Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

224. zk., 2006ko azaroaren 23a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Herrizaingo Saila
5863

EBAZPENA, 2006ko urriaren 17koa, Trafiko zuzendariarena, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetako bide-sareko gune batzuetan zinemometroak eta beste zenbait tresna osagarri instalatzea eta erabiltzea xedatzen duena, hain zuzen ere, trafikoaren kontrol, erregulazio, zaintza eta diziplinarako irudiak hartzeko eta erreproduzitzeko.

1999ko ekainaren 15eko Ebazpenaren bidez, jakineko errepide eta kilometro-puntuetan zinemometroak eta beste zenbait tresna osagarri instalatzea eta erabiltzea xedatu zen, hain zuzen ere trafikoaren kontrol, erregulazio, zaintza eta diziplinarako irudiak hartzeko eta erreproduzitzeko. Izan ere, trafikoa erregulatzeko eta zaintzeko teknika berrien artean azpimarratzekoa da bideguneetan etengabeko abiadura-kontrolak jartzea, horretarako zinemometroak instalatzeko ekipatutako puntu finkoen sare bat ezarriz.

Zinemometroak errepideetan ezartzeak gehiegizko abiaduragatik egiten diren arau-hausteak egiaztatzeko balio du; erabaki honekin lortu nahi dugun azken helburua, alabaina, beste bat da: bidegune arriskutsuetan ezarri diren abiadura-mugak bete ditzatela gidariek. Hori horrela, zigortzeko zeregina bigarren mailan geratuko litzateke, eta gure asmo horren adibide argia da gidariari seinaleen bidez ohartarazten zaiola erradarrak ezarrita daudela bidegunean zehar. Azken batean, erabaki honek lehentasuna ematen dio arriskuei aurre hartzeari, bidebatez, bide-segurtasuna hobeto bermatzeko eta zirkulazioa arintzeko. Gaur egungo lan-harremanetan eta harreman ekonomikoetan gero eta garrantzi handiagoa dute leku-aldaketek, eta herritarren bizitza-kalitatean ere bai (aisialdian, oporretan, e.a. gero eta arruntagoa da ibilgailua erabiltzea toki batetik bestera joateko). Hori dela-eta, bai bide-segurtasuna bermatzea, bai zirkulazioa arina izatea gizarteak gero eta gehiago kontuan hartzeko eskatzen du.

Zinemometroen eraginkortasuna ikusita helburu horiek lortzeko, bidezkotzat jo da aparailu hauen kopurua gehitzea erkidegoko errepideetan, jada daudenen lagungarri.

Adierazitakoari jarraiki eta azaroaren 8ko 364/2005 Dekretuaren 16. artikuluaren eta uztailaren 21eko 168/1998 Dekretuaren 3. xedapen gehigarriaren 2. paragrafoaren arabera ditudan eskumenak erabiliz, honakoa

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Eranskinean adierazten diren bide eta kilometro-puntuetan zinemometroak eta beste zenbait tresna osagarri instalatzeko eta erabiltzeko agintzea, trafikoaren kontrol, erregulazio, zaintza eta diziplinarako irudiak hartzeko eta erreproduzitzeko.

Bigarrena.– Abiadura kontrolatuko den bideguneetan herritarrei seinaleen bidez ohartaraziko zaie zinemometroak badirela.

Hirugarrena.– Zinemometroek hartutako irudietatik trafiko arloko arau-hausteren bat egin dela ondorioztatzen bada, irudiak -ekintza non gertatu den ikusita- Arabako, Bizkaiko edo Gipuzkoako Lurralde Zerbitzura bidaliko dira; izan ere, dagokion Lurralde Zerbitzuaren eginkizuna da zigor-prozedura izapidetzea eta ebaztea.

Irudietatik zigor-arloko arau-haustea egon dela ondorioztatzen bada, orduan, eskumena duen epaitegira bidaliko dira hartutako irudiak.

Vitoria-Gasteiz, 2006ko urriaren 17a.

Trafiko zuzendaria,

ANDONI ARRIOLA GARRIDO.

ERANSKINA

Arabako Lurralde Historikoan kokatuta dauden instalazioak

Errepidea	Kilometro-puntua	Noranzkoa	

AP-68	33,050	Bilbao	

AP-68	50,500	Zaragoza	

Gipuzkoako Lurralde Historikoan kokatuta dauden instalazioak

Errepidea	Kilometro-puntua	Noranzkoa	

A-8	16,510	Bilbao	

A-8	16,800	Behobia	

N-1	446,040	Irun	

N-1	446,040	Vitoria-Gasteiz	

Bizkaiko Lurralde Historikoan kokatuta dauden instalazioak

Errepidea	Kilometro-puntua	Noranzkoa	

N-637	11,470	Barakaldo-Getxo	


Azterketa dokumentala