Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

196. zk., 2006ko urriaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
5041

193/2006 DEKRETUA, urriaren 3koa, Bizkaiko Foru Aldundiak, nahitaezko desjabetzea egiteko, "Errenterian (Gernika), hiriko bide perimetrala eraikitzeko proiektua – Gernikako saihesbidearen 2. fasea" proiektuaren desjabetzeak eragindako beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu behar dituela adierazteko dena.

Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan eta Garraio Saileko Gobernu Kontseiluaren 2006ko ekainaren 6ko bileran, "Errenterian (Gernika), hiriko bide perimetrala eraikitzeko proiektua –Gernikako saihesbidearen 2. fasea" proiektuaren eraginpeko ondasun eta eskubideak okupatzeko nahitaezko desjabetzeko espedientea zabaltzea erabaki zuten, bai eta proiektuaren eraginpean zeuden ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea ere. Beranduago, 2006ko uztailaren 11ko 3755/2006 zenbakidun Foru Agindu bidez, Eusko Jaurlaritzari, nahitaezko desjabetzearen eraginpean dauden ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla adierazteko eskatzea erabaki zuten, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren babesean.

Lehenbailehen hartu beharreko ondasun eta eskubideak banakatuta eta zehaztuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian, hainbat arrazoibide idazki aurkeztu ziren eta administrazio espedientean adierazten den moduan ebatzi ziren.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintzaoztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da honako arrazoi hauengatik:

Bizkaiko Errepideen Lurraldearen Arloko Planaren barne dagoen proiektu hau, Gernikako saihesbidearen bigarren fasea da. Lehenak, zabalik 2003. urteaz geroztik, Lemoa–Bermeo BI–635 errepidea eta Gernika–Lekeitio BI–2238 errepidea lotzen ditu. Baina lotura honek ez die Bermeotik abiatu edo bertara heltzen diren ibilgailuei –horietako asko astunak– ibilbide hori egiteko aukera ematen, eta hirigunea gurutzatzera behartuak daude. Horrenbestez, proiektu honen helburu da, bi errepideak zuzenean lotuko dituen saihesbidea eraikitzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen, 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla adieraztea nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze unitate osoak, lurraldearen hirigintza antolamenduari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri lurzoruan egin beharreko banakako egintzak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari dagokio horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztea.

Ondorioz, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2006ko urriaren 3an egindako bilkuran aztertu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, "Errenterian (Gernika), hiriko bide perimetrala eraikitzeko proiektua – Gernikako saihesbidearen 2. fasea" izeneko proiektuaren desjabetzea burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Bizkaiko Foru Aldundiak lehenbailehen hartu beharrekoak direla adieraztea, nahitaezko desjabetzea egiteko. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

Vitoria–Gasteizen, 2006ko urriaren 3an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ingurumen eta

Lurralde Antolamendu sailburua,

ESTHER LARRAÑAGA GALDOS.


Azterketa dokumentala