
226. zk., 2006ko azaroaren 27a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Euskal Herriko Unibertsitatea
5926
EBAZPENA, 2006ko urriaren 24koa, Akademia Antolakuntza eta Koordinazioko errektoreordearena, ECTS europar kredituen barruko irakaskuntza motei eta taldeen tamainari buruzko Arautegia argitaratzeko dena.
Unibertsitateak, bere ahalmenaz baliatuta, arauak eta prozedurak onartu behar ditu, gestioaren alorretako lanak tramitatu ahal izateko.
Arautegi honen helburua da irizpideak zehaztea oraingo irakaskuntza-sistematik Bolognako adierazpenak diseinutako sistemara iragateko; gure oraingo sistema irakasleen irakaskuntzan oinarritzen den bitartean, Bolognakoaren ardatz nagusiak irakaskuntza-ikaskuntza prozesua eta, jakintzaren eskurapenez gain, trebetasunen eskurapena ere baitira. Horretarako, gure irakaskuntzaren metodologiak aldatu behar ditugu, eta eredu berrira egokitu; horrek esan gura du irakasgai edo gai bakoitzak bere metodologia izango duela, eta metodologia hori xehetasunez azalduta egongo den dokumentuak gidatuko duela haren irakaskuntza.
Kontuan izan behar da oraingo titulazioak (eta euren irakasgaiak) antolatuta daudela ikasgelako irakaskuntzan oinarritzen den eredu batetik abiatuta, baina hori ez da horrela izango etorkizuneko graduko titulazio eta masterretan.
Bestalde, irakasle/ikasle ratioa UPV/EHUn 1/12 bada ere, oro har, eta horrek erreferentzia ditugun Europako herrialdeen parean jartzen gaituen arren, benetako distortsioak ditugu irakasleen banaketari gagozkiolarik, sail, titulazio eta hizkuntz eskaintzaren arloetan. Sail guztiak ez daude behar bezala prestatuta hizkuntza ofizial bietan irakasteko behar diren irakaskuntza baliabideen arloan, eta titulazio guztietan ez da lortzen, euskaraz eta gaztelaniaz irakasteko ezinbestean osatu beharreko ikastaldeen motari dagokion ratioa.
Era berean, ez da batere naturala irakasgai bat irakaskuntza-mota bakarraren bidez eman beharra, eta irakaskuntza mota guztietan talde guztiek ez dute tamaina bera eduki behar. Gure unibertsitatea Goi Hezkuntzaren Europar Eremura (GHEE) egokitzeak, hortaz, irakaskuntzaren mota ezberdinen definizioa eskatzen du, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan oinarritutako hezkuntza metodologia berriaren barruan, hain zuzen ere, metodologia horren ezartzeko behar diren giza eta material premiak aztertu eta egungo irakaskuntzatik GHEEren barruko irakaskuntzara iragateko diseinua egin ahal izateko.
Gaur egun, gure unibertsitatearen GHEErako moldatzea era esperimentalean landu da egungo titulazioetako zenbait ikasgaitan, irakasleen borondatezko partehartzeaz; eta, une hauetan, portzentaia altua da sistema berrian irakasten eta prestatzen ari diren irakasleena.
Arestiko guzti honen arabera, ondoriozta daiteke irizpideak eta prozedura ezarri beharra dagoela, gradu eta gradu-ondoko ikasketa berrietan irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan oinarritutako metodologiaren ezarpena gestionatzeko beharko diren ekintzak burutuko badira. Areago, ekintza hauek indarrean diren titulazioetan ere burutu ahalko dira, irakaskuntzaren kalitate eta berrikuntzarako errektoreordetzak xede honetarako ezarriko duen prozeduraren bidez baimendutako irakaskuntza proiektuak baliatuz. Prozedura honek gobernu-kontseiluaren onespena jaso beharko du aldez aurretik.
Hortaz, arautegi honen bidez irakaskuntza-motak antolatzeko erreferentzi eredua zehaztu nahi da, ECTS kredituez ezarritako irakaskuntza proiektuetarako.
Orain aurkezten den arautegia honek Akademia Antolakuntzako Azpibatzordeak prestatu zuen dokumentu batean du oinarria eta, ondoren, irailean zehar, unibertsitateko kideek aztertu eta eztabaidatu dute.
Jasotako iradokizun eta oharrak kontuan hartuta prestatu da eranskin moduan agertzen den arautegia. Arautegi hori Akademi Antolakuntzako Azpibatzordeari aurkeztu zitzaion 2006-09-22ko bileran, eta azpibatzorde horrek aldeko iritzia eman zuen. Bestalde, Akademia Antolakuntza eta Doktoregoko Batzordeak, 2006-10-02ko bileran, testuaren aldeko iritzia eman zuen.
Gobernu Kontseiluak 2006ko urriaren 5eko bileran onartu zuen aipatutako arautegia eta, horren ondorioz, Akademia Antolakuntza eta Doktoregoko Batzordeak ahalmena dauka arautegia garatuko duten arau osagarriak emateko. Bestalde, gestioaren ardura daukan errektoreordearen gain uzten da arautegia ezartzean sor daitezkeen gorabeherak interpretatu eta ebazteko ahalmena.
Aipatutako guztia kontuan hartuta, eta Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legeko 10.2 artikuluak dioena betetzeko (2004ko martxoaren 12ko EHAA), honakoa
EBATZI DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Buletin Ofizialean argitaratzea EHUko ECTS europar kredituen barruko irakaskuntza motei eta taldeen tamainari buruzko Arautegia. Eranskinean dago jasota arautegi hori.
Leioa, 2006ko urriaren 24a.
Akademia Antolakuntza eta Koordinazioko errektoreordea,
EVA FERREIRA GARCÍA.
ERANSKINA
ECTS EUROPAR KREDITUEN BARRUKO
IRAKASKUNTZA-MOTEI ETA TALDEEN
TAMAINARI BURUZKO ARAUTEGIA
1. artikulua.– Irakaskuntza-motak.
Ikasgelako irakaskuntzaren arloan, honako mota hauek proposatzen dira, orientaziorako definizioak aldean direla:
1.– Eskola magistralak, eskola teorikoak (EM): termino horiekin adierazten dugu jakintza teorikoak ikasle-talde handiei transmititzeko erabili ohi den modalitatea. Irakasleak irakasgaiaren ikuspegi orokorra azaltzen du; ildo nagusiak nabarmentzen ditu; irakasgaiaren osotasunak dauzkan zatiak aurkezten ditu (gaiak edo blokeak); gaiak erlazionatzen ditu eta gaien alderdi garrantzitsuenei erreparatzen die. Irakaskuntza-mota honek ez du bermatzen ikasleek zeharo garrantzitsuak diren zenbait trebetasun eskuratuko dituztenik, baina berau da erabiliena (nahiz ez bakarra) teoria irakasteko.
2.– Mintegiak (M): irakaslearen eta ikasle-talde txiki baten arteko elkarreragin bizia errazten duen irakaskuntza-mota da. Lanak aurkezteko, kasuak analizatzeko, suposamenduak ebazteko, arazoak ebazteko eta gai teoriko sinple bat azaltzeko erabili ohi dira. Ikasgelako praktiketan ez bezala, irakaslea ez da protagonista; mugatzen da entzutera, aditzera, bideratzera, argibideak ematera, baloratzera, gauzak zelan egiten diren erakustera eta balioestera. Funtsezkoa da ikasleen etengabeko ebaluazioa egiteko eta autoikaskuntzaren etekina jakiteko. Hori barik ez dago autoprestakuntzara bideratutako metodologiarik. Ikasleek garatu beharreko trebetasun garrantzitsuenetako batzuk (lan bat aurkezten eta azaltzen jakitea, laburpenak egiten jakitea, bat-batean analisi bat egiten jakitea, taldean lan egiten jakitea…) mintegien bidez eskuratzen dira.
3.– Ikasgelako praktikak (IP): irakasleak zerbait azaltzen du edo ebazpen praktikoa egiten du ikasleen aurrean eta beren argibideetarako, oso handia ez den talde baten aurrean. Ikasleekiko elkarreraginik dagoen arren, eskolaren pisua ez daukate ikasleek, irakasleak baino. Irakaskuntza-mota honek osatzen ditu eskola magistraletan emandako teoria kontu praktikoekin, eta egokiena da mintegiko talde bat baino gehiago koordinatzeko, asteko atazak beren artean banatzeko eta guztiei lanak egiteko jarraibide komunak emateko. Ikasgelako saio praktikoetan, bestalde, mintegietan aurkeztutako lanik onenen emaitza nagusiak aurkezten dira.
4.– Laborategiko praktikak (LP): ikasle-talde ez oso handi batean, ikasleek entseguak, esperimentuak, neurketak etab. egiten dituzte, bakoitzak bere lekuan, unibertsitatearen azpiegitura (laborategiak), lan-ekipoak eta ondasun suntsigarriak erabiliz, irakasleak bertan daudela zalantzak argitzeko eta praktika zaintzeko. Laborategiko praktikek ondo programatuta egon behar dute beti, eta jarraipena izan dezakete gero ikasgelan. Ohikoak dira zientzia eta teknologiaren arloko titulazioetan. Zentzu zabalean, talde ez oso handietan egiten diren praktika guztiak, ikasle bakoitzarentzako azpiegitura eta tresneria behar dutenak (hizkuntza-laboratorioetan erabiltzen direnak, esaterako), laboratorioko praktikak deitzen dira. Azken horiek filologietan erabiltzen dira.
5.– Ordenagailuko praktikak (OP): informatika-gela batean ikasle-talde batek, irakaslearen gidaritzapean, programatutako jarduera praktiko bat egiten dute ordenagailuarekin, bakoitzak berea duela. Honelako praktiketan softwarea da tresna nagusia eta ia bakarra; ordenagailua euskarria besterik ez delarik.
6.– Tailerrak (ez industrialak) (TA): taldeko ikasle bakoitzak ataza ezberdin batean dihardu bere kontura, irakaslea bertan dagoela ikasle bakoitzak aurkezten dizkion zalantzak argitzeko edo arazoak konpontzeko. Irakasleak ez dauka ikasgelako praktiketan daukan protagonismoa eta ikasleek ez dute aurkeztu behar ataza bat amaituta eta ondo eginda (mintegietan gertatzen den bezala). Normalean ikasleek tailerretan egiten dituzten lanetarako saio bat baino gehiago behar izaten dituzte errenkadan, eta batzuetan ikastaldi osoa hartzen dute. Esan genezake tailerretan ikasle-taldeek gidaritzapeko praktika indibidualak egiten dituztela. Adibide klasikoak dira irudigintza, pintura, zeramika eta proiektu-tailerrak, arte ederren eta arkitekturaren arloko titulazioetan. Alde batetik ikasleek banan banaka egiten dituzte lanak, eta, bestetik, irakasleak gertu egon behar du bakoitzak aurkezten dizkion zalantzak argitzeko; hori dela eta, tailerretako taldeak ertainak izan ohi dira. Sarritan tailerretako saioak irakaslearen azalpen txiki batekin edo laburpen batekin hasten dira.
7.– Tailer industrialak (TAI): halakoetan ikasle-talde ez oso handi bat aurrez aurre jartzen da makina, tresna edo instalazio industrialekin: ikasten dute zelan funtzionatzen duten, erabiltzen ikasten dute, atazak eta neurketak egiten dituzte… Arriskuren bat daukaten makina edo tresnak erabili behar diren tailerretan aritzeko taldeek aski txikiak izan behar dute.
8.– Praktika klinikoak (PKL): benetako gaixoen presentzian ematen diren irakaskuntza saioak dira eta, hori dela eta, oso talde txikiekin egin behar dira beti. Ohikoak eta ezinbestekoak dira Osasun-Zientzien arloko titulazioetan.
9.– Kanpoko praktikak eta kirol -praktikak (KP eta KiP): irakaskuntza tokian toki egiteko helburua duen irakaskuntza-mota da, hau da, ikasi nahi den gertakaria, fenomenoa edo errealitatea gertatzen den tokian. Zientzien titulazioetan egin ohi dira, baina teknologia eta gizarte zientzien titulazioetan ere erabiltzen dira.
2. artikulua.– Taldeen tamaina.
1.– Irakaskuntza-motaren arabera, honelakoak izango dira taldeak, tamainari dagokionez:
Irakaskuntza-mota	Tamainak: batezbestekoak (1) gehienekoak (2)
Eskola magistrala:	80-100	
Mintegia:	15-20	
Ikasgelako praktikak:	35-45	
Laboratorioko praktikak:	16-20	
Ordenagailuko praktikak:	24-30	
Tailerrak (ez-industrialak):	35-45	
Tailer industrialak:	14-18	
Praktiko klinikoak:	 4-8	
Kanpoko praktikak eta kirol praktikak:	18-20
(1) Batezbesteko tamaina = ereduaren erreferentzi tamaina.
(2) Gehieneko tamaina = kopuru hori gainditzeak taldea bikoizteko justifikazioa dakar.
2.– Balio hauek erreferentziatzat hartuko dira ECTS bidezko irakaskuntza gauzatzeko proiektu eta jarraibideak ezartzeko.
3. artikulua.– ECTS kredituaren balioa ordutan.
ECTS europar kreditua 25 lan-orduren baliokidea da, gai bati dagozkion jakintzak, gaitasunak eta trebetasunak bereganatzeko ikasleak egin beharreko lanari dagozkionak. Lan-ordu horietan sartzen dira eskola-orduak, bai teorikoak bai praktikoak; irakasgaia egunean izateko ikasten eman beharreko orduak; mintegiak, lanak, praktikak edo proiektuak egiteko erabilitako orduak; eta azterketak eta ebaluazio-probak prestatu eta egiteko beharrezko direnak.
4. artikulua.– Ikasgelako orduak banatzeko ereduak.
1.– Maisu/maistren irakaskuntza orekatzeko erreferentziarako eredu moduan, egoki irizten zaio indarrean diren planetan mintegiko ordu bat 3 edo 4 eskola magistraleko proportzioari. Hala ere, banaketa hau definitu ahalko da berriro titulazio berrietan.
2.– Oraingo ikasketa-planetako kredituak (teorikoak eta praktikoak) egokitzeko, irizpidea ezarri da kreditu teorikoak eskola magistralen, tailer ez-industrialen eta mintegien bidez emango direla, eta praktikoak, berriz, gainerako irakaskuntza-moten bidez.
3.– Gaur sisteman grabatzeko xedeaz, arautegi honetako 1. artikuluan zehaztutako irakaskuntza-motak besterik ez da aintzat hartuko.
AZKEN XEDAPENAK
1.– Honako arautegi hau gradu eta gradu-ondoko titulazioetan aplikatuko da ezarpenetik hasita.
2.– Indarreko titulazioetako ikastaroetan ere aplikatuko dira, baldin eta irakaskuntza proiektua osatu eta, irakaskuntza kalitate eta berrikuntzarako errektoreordetzak ezarriko duen prozeduraz baliaturik, baimena lortu badute. Prozedura +honek gobernu-kontseiluaren onespena jaso beharko du aldez aurretik.
3.– Arautegi honekin bat ez datorren hautabiderik aurkezten duten eredurik agertzen duten proiektuak aurreko pasartean adierazi bezala aztertuko dira eta, honela behar izanez gero, onartuko, beti ere baliabideak esleitzeko bideragarritasunaren analisian oinarrituta.
4.– Metodologia hau aplikatzen ez duten 1. eta 2. zikloko oraingo titulazioetako taldeak baimentzea gobernu-batzarrak 1998-10-29ko saioan hartutako erabakian ezarritakoaren arabera egingo da eta gobernu-batzarraren 1999-10-20ko bileran onetsitako plantilla teorikoan ezarritako eredu eta irakaskuntza-motak hartuko dira erreferentzia.
5.– UPV/EHUko akademia antolakuntza eta doktoregorako batzordeari ahalmena ematen zaio arautegi hau garatuko duten arau osagarriak egiteko, akademi antolakuntzarako azpibatzordearen txostena aurretik dela.
6.– Gai hau kudeatu behar duen errektoreordeari ahalmena ematen zaio prozedura eta egutegia zehazteko, Akademia Antolakuntzako Azpibatzordearen eta Irakasleen Plantillako Zuzendaritzaren laguntzarekin. Era berean, arautegi hau aplikatzean sor litezkeen zalantza guztiak argitu eta interpretatuko ditu.
7.– Arautegi honetan eta bera garatzen dutenetan aurreikusita ez dagoen guztirako indarrean dagoen legeriari jarraituko zaio.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratzen dira arautegi honekin bat ez datozen xedapen guztiak.
RSS