Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

226. zk., 2006ko azaroaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
5937

AGINDUA, 2006ko urriaren 30ekoa, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuarena, Nerbioiko Parke Linealerako Plan Berezia behin betiko onesteko dena.

1.– Nerbioiko Parke Linealerako Plan Berezia batera sustatu dute Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko Uren Zuzendaritzak eta Lurraldearen Antolamendurako Zuzendaritzak, eta urtarrilaren 25eko 19/2005 Dekretuaren bidez behin betiko onetsitako Aiarako Eremu Funtzionalerako Lurraldearen Arloko Planean (LAP) jasotako aurreikuspenak garatzeko aurkeztu da. LAP horretan jasotako jardunik nagusienen artean dago Nerbioiko Parke Lineala ibai–parke gisa sortzea, Nerbioi ibaiaren ibilbideak dituen 33 kilometroetan zehar.

2.– Planean jasotako helburuen artean, hauek nabarmentzen dira: Nerbioi ibaiaren segurtasuna areagotzea, haren meandro–formako trazadura eta urpetze–lautadak babestuta; Nerbio ibaiaren goialdea osorik saneatzea; eta tren–geltokiekin lotutako bizikleta–pasealekua eraikitzea, parkea bere osotasunean egituratzeko.

3.– Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuaren 2006ko martxoaren 27ko Aginduaren bidez, Nerbioiko Parke Linealerako Plan Bereziari hasierako onespena eman zitzaion, eta plana, dagokion ingurumen–inpaktuaren baterako ebaluazioarekin batera, hilabetez jendaurrean jartzeko izapidearen mende jartzea erabaki zen.

4.– Plana jendaurrean jartzeko erabakia eraginkorra izan zedin, iragarki bana argitaratu zen Araba eta Bizkaiko aldizkari ofizialetan, 2006ko apirilaren 12an, eta "El Correo" eta "Berria" egunkarietan, 2006ko apirilaren 11n.

5.– Jendaurreko informaziorako aldia amaitu ondoren, 1976ko Lurzoruaren Legearen Testu Bategineko 41. artikuluan ezarritakoaren arabera, Urduña–Orduña, Amurrio, Aiara, Laudio, Orozko, Arakaldo eta Arrankudiagako udalei entzuteko izapidearen mende jarri zen plana.

6.– Ez jendaurreko informaziorako aldian, ez eta entzunaldi–izapidean ere, ez da inolako alegaziorik aurkeztu.

7.– Bestalde, ingurumen–inpaktuaren baterako ebaluazioaren prozedura arautzen duen uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuan xedatutakoa betetzeari dagokionez, 2006ko irailaren 28an ingurumen–inpaktuaren gaineko behin betiko txostena aurkeztu da; eta, dekretu horretan ezarritakoaren ondorioetarako, agindu honekin batera, II. eranskina doa. Bertan jasotzen da, hain zuzen, ingurumenarekin zerikusia duten alderdiak planean biltzeari dagokionez hartutako erabakiari buruzko nahitaezko deklarazioa.

8.– Era berean, plan honek aldeko txostena jaso du Euskal Herriko Lurraldearen Antolamendurako Batzordeko Araba eta Bizkaiko hiri–plangintzako atalengandik, 2006ko urriaren 2an biek egindako bilkuran.

9.– Plana bideratzeari dagokionez, jendaurreko informaziorako aldian eta entzunaldian alegaziorik jaso ez denez, eta, Plan Berezian, Araba eta Bizkaiko lurraldeetan eragina duen aplikazio–esparruko lurralde–antolamendurako tresna garatzen denez; Euskal Autonomia Erkidegoko

Lurralde Antolakuntzari buruzko 4/1990 Legearen 2.2 artikuluan, 1976ko Lurzoruaren Legearen Testu Bategineko 43. eta, horri lotuta, 41. artikuluetan, eta araubide eta hiri–antolaketaren arloko presazko neurriak zehazteari buruzko martxoaren 6ko 5/1998 Legearen 4.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, antzekotasunagatik, Plan Bereziak lurralde historiko batean baino gehiagotan eragina duenez, Eusko Jaurlaritzari dagokio, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sail honen bitartez, Plan Berezia behin betiko onesteko eskumena.

10.– Landutako dokumentazio teknikoak bete egiten ditu plan berezi izateko beharrezko eskakizunak.

Aplikatzekoa den legeria kontuan izanda,

XEDATU DUT:

1.– Behin betiko onestea Nerbioiko Parke Linealerako Plan Berezia.

2.– Agindu hau, eta honekin batera doazen "Araudia" I. eranskina eta "Ingurumenarekin zerikusia duten alderdiak planean biltzeari dagokionez hartutako erabakiari buruzko berariazko deklarazioa" II. eranskina ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta Araba eta Bizkaiko aldizkari ofizialetan argitaratzea.

3.– Agindu hau behin betikoa da eta administrazio–bidea agortzen du. Beraren aurka administrazioarekiko auzi–errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, hura argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria–Gasteiz, 2006ko urriaren 30a.

Ingurumen eta

Lurralde Antolamendu sailburua,

ESTHER LARRAÑAGA GALDOS.

I. ERANSKINA
ARAUDIA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Helburua.

Plan Berezi honen helburua da bere esparruan barne hartutako lurren hirigintza–araubidea ezartzea, honako udal–mugape hauetan Nerbioiko Parke Lineala garatzearren: Amurrio, Aiara eta Laudio (Arabako Lurralde Historikoan); eta Arakaldo, Arrankudiaga, Orozko eta Urduña(Bizkaiko Lurralde Historikoan).

2. artikulua.– Esparrua.

Nerbioiko Parke Linealerako Plan Berezia (NPLPB), indarrean jartzen denetik, antolamendu–planoetan adierazitako esparruaren osotasunean izango da aplikatzekoa.

Hirigintza–antolamenduko tresna da, azpiegitura lineal garrantzitsuak (funtsean, hondakin–uren hodi biltzailea) gauzatzeari lotutakoa eta horren mende dagoena. Horregatik, NPLBParen esparrua azpiegitura horiek egiteko onartzen diren proiektu teknikoen trazadurara eta edukira egokitu beharko da (Plan Berezi honetan ezarritako muga edo esparrua ere alda daiteke). Eragindako udalerri bakoitzaren plangintza orokorraren barruan egin beharko dira doikuntza eta egokitzapen horiek.

3. artikulua.– Jarduneko administrazioa.

NPLPBa Eusko Jaurlaritzako Uren Zuzendaritzaren eta Lurraldearen Antolamendurako Zuzendaritzaren ekimenez sustatua da, eta ekimen publikoaren bidez garatuko da.

4. artikulua.– Indarraldia.

NPLPBa haren behin betiko onarpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Indarraldi mugagabea izango du, hura ordezkatuko duen maila bereko edo handiagoko beste hirigintza–dokumenturen bat onartzen ez den bitartean.

5. artikulua.– Planaren eragina.

Indarrean dagoen Aiarako Eremu Funtzionalerako Lurraldearen Zatiko Planaren bigarren xedapen iragankorrean jasotakoaren arabera, NPLPB honen zehaztapenak lotesleak dira bai herritarrentzat, bai administrazio publikoentzat, dokumentu honek biltzen dituen hark araututako alderdi eta eduki guztietan. Eragindako udalek euren udal–plangintzak hark ezarritakora egokitu beharko dute plangintza horren lehen aldaketan edo berrikuspenean.

NPLPBak, era berean, zenbait aurreikuspen eta gomendio ezartzen ditu bere esparrutik kanpo jarduteko, dituen helburuekin koordinatuta eta bat eginik. Aurreikuspen eta gomendio horiek ez dira arau–emaileak, aipatutako esparrurako proposamen tekniko hutsak baizik. NPLPBari atxikitako jarduntzat hartzen dira, eta dagozkion udal–plangintzetan jaso behar dira.

6. artikulua.– Aldaketa.

NPLPBa aldatzeko arrazoitzat hartzen dira esku hartzeko esparruan egindako funtsezko aldaketak, hirugarrengoei egun aurreikusita ez dauden ondorioak sorrarazten badizkiete araudi honen bigarren artikuluan jasotako jardun–esparruaren barruan.

NPLPBa aldatu ahal izateko, hura onartzeko jasotako izapide berari jarraitu beharko zaio.

7. artikulua.– Dokumentazioa.

NPLPBa honako dokumentu hauek osatzen dute:

– A dokumentua. Informazio– eta justifikazio–memoria.

– B dokumentua. Hirigintza–araudia.

– C dokumentua. Etapa Plana eta horren kudeaketa.

– D dokumentua. Ekonomia– eta finantza–azterlana.

– E dokumentua. Planoak:

* Informazio–planoak: 0.1, 0.2, 0.3, 0.4, 0.5, 0.6, 0.7 eta 0.8 zk.

* Antolamendu–planoak: 1.1, 1.2, 1.3, 1.4, 1.5, 1.6, 1.7 eta 1.8 zk.

* Kudeaketa–planoak: 2.1, 2.2, 2.3, 2.4, 2.5, 2.6, 2.7 eta 2.8 zk.

– F dokumentua. Ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazioa.

8. artikulua.– Antolamenduz kanpoko eraikinak eta eraikuntzak.

1.– NPLPB hau onartu aurretik egindako eraikinak, eraikuntzak eta instalazioak, harekin bat ez badatoz, antolamenduz kanpokotzat sailkatuko dira.

Horietan ezin izango dira finkatzeko, bolumena handitzeko, berritzeko, desjabetze–balioa gehitzeko nahiz bestelako obrarik egin.

2.– Antolamenduz kanpokotzat hartzen dira, dagokion ibaiertzetik neurtuta, 5 m–tik behera kokatutako finka–itxierak.

3.– Antolamenduz kanpokotzat hartzen dira, dagokion ibaiertzetik neurtuta, ibilguarekiko paralelo kokatutako 5 m–ko lur–zerrenda osorik edo zati batean hartzen duten eraikuntza guztiak.

4.– Antolamenduz kanpoko sailkapenetik honako hauek salbuesten dira: politika hidraulikoarekin lotutako eraikuntzak eta instalazioak, komunikazio–sistemarekin lotutakoak (deribazioko presa txikiak, hartune–obrak, kanalak, ur–emaria neurtzeko estazioak, ontziralekuak, zubiak, pasaguneak, ibaiertzak babesteko obrak…) eta Autonomia Erkidegoko Administrazioak deklaratutako babes bereziko araubideak eragindakoak.

II. KAPITULUA
HIRIGINTZA ARAUBIDEA

9. artikulua.– Sailkapena.

NPLPBaren esparruan barne hartutako lurrak lurzoru urbanizaezintzat sailkatuko dira. Horien barruan, lurrazaleko urak babesteko zonatzat sailkatuko dira Aiarako Eremu Funtzionalerako Lurraldearen Zatiko Planean kategoria hori ematen zaien lurrak.

10. artikulua.– Esku–hartze publikoa. Jardunaren lotura erabilera eta interes publikoarekiko.

Aiarako Eremu Funtzionalerako Lurraldearen Zatiko Planaren edukia kontuan izanda, NPLPBaren esparru osoa Udalaz gaindiko Lurralde Sistema Orokortzat hartzen da, Nerbioiren Ardatz Teknopolitar gisa; eremu funtzional horren osotasunari jarraitutasuna eta kalitatea ematen dion korridore berdea delako.

Horregatik, oro har, jardunak erabilera eta titulartasun publikoko zuzkidura jasotzen du, administrazioak zuzenean kudeatutakoa, eta olgetarako erabilerara eta, aldi berean, espazio libre publikoen zati bat osatzera zuzendutakoa.

Nolanahi ere, NPLPBaren esparruan barne hartutako lurzoruen titulartasun pribatua onartuko da, haien erabilerak oro har bat datozenean plan honen helburuekin eta, bereziki, planaren araudiko artikuluetan araututako erabilerekin.

11. artikulua.– Zonakatzea.

NPLPBan, antolamendu–planoetan jasotako honako zona hauek ezartzen dira:

– Ibai–ibilgua.

– Parkearen azpiegiturak:

* Bizikleta–bidea eta oinezkoentzako bidea.

* Oinezkoentzako bidea.

* Hodi biltzailea.

* HUArako erreserba.

– Parkeari lotutako espazio berriak.

– Espazio osagarriak.

12. artikulua.– Erabileren eta jardueren zerrenda.

NPLPBak, LAAetan lurzoru urbanizaezinerako ezarritako erabileren definizioan oinarrituta, dagokion esparruan, honako erabilera eta jarduera hauek jaso eta arautzen ditu:

• Kontserbazioa.

• Ingurumen–hobekuntza.

• Olgeta estentsiboa.

• Olgeta intentsiboa.

• Jarduera zinegetikoak eta arrain–hazkuntzakoak.

• Nekazaritza.

• Berotegiak.

• Abeltzaintza.

• Basozaintza.

• Garraiobideak.

• Aireko lineak.

• Lurpeko lineak.

• Zerbitzu ez linealen instalazio teknikoak. A mota.

• Zerbitzu ez linealen instalazio teknikoak. B mota.

• Lehendik dauden hiriguneetan oinarritutako hirigintza–hazkundeak (berariazko mugekin).

• Erabilgarritasun publikoa eta gizarte–interesa duten eraikinak.

• Nekazaritza–ustiapenari lotutako bizitegi bakandua.

• Bizitegi bakandua.

• Ostalaritza.

• Merkataritza.

III. KAPITULUA
NPLPB–AREN GARAPENA ETA GAUZATZEA

13. artikulua.– Garapen–tresnak.

NPLPBak ez du ezartzen hirigintzako garapen– eta gauzatze–tresna zehatzik. Dagokion tresna hurrengo artikuluan jasotako baldintzetan egingo da.

Nolanahi ere, Plan Bereziaren esparruari eragiten dioten arlokako proiektuak edota hiri–plangintza orokorraren tresnak onartzeko izapideetan, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Baterako Ebaluazioari buruzko Azterlanak finkatuko ditu plan hau garatu eta gauzatzeko beharrezko neurri zuzentzaileak eta osagarriak.

14. artikulua.– Plan Bereziaren garapena.

Plan Berezia, oro har, Jardun Proiektu izenekoen bidez garatuko da. Jardun–proiektutzat ulertuko dira Plan Bereziaren esparruaren barruan edo hari lotuta ezarri beharreko azpiegituren eta ekipamenduen proiektuak, edozein administrazio publikok onartu, kudeatu, sustatu edo gauzatutakoak.

15. artikulua.– Jardun–sistema.

Plan Bereziaren esparruan, jardun–sistematzat desjabetzekoa ezartzen da, kudeaketa–planoan bildutako esparru eta jardunetarako.

Era berean, bai partikularrei bai administrazio publikoei dagokienez, organo kudeatzaileak hitzarmen administratiboen bidez jardun ahal izango du.

16. artikulua.– Jardun publikoen mota eta hedadura.

NPLPBaren esparruan diharduten administrazioek, haien eskumenak baliatu eta dituzten helburuak betetzearren, beharrezkoak dituzten lurzoruen gaineko eskubideak eta zortasunak borondatez edo nahitaez eratzeko, edota ondasunak nahitaez edo borondatez eskuratzeko prozedurak erabiliko dituzte. Prozedura horietan, Plan Berezi hau, eta bertan jasotako jardunak eta proiektuak gauzatzeko eskuragarri behar dituzten ondasun eta eskubide guztiak bildu beharko dituzte administrazioek.

Horretarako, uren gaietan eskumena duen Autonomia Erkidegoko Administrazioaren organoak hodi biltzailearen eta HUAen proiektua Parke Linealeko Organo Kudeatzaileari aurkeztu eta txostena eskatuko dio.

17. artikulua.– Obrak gauzatzea.

Parke Linealaren obrak egitea Administrazioari dagokio.

IV. KAPITULUA
JARDUNAREN BALDINTZA OROKORRAK

18. artikulua.– Jardun–proiektua.

Jardun–proiektuek baldintza teknikoen orrietan ezarritakoa bete beharko dute, bai eta aplikatzekoa den arloko araudia ere, oso bereziki iristerraztasunari buruzkoa.

Kapitulu honetan adierazitako baldintza eta eskakizun teknikoak arindu ahal izango dira, arrazoitutako justifikazioa aurkeztu ondoren, Parke Linealeko organo kudeatzaileak emandako berariazko baimenaren bidez.

19. artikulua.– Hodi biltzailerako eta HUArako proiektua.

Hodi biltzailearen proiektutik, bizikleta–bidearen eta oinezkoentzako bidearen proiektuarekin bateragarria den balioetsiko da. Haren trazadura, ahal den neurrian, bide horiekin bat etorriko da.

Nolanahi ere, bizikleta–bidearen eta oinezkoentzako bidearen proiektua eragindako azaleraren gainean eta, neurri handiago batean (bidezkoa bada, zubi edo pasagune komunak eraikitzeari begira), ibai gaineko gurutzaguneetan garatzeko bideragarritasuna aztertuko da.

Ingurumenaren aldetik sentikorrak diren zonetan, faunaren pasabidekoetan, uraldiak laminatzekoetan edo landareberritzekoetan duen eragina balioetsiko da.

HUAk garatzeko proiektuetan, haien inguruetan, bizikleta–bidearen edota oinezkoentzako bidearen pasabidea eta jarraitutasuna aurreikusi eta bultzatuko da. Gainera, HUAen bat–egitea hobetu eta duten eragina murriztuko da.

20. artikulua.– Banako proiektuak.

"Parkeari lotutako espazio berritzat" zehaztutako esparruetarako, Banakatutako Araudian adierazitako programa garatuko da, banako proiektuen bidez. Hau da, esparru bakoitzeko proiektu bana egingo da. Adierazitako programa uneko beharren arabera zabaldu eta osatu ahal izango da, baina osaerari buruzko irizpide nagusiari eutsiko zaio.

21. artikulua.– Proiektuak faseka eta tarteka.

Plan Bereziaren esparruan zehaztutako gainerako jardunak

haren Banakatutako Araudian jasotako berariazko proiektuen bidez garatuko dira. Proiektu horiek Etapa Plan honetan daude programatuta.

Zehaztutako proiektuei, proposatutako helburuak osatu eta hobetuko dituzten zehaztu gabeko beste proiektu batzuk gaineratu ahal izango zaizkie.

Bizikleta–bidearen eta oinezkoentzako bidearen proiektua faseka prestatuko da, jardun–programaren eta tarteka banakatutako araudiaren arabera.

Hodi biltzailearen proiektuarekin bateragarria den balioetsiko da. Trazadura, ahal den neurrian, hodi biltzailearekin bat etorriko da.

Trazadura zehaztean, dauden edota proiektatzen diren trenbidearen geltoki eta geralekuekiko lotura bultzatuko da.

Bizikleta–bideak eta oinezkoentzako bideak, trazaduraren % 80an gutxienez, 2,5 m–tik gorako zabalera eta erabilera bakoitzari egokitutako aldapa izango dute.

V. KAPITULUA
ARAUDI OROKORRA
I. ATALA
ARAUBIDEA ETA APLIKAZIO ESPARRUA

22. artikulua.– Araubidea eta aplikazio–esparrua.

Bi araudi–maila hauek ezartzen dira:

1.– Araudi Orokorra, non:

– 11. artikuluan egituratutako zonak zehaztu eta arautzen dira, hots: ibilgua, azpiegiturak, parkeari lotutako espazio berriak eta espazio osagarriak.

– Ordenantza orokorrak zehazten dira: Erabilerak arautzeko Ordenantza, Ingurumenari buruzko Ordenantza, Ibaiertza landareberritzeko Ordenantza, Uraldiak laminatzeko Ordenantza, Faunaren pasabideari buruzko Ordenantza eta Apaindurari buruzko Ordenantza.

– Plan Bereziaren esparruan debekatuak eta bateraezinak diren jarduerak zerrendatzen dira.

2.– Banakatutako Araudia. Bertan, tarte bakoitzerako honakoa zehazten da:

– Plan Bereziaren zehaztapenak, ordenantzen aplikazioa eta OR–EA Erabilerak arautzeko ordenantzaren eduki zehatza barne direla.

– Tarte bakoitzari lotutako ekintza estrategikoak (EA = Ekintza Estrategikoa).

– Dagozkion desjabetze–ekintzak (EED = Ekintza Estrategikoko Desjabetzea).

– Ekintza bakoitzari lotutako proiektuak (EEP = Ekintza Estrategikorako Proiektua).

– Plan Bereziaren gomendioak.

II. ATALA
ZONAKAKO ARAUTZEA

23. artikulua.– Ibai–ibilgua. Erabilerak zehaztu eta arautzea.

Nerbioi ibaiaren ibilgu naturalari dagokion zona.

Oro har, ibaien berezko jarduerak baimentzen dira.

Erabilera baimenduak:

• Kontserbazioa.

• Ingurumen–hobekuntza.

• Olgeta estentsiboa.

• Jarduera zinegetikoak eta arrain–hazkuntzakoak.

• Garraiobideak (zubiak, pasaguneak…).

Pasaguneak, ontziralekuak, kaiak eta presa puzgarriak edo klapeta bidezkoak baimendu ahal dira.

24. artikulua.– Parkearen azpiegiturak. Zehaztea.

Zona hori Parke Linealaren berezko azpiegituretara zuzendutako lurrei dagokie. Lur horiek urbanizaezintzat sailkatuta daude eta desjabetze bidez lortzekoak dira. Halakotzat, kudeaketa–planoetan mugatuta eta antolamendu–planoetan identifikatuta daude.

Araubide bereziaren mende dauden azpizona hauek ezartzen dira:

* Bizikleta–bidea eta oinezkoentzako bidea.

* Oinezkoentzako bidea.

* Hodi biltzailea.

* HUArako erreserba.

25. artikulua.– Bizikleta–bidea eta oinezkoentzako bidea. Erabilerak zehaztu eta arautzea.

Antolamendu– eta kudeaketa–planoetan daude zehaztuta, gutxi gorabehera izango duten trazadurari jarraituz. Garapen–proiektuak zehazki azalduko du mugaketa.

Erabilera baimenduak:

• Olgeta estentsiboa.

• Garraiobideak.

• Aireko lineak.

• Lurpeko lineak.

Ibai–parkean barne hartutako oinezkoentzako, bizikletako eta zerbitzuko pista eraikitzeko bidea emango duen edozein erabilera eta jarduera baimendu ahal izango da.

Seinale horizontalak, bertikalak eta informazio–panelak baimendu ahal izango dira.

Hodi biltzailearen proiektuarekin bateragarria izango da. Trazadura, ahal den neurrian, hodi biltzailearekin bat etorriko da. Trazadura zehaztean, dauden edota proiektatzen diren trenbidearen geltoki eta geralekuekiko lotura bultzatuko da.

Bizikleta–bideak eta oinezkoentzako bideak, trazaduraren % 80an gutxienez, 2,5 m–tik gorako zabalera eta erabilera bakoitzari egokitutako aldapa izango dute.

Proiektuari buruzko baldintzak 21. artikuluan deskribatzen dira.

Titulartasun publikoko lurzorutik igaroko da. Hura, behar izanez gero, desjabetze autonomoaren edota beste azpiegitura batekin partekatutako desjabetzearen bidez eskuratuko da.

Banakatutako Araudian, tarte bakoitzerako proiektuak eta desjabetze–ekintzak zehazten dira.

26. artikulua.– Oinezkoentzako bidea. Erabilerak zehaztu eta arautzea.

Bidearen mugaketa antolamendu– eta kudeaketa–planoetan dago zehaztuta. Trazadura orientagarria du. Garapen–proiektuak zehazki azalduko du mugaketa.

Erabilera baimenduak:

• Olgeta estentsiboa.

• Garraiobideak.

• Aireko lineak.

• Lurpeko lineak.

Oinezkoentzako bidea eraikitzea ahalbidetuko duen edozein erabilera eta jarduera baimendu ahal izango da. Lehentasunez, ubideari lotutako pasabide–zortasuna hartuko du.

Seinale horizontalak, bertikalak eta informazio–panelak baimendu ahal izango dira.

Oinezkoentzako bideak, trazaduraren % 80an gutxienez, 1,5 m–tik gorako zabalera izango du.

Titulartasun publikoko lurzorutik igaroko da. Hura, behar izanez gero, desjabetze bidez eskuratuko da.

Banakatutako Araudian, tarte bakoitzerako proiektuak eta desjabetze–ekintzak zehazten dira.

27. artikulua.– Hodi biltzailea. Erabilerak zehaztu eta arautzea.

Bidearen mugaketa antolamendu– eta kudeaketa–planoetan dago zehaztuta. Trazadura orientagarria du. Garapen–proiektuak zehazki azalduko du mugaketa.

Erabilera baimenduak:

• Ingurumen–hobekuntza.

• Olgeta estentsiboa.

• Nekazaritza.

• Abeltzaintza.

• Basozaintza.

• Garraiobideak.

• Aireko lineak.

• Lurpeko lineak.

• Zerbitzu ez linealen instalazio teknikoak. A mota.

• Zerbitzu ez linealen instalazio teknikoak. B mota.

Ibai–parkeari lotutako azpiegitura gisa, hodi biltzailea eraikitzeko bidea emango duen edozein erabilera eta jarduera baimendu ahal izango da.

Bizikleta–bidearen eta oinezkoentzako bidearen proiektuarekin bateragarria izango da. Trazadura, ahal den neurrian, haiekin bat etorriko da. Erasandako azaleran eta, batez ere ibaiaren gaineko bidegurutzeetan, bizikleta–bidearen eta oinezkoentzako bidearen proiektua garatzea bideragarria ote den aztertuko da, etorkizunean zubi edo pasagune komunak eraikitzeari begira.

Proiektuari buruzko baldintzak 19. artikuluan deskribatzen dira.

Titulartasun publikoko lurzorutik igaroko da. Hura, behar izanez gero, desjabetze bidez eskuratuko da.

Banakatutako Araudian, tarte bakoitzerako proiektuak eta desjabetze–ekintzak zehazten dira.

28. artikulua.– HUArako erreserbak. Erabilerak zehaztu eta arautzea.

Antolamendu– eta kudeaketa–planoetan daude zehaztuta. Garapen–proiektuak zehazki azalduko du horien mugaketa.

Ibai–parkeari lotutako azpiegitura gisa, Hondakin Uren Araztegia (HUA) eraikitzeko bidea emango duen edozein erabilera eta jarduera baimendu ahal izango da.

Erabilera baimenduak:

• Ingurumen–hobekuntza.

• Garraiobideak.

• Aireko lineak.

• Lurpeko lineak.

• Zerbitzu ez linealen instalazio teknikoak. A mota.

• Zerbitzu ez linealen instalazio teknikoak. B mota.

HUAk garatzeko proiektuetan, haien inguruetan, bizikleta–bidearen edota oinezkoentzako bidearen pasabidea eta jarraitutasuna aurreikusi eta bultzatuko da. Gainera, HUAen bat–egitea hobetu eta duten eragina murriztuko da.

Proiektuari buruzko baldintzak 19. artikuluan deskribatzen dira.

Titulartasun publikoko lurzorutik igaroko da. Hura, behar izanez gero, desjabetze bidez eskuratuko da.

Banakatutako Araudian, tarte bakoitzerako proiektuak eta desjabetze–ekintzak zehazten dira.

29. artikulua.– Parkeari lotutako espazio berriak. Erabilerak zehaztu eta arautzea.

Espazio horiek Nerbioi ibaiaren goialdeko korridorearen hiri arteko tarteetan estrategikoki kokatuta daude, NPLaren ardatz egituratzailearekin eta bidegorriarekin ondo lotuta.

NPLaren ibilbidea ekipatu eta markatzen dute, eta lehendik dauden eta parkearen ideian sar daitezkeen beste ekipamendu batzuk osatzen dituzte.

Gehienetan, espazio horietarako proposatutako erabilerak bateragarriak dira ibaiaren meandro–formako trazaduraren eta haren urpetze–lautaden babesarekin.

Erabilerak eta jarduerak zehazteko, dagozkion banako proiektuak prestatu eta bideratuko dira (Delikako ibarra, Urduñako kirol–zona, Luiaondoko ibai–parkea, Anuntzibai…).

Antolamendu– eta kudeaketa–planoetan daude zehaztuta. Esparru bakoitzerako garapen–proiektuak zehazki azalduko du horien mugaketa.

Erabilera baimenduak:

• Kontserbazioa.

• Ingurumen–hobekuntza.

• Olgeta estentsiboa.

• Olgeta intentsiboa:

+ Egonaldiak.

+ Aparkamendu irekiak edota estalpeko aparkalekuak.

+ Kioskoak, terrazak, askaldegiak, iturriak, produktuen eta hondakinen biltegiak, zerbitzu sanitarioak.

+ Erretokiak, bankuak, mahaiak, pergolak eta markesinak.

+ Seinale bertikalak eta horizontalak (panelak).

+ Ontziralekuak.

+ Egiturak, pasaguneak, politika hidraulikoarekin lotutako eraikuntzak, kanalak, presak, arrapalak…

+ Apaindura–elementuak.

+ Haur–parkeak, jokoak eta kirol–instalazioak.

+ Aire zabaleko instalazioak.

+ Parkearekin, ibaiekin eta ingurumenarekin lotutako zerbitzu eta jardueretarako eraikuntza itxiak.

+ Ezagutza, erakusketa eta heziketako zentroetarako eraikuntza itxiak.

+ Aire zabaleko edo estalitako kirol–instalazioak.

+ Landare–tratamenduak.

• Jarduera zinegetikoak eta arrain–hazkuntzakoak.

• Nekazaritza.

• Berotegiak.

• Abeltzaintza.

• Basozaintza.

• Garraiobideak.

• Aireko lineak.

• Lurpeko lineak.

• Zerbitzu ez linealen instalazio teknikoak. A mota.

• Zerbitzu ez linealen instalazio teknikoak. B mota.

• Erabilgarritasun publikoa eta gizarte–interesa duten eraikinak.

• Ostalaritza.

• Merkataritza.

Banakatutako Araudian, esparru bakoitzerako berariazko erabilerak zehazten dira.

Proiektuari buruzko baldintzak 20. artikuluan deskribatzen dira.

Titulartasun publikoko lurzorutik igaroko da. Hura, behar izanez gero, desjabetze bidez eskuratuko da.

Banakatutako Araudian, tarte bakoitzerako proiektuak eta desjabetze–ekintzak zehazten dira.

30. artikulua.– Espazio osagarriak. Erabilerak zehaztu eta arautzea.

Parkeari lotutako espazio berrien eta azpiegituren alboan kokatutako lurzoruak, jabari publikokoak nahiz pribatukoak, NPLPBan jasotako erabilera guztiekin bateragarriak diren erabilerak dituztenak.

Lurzoru horietarako ez da desjabetze–ekintzarik aurreikusi.

Helburu hauek dituzte:

– Dituzten funtsezko ezaugarrietako batzuk gordetzea, ingurumenari buruzko ordenantzen, uraldiak laminatzekoen edo faunaren pasabidekoan bitartez lurzoru horiek araututa;

– Egun duten egoera hobetzeko ekintzak abiaraztea, landa–berritzeari, faunaren pasabideari… buruzko ordenantzen bidez horiek araututa;

– Eta dauden eraikinak eta erabilerak finkatzeari, eta eraikigarritasunari buruzko araubidea ezartzea (Erabilerak arautzeko Ordenantza…).

Horregatik, tarteka Banakatutako Araudian zehazten diren ordenantza berezien mende daude.

Zona hori antolamendu– eta kudeaketa–planoetan halakotzat mugatutako lurrek osatzen dute.

III. ATALA
ORDENANTZA OROKORRAK

31. artikulua.– Erabilerak arautzeko ordenantza (OR–EA).

Antolamendu– eta kudeaketa–planoetan ezarritako zonetan aplikatuko da. Tarteka zehazten da, eta Banakatutako Araudiaren fitxa bakoitzean dago finkatuta.

32. artikulua.– Ibaiertza landareberritzeko ordenantza (OR–LB).

Antolamendu– eta kudeaketa–planoetan ezarritako zonetan aplikatuko da, tarte bakoitzerako Banakatutako Araudian ezarritako irizpideen arabera.

Honako ekintza hauek ezarriko dira:

– Ibaiari lotutako landaredia lehengoratzea.

– Erreken eta labarren ertzetan ibaiertzeko komunitateak lehengoratzea; eta, era berean, lurzoru–galera handia izan duten zonak eta gizakiaren eragin handiko eremuak lehengoratzea, betiere kasu bakoitzaren ezaugarrietara egokitutako espezie autoktonoekin (zuhaitzak nahiz bestelakoak).

– Ingurumena lehengoratzeko eta berreskuratzeko jardunak sustatzea. Horretarako, tarte batzuetan ibaiertzeko zuhaitz eta zuhaixken sail landatuak proiektatuko dira, baldintza hidrologikoak eta urbazterreko ekosistemarenak hobetzeko. Berezko lehengoratze–prozesua bizkortzea, paisaiaren kalitatea hobetzea eta ibilguaren ezegonkortasun–prozesuak zuzentzea.

– Ibaiertzak landareberritzeak ez du murriztuko ibilguaren ahalmen hidraulikoa.

– Landaredi inbaditzailearen aleak ezabatzeko joera izango da.

Ekintza horiek berariazko proiektuen bitartez gauzatuko dira.

Landare–espezieak lehengoratu beharreko lurraldera berariaz egokituko dira. Hona hemen espezieak hautatzeko adibide bat:

Tarte Azpimediterraneoa		Tarte Atlantikoa

(Delikako ur–jauzia—Saratxo)		(Arakaldo—Saratxoko industria–poligonoa)

Lizarra	Fraxinus excelsior	Haltza	Alnus glutinosa

Hurritza	Corylus avellana	Lizarra	Fraxinus excelsior

Gaztainondoa	Castanea sativa	Hurritza	Corylus avellana

Sahatsa	Salix atrocinerea	Sahatsa	Salix atrocinerea

Haritz kandugabea (Urduña)	Quercus robur	Zuhandorra	 Cornus sanguinea

Erkametza (Delika eta Saratxo)	Quercus faginea	Makal beltza	Populus nigra

Zumar hostozabala	Ulmus glabra	Oilakarana	Frangula alnus

33. artikulua.– Uraldien laminazioari buruzko ordenantza (OR–LA).

Antolamendu– eta kudeaketa–planoetan ezarritako zonetan aplikatuko da, tarte bakoitzerako Banakatutako Araudian ezarritako irizpideen arabera.

Honako ekintza hauek ezarriko dira:

– Ibaiaren urpetze–lautadak babestea.

– Lurren betelanak saihestuko dira, lautada horietan uraldiak laminatzeko efektua bultzatzeko.

– Betiere, baimendutako lur–mugimenduek urak laminatzeko efektua konpentsatu eta areagotu ere egingo dute.

34. artikulua.– Apaindurari buruzko ordenantza (OR–AP).

Antolamendu– eta kudeaketa–planoetan ezarritako zonetan aplikatuko da, tarte bakoitzerako Banakatutako Araudian ezarritako irizpideen arabera.

Honako ekintza hauek ezarriko dira:

– Industria–eraikuntzen eta horien lursail–itxieren irudia hobetuko da ibai–parkeari begira. Horretarako, haien fatxadaren eta parkearekiko mugen itxura hobetzeko tratamendua emango zaie.

– Fatxadak txukun eta garbi mantendu beharko dira, eta, kalterik sortuz gero, dagokion materialarekin berrituko dira.

– Pilaketa nahasiak eta parkea ukituko duten zabortegiak sortzea saihestuko da.

– Parkea ukitzen duten itxierak eta lursail–inguruak landare–elementuz eta lorategiz hornituko dira.

35. artikulua.– Faunaren pasabideari buruzko ordenantza (OR–FP).

Antolamendu– eta kudeaketa–planoetan ezarritako zonetan aplikatuko da, tarte bakoitzerako Banakatutako Araudian ezarritako irizpideen arabera.

Nerbioi ibaira isurtzen duten erreken babesa ziurtatzea du helburu, horiek faunaren pasabideko korridore ekologiko bilakatzeko.

Honako ekintza orokor hauek ezarriko dira:

– Uretako ekosistemak babestu eta kontserbatzea, uraren kalitatea eta zonako landaredi potentzialari dagozkion ibaiertzeko landare–formazioen babesa barne direla.

– Landaredi inbaditzailearen aleak ezabatzea.

– Faunaren iristerraztasuna bultzatzea.

– Faunarentzat behar bezala dimentsionatutako pasabideak ezartzea, edo daudenak hobetzea, egungo azpiegiturek eragindako oztopo–efekturik balego.

Errekek eraiki beharreko interes orokorreko azpiegituren, hau da, bidegorri, saneamenduko hodi biltzaile eta abarren eragina jasoko balute, honako ekintza hauek ezarriko dira:

– Eraikuntza–proiektuaren ondorioz errekaren jarraitutasun ekologikoan sortutako eraginak ezabatzea. Horretarako, diseinuetan ingurumen–irizpideak barne hartuko dira, eta behar bezala dimentsionatuko diren faunarentzako beharrezko pasabideen kopurua adieraziko da.

– Obren aurreko ingurumen–baldintzak lehengoratzea, zenbait neurri zuzentzaile aplikatuta, besteak beste, landaredi potentzialeko aleekin zona landareberritzea.

36. artikulua.– Ingurumena babesteko ordenantza (OR–IN).

Antolamendu– eta kudeaketa–planoetan ezarritako zonetan aplikatuko da, tarte bakoitzerako Banakatutako Araudian ezarritako irizpideen arabera.

Nerbioiko Parke Linealerako Plan Bereziaren esparruko eremuak dira, balio ekologikoei, paisaiakoei eta zientifikoei dagokienez aparteko ezaugarriak biltzeagatik, lehentasunez babestu eta lehengoratu beharrekoak.

Honako hauek barne hartu dira: EAEko Inguru Hezeak Babesteko eta Antolatzeko LZPan jasotako hezeguneak (Arbietoko urmaela eta Olarteko presa), Saratxoko harkaitzen zona (fauna–interesagatik), Nerbioi ibaiaren meandro–formako egitura (Markijana parean) eta Altube ibaiaren eskuinaldea (landare–interes handiagatik).

Honako ekintza orokor hauek ezarriko dira:

– Espazio horiek Nerbioiko Parke Linealerako Plan Bereziaren esparruan barne hartzera bultzatu duten balio ekologikoak, paisaiakoak eta zientifikoak babestu eta kontserbatzea.

– Narriatutako eremuak ingurumenaren aldetik lehengoratzea.

– Ikerketa–jarduerak sustatzea, Saratxoko harkaitzen kasuan; bertan habia egiten duen harrapari–populazioaren egitura eta bilakaera aztertu ahal izateko.

– Arbieto eta Olarteko hezeguneei, eta Saratxoko harkaitzei dagokienez, zientzia–zabalkundeko eta ingurumen–heziketako jarduerak bultzatzea.

Eraikuntzakoak ez diren erabilera baimenduak:

• Aisiarekin, ibilaldiekin eta mendizaletasunarekin lotutako jarduerak.

• Ikerketako, zientzia–zabalkundeko eta ingurumen–heziketako jarduerak.

• Zuhaitz–masarekin, lurzoruarekin, faunarekin eta florarekin lotuta, espazioa bere osotasunean babestera zuzendutako ekintzak.

• Mendietako artzaintza, Arabako Lurralde Historikoko Mendiak arautzen dituen Foru Arauan emandako irizpenen arabera.

Eraikuntzako erabilera baimenduak:

• Bizikleta–bideak edota oinezkoentzako bideak, diseinua eta trazadura bereziki zainduta.

• Seinaleztapen administratibo eta kartografikoko elementuak, zientzia–zabalkundearekin eta ingurumen–heziketarekin lotutakoak edota Parke Linealaren beraren seinaleztapenekoak.

• Zientzia–zabalkundearekin, ingurumen–heziketarekin eta espazioa babestearekin lotutako eraikuntzak eta instalazioak (Saratxoko hegazti–behategia…).

• Interes orokorreko instalazioak eta azpiegiturak, zona barruan lurrean nahitaez kokatu beharrekoak. Horiek ez dute higadurarik sorrarazi behar, ez eta eraginik ere uren kalitatean edo landare–formazio autoktonoetan.

IV. ATALA
JARDUERA DEBEKATUAK ETA BATERAEZINAK

37. artikulua.– Jarduera debekatuak eta bateraezinak.

1.– Plan Berezi honetan berariaz adierazita ez dauden erabilerak eta jarduerak barne hartzeko, horiek NPLPBaren beraren helburuekin bateragarriak ote diren hartuko da kontuan.

2.– NPLPBan barne hartutako lurzoru urbanizaezinean, debekatuta daude honako eragin hauek izango dituzten ekintzak edo ez egiteak:

– Objektuak, zaborrak nahiz bestelako hondakinak isuri edo bertan uztea, eta horiek erretzea.

– Akuiferoak narriatu edo kutsa ditzaketen hondakin likidoak nahiz solidoak isurtzea.

– Hezeguneak edo haien ingurunea suntsitu edo kutsatzea, uren legean jasotakoaren kaltetan izan gabe.

– Espezie babestuetako animaliak jazarri, harrapatu eta merkaturatzea, haien erraiak edo zatiak edota arrautzak merkaturatzea, fauna basatirako kaltegarriak diren espezie arrotzak sartzea eta animaliei tratu txarra ematea.

VI. KAPITULUA
BANAKATUTAKO ARAUDIA
EKINTZAK ETA PROIEKTUAK TARTEKA

EREDUZKO AZALPEN FITXA

Plan Bereziaren hasieratik, informazio–dokumentuan jadanik, esparrua 18 tartetan banatu da, garatu beharreko alderdiak zehaztu eta banakatu ahal izateko.

Ildo horretatik, tarte bakoitzerako banakatutako araudi bana egin da eta tarte bakoitzari fitxa bana dagokio. Hona hemen fitxen edukia:

– Erreferentziazko antolamendu– eta kudeaketa–planoaren zenbakia.

– Puntu kilometrikoak.

DESKRIBAPENA

Tartearen deskribapen fisikoa.

PARKE LINEALAREN ESPARRUA

Puntu honetan Parke Linealaren esparrua deskribatzen da. Horrek, kasuren batean, Plan Bereziaren esparrua gainditzen du, eta inguruneak, hurbileko enklabeak… biltzen ditu. Ildo horretatik, Nerbioi ibaiak hiri–lurzorua zeharkatzen duen tarteen jarraitutasuna zehazten da, eta Plan Berezia zein egoeratan ez den loteslea, hau da, zein egoeratan gomendioak ezarri besterik egiten ez duen ematen da aditzera.

PLAN BEREZIAREN ZEHAZTAPENAK

Plan Bereziak tarte bakoitzerako finkatutako zehaztapenak adierazten dira. Zehaztapen horiek lotesleak dira.

Ondoren aditzera emango diren ekintza eta proiektu zehatzen edukia osatuko dute.

OR–EA Erabilerak Arautzeko Ordenantzaren edukia zehazten da.

EKINTZA ESTRATEGIKOAK ETA PROIEKTUAK

Lehen deskribatu diren Plan Bereziaren zehaztapenak, ondoren, honako hauen arabera artikulatzen dira:

– Ekintza estrategikoak tarteka (adib.: EE.12.2 = 12. tarterako 2. Ekintza Estrategikoa).

– Desjabetze Ekintza (adib.: EED.12.2 = 12. tarterako 2. Ekintza Estrategikorako Desjabetzea).

– Edota Garapen Proiektua (adib.: EEP.12.2 = 12. tarterako 2. Ekintza Estrategikorako Proiektua).

Proiektu bakoitzaren lehentasuna finkatzeko, Parke Linealaren garapenean duen garrantzia kontuan hartzen da, hots: handia, ertaina edo txikia.

PROIEKTU OROKORRAK

Tarteak proiektu orokor bat garatzearen ondorioz eraginik jasotzen duen adierazten da. Proiektu horien artean, besteak beste, eskalako eguzki–sistema zehaztekoa dago.

PLAN BEREZIAREN GOMENDIOAK

Plan Bereziaren esparrutik kanpo egoteagatik, zein ekintzatan hura ez den lotesle adierazten da. Halakoetan, ekintza horiek garatzea gomenda dezake, batez ere udal–plangintzarako.

1. TARTEA. DELIKAKO UR JAUZIA
I.1 antolamendu–planoa eta 2.1 kudeaketa–planoa.
0. km – 4. km

DESKRIBAPENA

Delikako Administrazio Batzarraren mugapean dago, Arrastaria haranean, Urduñako haitzaren oinean.

Nerbioi ibaiaren ur–jauzia du abiagune, Nerbina haitzean, eta Nerbioi gaineko trenbidearen zubian amaitzen da, Delikako hirigunearen ondoan.

Ingurune naturalean kokatutako tartea da. Ez du ez eraikuntzarik ez Delikako herri–basoa zeharkatzen duten azpiegituren eraginik ere. Abeltzaintza–jarduera garatzen da.

Ibaiak hondo harritsua du, sakonera txikikoa da, meandro–formakoa, iristerraza eta ibaiertzeko landaredia gutxi du.

Ingurumenaren aldetik, HBZB eta GKL gisa, eta Natura 2000 Sarea Zuzentarauaren bidez babestutako zona da.

PARKE LINEALAREN ESPARRUA

Nerbioiko Parke Linealak, zona honetan, hasierako paisaia–ingurunea barne hartzen du. Ingurune hori naturari buruzko arloko araudien bidez dago babestuta.

PLAN BEREZIAREN ZEHAZTAPENAK

– Plan Bereziak ibaiaren goi–ibarreko ageriko jabari publikoa mugatzen du. Ingurunearen ingurumen–babesa LZParen araudiak, AASSek eta Natura 2000 Sarearen inbentarioak ziurtatzen dute.

– Erabilerak Zehazteko Ordenantza. Delikako hirigunetik gertuen dagoen zonan aplikatuko da. Abeltzaintzako nahiz nekazaritzako nabeak ezartzea debekatuta dago. "El Infierno" inguruan ostalaritza–erabilera bultzatuko da. Bertan, azalera eraikia % 50 zabaltzea baimenduko da.

EKINTZA ESTRATEGIKOAK ETA PROIEKTUAK

– EE.1.1: ur–jauzirako sarbidea eta pasealekua garraiobide motorizatu gabeetarako prestatzea, lehendik dauden bideak baliatuta eta horiek bidezkotzat jotzen diren guneetan egokituta. Paseatzeko ibilbideetako seinaleak hobetzea (informazio–kartelak, ibilbide–denborak, gurutzaguneak…). Abeltzaintza–jarduerarako beharrezko itxierak hobetzea, eta oinezkoentzat eta txirrindularientzat pasabidea uztea. Tarteko bi zubiei balioa ematea: Zalborondokoa, eta trenbidearen eta lehen bainuetxe izandako putzuen ingurukoa.

* EEP.1.1: ur–jauzirako sarbideak hobetu eta seinaleztatzeko, eta zubiak egokitzeko proiektua.

1. tartea. Delikako ur–jauzia.

Lehentasuna: handia.

– EE.1.2: errota ekipamendu komunitariorako birmoldatzeko aukera.

* EED.1.2: desjabetze bidez errota eskuratzea. 1. tartea. Delikako ur–jauzia.

* EEP.1.2: errota birgaitzeko proiektua. 1. tartea. Delikako ur–jauzia.

Lehentasuna: txikia.

PLAN BEREZIAREN GOMENDIOAK

– Ingurumenaren babesarekin bateragarriak diren herri–basoko abeltzaintza–erabilerei eustea.

2. TARTEA. DELIKAKO HIRIGUNEA
1.2 antolamendu–planoa eta 2.2 kudeaketa–planoa.
4. km – 5. km

DESKRIBAPENA

Nerbioi ibaiak Delikako hirigunetik zehar duen ibilbidea, trenbideko zubitik antzinako sarrera–zubiraino. Bihurgune ugariko ibilbidea da, 180 biztanleko herrixka zeharkatzen duena. Baserriak eta arkitektura herrikoiaren elementu erakargarriak ditu alde bietan.

PARKE LINEALAREN ESPARRUA

Plan Bereziaren esparruarekin bat dator.

PLAN BEREZIAREN ZEHAZTAPENAK

– Plan Bereziak ibaia eta haren bazterrak biltzen ditu, hiri–lurzoruaren mugaraino.

– Bi bazterrak OR–LB landareberritzeko ordenantzaren bidez arautuko dira, ez baitute zuhaitz–estaldurarik, dauden harri–lubeten eta lursail pribatuen hurbiltasunaren ondorioz.

– Hirigunearen sarbidean aparkaleku–zona bat lortzearren, desjabetzeko kudeaketak egitea proposatzen da. Zona hori ur–jauzirako ibilbidearen abiagunea izango litzateke.

– Bidegorria lehendik dauden kale eta bideetatik igarotzen da.

EKINTZA ESTRATEGIKOAK ETA PROIEKTUAK

– EE.2.1: hiriguneko pasabidean ibaiaren irudia hobetzea eta mantentze–lan egokia egitea. Ibaiari lotutako intereseko elementuei balioa ematea, hala nola, zubiei, iturriei eta uraskei.

* EEP.2.1: Delikako hirigunean, ibaiari lotutako elementuak egokitzeko, irudia hobetzeko eta landareberritzeko proiektua. 2. tartea. Delika.

Lehentasuna: txikia.

– EE.2.2: hirigunearen sarreran aparkaleku–zona bat lortzea.

* EED.2.2: Delikan aparkalekua egiteko lurzorua desjabetze bidez eskuratzea. 2. tartea. Delika.

* EEP.2.2: aparkaleku–proiektua Delikan. 2. tartea. Delika.

Lehentasuna: ertaina.

PROIEKTU OROKORRAK

– PO.1: eguzki–sistema eskalan garatzeko proiektua. Pluton, 26,500. km–an, cm 1eko diametroarekin.

Lehentasuna: ertaina.

PLAN BEREZIAREN GOMENDIOAK

– Turismo–azpiegiturak garatzea, dorretxea zaharberritzeko aukera (Zubiko dorretxea). Balio erantsi handiagoko turismoa bultzatzea.

3. TARTEA. DELIKAKO IBARRA
1.2 antolamendu–planoa eta 2.2 kudeaketa–planoa.
5. km – 6,700. km

DESKRIBAPENA

Ibaiaren ibilbidea Delikako ibarrean zehar, Urduñako udal–mugapean. Duela gutxi lerro zuzenean bideratutako tartea da, lehen meandro–formakoa zena. Delikako eta Urduñako hiriguneak elkartzen ditu. Bertako jarduera bereizgarria nekazaritzakoa eta aziendarako larrekoa da.

Tarte honetan, uraldi–lerroek zona zabalei eragiten diete bi bazterretan.

Tarte honetan, nahiko garrantzizko ibai–adarrek Nerbioiren ibilgura isurtzen dute. Aldapa handia dagoenez, ibaia indar handiz jaisten da.

PARKE LINEALAREN ESPARRUA

Funtsean, Plan Bereziaren esparruarekin bat dator. NPLak lursail–kontzentrazioaren bide–sarea eta toki–errepideak balia ditzake pasealekuen hautabidezko ibilbide gisa.

PLAN BEREZIAREN ZEHAZTAPENAK

– Desjabetze bidez, egungo ibilgu lerrozuzenaren eta Delikarako sarbidearen artean zona zabal bat lortzea proposatzen da; aurreko ibilgua lehengoratu, goialdeko urak laminatu eta energia xahutzeko zonak gaitu ahal izateko, urpetze–garaietarako gainezkabide gisa (urmael–soluzioak) eta akuiferoak betetzeko.

– Delikako hiriguneko isurietarako, urmaelean arazketa–zona bat sortzea (drainatze iraunkorra).

– Ibaiaren ezkerraldearekiko paralelo bidegorri bat trazatzea, aurreko ibilgua errespetatuz, bide zaharrekin lotu arte.

– Oro har, eremuari parke–zona handi baten tratamendua eman behar zaio.

– Ibaiaren eskuinaldean pasabide bat egitea.

– Delikako hirigunearen eta aukerako eremuaren artean, hodi biltzailearen trazadura egungo errepidetik eramatea proposatzen da, Delikako hobi septikotik arazketa–zonaraino, bidegorriaren trazaduraren azpitik. Horrek errepidea zabaltzea eskatzen du. Hortaz, desjabetu beharreko esparrutzat hartzen da.

– OR–LB ibaiertza landareberritzeko ordenantzaren bidez arautuko dira bi bazterrak.

– Proiektu bateratua garatzea.

EKINTZA ESTRATEGIKOAK ETA PROIEKTUAK

– EE.3.1: Delikako ibarraren aukerako eremua garatzea; helburu hauekin:

* Aurreko ibilgua lehengoratzea, goialdeko urak laminatzea eta energia xahutzeko zonak gaitzea, urpetze–garaietarako gainezkabide gisa (urmael–soluzioak) eta akuiferoak betetzeko.

* Delikako hiriguneko isurietarako, urmaelean arazketa–zona bat sortzea (drainatze iraunkorra).

* Ibaiaren ezkerraldearekiko paralelo bidegorri bat trazatzea, aurreko ibilgua errespetatuz, bide zaharrekin lotu arte.

* Ibai–bazterrak landareberritzea.

* Ibaiaren eskuinaldean pasabide bat egitea.

* Espezie autoktonoen eskala handiko mintegia sortzea, proposatutako landareberritzeetarako erabiltzeko. Erabilera didaktikoa izan dezake.

* Aisiarako, denbora librerako eta olgetarako instalazioak izango dituen ekipamendua sortzea.

* Parke–zona handi bat sortzea.

* Hodi biltzailea eta bidegorria errepidearekiko paralelo trazatzea, Delikatik aukerako eremuraino.

* EED.3.1: aukerako eremua garatzeko, eta errepidearekiko paralelo hodi biltzailea eta bidegorria egiteko lurzorua desjabetze bidez eskuratzea. 3. tartea, Delikako ibarra.

* EEP.3.1: proiektu bateratua, Delikako ibarraren aukerako eremurako, eta errepidearekiko paralelo joango diren hodi biltzailerako eta bidegorrirako. 3. tartea. Delikako ibarra.

Lehentasuna: ertaina.

4. TARTEA. URDUÑAKO MAKALDIA
1.2 antolamendu–planoa eta 2.2 kudeaketa–planoa.
6,700. km – 8. km

DESKRIBAPENA

Ibai–tarte hau Urduña eta Delika arteko udal–mugaren eta Urduñan ibilgu bikoitza hasten den gunearen artean dago. Hasierako tarteak aisiako baratze antolatu gabeen ezarpenen eragina jasotzen du. Urduña errekaren eta Nerbioi ibaiaren arteko elkargunean dago makaldiaren espazioa. Olgetarako gune txikia da, gaitu eta zaindutakoa, eta tarteari izena ematen dio.

Parke Lineala jadanik badago gune jakin batzuetan, finkatutako oinarrizko elementuekin (bidegorria eta picnic–zona).

PARKE LINEALAREN ESPARRUA

Bat dator Plan Bereziaren esparruarekin. Urduñako alde zaharrerantz eta geltokirantz zabaltzen da.

PLAN BEREZIAREN ZEHAZTAPENAK

– Pasabideak egitea.

– OR–LB ibaiertza landareberritzeko ordenantzaren bidez arautuko dira bi bazterrak.

– Bidegorria lehendik dauden gaitutako bideetatik igarotzen da.

– Nerbioiko Parke Linealari jabetza publikoko zonak lotetsiko zaizkio.

EKINTZA ESTRATEGIKOAK ETA PROIEKTUAK

– EE.4.1: biderik ez duten ibai–bazterreko tarteetan pasabideak egitea, eta Parke Lineala Urduñako alde zaharrarekin elkartzen duten azpiko pasabideak bultzatzea, mantentze–lan eta argiztapen egokiaren bidez.

* EED.4.1: desjabetze bidez lurzorua eskuratzea, pasabideak egiteko. 4. tartea. Urduñako makaldia.

* EEP.4.1: ibai–bazterretako bidexkak eta azpiko pasabideak egokitzeko proiektua. 4. tartea. Urduñako makaldia.

Lehentasuna: txikia.

– EE.4.2.: hilerriaren ondoan, jabetza publikoko lurretan, La Barrerilla mendatetik zehar Gasteiztik datozen ibilgailuei zerbitzu egiteko aparkalekua egokitzea.

* EED.4.2: aparkalekurako lurzorua eskuratzea. 4. tartea. Urduñako makaldia.

* EEP.4.2: aparkaleku–proiektua, Urduñako hilerriaren ondoan. 4. tartea. Urduñako makaldia.

Lehentasuna: txikia.

PLAN BEREZIAREN GOMENDIOAK

– Olgeta–eremua garatzea errepidearen beste aldean, azpiko pasabidearen bitartez lotuta. Bolatokia eta skate–pista egiteko ideia dago.

– Ibai ondoko bidegorria trenbide–geltokiarekin lotzea, Urduñako alde zaharra zeharkatuko duten bi edo hiru pasabideren bitartez.

– Geltokian bizikleta publikoen flota ezartzea.

5. TARTEA. URDUÑAKO KIROL ZONA
1.3 antolamendu–planoa eta 2.3 kudeaketa–planoa.
8. km – 10. km

DESKRIBAPENA

Ibai–tarte hau Urduñan ibilgu bikoitza hasten den gunearen, eta Urduña eta Saratxo arteko udal–mugaren artean dago.

Ibaiak bi ibilgu ditu. Ibilgu lerrozuzen berria, nagusia, 1983ko uholdeen ondoren egina da. Aurreko ibilgua gainezkabide gisa erabiltzen da ibaian gora, eta Erdi Aroko hiribildua zeharkatzen duen errekaren berezko ibilgu gisa.

Bi ibilguen arteko zonak uraldi–lerroen eragin nabaria jasotzen du urpetze–garaietan.

Tartearen amaieran, Urduñako kirol–zona eta Muerako gatz–iturria daude.

PARKE LINEALAREN ESPARRUA

Funtsean, Plan Bereziaren esparruarekin bat dator.

PLAN BEREZIAREN ZEHAZTAPENAK

– Egungo ibilgu lerrozuzenaren eta Urduñarako sarbidearen artean zona bat lortzea proposatzen da, Urduñako egungo kirol–zonaren ondoan, orain daudenak osatuko dituzten kirol–jarduerak ezarri ahal izateko. Gune hori eskualde–mailako kirol–azpiegitura bilakatzea da helburua.

– Kirol–zonaren antolamendua eta eraikinak bateragarriak izango dira urpetze–lautadaren eginkizunarekin.

– Saratxoko mugaren ondoan, jabetza publikoko zona bat gordeko da Urduñako HUA kokatzeko. Araztegi horretan udalerri osoko hondakin–urak tratatuko dira. Saratxoko Landaberde eta Los Aires auzoetako urak ponpatu daitezen ere proposatzen da.

– Aurreko ibilguan pasabideak egitea.

– OR–LB ibaiertza landareberritzeko ordenantzaren bidez arautuko dira bi bazterrak.

– OR–IN ingurumenari buruzko ordenantzaren bidez babestuko da Arbietoko urmaelaren ingurunea.

– Bidegorria lehendik dauden gaitutako bideetatik igarotzen da, azken tartean salbu. Han, eskuinaldetik igaroko da, HUAren eta Nerbioi ibaiaren ibilguaren artean.

EKINTZA ESTRATEGIKOAK ETA PROIEKTUAK

– EE.5.1: Urduñako kirol–zonaren aukerako eremua garatzea; helburu hauekin:

* Orain daudenak osatuko dituzten kirol–jarduerak ezartzea, gune hori eskualde–mailako kirol–azpiegitura bilakatzeko.

* EED.5.1: desjabetze bidez lurzorua eskuratzea, aukerako eremua garatzeko. 5. tartea. Urduñako kirol–zona.

* EEP.5.1: Urduñako kirol–zonaren aukerako eremuko proiektu bateratua. 5. tartea. Urduñako kirol–zona.

Lehentasuna: ertaina.

– EE.5.2: Urduñako HUA.

* EED.5.2: desjabetze bidez lurzorua eskuratzea, Urduñako HUA Hondakin Uren Araztegia kokatzeko. 5. tartea. Urduñako kirol–zona.

* EEP.5.2: Urduñako HUArako proiektua 5. tartea. Urduñako kirol–zona.

Lehentasuna: handia.

– EE.5.3: bigarren mailako bizikleta–bideen edota oinezkoentzako bideen trazadura osatzea, aurreko ibilguari jarraituz, Amurrioko udalerriraino.

* Inbentarioan jasotako bi zubiak (El Prado eta Arbieto) egokitu eta balioa ematea barne hartzen da.

* Gainezkabide gisa diharduen tartea eta egun oso narriatuta dagoen aurreko ibilgua mantendu eta garbitzea.

* EED.5.1: desjabetze bidez lurzorua eskuratzea, pasabideak eta bidegorria egiteko. 5. tartea. Urduñako kirol–zona.

* EEP.5.3: Urduñako bizikleta–biderako edota oinezkoentzako biderako proiektua. 5. tartea. Urduñako kirol–zona.

Lehentasuna: txikia.

PLAN BEREZIAREN GOMENDIOAK

– Bigarren mailako bidegorriaren bidez, Arbietoko urmaela eta Nerbioiko Parke Lineala elkarri lotzea.

– Kirol–instalazioen erabiltzaileentzako eskualde–txartela sortzeko aukera.

6. TARTEA. SARATXO
1.3 antolamendu–planoa eta 2.3 kudeaketa–planoa.

DESKRIBAPENA

Ibai–tarte hau Saratxo eta Urduña arteko udal–mugaren, eta Amurrion kokatutako Saratxoko industria–poligonorako sarbidearen artean dago. Trantsizio–zona da, Urduñako galdararen eta Amurrioko haranaren artekoa. Ibaia ahokatuta igarotzen da eta, hari jarraituz gero, paisaian kalitate handiko aldaketa antzematen da.

Trenbidearen trazadura ibai–ibilgura hurbiltzen da, harekiko paralelo igaroz. Ibaia gero eta gehiago ahokatzen da eta trazadura berezia itxuratzen du, Urduñako kubeta inguratu ondoren, Saratxoko korridorera itzultzen da, 138 m–ko altuera gainditu eta gero.

Gaur egun, Saratxoko hirigune txikia bitan banatuta dago, Urduñarako sarbidea (A–625) igarotzen baita bertatik. Arabako Foru Aldundiak zeharbide hori ordezkatu nahi du proiektatutako saihesbide berriarekin. Saihesbidearen hautabidezko trazadura bideragarriena (planoetan grafiatuta dagoena) trenbidearekiko paralelo igaroko litzateke, eta errepide zaharra erabiltzeko aukera emango luke.

PLAN BEREZIAREN ZEHAZTAPENAK

– Errepide zaharra zati batean bidegorri gisa erabiltzea eta hodi biltzaileari ekitea, Saratxoko hirigunetik Markijanan aurreikusitako araztegiraino.

– Bidegorrirako edota hodi biltzailerako (ur–ponpaketa) tartea garatzea, errepide zaharretik Urduñako errepideraino (hegoaldeko tartea).

– Bidegorrirako eta hodi biltzailerako tartea garatzea, errepide zaharretik Saratxoko industria–poligonorako sarbideraino (iparraldeko tartea).

– Ibai ondoan dagoen Administrazio Batzarraren jabetzako espazioa eta presa lotestea, plaza edo espazio publiko adierazgarria sortzeko.

– OR–IN ingurumenari buruzko ordenantzaren bidez babestea Saratxoko haitzaren ekialdeko hegala. Bertan, espezie babestuek habia egiten dute.

– OR–FP faunaren pasabideari buruzko ordenantzaren bidez babestea Nerbioira isurtzen den errekaren inguruko korridore ekologiko naturala.

– Ibaiaren eskuinaldean pasabide–zortasunak finkatzea.

– OR–LB ibaiertza landareberritzeko ordenantzaren bidez arautuko dira bi bazterrak.

– Erabilerak Arautzeko Ordenantza (OR–EA). Nerbioi ibaiaren eskuinaldean aplikatuko da, Saratxoko hirigune sakabanatuaren alboan. Abeltzaintzako edo nekazaritzako nabeak ipintzea debekatuko da. Egungo bizitegi–erabilerak finkatzen dira eta, zaharberritzerik egingo balitz, eraikuntza nagusiaren azalera eraikia % 5 zabaldu ahal izango da.

– A–625 errepidearen eta trenbidearen artean kokatutako espazioak, Saratxoko industria–poligonotik gertu, OR–LA uraldiak laminatzeko ordenantzaren bidez babestuko dira.

EKINTZA ESTRATEGIKOAK ETA PROIEKTUAK

– EE.6.1: bizikleta–bidea eta hodi biltzailea garatzea, A–625 errepidearen saihesbidea egiteko obrari lotuta.

* Hirigunerako ardatz egituratzaile berria sortzeko saihesbide berriaren trazadurak ematen dituen aukerak baliatzea.

* Saihesbidearen trazadura berrian iragazkortasuna ziurtatzea. Landareberritzeko, intsonorizatzeko, faunaren pasabiderako… proiektuak bilduko ditu.

* EED.6.1: saihesbide berrirako desjabetze–proiektuan bertan lortuko dira lurzoruak. AFAko Errepide Sailaren inbertsioa.

* EEP.6.1: bizikleta–biderako eta hodi biltzailerako proiektu Bateratua, A–625 saihesbiderako proiektuan barne hartutakoa. 6 tartea. Saratxo. AFAko Errepide Sailak garatu beharreko proiektuarekiko lotespena.

Lehentasuna: handia.

– EE.6.2: Saratxoko presaren ingurunean plaza edo espazio publiko adierazgarria sortzea, Administrazio Batzarraren jabetzako lurretan.

* EEP.6.2: espazio publikorako proiektua Saratxon. 6. tartea. Saratxo.

Lehentasuna: handia.

– EE.6.3: oinezkoentzako bidea egin eta egokitzea, Landaberdeko errotatik La Reina zubiraino, Amurriotik gertu.

* Hegaztien behategi bat jartzea.

* Zonaren ingurumen–balioa nabarmentzea.

* Intereseko elementu arkitektonikoei (eraikinak, errotak, zubiak…) balioa ematea, erabilera eta mantentze egokiaren bidez.

* EED.6.3: Saratxoko ibai–bazterretan oinezkoentzako bideak egiteko lurzorua eskuratzea. 6. tartea. Saratxo.

* EEP.6.3: Nerbioi ibaiaren bazterretan, Saratxoko igarobidean, oinezkoentzako bideak egiteko eta elementuak egokitzeko proiektua. 6. tartea. Saratxo.

Lehentasuna: txikia.

PROIEKTU OROKORRAK

– PO.1: eguzki–sistema eskalan garatzeko proiektua. Neptuno, 20,185. km–an, 21,36 cm–ko diametroarekin.

Lehentasuna: ertaina.

7. TARTEA. SARATXOKO INDUSTRIA POLIGONOA
1.4 antolamendu–planoa eta 2.4 kudeaketa–planoa.

DESKRIBAPENA

Ibai–tarte hau Saratxoko poligonorako hegoaldeko sarbidearen eta Amurrioko El Refor ekipamenduaren artean dago. Ibaia sekzio trapezoidalaz bideratuta dago eta Saratxoko industria–poligonoa zeharkatzen du. Ezkerraldean Tubacex hodi–fabrika dago, haraneko ekonomiaren bultzatzaileetako bat.

PARKE LINEALAREN ESPARRUA

Esparru hau Nerbioiko Parke Linealari dagokio, eta ez dago Plan Bereziari lotuta. Hortaz, Amurrioko plangintza orokorrerako eta garapen–plangintzarako gomendioen fitxa da honako hau.

PLAN BEREZIAREN GOMENDIOAK

– Eskuinaldean, bidegorrirako eta hodi biltzailerako pasabidea uztea. Horretarako, desjabetu beharreko tartea zehaztea, El Refor–ekin lotu arte, poligonoan daude bideak osatzeko.

– Ezkerraldean, Tubacexen jabetzaren gainean, pasabide–zortasuna gauzatzea proposatzen da.

– Ibaiaren bi aldeetan landareberritzeko ekintzak proposatzen dira; eta, ezkerraldean, lorezaintzako jardunen bidez Tubacexen industria–irudia hobetzea proposatzen da.

– Tubacexen lursailaren eta trenbidearen arteko mugan, hodi biltzailerako pasabide–zortasuna eta ubide–zortasuna sortzea proposatzen da, Iñarratxuko geralekua industria–eremuarekin eta El Refor–en ekipamenduarekin lotu ahal izateko.

– Hodi biltzailearen obrak sortutako sinergiaz baliatzea gomendatutako beste helburuak gauzatzeko.

Laburbilduz:

– Ibai–ingurunearen paisaia hobetzea.

– El Refor–en ekipamenduarekiko komunikazioak eta loturak hobetzea.

– Industria–ingurunearen iragazkortasuna sustatzea, mugikortasuna eta iristerraztasuna hobetzeko.

8. TARTEA. EL REFOR
1.4 antolamendu–planoa eta 2.4 kudeaketa–planoa.

DESKRIBAPENA

Ibai–tarte hau Saratxoko industria–poligonoaren eta Amurrioko hiriguneko bizitegi–lurzoru berrien artean dago. Eskuinaldean, El Refor–eko ekipamendu–eremua dago, eta, ezkerraldean, garatzen ari den industria–poligono berria (LU11 lurzoru urbanizagarria).

LU11 garatzeko plangintzak, ezkerraldean, ibai ondoan berdegune–zerrenda zabala gordeta dauka.

El Refor–en ingurunean, paisaia hobetzeko azterlan bat egiten ari dira.

PARKE LINEALAREN ESPARRUA

Esparru hau Nerbioiko Parke Linealari dagokio, eta ez dago Plan Bereziari lotuta. Hortaz, Amurrioko plangintza orokorrerako eta garapen–plangintzarako gomendioen fitxa da honako hau.

PLAN BEREZIAREN GOMENDIOAK

– Dagoen presa txikiaren gainean oinezkoentzako pasagune bat eraikitzea proposatzen da. El Refor–en ekipamendu handirako hirugarren sarbidea izango litzateke.

– El Refor inguruko enpresen zerbitzurako ekipamenduko gune gisa, eta kirol, aisia eta olgetarako gune gisa bultzatzea.

– Enpresa–zerbitzuak (bilera–gelak, informatika–zerbitzuak…) eta ostalaritzakoak (jatetxea, hotela…) bildu behar ditu; dendekin, oinarrizko zerbitzuekin, informazioguneekin, bizikleten alokairuarekin… ere osatuta.

– Era berean, kirol– eta olgeta–jarduerak garatzea proposatzen da, haurrentzako jolas–zonak, picnic–mahaiak eta aisiarako espazioak jarrita; eta, osagarri gisa, ibilgailuentzako aparkalekua egitea.

– El Refor, osatutako eta kalitatezko ekipamendu handi gisa. Adib.: haurtzaindegia, eta lan egiteko modu eta ohitura berriekin lotutako bestelako ekipamenduak.

– El Refor–en sartzeko zubiari balioa ematea, zaintza eta mantentze egokiaren bidez.

– Hodi biltzailearen obrak sortutako sinergiaz baliatzea gomendatutako beste helburuak gauzatzeko.

9. TARTEA. AMURRIO – IBAI PARKEA

1.4 antolamendu–planoa eta 2.4 kudeaketa–planoa.

DESKRIBAPENA

Ibai–tarte hau El Refor–en eta Olako auzoaren artean dago, eta Amurrioko hiriguneko bizitegi–lurzoru berriak zeharkatzen ditu. Udalak tarte horretan Nerbio ibaia bideratzeko azterlana garatu du. Azterlan horretan, ibaiaren bi aldeetan ibai–parkea egiteko asmoa jasotzen da. Proiektu horren bidez, 500 urteko itzulaldi arteko uraldiei eutsiko zaie, ibilguaren sekzioa zabalduta, bi aldeetan tratamendu bigunak eginda, zubiak hobetuta, etab.

PARKE LINEALAREN ESPARRUA

Esparru hau Nerbioiko Parke Linealari dagokio, eta ez dago Plan Bereziari lotuta. Hortaz, Amurrioko plangintza orokorrerako eta garapen–plangintzarako gomendioen fitxa da honako hau.

PLAN BEREZIAREN GOMENDIOAK

– Ibaiari lotutako espazio berriak garapen–plangintzaren lagapenen bidez lortuko lirateke.

– Hodi biltzailea ibaiaren ezkerraldetik joango litzateke, bidegorriaren trazaduraren azpitik, ibai–parkeari jarraituz.

– Eskuinaldean, bigarren mailako bidegorria egitea proposatzen da.

– Amurrioko ibai–parke berriaren konfigurazioa baliozkotu eta balioestea.

– Picaza errota ibaiari eta Nerbioiko Parke Linealari lotutako ekipamendu gisa erabiltzea.

– Bigarren mailako bidegorriaren bidez, Amurrioko trenbide–geltokiarekin lotura egitea.

– Basarteko kirol–zonarekin lotura egitea.

– Hodi biltzailearen obrak sortutako sinergiaz baliatzea gomendatutako beste helburuak gauzatzeko.

10. TARTEA. AMURRIO IPARRALDEA
1.5 antolamendu–planoa eta 2.5 kudeaketa–planoa.

DESKRIBAPENA

Nerbioi ibaiaren meandro–forma nabariko ibilbidea, Amurrioko hirigunearen eta Sagrada Familia eskolaren ingurunearen artean.

PARKE LINEALAREN ESPARRUA

Gainera, San Roke auzoaren eta toki–bideen ingurunean integratuko litzateke. Horiek pasealeku gisa erabiltzen dira gaur egun.

PLAN BEREZIAREN ZEHAZTAPENAK

– Hodi biltzailearen eta bidegorriaren trazadura konbinatua, ezkerraldetik, Kumeko industria–zona saihesten duena, dagoen errepidea erabilita. Ibaitik gertu igarotzen da, hura pasagune baten bidez zeharkatzen du eta Zamora zubiraino iristen da.

– Trenbidearekiko paralelo, bidegorriaren trazadura hastea, trenbide–sarearen azpitik Sagarribai auzorako pasabide bat erabilita.

– Erabilerak arautzeko eta landareberritzeko ordenantzen bidez babestuko da ibaiaren trazadura bihurria. Ibaiaren meandro–forma nabarmeneko ibilgua babestea.

– Industria–zonarako, OR–AP apaindurari buruzko ordenantza aplikatuko da, haren itxura hobetzeko.

– Eskuinaldean, ibilguaren ondoko zortasun–pasabidea finkatzea proposatzen da.

EKINTZA ESTRATEGIKOAK ETA PROIEKTUAK

– EE.10.1: bizikleta–bidea garatzea, hura hodi biltzailearen proiektuari lotuta, eta dauden bi zubiei balioa ematea.

* EED.10.1: hodi biltzailerako desjabetze–proiektuarekin batera lortuko dira lurzoruak.

* EEP.10.1: bizikleta–bide eta hodi biltzailerako, eta ibai–bazterrak egokitzeko proiektu bateratua. 10. tartea. Amurrio iparraldea.

Lehentasuna: handia.

– EE.10.2: ibaiaren eskuinaldean oinezkoentzako bidea garatzea.

* EED.10.2: ibaiaren eskuinaldean oinezkoentzako biderako lurzoruak eskuratzea. 10. tartea. Amurrio iparraldea.

* EEP.10.2: oinezkoentzako biderako proiektua. 10. tartea. Amurrio iparraldea.

Lehentasuna: ertaina.

PLAN BEREZIAREN GOMENDIOAK

– Bigarren mailako bidegorrien sarearen bidez, inguruetako auzoekin lotzea (San Roke auzoa…).

11. TARTEA. TUBOS REUNIDOS
1.5 antolamendu–planoa eta 2.5 kudeaketa–planoa.

DESKRIBAPENA

Ibai–tarte hau Amurrioko Sagrada Familia eskolaren, eta Markijana auzoaren eta Izoriaren bokalearen artean dago. Bereizgarri gisa, eskuinaldean Tubos Reunidos enpresa dago, haraneko ekonomiaren bultzatzaileetako bat.

PLAN BEREZIAREN ZEHAZTAPENAK

– Lurzoru urbanizaezinean, Plan Bereziak babes–zona zabala mugatzen du Sagrada Familia eskolaren ingurunean eta trenbidearekiko elkargunean. Zona hori ibaiertza landareberritzeko, erabilerak arautzeko eta uraldiak laminatzeko ordenantzen bidez arautuko da.

– Erabilerak Arautzeko Ordenantza (OR–EA). Zamora baserria finkatzen da, duen interes historikoagatik. Izen bereko zubiaren ondoan dago. Uraldirik balego ere, segurtasuna hobetzera bideratutako birgaitze–obrak egitea gomendatzen da.

– Bidegorriaren trazadurak trenbide–sarearen albotik jarraitzen du.

– OR–AP apaindurari buruzko ordenantzaren bidez, Tubos Reunidos enpresaren kokaguneak eragindako ibai–bazterraren tartea hobetzeko baldintzak arautuko dira.

EKINTZA ESTRATEGIKOAK ETA PROIEKTUAK

– EE.11.1: bizikleta–bidea garatzea, Zamora zubitik Markijanaraino, hodi biltzailearen proiektuari gainjarrita.

* EED.11.1: lurzoruak hodi biltzailerako desjabetze–proiektuaren beraren bidez lortuko dira, trazadura harekin bat datorrenean; eta desjabetze bidez, beste kasu batzuetan.

* EEP.11.1: bizikleta–bide eta hodi biltzailerako, eta ibai–bazterrak egokitzeko proiektu bateratua. 11. tartea. Tubos Reunidos.

Lehentasuna: handia.

PROIEKTU OROKORRAK

– PO.1: eguzki–sistema eskalan garatzeko proiektua. Urano, 12,865. km–an, 22 cm–ko diametroarekin.

Lehentasuna: ertaina.

PLAN BEREZIAREN GOMENDIOAK

– Ibai ondoko eskola eta lurrak babestea. Horiek hirigintza–lagapenen bidez eskura daitezke, etorkizuneko industria–garapenen kasuan. Sagrada Familia eskolaren inguruneak ekipamendu berezi bat (beilatokia, teknologia berrien zentroa, arte–zentroa…) edo hirugarren sektoreko bat (hotela, jatetxea…) barne har lezake.

– Industria–ingurunearen itxura hobetzea.

12. TARTEA. MARKIJANA–IZORIA
1.5 antolamendu–planoa eta 2.5 kudeaketa–planoa.

DESKRIBAPENA

Nerbioi ibaiaren ibilbidea, Tubos Reunidos enpresatik Luiaondoko hiriguneraino, Aiarako udalerrian. Izoria ibaiaren bokalea barne hartzen du, Markijana auzoan.

PARKE LINEALAREN ESPARRUA

Izoriaren ibilguari jarraituz, Murgako poligonotik, Arespalditzako hiriguneraino zabaldu daiteke esparrua.

PLAN BEREZIAREN ZEHAZTAPENAK

– Markijanan HUA bat kokatzeko erreserba egitea proposatzen da. Araztegi horrek Saratxo eta Amurriotik datozen urak, eta Aiarako udalerrikoak (Arespalditza eta Luiaondo) tratatuko lituzke. Aiarako udalerrian dago, industria–poligonoaren ondoan, Izoria ibaiaren ezkerraldean.

– Ingurumenari buruzko ordenantzaren bidez babestea Nerbioi ibaiaren ezkerraldean kokatutako intereseko zona.

– Ezkerraldean, bidegorrirako eta hodi biltzailerako trazadura bateratua egitea, Izoria ibairaino; eta eskuinalderantz ibaia gurutzatzeko pasagunea egitea, Luiaondora iritsi arte. Gune jakin batzuetan igarobidea zaila izango da, eta pasabide euskarridunak edo esekiak egin beharko dira trenbidearen hormekiko, errepidetik edo ibai gainetik, egituretan eutsita.

EKINTZA ESTRATEGIKOAK ETA PROIEKTUAK

– EE.12.1: Markijanako HUA.

* EED.12.1: Markijanako HUA kokatzeko lurzoruak eskuratzea. 12. tartea. Markijana–Izoria.

* EEP.12.1: HUArako proiektua Markijanan. 12. tartea. Markijana–Izoria.

Lehentasuna: handia.

– EE.12.2: bizikleta–bidea eta hodi biltzailea garatzea, Markijanatik Luiaondoraino, Luiaondo eta Amurrioko hiriguneak bizikleta–bide baten bitartez lotuta. Izoria ibaiaren bokalearen balioa handitzea (errepideen elkarguneak eragiten dio), eta Markijanako zubiari eta errotari balioa ematea.

* EED.12.2: hodi biltzailerako desjabetze–proiektuaren beraren bidez lortuko dira lurzoruak. 12. tartea. Markijana–Izoria.

* EEP.12.2: bizikleta–bide eta hodi biltzailerako, eta ibai–bazterrak egokitzeko proiektu bateratua. 12. tartea. Markijana–Izoria.

Lehentasuna: handia.

PLAN BEREZIAREN GOMENDIOAK

– Bizikleta–bidea Aiarako udalerriraino luzatzea.

13. TARTEA. LUIAONDO
1.6 antolamendu–planoa eta 2.6 kudeaketa–planoa.

DESKRIBAPENA

Nerbioi ibaiaren ibilbidea, Luiaondoko hirigunearen ondoan. Hiriguneak garapen lineala du eta zeharbide zaharraren ardatzetik igarotzen da. Ibai–ingurunea paisaia–kalitate eta erakargarritasun handikoa da.

PARKE LINEALAREN ESPARRUA

Parke Linealaren esparrua funtsean bat dator Plan Bereziarekin.

PLAN BEREZIAREN ZEHAZTAPENAK

Aukerako eremua: Luiaondoko ibai–parkea.

– Ezkerraldeak hiru uraldi–lerroren eragin nabarmena jasotzen du. Bertan, hirigunerako zuzkidura gisa, garrantzizko ibai–pasealekua egitea proposatzen da, egun ez dagoen espazio publiko adierazgarria bilduko duena.

– Lehen tartean, pasealeku hori dagoeneko lortu da bizitegi–garapen berriak lagata.

– Ezkerraldearen gainerakoan, pasealekua desjabetze bidez eskuratzea proposatzen da; hura ez ezik, bidegorria eta hodi biltzailea ere egiteko.

– Nerbioi ibaia bideratzeko proiektu bateratua prestatzea proposatzen da, azterlan hidraulikoa, hodi biltzailea, bidegorria eta parke–tratamendua bilduko dituena.

– Eskuinaldean, esku–hartzea arinagoa litzateke: erabilerak arautzea (OR–EA), ibaiertzak landareberritzea (OR–LB) eta pasabide–zortasunak ezartzea.

– Olarte urtegia eta erreka ingurumenaren aldetik babestea (OR–IN), eta faunaren pasaguneak zaintzea (OR–FP).

– Erabilerak Arautzeko Ordenantza (OR–EA).

1.– Duten interes historikoagatik, hirigunetik ibaian gora kokatutako burdinolaren eta irindegiaren aurriak finkatzen dira. Ingurunean egun dauden eraikinak finkatzen dira. Aurri horiek hirugarren sektoreko eta ostalaritzako erabilerekin birgaitzea gomendatzen da. Birgaitzerik eginez gero, bizitegikoa ez den egungo azalera eraikia % 15 zabaltzea baimentzen da.

2.– Zubibarri eta Olarte zubien inguruetan, dauden eraikuntzak finkatzen dira. Trenbide–geralekuari lotutako eraikinak eta Quintas errotaren ingurukoak ere finkatzen dira. Gainerako eraikinak antolamenduz kanpokotzat hartzen dira.

EKINTZA ESTRATEGIKOAK ETA PROIEKTUAK

– EE.13.1: Luiaondoko ibai–parkearen aukerako eremua garatzea; helburu hauekin:

* Luiaondoko hirigunean ibai–parke handia egitea.

* Espazio publiko adierazgarria sortzea.

* Hiriguneko lau zubiei balioa ematea, zaintza eta mantentze egokiaren bidez; batez ere, eskuinaldean pasabidea moztuta duen Otazu zubiari.

* Ibaiaren eskuinaldean oinezkoentzako bidea garatzea.

* EED.13.1: aukerako eremua garatzeko lurzorua eskuratzea. 13. tartea. Luiaondo.

* EEP.13.1: Luiaondoko ibai–parkearen aukerako eremurako proiektu bateratua. 13. tartea. Luiaondo.

Lehentasuna: ertaina.

– EE.13.2: ibaiaren ezkerraldean bizikleta–bidea eta hodi biltzailea garatzea.

* EED.13.2: ibaiaren ezkerraldean bizikleta–bidea eta hodi biltzailea egiteko lurzorua eskuratzea. 13. tartea. Luiaondo.

* EEP.13.2: bizikleta–biderako eta hodi biltzailerako proiektu bateratua. 13. tartea. Luiaondo.

Lehentasuna: handia.

PLAN BEREZIAREN GOMENDIOAK

– Antzinako burdinolaren eta irindegiaren aurriak birgaitzea eta balioa ematea. Ostalaritza–erabilerak ezartzea (hotela, aterpetxea, turismo–erabilerak…).

14. TARTEA. GARDEA
1.7 antolamendu–planoa eta 2.7 kudeaketa–planoa.

DESKRIBAPENA

Ibai–tarte hau Luiaondoko eta Laudioko hiriguneen artean dago, eta Gardea auzoa biltzen du (lurzoru urbanizaezinean kokatuta dagoen baserri bakanduko intereseko zona).

PLAN BEREZIAREN ZEHAZTAPENAK

– Plan Bereziak errepidearen eta trenbidearen artean arautzen du eremua. Horiek ibaiaren korridore naturala osatzen dute.

– Bidegorriaren trazadura, hasiera batean, ibaiaren eskuinaldetik igarotzen da, tarteko ibilbidean ezkerraldetik, eta Gardean eskuinaldera itzultzen da. Horregatik, ibai gaineko bi pasagune gaitzea planteatzen da.

– Trazadura tarte horretan zaila da, leku txikia dagoelako bi azpiegituren artean. Ziurrenik, tartea gainditzeko, pilote gainean eutsitako edo hegal–moduko egiturak jarri beharko dira.

EKINTZA ESTRATEGIKOAK ETA PROIEKTUAK

– EE.14.1: bizikleta–bidea Luiaondotik Gardearaino garatzea, Laudion hainbeste erabiltzen den pasealeku eta bidegorriari jarraitutasuna ematearren, Luiaondoko hiriguneraino iritsi ahal izateko.

* EED.14.1: bizikleta–biderako lurzorua eskuratzea. 14. tartea. Gardea.

* EEP.14.1: bizikleta–biderako eta ibai–bazterrak egokitzeko proiektua. 14. tartea. Gardea.

Lehentasuna: handia.

PROIEKTU OROKORRAK

– PO.1: eguzki–sistema eskalan garatzeko proiektua. Saturno, 6,405. km–an, 52,03 cm–ko diametroarekin.

Lehentasuna: ertaina.

PLAN BEREZIAREN GOMENDIOAK

– Gardeako baserriak ibaiarekiko duen irudi ederra babestea.

15. TARTEA. LAUDIO
1.8 antolamendu–planoa eta 2.8 kudeaketa–planoa.

DESKRIBAPENA

Nerbio ibaiaren tarte hau kanalean igarotzen da Gardea auzotik Bitorika zubiaren inguruetaraino, Laudioko industria– eta bizitegi–auzoak zeharkatuz.

NPLaren esparrua Lamuzako parkearen eta jauregiaren bidez zabaldu daiteke.

Laudioko trenbideak, hain hurbil dagoenez (Bilbotik 25 minutura), pasealekuen sareari eta parkeari iristerraztasun bikaina ematen die.

PARKE LINEALAREN ESPARRUA

Esparru hau Nerbioiko Parke Linealari dagokio, eta ez dago Plan Bereziari lotuta. Hortaz, Laudioko plangintza orokorrerako eta garapen–plangintzarako gomendioen fitxa da honako hau.

PLAN BEREZIAREN GOMENDIOAK

– Ibaiaren eskuinaldean, bidegorria finkatuta eta erabileran dago. Beraz, ezkerralderako bigarren mailako bidegorria proposatzen da.

– Ibai–bazterretako itxura hobetzeko, eta ibai–bidearen paramentu bertikalak lorategiz hornitzeko tratamenduak gomendatzen dira, ibaiaren hiri–paisaia hobetzeko asmoz.

– Gastronomia–museoari balioa ematea eta Lamuza parkearekin lotzea.

– Areta eta Laudioko geltokiei lotutako bizikleta–parke publikoak.

– Eguzki–sistemaren eskalan Jupiter kokatuko litzateke (Anuntzibaitik 3,488 km–ra eta 61,7 cm–ko diametroarekin).

16. TARTEA. BITORIKA–ARETA
1.8 antolamendu–planoa eta 2.8 kudeaketa–planoa.

DESKRIBAPENA

Nerbioi ibaiaren tarte hau Laudioko hirigunetik Areta auzoraino doa. Eskuinaldean beira–enpresa handiak ditu.

PARKE LINEALAREN ESPARRUA

Esparru hau Nerbioiko Parke Linealari dagokio, eta ez dago Plan Bereziari lotuta. Hortaz, Laudioko plangintza orokorrerako eta garapen–plangintzarako gomendioen fitxa da honako hau.

PLAN BEREZIAREN GOMENDIOAK

– Ibaiaren eskuinaldean, bidegorria finkatuta eta erabileran dago. Beraz, ezkerralderako bigarren mailako bidegorria proposatzen da.

– Parke Lineala finkatzea Laudion, ibaiaren ezkerraldean (Bitorikako ingurunea eta Aretako lotunea), udal–plangintzan jasotako berdeguneak lotetsita.

– Parkeari edukia emango dioten olgetako jarduerak eta espazioak jartzea, hala nola, terraza–tarbernak, haurrentzako jolas–zonak, bolatokia, askaldegiak, altzariak…

– Bitorika zubia oinezkoentzako lotura gisa erabiltzeko aukera kontuan hartzea.

– Bitorikako irindegiaren ingurunean, turismo–jarduerarako gune bat sortzeko aukera kontuan hartzea (beiraren museoa, hotela, jatetxea, merkataritza, zerbitzuak…).

– Bitorikako harrobiaren espazioa Parke Linealarekin lotzea (beiraren museorako osagarri gisa).

– Bidegorria Aretako geralekuarekin eta, errepidetik (ibaitik urrunduta), Anuntzibairen ingurunearekin lotzea.

– Eguzki–sistemaren eskalan Marte kokatuko litzateke (Anuntzibaitik 1,021 km–ra eta 2,93 cm–ko diametroarekin).

17. TARTEA. ANUNTZIBAI
1.8 antolamendu–planoa eta 2.8 kudeaketa–planoa.

DESKRIBAPENA

Altube ibaiaren ibilbidea, autobidean sartzeko zubitik (Laudioko Anuntzibai auzoan) Nerbioi ibaiko bokaleraino doana, trenbideko eta A–625 errepideko zubien azpitik. Edertasun handiko ingurunea da hasieran. Amaierako tartea, ibaiaren ezkerraldean, narriatuta eta industria–eraikuntzek hartuta dago, eta eskuinaldeak, berriz, ingurumenaren aldetik interesa du.

PLAN BEREZIAREN ZEHAZTAPENAK

Aukerako eremua: Anuntzibai.

– Altube ibaiaren eskuinaldean ahalmen handiko espazioa dago. Erabiltzen ez diren eta aurri–egoeran dauden eraikuntzez inguratuta dago. Eraikuntza horiek, hala ere, interes handikoak dira. Jatorriz burdinola eta lantegi–baserri gisa zuten eginkizuna galdu dute.

– Espazio hori desjabetze bidez eskuratzea proposatzen da, Parke Lineala sarrerako ateaz hornitzeko, autobidearen ondoan. Eraikinak, zubia eta ingurunea birgaitzea proposatzen da, parkearekin lotutako erabilera berriak emakidako araubidean barne har ditzaten.

– Plan Bereziaren mugaketan, goi–ibarraren barruan, Laudioko HUArako erreserba–zona sartzen da, autobidetik sartzeko bidearen aurrean dagoen Basaurbe inguruan.

– Bidegorriaren trazadura ibaiaren eskuinaldetik egitea proposatzen da, ingurumen–intereseko zonatik. Pasabidea zaila izango da. Beharbada, autobidearen hormako puntu batzuetan eutsitako pasagunearen bidez egin beharko da.

– Bidegorria Nerbioi ibaiaren gaineko pasagunearen bitartez lotuko da Aretako trazadurarekin, A–625 errepidearen zubi azpitik.

– Industria–ingurunean, ibaiaren ezkerraldea apaindurari buruzko ordenantzaren bidez arautuko da, ibaiaren ingurunea garbi eta txukun mantendu ahal izateko.

EKINTZA ESTRATEGIKOAK ETA PROIEKTUAK

– EE.17.1: Basaurbeko HUA eta hodi biltzailea.

* EED.17.1: desjabetze bidez lurzoruak eskuratzea, Basaurbeko HUA, hodi biltzailearen azken tartea eta ponpaketa–estazioa kokatzeko. 17. tartea. Anuntzibai.

* EEP.17.1: Basaurbeko HUArako, hodi biltzailearen azken tarterako eta ponpaketa–estaziorako proiektua. 17. tartea. Anuntzibai.

Lehentasuna: handia.

– EE.17.2: Anuntzibaiko aukerako eremua garatzea; helburu hauekin:

* Nerbioiko Parke Linealerako sarbide–ate handia sortzea.

* Dagoen ondare eraikia erabilera berriekin babestu eta kontserbatzea.

* Herrialdeari buruzko informazio eta marketineko gunea, A–68 autobidearen ondoan.

* Hiri inguruko parkearekin bateragarriak eta, era beran, A–68 autobideko bidaiarientzat erakargarriak izango diren erabilerak: hotela, denda, kafetegia, otordu lasterreko jatetxea, osasun–asistentzia, aparkalekua, etab.

* Hainbat eraikin eginez, 7.000 m_ arteko azalera eraikia osatzea. Horien kontserbazioa eta balioztapena ziurtatzea, zabalkuntza eta eraikin gehiago egiteko aukera emateko; hori guztia Proiektu Bateratuaren arabera.

* Instalazioak kudeatzeko lankidetza publiko–pribatua, lurzorua titulartasun publikokoa izan dadin eta herritar guztiek instalazioak erabiltzeko aukera izan dezaten ziurtatzeko.

* A–68 autobidearen azpiko pasabideak hobetzea, baita faunarentzat ere.

*EED.17.2: desjabetze bidez lurzorua eskuratzea, aukerako eremua garatzeko. 17. tartea. Anuntzibai.

*EEP.17.2: Anuntzibaiko aukerako eremurako proiektu bateratua. 17. tartea. Anuntzibai.

Lehentasuna: ertaina.

– EE.17.3: Anuntzibaiko aukerako eremuaren eta Aretaren artean bizikleta–bidea garatzea.

* EED.17.3: desjabetze bidez lurzorua eskuratzea, bizikleta–bidea garatzeko. 17. tartea. Anuntzibai.

* EEP.17.3: bizikleta–biderako eta ibai–bazterrak egokitzeko proiektua. 17. tartea. Anuntzibai.

Lehentasuna: ertaina.

PROIEKTU OROKORRAK

– PO.1: eguzki–sistema eskalan garatzeko proiektua. Eskalako eguzki–sistemaren hasiera izango litzateke. Tarte honetan kokatuko lirateke Lurra (Anuntzibaitik 670 m–ra eta 5,50 cm–ko diametroarekin), Artizarra (Anuntzibaitik 485 m–ra eta 5,22 cm–ko diametroarekin), Merkurio (Anuntzibaitik 259 m–ra eta 2,10 cm–ko diametroarekin) eta, jakina, Eguzkia (0 km–an eta 6 m–ko diametroarekin).

Lehentasuna: ertaina.

PLAN BEREZIAREN GOMENDIOAK

– Ibaiaren ezkerraldean, San Martin baselizaren ondoan, Laudioko Udalaren jabetzakoa den lurzoru librearen azalera handia Nerbioiko parkeari lotzea.

– Auzorako toki–parkearen erabilerarekin bateragarria izango den goi–mailako ekipamendu–erabilera ematea. Zona hau berdegune huts gisa ez uztea, basamortu bihurtzeko arriskua izango bailuke.

18. TARTEA. ARAKALDO
1.8 antolamendu–planoa eta 2.8 kudeaketa–planoa.

DESKRIBAPENA

Nerbioi ibaiaren ibilbidea, Laudioko Areta auzotik Arakaldora sartzeko zubiraino doana, Altube ibaiaren urak jaso ondoren.

PARKE LINEALAREN ESPARRUA

Lotune–tartea da. Tarte honetan, etorkizuneko zabalkuntzak hiri inguruko parketik egin litezke, Nerbioi ibaiaren erdiko tartean.

PLAN BEREZIAREN ZEHAZTAPENAK

Plan Bereziak ibaiertza landareberritzeko eta erabilerak arautzeko ordenantzen bidez arautzen ditu bi ibai–bazterrak. Bidegorrirako, Arakaldoko beheko auzoa Laudioko Areta auzoarekin lotzeko bidea ematen duen trazadura zehazten du.

EKINTZA ESTRATEGIKOAK ETA PROIEKTUAK

– EE.18.1: Aretako pasagunearen eta Arakaldoko zubiaren artean bizikleta–bidea garatzea.

* EED.18.1: desjabetze bidez lurzorua eskuratzea, bizikleta–bidea garatzeko. 18. tartea. Arakaldo.

* EEP.18.1: bizikleta–biderako eta ibai–bazterrak egokitzeko proiektua. 18. tartea. Arakaldo.

Lehentasuna: txikia.

II. ERANSKINA

Ingurumenarekin zerikusia duten alderdiak planean biltzeari dagokionez hartutako erabakiari buruzko berariazko deklarazioa.

Ingurumen sailburuordearen 2006ko irailaren 28ko Ebazpenaren bidez, Nerbioiko Parke Linealerako Plan Bereziaren ingurumen–inpaktuari buruzko behin betiko txostena aurkeztu da.

Ebazpen horretan, ingurumen–inpaktuari dagokionez, aldeko txostena eman zaio Plan Bereziari; eta, txosten horretan jasotzen denez, 2006ko martxoaren 10ean aurkeztutako aurretiazko txostenaren ondoren, IIBE ingurumen–inpaktuaren baterako ebaluazioari buruzko azterlanean honako aldaketa hauek sartu dira:

– 4.9 puntua gaineratu da. Puntu horretan, EAEko korridore ekologikoen sarearekiko Parke Linealaren gainjartzea aztertzen da, eta bien arteko bateragarritasuna justifikatzen da.

– Landarediari eta neurri zuzentzaileei buruzko atalean, Genista teretifolia elorri–triskaren espezia babesteko neurriak hartzeko beharra jaso da, hura zaintzea garrantzitsutzat hartzen baita.

– Azterlanaren diagnostikoari puntu bat erantsi zaio. Puntu horretan, ingurumenaren aldetik Plan Bereziaren balio handiko baliabidetzat jotzen dira honako hauek: Arkamo–Gibijo–Arrastaria GKLa; Salbada mendilerroko HBZBa; Arbietoko urmaela, Urduñan; Olarte urtegia, Luiaondon; Saratxoko haitza; Krispijanako meandroa; ibaiertzeko landaredia kontserbatua; eta sare hidrologikoa (Nerbioi, Altube eta Izoria ibaien ibilguak barne direla).

– "7.1.3. Parkea bere osotasunean egituratuko duen bizikleta–pasealekua" puntuan, Plan Bereziari buruzko azken proposamenerako erabilitako ingurumen–irizpideak gaineratu dira.

– Delika eta Urduñako aparkalekuen kokalekurako proposamenei dagokienez, ingurumen–irizpideetan oinarritutako azalpena gaineratu da.

Bestalde, planak lagundu egiten du Ingurumeneko Esparru Programan, iraunkortasun–irizpideekin plangintza idazteko Eskuliburuan, eta hiri–ingurumenerako gaikako estrategiaren inguruan Europako Erkidegoen Batzordeak Europako Kontseiluari eta Parlamentuari egindako jakinarazpenean ezarritako konpromisoetako batzuk betetzen.

Azkenik, Plan Berezia behin betiko onartzeko, kontuan hartu dira bai ingurumen–inpaktuaren baterako ebaluazioari buruzko azterlanean, bai ingurumen–inpaktuaren inguruko behin betiko txostenean bildutako zehaztapenak.


Azterketa dokumentala