
226. zk., 2006ko azaroaren 27a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
5923
224/2006 DEKRETUA, azaroaren 14koa, krisialdiak jotako enpresak berregituratu eta bultzatzeko laguntzak ezartzen dituen Dekretua aldatzen duena.
Abenduaren 26ko 300/2000 Dekretuak, krisialdiak jotako enpresak berregituratu eta bultzatzeko laguntzak ezartzen dituenak, helburu argia dauka: laguntza-programa bat onartzea industria-, merkataritza- eta turismo-arloan, krisialdiak jota dauden enpresak berregituratu eta bultzatzeko.
Dekretu hau Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak emaniko 2001eko maiatzaren 29ko eta 2003ko abenduaren 1eko aginduen bidez garatzen da. Lehenengoaren helburua da laguntza hauetatik kanpo geratzen diren sektoreak eta arloko berariazko arauak dituzten enpresak zein diren zehaztea; bigarrenaren xedea da, berriz, laguntza-erregimenetik kanpo uztea Foru Arauren baten onura fiskalez baliatu diren enpresak eta Lurralde Historikoen erregimen fiskalen esparruan bidegabeki emaniko laguntzak, kreditu edo zerga-opor gisa, itzultzearen ondorioz galera ekonomikoak izan dituztenak.
Laguntza hauek, krisialdiak jotako enpresak salbatzera eta berregituratzera bideratutako laguntzari buruzko Batasuneko Jarraibideetan sartzen direnak, jarraibide hauen esparruan sartzen diren sektoreei aplikatzen zaizkie, hainbat sektoretarako indarrean diren berariazko arauen kalterik gabe.
Programa honen aplikazio egokiak industria-egituran sortu dituen eragin positiboak egiaztatuta, erakundeek lehia askean duten esku-hartzea txikiagotzeko irizpidea oinarri hartuta, eta lehia-baldintzak modu egonkorrean berrezartzeko bidea erraztu eta tartean diren alderdi guztiei etorkizunerako egiazko konpromisoak eskatuta, Europako Batzordeak, 2003ko ekainaren 25eko Erabakiaren bidez, aipaturikoa aplikatzeko epea luzatu zuen, 2004, 2005 eta 2006. urteetara.
2004ko uztailaren 7an, Batzordeak Batasuneko beste Jarraibide batzuk onartu zituen, krisialdiak jotako enpresen salbamendu eta berregituratzeen Estatuko laguntzei buruz, eta Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren 2004ko urriaren 1eko C 244 zenbakian.
Jarraibide berri hauen bidez, aurrekoetan oinarritutako testuak dituztenak (EO, C 288, 1999ko urriaren 9koa), Batzordeak hainbat alderdik eraginiko aldaketa eta argibideak sartu nahi izan ditu.
Jarraibideen 99. atalaren arabera, Batzordeak EEE Itunaren 88. artikuluko 1. idatz-zatiaren araberako neurriak proposatzen ditu orain, zehazki esateko, abenduaren 26ko 300/2000 Dekretua Jarraibide berrietara egokitzea eskatzen du.
Ondorioz, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren proposamenez, eta 2006ko azaroaren 14ko bilkuran Jaurlaritzaren Kontseiluak aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATU DUT:
Lehenengo artikulua.– 4. paragrafoa gehitu zaio abenduaren 26ko 300/2000 Dekretuko 3. artikuluari. Dekretu honek krisialdiak jotako enpresak berregituratu eta bultzatzeko laguntzak ezartzen ditu, eta hortaz, honela idatzirik geratu da:
"4.– Onartutako berregituratze-plana eta emaniko laguntzen zenbatekoa aldatzeko baimena eman ahal izango da, baldin eta berrikusitako berregituratze-planak helburutzat badu arrazoizko epe baten buruan bideragarri izatera itzultzea. Batzordeari berregituratze-planean baimenduriko aldaketa oro jakinarazi beharko zaio.
Berregituratze-planean eginiko aldaketen gaineko baimenak honako arauak bete beharko ditu:
a) Berregituratze-plana aldatzeak berekin badakar laguntza hori handitzea, eskatzen den edozein kontrapartidak hasieran eskatutakoak baino garrantzi handiagoa izan beharko du.
b) Berregituratze-plana aldatzean proposatutako kontrapartidak hasieran ezarritakoak baino txikiagoak badira, proportzioan murriztuko da laguntzaren zenbatekoa.
c) Proposatzen den aldaketak berekin badakar kontrapartidak gauzatzeko egutegi berria ezartzea, enpresari egotz ezin dakizkiokeen arrazoiek eraginda soilik atzeratu ahal izango da egutegia hasiera batean ezarritakotik."
Bigarren artikulua.– Beste modu batera idatzi da abenduaren 26ko 300/2000 Dekretuko 4. artikuluko 3. paragrafoa, krisialdiak jotako enpresak berregituratu eta bultzatzeko laguntzak ezartzen dituena. Honela idatzirik geratu da:
"3.– Ezin izango dira Dekretu honetan araututako laguntzez baliatu:
a) Enpresa eratu berriak, batez ere lehengo enpresa bat likidatzean edo haren aktiboak bereganatzean sortutako enpresa berriak, nahiz eta hasierako finantza-egoera larria izan.
Arau honetan ezarritakoaren ondorioetarako, enpresa bat berria dela esaten da dagokion jarduera-sektorean operazioak egiten hasi ondoko hiru urteetan.
Ondorio berberetarako, ez da enpresa eratu berritzat joko enpresa batek beste enpresa bateko aktiboak eta, hala badagokio, pasiboak eskuratzeko asmo bakarrarekin sorturiko filiala.
b) Talderen bateko kide diren enpresak, non eta ez diren gai egiaztatzeko zailtasun horiek beraiei dagozkiela eta ez taldearen hautazko kostuei.
c) Aspaldidanik gehiegizko egitura-gaitasuna duen merkatuan diharduten enpresak, Batasuneko sektore anitzeko Jarraibideen testuinguruan definitzen denaren arabera, inbertsio-proiektu handietarako eskualde-laguntzei buruz."
Hirugarren artikulua.– 4 bis. artikulua gehitu zaio –Lehiaren gaineko faltsutze bidegabeei aurrea hartzekoa– abenduaren 26ko 300/2000 Dekretuari, krisialdiak jotako enpresak berregituratu eta bultzatzeko laguntzak ezartzen dituenari. Ondorioz, honela idatzirik geratu da:
"4 bis. Artikulua.– Lehiaren gaineko faltsutze bidegabeei aurrea hartzea.
1.– Merkataritza-baldintzen gaineko ondorio negatiboak ahalik eta gehien murrizteko helburuz, enpresa ertainek kontrapartidak sartu behar dituzte. Eskaera, bestela, "guztien interesen aurkakotzat" joko da, eta ondorioz, bateraezina izango da merkatu bateratuarekin. Kontrapartiden egokitasuna zehaztean, kontuan hartuko da epe luzera bideragarritasuna berrezartzeko helburua.
2.– Neurri hauetariko batzuk izan daitezke aktiboak saltzea, enpresaren neurria edo merkatuan duen tokia murriztea, eta dagozkion merkatuetan sartzeko oztopoak gutxitzea. Kontrapartidak egokiak diren ebaluatzean, kontuan hartu beharko dira merkatuaren egitura eta lehiaren baldintzak, neurri hauetariko batek ere merkatuaren egitura okertzen ez duela bermatzeko, adibidez, ziurtatuz ez duela zeharka monopolio edo oligopolio murritzeko egoerarik eragiten. Egoera hau sortuko dela egiazta badaiteke, ezarritako kontrapartidek helburutzat izan beharko dute halakorik saihestea.
3.– Lehiaren gaineko faltsutze bidegabeei aurrea hartzeari dagokion beste edozein gaitarako, kontuan hartuko da Batasuneko Jarraibideek ezarritakoa, krisialdiak jotako enpresen salbamendu eta berregituratzeen Estatuko laguntzei buruz (2004/C 244/02)".
Laugarren artikulua.– Beste era batera idatzi da abenduaren 26ko 300/2000 Dekretuaren 5. artikuluko 3. paragrafoa, krisialdiak jotako enpresak berregituratu eta bultzatzeko laguntzak ezartzen dituena. Ondorioz, honela idatzirik geratu da:
"3.– Laguntzen bateragarritasuna eta mugak.
a) Dekretu honetan ezarritako laguntzak bateragarri izango dira beste Erakunde edo Administrazio Publikoek helburu berbererako emaniko beste laguntza batzuekin.
Laguntzaren zenbatekoak, beste laguntza edo diru-laguntzekin bateratuta, artikulu honen 2. idatz-zatian ezarritako mugak gainditu ahal izango ditu.
b) Onuradun berberak jasoko balitu berregituratze-laguntzak, kapital-ekarpena direnean, aurrerakin itzulgarriak, maileguak, bermeak, zor-barkatzeak, zerga-kenkariak edo Gizarte Segurantzarako kotizazio-murriztapenak, eta guztien baturak 10 milioi euro gaindituko balitu, Europako Batzordeak eman beharko luke aurretiazko baimena arau honetan ezarritako laguntzen esleipenerako, Krisialdiak jotako Enpresen Salbamendu eta Berregituratzeen Estatuko Laguntzei buruzko Batasuneko Jarraibideen 4.5 puntuan ezarritakoaren arabera.
c) Krisialdiak jotako enpresa bati laguntza bidegabe bat aitortu bazaio aurrez, eta Batzordeak honi buruzko erabaki negatiborik hartu eta laguntza hori berreskuratzeko agindua eman arren eskuratu ez badu, Kontseiluaren 659/1999 (EE) Erregelamenduaren, 1999ko martxoaren 22koaren, EE Ituneko 93. artikuluko aplikazio-xedapenak ezartzen dituenaren, 14. artikuluaren arabera; enpresa horri berari Dekretu honen arabera emango zaion laguntzaren ebaluazioan, kontuan hartu beharko da, lehenik, bi laguntzen ondorio metagarria –zaharraren eta berriaren artekoa–, eta bigarrenik, ez dela lehendabizikoaren dirurik jaso."
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2006ko azaroaren 14an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,
ANA AGUIRRE ZURUTUZA.
RSS