Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

3. zk., 2007ko urtarrilaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Euskal Herriko Unibertsitatea
39

EBAZPENA, 2006ko abenduaren 12koa, Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena. Honen bidez agindua ematen da Ekonomia Aplikatua III Sailaren Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Unibertsitateak bere araubide propioa dauka erakundea antolatzeko, bere interesen defentsan aritzeko balio diona, Konstituzioak 27.10. artikuluan onartzen duen unibertsitateen autonomiatik eratorria. Araubide horri atxikita dago bere arauak egiteko erakundeak daukan ahalmena. Ahalmen horrez baliatuta, Unibertsitateak bere Estatutuak dauzka, erakundearen antolaketaren ezaugarri berezi diren arlo eta organoak erregulatzen dituzten oinarrizko arauak.

Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 199. artikuluak dioenez, sailek arautegi bat izango dute euren gobernurako. Arautegia Saileko Kontseiluak egingo du, Gobernu Kontseiluak emandako oinarrizko arautegiari jarriki. Bestalde, Sailen Oinarrizko Arautegiko 4.2. artikuluak idazkari nagusiari eskuordetzen dio arautegiak onesteko eskumena, baldin eta txosten guztiak aldekoak izanik berariazko eskaririk egin ez bada Gobernu Kontseiluan aurkezteko.

Gobernu Kontseiluak azaroaren 2an egin zuen bileran jakinarazi zen Ekonomia Aplikatua III Sailaren arautegiari buruzko txosten guztiak aldekoak zirela eta, beraz, interesatuek zazpi eguneko epea zutela arautegia Gobernu Kontseilura bidaltzea eskatu nahi bazuten. Aipatutako epea igaro denez eskaerarik aurkezteke, arautegia onartutzat eman behar da, idazkari nagusiaren erabakiaren bidez (Sailen Oinarrizko Arautegiko 4.2. artikuluak eskuordetutako eskumena).

2004ko martxoaren 12an Euskal Unibertsitate Sistemaren 2004ko otsailaren 25eko 3/2004 Legea argitaratu zen. Lege horrek 10.2. artikuluan dioenez, unibertsitateko gobernu organoek ematen dituzten aplikazio orokorreko xedapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko ditu unibertsitateak, eta ez dira jarriko indarrean beren testu osoak argitaratu arte.

Aipatutako guztia kontuan hartuta, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– UPV/EHUko Ekonomia Aplikatua III Sailaren Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea agintzea.

Bigarrena.– Arautegia indarrean sartuko da argitaratzen den egunean.

Hirugarrena.– Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta honen kontra, gura izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke idazkari nagusiari hilabeteko epean, erabakia argitaratzen denetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, hilabete biko epean.

Leioa, 2006ko abenduaren 12a.

(Eskuordetzaz, 2005eko urriaren 26ko EHAA)

UPV/EHUko idazkari nagusia,

IÑAKI ESPARZA LEIBAR.

EKONOMIA APLIKATUA III (EKONOMETRIA ETA ESTATISTIKA) SAILEKO
ARAUTEGIA
I. TITULUA
KONTZEPTUA, HELBURUAK, EGINKIZUNAK ETA EGOITZA

1. artikulua.– Ekonomia Aplikatua III (Ekonometria eta Estatistika) Saila fakultate, goi eskola tekniko eta unibertsitate-eskola batean edo batzuetan eta sortu daitezkeen beste ikastegietan ikerketa eta berezko duen jakintza-arloko irakaskuntza antolatu eta garatzeaz arduratzen den oinarrizko organoa da.

2. artikulua.– Ekonomia Aplikatua III (Ekonometria eta Estatistika) Sailak Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean (Lehendakari Agirre, 83 – 48015 Bilbao) dauka egoitza.

3. artikulua.– Ekonomia Aplikatua III (Ekonometria eta Estatistika) Sailaren eginkizunak UPV/EHUren Estatutuetako 193. artikuluan eta UPV/EHUko Sailen Oinarrizko Arautegiko 2. artikuluan daude jasotakoak dira, hain zuzen:

a) Bere eskumeneko jakintza-arloko irakaskuntza koordinatu eta ematea, eta hirugarren zikloko, doktoregoko eta berezko tituluak edo titulu espezializatuak lortzeko ikasketak antolatu eta garatzea.

b) Bere eskumeneko jakintza-arloko ikerketa bultzatu eta laguntzea.

c) Lankidetzan jardutea EHUko eta beste erakunde publiko edo pribatu batzuetako sailekin, ikastegiekin eta unibertsitateko ikerketa-institutuekin, bai irakaskuntzaren arloan bai ikerketan.

d) Zientzia, teknika, arte edo giza zientzien arloko zereginak sustatzea, bai eta espezializazio edo unibertsitate-hedakuntzako ikastaroak bultzatzea, eta horretarako behar diren lanak kontratatu eta burutzea, beti ere indarreko legeriaren arabera.

e) Kideen eguneratze zientifikoa eta pedagogikoa sustatzea zuzenean edo beste sail eta ikastegi batzuekin batera.

f) Bere aurrekontua gestionatzea, baliabideak administratzea eta sailari atxikitako langileak gidatzea.

g) Urteko plana garatu eta betetzea.

h) Urteko memoria egitea.

i) EHUko gainerako organoei laguntzea euren eginkizunak betetzen.

j) Saileko jakintza-arloen ikasketa-planak egiten parte hartzea, baita saileko jakintza-arloekin zerikusia duten gainerako eginkizun guztietan ere, beren eskumenen esparruan betiere.

II. TITULUA
EGITURA

4. artikulua.– UPV/EHUko Ekonomia Aplikatua III (Ekonometria eta Estatistika) Saila Ekonomia Aplikatua jakintza-arloan sartzen da.

5. artikulua.– Ekonomia Aplikatua III (Ekonometria eta Estatistika) Saileko kideak dira sailari atxikitako irakasleak, ikertzaileak eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak edo sailak bere baliabideen kontura kontratatutakoak, baita bekadunak, hirugarren zikloko ikasleak eta lehen eta bigarren zikloetako ikasleen ordezkariak ere. Artikulu honi dagokionez, bekadunei buruzko aipamenak ez ditu barne hartzen UPV/EHUko Estatutuetako 115.3. artikuluan aipatutako bekadun lankideak.

6. artikulua.– Saileko kideen eskubideak eta betebeharrak UPV/EHUren Estatuetan daude jasota.

7. artikulua.– Saileko kontseiluak saileko atalak sortu, aldatu edo kentzea proposatu ahal izango du eskolak sakabanatuta dauden ikastegietan ematen badira eta egoerak hala eskatzen badu. Atalak sortu edo bertan behera uzteko arautegia aldatu behar da.

8. artikulua.– Saileko atalek saileko kontseiluak eskuordetuko dizkien eskumenak, irakaskuntza antolatu eta programatzekoak, izango ditu.

III. TITULUA
GOBERNU, ORDEZKARITZA ETA ADMINISTRAZIO ORGANOAK
I. KAPITULUA
DEFINIZIOA

9. artikulua.– Saileko gobernu-, ordezkaritza- eta administrazio-organoak kide anitzekoak eta kide bakarrekoak dira. Kide anitzeko organoak saileko kontseilua, batzorde iraunkorra eta, hala badagokio, saileko ataletako kontseiluak. Kide bakarreko organoak zuzendaria, idazkaria eta, hala badagokio, saileko ataletako koordinatzaileak dira.

10. artikulua.– Sailaren gobernua kontseiluari eta zuzendariari dagokie.

II. KAPITULUA
KIDE ANITZEKO ORGANOAK
I. ATALA
SAILEKO KONTSEILUA

11. artikulua.– Saileko kontseilua honakoek osatzen dute:

– Saileko zuzendaria (kontseiluko buru izango da).

– Idazkari nagusia.

– Sailean dauden unibertsitateko irakasle-kidegoetako funtzionario guztiak, lan-kontratudun irakasle iraunkor guztiak eta sailari atxikitako doktore guztiak.

– Sailari atxikitako gainontzeko irakasleen artetik ordezkari bat hiru irakasleko.

– Hirugarren zikloko ikasleen ordezkari bat.

– Bigarren zikloko ikasleen ordezkari bat eta lehenengo ziklokoen beste bat.

– Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

12. artikulua.– Irakasleen, ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkarien agintaldia lau urtekoa da. Ikasleen ordezkarien agintaldia, berriz, urtebetekoa.

13. artikulua.– Sailera atxikitako gainerako irakasleen ordezkariak irakasleek eurek aukeratu behar dituzte euren artean.

14. artikulua.– Lehenengo eta bigarren zikloko ikasleen ordezkarien agintaldia urtebetekoa da, eta saileko irakasleek eskolak ematen dituzten ikastegietako ikasle kontseiluen bitartez aukeratu behar dira, Ikastegietako Ikasle Kontseiluen Oinarrizko Arautegiak xedatutako prozedurari jarraiki.

15. artikulua.– Hirugarren zikloko ikasleen ordezkaria saileko zuzendaritzak deituta urtero, abenduan, egingo den bileran aukeratu behar da. Bilerara honakoak deitzen dira: saileko graduondoko berezko tituluetan eta doktorego programetan eta tesietan matrikulatutako ikasle guztiak eta sailera atxikitako ikerketako bekadunak. Horretarako, saileko zuzendaritzak bilera horretara deitu beharreko ikasleen errolda eskatu beharko dio hala dagokion zerbitzuari.

16. artikulua.– Saileko kontseiluaren eginkizunak UPV/EHUren Estatutuetako 286. artikuluan eta Sailen Oinarrizko Arautegiko 14. artikuluan daude jasota.

1.– Hauek dira Saileko kontseiluaren eginkizunak:

a) Saileko zuzendaria hautatzea arautegiak xedatutakoari jarraiki.

b) Urteko txosten ekonomikoa, saileko irakaskuntzaren eta ikerketaren memoria eta eginkizunen plana onartzea.

c) Urteroko irakats-eskaintza programatu eta ebaluatzeko irizpideak onartzea.

d) Saileko langileei irakaslanak eta balizko aldaketak esleitu, Sailen Oinarrizko Arautegiko 36. artikuluari eta hurrengoei jarraiki.

e) Irakasgaien oinarrizko programak ezartzea kasuan kasuko ikasketa-planaren barruan.

f) Hirugarren zikloko, doktoregoko eta gainerako ikasketetako (unibertsitateko berezko tituluetara bideratutako ikasketak izan edo ez) eskaintzak proposatzea, kasuan kasuko proposamenak eginez eta euren gain dituzten programen ezarpen eta koordinazio akademikoaz arduratuz. Edonola ere, doktorego programetako irakats-zama kasuan kasuko sailak entzun ondoren esleitu behar da.

g) Doktorego-tesiak ebaluatu behar dituzten pertsonak izendatzeko proposamenak onartzea legeak baimentzen dituen baldintzetan, bai eta bestelako epaimahaietako kideen izendapenak onartzea ere.

h) Irakasleei eta ikertzaileei ikerketa-eginkizunetan eta ekimenetan laguntzea.

i) Plaza berriak eskatu eta saileko langileen lanpostuen zerrendan egin beharreko aldaketak proposatzea.

j) Irakasleen irakaslanaz txosten arrazoituak egitea, irakaskuntza-merezimenduak eskuratzeari eta kontratuak berritzeari begira.

k) Zientziaren, teknikaren eta artearen alorreko lanak egiteko Estatutuetako 141. artikuluan xedatutako kontratuak egiteko baimenak ematea, betiere, sailaren eskumenen esparruan eta Gobernu-kontseiluak onartutako araudiari jarraiki.

l) Venia docendi eman behar denean, aurrez iritzia ematea.

m) Beharrezko bitartekoak sortu eta ekimenak egitea, saileko jardunaren kalitatea sustatu eta hobetzeko, baita gestio eraginkorra bermatzeko ere Europako, Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko programen baitan. Horretarako, unibertsitatean ezarritako ebaluazio-prozesuak sustatu eta horietan parte hartu behar dute.

2.– Orobat, honako eginkizun hauek ditu saileko kontseiluak:

a) Gobernu-kontseiluari arautegiaren proiektua eta, dagokionean, arautegiaren erreforma-proiektua aurkeztea.

b) Irakaskuntzaren ezaugarriak kontuan hartuta egoki denean, irakaskuntzaren zati bat beste erakunde batzuetan emateko proposamena egitea gobernu-kontseiluari, beronek baimendutako hitzarmeneko baldintzei jarraituz.

c) Jarduerak ikastegiekin koordinatzeko programak onartzea.

d) Dagokionean, sailaren gune fisikoak esleitzeko irizpideak onartzea.

e) Saileko arautegian jasotako eskumenen esparruan, ordezkariak hautatzeko arauak ematea. Saileko zuzendariak deitu behar du hauteskundeetara, Hauteskunde Araubide Orokorrean xedatutakoari jarraiki.

f) Indarrean dagoen legediak, UPV/EHUko Estatutuek eta horiek garatuko dituzten arauek zehaztutako gainerako guztiak, baita eskuordetzen zaizkionak ere.

II. ATALA
BATZORDE IRAUNKORRA

17. artikulua.– Batzorde iraunkorra honakoek osatzen dute:

– Zuzendaria (batzordeburua izango da).

– Idazkari nagusia.

– Saileko ataletako koordinatzaileak.

– Irakasleen bederatzi ordezkari.

– Bekadun eta ikasleen ordezkari bat;

– Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

Azken hiru kasuetan, ordezkariak saileko kontseiluko kideen artean hautatu behar dira.

18. artikulua.– Batzorde iraunkorraren eginkizunak.

1.– Oro har, batzorde iraunkorrak kontseiluari laguntzeko batzorde gisa jardungo du, eta kontseiluak onartu edo ezetsiko dituen gaiak eztabaidatu eta horien berri emango du.

2.– Halaber, batzordeak, kontseiluak eskuordetuta, hurrengo gairi buruzko erabakiak hartu ahal izango ditu:

– Doktorego-tesiak ebaluatu behar dituzten pertsonak izendatzeko proposamenak onartzea legeak baimentzen dituen baldintzetan, bai eta bestelako epaimahaietako kideen izendapenak onartzea ere.

– Irakasleei eta ikertzaileei ikerketa-eginkizunetan eta ekimenetan laguntzea.

– Irakasleen irakaslanaz txosten arrazoituak egitea, irakaskuntza-merezimenduak eskuratzeari eta kontratuak berritzeari begira.

– Baimena ematea zientzia-, teknika- edo arte-lanak egiteko kontratuak sinatzeko, bere eskumenen eremuan.

– Beharrezkoa denean, irakasle, ikertzaile eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkoak eskatzea.

Gainera, kontseiluak beste eginkizun batzuk eskuordetu ahal izango dizkio UPV/EHUren Estatutuetako 286. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorrita.

3.– Aurreko lerrokadaren arabera, estatutuetako 286.1. artikuluko d) eta i) letretan aipatutako eginkizunak (arautegi honetako 16. artikulua) betetzeko agintzen bazaio batzorde iraunkorrari, erabakiak bete egin behar dira, saileko kontseiluak berretsi edo aldarazi bitartean.

4.– 286.1 artikuluko d) eta i) letretan (arautegi honetako 16. artikulua) jasotako eginkizunak ez zaizkionez eskuordetzen arautegi honen bitartez, Sailen Oinarrizko Arautegiaren arabera, eskuordetu ahal izateko arautegi hau aldatzeko behar den quorum eta boto-kopuru berak eskatuko dira (Sailen Oinarrizko Arautegiko 50.3), eta ez da beharrezkoa izango kontseilua ezohiko bileran biltzea.

5.– Kontseiluaren bileretan saileko zuzendariak batzorde iraunkorrak aurreko bileretan hartutako erabakien berri eman behar du.

6.– Aurreko 2. puntuan zehaztutako erabakiak baliodunak izateko batzordeko kideen lau bostenen aldeko botoa, gutxienez, behar da. Halaber, erabakiak batzordearen ondorengo lehenengo kontseiluan berresteko aurkeztu behar dira batzordeko bi kidek, gutxienez, edo kontseiluko kideen % 10ek hala eskatuz gero batzordearen erabakiak argitaratu eta lau egun balioduneko epean.

III. ATALA
KIDE ANITZEKO ORGANOEN FUNTZIONAMENDUA

19. artikulua.– Kide anitzeko organoak beren kideak hautatu eta hurrengo bi hilabeteen barruan bildu behar dira. Bere presidenteak eratutzat joko ditu bilera hasten denean.

20. artikulua.– Kide anitzeko organoetako kideen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Kide anitzeko organoen bileretara eta kide diren batzordeen bileretara hitz eta botoarekin joateko eskubidea daukate.

2.– Beren eginkizunak betetzeko beharrezko dokumentazioa eta informazioa eskatu eta eskuratzeko eskubidea daukate. Horretarako kide anitzeko organoko presidenteari idazki bat bidali beharko diote organoaren bilera egin baino 12 ordu lehenago, gutxienez.

3.– Kide anitzeko organoen eta kide diren batzordeen bileretara joan behar dute.

21. artikulua.– UPV/EHUren Hauteskunde Arautegi Orokorrean xedatutakoarekin bat etorrita hautatuko dira saileko kide anitzeko organoen ordezkariak.

22. artikulua.– Saileko kide anitzeko organoen ordezkari izatea Hauteskunde Batzordearen aldarrikapenaren bidez eskuratzen da. UPV/EHUren Estatutuetako 228. artikuluaren arabera, ordezkaria izatea pertsonala eta besterenezina da, beraz, ezin dago aldi baterako ordezkatzerik. Ordezkaria izatea hauetakoren batengatik galtzen da:

a) Hilez gero edo ezintasuna izanez gero;

b) Hauteskunde-prozesua baliogabetzea.

c) Agintaldia amaitzea.

d) Dimisioa aurkeztea.

e) EHUko kidea izateari utziz gero, edo hautatua izan zen ikastegiko edo kidegoko kidea izateari utziz gero;

f) Ikasturte berean 3 bileratara jarraian, edo aldizkako 6tara huts egitea.

23. artikulua.– Kide anitzeko organoen bilera-motak eta aldizkakotasuna.

1.– Bilerak ohikoak eta ezohikoak izan daitezke.

2.– Deialdiak ohiko bileretarako egin behar dira oro har. Saileko kontseiluak urtean, gutxienez, bi bilera egingo ditu eta batzorde iraunkorrak, bi, gutxienez, seihilekoan.

3.– Aztertuko den gaia dela-eta, ezohiko bilera beharrezkoa denean egin behar da, baita aplikatu beharreko arautegiak xedatutako kasuetan ere. Ezohiko bileretako aztergaien zerrendan ez dira agertuko aurreko akten onespena eta galde-eskeak izeneko aztergaiak.

4.– Presazko bilerak ezohikoak dira eta deia gutxienez 24 ordu lehenago egin behar da. Halakoetan, bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela onartu beharko da bileraren hasieran. Berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

24. artikulua.– Bilerarako deia egitea.

1.– Kide anitzeko organoetako buruek egin behar dute kasuan kasuko organoaren bilerarako deia.

Gainera, kide anitzeko organoetako kideen edo sailetako irakasleen % 33k eskatzen badute, organoaren bilerarako deia egin behar da. Bilera horiek ezohikoak dira eta eskaera egin eta zazpi egun balioduneko epean egin behar dira gehienez.

2.– Bilerarako deia organoko idazkariak bideratuko du, denbora nahikoarekin eta, edonola ere, bileraren data baino hiru egun lehenago. Deialdian adieraziko da bilera non egingo den, zein ordutan, eta zeintzuk gai aztertuko diren bertan. Organoetako kideek aztertu beharreko gaiei dagozkien dokumentuak aurrerapen nahikoaz eskuratzeko aukera izan behar dute eta, edonola ere, bilera baino 24 ordu lehenago.

3.– Edonola ere, aztergaiak osatzen dituzten puntuak zehatz jasoko dira deialdian. Puntu horien artean agertu beharko dira organoko kideen % 10ek, gutxienez, behar den garaian eta moduan eskatutakoak Ezin da hartu gai-zerrendan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik; hala ere, organoko kideen bi heren baino gehiago badaude bileran, eta bozkatu eta gehiengo osoak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia har daiteke.

4.– Guztiak jakitun egon daitezen, deialdiak argitara eman behar dira organoari dagokion egoitzan eta gainerako gune guztietan, eman ere organoetako kideei bileretarako deia egiten zaien egun berean.

25. artikulua.– Organoa balioz eratzeko presidenteak eta idazkariak egon behar dute beti. Organoa balioz eratuko da baldin eta lehenengo deialdian kideen erdiak gehi bat bertaratzen badira, edo handik hamar minutura egingo den bigarrenean, herenak bertaratzen badira. Organoa aztergai-zerrenda amaitu arte egongo da bilduta. Presidenteari dagokio bilera bertan behera uztea eta berrabiatzeko eguna eta ordua jartzea.

26. artikulua.– Bileren nondik norakoak.

1.– Kide anitzeko organoko buruak bilera behar bezala antolatuko du eta, horretarako arrazoirik egonez gero, bertan behera utzi ahal izango du.

2.– Eztabaidak aztergaiei jarraituz egingo dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, kide anitzeko organoak bileraren ordena aldatzea erabaki dezake, organoko buruak proposamena egin ondoren.

3.– Beharrezkotzat joz gero, organoko buruak bozketa egin aurretik gaiaren inguruan eztabaidatzeko denbora muga dezake, bai eta egon daitekeen parte-hartzeen kopurua ere.

4.– Kide anitzeko organoko buruaren iritziz egokia bada, kide ez diren pertsonak gonbida ditzake bilerara, gai-zerrendako punturen batekin zerikusia duen iritzia edo informazioa eman dezaten. Aktan bileran gonbidatuak izan direla jaso behar da, eta ez dute botorik emateko eskubiderik izango.

5.– Eztabaidetan kideren baten iritziz zehaztasunik gabeko egiaztapenak egiten badira, edo kideren baten gainean balio-judiziorik ematen bada, presidenteak alusioengatik txanda emango dio pertsona horri zehaztasunik gabeko egiaztapenak edo balio-judizioak zuzendu ditzan.

6.– Kide anitzeko organo bateko kide guztiek ordena-arazoak planteatu ahal izango dituzte, honako hauetarako: aztergaien zerrenda betearazteko, arautegia egokiro aplikatzea bermatzeko, eztabaida amaitzea eskatzeko, bilera behin-behinekoz bertan behera uztea eskatzeko, eta eztabaida atzeratzea nahiz harekin jarraitzea eskatzeko. Presidenteak erabakiko du onartzea edo atzera botatzea.

7.– Kide anitzeko organo bateko kideak hitz egiteko txanda duela ezin du inork moztu, presidenteak izan ezik, eta gaiari berriro heltzea eskatzeko, portaera aldatzea erregutzeko, berbetarako txanda kentzeko edo kide anitzeko organoari edo bere kideren bati portaera aldatzea erregutzeko.

27. artikulua.– Saileko kideek -kide anitzeko organoko kideak izan edo ez- eztabaidetan eta nolabait eurengan era pertsonalean eta indibidualean eragina izan dezaketen erabakietan entzunak izateko eskubidea daukate.

28. artikulua.– Kasuan kasuko organoak hartutako erabakiek era pertsonalean eta indibidualean eragiten badiete organo bateko kideei, berauek eztabaidetatik eta erabakietatik kanpo geratuko dira. Hori ez da eragozpen izango interesatuek entzunak izateko duten eskubidea (aurreko paragrafoa) erabiltzeko.

29. artikulua.– Erabakiak adostasunez edo botazio bidez –publikoa edo isilpekoa- hartzen dira. Botazioek isilpekoak izan behar dute, kide anitzeko organoetako kideren batek eskatzen badu. Dena dela, botazioek beti izan behar dute isilpekoak, pertsonei buruzkoak badira.

30. artikulua.– Botoa pertsonala eta eskuordeezina da.

31. artikulua.– Erabakiek balioa izateko balioz emandako botoen gehiengo soila behar da, arautegi honetan edo UPV/EHUren Estatutuetan jasotako kasuetarako eskatzen diren gehiengoak alde batera utzita. Proposamen bakarra dagoenean, onartua izango da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen badaude, aldeko boto gehien lortzen dituena onartuko da. Proposamenak bi baino gehiago direnean, emandako botoen gehiengoa lortzen duena onartuko da; edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenak hartuta, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena.

Berdinketa izanez gero, berriro egingo da botazioa. Hala ere, berdinketa izanez gero, bilerako buruaren kalitate-botoak erabakiko du.

32. artikulua.– Kide anitzeko organoetako kideek aktan agerrarazi ahal izango dute beren botoa eta horren azalpena. Azalpen hori idatziz eman beharko dute botazioa egitean. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti agerraraziko dira haiekin batera.

33. artikulua.– Bileretako aktak.

1.– Idazkariak bilerako akta egin behar du. Akten zirriborroak bilera amaitzen denetik aurrera hamar egun balioduneko epean, gehienez, jarriko dira jendaurrean, eta kideen esku egongo dira saileko idazkaritzan. Akta bileran bertan edo hurrengoan onartu behar da, eta aktaren zirriborroa hurrengo bilerako gai-zerrendari dagozkion dokumentuekin batera banatuko da. Akta onartu ostean, idazkariak sinatu eta batzarraren buruak ontzat eman behar du.

2.– Aktetan honako hauek jaso behar dira nahitaez: bilerara etorri direnen zerrenda eta bilera amaitu aurretik alde egin dutenen inguruko berariazko aipamena; gai-zerrenda; bileraren tokia eta ordua; bileran aztertutako puntuak; botazioak egin diren modua eta horien emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egoki joz gero, arrazoiaren azalpen laburra.

3.– Aktan boto partikularrak ere jasoko dira, kide anitzeko organoko kasuan kasuko kideek hala eskatzen badute. Kide anitzeko organoko kideek euren parte-hartzea edo proposamena aktetan hitzez hitz jasotzeko eska dezakete. Horretarako, idatziz aurkeztu behar dute eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak adierazitako epean.

4.– Kide anitzeko organoko kideek aktan aldaketak egiteko proposamenak egin ahal izango dituzte akta onartzeko unean. Idazkariak aldaketa-proposamena alderatuko du, eta gero kide anitzeko organoak onartu beharko du.

5.– Kide anitzeko organoak aldatu baino lehen, bilera egin behar da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa gertatzen bada, akten zirriborroak bidaliko zaizkie kide anitzeko organoko kide zirenei eta hamar eguneko epea emango zaie erreklamazioak egiteko. Ez bada aurkezten erreklamaziorik esandako epearen barruan, aktak onartutzat eman behar dira; erreklamaziorik aurkeztuz gero, berriz, kide anitzeko organo berriek egingo duten lehen bileran onartu behar dira.

6.– Aktak onartu eta hiru egun balioduneko epean, gehienez ere, jendaurrean jarriko dira, eta kideen eskura egongo dira saileko idazkaritzan.

34. artikulua.– Erabakiak argitaratzea.

1.– Idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede emango du eta ziurtagiriak egingo ditu.

2.– Hartutako erabakiak argitara emango dira iragarki-oholean, gehien dela hiru egun balioduneko epean eta pertsonen intimitatea babestuta. Edonola ere, organoko idazkariak eta presidenteak erabakiak argitaratu egiten direla bermatu behar dute, eta argitaratu eta hilabetez daudela jendaurrean gutxienez.

35. artikulua.– Erabakiak betearazi eta jakinaraztea eta errekurtsoak.

1.– Kide anitzeko organoak hartutako erabakiek onartzen direnetik aurrera dute eragina, erabakian bertan kontrakorik adierazi ezean. Erabakien berri eman behar zaie kasuan kasuko organoei.

2.– Pertsonei buruzko erabakiak, irakaslanak esleitzekoak eta lanpostuen zerrendan edo kontratuko langileen zerrendan eragina dutenak zuzenean jakinarazi behar zaizkie eragindakoei. Erabakiek jakinarazpena egiten den unetik aurrera dute eragina, eta jakinarazpenak Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egin behar dira.

3.– Kide anitzeko organoek hartzen dituzten erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia hartu zen bilerako akta argitaratu eta hilabeteko epean.

4.– Pertsonei buruzko erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari erabakia interesdunari jakinarazi eta hilabeteko epean.

III. KAPITULUA
KIDE BAKARREKO ORGANOAK
I. ATALA
SAILEKO ZUZENDARIA

36. artikulua.– Zuzendaria UPV/EHUren Hauteskunde Arautegi Orokorrarekin bat hautatuko da, eta agintaldiaren iraupena lau urtekoa izango da. Behin baino ezingo da jarraian berriro hautatu.

Zuzendariak karguari uzteko arrazoiak UPV/EHUren Estatutuetako 287.4 artikuluan daude jasota.

37. artikulua.– Sailean zuzendaririk ez badago, horren berri eman beharko dio idazkari nagusiari saileko idazkariak edo, bestela, saileko kategoria eta antzinatasunik handieneko kideak, eta batzorde iraunkorraren bilerarako deia egin edo, bestela, saileko kontseilua bilerara deitu berehala, xedatutako baldintzak betetzen dituena izenda dezaten saileko behin behineko zuzendari. Halakoetan, kategoria eta antzinatasunik handieneko kidea izango da bileraren buru, eta saileko zuzendari-eginkizunak beteko ditu. Artikulu honetan xedatutako eginkizunak betetzen ez badira, edo hiru hilabete baino gehiago igaro eta ez bada zuzendaririk aukeratu dena delakoagatik, errektoreak ofizioz izendatuko du behin behineko zuzendaria, kasuan kasuko erantzukizunei kalterik egin gabe.

38. artikulua.– Saileko zuzendariaren eginkizunak UPV/EHUren Estatutuetako 289. artikuluan eta Sailen Oinarrizko Arautegiko 33. artikuluan daude jasota.

1.– Honako eginkizun hauek ditu saileko zuzendariak:

a) Sailaren ordezkari izatea.

b) Saileko Kontseiluko burua izatea, eta, dagokionean, Batzorde Iraunkorreko burua, saileko arautegiaren arabera.

c) Saileko kideen eskari eta proposamenak jaso eta bideratzea.

d) Saileko administrazio eta zerbitzuetako langileen funtzioak zuzentzea.

e) Sailaren urteko memoria, eginkizunen plana, eta txosten ekonomikoa prestatzea.

f) Saileko kontseiluak, batzorde iraunkorrak eta, dagokionean, ataletako kontseiluak hartutako erabakiak betearaztea.

g) Sailak eta saileko kideek irakaslanak eta gainerako eginkizun akademikoak behar bezala betetzen dituztela bermatzea.

h) Zientzia, teknika, giza zientzia edo artearen arloko ikerlanak egiteko sailak egiten dituen kontratuak sinatzea.

i) Hirugarren zikloko eta doktoregoko ikasketak koordinatzea, programen arduradunekin batera.

j) Eginkizunak betetzeko egoki diren batzordeak eratzea.

k) Isilpeko informazioa jendaurrean jakinaraz dadin agindu eta diziplina-espedienteak abiaraz daitezen proposatzea.

l) Saileko beste organoei agindu ez zaizkienak, unibertsitateko gobernu-organoek eskuordetutakoak eta Estatutuek edo indarrean dagoen legediak zehaztutako gainontzeko guztiak.

2.– Era berean, lankidetza-hitzarmenak ere sinatu behar dituzte, gobernu-kontseiluaren jarraibideek xedatutako baldintzetan.

II. ATALA
SAILEKO IDAZKARIA

39. artikulua.– 1.– Errektoreak izendatu behar du idazkaria, saileko zuzendariaren proposamenari jarraiki. Jardunean dauden irakasleak eta ikertzaileak izan daitezke idazkari.

40. artikulua.– Honako hauek dira kargua uzteko arrazoiak: dimisioa aurkeztea, heriotza, lege-ezintasuna, saileko kide izateari uztea eta zuzendariaren proposamenari jarraiki errektoreak hala erabakitzea.

41. artikulua.– Idazkariari dagokio saileko idazkaritza akademikoak berezkoak dituen eginkizunak betetzea, baita zuzendariari laguntzea ere.

42. artikulua.– Idazkariak saileko kide anitzeko gobernu-, ordezkaritza- eta administrazio-organoen jardunaren eta erabakien fede emango du; akta-liburuak egin eta zaintzeaz arduratuko da eta ziurtagiriak egingo ditu, hala erabakienak, nola saileko dokumentazio ofizialean ageri diren gertakarienak edo ekimenenak.

IV. KAPITULUA
LAN BATZORDEAK

43. artikulua.– Kontseiluak eta/edo saileko zuzendariak sailak ondo funtzionatzeko beharrezkotzat jotzen dituzten batzordeak eratuko dituzte. Ez dira administrazio-organoak izango; izan ere, kontseiluari edo zuzendariari lagunduko diete hartu beharreko erabakiak prestatuta edo erraztuta.

44. artikulua.– Kontseiluko batzordeen proposamenak kontseiluak onartu behar ditu hirugarrenen edo unibertsitateko beste organoen aurrean ondorioak izan ditzaten.

45. artikulua.– Saileko kontseiluak kontseiluko batzordeen osaera erabakiko du, bai eta saileko kideak horietan nola esleitu ere.

46. artikulua.– Jarraian jarduten duten batzordeek funtzionamendu-arautegi bat idatzi ahal izango dute funtzioak ondo zehaztuta. Saileko kontseiluari aurkeztu beharko diote onar dezan.

IV. TITULUA
ARAUTEGIAREN ERREFORMA

47. artikulua.– Arautegia aldatzeko prozeduraren ekimena zuzendariari edo saileko kontseiluko kideen % 20ri dagokio.

48. artikulua.– Aldaketaren bat proposatu nahi dutenek idatzi bat aurkeztuko dute zuzendariari zuzendua. Idatzi horretan aldaketa eskatzen duten pertsonen izenak eta proposatzen duten ordezko testua agertuko dira. Saileko kontseiluko kideak jakinaren gainean jarriko dira, gehienez ere astebeteko epean.

49. artikulua.– Saileko zuzendariak ekimena aurkeztu eta hilabeteko epean, gehienez, saileko kontseiluari dei egingo dio ezohiko bilkurara aldaketari buruzko erabakia hartzeko. Proiektuak, onartua izateko, kontseiluko kideek balioz emandako botoen gehiengo osoa beharko du.

50. artikulua.– Arautegia aldatzeko proiektu batek aurrera egin ezean, proposamena egin dutenek ezin izango dute gai berberaren gainean beste aldaketarik proposatu urte beteko epean.

51. artikulua.– Aldaketa onartu ondoren, eta legaltasun-kontrola behin eginda, Gobernu Kontseilura eramango da, ontzat eman dezan.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi honetan jasotakoa Sailei buruzko Oinarrizko Arautegiarekin eta aplika daitezkeen gainontzeko arauekin bat ezarriko da.


Azterketa dokumentala