Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

189. zk., 2006ko urriaren 3a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Jaurlaritzaren Lehendakariordetza
4868

19/2006 EBAZPENA, abuztuaren 3koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak izenpetutako hitzarmenak argitaratzeko xedatzen duena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2005eko otsailaren 15ean egindako batzarrean, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetza-hitzarmena izenpetzea onartu zuen (gaia: zerga alorreko informazioa lagatzea). Hitzarmen horrek behar duen bezalako publikotasuna izan dezan, honako hau

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Gipuzkoako Foru Aldundiarekin izenpetutako lankidetza-hitzarmena (gaia: zerga alorreko informazioa lagatzea). Ebazpen honen eranskin moduan dator hitzarmen hori.

Vitoria-Gasteiz, 2006ko abuztuaren 3a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko

Harremanetarako zuzendaria,

JOSÉ LUIS ERREKATXO LABANDIBAR.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN

IDAZKARITZAKO ETA

LEGEBILTZARRAREKIKO

HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN ABUZTUAREN 3KO 19/2006 EBAZPENARENA

ZERGA INFORMAZIOA LAGATZEKO LANKIDETZA HITZARMENA, GIPUZKOAKO FORU

ALDUNDIAREN ETA EUSKADIKO AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN ARTEAN

Donostia-San Sebastián, 2005eko maiatzaren 20a.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Juan Jose Mujika Aginagalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Fiskalitaterako eta Finantzetarako Departamentuko foru diputatu jaun txit prestua, diputatu nagusien izendapenari buruzko uztailaren 2ko 34/2003 Foru Dekretuaren bidez hala izendatua.

Bestetik, Joseba Azkarraga Rodero, Eusko Jaurlaritzako Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantzako sailburu jaun txit prestua, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren izenean.

Bi alderdiek hitzarmen hau egiteko legezko ahalmen nahikoa aitortzen diote elkarri, eta ondoko azalpenak eman dituzte:

AZALTZEN DUTE:

I.– Gipuzkoako Foru Ogasunak, bere eskumenak gauzatzean, zerga informazioa lortu ohi du zergadunengandik, hain zuzen, haiek legezko betebeharrak konplitzean emandakoa. Besteak beste, epaitegi eta auzitegiek eskatu ohi dute informazio hori beren funtzioak betetzean.

Zerga informazioa isilpean gordetzea zergadunen eskubidea da, haien intimitatea zaintze aldera. Bakarrik berariaz jasotako kasuetan laga daiteke, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak zaindu behar du eskubide hori bere esku dituen lege baliabide eta material guztiak erabilita.

Zentzu horretan, hitzarmenaren xedea da bateratzea zergadunek duten eskubidea beren zerga informazioa isilpean gorde diezaioten (Foru Ogasunak bermatu behar duena) eta epaitegi eta auzitegiek etengabe egiten dituzten lankidetza errekerimendu ugariak, zerga datuak ematekoak gehienak.

II.– Bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak agintaldi honetan dituen lehentasunezko helburuen artean daude, erakundeen arteko lankidetza harremanak areagotzea eta, era berean, Administrazioaren modernizazioa, razionalizazioa eta hobekuntza bultzatzea. Alde batetik, herri baliabideen kudeaketa eraginkorra lortu nahi du eta, bestetik, zerbitzu hobea eskaini nahi dio herritarrari, besteak beste, administrazio lanak sinplifikatuz edo tramite batzuk errazago bihurtuz. Dena den, intimitate pertsonalerako nahiz datu pertsonalerako eskubidea babesteko bermeak finkatuko dira.

Ondorio horietarako, Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailak baditu justizia arloan transferitutako eskumenak, Euskadiko Autonomia Estatutuak 35.3 artikuluan eta 1987ko azaroaren 6ko 1684/1987, 1996ko martxoaren 1eko 410/1996 eta martxoaren 15eko 514/1996 Errege Dekretuetan jasotakoaren indarrez. Sailak Foru Ogasunetik informazioa lortzeko bitarteko materialez eta giza baliabideez hornitu nahi du Donostiako Epaitegi Dekanoko Kontsulta Erregistraleko Zerbitzua.

Beraz, aintzat harturik elkarren arteko laguntza herri administrazioen arteko harremanen printzipio gidaria izan behar dela, eta kontuan izanik, halaber, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 4.1.c) artikuluan ezartzen duen printzipioa nahiz lege horren 3.2 artikuluaren arabera administrazio horien jarduna gidatu behar dutenak, eraginkortasuna eta herritarrekiko zerbitzua alegia, bi aldeek beharrezko ikusten dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Fiskalitaterako eta Finantzetarako Departamentuaren eta Eusko Jaurlaritzako Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailaren artean zerga informazioa emateko aldizkako sistema egonkor bat finkatzea nork bere helburuak bete ditzan. Hain zuzen, hitzarmenaren xedea da informazio hori zein baldintzatan eta nola emango den finkatzea.

III.– Zerga datuen erabilera eta lagapena ahalbidetu eta, halaber, mugatzen ditu datu pertsonalak babesteko legeriak, bai eta herri administrazioei eta bestelako agintari eta entitateei zerga informazioa emateko legeriak ere.

Zehazki, printzipio orokor gisa ezarrita daude Zerga Administrazioak dituen eginkizunak betetzean lortutako datu, txosten eta aurrekarien isilpeko izaera, zergak benetan ordainarazteko bakar-bakarrik erabiltzea eta hirugarrenei laga edo jakinarazteko ezintasuna. Zergen Foru Arau Orokorrak 113.1 artikuluan jasotzen ditu printzipio orokor horren salbuespen kasuak, hau da, datuak uztean interesatuaren baimena behar ez duten kasuak. Partikularki, aipatu artikuluan espresuki jasota dago zerga informazioa organo jurisdikzionalei lagatzea, lagapen horren xedea hauxe denean:

"a) Auzitegietako organoek edo Ministerio Publikoak delitu publikoak ikertzeko eta ekiditeko.

f) Adingabekoen eta ezinduen eskubide eta interesak babesteko auzitegi organoei eta Ministerio Publikoari laguntza ematea.

h) Informazioko eskaera judizialerako, berariazko ebazpena behar da, eta horretan ebazpenaz ukitutako interes publiko eta pribatuak aldez aurretik neurtu ondoren eta zordunaren ondasunei buruzko azterketa egiteko gainontzeko baliabide eta iturriak agortu ondoren, Zerga Administrazioari datuak eskatzeko beharrizana arrazoituko da."

IV.– 113. artikuluaren 1 eta 2 apartatuetan jasotako kasuetan zerga informazioa ematea araututa dago 2002ko azaroaren 5eko 59/2002 Foru Dekretuan.

Aipatu foru dekretuak 4. artikuluan jasotzen duenez, Fiskalitaterako eta Finantzetarako Departamentuak lankidetza hitzarmenak egin ahal izango ditu zerga informazioaren lagapen-hartzaileak izan daitezkeen herri administrazioekin, agintariekin nahiz entitateekin. Gainera xedatzen du bidezkoa izango dela lankidetza hitzarmenak egitea baldin eta datu hornidura aldizka edota jarraian egin behar bada, eta datu horiek interesatu ugariri buruzkoak badira.

V.– Hori horrela, bi alderdiek adostu dute lankidetza hitzarmena sinatzea, klausula hauek dituelarik:

KLAUSULAK:

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da arautzea Gipuzkoako Foru Aldundiko Fiskalitaterako eta Finantzetarako Departamentuak (informazio-emailea aurrerantzean) eta Eusko Jaurlaritzako Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailak (informazio-hartzailea aurrerantzean), Justizia Administrazioa bitarteko materialez hornitzen duen aldetik, zerga alorreko datuak emateko adosten duten lankidetza. Datu horiek balio ofiziala izango dute, emaileak bere eginkizunen barruan lortuak izango dira, eta hartzaileak bere eginkizunak betetzeko eskatuko ditu, beti ere indarrean dagoen eta hitzarmen honen azalpen zatian aipatu den legeria errespetatuz, eta bereziki, informazioan jasotako pertsonen eskubideak babestuz.

Nolanahi ere, hitzarmenaren aplikazio eremuan ematen den informazioak beti errespetatu beharko ditu herritarren ohorea, intimitate pertsonal eta familiarra nahiz datu pertsonalen babesa, funtsezko eskubideak baitira horiek, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoak, ezarritako moduan.

Bigarrena.– Zerga informazioa ematearen helburua.

Datu hartzailearen funtzio eta eskumenen barruan, eta funtzio eta eskumen horiek betetzeko beharrezkoa den heinean, zerga informazioa ematea Zergen 1/1985 Foru Arau Orokorrak 113.1 artikuluaren a), f) eta h) letretan jasotako helburuen gainean justifikatuko da. Izan ere, aipatu xedapenean jasota dago zerga datuak organo jurisdikzionalei lagatzea interesatuak aurrez baimenik eman gabe, lagapen horren helburua ondokoa denean:

a) Delitu publikoak ikertzea eta ekiditea.

f) Adingabe eta ezinduen eskubide eta interesak babestea.

h) Epaile eta epaitegiekin lankidetzan aritzea ebazpen judizial irmoak bete daitezen.

Informazio eskaera judizialak, azken kasu horretan, ebazpen espresua behar du beti, eta ebazpen horretan behar bezala arrazoituko da zergatik eskatzen zaizkion Zerga Administrazioari datuak, ukitutako interes publiko edo pribatuak behin ponderatu direnean eta zordunak ondasun eta eskubiderik baduen ezagutzeko dauden gainontzeko baliabide edo iturriak agortu direnean.

Dena den, Zergen Foru Arau Orokorrak izan litzakeen aldaketei, gai honi eragiten dietenei, egokituko zaie zerga lagapenaren helburua, horretarako hitzarmen hau aldatu beharrik gabe.

Hirugarrena.– Informazio lagapenaren edukia, modua eta aldizkakotasuna.

1.– Informazioa emateak jarraitu beharreko printzipioen, bosgarren klausulan jasotzen direnen, barruan, hitzarmen honi gaineratuko zaizkion eranskinen bidez zehaztu eta garatuko dira ondoko hauek: zergapekoei buruz lagatuko diren datuak; transmisio sistema eta horretarako erabiliko diren baliabide tekniko eta materialak; hala badagokio, sisteman sartzeko bitartekoak erabiltzeko izendatutako pertsonak; lagapena zenbatero egingo den eta lagapen mota bakoitzari buruzko beste gorabeherak. Lagapen mota bakoitzari buruz hitzarmenari gaineratutako eranskin bakoitzean aipatu zehaztapenak jasoko dira.

2.– Prozesu informatiko edo telematikoetan oinarritutako transmisio sistemak erabiliko dira, hala nola, zerbitzari seguruan jarritako postontzia, Internet bidez zerga ziurtagiriak eskatzeko zerbitzua, euskarri ezberdinetan bidalitako fitxategiak, web zerbitzuak, zerga datu baseetarako zuzeneko sarbidea, eta, unean-unean egokiak irizten diren gainerakoak. Dena den, erabiltzen diren transmisio sistemek datu pertsonalak babesteko araudiak galdatzen dituen segurtasun, osotasun eta konfidentzialtasun bermeak bete behar dituzte.

3.– Lagapenaren aldizkakotasuna honako hauen baitan egongo da: eskatzen den informazioaren edukiaren eta hori emateko aurrikusi eraren baitan.

4.– Alde biek izendatutako solaskideak ados jarriz gero, informazioaren edukia, transmisio sistemak eta 1. puntuan jasotako gainerako gorabeherak, jada onartuta dagoen eranskin batean deskribatutakoak, aldatu ahal izango dituzte. Aldaketa horiei hitzarmen honetan ezarritako printzipioak, bermeak eta arauak aplikatuko zaizkie.

Eranskin berria gaineratzeko edo hitzarmen honen klausulak aldatzeko, alde biek, informazio-emailea eta hartzailea, ados jarri beharko dute.

Laugarrena.– Informazioaren hartzailea.

Zerga informazioaren amaierako hartzailea hura eskatu duen epaitegia izango da, hala badagokio, Donostiako Epaitegi Dekanoko Kontsulta Erregistraleko Zerbitzuak eskaera guztiak eta erantzun gisa hartutako komunikazioak zentralizatzearen kaltetan gabe.

Bosgarrena.– Zerga informazioa ematearen printzipioak.

Printzipio hauek beteko dira hitzarmen honetan araututako informazio lagapenean:

1.– Datuak hartzailearen funtzio eta eskumenetara egokitzea.

2.– Informazioa garrantzitsua eta baliagarria gertatzea bete nahi diren helburuak lortzeko.

3.– Emandako datuen eta lortu nahi diren helburuen artean proportzionaltasuna egotea.

4.– Datuak bidaltzeko eta horietan sartzeko bideak seguruak izatea.

5.– Eraginkortasuna lortu eta kostuak murriztea.

6.– Zerga informazioa zorrotz lotzea datuen eskaera justifikatu eta arrazoitzen duten helburuei, zerga informazioa interesatuaren edo afektatuaren kalterako beste inoiz erabili gabe.

7.– Datuak transferiezinak izatea, hau da, hartzaileak beste inori ez uztea.

8.– Informazio-hartzaileari datuak geroago tratatzeko debekua ezartzea, eragindako pertsonak adostasuna ematen duenean edo legezko baimena dagoenean izan ezik.

Seigarrena.– Datuen kontrola eta segurtasuna.

1.– Emandako datuen kontrola eta segurtasuna honako xedapenak kontuan hartuz arautuko dira: abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa; ekainaren 11ko 994/1999 Errege Dekretua, datu pertsonalak biltzen dituzten fitxategi automatizatuen segurtasun neurriei buruzko Erregelamendua onartzen duena, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailak onartutako segurtasun dokumentuak.

2.– Informazio hartzaileak "erabiltzaileen kudeaketaz eta lagatako informazioaren kontrol nahiz segurtasunaz arduratuko den organoa" izendatuko du lagapen mota bakoitzerako. Organo horrek jakinaraziko dio informazio emaileari ze pertsona/k (erabiltzailea/k) aukeratu duten/dituzten informazioarekin aritzeko baimena jaso dezan/dezaten eta zerga informazioa eskuratzeko finkatutako egiaztapen mekanismoak har ditzan/ditzaten. Halaber, organo horrek bermatu eta egiaztatuko du eskaera guztiak egiten direla Zergen Foru Arau Orokorrak 113.1 artikuluaren a), f) eta h) letretan jasotako funzioak garatzeko.

3.– Hartzaileak hartu beharko ditu informazio emaileak proposatutako segurtasun neurriak, alor hauetan:

– Erabiltzaileen kudeaketan.

– Eskaeren aldizkako kontrolean.

– Erabiltzaileen kudeaketa dokumentatzeko arauetan.

– Emaileak segurtasunerako egoki deritzon beste edozein arlotan.

4.– Utzitako informazioa behar bezala lortu eta erabili duela eta aplikaziozko araudiaren baldintzak edota hitzarmenean ezarritakoak bete dituela egiaztatze aldera, informazio emaileak premiatu ahal izango dio hartzaileari dagozkion egiaztapen jarduketak egin ditzan, ezarritako maiztasunarekin eta baliabideekin. Halaber, hartzaileak onartzen du informazioa ematen duen Zerga Administrazioaren aukera bere jarduera egiaztatzeko helburu horrekin berarekin.

5.– Bi alderdiek konpromisoa hartzen dute elkarri jakinarazteko informazioa ematean gertatzen diren eta emandako edo eman beharreko datuen kontrolari, segurtasunari, konfidentzialtasunari eta osotasunari eragiten dieten gorabehera guztiak.

Zazpigarrena.– Isilpean gordetzeko obligazioa.

1.– Hitzarmen hau dela-eta datuen berri duten hartzailearen menpeko agintari, funtzionario eta langile guztiak behartuta egongo dira datu horiek erabateko isilpe osoan edukitzera. Zentzu horretan, datu hartzaileak diziplinazko bidezko neurriak hartzeko konpromisoa bereganatzen du, baldin eta jakiten badu bere agintari, funtzionario edo langile kontratatuek informazioa isilpean gordetzeko betebeharra urratu dutela.

2.– Informazio emaileak datuen lorpena edo lagapena eten edo mugatu ahal izango du, haiek erabiltzean edo kontrolatzean anomaliak edo irregulartasunak atzematen dituenean eta, oro har, hitzarmenean jasotako printzipio, arau eta bermeak betetzen ez direnean, kontuan hartu gabe informazio hori oker lortu edo erabiltzeagatik edo isilpean gordetzeko betebeharra beste modu batean urratzeagatik izan daitekeen erantzukizun penal, administratibo eta zibila, eta eragotzi gabe Datuak Babesteko Espainiako Agentziari edo otsailaren 25eko 2/2004 Legea dela medio sortu den Datuak Babesteko Euskal Agentziari dagozkion funtzioak.

3.– Zehazki, zerga informazioa lortzeko informazio hartzailearen esku jartzen diren egiaztapen mekanismoak (erabiltzaile kodeak eta pasahitzak) baimendu bakoitzarenak eta eskualdaezinak dira. Horrenbestez, erabiltzaile bakoitza bere kodearen eta pasahitzaren erantzulea izango da, hots, horien erabileraren, konfidentzialtasunaren eta zaintzaren erantzule.

Zortzigarrena.– Datuen izaera.

Jakinarazten diren datuak zergadunek eta informazioa ematera behartuta dauden gainerakoek aitortu dituztenak dira. Oro har, ez dute inolako egiaztatzerik izan automatizatu aurretik.

Dena den, datu horiek Zerga Administrazioak aurrez egiaztatzen baditu, egiaztatutako datuak emango dira.

Zerga Administrazioak zehaztu edo argitu ahal izango ditu datuen izaera eta edukia.

Bederatzigarrena.– Zerga informazioa ematearen ondorioak.

Hitzarmen honen babesean ematen den informazioak ez du beste ondoriorik izango datuak ematearen xede eta helburutik datozenak baino.

Hortaz, ez du ezein eskubiderik edo eskubide espektatibarik sortuko emandako informazioak eraginda gertatzen diren interesatuen alde, eta informazioa lortzea ekarri duten prozeduretan egon daitezkeen eskubide edo obligazioen preskripzioa ez du etengo. Era berean, ematen den informazioak ez du eraginik izango zerga alorreko egiaztapen edo ikerketa jarduketak egiteak edo emandako datuak aldatzeak ekar dezakeen emaitzan.

Hamargarrena.– Indarraldia.

1.– Hitzarmen honek mugagabeko indarraldia izango du, non eta bi aldeetako edozeinek, indarrik gabe utzi nahi den eguna iritsi baino gutxienez hiru hilabete lehenago, hitzarmena salatzen ez duen.

2.– Informazio emaileari agerian geratzen zaionean informazioa jasotzen duen enteko agintari, funtzionario edo kontratupeko langileek zazpigarren klausulan jasotako obligazioa, informazioa isilpean gordetzekoa, urratzen dutela, datuen kontrol eta erabilpen erregimenean anomaliak edo irregulartasunak daudela, edota hitzarmen honetan jasotako printzipio, arau eta bermeak ez direla bete, informazio gehiago ez ematea edo hura mugatzea erabaki dezake bere kabuz.

Adostasun seinale gisa, eta hitzartutakoa jasota gera dadin, bi aldeek agiri hau sinatzen dute, ale bikoiztuan, idazpuruan adierazitako leku eta egunean.

I. ERANSKINA
INFORMAZIO LAGAPENA, 1 MOTA

1.– Deskribapena.

Fiskalitaterako eta Finantzetarako Departamentuaren datu baseetan dauden zergapekoen errentari, ondasun higiezinei, ekonomi jarduerei eta kontu bankarioei buruzko informazioa ematea, egunero, fitxategi informatikoak eskualdatuz. Informazio lagapen hau egingo da Kontsulta Erregistraleko Zerbitzuak aurrez hala eskatu duelako, eta paperean, hau da, zerga ziurtagiriak postaz edo faxez bidalita, egiten zenaren ordez.

2.– Edukia.

Zergadun bakoitzaren inguruan ondorengo hauei buruzko informazioa emango da, eskaeraren arabera:

– Ekitaldi bateko edo gehiagoko Errenta Zergaren oinarri ezargarria.

– OHZ – Ondasun landatarrak.

– OHZ – Ondasun hiritarrak.

– JEZ – Jarduera ekonomikoak.

– Kontu bankarioak.

3.– Prozedura.

3.1.– Sistema teknikoa.– Eskaeren eta hartzaileari emandako informazioaren arteko trukea fitxategi informatikoetan egingo da Internet bidez. Fitxategiak bat etorri behar du Informatika Zerbitzuen Foru Elkarteak (IZFE, SA) adierazitako formatu eta nomenklaturarekin. Horrenbestez, zerbitzari seguru batean kokatutako buzoi bat prestatuko da, eta Kontsulta Erregistraleko Zerbitzuan izendatutako pertsonari (pertsonei) erabiltzaile kodea eta pasahitza emango zaizkio (zaizkie), buzoian sartu ahal izateko. Sistemak komunikazio segurua bermatuko du, bai eta lagatako datuen osotasuna eta konfidentzialtasuna ere.

3.2.– Funtzionamendua. Fitxategien trukea honela gauzatuko da:

3.2.1.– Kontsulta Erregistraleko Zerbitzua egunero sartuko da Gipuzkoako Foru Aldundiaren web gunean, eta hor pertsona baimenduak bere burua identifikatuko du zerbitzu telematiko hau erabiltzeko, erabiltzaile kodea eta pasahitza sartuta.

3.2.2.– Behin identifikatuta, aplikazioaren menuan sartuko da. Menu horretan, bi aukera izango ditu: fitxategiak igortzea eta fitxategiak jasotzea.

– Fitxategiak igortzeko aukeraren bidez "Envío de ficheros", Kontsulta Erregistraleko Zerbitzuak eskaera fitxategia igorriko dio Foru Aldundiari. Programak aukera emango du igorri beharreko artxiboa karpeten artean bilatu eta hautatzeko edo, bestela, bide osoa idazteko. Formatuaren lehen balioztapen bat ezarriko da, ziurtatzeko fitxategi okerra igorriko ez dela. Fitxategia okerra bada, okerra denaren mezua agertuko da eta fitxategia osorik itzuliko. Zuzena bada, ordea, trukaketa buzoira igorriko da.

– Fitxategiak igortzeko aukera honen bitartez zera ere egin daiteke: aurrez egindako igorpenen erregistroa kontsultatu.

3.2.3.– Egunero, goizeko 11:00etan, zerbitzari segurutik jasoko d(ir)a buzoian utzitako fitxategia(k) eta Foru Ogasunaren zerga datu baseen sistemara igorriko d(ir)a. 11:00etatik aurrera utzitako fitxategiak hurrengo eguneko 11:00 arte utzitakoekin batera jasoko dira. Behin han kokatuta, fitxategi bakoitza bereizita igorri balitz bezala tratatuko da (fitxategia handiegia bada, sistemak fitxategi txikiagotan banatuko du automatikoki):

– Lehendabizi, sistemak fitxategian sartutako pertsonak identifikatuko ditu eta bakoitzari buruz eskatutako datuak bilduko. Hori guztia prozesu automatiko baten bitartez egingo du. Automatikoki identifikatu ez diren eskaerak, akats bat dagoelako edota datu baseetan ez daudelako, eskuz tratatuko dira. Behin fase hori amaituta, emate-fitxategia prestatzen jarraituko du prozesuak.

– Dokumentu guztiak epaitegien zerrendaren arabera taldekatuta jasoko dira, eta irteerako bi fitxategi desberdin egingo dira:

– Alde batetik, zergadun guztien informazioa ematen duten dokumentuen irudiak bata bestearen atzetik kateatuko dira, ".pdf" formatuko fitxategi bakarrean.

– Bestetik, testu fitxategia osatuko da zergadun bakoitzaren kontu korronteei, Errenta Zergaren oinarri ezargarriari, ondasun higiezinei eta jarduera ekonomikoei buruzko datuekin. ".txt" luzapeneko fitxategi horrek datuak hartzen dituen zerga aplikazioaren datu formatuari egokitutako diseinua izan behar du.

".txt" fitxategiak ere igorritako eskaera guztiak jasotzen ditu, identifikatu gabekoak barne. Jakina, identifikatu gabeko eskaera horiek ez dute izango datu erantsirik.

– Azkenik, ".pdf" eta ".txt" formatuko fitxategiak osatu ondoren, zerbitzariko buzoi seguruan utziko dira.

3.2.4.– Hurrengo goizetik aurrera, Kontsulta Erregistraleko Zerbitzuak antzeko moduan jaso ahal izango ditu bere fitxategiak. Hau da, Aldundiaren zerbitzarira konektatuko da, aplikazioaren menuaren bidez, fitxategiak jasotzeko aukera erabiliko du. "Recepción de ficheros". Behin han sartuta, zerbitzarian erabilgarri dauden artxibo guztiak bistaratu ahal izango ditu eta, programak eskaintzen dituen aukerez baliatuta, berak nahi duena hautatu eta jaso ahal izango du.

3.2.5.– Konsulta Erregistraleko Zerbitzuak igorritako fitxategiak zerbitzaritik ezabatuko dira prozesua behar bezala amaitutakoan.

Emate-fitxategiak zerbitzarian egongo dira oraindik ere, Konsulta Erregistraleko Zerbitzuak nahi adina aldiz jaso ahal izateko, ezarritako epea iritsita ezabatzen diren arte.

4.– Aldizkakotasuna.

Informazioa egunero emango da, hau da, eskatu eta ondorengo egunean eskura izango da.

5.– Baimendutako pertsonak.

Erabiltzaileen kudeaketaz eta utzitako informazioaren kontrol eta segurtasunaz arduratuko den organoaren proposamenari jarraiki, Ogasuneko zuzendari nagusiak ebazpen bidez baimenduko ditu informazio lagapen zerbitzu hau erabiliko duten pertsonak.

6.– Erabiltzaileen kudeaketaz eta informazioaren kontrol eta segurtasunaz arduratuko den organoa.

Informazio hartzaileak izendatu behar du informazio lagapen zerbitzu honen erabiltzaileen kudeaketaz eta emandako informazioaren kontrolaz eta segurtasunaz arduratuko den pertsona.

Pertsona horri dagokio egiaztatu eta zaintzea hitzarmen hau aplikatzen dela eta bere klausula guztiak nahiz datu pertsonalak babesteko araudia betetzen direla, hala ez bada, aplikatu eta betearaziz. Bereziki, bermatuko du informazio eskaera guztiak Zergen Foru Arau Orokorraren 113.1 artikuluko a), f) eta h) letretan aurreikusitako funtzioak gauzatzeko egin direla, eta hala badagokio, araudi horrek galdatutako arrazoiak eman direla.

Informazio hartzaileak izendatutako organo arduraduna ontzat emango du Ogasuneko Zuzendari Nagusiak ebazpen bidez.

7.– Solaskidea.

Informazio emailearen aldetik honako hauek izango dira hitzarmen honek eragindako gai ezberdinetarako solaskideak:

Zuzenbide gaietarako: Fiskalitaterako eta Finantzetarako Departamentuko Idazkaritza Teknikoa.

– Informatika gaietarako: Izfe, SA.

– Beste gai material batzuetarako (erabiltzaileen identifikazioa...): Fiskalitaterako eta Finantzetarako Departamentuko Informatika Unitatea.

– Informazio hartzailearen aldetik honako hauek izango dira hitzarmen honek eragindako gai ezberdinetarako solaskideak: informazio hartzaileak zehaztu behar ditu.

Alde batek besteari gai bakoitzerako izendatutako solaskidearen eta bere ordezkoaren identifikazio eta harreman datu zehatzak emango dizkio, datu horiek eguneratzeko konpromisoa hartuz.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Fiskalitaterako eta Finantzetarako foru diputatua,

JUAN JOSE MUJIKA AGINAGALDE.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala