
60. zk., 2007ko martxoaren 26a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Euskal Herriko Unibertsitatea
1823
EBAZPENA, 2007ko otsailaren 19koa, Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena. Honen bidez agindua ematen da EHUko Ikasleen Kontseiluaren arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.
AURREKARIAK
EHUko Estatutuetako 21.2.a) artikuluan jasota dago Unibertsitateko Ikasleen Kontseiluaren arautegia Gobernu Kontseiluak onartu beharko duela, legezkotasunari buruzko txostena ikusi ondoren.
Gobernu Kontseiluak 2004ko uztailaren 22an egindako bileran, Estatutuak garatzeko prozedura ezarri zuen, eta 2007ko otsailaren 8an, organo berak, EHUko Ikasleen Kontseiluaren Arautegia onartu zuen, eranskinean jasotakoa.
Azkenik, EHUko Estatutuetako 258.1.d) artikuluak dio idazkari nagusiak bermatu behar duela EHUko erabakiak argitaratzea, eta, bestalde, otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemaren buruzkoak, dio erabakiak oso-osorik argitaratu behar direla Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Horregatik guztiagatik, hau
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– Agindua ematea EHUko Ikasleen Kontseiluaren Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko, eranskinean ageri den moduan.
Bigarrena.– Arautegia indarrean sartuko da argitaratzen den egunean.
Hirugarrena.– Ebazpen hau behin betikoa da, eta haren kontra aukerako berraztertze errekurtsoa aurkez daiteke, eta hilabeteko epea dago horretarako, ebazpen hau eman duen organo berberaren aurrean. Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar daiteke administrazioarekiko auzietako Bilboko epaitegien aurrean, bi hilabeteko epean.
Leioa, 2007ko otsailaren 19a.
Idazkari nagusia,
IÑAKI ESPARZA LEIBAR.
ERANSKINA
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEKO
IKASLEEN KONTSEILUAREN
ARAUTEGIA
ATARIKOA
Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen ordezkaritza-organoak ikasleei arreta- eta informazio-zerbitzuak emateaz arduratzen dira, eta haien arloan ikasleen ordezkapena bideratu eta koordinatzeaz ere bai.
Kontseiluak UPV/EHUren estatutuen 21. artikuluak ematen dituen eskubide eta ahalmenetan du oinarri. Artikulu horrek ikasle taldearen presentzia onartzen du Euskal Herriko Unibertsitateko erabakitzeko maila desberdin eta gobernu-organoetan. Horrenbestez, onartu egiten dira sektore horrek duen garrantzia eta UPV/EHUren helburuek eragindako prozesu integratzailean duen rola. Bestalde, UPV/EHUren estatutuen 15.m) artikuluak ezartzen du ikasleek eskubide hau izan behar dutela: "Unibertsitatean adierazpen askatasuna, bilerak egitekoa eta elkarteak eratzekoa bermatuko duten bitartekoak izateko eskubidea".
Ikasleek badute egoterik eta egon behar dute, erabakiak hartzerakoan, akademia- eta kudeaketa-esparruetan beren interesak defendatzeko, zerbitzuaren hartzaile eta erabiltzaile nagusiak direla kontuan harturik. Arautegi hau prestatuta eta onartuta, helburua da, azken finean, kudeaketa-maila desberdinetako ikasleen ordezkariak koordinatzea eta lehenago aipatutako arautegira egokitzea.
Adierazitakoa kontuan hartuta, Ikasleen Kontseiluaren proposamenez, arautegi hau onartzen da, UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluaren egitura eta funtzionamendu-erregimena eta ikastegi eta campusetako ikasleen kontseiluen oinarrizko araudia erregulatzeko.
LEHEN TITULUA
IKASLEEN KONTSEILUA ETA BERORI ARAUTZEN DUTEN PRINTZIPIOAK
1. artikulua.– Izaera eta araubide juridikoa.
1.– UPV/EHUren estatutuen 21. artikuluak ezartzen duenez, Ikasleen Kontseilua da unibertsitate-esparru desberdinetan ikasleak ordezkatzeko eta koordinatzeko dagoen organo gorena.
2.– Organo estatutario independentea da, eta UPV/EHUren organigrama orokorrean onarturik dago.
3.– Kontseiluaren funtzionamendua demokratikoa izango da, eta arautegi honen arabera arautuko da, UPV/EHUren estatutuak eta gainerako araudia betez.
4.– Kontseiluak duen izaera publikoarekin bat etorririk eta indarreko legeriak xedatzen duenez, Ikasleen Kontseiluan ez da kredo edo alderdi politikoen aldeko jardunik izango, ezta irabazi-jarduerarik ere.
5.– Ikasleen Kontseiluaren egoitza eta instalazioak UPV/EHUk horretarako ematen dituen lokaletan egongo dira, betiere Ikasleen Kontseiluaren iritzia entzunda.
2. artikulua.– Jardun-eremua.
Ikasleen Kontseiluaren jardun-eremua Euskal Herriko Unibertsitatearen unibertsitate-markoa da. Haren helburuak lortzeko, proposamen eta jarduera egokiak egin eta Euskal Herriko Unibertsitate barruko zein kanpoko erakundeekin behar adina harreman izango ditu.
3. artikulua.– UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluaren eginkizunak.
Hauek dira UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluaren eginkizunak:
a) Haren eskumenen arlotik atera gabe, UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluaren arautegia prestatu eta onartzea, baita campus eta ikastegietako ikasleen kontseiluen oinarrizko arautegia eta ikasleen ordezkarien estatutua ere.
b) Eskura dituen aurrekontua eta bitartekoak administratu eta kudeatzea.
c) UPV/EHUk Ikasleen Kontseiluari emandako lokal, instalazio, ondasun eta baliabideak behar bezala erabil daitezen arduratzea.
d) Haren Zuzendaritza-organoak aukeratu eta horiek aldatzea.
e) Estatutu hauek eta garatuko dituzten arauek agindutako jarduerak betetzea, baita unibertsitateko beste gobernu-organo batzuek haren esku uzten dituztenak ere.
f) UPV/EHUko ikasleak ordezkatu haien interesekoak diren gai orokor guztietan, eta, ildo horretatik, talde horren solaskide onartu gisa jokatzea.
g) Ikasleen ordezkari guztiak lagundu, sostengatu eta koordinatzea, unibertsitateko edozein mailatan egiten duten lanean.
h) Ikasleen eskubideak defendatu eta aplikatzeaz arduratzea, eskubide horiek bete daitezen exijituz eta neurri handienean gauzatu daitezen lan eginez.
i) UPV/EHUko irakaskuntza eta ikasketen kalitateaz arduratzea, baita titulazio desberdinetako ikasleen prestakuntza intelektual, kritiko, sozial, profesional, zientifiko eta kulturalaz ere.
j) Ikasleei bekak eta beste laguntza batzuk emateko irizpideak finkatzerakoan parte hartzea, baldin eta horien deialdiak hala zehazten badu.
k) Arduratzea aukera-berdintasun, askatasun, legalitate, publizitate eta unibertsitateko erakundeen funtzionamendu objektiboarekiko printzipioen aplikazioaz.
l) UPV/EHUren proiekzioa, eragina eta lan integratzailea bultzatzea haren inguruan eta herritarren artean.
m) Ikasleek unibertsitatean jarduteko lerro orokorrak proposatu, eta horiek betetzea.
n) Unibertsitate-hedakuntzaren antolamenduan parte hartu eta piztea unibertsitateko kideen kultura-, arte- eta kirol-bizitzarekiko interesa, helburu horietara bideratutako lan guztiak bultzatu eta sostengatuz.
ñ) Ikasleengan eragina duten estatutuen arauak garatzen esku hartzea.
o) Irakaskuntzarekin eta ematen diren ikasketekin lotutako arazoen berri ematea instantzia eskudunei.
p) Gobernu- eta ikasleen ordezkaritza-organoek hartutako erabakiez zabaldu eta informatzea, erabaki horiek ikasleentzat garrantzizkoak direnean.
q) Ikasleen ordezkarien jarduketak beren jardun-esparruko gobernu-, ordezkaritza- eta asistentzia-organoetan sustatu eta koordinatzea.
r) Ordezkari-lanetan ikasleek izandako parte hartzea egiaztatzea.
s) Ikasle guztien antolamenduaren alde lan egitea.
t) Proposatzen den beste edozein eginkizun edo legezko helburu.
BIGARREN TITULUA
OSAERA, ANOLAKUNTZA ETA EGITURA
4. artikulua.– Osaera.
1.– Hauek dira UPV/EHUko Ikasleen Kontseilua, UPV/EHUko ikasle guztien ordezkaritza-organoa dena, integratzen dutenak: ikasleen ordezkari bat UPV/EHUko ikastegi bakoitzeko, kasuan kasuko ikasleen kontseiluak aukeratuta, eta Unibertsitateko Klaustroan ikasleen ordezkariak diren hirugarren zikloko ikasleak.
2.– Ordezkaria dela egiaztatzeko, ikastegiko idazkariak sinatutako dokumentua aurkeztuko da.
3.– Ikasleen Kontseiluko kideek ikastegiko Ikasleen Kontseiluak ordezkaria berritu arte iraungo dute, ikasleen hauteskundeak bukatu ondoren.
5. artikulua.– Kide anitzeko eta kide bakarreko organoak.
1.– Ikasleen Kontseiluaren kide anitzeko organoak dira Asanblada eta Batzorde Iraunkorra.
2.– Hauek dira kide bakarreko organoak:
- Presidentea.
- Idazkaria.
- Diruzaina.
3.– Asanbladak hala erabakiz gero, presidenteordetzak edo beste kargu gehigarri batzuk sor daitezke.
6. artikulua.– Funtzionamendua.
Ikasleen Kontseilua eratu eta asanbladan bil daiteke edo batzordetan, horiek batzorde iraunkorra edo lan-batzordeak izan.
I. KAPITULUA
IKASLEEN KONTSEILUAREN ASANBLADA
7. artikulua.– Izaera.
Asanblada erabakiak hartzeko instantzia gorena da, eta huraxe da kideen jardueraren jatorria. Ikasleen borondatea islatzen du.
8. artikulua.– Osaera.
1.– Asanblada UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko kide guztiek osatzen dute.
Ikastegi bakoitzeko ikasleen kontseiluak izendatuko ditu, horretarako, ordezkari titular bat eta horren ordezkoa. Azken horrek eskubide osoz esku har dezake Ikasleen Kontseiluko bileretan, titularra agertu ezean.
2.– Nahiz eta kideak ez izan, asanbladaren bileretara deituak izango dira campuseko ikasleen kontseilutako presidenteak.
9. artikulua.– Jarduteko printzipioak.
1.– Asanbladari dagokio eztabaidatzea eta erabakiak hartzea UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluaren eskumenen arloko gaiez.
2.– Asanbladaren jardunak justizia-, berdintasun-, askatasun- eta demokrazia-printzipioetan inspiratu behar du.
3.– Ikasleen Kontseiluaren Asanbladan kide guztiak dira independenteak, erabakitzeko ahalmena eta bozkatzeko eskubidea dute, eta botoa pertsonala eta eskuordeezina da.
10. artikulua.– Kide izateari uztea.
1.– Ikasleen Kontseiluko kide izateari utziko zaio, batetik, UPV/EHUren estatutuen 228. artikuluan ageri diren arrazoiengatik, eta, bestetik, 4 aldiz jarraian edo 8 aldiz tarteka, justifikatu gabe, ez agertzeagatik.
2.– Ikasleen Kontseiluko kide izateari uzten dionaren tokia, asanbladan, hura ordezten duenak beteko du.
3.– Ikastegietako ikasleen kontseiluek Asanbladan dituzten ordezkariak alda ditzakete, nahi dutenean.
11. artikulua.– Eskubideak eta betebeharrak.
1.– Hauek dira Asanbladako kide guztien eskubideak:
a) Hautesle edo hautagarria izatea Ikasleen Kontseiluaren kargu eta ardura guztietarako, arautegi honetan xedatutakoaren arabera.
b) Asanbladako bizikidetza-eta funtzionamendu-arauen arabera hitz egin eta parte har dezakete.
c) Bilkuretako aktetan jasoaraz ditzakete haien esanak eta jardunak, hala nahi izanez gero.
d) Informazio eta azalpenak jaso ditzakete kontseiluaren beste edozein instantziatatik, hala eskatuz gero. Eta kontseiluaren artxiboak eta dokumentazioa ere kontsulta ditzakete, behar adinako bermeaz.
e) Kontseiluaren instalazio, material eta azpiegiturez balia daitezke, baldin eta horiek behar bezala erabili eta erabilerak kontseiluaren ohiko jardueretan oztoporik sortzen ez badu.
f) Asanbladaren aztergaietan puntuak gehi ditzakete, betiere bilera-deialdien aurretik eta arautegi honetan xedatutakoa beterik.
g) Haien ikas betebeharretatik salbuetsita gera daitezke, ebaluazio-probetatik besteak beste, aukeratuak izan diren ordezkaritza- edo gobernu-organoen eta karguen ordezkari-lana eta aipatutako probak batera direnean, Euskal Herriko Unibertsitateko estatutuen 25. artikuluak xedatzen duenez.
2.– Hauek dira Asanbladako kideen betebeharrak:
a) Modu eraginkor eta arduratsuan jardutea izendatuak izan ziren lan eta erantzukizunetan.
b) Haien eginkizunak eta eskubideak gauzatzeari begira beren esku utzitako lokalak, materiala, dokumentazioa eta gainerako ondasunak zaindu eta modu egokian erabiltzea.
c) Asanbladaren erabakiak bete, betearazi eta haien berri ematea ordezkatzen dituztenei.
d) Ordezkatzen dituzten ikasleen sentimendua eta iritzia transmititu, eta, bestalde, ikastegiko ikasleei azaltzea haiek kontseiluan egindakoari buruzko informazioa.
e) Ordezkatzen dituztenen proposamenak eta interesak bideratzea eta defendatzea.
f) Unibertsitateko ikasleak Asanbladaren erabaki eta jarduerez informatzea.
g) Haien karguak direla eta, egiten dituztenei buruz Asanblada informatzea.
h) Ikasleen eskubideak bete daitezen lan egitea.
i) Ikasleen parte hartzea bultzatzea campuseko eta/edo ikastegiko zein UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluan.
12. artikulua.– Asanbladaren eginkizunak.
Hauek dira Asanbladaren eginkizun eta eskumenak:
a) UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluaren borondatea agertu, bere adostasuna eman, eta arautegi honetan jasotako helburuak eta eginkizunak gauzatzeko modua aplikatzea eta zehaztea.
b) Haren eskumenen markoan, Ikasleen Kontseiluaren eratzea, funtzionamendua, edo bere erreforma arautuko dituen arautegia prestatzea eta onartzea, baita ikastegi eta campusetako ikasleen kontseiluen arautegia eta ikasleen ordezkarien estatutua ere.
c) Modu baliagarrian zehaztea zein diren ikasle guztien interesak.
d) Haren eskumenen arloan, UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluan eta ikasleengan eragina izan dezaketen gaiez pentsatu eta erabakitzea, baita Asanbladak iritzia emateko edozein ordezkari, unibertsitateko organo, pertsona edo entitate publiko edo pribatuk aurkeztutakoez ere.
e) Erabakiak argitaratu eta ikasleen interesekoak diren informazioen berri eman behar adina instantziari.
f) Kontseiluko presidentea hautatu edo kentzea, arautegi honekin bat etorrita, eta idazkari eta diruzainaren izendapena berrestea, baita sor litezkeen kide bakarreko beste kargu batzuena ere.
g) Ontzat joz gero, Ikasleen Kontseiluko organoen jarduna ikuskatzea eta berrestea.
h) Unibertsitateak Kontseiluari esleitutako aurrekontuak betetzen direla onartzea eta kontrolatzea, eta urteko aurrekontuan erabilgarri diren % 5etik gorako diruak aplikatzearen alde informatzea, diruzainaren proposamenaren arabera, aurrerago Ikasleen Errektoreordetzari justifikatzeko.
i) Unibertsitateak ikasleen kontseiluei esleitutako aurrekontua banatzeko irizpideak prestatu eta onartzea, arautegi honetako 69. artikuluak ezarritako prozedurarekin bat etorrita.
j) Ohiko ordezkarien bidez edo eskuordetzeaz izendatutako beste batzuen bidez azaltzea Kontseiluak egon behar duen tokian edo berorren funtzioen betetzeak eskatzen duen tokian.
k) Onartzea, hala badagokio, Kontseiluko instantzien barne-funtzionamendurako arau osagarriak.
l) Ikasleen ordezkariak proposatu eta, behar izanez gero, izendatzea, indarreko legeriaren arabera.
m) Batzordeen sortze, kentze eta funtzioei buruz erabakitzea, haien txostenak jaso eta onartu ondoren, egoki bada.
o) Unibertsitateko ikasleak ordezkatzen dituzten organo instituzionalen jarduera koordinatzea.
p) Ikasleen eskubide eta interesak hobeto defendatzeko neurriak hartu eta proposatu, eta eskubide horien zapalkuntza salatzea.
q) Batzorde Iraunkorreko kideei planteatutako zentsura-mozioaz erabakitzea.
r) Ikasle-ordezkapenei buruzko gaietan Ikasleen Kontseiluko beste organo bati esleituta ez dagoen beste edozein eskumen.
II. KAPITULUA
FUNTZIONAMENDU ARAUAK
13. artikulua.– Erabakiak.
Asanbladako erabakiak bertan dauden kideen gehiengo soilaren bidez hartuko dira, arautegi honek edo Asanbladak berak besterik xedatu ezean. Aktez gainera, erabakiak kronologikoki jaso eta campus eta ikastegietako ikasleen kontseilu guztiei bidaliko zaizkie, ikasleen ordezkaritza-organoentzat diren iragarki-oholetan argitaratu daitezen.
14. artikulua.– Campuseko edo ikastegiko Ikasleen Kontseiluaren ez-ohiko deialdia.
Asanbladak erabaki dezake Ikasleen Kontseiluko presidenteak kasuan kasuko campuseko edo ikastegiko Ikasleen Kontseilua ez-ohiko bilkuran elkartzea, jakinaren gainean egonda. legez hartutako erabakiei muzin egiten dieten pertsonen ordezkari-izaeraz eztabaidatzeko, betiere unibertsitateko araudiak bere organoetako bakoitzerako ezartzen duen modua eta prozedura beterik. Ikasleen ordezkaria aukeratu duen organoari bakarrik dagokio ordezkari-izaera kentzeko erabakia hartzea.
15. artikulua.– Erabakiak ez betetzea.
1.– Ikastegiko edo campuseko ikasleen kontseilu batek Asanbladak erabakitakoa beteko ez balu, eskumenez baliatzerakoan, Batzorde Iraunkorrak idatziz emango dio bete ez izanaren berri, azalpenak eman ditzan.
2.– Aurreko paragrafoan adierazitako kasuan, ikastegiko edo campuseko kontseiluak Batzorde Iraunkorraren eskakizunari erantzun ez edo behar adina azalpen ematen ez dionean, Batzorde Iraunkorrak Asanbladaren hurrengo bilkuraren aztergaietan sartuko du egoki jotzen den erabakiari buruzko proposamen eta eztabaida.
16. artikulua.– Deialdiak.
1.– Asanblada hilero elkartuko da ohiko bilkuran, eta ez-ohiko bilkuran presidenteak erabaki edo kideen bosten batek eskatzen duenean. Salbuespenezko eta premiazko arrazoiengatik bakarrik bil daiteke, UPV/EHUren eskola-egutegiaren arabera, jaiegun eta oporraldietan.
2.– Presidentziak, gutxienez, 48 ordu lehenago deituko du, Asanblada biltzera. Deialdiaren idazkian aztergai guztiak agertuko dira, eta, baldin badago, dagokien dokumentazioa. Presidenteak bileretako aztergaietan sartuko ditu edozein kidek idazki bidez eskatutako gaiak.
3.– Ikasleen Kontseiluko kide guztiak presente egonda, aho batez lan-bilkura eratzea erabakiko balute, aurreko zenbakian ezarritako epea bete gabe, bilera horrek balioa izango du ondorio guztietarako. Halaber, bileran egin bitartean, deialdiaren aztergai-zerrendan beste puntu batzuk sar daitezke, aho batez erabaki eta kontseilukide guztiak bertan daudelarik.
4.– Hauek izango dira ohiko bilkura orotan tratatu beharreko ezinbesteko puntuak: aurreko bilkurako akta irakurri eta onartzea, baita irakurri eta onartu gabe dauden ez-ohiko bilkuretakoak ere, Batzorde Iraunkorraren edo lan-batzordeen erabaki eta egitasmoen betetze-egoerari buruzko informazioa eta galde-eskeak.
5.– Asanbladaren bilkurak publikoak dira, beraz, UPV/EHUko ikasle orok har dezake parte. Presidenteak emango du mintzatzeko txanda, bilkura behar bezala egin dadin bermatzearren.
17. artikulua.– Quoruma.
1.– Bildu, eztabaidatu eta erabakitzeko, Asanblada ondo eratuta dagoela ulertuko da, balin eta presidente eta idazkaria edo, bestela, ordezkatzen dituztenak, eta, gutxienez, kideen erdiak lehen deialdian badaude.
2.– Adierazitako quoruma egon ezean, bigarren deialdian eratuko da, lehen deialdirako jarritako ordua baino ordu erdi beranduago, eta aski izango da egotea bertan presidentea, idazkaria eta kideen heren bat.
3.– Erabakiek balioa izan dezaten, beharrezko izango da presente egotea, erabakiak hartzerakoan, organoa bigarren deialdian eratzeko eskatutako gutxieneko kide kopurua.
4.– Asanbladaren erabakiak emandako botoen gehiengo soilaren bidez hartuko dira. Bototan berdindurik, eta presidentea, berdinketa apurtzeko, kalitateko botoaz baliatuko ez balitz, beste bozketa bat egingo litzateke, eta, berriro berdinduta egonez gero, proposamena bertan behera geldituko da.
18. artikulua.– Aktak.
Kide anitzeko organoak egiten duen bilkura bakoitzaren akta jasoko du idazkariak, eta puntu hauek zehaztu beharrean egongo da: asistentzia, bilerako aztergai-zerrenda, tokiaren inguruabarrak eta bilera egiteko zenbat denbora behar izan den, eztabaida-puntu nagusiak eta hartutako erabakien edukia.
19. artikulua.– Botoen berrespena.
Aktan jasoko dira, organoko kideek hala eskatuz gero, hartutako erabakiaren aurkako botoa, abstentzioa eta jarrera justifikatzen duten arrazoiak, edo botoaren nondik norakoa. Bestalde, kide orok du berak esan edo proposatutakoaren transkribatze osoa eskatzeko eskubidea, baldin eta, orduantxe edo presidenteak adierazitako epean, esandako hitzen testua aurkezten badu. Aurrekoa betez gero, aktan jaso edo berorri erantsiko zaio kopia.
20. artikulua.– Boto partikularra.
Gehiengoak hartutako erabakiarekin bat ez datozen kideek beren boto partikularra aurkez dezakete, idatziz, berrogeita zortzi orduko epean, eta onartutako testuan azalduko da.
21. artikulua.– Erantzukizunetatik salbuestea.
Organoko kideek aurkako edo abstentzioko botoa argitara ateratzen dutenean, erabakiek sor litzaketen erantzukizunetatik salbuetsita geratuko lirateke.
22. artikulua.– Aktak eta erabakiak onartzea.
Aktak bilkuran bertan edo hurrengoan onartuko dira. Dena dela, hartutako erabakiei buruzko ziurtagiria egin dezake Idazkaritzak, nahiz eta akta aurrerago onartzeko gelditu. Hartutako erabakiei buruzko ziurtagiriak akta onartu aurretik egin direnean, berariaz adieraziko da.
III. KAPITULUA
BATZORDE IRAUNKORRA
23. artikulua.– Izaera.
Ikasleen Kontseiluko Batzorde Iraunkorra da UPV/EHUko ikasleak ordezkatzeko eta kudeatzeko ohiko organoa, eta kontseiluaren ordezkaria da osoko bilkurak egiten ez diren bitartean.
24. artikulua.– Batzorde Iraunkorraren osaera.
1.– Presidenteak, idazkariak eta diruzainak eta hiru kidek, campus bakoitzeko bat, osaturik egongo da. Sufragio unibertsalaz aukeratuko dute Ikasleen Kontseiluko Asanbladako kideek beren artetik. Presidenteordetzarik edo bestelako organorik sortuz gero, Asanbladak erabakiko du horiek Batzorde Iraunkorrean integratu ala ez.
2.– 36. artikuluak xedatzen duenarekin bat datorren kandidatura izango da hautetsia.
25. artikulua.– Batzorde Iraunkorreko kideen agintaldia.
Batzorde Iraunkorreko kideen agintaldia bat etorriko da Ikasleen Kontseiluari ezarritakoarekin. Kide berriak azaroaren 22tik abenduaren 22ra biartean hautatuko dira.
26. artikulua.– Eginkizunak.
Hauek dira Batzorde Iraunkorraren eginkizunak:
a) Asanbladaren erabaki guztiak eta hark agintzen dizkion eginkizun guztiak gauzatzea.
b) Arautegi hau betetzeaz arduratzea, Asanbladatik jasotzen dituen aginduak eragotzi gabe.
c) Asanbladako eta lan-batzordeetako kideen akreditazioak egiaztatzea, baita kide horiek dagokien bileretara joaten diren ere.
d) UPV/EHUko Ikasleen Kontseilua ordezkatzea, haren kasuan, presidentearen edo horrek eskuordetuta jarduten denaren bidez, unibertsitateak egon edo bere eginkizunak bete behar lituzkeen tokian.
e) Asanbladaren bilkura guztien deialdia egin eta haien buru izan, baita aztergaiak ezarri ere arautegi honek xedatutakoaren arabera. Halaber, hizpide izango diren gaiei buruzko informazioa eskainiko die asanbladako kideei.
f) Asanbladari aurkeztea ekonomi ekitaldi bakoitzeko gastuak nola bete diren.
g) Asanblada informatzea, bere eginkizunak gauzatzerakoan, egindako jarduerez.
h) Arautegi honetan berariaz eman edo Asanbladaren eskuordetzeaz eskuratzen dituenak.
27. artikulua.– Erabakiak.
Batzorde Iraunkorraren erabakiak gehiengo soilaren bidez hartuko dira, eta horretarako Asanbladak dituen bozketa-arauak aplikatuko dira.
28. artikulua.– Asanbladaren kontrola.
1.– Eginkizun guztiak burutzerakoan, Batzorde Iraunkorra Asanbladak kontrolatu eta fiskalizatuko du.
2.– Batzorde Iraunkorrak ezin dezake erabaki Asanblada alde edo kontra agertu ez den gaiez. Haren diskrezionalitatea Asanbladaren erabakiak era egokian bete diren ikuskatzera mugatuko da, eta Asanbladak ezarritako baldintzak betez.
Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, eta premiazko arrazoiengatik, Batzorde Iraunkorrak baimena eman eta erabakiak har ditzake, atzeraezinezko ondoriorik eragiten ez duten erabakiak direnean. Ahalmen horretaz baliatzeko, lau kideren adostasuna beharko da, presidentearena ezinbestean, eta idatziz jaso beharko da. Edonola ere, Batzorde Iraunkorraren jarduketa Asanbladak berretsi beharko du hurrengo bilkuran.
29. artikulua.– Kargu-uztea.
Batzorde Iraunkorreko kideek beren kargua utziko dute hemen adierazten diren arrazoi hauetako batengatik:
a) Dimisio, zentsura-mozio bat onartu edo berorri uko egiteagatik.
b) UPV/EHUn ikasteari uzteagatik.
c) Hil edo bat-bateko ezintasunagatik, edo gaitasungabetze-epaiarengatik.
d) Agintaldia bukatzeagatik.
30. artikulua.– Zentsura-mozioa.
1.– Batzorde Iraunkorreko edozein hautetsi ken daiteke kargutik, baldin eta Kontseiluaren Asanbladako kide gehienek hala erabaki eta gaia aztergai-zerrendan badago, eta premiazko prozeduraz egiten ez bada. Asanbladak presidentea kargutik kenduz gero, presidenteak Batzorde Iraunkorrerako izendatutako kideak ere kargutik kentzen direla ulertuko da.
2.– Zentsura-mozio bat aurkeztekotan, ordezko kandidatura bat ere aurkeztuko da, eta prozedura Ikasleen Kontseiluko presidentea aukeratzekoa da.
3.– Presidenteak izendatutako kideak ere ken daitezke kargutik, eta, kasu horretan, presidenteak aukeratuko ditu berriak.
31. artikulua.– Presidentearen aldaketa.
1.– Aurreko artikuluetan adierazitako arrazoiengatik presidentea behin betiko aldatzeko, presidente berria IV. kapituluko I atalak xedatutakoaren arabera aukeratuko da, eta mozio-zentsuraz kargua uzten den Asanbladaren bilkura berean aukeratuko da, edo hurrengo bilkuran, aurreko artikuluan jasotako gainerako kasuetan kargua uzten den egunetik kontatzen hasita.
2.– Berria hautatu artean, Batzorde Iraunkorreko presidenteak eta gainerako kideak funtziotan ariko dira.
IV. KAPITULUA
PRESIDENTEA
1. ATALA
IKASLEEN KONTSEILUKO PRESIDENTEA
HAUTATZEA
32. artikulua.– Asanbladak hautatzea.
Ikasleen Kontseiluko presidentea eta berorren taldea Asanbladak aukeratuko ditu bere kideen artetik. Horretarako, hauteskundeetako emaitzak aldarrikatutakoan, hauteskunde-batzorde bat izendatuko da Asanbladaren lehen bilkuran. Batzordean, campusek ordezkari bana izango dute. Ordezkari horiek ezin daitezke hautagaiak izan, ordea, eta pertsonarik zaharrena izango da batzordeburu. Hauteskunde-egutegia beheko artikuluan ezarritako prozeduraren arabera onartuko da.
33. artikulua.– Prozedura.
1.– Hau izango da hauteskundeetarako prozedura:
– Kandidaturak aurkezteko 10 egun natural izango dira, eta berehalakoan argitaratuko dira aurkeztutako kandidaturak.
– Horren ondoren, 3 egun baliodun izango dira, alegazioak aurkezteko.
– Alegazioak aurkezteko epea bukatu eta biharamunean, Hauteskunde Batzordeak idatziz emango die aurkeztutako kandidaturei alegazioen berri, baita ofizioz ikusi dituen irregulartasunenena ere, eta kandidaturek bi egun baliodun gehiago izango dituzte erantzuteko.
2.– 25. artikuluak ezartzen duenez, hauteskundeak egiteko behar adina egun baliodun egon ezean, kandidaturak aurkezteko epea laburtuko da egutegian.
34. artikulua.– Kandidaturen aurkezpena.
1.– Presidente izateko hautagaiak bere kandidaturan aurkeztuko ditu taldekide izango dituenak. Horiek Ikasleen Kontseiluko kideak izan behar dute, eta horien artetik aukeratuko dira idazkaria eta diruzaina.
2.– Kandidatura Hauteskunde Batzordeari igorriko zaio, eta horrek egiaztatuko du hautagai-zerrendek arautegi honetako xedapenak eta UPV/EHUn indarrekoak diren gainerako unibertsitate-xedapenak ere betetzen dituzten, eta, behar izanez gero, aurkeztutako alegazioez erabakiko du.
35. artikulua.– Hauteskunde Mahaia.
Kandidaturak behin betiko aldarrikatutakoan, Hauteskunde Batzordeak hauteskunde-mahaia osatzeko zozketa egingo du, eta hauteskunde-mahaiak bermatuko du bozketak arauak betez egin daitezen.
Hauteskunde-mahaia kandidaturetakoak eta Hauteskunde Batzordekoak ez diren Ikasleen kontseiluko hiru kidek osatuko dute.
36. artikulua.– Hautatzea.
1.– Hautatzea bozketa zuzen eta isilpekoaren bitartez egingo da.
2.– Lehen itzulian emandako boto baliodunen gehiengo absolutua lortzen duen kandidatura aldarrikatuko du hauteskunde-mahaiak. Gehiengo absolutua lortzen duen kandidaturarik egon ezean, elkarren segidako bozketak egin eta boto gutxien lortzen dituen kandidatura baztertuko da. Bi gelditu eta behar den gehiengoa ez batak ez besteak lortu ezean, gehiengo soila lortzen duena hautatuko da, baldin eta bozketa-quoruma, gutxienez, Asanbladako kideen 2/3koa bada.
3.– Bozketan sortzen diren arazoak hauteskunde-mahaiak ebatziko ditu. Hauteskunde-prozesuan izandako auziak Hauteskunde Batzordeari planteatu beharko zaizkio, hiru egun balioduneko epean, bozketa-egunaz geroztik. Hauteskunde-mahaiak eta batzordeak hartutako erabakien aurka helegitea aurkez dakioke, epe berean, Asanbladari, eta horrek UPV/EHUko Hauteskunde Batzorde Orokorrari aurkez diezaioke, Asanbladako kideen heren batek hala eskatuz gero.
37. artikulua.– Publizitatea.
Hauteskunde-prozesua egindakoan, hauteskunde-espendiente osoaren kopia igorriko zaio UPV/EHUren Errektoreordetzari, jakinaren gainean egon eta behar diren ondorioak izan ditzan.
2. ATALA
IZAERA ETA EGINKIZUNAK
38. artikulua.– Izaera.
Presidentea da Ikasleen Kontseiluaren eleduna eta ordezkari gorena edozein instantziaren aurrean. Halaber, Unibertsitateak CEUPV/EHUIKi esleitutako gastuen unitate organikoaren arduraduna da.
39. artikulua.– Presidentearen eginkizunak.
Hauek dira presidentearen eginkizunak:
a) Asanbladaburu eta Ikasleen Kontseiluaren ordezkari izatea unibertsitateko gainerako organoen aurrean.
b) Eztabaidak moderatu eta zuzentzea, eta Asanbladako eta Batzorde Iraunkorreko parte hartzeak erregulatu behar ditu arautegi honen eta, behar izanez gero, onartzen diren garapen-arauen arabera.
c) Batzorde Iraunkorreko eta joaten den lan-batzordeetako lana koordinatu, zuzendu, buru izan eta bultzatzea, baita horien presidentzia Batzorde Iraunkorreko beste kide bati eskuordetzea ere.
d) Asanbladari proposatzea, beste batzuk kendu dituztela eta, Batzorde Iraunkorrean haien ordez egon behar dutenen izendapena onar dezan.
e) Ikasleen Kontseiluak egiten dituen aktak eta dokumentuak sinatu eta ontzat ematea.
f) Gastuak administratzea, diruzainaren laguntzaz, dagokion aurrekontuaren kargura.
g) Asanbladaren gidalerroak aplikatu eta erabakiak betetzea.
h) Ikasleen eskubideak errespeta daitezen zaintzea.
i) Asanbladak haren esku uzten duen beste edozein eginkizun.
40. artikulua.– Presidente izateari uztea.
Hauek dira presidente izateari uzteko arrazoiak:
a) Agintaldia bukatzea.
b) Legez deklaratutako ezintasuna.
c) Berariazko uko egitea.
d) UPV/EHUkoa izateari uztea.
e) Zentsura-mozio bat onartzea.
f) Aplika dakiokeen arautegian jasotako beste edozein arrazoi.
41. artikulua.– Beste presidente bat hautatzea.
1.– Ikasleen Kontseiluko presidente izateari aurreko artikuluko b) edo d) arrazoiengatik utziz gero, Batzorde Iraunkorrak izendatzen duen kideak ordezkatuko du funtziotan, eta horrek berehala egingo du presidente berria hautatzeko deialdia, arautegi honek ezarritakoarekin bat etorrita. Horrela aukeratutako presidentearen agintaldiak beste presidenteak zuen agintaldia bukatu arte iraungo du.
2.– Ez da hauteskunde partzialetarako deialdirik egingo eskolarik gabeko aldian edo organoa berritzeko hiru hilabete baino gutxiago gelditzen direnean.
V. KAPITULUA
IDAZKARIA ETA DIRUZAINA
42. artikulua.– Izendapena eta kargu-uztea.
Idazkaria eta diruzaina izango dira Ikasleen Kontseiluko kideak izan eta postu horietarako aukeratutako hautagai-zerrendan ageri diren pertsonak.
40. artikuluko arrazoiengatik ez ezik, Asanbladak hartutako erabakiarengatik ere ken daitezke kargutik. Presidenteak aukeratutako pertsonek beteko dute tokia, Asanbladak hala onartuz gero.
43. artikulua.– Idazkariaren eginkizunak.
Hauek dira Ikasleen Kontseiluko idazkariaren eginkizunak:
a) Kontseiluaren fede emateko lana egikaritzea, presidentearen onespenaz. Halaber, Asanbladaren aktak idatzi eta sinatzea, eta beste edozein bilerarenak baldin eta CEUPV/EHUIKeko presidenteak edo bileran daudenen bi herenek laguntzeko eskatzen badiote.
b) Kontseiluko artxibo, liburu, zigilu eta erregistroak zaindu eta behar bezala erabiltzeaz arduratzea.
c) Antolatu eta sailkatzea lan-batzordeek eta Batzorde Iraunkorreko kideek egindako lanaren ondorioz sortzen diren akta, dokumentu eta txostenak.
d) Asanbladak eta Batzorde Iraunkorrak egiteko agintzen dioten beste edozein eginkizun.
44. artikulua.– Diruzainaren eginkizunak.
1.– Diruzainak lagundu behar dio presidenteari kontseiluaren administratze eta kudeatze ekonomikoan, baita arlo horretan Asanbladak erabakitzen dituenak betetzen ere.
2.– Hauek dira kontseiluko diruzainaren eginkizunak:
a) Ikasleen Kontseiluko kontabilitateaz eta kontu-liburuez arduratzea.
b) Ikasleen Kontseiluko ekonomi ondasunak babestu eta, presidente-lanean diharduenarekin batera, ekonomi partidak administratzea.
c) Behar izanez gero, Ekonomi Batzordeko buru izan eta Ikasleen Kontseiluko ekonomi jarduketa guztiez arduratzea.
d) Ikasleen Kontseiluak agintzen dizkionak.
VI. KAPITULUA
KIDEAK
45. artikulua.– 1.– Batzorde Iraunkorreko kideak izango dira bestelako kargurik ez duten batzordekideak.
2.– Hauek dira kideen eginkizunak:
a) Dagokion campuseko arazoak Batzorde Iraunkorrera bideratzea.
b) Presidenteak eskuordetzen dizkion batzordeetako buru izatea, Ekonomi Batzordekoa izan ezik.
c) Asanbladak agintzen dizkionak.
3.– 40. artikuluko arrazoiengatik ez ezik, Asanbladak hartutako erabakiarengatik ere ken daitezke kargutik kideak. Presidenteak aukeratutako pertsonek beteko dute tokia, Asanbladak hala onartuz gero.
VII. KAPITULUA
LAN BATZORDEAK
46. artikulua.– Eratzea.
1.– Asanbladak, eginkizunak betetzeko, bere kideez baliaturik sortuko ditu behar adina batzorde. Batzordeok eginkizun jakinez arduratuko dira Asanbladak zehaztutako epeetan eta bertan behera geldituko dira beren eginkizuna bete edo haiek sorrarazi zituzten arrazoiak desagertzen direnean.
2.– Ezin daiteke aukeratuak izan diren agintaldia bukatzeko falta den denboratik gorako epeetarako batzorederik eratu.
3.– Batzordeak Ikasleen Kontseiluko kide baten proposamenez sor daitezke, gai zehatzak ebatzi eta/edo kudeatzeko.
47. artikulua.– Batzordeen helburuak.
Arau orokor gisa, batzordeek beren ondorioak Asanbladari aurkeztuko dizkiote, horietaz erabaki dezan. Aurrekoa gorabehera, Asanbladak hala iritziz gero, betearazle eta erabaki-hartzaileak ere izan daitezke lan-batzordeak, erdietsi nahi diren helburu moten arabera, kontuak justifikatzeko duten betebeharra eragotzi gabe, eta Batzorde Iraunkorraren eta bertako kideen eskumenak kaltetu gabe.
48. artikulua.– Batzordeburua.
1.– Lan-batzorde bakoitzak Asanbladak izendatzen duen pertsona izango du buru, Batzorde Iraunkorrak hala proposatuta.
2.– Edonola ere, Ekonomi Batzordeak diruzaina izango du buru.
49. artikulua.– Batzordeen osaera.
1.– Lan-batzordeak, Asanbladako hiru kidez gutxienez eta gehieneko kopuru batez osatuko dira. Gehieneko kopurua, kasuan kasu, Asanbladak berak erabakiko du, eta beti izango da zenbaki bakoitia.
2.– Batzordeek unibertsitateko beste ikasle batzuk ere izan ditzakete, Asanbladak hala erabakiz gero.
3.– Halaber, beren bileretara joan daitezke ikasleen taldekoak ez diren pertsonak, baldin eta jorratu beharreko gaian beren esperientzia- edo aditutasun-arrazoiak izan, Asanbladak berariaz horrela adierazi eta bertan bildutako gehienek hala erabakitzen badute. Edonola ere, kide horiek mintza badaitezke ere, ezin dezakete botorik eman batzorde horietan.
50. artikulua.– Batzordeko idazkaria.
1.– Lan-batzorde guztiek hautatuko dute beren kideen artetik idazkari bana.
2.– Batzordeko idazkariak jasoko du izandako bilera guztien akta, eta idatziz bildu horien ondorioak, baita Asanbladaren eta Batzorde Iraunkorraren esku jarri ere.
51. artikulua.– Koordinazioa.
Ikasleen Kontseiluko presidenteak batzordeetako lana koordinatuko du, edo koordinazio hori Batzorde Iraunkorreko kideen esku utz dezake.
52. artikulua.– Bilerak.
Batzordeak Asanbladaren edo edozein batzarkideren ekimenez bilduko dira.
HIRUGARREN TITULUA
IKASTEGI ETA CAMPUSETAKO IKASLEEN
KONTSEILUAK
I. KAPITULUA
IKASTEGIETAKO IKASLEEN KONTSEILUAK
53. artikulua.– Osaera.
1.– Ikastegietan ikasleen kontseilu bana eratuko da. Eratzen diren kontseilu horiek, salbu eta beren arautegiak bestelakorik xedatu, pertsona hauek osaturik egongo dira: ikasleek Ikastegiko Batzarrean dituzten ordezkariak eta kasuan kasuko ikastegiko ikasleek Unibertsitateko Klaustroan dituzten ordezkariak.
2.– Ikastegiko Ikasleen Kontseiluko kideak izan daitezke talde bakoitzeko ordezkariak, bere arautegi espezifikoan hala jasota badago. Arautegi horrek hautaketarako prozesua eta bermeak ezarri beharko ditu.
3.– Ikastegietako ikasleen kontseiluen funtzionamendua demokratikoa izango da, eta arautegi honetan xedatutakoaren arabera arautuko da, baita, egoenez gero, kasuan kasuko arautegiaren arabera ere.
4.– Ikastegiko ikasleen kontseiluak kasuan kasuko ikastegiak horretarako jartzen duen lokalean izango du egoitza.
54. artikulua.– Eginkizunak.
1.– Hauek dira ikastegiko Ikasleen Kontseiluaren eginkizunak:
a) Zuzendaritza-organoak hautatzea haren kideen artetik, baita UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluan izan behar duen ordezkaria ere.
b) Aurrekontua nola banatuko den erabakitzea.
c) Ikastetxeak Ikasleen Kontseiluari emandako lokal, instalazio, ondasun eta baliabideak behar bezala erabil daitezen arduratzea.
d) Ikastegiko ikasleen antolamendu kolektiboaren alde lan egitea.
e) Ikasleak ordezkatzea ikastegiko organoetan, baita unibertsitateko organoetan ere ikastegia modu esklusiboan eragiten duten gaietan.
f) Ikasleen eskubideak betetzen direla zaintzea, eta bete daitezen eskatzea.
g) Ikasleek sailetan izango dituzten lehen eta bigarren zikloetako ikasleen ordezkariak aukeratzea, arautegi honetan ezarritako prozeduraren arabera.
h) Beren kideen artetik aukeratzea kasuan kasuko ikastegiari dagokion Campuseko Batzarrean izango duten ordezkaria.
i) Eta, oro har, arautegi honek UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluarentzat ikastegiaren berezko esparruan onartutako eta aplika daitezkeen eskumenen garapena.
2.– Halaber, ikastegiko Ikasleen Kontseiluari dagokio, egoki joz gero, bere funtzionamendurako arautegia prestatu eta proposatzea. Xedapen horiek, direnak direlarik, oinarrizko arautegi honetan ezarritakoa errespetatu beharko dute.
55. artikulua.– Ikastegi-ataletako ikasleen kontseiluak.
1.– Ikastegiko ataletan ataleko ikasleen kontseilu bat eratuko da, ikasleek ikastegiko batzarreko atalean eta unibertsitateko klaustroan dauden ordezkariez osaturik, salbu eta ikastegiko Ikasleen Kontseiluak bestelakorik xedatu.
2.– Ikastegi edo ataleko ikasleen kontseiluen funtzionamendua demokratikoa izango da, eta arautegi honetan xedatutakoaren arabera arautuko da, baita, egoenez gero, kasuan kasuko arautegiaren arabera ere.
3.– Ataleko ikasleek bertako organo koordinatzaileekin dituzten harremanak bideratuko ditu ataleko Ikasleen Kontseiluak, ataleko ikasleek kasuan kasuko campuseko batzarrean duten ordezkaritza hartuko du bere gain eta, ataleko ikasleekiko eta atalaren markoan, UPV/EHUren estatutuen 22. artikuluak xedatzen dituen eskumenak erabiliko ditu.
56. artikulua.– Ikastegiko eta/edo ataleko Ikasleen Kontseiluko kide bakarreko organoak.
Ikastegiko eta/edo ataleko Ikasleen Kontseiluko kide bakarreko organoak dira presidentea eta idazkaria, baita diruzaina ere, horrelakorik egonez gero.
57. artikulua.– Ikastegiko edo ataleko Ikasleen Kontseiluaren eratzea eta kide bakarreko organoen hautatzea.
1.– Ikastegiko Zuzendaritzak edo Dekanotzak abenduan deituko ditu, bi organoetan ikasleen ordezkariak berritu eta gero, Ikastegiko Batzarrean eta Klaustroan behin betiko aldarrikatutako ikasleen ordezkariak edo, behar izanez gero, hautesleak, kasuan kasuko arautegian ezarritakoaren arabera. Berdin egingo du ataleko koordinatzaileak.
2.– Bileran jarriko da kandidaturak aurkezteko epea, baita presidentea hautatzeko data ere. Ikastegiko edo, hala badagokio, ataleko kontseiluko kide guztiak izango dira hautesleak eta hautagaiak.
3.– Ikasleen kontseiluetako buru izateko kandidaturek idazkari bat ere izan beharko dute. Hautagai- zerrenda horiek idatziz aurkeztuko dira ikastegiko edo, hala badagokio, ataleko erregistro orokorrean, ikastegiko dekano edo zuzendariari, edo ataleko koordinatzaileari zuzenduta. Eta horrexek egiaztatuko du hautagai-zerrendek baldintza guztiak betetzen dituzten, eta, betez gero, argitara emango.
58. artikulua.– Sailetan parte hartuko duten lehen eta bigarren zikloetako ordezkarien ikasle-kontseiluen hautatzea.
1.– Ikastegi bakarrean irakasten duten sailetan, sailetako kontseiluetan parte hartuko duten lehen eta bigarren zikloetako ikasleen ordezkariak ikastegiko Ikasleen Kontseiluak hautatuko ditu.
2.– Sail berak ikastegi batean baino gehiagotan irakasten duenean, kasuan kasuko ikasleen kontseiluak hautatuko du ordezkari bat, lehen eta bigarren zikloetako ikasleen ordezkariak aukeratzeko saileko Zuzendaritzak ikasturtearen lehen hiruhilekoan deituko duen bileran parte har dezan.
59. artikulua.– Ikastegietako ikasleen kontseiluetako presidentea eta idazkaria.
1.– Arautegi honek UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko presidenteari onartzen dizkion eskumenak baliatuko ditu, dagokion ikastegian, ikastegiko Ikasleen Kontseiluko presidenteak.
2.– Arautegi honek UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko idazkariari onartzen dizkion eskumenak baliatuko ditu, dagokion ikastegian, ikastegiko Ikasleen Kontseiluko idazkariak.
3.– Ikastegiko Ikasleen Kontseiluak Ikasleen Kontseiluan izango duen ordezkaria bere kideen artetik aukeratuko du Ordezko bat ere hautatu beharko da.
60. artikulua.– Ikastegi-ataletako ikasleen kontseiluetako presidentea eta idazkaria.
1.– Ataleko Ikasleen Kontseiluko presidenteak bere gain hartuko du hura ordezkatzea, eta ataleko ikasleen ordezkari eta bertako organoetako koordinatzaileen arteko harremanak bideratuko ditu.
2.– Arautegi honek UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko idazkariari onartzen dizkion eskumenak baliatuko ditu, dagokion atalean, ataleko Ikasleen Kontseiluko idazkariak.
II. KAPITULUA
CAMPUSEKO IKASLEEN KONTSEILUAK
61. artikulua.– Izaera.
1.– Campuseko Ikasleen Kontseilua kasuan kasuko campuseko ikasleen ordezkariak koordinatzeko organoa da, dagokion campuseko ikastegiko edo ataleko ikasleen kontseiluaren ekimenez eraturik, arautegi honetan xedatutakoaren arabera.
2.– Campuseko Ikasleen Kontseiluko kideak izango dira campusak Gobernu Kontseiluan duen ordezkaria, campus bakoitzak UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluan duen kidea, eta ikasleek Campuseko Batzarrean dituzten ordezkariak. Campuseko Ikasleen Kontseiluko arautegi espezifikoak adierazitako ordezkariez gainera, ordezkari gehiago izatea ere jaso lezake.
62. artikulua.– Eginkizunak.
Hauek dira campuseko Ikasleen Kontseiluaren eginkizunak:
a) Zuzendaritza-organoak aukeratzea, euren kideen artetik.
b) Koordinatzea ikasleen campusean dituzten ordezkarien lana eta UPV/EHUko Ikasleen Kontseilua.
c) Ikasleen antolamendu kolektiboaren alde lan egitea.
d) Aurrekontua nola banatuko den erabakitzea, eta hura kudeatzea ere bai.
e) UPV/EHUren hedakuntza, eragin eta lan integratzailea bultzatzea haren inguruan eta herritarren artean.
f) Campusean unibertsitate-zabalkuntzaren antolamenduan parte hartu, eta piztea kultura-, arte- eta kirol-biziarekiko interesa campuseko unibertsitateko kideen artean, helburu horiek lortzeko lanak bultzatu eta sustatuz.
g) Eta, oro har, ikasleen eskubideez arduratu eta horiek bete daitezen eskatzea.
2.– Halaber, campuseko Ikasleen Kontseiluari dagokio, egoki joz gero, bere funtzionamendurako arautegia prestatu eta proposatzea. Xedapen horiek, direnak direlarik, oinarrizko arautegi honetan ezarritakoa errespetatu beharko dute.
63. artikulua.– Campuseko Ikasleen Kontseiluko kide bakarreko organoak.
Campuseko Ikasleen Kontseiluko kide bakarreko organoak dira presidentea eta idazkaria.
64. artikulua.– Campuseko Ikasleen Kontseiluaren eratzea eta kide bakarreko organoen hautatzea.
1.– Ikasleek Campuseko Batzarrean dituzten ordezkariak berritu ondoren, campuseko Ikasleen Kontseiluko presidentea izateari utzitakoak edo, bestela, UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko presidenteak, ikasturtearen lehen hiruhilekoa amaitu baino lehen, campus horretakoak diren ikasleen klaustroko ordezkariak deituko ditu. Horiek ez ezik, campusak Gobernu Kontseiluan duen ordezkaria eta campusak UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluan duen kidea ere deituko ditu.
2.– Bileran zehaztuko dira kandidaturak aurkezteko epea eta presidentea hautatzeko eguna. Kontseiluko kide guztiak izango dira hautesleak.
3.– Campuseko Ikasleen Kontseiluko presidentea hautatzeko kandidaturak, idazkari bat ere kontenplatu beharko dutenak, erregistro bidez aurkeztu beharko zaizkio campuseko idazkariari, eta horrek eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu eta argitara emango ditu.
65. artikulua.– Campusetako ikasleen kontseiluetako presidentea eta idazkaria.
1.– Campuseko Ikasleen Kontseiluak bere presidentea izango du ordezkari campuseko gobernu-organoetan, eta gainerako unibertsitate-organoetan campusari modu esklusiboan eragiten dioten gaietan, baita UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluan ere, berorren bileretara deituta. Campuseko Ikasleen Kontseiluko arautegiak ezarriko ditu, hala dagokionean, presidenteak bere gain hartzen dituen eginkizun gehigarriak.
2.– Arautegi honek UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko idazkariari onartzen dizkion eskumenak baliatuko ditu, dagokion campusean, campuseko Ikasleen Kontseiluko idazkariak.
III. KAPITULUA
XEDAPEN KOMUNAK
66. artikulua.– Ikastegi, atal edo campuseko Ikasleen Kontseiluko kidea izatea.
1.– Ikastegi, atal edo campuseko Ikasleen Kontseiluko kidea izatea lor daiteke bai besteek hautaturik edo kide izateari utzi dion hautetsia ordezkaturik.
2.– Kontseilukide izateari utziko zaio UPV/EHUko Estatutuen 228. artikuluak jasotzen dituen arrazoiengatik eta arautegi honek UVP/EHUko Ikasleen Kontseiluko kideentzat aurreikusitakoetara justifikatu gabe ez azaltzeagatik.
3.– Kasuan kasuko aplikazio-markoan, ikastegi, atal edo campuseko Ikasleen Kontseiluko kideen eskubideak eta betebeharrak dira modu orokorrean arautegi honek UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko kideei onartzen dizkien berberak.
67. artikulua.– Ikastegi, atal eta campuseko Ikasleen Kontseiluaren funtzionamendu-arauak.
1.– Ikastegi, atal eta campuseko ikasleen kontseiluak kide anitzeko organoak dira, osoko bilkura edo batzorde iraunkor gisa funtzionatuko dute, eta behar adina lan-batzorde ere sor ditzakete.
2.– Osoko bilkura eta, kasuan kasu, batzorde iraunkor edo lan-batzorde gisa funtzionatzeko arauak Asanbladari eta UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko Batzorde Iraunkorrari aplika dakizkiekeen berberak dira, arautegi honek xedatutakoaren arabera.
3.– Arautegi honetako xedapenen aplikagarritasun zuzenak ez du eragotziko egoki jotzen duten ikastegi eta/edo campuseko ikasleen kontseiluek beren funtzionamendu-arautegi espezifikoa aurkeztea. Dena dela, xedapenek oinarrizko arautegi honetan xedatutakoa bete beharko dute.
LAUGARREN TITULUA
FINANTZABIDEA
68. artikulua.– Baliabideak.
CEUPV/EHUIK honela finantzatuko da:
a) UPV/EHUk urtero emango dion aurrekontuko diruaz.
b) Erakunde publikoen dohaintzez, edo pertsona eta erakunde pribatuen dohaintzez baldin eta Asanbladako kideen bi herenek onartzen badute.
c) Haren jardueren bidez lortutako ekonomi emaitzez.
d) Aurreko ekitaldia ixten den unean gastatu ez diren diru-zenbatekoen baliokidea den laguntza gehigarri batez, baldin eta behar adinako gastu-proiekturik badago.
69. artikulua.– Aurrekontu-banaketarako irizpideak onartzeko prozedura.
1.– Ikasleen kontseiluen aurrekontu-banaketa ezartzen duten irizpideak prestatu edo, behar izanez gero, onartzeko, lehen bozketan, Asanbladako parte-hartzaileen hiru bostenek onartu beharko lukete.
2.– Horrela gertatu ezean, gehiengo absolutuaz onar daiteke, bigarren bozketan.
3.– Gehiengo hori lortu ezik, aurreko ekitaldiko irizpideekin jarraituko da automatikoki.
BOSGARREN TITULUA
ARAUTEGIA ALDATZEA
70. artikulua.– Proposamena.
1.– Hauek proposa dezakete arautegia aldatzea:
a) Batzorde Iraunkorrak.
b) Ikasleen Kontseiluko kideen heren batek.
c) Campus bereko ordezkari guztiek batera.
71. artikulua.– Aldatzeko prozedura.
1.– Arautegia aldatzeko proiektua Batzorde Iraunkorrari aurkeztuko zaio.
2.– Proiektua aurkezturik, idazkariak kontseiluko kideei emango die, idatziz, arautegia aldatzeko proposamenaren berri, baita hori eztabaidatu eta onartzeko ez-ohiko bilkura baten berri ere.
3.– Asanbladaren ez-ohiko bilkurarako deialdia, gehienez, 15 eguneko epean egingo da, arautegia aldatzeko proposamena aurkezten denetik hasita.
4.– Arautegia onartzeko, beharrezkoa izango da lortzea quoruma lehen deialdian eta bildurik dauden kontseilukideen bi herenen aldeko botoa.
5.– Arautegia aldatzeko proposamenari muzin eginez gero, aurreko artikuluko b) eta c) atalei dagozkien ekimenen sinatzaileek ezin dezakete artikulu berberen aldaketa osoa edo partziala eskatu hasitako agintaldia bukatu arte.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.– Ikasleen Kontseiluak ikasleak ordezkatzeko organo gehiago sortzeko eskubidea gordetzen du beretzat, arautegi hau aldatuta.
Halaber, Ikasleen Kontseiluak beretzat gordetzen du Ikasleen Asanblada Orokorrera deitzeko eskubidea, egoki jotzen duenean, eta deialdiaren norainokoa, eztabaidagaiak, izaera eta, behar izanez gero, hartutako erabakiekiko lotura ezarriko ditu.
Bigarrena.– Arautegi honen ondorioetarako, Giza Zientziak titulazioa (Esperientzia Gela) ikastegi bakartzat hartuko da.
Hirugarrena.– Arautegi hau indarrean sartu eta hurrengo urteko UPV/EHUren aurrekontu-proiektuak zehaztuko ditu Ikasleen Kontseiluari dagokion aurrekontu-esleipenerako irizpideak, baita hura funtzionatzeko tasen gutxieneko ehunekoa ere, aurrerago errespetatu beharko dena.
Laugarrena.– Gai honi buruz arautegi espezifikoagorik onartzen ez den bitartean, arautegi hau izango da ikastegi edo atal eta campuseko ikasleen kontseiluen oinarrizko arautegia, baita ikasleen ordezkarien estatutua ere.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehenengoa.– Campuseko ikasleen kontseiluen eratzea.
1.– Campuseko ikastegi eta ataletako ikasleen kontseiluen heren baten proposamenez, ikasleek Campuseko Batzarrean dituzten ordezkariak berritu ondoren, UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko presidenteak hilabeteko epean, gehienez, deituko ditu Ikasleek Campuseko Batzarrean dituzten ordezkariak, campusak Gobernu Kontseiluan duen ordezkaria eta campusak UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluan duen kidea, hala dagokionean, campuseko Ikasleen Kontseilua eratzeko.
2.– Beharrezkoa izango da, Campuseko Ikasleen Kontseilua eratzeko, ikasleek Campuseko Batzarrean dituzten ordezkarien erdien gehi baten adostasuna lortzea.
Bigarrena.– Ikasleen Kontseiluko oraingo kideek karguan jarraituko dute beren agintaldia bukatu arte.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Arautegi hau indarren sartu bezain laster geldituko da indargabetuta 1998ko apirilaren 30ean Gobernu Batzarrak onartutako UPV/EHUko ikasleak ordezkatzeko arautegia.
RSS