Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

237. zk., 2006ko abenduaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
6218

AGINDUA, 2006ko abenduaren 1ekoa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, Giza Eskubideen «René Cassin" Sariaren Epaimahaia eta Epaitza jakinarazten dituena.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2006ko irailaren 27ko Aginduaren bidez (urriaren 6ko EHAA, 192. zk.), Giza Eskubideen «René Cassin" Saria arautu eta deitu zen.

Badira pertsona nahiz talde batzuk giza eskubideak defendatzen eta zabaltzen engaiatu direnak; lanean eta bizitzan jorratu duten bidea da horren erakusgarri. Deialdi honen helburua, hain justu, pertsona edo talde horiek saritzea eta egin dutena jendaurrean aitortzea da.

Sariaren izena Rene Cassin jaunaren Oroimenez jarri da. René Cassin Baionan jaio zen, 1887ko urriaren 5ean; Lehen Mundu-gerran oso esperientzia latza izan zuen eta horrek barren-barrenetik eragin zion eta horren ondorioz, gerraren biktimen eta antzinako gudarien defendatzaile ausart bilakatu zen. Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren inspiratzaile nagusia izan zen 1948an, eta 1950eko Giza Eskubideen Europako Hitzarmenean funtsezko zeregina izan zuen. 1968an Bakearen Nobel saria eman zioten giza eskubideen alde atsedenik hartu gabe buru-belarri ibili delako; Sari hori Giza Eskubideen Estrasburgoko Nazioarteko Institutua sortzeko baliatu zuen.

Aipatutako 2006ko irailaren 27ko Aginduren 6.1 artikuluan jasotzen denez, epaimahai bat eratuko da Saria merezi duten pertsona edo pertsonak aukeratzeko. Giza eskubideen edota horien balore eta printzipioen alorrean aitortutako izen ona duten pertsona ospetsuek osatuko dute, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua lehendakari izango duela, eta agindu baten bidez izendatuko da. Epaimahaiaren osaera Sariaren epaitzarekin batera argitaratuko da.

Bestalde, aipatutako aginduaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, Saria emateko Epaimahaiak hartuko du erabakia. Beti ere, deialdi honetako esleipen-irizpideak eta saritutako pertsonaren garrantziak eta ibilbideak merezi duen balorazioa kontuan hartuta, Epaimahaiak zintzoki dakienaren eta uste duenaren arabera erabakia justifikatzen duten arrazoiak adieraziko ditu epaitzan.

Horrenbestez,

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Epaimahaikideak.

Honako agintari eta pertsonak izan dira Giza Eskubideen «René Cassin" Sariaren epaimahaikideak:

– Joseba Azkarraga Rodero jauna, epaimahaiburu gisa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua den aldetik.

– Jon Landa Gorostiza jauna, Epaimahaiko idazkari gisa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Giza Eskubideen zuzendaria den aldetik.

– Carlos Garaikoetxea Urriza jauna.

– Jose Antonio Ardanza Garro jauna.

– Josu J. Sagasti Aurrekoetxea jauna.

– Pedro María López Zalduendo jauna.

– Eduardo Ruiz Vieytez jauna.

– Inmaculada Gallastegi Zulaika andrea.

– Francisco Caballero Harriet jauna.

– Nekane San Miguel Bergaretxe andrea.

– Juana Balmaseda Ripero andrea.

– Laura Mintegi Lakarra andrea.

– Sylvia Gay Herrero andrea.

– Néstor Basterretxea Arzadun jauna.

– Mirentxu Purroy Ferrer andrea.

– Itziar Hernández Zubizarreta andrea.

2. artikulua.– Epaitza.

Giza Eskubideen «René Cassin" sariaren epaimahaia, 2006ko azaroaren 27an bildurik, eta dagokion eztabaidaren ondoren, 2006. urteko saria, «Abuelas de Plaza de Mayo" elkarteari ematea erabaki du, bizitzaren, askatasunaren eta identitatearen defentsa dela eta.

Vitoria-Gasteiz, 2006ko abenduaren 1a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala