
224. zk., 2006ko azaroaren 23a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Ogasun eta Herri Administrazio Saila
5862
EBAZPENA, 2006ko urriaren 16koa, Ogasun eta Finantza sailburuordearena, Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Finantza zuzendariaren esku zenbait eskumen uzten dituena.
Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren egitura eta egitekoak ezartzen dituen otsailaren 28ko 42/2006 Dekretuaren 18.5 artikuluak Ogasun eta Finantza Sailburuordetzaren eskumenak zehazten ditu. Artikulu horretako b) idatz-zatiak, Finantza arloaz diharduenak, honako hau dio, hitzez hitz, 5. paragrafoan "5) Euskal Herriko Ogasuntza Nagusiaren Dirubilketa Araubidearen arabera diruzaintza alorreko eskumenak dituen sailari esleitutako zorren ordainketa geroratu eta zatitzeko eskabideak izapidetzea eta horiei ebazpena ematea."
Azaroaren 28ko 42/2006 Dekretu horretako 21. artikuluan ezartzen da, halaber, Finantza Zuzendaritzari dagozkiola Dirubilketa Araudi horretan diruzaintzaren arloan Sail eskumendunari atxikitako eskumen guztiak, non ez diren zorra geroratzeari edo zatitzeari buruzkoak.
Zenbait arrazoi tekniko eta juridikok, eta, harik eta administrazioaren jarduera gidatu behar duten printzipioekin (ekonomia, azkartasuna eta eraginkortasuna) bat letorkeen kudeaketa lortu arte, izapideak ahalik azkarren bideratu beharrak dakarrena da, ekarri ere, Ogasun eta Finantza sailburuordearenak diren eskumen gorago aipatutakoak Finantza zuzendariaren esku uzteko premia.
Esandakoaren haritik, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 13. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zeinak "1. Herri-administrazioetako organoek beste organo batzuei beren eskumenak eskuordetzan eman diezazkiekete, baldin eta organo horiek administrazio berekoak badira" ezartzen baitu, honako hau
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– Ogasun eta Herri Administrazio Saileko otsailaren 28ko 42/2006 Dekretuak —Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren egitura eta egitekoak ezartzen dituenak— Ogasun eta Finantza sailburuordeari esleitutako eskumenak Ogasun zuzendariaren esku uztea, hots, Trafikoko isunen ondorio diren zorrak bide exekutiboan geroratu eta zatitzeko eskabideak izapidetzeari eta ebazteari dagozkienak.
Bigarrena.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.
Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2006ko urriaren 16a.
Ogasun eta Finantza sailburuordea,
JUAN MIGUEL BILBAO GARAI.
RSS