Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

237. zk., 2006ko abenduaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Herrizaingo Saila
6220

EBAZPENA, 2006ko urriaren 17koa, Trafiko zuzendariarena; honen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko bide-sareko gune jakin batzuetan telebista-zirkuitu itxiko kamerak jartzea eta erabiltzea erabaki da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hiriarteko Trafikoa Kudeatzeko Sistema arautzen duen eta Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa sortzen duen maiatzaren 22ko 87/2001 Dekretuan hiriarteko trafikoa kudeatzeko sistema bat ezarri zen, Europa barneko sarera bil daitekeena; sistema honek ahalbidetzen du, batetik, bide-sarea denbora errealean monitorizatzea, eta bestetik, hiriarteko bideetako zirkulazioa erregulatzeko, kontrolatzeko edo orientatzeko erabaki eta neurriak hartzea, trafiko gertaerengatiko pilaketak saihestea, segurtasuna handitzea eta bidaiari eta merkantziak babestea.

Dekretu horrek honela definitzen du Hiriarteko Trafikoa Kudeatzeko Sistema: «Euskal Autonomia Erkidegoko bide-sareko bide-segurtasunaren, ibilgailuen zirkulazioaren eta hiriarteko trafikoaren gaineko diziplina, kontrola, informazioa, orientazioa eta erregulazioa egitearren, jarduerak, estrategiak, egitasmoak, prozedurak, mekanismoak, instalazioak, bitartekoak eta baliabideak batera biltzen dituen sistema".

Euskal Autonomia Erkidegoko Hiriarteko Trafikoa Kudeatzeko Sistemaren osagaiak dekretu horren eranskinean definitzen dira. Horietariko bat, 1.1.b atalean definitutakoa, telebista-zirkuitu itxiaren bidezko monitorizazio-sistema da, hots, «telebista-zirkuitu itxien instalazioak, zeinekin, bide-sarean paratutako telebista-kameren bitartez, irudiak igortzen baitira Trafikoa Kudeatzeko Zentrora, non monitoreen eta irudiak grabatzeko sistemen bitartez bistaratzen diren". Trafikoa Kudeatu eta Kontrolatzeko Sistema Informatikoaren bidez (eranskineko 1.2 atala), «monitorizazio- eta sentsorizazio-sistematiko eta beste informazio-iturri batzuetatiko informazioak bildu, prozesatu eta tratatu" ahal dira, besteak beste.

Bestalde, Euskal Herriko Poliziak toki publikoetan bideo-kamerak erabiltzeko baimenen eta haien erabileraren erregimena garatzen duen uztailaren 21eko 168/1998 Dekretuaren (abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoan arautua) hirugarren xedapen gehigarrian, trafikoaren eta bide-segurtasunaren zainketarako, kontrolerako eta diziplinarako bideokamerak erabiltzen direnean aplikatu beharreko erregimena ezartzen da. Xedapen gehigarri horretan, Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariari eskumena ematen zaio Euskal Autonomia Erkidegoko bide publikoetan trafikoa arautzeko bideokamerak instalatzea eta erabiltzea baimendu dezan, trafikoa arautzea udalen esku ez dagoen kasuetan. Horrez gainera, tresna horien erabilera eta instalazioa «egokitasunaren" eta «gutxieneko esku-hartzearen" printzipioen menpe jartzen ditu.

Trafiko zuzendariaren 2005eko urtarrilaren 20ko Ebazpenez Euskal Autonomia Erkidegoko bide-sareko bide-segurtasunaren, ibilgailuen zirkulazioaren eta hiriarteko trafikoaren gaineko diziplina, kontrola, informazioa, orientazioa eta erregulazioa egitearren, jarduerak, estrategiak, egitasmoak, prozedurak, mekanismoak, instalazioak, bitartekoak eta baliabideak batera biltzen dituen sistema ezartzea erabaki zen.

Hala ere, denboraren joanean, lehen ezarritako kamerez gain, beste batzuk gehitzeko beharra ikusi da, trafikoa hobeto kudeatu ahal izateko edo trafikoa kudeatzeko sistemaren funtzio osagarrietan laguntzeko, hala nola, seinaleztapen aldakorreko pantailen bidez igortzen diren mezuak egiaztatzea; erabilera horien funtzio nagusiak trafikoa kontrolatu, zaindu eta arautzea dira.

Hori dela eta, bideokamera berriak ezartzeko tokiak, Europa zeharkatzen duen bide-sarean edo bere sarreretan izateaz gainera (TERN, Transeuropean Road Network), A-8 bidearen kasuan, Bizkaian eta Gipuzkoan, arrazoi hauengatik hautatu dira: Lapurditiko eta Lapurdirako salgaien garraioaren trafiko handia; asteburuetan zein irteera- eta itzulera-operazioetan (zubiak, udako oporrak, Aste Santua) gertatzen den joan-etorri kopuru handia; eta, oro har, bide honek jasaten duen TEBI altua; baita bideko ekipoen (mezu aldakorreko panelak) funtzionamendua ikuskatzea ere.

N-634 bideari dagokionean, Mendaron, trafikoa kudeatzeko kamerak instalatzea beharrezko ikusten da A-8 bideko sarbideetako zirkulazioa hobeto banatzeko eta, ahal bada, zirkulazioa bide alternatiboetatik bideratzeko, baita bideko ekipoen (mezu aldakorreko panelak) funtzionamendua ikuskatzeko ere.

Adierazitakoari jarraiki eta maiatzaren 14ko 108/1996 Dekretuaren 11. artikuluaren eta uztailaren 21eko 168/1998 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren 2. paragrafoaren arabera ditudan eskumenak erabiliz, honakoa

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Eranskinean adierazten diren bide eta kilometro-puntuetan bideokamerak instalatzeko eta erabiltzeko agintzea, trafikoaren kontrol, erregulazio, zaintza eta diziplinarako irudiak hartzeko eta erreproduzitzeko.

Bigarrena.– Kamerek hartutako irudietatik trafiko arloko arau-hausteren bat egin dela ondorioztatzen bada, irudiak -gertaera non jazo den ikusita- dagokion trafikoko lurralde-bulegora bidaliko dira; izan ere, trafikoko lurralde-bulegoaren eginkizuna da zigor-prozedura izapidetzea eta ebaztea.

Irudietatik zigor-arloko arau-haustea egon dela ondorioztatzen bada, orduan, eskumena duen epaitegira bidaliko dira hartutako irudiak.

Hirugarrena.– Hartutako irudiak zaindu eta artatzea eta, halaber, irudiak eskuratu eta baliogabetzeko eskubideei buruz ebaztea, EAEko Trafikoa Kudeatzeko Zentroaren arduradunaren eginkizunak izango dira.

Irudiak hartu eta handik hilabetera, luzeen jota, deuseztatu egingo dira, salbu eta trafikoaren eta bide-segurtasunaren arloko arau-hauste penal edo administratiboekin, polizia egiten ari den ikerketaren batekin edo burutu gabe dagoen prozedura judizial nahiz administratiboren batekin zerikusia dutenean.

Laugarrena.– Norberari hartutako irudiak eskuratzeko eta baliogabetzeko eskubideen erabilerari dagokionez, Euskal Herriko Poliziak toki publikoetan bideo-kamerak erabiltzeko baimenen eta haien erabileraren erregimena garatzen duen uztailaren 21eko 168/1998 Dekretuaren 15. artikuluan xedatutakoa beteko da.

Vitoria-Gasteiz, 2006ko urriaren 17a.

Trafiko zuzendaria,

ANDONI ARRIOLA GARRIDO.

ERANSKINA

Bizkaiko Lurralde Historikoan kokatuta dauden instalazioak

Bidea	Kilometro-puntua	Tokia
A-8	81,300	Berriz
A-8	82,000	Berriz

Gipuzkoako Lurralde Historikoan kokatuta dauden instalazioak

Bidea	Kilometro-puntua	Tokia
A-8	61,300	Mendaro
A-8	61,700	Mendaro
N-634	52,400	Mendaro
N-634	52,600	Mendaro

Azterketa dokumentala