
226. zk., 2006ko azaroaren 27a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Euskal Herriko Unibertsitatea
5925
EBAZPENA, 2006ko urriaren 24koa, Akademia Antolakuntza eta Koordinazioko errektoreordearena, Tituluaren Europar Gehigarria (TEG) UPV/EHUn emateko prozedura ezartzeko dena.
Abuztuaren 1eko 1044/2003 errege-dekretuak (2003-09-11ko BOE) ezartzen du unibertsitateek tituluaren europar gehigarria (TEG) emateko prozedura ezarri behar dutela. ED honetan definitzen da delako dokumentu honetan ageri behar duen edukia, bai eta, esparru honetan, Hezkuntza eta Zientzia-Ministerioari (MEC), Unibertsitate-Koordinaziorako Kontseiluari (CCU), autonomi erkidegoei eta unibertsitateei emaniko eskumenak ere.
Eskumenen banaketa honetan, MEC-ek titulazioen izenak eta titulazio bakoitzerako sarrera-eskakizunak onetsi behar ditu, zein bere ingelesezko itzulpenarekin batera. CCUri eskuduntza moduan dagozkio TEG ereduaren onespena eta ingeleserako itzulpena, zortzi ikasketa-arloak definitzea eta titulazio bakoitzaren lanbide-kualifikazioa, bai eta espainiar hezkuntzaren sistema nazionalaren deskribapena ere.
Informazio hau zehaztearren, CCU-k bost lan-talde eratu zituen, unibertsitateen laguntzaz, txostenak egin zitzaten eta, eduki horiek abiapuntu hartuz, kontseiluak berak jarraibideak diktatu ditu, unibertsitateek TEG ematean bete behar dituztenak.
Beste alde batetik, autonomi erkidegoek ikasleek TEG eman dakien ordaindu beharko duten prezio publikoa zehaztea dute egiteko eta, gure lurraldeak, ereduaren eta dokumentu horren testu finkoen euskaratzea.
Azkenik, unibertsitateei barne-prozedura ezartzea esleitu zaie, ikasleek TEG lortzeko egin duten eskarien gestioa definituko duena.
Bai MEC-k, nola CCU-k eta Euskal Gobernuak amaitu dituzte beren lanak eta, hortaz, UPV/EHUrena besterik ez da falta, alegia, TEG emateko bidea urratuko duen prozedura onartu eta behar diren gestio-erremintak garatu.
Prozedura hau akademia-antolakuntza azpibatzordeari aurkeztu zitzaion eta aldeko txostena jaso zuen 2006-09-22an egindako bileran; halaber Gobernu-Kontseiluak 2006ko urriaren 5eko bileran onartu zuen aipatutako prozedura.
Aipatutako guztia kontuan hartuta, eta Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legeko 10.2 artikuluak dioena betetzeko (2004ko martxoaren 12ko EHAA), honakoa
EBATZI DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Buletin Ofizialean argitaratzea Tituluaren Europar Gehigarria (TEG) emateko prozedura, eta ebazpen honen eranskinean jasota dagoena.
Leioa, 2006ko urriaren 24a.
Akademia Antolakuntza eta Koordinazioko errektoreordea,
EVA FERREIRA GARCÍA.
ERANSKINA
TITULUAREN EUROPAR GEHIGARRIA (TEG) UPV/EHUn EMATEKO PROZEDURA
1. artikulua.– Eskakizunak.
1.– TEG eskatu ahal izango dute 1. edo 2. zikloko ikasle izanik, unibertsitateko titulua abuztuaren 1eko 1044/2003 ED indarrean sartu ondoren, hau da, 2003ko irailaren 12tik aurrera, eskatu badute, beti ere data horretan zein bere ikasketa-plana indarrean egonez gero.
2.– TEG ez zaie emango ikasketa partzialik duten ikasleei, hots, egindako eskariari dagokion titulazioa amaituta ez dutenei.
2. artikulua.– Eskaera, egitea eta ematea.
1.– Ikasleak, arkitektura tekniko, diplomatura, ingeniaritza tekniko, arkitektura, ingeniaritza edo lizentziaturaren titulu ofiziala eskatu ondoren, TEG eskatu ahal izango du web sarearen bidez, bere eskolako idazkaritzan edo campuseko errektoreordetzetako bulegoetan. Euskal Gobernuaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntzarako sailak ezarritako prezio publikoak ordaindu eta gero, gehigarria egin eta emango da.
2.– TEG tituluen emate eta homologatzeko unitatean egingo da eta unibertsitateko idazkari nagusiaren sinadura inprimatua eta tituluan emateko eta homologatzeko unitate-buruaren sinadura jatorrizkoa eraman beharko ditu. Kasu biotan, kargu horietan ari diren pertsonen izen-deiturak inprimatuko dira. Tituluak eman eta homologatzeko unitate-burua kanpoan egonez gero, tituluen bulegoko burutza leukakeenak sinatuko du absentziaz. Halaber, unibertsitatearen zigilua ere jarriko da.
3.– TEG ikastegi bakoitzeko idazkaritzan emango da edo, pertsona ukituak hala eskaturik, campuseko errektoreordetzetako bulegoetan.
3. artikulua.– Inprimatzeko papera.
TEG, segurtasun-ezaugarri teknikoak dituen paperean inprimatuko da eta Unibertsitate Koordinaziorako Kontseiluak ezarritako ereduari jarraiki. Euskarri hau akademi gestiorako zerbitzuak erosi beharko du.
4. artikulua.– Emate-hizkuntza.
UPV/EHUn, TEG euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez egin eta emanen da. Kolore bat hizkuntza bakoitzari.
5. artikulua.– Erregistroa.
1.– Emaniko TEG bakoitzari erregistro-agerpena egingo zaio, dagokion unibertsitate-tituluari atxikirik.
2.– TEG pertsona ukituak eskatu beste alditan eman ahal izango da, ezarritako tasa ordaindu eta gero.
6. artikulua.– Ereduaren hedapena.
1.– TEG pertsonalizatzean, curriculuma informazio honetarako eredu standardean gordetako eremuan sartuko ez balitz, beste orrialde bat gehituko da, eredu standardaren 4. atalaren diseinu berarekin.
2.– Irakasgaiei dagozkien datuak hizkuntzaren araberako bloketan inprimatuko dira.
3.– TEG osatzen duten orriak inprimaturik ageriko dira: 1/n, 2/n, 3/n, n/n.
7. artikulua.– Kalifikazioaren banaketa eta ponderazioa.
1.– Nahiko, oso ongi, bikain eta ohorezko matrikulak akademi ikasturte batean titulazio baten irakasgai guztiekiko ehunekoetan emandako kalifikazioen banaketa urtean urteko azaroaren 15ean gestio-sisteman dagoen informazioarekin egingo da.
2.– Espedienteen kalifikazio orokorra hiru hamartarrekin emango da.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
1.– Aplikazioa behin erabilgarri egonda, TEG-ak tituluak eman eta homologatzeko unitatean eman eta egingo dira. Aplikazioa finkaturik, zuzendaritza-kontseiluak balioztatu beharko du dokumentu hau ikastegietan egin eta emateko aukera, kalifikazioen ziurtagiri pertsonalak ematen diren moduan. Halaber, kargua adierazi beharko da (idazkari akademikoa edo administraria edo bulego-burua eta absentziaz sinatuko duen ordezkoa) eta karguaren titularrak sinatuko jatorrizkoan.
2.– Hirugarren zikloko ikasleek ezin dute TEG eskatu, Unibertsitate Koordinaziorako Kontseiluak hauei legozkiekeen jarraibideak diktatu arte eta gradu-ondoko ikasketa ofizialen gestioa sistema bakarrean bateratu arte.
AZKEN XEDAPENA
Ahalmena ematen zaio gestio honen errektoreorde arduradunari, prozedura honen aplikazioan plantea litekeen edozein arazo interpretatzeko eta ebazteko eta, hala beharko balitz, prozedura hau TEG emateari eta master edo doktorego ofizialik egin duten ikasleei egokitzeko, CCU-k dagokien arautegia ezarriko duenean.
RSS