Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

213. zk., 2006ko azaroaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Arbitraje Batzordea
5515

5/2006 ERABAKIA, 2006ko urriaren 3koa, Arbitraje Batzordearena.

Gasteizen, 2006ko urriaren 3an, Arbitraje Batzordearen osoko bilkura izan da. Fernando Luis Ruiz Piñeiro lehendakaria eta Iñaki Lasagabaster, Mario Fernández, Edorta Cobreros, Fernando Campo, Andrés Urrutia eta José Manuel Castells kideak bildu dira, ondoko erabakia hartzeko:

ERABAKIA:

Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu duen Euskadiko liburutegien lege-proiektuko (lege-proiektua, aurrerantzean) 10.2.a) eta c) artikuluari dagokionez, Arabako Foru Aldundiak 15. artikuluaren inguruan planteatutako eskumen-arazoa. Iñaki Lasagabaster Herrarte izan da txostengilea eta Arbitraje Batzordearen Osoko Bilkuraren iritziaren berri eman du.

AURREKARIAK:

Lehenengoa.– Arabako Foru Aldundiak eskumen-arazoa aurkeztu du Euskadiko liburutegien lege-proiektuko 15. artikuluari buruz, zehazki 10.2.a) eta c) artikuluari dagokionez, eta eskumen-arazo hori aurkeztu dela jakinarazi zaio Eusko Legebiltzarreko Mahaiari, Ebazpen Batzordea arautzen duen ekainaren 30eko 13/1994 Legean (EBL aurrerantzean), 49. artikuluan, aurreikusitakoa betez. Indarrean dagoen legeriari jarraituz, Mahaiak lege-proiektuaren tramitazioa eteteko agindu zuen. Arbitraje Batzordeak onartu egin zuen eskumen-arazoa tramitatzea, eta 4/2006 zenbakiarekin erregistratu zen.

Bigarrena.– Arabako Foru Aldundiak alegazioen idazki bat aurkeztu zuen. Zentzu horretan, ondorengo lerroetan laburbildu da aipatu idazkian adierazitakoa.

Lehenik eta behin, Arabako Foru Aldundiaren ustez, lege-proiektuak Aldundiari dagokion eskumenari eragiten dio, bai behintzat Lurralde Historikoen Legean (LHL aurrerantzean), 7.a.5 artikuluan, aurreikusitakoaren arabera. Hain zuzen, LHLren arabera, lurralde historikoetako foru-organoen eskumen esklusiboak dira ondoren adierazitakoak:

"Herrilan eta Zerbitzuen Foru-Egitamua idaztea eta ontzat ematea. Toki-Erakundeekiko teknikazko laguntza eta aholkularitza".

Toki-erakundeei laguntza eta aholkularitza teknikoa emateko eskumenari eragiten zaio liburutegi arloan; izan ere, toki-araubideko araudiak ezarritakoaren arabera, 5.000 biztanletik gorako udalerrien nahitaezko eskumena da liburutegi publikoaren zerbitzua eskaintzea (Toki Jaurbidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 26.1.b artikulua). Toki-araudiaren ildotik, aipatutako eskumena justifikatzeko irizpide gisa aipatzen da Toki Jaurbidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 25.2.m, 26.3 eta 36. artikuluen edukia, eta batez ere 36.1.b) eta e) eta 36.2.b artikuluena. Amaitzeko, Toki Jaurbidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen (TJOL aurrerantzean) bigarren xedapen gehigarriak xedatzen duenaren arabera, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko lurralde historikoek Estatutuak eta legeria autonomikoak esleitzen dizkieten eskumenak baliatuko dituzte, bai eta "(…) lege honek probintziako aldundiei oro har esleitzen dizkienak ere". Adierazitako guztia kontuan hartuta ondorioztatu du Foru Aldundiak udalerriek liburutegi publikoen arloan izan beharreko lankidetza tekniko eta ekonomikoa foru-aldundien eskumenekoa dela.

Formari dagokionez arrazoiketa independentea ez bada ere, Arabako Foru Aldundiak aurkeztutako idazkian, aurreko arrazoiketaren ildotik, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua indarrean sartu eta gero izandako arau mailako garapena aipatzen da. Bereziki, martxoaren 5eko 31/1985 Dekretua aipatzen da, ondare historikoaren zerbitzua Arabako lurralde historikoaren esku uzten duena, ELEko langileak barne hartuta. Akronimo horrek Euskadiko Liburutegi Erakundea esan nahi du eta 90/1982 Dekretuaren bidez sortu zen. Dekretu horretan hainbat organo eta funtzio ezartzen ziren; oraingo gaiari dagokionez, Euskadiko Irakurketa Batzordea sortu zen, eta batzorde horretan ordezkari bat izango zen lurralde historiko bakoitzetik. Geroago, arlo honetan eragina duten hainbat foru-dekretu aipatu dira, eta, horien artean, azpimarratzekoa da 1144/1987 Foru Dekretua; dekretu horretan Liburutegien Zerbitzua aipatzen da, eta, horrez gain, Kultura Sailari probintziako liburutegien koordinazioan eta udal-liburutegien sorreran eta hobekuntzan dagozkion eskumenak aipatzen dira (1144/1987 Foru Dekretuaren 5. artikulua). Arabako Foru Aldundiak hainbat eskumen baliatzen zituen liburutegi arloan, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legea iritsi arte. Lege horren bidez sortu zen Liburutegi Sare Nazionala; sare horretan sartzen ziren erabilera publikoko liburutegi guztiak, besteak beste udal-liburutegiak, eta saretik kanpo geratu ziren lurralde historikoen edo Estatuaren titulartasuna zuten liburutegiak. Ondorioz, Arabako Foru Aldundiak foru-dekretu berri bat eman zuen, eta, horren bidez, Kultura Sailaren egitura organiko berria onartu zen; foru-dekretu horretan, liburutegien zerbitzua eta udal-liburutegien erreferentzia oro desagerrarazi ziren (603/1991 Foru Dekretua), Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeko arauketaren ondorio logiko gisa.

Arabako Foru Aldundiak aurkeztutako arrazoiketaren bigarren zatian probintzia-autonomiaren defentsa egiten da, Konstituzio Auzitegiaren doktrinan bermatutakoarekin bat etorriz. Konstituzio Auzitegiak arlo horretan emandako jurisprudentzia ugaria aipatzen du Arabako Foru Aldundiak. Zentzu horretan, probintziak udalerri multzo batek osatutako toki-erakunde gisa duen izaera azpimarratzen da eta probintzia jotzen du bere lurralde-esparruan kokatutako udalerrien titulartzat eta udalerriei laguntzeko funtsezko gunetzat. Laguntza hori obrak eta zerbitzuak egiteko orduan diruz laguntzean datza. Eta laguntzeko zeregina desagerraraziz gero edo neurri handi batean ahulduz gero, Konstituzioak bermatzen duen probintzia-autonomia kaltetuko litzateke (38/1983 KAE, FJ 6). Ondoren, obra eta zerbitzuen plan probintzialen inguruko jurisprudentzia konstituzionala aipatzen du, bereziki Konstituzio Auzitegiaren 109/1998 epaia.

Adierazitako argudioak kontuan hartuta, Arabako Foru Aldundiaren ustez lege-proiektua ez dator bat lehen aipatutako printzipioekin; izan ere, lege-proiektuak dioenez, Euskadiko Irakurketa Sare Publikoaren parte dira udal-liburutegiak eta kasuan kasuko hitzarmenen bidez (lege-proiektuaren 10.2 artikulua) sare horretan sartzen diren erabilera publiko orokorreko gainerako liburutegiak, baldin eta lege-proiektuaren 15. artikuluan ezarritakoaren arabera interpretatzen bada. Hain zuen, artikulu horren arabera, Eusko Jaurlaritzan kulturaren arloko eskumenak dituen sailari dagokio, liburutegiak Euskadiko Irakurketa Sare Publikoan sartzearen eraginez, funtsak eskuratzeko orduan aholkuak eta laguntza ematea eta informazio bibliografiko eta dokumental hautatua eskaintzea; langileak prestatzea eta eguneratzea; bikoiztuta edo sobera dauden funtsen tratamendua, eta liburutegiei laguntza teknikoa ematea (lege-proiektuaren 15. artikulua). Horrenbestez, lege-proiektutik aipatu diren aginduetan ahaztu egin da toki-erakundeei laguntza eta aholkularitza teknikoa emateko foru-eskumena (LHLren 7.a.5 artikulua), edo udalerriei laguntza eta lankidetza juridikoa, ekonomikoa eta teknikoa emateko oinarrizko probintzia-eskumena, bereziki gaitasun ekonomiko eta kudeaketa-gaitasun gutxieneko udalerrien kasuan (TJOL, 36.1.b artikulua); hori guztia Arabako Foru Aldundiaren irizpidearen arabera.

Foru-eskumenari helduta, Foru Aldundiak aurkeztutako idazkian gastu-ahalmenaren gainean Konstituzio Auzitegiak emandako hainbat epai aipatzen dira. Zentzu horretan, diru-laguntzaren kategoria azpimarratzen da; diru-laguntzek ez dituzte eskumenak mugatzen eta ez dira eskumen-titulu autonomo bat; eta, horretarako, Konstituzio Auzitegiak emandako hainbat epairen funts juridikoak gogoratzen ditu, eta, zehazkiago, 109/1996 KAE, Espainiako Museo Sistemari buruzkoa.

Amaitzeko, Arabako lurralde historikoaren eskumenak aldatzen direlakoan, LHLn egiten den aldaketan oinarritutako artikulazio zuzena, berariazkoa eta arrazoitua egin beharko litzatekeela uste du Foru Aldundiak.

Hirugarrena.– 2006ko ekainaren 21eko idazkiaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra Arabako Foru Aldundiak egindako eskaeraren aurka agertu zen. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak emandako lehenengo argudioaren arabera, ez dago foru-organoen ahalmenak bere titulartasunekoak ez diren liburutegietara zabaltzen duen eskumen-titulurik, hau da, ordenamendu juridikoak ez die lurralde historikoei udal-titulartasuneko liburutegi publikoen gaineko eskumenik aitortzen. Eta argudio horren oinarri gisa, LHLren 7.a.12 eta 7.a.5 artikuluetako aurreikuspenak aipatzen ditu. Ondoren adierazten duenez, arlo honetako eskumenen banaketa Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak egin zuen. Lege horretan aurreikusita zegoen lurralde historikoen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren artean Euskadiko Liburutegi Sistemaren berezko funtzioak garatzeko hitzarmenak egiteko aukera (EKOL, 87 eta 88. artikuluak). Lege-proiektuak ez du aldaketarik ekarri aurretik zegoen diseinu horretara.

Horrenbestez, aldundiak udalerriei laguntza eta aholkularitza emateko dituen eskumenei dagokienez, honakoa dio: "legegileari dagokio probintzia-autonomiaren osaera instituzionala zehaztea, eta, horren barruan, toki-erakundearen esparru materiala zehaztea, bai eta harremanetarako moduak edo bitartekoak zehaztea ere. Horren arabera, legeak zehaztuko eta mailakatuko ditu probintzia-eskumenak, eta probintzia-erakundera mugatuko ditu" (27/1987 KAE). Hori eta lehen aipatutako LHLko aginduak kontuan hartuta, Jaurlaritzaren ordezkaritzak ondorioztatu du liburutegi arloan udalerriei eman beharreko laguntza eta lankidetza teknikoa eta ekonomikoa ez dela lurralde historikoen eskumenekoa, horrela ezarri baitu eskumena duen legegileak.

1990era arte, Euskal Kultur Ondarearen Legea indarrean sartu zen arte alegia, Arabako Foru Aldundiak baliatu zituen eskumenei dagokienez, Jaurlaritzak gogorarazi du jurisprudentzia konstituzionalean adierazten dela autonomia-erkidegoen agerpenak eragina izan duela, ezinbestez, aldez aurretiko egoera juridikoetan, eta horrek, ondorioz, Estatuko erakunde zentralen eskumenei eta bestelako lurralde mailako erakundeen eskumenei eragin diela, foru-lurraldeei zehazki; azken horiek lurralde-antolamendu berrira egokitu beharko dira (76/1988 KAE). Ondoren adierazten duenez, lege-proiektuaren aurka egitean une honetan indarrean dagoen lege-esparruaren aurka egiten da eta jada hamasei urte dira lege-esparru hori indarrean dagoela.

Amaitzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren ordezkaritzak adierazi duenez, liburutegi-sistemaren arauketak edozein liburutegi-sistema edo -sare integratuk berezkoak dituen gutxieneko funtzio batzuk ezartzen ditu erakunde komunen eskumenei dagokienez. Hortaz, ezin daiteke esan zerbitzu edo funtzio horiek betetzeak inongo foru-eskumeni eragiten dionik.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK:

Lehenengoa.– Kontu honetan eskumenei buruz sortu den eztabaida erlazionatuta dago udal-liburutegiei laguntza eta aholkularitza teknikoa emateaz ulertu behar denarekin. Horrenbestez, arlo hori eta dagokion edukia erakunde komunen eskumenekoa ote den edo lurralde historikoen eskumenekoa ote den argitzea izango da Arbitraje Batzorde honen arrazoiketaren funtsa.

Lehenik eta behin, argi utzi behar da indarrean dagoen ordenamendu juridikoan ez dela adierazten udal-liburutegien laguntza eta aholkularitza teknikoa foru-eskumenekoa denik. Eskumenak erakunde komunen eta lurralde historikoen artean banatzen dituzten arauak aztertuz ikus daitekeenez, LHLn berariaz aipatzen da lurralde historikoek kasu jakin batean dutela eskumena liburutegi arloan: "lurralde historikoaren titulartasuneko liburutegiak" direnean (LHL, 7.a.12 artikulua). Agindu horren arabera, lurralde historikoek ezin dute udal-liburutegien gaineko eskumenik errebindikatu.

Bigarrena.– Udal-esparruari dagokionez, lurralde historikoek toki-erakundeei laguntza eta aholkularitza teknikoa emateko eskumena dute, baina ez da zehazten laguntza eta aholkularitza hori udal-eskumeneko edozein arlotarako den, ala, aholkularitza hori emateko, kasuan kasuko sektoreko araudiak baimendu behar ote duen. Lehenengo kasuan, laguntza eta aholkularitza emateko orduan lurralde historikoei ez litzaieke mugarik jarriko udal-eskumen edo udal-zerbitzu orotan esku hartzeko. Horren arabera, beraz, aholkularitza eta laguntza teknikoa eskumenak bereganatzeko titulu autonomo baten antzera ulertuko litzateke. Gainera, "aholkularitza eta laguntza teknikoa" ezin uler liteke zeharka udal-eskumen guztiei eragiten dien eta sektoreko legegilea baldintzatzen duen arlo gisa. Bigarren interpretazioa logikoagoa da. Alegia, lurralde historikoek udalerriei laguntza eta aholkularitza teknikoa emateko eskumena izango dute, baldin eta sektoreko araudian horrelako esku-hartzerik aurreikusten bada edo eragozten ez bada.

Eta hori da toki-araubidearen arauketatik bertatik ondorioztatu beharreko interpretazioa. Arabako Foru Aldundiak udalerriei liburutegi arloan aitortu zaizkien eskumenak hartu ditu (TJOL, 26.1 eta 25.2 artikuluak) bere arrazoiketaren oinarri gisa, foru-aldundiek laguntza eta lankidetza eskaintzeko dituzten eskumenei dagokienez (TJOL, 36. artikulua).

Hirugarrena.– Laguntza, aholkularitza edo lankidetzako foru- edo probintzia-eskumenik izateko, nahitaezkoa da udal-eskumena izatea. Eta udal-eskumenak kasu bakoitzean aplikatu beharreko sektoreko araudiak dioenaren arabera zehazten dira. Liburutegiei dagokienez, zerbitzu publiko hori eskaintzeko eskumena dago (betebeharra batzuetan), nahiz eta zerbitzu horren ezaugarriak eta berezitasunak Estatuko araudiak, araudi autonomikoak edo foru-araudiak adierazitakoaren mende egongo diren. Horrela, adibidez, hondakinen bilketarekin, uraren saneamenduarekin, elikagaien kalitatearen kontrolarekin, merkatuekin edo gizarte-zerbitzuekin erlazionatutako zerbitzu publikoak eskaintzeko udal-eskumena baldin bada, aipatu sektore bakoitzaren arauketaren mende egongo dira aholkularitza, laguntza edo lankidetza eskaintzeko foru-eskumenak. Elikagaien eta edarien kontrolaren araudiak edo merkataritzaren araudiak erakunde komunen eta udalerrien esku-hartzea bakarrik aurreikusten badu, lurralde historikoek ez dute udalerriei laguntza, aholkularitza edo lankidetza teknikoa emateko eskumenik edukiko. Laguntza, aholkularitza edo lankidetza ez dira eskumenak bereganatzeko titulu autonomoak. Figura horien arabera jokatu ahal izateko, berariazko udal-eskumen bat eduki behar da nahitaez. Laguntza, aholkularitza edo lankidetza titulu propioak izango balira (sektoreko eskumendun legegileak ezarritakoarekin bat egiteko beharrik gabe), toki-erakundeek martxan jarritako ekimenetan eta toki-erakundeei dagokien edozein eskumenetan laguntza, aholkularitza edo lankidetza eskaintzeko aukera izango lukete lurralde historikoek. Baina hori, erraz uler daitekeenez, onartzeko oso zaila da doktrinaren ikuspegitik, eta, gainera, ez dator errealitatearekin bat.

Laugarrena.– Aurretik esandakoa urra liteke, baldin eta sektoreko legegileak egindako arauketaren ondorioz lurralde historikoek laguntza eta aholkularitza emateko eskumena gauzatzeko aukerarik izango ez balute. Kasu horretan, toki-autonomiaren erakunde-bermea –gure kasuan probintzia-autonomiarena– urratuko litzateke. Hori gertatuko litzateke sektoreko araudietan erakunde komunen eta udalen esku hartzeko aukera bakarrik jasoko balitz. Baina hori planteamendu teorikoa besterik ez da, izan ere LHLn, laguntza eta aholkularitza emateko eskumenarekin batera, lurralde historikoek zenbait arlotan dituzten eskumenak jasoak daude, eta, hortaz, lurralde historikoek gai horietan esku hartzeko eskumena dutela ulertu behar da. Lurralde historikoek kirola sustatzeko eskumena badute, arlo horretan laguntza eta aholkularitza teknikoa eman ahal izango diete udalerriei beti.

Udalerriei laguntza eta aholkularitza emateko foru-eskumena baliatu ahal izango da, baldin eta sektoreko legeriak kontrakorik esaten ez badu. Laguntza eta aholkularitza emateko aukera eragotziko litzateke, baldin eta arlo jakin batean erakunde komunek eta udalek bakarrik edukiko balute laguntza eta aholkularitza emateko eskumena. Alegia, laguntza eta aholkularitza ez dira eskumen-titulu zuriak, baizik eta udal-eskumeneko gai bakoitzak duen araudi juridikoa jarraitu behar dute. Aipatu interpretazioaren muga lehen esandakoan aurkituko dugu, hau da, sektoreko legeriak berariaz adierazi behar du udalerriei edozein gaitan laguntza eta aholkularitza emateko aukera oro kentzen zaiela lurralde historikoei.

Bosgarrena.– Orain arte egindako arrazoiketa ez dela egokia pentsa daiteke, Arbitraje Batzorde honen eskumenez haraindik dagoela eta. Arbitraje Batzorde honek interpretatu beharreko arau-multzoa mugatu beharko bagenu, TJOLren aipamen oro baztertu beharko litzateke. TJOLren eta liburutegien lege-proiektuaren artean kontraesanik dagoen ala ez, Estatuko oinarrizko arauen eta legeria autonomikoaren artean sortzen diren arau arteko gatazken arloan sartzen da. Hori kontuan hartuta, Konstituzio Auzitegiari dagokio legeen arteko desadostasunak erabakitzea. Arbitraje Batzordeak, sortzen diren kontraesanak argitzeko edo konpontzeko erreferentzia gisa, Konstituzioa, Estatutua, LHL eta erakunde komunek zein lurralde historikoek emandako gainerako arauak erabiliko ditu, eta ez, ordea, Estatuak emandako sektoreko arauak. Arabako Foru Aldundiak planteatutako eskumen-arazoaren analisi juridikoa egiteko LHL interpretatu behar da, eta ez da TJOLra jo behar foru-eskumenaren errebindikazioa egiteko. Hala eta guztiz ere, aurretik egindako gogoeta oso lagungarria da LHLren 7.a.5 artikuluaren eragina ondo ulertzeko.

Arau horren arabera, toki-erakundeei aholkularitza eta laguntza teknikoa emateko eskumena dute lurralde historikoek. Eskumen hori ezin uler daiteke dagokion esku hartzeko esparruan eskumen mugagabe bat balitz bezala. Izan ere, kasuan kasuko sektoreko legeriak dioenari kasurik egin ez eta diru-laguntzak sustatzeko, arautzeko eta emateko ahalmena edozein arlotan baliatzeko eskumena dagoela esatea bezala izango litzateke. Konstituzio Auzitegiak argiro adierazi du eta bi aldeek aipatu dute, gainera, Konstituzio Auzitegiak adierazitakoa. Aholkularitza eta laguntza teknikoa eman ahal izateko, eskumenak toki-eskumen izan behar du eta ordenamendu juridikoko beste ezein arauk ez du eragotzi behar. Eta azkeneko hori gertatzen da sektoreko legerian berariaz aipatzen denean erakunde komunek eta toki-erakundeek bakarrik esku har dezaketela. Liburutegien lege-proiektuak gaur egungo ereduari jarraitu dio araubide juridikoa zehazteko orduan, eta, eredu horretan, lurralde historikoek ez dute eskumenik udal-liburutegiek osatzen duten sisteman; salbuespen bakarra lurralde historikoen titulartasuneko liburutegiak dira. Sektoreko legegileak egindako aukera horrek LHLk lurralde historikoei liburutegien esparruan aitortzen dizkien eskumenak errespetatzen ditu.

Seigarrena.– Lurralde historikoek liburutegi arloan esku hartu izan dute EKOL indarrean sartu arte, hain zuzen 1990era arte. Une horretatik aurrera, lurralde historikoen esku-hartzea eten egin da, EKOLek erakunde komunen eta udalen eskumenak bakarrik aitortzen baititu. Hori kontuan hartuta, ezin da liburutegi arloan foru-aldundien eskumenak aitortzearen aldeko argudiorik ondorioztatu. Lehenik eta behin, administrazio-jarduna egoteak ez duelako adierazten jarduten duen administrazioak eskumena duenik. Argudio berbera erabil daiteke foru-erakundeak lortu nahi duenaren kontrakoa esateko; izan ere, hamasei urte igaro dira jada lurralde historikoek liburutegi arloan eskumenik baliatu gabe, lurralde historikoen titulartasuneko liburutegien kasuan izan ezik. Bigarrenik, oso erraza da TJOL indarrean sartu aurretik lurralde historikoek liburutegi arloan egindako esku-hartzea azaltzea. TJOL indarrean sartu arte ez zegoen liburutegien araubide juridikoa zehazten zuen araudirik; aitzitik, foru-aldundiek laguntza eta aholkularitza emateko eskumena baliatzen zuten, lege mailako hutsunea nabarmena zelako. Hutsune hori betetzean eta liburutegien araubide juridikoa zehaztean, lurralde historikoak esku hartzeko aukerarik gabe geratzen dira. LHLk ez die horretarako eskumenik aitortzen eta ezinezkoa da udalerriei laguntza eta aholkularitza ematen jarraitzea; izan ere, liburutegiei aplikatu beharreko araubide juridikoak erakunde komunei eta udalerriei bakarrik aitortzen die eskumen hori. Jurisprudentzia konstituzionalak berariaz aipatzen duenez, autonomia-erkidegoen agerpenak eragina izan du, ezinbestez, aldez aurretiko egoera juridiko ugaritan, eta horrek, ondorioz, Estatuaren eta foru-aldundien eskumenei eragin die, eta bien eskubide historikoak lurralde-antolamendu berrira egokitu beharko dira halabeharrez (76/1988 KAE). Ildo horretan, foru-aldundiek liburutegi arloan esku hartzen jarraitu dute denbora batean; izan ere, ezinezkoa da LHL indarrean sartu eta berehalakoan sektoreko legegileek sektore guztietarako arauak ematea. Horregatik, hain zuzen, lurralde historikoek gai jakin batzuetan esku hartzen jarraitu zuten, sektoreko legegileak kasuan kasuko arauak eman bitartean. Sektoreko legegileak EKOL onartzen duenean, lurralde historikoek utzi egin behar diote liburutegi arloan baliatzen zituzten eskumenak baliatzeari. Izan ere, sektoreko legegileak askatasun osoa du liburutegi arloan egoki deritzon araubide juridikoa ezartzeko, betiere foru-aldundiek euren titulartasuneko liburutegien gainean dituzten eskumenak errespetatzen badira (LHL, 7.a.12 artikulua). Eta ez da beharrezkoa foru-aldundiek laguntza eta aholkularitza teknikoa emateko dituzten eskumenak errespetatzea, eskumen horiek ez baitira eskumen autonomoak, eta sektoreko legegileak arlo bakoitzerako adierazitakoa errespetatu behar baitute, orain artean arrazoitu den moduan. Kontrakoa esanez honako interpretazio hau egingo litzateke: sektoreko legegileak, berak egiten dituen arauketa guztietan, adierazi behar du foru-aldundiek toki-erakundeei aholkularitza eta laguntza teknikoa emateko eskumena dutela; bistan denez, ordea, ordenamenduak ez du horrelakorik eskatzen. Hain zuzen, Foru Aldundiaren arrazoiketan bertan 25 eta 26. artikuluetara jotzen du liburutegiei egindako erreferentziak aurkitzeko. Eskumen-arazoa aurkeztu dutenek berek ere ez dute eskatu LHLren 7.a.5 artikuluan aurreikusitako eskumenaren interpretazio autonomoa eta isolatua egiteko. Baina, horrelakorik egiten ez badute ere, Arbitraje Batzordearen ustez horren arabera jokatu behar da.

Zazpigarrena.– Lege-proiektuari LHLren kontra egotea egotzi zaio, erakunde komunek lurralde historikoekin liburutegi arloan hitzarmenak egiteko aukera dutela esaten delako, zehazki Euskadiko Liburutegi Sistemari eta/edo Irakurketa Sare Publikoari dagokienez (lege-proiektuaren 10.2.c artikulua). Baina erakunde komunen eta lurralde historikoen artean hitzarmen bat egiteko aukera dagoela esatea ez dago LHLk dioenaren kontra; izan ere, hitzarmenak egiteko aukera, inongo arauren aurkakoa ez izateaz gainera, ordenamenduko beste arau batzuetan aurreikusita dagoen aukera da, hala nola Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 9. artikuluan, TJOLren 55-61 artikuluei dagokienez. Horrenbestez, ez dago zertan inolako aitzakiarik jarri erakunde komunen eta lurralde historikoen artean hitzarmenak egiteko aukerari.

EPAITZA:

Adierazitako guztia kontuan hartuta, Arbitraje Batzordearen Osoko Bilkurak honakoa

ERABAKI DU:

Euskadiko liburutegien lege-proiektuaren inguruan zalantzan jarri diren eskumenak erakunde komunei dagozkien eskumenak direla. Lege-proiektua bat dator Autonomia Estatutuan egindako eskumen-banaketarekin; ez dio eragiten indarrean dagoen legerian ezarritako eskumen-sistemari edo erakunde komunen eta foru-erakundeen arteko eskumen-banaketari, eta ez du aldatzen sistema edo banaketa hori. Hortaz, tramitazioaren etenaldia amaitutzat ematen da, eta jarrai daiteke Euskadiko liburutegien lege-proiektua tramitatzen.

Erabaki hau Eusko Legebiltzarreko Mahaiari eta Arabako Foru Aldundiari jakinaraziko zaie, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Araba Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Hala erabaki dute batzordekideek, eta izenpetu ere, eta nik, idazkariak, horren fede ematen dut.


Azterketa dokumentala