiak Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioa egiteko aurkeztu den proiektuan jasotakoak izango dira.
Adierazitakoaren arabera, urak eramateko sistemak euri-urak eta hondakin-urak bereiziko ditu. Sare baten bidez, euri-urak proiektuaren eraginpeko eremuan zehar igarotzen diren ibai-ibilguetara isuriko dira zuzenean, eta beste sare batek hondakin-urak Txingudiko Merkataritza Zentroko sare nagusira hustuko ditu. Azken isuri horrek aitatutako sare nagusia kudeatzen duen organoak ezar ditzakeen baldintza guztiak bete beharko ditu.
2.c.3.– Airearen kutsadura saihesteko neurriak.
2.c.3.1.– Obrak dirauen bitartean, ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai obrek ukitutako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Aldi baterako hutsik dauden pistak eta azalerak ureztatzeko sistema eduki beharko da.
2.c.3.2.– Obrako zonen irteeran, dekantazio-putzuetara konektatuta, ibilgailuak garbitzeko gailuak ezarriko dituzte.
Aipatutako elementuen kokapen zehatza ebazpen honen 2.c.10 puntuak zehaztutako dokumentazioan adieraziko da.
2.c.4.– Soinuek eta bibrazioek eragindako efektuak gutxitzeko neurriak.
Eraikuntza fasean, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlanean deskribatutako neurri guztiak aplikatu behar dira, bai makinek bete behar dituzten baldintzei buruzkoak, bai lan ordutegiei buruzkoak, bai soinua jatorrian murrizteari buruzkoak.
2.c.5.– Hondakinak kudeatzeko xedatuko diren neurriak.
2.c.5.1.– Obrek iraun bitartean sortutako hondakinak Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legean eta arautegi zehatzetan aurreikusitakoarekin bat etorriz kudeatuko dira, honelako hondakinak barne direla: indusketa hondakinak, obra-arloak prestatzeko eragiketetatik sortzen direnak, enbalajeak, baztertzen diren lehengaiak eta garbiketa lanetako soberakinak.
Hondakinak teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak badira, baimendutako hondakinen baloratzailera eraman behar dira.
Hondakinak deuseztatzera bidali ahal izango dira baldin eta aldez aurretik horien balorizazioa teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik bideraezina dela frogatzen bada soilik.
2.c.5.2.– Hondakindegira eraman behar diren hondakinak, hondakinak hondakindegian utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuan eta hondakin geldoen eta geldotuen kudeaketari buruzko azaroaren 2ko 423/1994 Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira. Hondakin horiek Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiarekin bat etorriz karakterizatu beharko dira. Erabaki horren bidez hondakinak zabortegietan hartzeko irizpide eta prozedurak ezartzen dira, 1999/31/EEE Zuzentarauaren 16. artikuluarekin eta II. eranskinarekin bat.
Lur-beteketa eta egokitzetara bideratu behar diren hondakinei dagokienez, horiek hondakin geldoen eta geldotuen kudeaketari buruzko azaroaren 2ko 423/1994 Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
Lur-betetze eta lurzoru egokitzeetan, kutsatzaile edukiari dagokionez, A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik dauden materialak baimenduko dira bakarrik. Adierazle horiek lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen I. eranskinak jasotzen ditu.
2.c.5.3.– Aurreikusten diren indusketako soberakinentzat, sustatzaileak bi biltegi jarri ditu aukeran industrialde bertako bi lurzatitan; lurzati horietako bat kirolerako izango da, eta bestea berdegunea.
Hala eta guztiz ere, konponbide honek EAEko trenbide-sare berrirako gordeta dauden lurzoruak hartzea eskatzen du. Trenbide-sarea EAEko Trenbide-sarearen Lurraldearen Arloko Planean dago aurreikusita, otsailaren 27ko 41/2001 Dekretu bidez behin betiko onartu zena.
Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Saileko Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzak txostena egin zuen 2004ko martxoaren 10ean, aurretiazko kontsulten izapidearen barruan. Txosten horretan dioenez, urbanizazio-proiektuak Lurraldearen Arloko Plan horretan ezarritako zehaztapenak bete eta erabilerarako ezarritako mugak kontuan izan behar ditu; bai Lurraldearen Arloko Planean eta baita lurreko garraio arloan indarrean dagoen legerian jabari publiko, eta zortasun aldeetarako nahiz trenbidearen eraginari buruz ezarritako mugak ere. Horrenbestez, bermatu egin beharko da lur beteketa horiek trenbide garraioaren plangintza eta kudeaketa arloan indarrean dagoen araudian xedatutakora egokitzen direla.
Edozein inguruabar dela medio, lur-soberakin guztia edo horien zati bat ezin bada sustatzaileak proposatutako guneetan pilatu eta indusketako soberakinak pilatzeko proiektuan aurreikusten ez diren beste biltegi batzuk egin beharko balira, azaroaren 2ko 423/1994 Dekretuan ezarritakoa betez, soberakinen biltegiak instalatzeko proiektua idatziko da. Horren edukia bat etorriko da Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumen sailburuak 1995eko otsailaren 15ean eman zuen Aginduan ezarritakoarekin (agindu horren bidez, hondakin geldoak eta geldotuak, betelaneko materialak eta lurra egokitzeko materialak biltzeko instalazioei buruzko proiektuen eta deskripzio-memorien edukia ezartzen da). Horrez gain, kontuan hartutako kokalekuetako bakoitzak ingurumenean duen eraginaren analisia, hartutako irtenbidearen justifikazioa, aurreikusitako leheneratze- eta kontrol-neurriak, eta dagokien aurrekontu xehatua ere aurkeztu beharko dira. Proiektu horiek guztiak Ingurumen Sailburuordetzak baimendu behar ditu.
2.c.5.4.– Erabilitako olioei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoan erabilitako olioen kudeaketari buruzko irailaren 29ko 259/1998 Dekretua, eta erabilitako industria-olioen kudeaketari buruzko ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua aplikatuko dira.
Baimendutako kudeatzaile bati eman arte, erabilitako olioa andel estankoetan bilduko da estalitako biltegi batean; andelok etiketatuta egon eta azpila edo atxikipen-sistemaren bat eduki beharko dute. Zola iragazgaitz gainean egon beharko dute, edozein ihes edo isuriri aurre egiteko prestatuta, elementu nagusia hautsiko balitz ere.
2.c.5.5.– Indusketa eta lur-mugimendu garaian lurzoruaren kutsaduraren aztarnaren bat atzemanez gero, otsailaren 4ko 1/2005 Legeak, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzekoak, bere 10.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera jokatuko da.
2.c.5.6.– Araudi hau betetzea errazte aldera, zeregin desberdinetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatuko dira. Sistema horiek zeregin bakoitzaren arduradunek kudeatuko dituzte eta beraiek arduratuko dira langileei behar bezala betearazteaz. Bereziki, inolaz ere ez da eragingo kontrolatu gabeko efluenterik erregai eta produktuak biltegiratzean eta makineria mantentzeko lanak egitean, ezta hondakinik erreko ere.
Aurrekoa kontuan izanik, ebazpen honetako 2.c.1.2. atalean aipatzen diren espazioetan alde berezi bat egokituko da, instalazio estaliekin. Horietan, hondakin arriskutsuak bilduko dira aldi baterako: olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak, e.a. Gainera, horietatik bereiztuta egon behar diren edukiontziak jarriko dira hondakin inerteentzat. Halaber, sortutako hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira obran (bidoiak, e.a.). Hondakinok euren izaeraren arabera bereiztuko dira, betiere aipatutako puntu garbian aldi batez biltegiratu ondoren.
2.c.6.– Kultura ondarea babesteko neurriak.
Euskal Kultur Ondareari buruzko uztaileko 3ko 7/1990 Legeak ezarri dituen betebeharrez gain, obran zehar aztarna arkeologikoren bat dakarren aurkikuntzarik eginez gero, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari horren berri emango zaio berehala, eta hark adieraziko du zein neurri hartu behar den.
2.c.7.– Obrak lehengoratu eta integratzeko neurri zuzentzaileak.
Proiektuak Ingurumenaren gainean duen Eraginaren Ebaluazioa egiteko sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitako neurriez gain, honako beste neurri zuzentzaile hauek hartuko dira.
2.c.7.1.– Lur mugimenduak egitean, lur begetala bereizita kendu, bildu eta zabalduko da. Horren helburua da ingurumena lehengoratzeko lanak eta eragina jasan duten tokien landare-berritzeko lanak erraztea.
2.c.7.2.– Obrak kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dituzte (urbanizatuko duten lursailarenak eta bertara sartzeko bideak, eta urbanizazioaren funtzionamendurako behar dituzten zerbitzuen sareak kaltetutako eremuak). Bertan ere sartuko dira, aurkeztutako leheneratzeko planean adierazi ez arren, obrak amaitzean kaltetu dituzten eremuak.
Alde horretatik, lur-beteketek kirolerako eta berdegunerako lurzoruetan eragindako azalerak leheneratuko dira. Paisaia leheneratzeko, obrak eragindako gainerako azalera guztiak berreskuratzeko sustatzaileak aurkeztutako proiektuan ageri diren irizpide berberak erabiliko dira.
2.c.7.3.– EAEko Trenbide-sarearen Lurraldearen Arloko Planean ezarritako zehaztapenak eta erabilerarako ezarritako mugak kaltetu gabe, eta proiektuaren eraginez baso naturaletan eta lurgaineko uren ibilguetan eta inguruko landaredian sortutako kalteak zuzentzearren, sustatzaileak landare-berritzeko aurkeztu duen proiektuan proposatu dituen landaketak, industrialdean berdegunerako aurreikusitako aldeetara ere zabalduko da, sarbidearen bi aldeetan. Eremu horretan (46, 49 50, 52, 54, 66 eta 68 lurzatiak, 1.1.02.1 Eremua Araso Iparraldea Industriako Zatiko Plana behin-behingoz onartzeko Agiriko IN 05 lurzatien planoaren arabera. Agiri hori 2005eko urtarrilaren 31n jaso zen Ingurumen Sailburuordetzan) eta bereziki Sasiko errekastoaren bazterretan zuhaitzak landatuko dira, betiere lehen dagoen landaredia gordez, eta sustatzaileak landareberritzeko proposatutako proiektuko irizpide eta ezaugarri berberekin. Landareberritzeko espezierik egokienak dira, ibai-ibilgutik gertuen, haltzadi kantauriarrak; eta gainerako azaleretan, haritzak eta zuhaitz hostotsu desberdinak.
2.c.7.4.– Fallopia japonica edo horren moduko landare inbaditzaileak ez hedatzeko jarduerak bideratuko dira. Hori dela eta, landaretza leheneratzeko lanetan erabiltzen den lurraren jatorria kontrolatu beharko da, eta aipatutako espezieak kutsatutako lurrak ez dira erabiliko.
2.c.7.5.– Leheneratze-lanak egin ondorengo hiru urteetan, zaintza-lanak burutu beharko dituzte, hau da, urratze, ongarriztatze, ureztatze eta hutsarteak betetzeko lanak egin beharko dituzte.
2.c.8.– Garbiketa eta obra bukatzea.
Obrak amaitzen direnean, garbiketa-kanpaina zorrotza egingo da, eta proiektuak eragindako eremua guztiz garbi geratuko da obra-hondakinetatik. Eraistetik sortu daitezkeen materialak, enkofratze materialak eta, oro har, garbiketa-kanpainatik sortutako hondakinak, eremutik atera eta baimendutako zabortegira eramango dira.
2.c.9.– Ingurumenari buruzko aholkularitza.
Obrak amaitu arte eta horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan, kultura-ondarearen zaingoan eta neurri babesle eta zuzentzaileetan, ondo jantzitako aholkularitza eduki beharko du Obraren Zuzendaritzak, ingurumenaren eraginari buruzko azterlaneko erabakien arabera. Betekizunen pleguan Obraren Zuzendaritzari izendatutako egitekoak direla eta, aipatutako gaiei buruz Obraren Zuzendaritzak erabakiak hartu aurretik aholkularitza horretako espezialistek egindako txostena hartu beharko dute gogoan.
2.c.10.– Lan-programaren diseinua.
Lanak hasi aurretik kontratistak jarraian datozen idatz-zatietan azaltzen diren gaiei buruzko jarduera-proposamen zehaztua egin beharko du. Proposamen horiek lanen gauzatze-programarekin batera jasoko dira eta lanen zuzendariak berariaz onartu beharko ditu, ebazpen honetako 2.c.9. idatz-zatian aipatutako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren. Honakoak dira agiriok:
– Obrarako sarbideak; makineria-parkea; obrako materialak, lur begetala, eta hondakinak aldi baterako biltzeko instalazio-eremuen kokapenari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak, 2.c.1.2. paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz.
– 2.c.1.3 atalean aipatzen diren zuzenean okupatuko ez diren lekuetan landaredia-zona interesgarriak balizatzeko plana.
– 2.c.2.1 atalean aurreikusitako urak bideratzeko sareen eta solidoen dekantazio-putzuen xehetasuna.
– 2.c.3.2 atalean aurreikusitako kamioien gurpilak garbitzeko gailuen kokapena.
2.D.– Ingurumena zaintzeko programa.
Ingurumena Zaintzeko Programa sustatzaileak proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginari buruzko ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denaren arabera egingo da (lekuak, parametroak eta neurketen maiztasuna). Gainera, ondoren zehazten diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.
Programa hau, obra kontratatzeko baldintza-orrietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.
2.d.1.– Gorabeheren erregistroa.
Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, eta baita babes neurri zein neurri zuzentzaileen betetze mailarena ere. Erregistro hori Ingurumen Sailburuordetzak ikuskatzeko moduan egongo da eta, obrak amaitzen direnean, nolanahi ere, sailburuordetzari bidali beharko zaio. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez dokumentatu beharko dira. Aldaketa guztiak ingurumenean eragin dezaketen kaltearen ikuspegitik justifikatu behar dira.
2.d.2.– Obraren okupazio mugen kontrola.
Egindako okupazioa proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela egiaztatu behar da. Obrek ezin dute aurreikusitakoa baino azalera zabalagoa ukitu.
2.d.3.– Lanetan sortutako hondakinen kontrola.
Ingurumena Zaintzeko Programek, lanetan sortutako hondakinen jarraipenari buruzko txostena izango dute, eta hondakin horien kontrolerako, jarraipenerako eta egokitzapenerako agiriak erantsiko dituzte gainera, indarrean dagoen legeriari jarraituz.
2.d.4.– Uren kalitatearen kontrola.
Proiektuaren sustatzaileak uren kalitatea kontrolatu eta zaintzeko proposatu dituen neurriak "Laginketa puntuak (E; 1:5.000)" planoan ageri diren puntuetan ere aplikatuko dira; plano hori Araso Iparraldea-Irun 1.1.02.1 eremua Urbanizatzeko Proiektuak Ingurumenaren gainean duen Eraginaren Ebaluazioko (IEE) Adenda II A1 Agirian dator (Ingurumen Sailburuordetzan 2006ko urriaren 30ean aurkeztu zen).
2.d.5.– Leheneratzearen arrakasta kontrolatzea.
Ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlanean ezarritako bermearen epean jarraipena egingo da aldiro, urbanizazio proiektuak ukitutako lurrazalerak leheneratzearen arrakasta eta gainerako neurri zuzentzaileen funtzionamendu zuzena neurtzeko.
2.d.6.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.
Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu eta Ingurumen Sailburuordetza honetara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira ingurumenean aditua den erakundeak egindako txostenarekin batera. Aipatutako txostenean emaitzen analisia jasoko da, epe horretan emandako gertakari nagusiak, gertakarien arrazoiak eta konponbideak bereziki aipatuta.
Sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez eta herri administrazioen ikuskaritza zerbitzuen eskueran egongo dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.
2.E.– Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak, edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitera bagaramatza, neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, baita neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Era berean, neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa jarduketaren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz, aldaraz daitezke, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.
2.F.– Ebazpen honen aurreko paragrafoetan esandakoaren kalterik gabe, proiekturen sustatzaileak jarraian aipatutako agiriak helaraziko dizkio ingurumen-organo honi espedientean txertatzeko:
2.f.1.– Obrak amaitzean, obra horiek garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, neurri babesleak eta zuzentzaileak zein neurritaraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen 2.d.1 idatz-zatian aurreikusitakoaren arabera.
2.f.2.– Obrak amaitzean, lurren mugimenduaren balantze xehatua.
2.f.3.– Urtero, obrak hasten denetik, ebazpen honen 2.d.6 idatz-zatian aurreikusitako ingurumena zaintzeko programari buruzko dokumentua.
3.– Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorraren 47.8 artikuluaren arabera, bi urteko epea ezartzea proiektua exekutatzen hasteko, Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik. Epe hori proiektuari hasiera eman gabe bukatzen bada, sustatzaileari egotzi dakizkiokeen arrazoiengatik, Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Adierazpen hau baliogabetu egingo da. Hala ere, organo aginpidedunak hasiera emateko epea luzatu ahal izango du, behar bezala justifikatutako arrazoirik balego.
4.– Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren 4.6 artikuluan ezarritakoaren arabera, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen organoari proiektuari dagozkion lanak zein egunetan hasiko diren.
5.– Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2007ko otsailaren 10a.
Ingurumen sailburuordea,
IBON GALARRAGA GALLASTEGUI.
RSS