Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

39. zk., 2007ko otsailaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
1185

21/2007 DEKRETUA, otsailaren 13koa, Durangoko "Zabaltzen-Sartu" elkartea herri onurakotzat aitortzeko dena.

Elkarteei buruzko otsailaren 12ko 3/1988 Legearen 22. artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskadiko interes orokorraren alde egiten duten elkarteak herri-onurakotzat aitortu ahal izango dira, inskribatuta baldin badaude.

Durangoko "Zabaltzen-Sartu" elkarteak horren babespean, herri-onurako erakundearen aitorpena eskatu du, egiten dituen jarduera nagusiak honakoak direlako: gizartetik baztertuta dauden pertsonei eta taldeei harrera, informazioa, orientabidea, laguntza eta gaitasun pertsonal eta teknikoa ematea, lan-bitartekaritza eta enplegua lortzeko sustapenerako zerbitzu eta ekintzak, norberaren kontura nahiz inoren kontura egitekoak; lehentasunez lan-egitura elkarkideak sustatzea honakoak errazteko: gizarteratzea, gizartetik baztertuta dauden pertsona eta taldeei buruzko azterlan eta ikerketak egitea, gizarteratzeko berariazko ekintzak eta baztertze arriskuan dauden langileak (emakumeak, ezintasuna duten pertsonak, 45 urtetik gorakoak eta baztertze egoeran dauden beste talde batzuk) gizarteratzeko eta trebatzeko berariazko ekintzak.

Eskabidea egiten duen elkartea 1991ko abenduaren 17ko ebazpenaren arabera inskribatu zen eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Lurralde historikoak dira bere jarduera-eremuak.

Eratu zenetik, Durangoko "Zabaltzen-Sartu" elkarteak, besteak beste, honako jarduerak egin ditu:

a) Taldeetan esku hartzea, zerbitzu sozialen erabiltzaileei eta talde langabetuei arreta, informazioa, orientazioa eta laguntza emanez.

b) Prestakuntza-jarduerak: udalerrietan talde jakinekin gauzatutako heziketa sozio-pertsonalerako jarduerak, beste mota bateko baliabide komunitarioetarantz mobilizazio eta jarrera-hurbilketa beharrei erantzuna emateko.

c) Lanbide-arloko jarduerak, honakoak nabarmenduz: 25 urtetik beherako iraupen luzeko langabetuei zuzendutako lan-bitartekaritzarako egitarauak eta oinarrizko errenta jasotzen dutenei eta erdeinatutako pertsonei zuzendutako lan-bitartekaritzarako jarduerak.

d) Lan-taldeak dinamizatzeko jarduerak, lan-taldeak dinamizatzeko Mungialdea Gizarte Zerbitzuen Partzuergoarekin elkar lana egitea.

Aipatutako legearen 22. artikuluan agindutakoarekin bat etorriz, herri-onuragarritasunaren aitorpena Jaurlaritzaren Kontseiluak erabakitako dekretu bidez egingo da, arloa dela-eta kasuan kasuko sailek proposatuta, eta sailek eta interesatuta dauden erakunde eta entitateek txostena eman ondoren. Agindu hori betez, dagokion espedientea hasarazi da eta, ondoren, sail eta instituzioek eman beharreko txostenak erantsi zaizkio espedienteari. Txosten horietan, bestalde, Durangoko "Zabaltzen-Sartu" elkartea herriarentzat onuragarria dela aitortzearen alde agertzen dira bai sailak, bai instituzioak.

Ondorioz, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez, interesaturik dauden erakunde eta entitateek emandako txostenak ikusi ondoren, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2007ko otsailaren 13an egindako bilkuran aztertu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Durangoko "Zabaltzen-Sartu" elkartea, Bazkunen Errolda Nagusian AS/B/03006/1991 zenbakiaz inskribatua dagoena, herriarentzat onuragarria dela aitortzea, bere jarduerekin Euskadiko interesen alde egiten duela jotzen baita.

Horrekin batera, aitorpen horri dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, otsailaren 12ko 3/1988 Legeko 22.2. artikuluan jasota daudenak.

Vitoria-Gasteizen, 2007ko otsailaren 13an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZCÁRRAGA RODERO.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.


Azterketa dokumentala