
189. zk., 2006ko urriaren 3a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Justizi Administrazioa
Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Bilboko 1 Zenbakiko Epaitegia
4869
EDIKTUA, 10/06 falta-judizioaren ondoriozkoa.
Maria Dublang Cabrera andreak, Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Bilboko 1 zenbakiko Epaitegiko idazkariak (Bizkaia).
Idazki honen bitartez ondoko hau agerrarazten dut: 10/06 berehalako falta-judizioaren autoetan epaia eman dela, honako hau dioena:
"Emakumearen Gaineko Indarkeriaren Arloko 1 zenbakiko Epaitegia.
Bilbao (Bizkaia).
Buenos Aires 6-4. solairua - PK: 48100.
Telefonoa: 94 401 65 02, faxa: 94 401 66 39.
10/06 berehalako falta-judizioa.
Jatorrizko prozedura:
IZO: 48.04.1-06/004729.
Atestatu-zk.: Er Bilbao 259-06.
Salatutako gertakaria: familiako tratu txarrak.
Prokuradorea:
Abokatua:
Ordezkatutakoa:
9/06 EPAIA
Bilbon (Bizkaia), bi mila eta seiko urtarrilaren hogeita hamarrean.
Nik, Miren Irune Fernandez Ariasek, Bilboko (Bizkaia) Emakumearen Gaineko Indarkeriaren Arloko 1 zenbakiko Epaitegiko epaile magistratu naizen aldetik, 10/06 berehalako falta-judizioaren autoak ikusi ditut. Bertan, fiskal jauna, Maria Angeles Cucurull Gil andrea salatzailea eta Alfredo Eugenio Wach Crespo salatua izan dira alderdiak, eta Konstituzioak ematen dizkidan eskumenei jarraiki eta Erregearen izenean, honako epaia ematen dut:
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Auzi hau salaketa bati jarraiki abiarazi zen, jarduketa hauek egiteko zioa izan zena, eta legezko izapideak egin ondoren, probidentzia eman zen zehaztutako egunean judizioa burutu zedin eta inplikatuei jakinarazi zitzaien; eguna heldu eta judizioa burutu zen, autoetan agertzen den ondorioarekin.
Bigarrena.– Salatzaileak bere salaketari eutsi zion. Ministerio Fiskalak gertakariak irain-faltatzat jo zituen, Zigor Kodeko 620.2. artikuluan aurreikusi eta zigortuak direnak, eta salatuari honako zigor hau ezar zekiola eskatu zuen: 8 egunez uneoro non dagoen jakin ahal izatea eta, gainera, biktimarengana hurbiltzeko debekua, 500 metro baino gehiagoko distantzia-tartea errespetatu beharko duelarik.
Salatua ez zen judiziora bertaratu.
Hirugarrena.– Auzi hau izapidetzerakoan legezko epeak eta gainerako manuak bete dira.
FROGATUTAKO EGITATEAK
Bakarra.– Frogatuta geratu da eta honela deklaratzen da: Maria Angeles Cucurul Gilek eta Alfredo Eugenio Wach Crespok bikote-harremana izan zuten, baina egun amaituta dago.
Alfredo Eugenio Wach etengabe ari da Cucurul andereñoari telefono mugikorrez deitzen eta honelakoak esaten dizkio: "emagaldu, urdanga... zurekin larrua jo nahi dut..."
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Frogatutzat emandako gertakariak Zigor Kodeko 620-2. artikuluan aurreikusi eta zigortutako irain-faltak dira legez, 15/2003 Lege Organikoaren idazketaren arabera, legezko testu beraren 173-2. artikuluari dagokionez. Salatzailearen deklarazioa kontuan hartu da, eta, beraz, froga horrek jurisprudentzialki exijitzen diren eskakizunak biltzen dituen baloratu behar da, errugabetasun-presuntzioari indarra kenduko dion karguko froga gisa eraikitzeko. Eta, egiazki, Konstituzio Auzitegiaren irizpide bateratuaren arabera biktimaren deklarazioa nahikoa froga da ondorio horietarako. Baina, irizpide bateratua da halaber, balorazio hori burutu behar dela kontuan hartuz karguko froga bakarra delituaren ustezko biktimaren deklarazioak emandakoa dela, aipatu salaketaren bidez prozedura abiarazi duena, are gehiago akusazio partikularra denean, errugabetasun-presuntzioaren printzipioarentzat arrisku-muga egoeran gaude, akusatzailearen beraren deklarazioa baita akusatuaren froga. Horrenbestez, beharrezkoa da deklarazio honetan bateratasuna aztertzea ondoko eskakizunei dagokienez:
1.– Sinesgaiztasun subjektiborik eza, salatzaile/salatu harremanetatik eratorria, erresumina, areriotasuna, mendekua, istilua, interesa edo edozein gisatako eragingarria dagoela ondorioztatzea ahalbidetuko lukeena eta deklarazioari ziurtasuna kenduko liokeena.
2.– Sinesgarritasuna, hau da, berrespen periferikoen bateratasuna objektiboki egiaztatzea; berrespenok ez zehazki testigantza, baizik alderdien deklarazioa bermatuko dute, prozeduran, biktima alderdi akusatzaile partikular gisa edo kaltetu gisa agertu daitekeen neurrian (PKLren 109. eta 110. artikuluak).
3.– Iraunkortasuna krimen-egoztean, denboran luzatu behar dena, plurala, anbiguotasunik eta kontraesanik gabea, errugabetasuna aldarrikatzen duen akusatzailearen ezezkoaren aurrean froga bakarra izanik, bere defentsa-gabezia saihesteko era ia bakarra da deklarazio hori modu eraginkorrean zalantzan jartzea baimentzea, honen egiazkotasun-eza nabarmentzen duten kontraesanak agerian utziz. Gauzak honela, salatzailearen testigantzak aipatu eskakizun guztiak biltzen dituela uste dut eta bidezko froga dela, batik bat bere testigantzaren koherentzia eta biribiltasuna aintzat hartuta.
Bigarrena.– Prozedura Kriminaleko Legearen 239. eta 240. artikuluei jarraiki, egokia da prozedura honetan eragindako gastuak kondenatuari ezartzea.
Aipatu artikuluak eta oro har aplikatu daitezkeen gainontzekoak ikusita, hona hemen
EPAITZA
Irain-faltaren egile arduradun gisa zehapen hauek ezartzen dizkiot Alfredo Eugenio Wach Crespori: 8 egunez uneoro non dagoen jakin ahal izatea; gainera, Maria Angeles Cucurul Gilengana hurbiltzeko debekua, hain zuzen ere, Sarrikue auzunea 5-1.D helbidean duen etxebizitzara eta bera joaten ohi den lekuetara, 500 metro baino gehiagoko distantzia-tartea errespetatu beharko duelarik; berarekin komunikatzea edozein delarik erabilitako bidea edo prozedura honakoa jakinarazi eta 6 hilabeteko epean; eta kostuak ordaintzea.
Ebazpen hau ez da irmoa eta horren aurka apelazio-errekurtsoa aurkez daiteke —ondorio biei dagokienez— epaitegi honetan, Bilboko Probintzia Auzitegiaren aurrean, jakinarazten den egunetik harako bost eguneko epean.
Eta epai honen bidez, erabaki, agindu eta sinatzen dut.
Argitalpena.– Epaiari dagokion egunean, 2006ko urtarrilaren 30ean, jendaurreko entzunaldia egiten ari zelarik Bilbon (Bizkaia), epaia eman zuen epaile magistratu berberak eman, irakurri eta argitaratu zuen. Eta nik, idazkari naizenez, horren guztiaren fede ematen dut."
Jatorrizkoarekin zeharo bat dator eta berorri lotzen natzaio, eta, horrela jasota gera dadin, lekukotza hau egin eta sinatzen dut, Bilbon (Bizkaia), 2006ko abuztuaren 3an.
IDAZKARI JUDIZIALA.
RSS