
224. zk., 2006ko azaroaren 23a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Jaurlaritzaren Lehendakariordetza
5860
EBAZPENA 2006ko urriaren 11koa, Toki Araubidearen zuzendariarena, Valdegovía udalerria Valdegovía/Gaubea izenaz izendatzea onartzen duena.
Valdegovíako Udalak, 2006ko uztailaren 28an eginiko osoko bilkuran, udalerriaren izen bikoitza gaztelania/euskaraz, alegia, Valdegovía/Gaubea, hurrenez hurren, hartzeko hasitako espedientea behin-behinean onartzeko eta Toki Araubidearen Zuzendaritza honi izen aldaketa behin betiko onar dezala eskatzeko erabakia hartu zuen, aho batez.
Espedientea, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrien izenak aldatzeko den abenduaren 12ko 271/1983 Dekretuari jarraituz bideratu da. Arabako Foru Aldundiak, bere aginduzko txostenean, Valdegovía izena herriaren izen bakarra bezala mantentzeko komenigarritasuna adierazi du. Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren artean desadostasuna eman denez gero, izan ere, lehenengoak izenaren aldaketa behin-behinean onartzen du eta bigarrenak orain duen izenari eutsi behar zaiola irizten dio, Euskaltzaindiari txosten berri bat eskatu zaio (eskaera egin duen Udalak aurkeztu zuen Valdegovía euskaraz Gaubea dela adierazten zuen Erakunde horren txosten bat), 271/1983 Dekretuaren 3.3 artikuluari jarraituz.
Euskarari dagozkionetan erakunde aholku-emaile ofiziala den Euskaltzaindiak (Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 6.4 artikulua), bere txosten berrian, bere iritzia berresten du, Valdegovíaren euskarazko jatorrizko izena Gaubea dela adieraziz eta, horretarako, txostenean bertan azaltzen diren hizkuntzalaritzaren arrazoiak hartzen ditu oinarri. Beraz, Valdegovíako Udalak eskatutako izenaren aldaketa onartu behar da, Euskararen erabilpena arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 10.1 artikuluari eta 271/1983 Dekretuaren 2. artikuluari jarraituz eta Jaurlaritzaren Lehendakariordetzaren egitura organikoa onartzen duen Lehendakariaren otsailaren 28ko 2/2006 Dekretuaren 14.d. artikuluak Zuzendaritza honi ematen dizkion eskumenak betez; horren ondorioz,
EBATZI DUT:
Artikulu bakarra.– Valdegovía udalerria Valdegovía/Gaubea izenaz izendatzeko baimena ematea (bi izen ofizial, Valdegovía gaztelaniaz eta Gaubea euskaraz).
AZKEN XEDAPENA
Ebazpen honen aurka gorako errekurtsoa Araubide Juridikoaren idazkari nagusiari ipini ahal zaio, hilabeteko epean Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera kontatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluekin bat etorriz, errekurtsoa aurkezteko xedez zuzenbidean onartutako edozein bideri uko egin barik.
Vitoria-Gasteiz, 2006ko urriaren 11.
Toki Araubidearen zuzendaria,
JOSÉ M.ª ENDEMAÑO ARÓSTEGUI.
RSS