Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

134. zk., 2006ko uztailaren 14a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
3662

AGINDUA, 2006ko uztailaren 5ekoa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, laneratzeko enpresak sortu eta mantentzeko laguntzak arautu zituen 2002ko abenduaren 11ko Aginduan jasotako laguntzetarako deia egiten duena.

Laneratzeko enpresak sortu eta mantentzeko laguntzak arautu zituen 2002ko abenduaren 11ko Aginduaren bidez (2002ko abenduaren 27ko EHAA, 247. zk.), Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak prestatutako laguntza batzuk arautu ziren, aipatutako enpresen ezaugarri eta beharrei egokitutako laguntza-formula batzuk eskaintzeko. Bere esparruan, erakunde sustatzaileentzako diru-laguntzak aurreikusten dira laneratzeko enpresak sortzeko, bai eta laneratzeko enpresak mantentzeko diru-laguntzak ere.

2002ko abenduaren 11ko Aginduaren 17. artikuluan jartzen du Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak, sailburuaren agindu baten bidez, agindu horretan jasotako laguntza moduetarako deia urtero egingo duela, laguntzotarako aurrekontu-zuzkidura eta eskabideak aurkezteko epea jakinaraziko dituela eta, laguntzen berezitasuna kontuan hartuta, epea kasuan kasuko ekonomia-ekitaldi guztirako luzatuko dela.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 49.5 artikuluak ezartzen duenez, ekonomia-ekitaldi bakoitzean, Euskal Autonomia Erkidegorako aurrekontu orokorrak indarrean jartzen direnean, diru-laguntzak emateko arauak eguneratu nahiz berrikusiko dira, edo, behar izanez gero, arau berriak ezarriko dira, eta, indarraldirik zehaztu ez zitzaien diru-laguntzetarako deia egingo da.

Halaber, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50. artikuluan izandako aldaketa jasotzeko xedearekin —aldaketa hori Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrenak eragin du—, debekatu egiten zaie deialdi honetan parte hartzea sexuarengatik egindako diskriminazioa dela eta administrazio-zehapena edo zehapen penala jaso duten pertsona fisiko edo juridikoei, eta Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako legea dela-eta debeku honekin zigortutakoei, hori guztia dagokion zigorra indarrean dagoen bitartean. Horren ondorioz, laguntzen eskatzaileek aurkeztu behar dituzten agirien artean, debeku horren pean ez egotearen zinpeko aitorpena ere aurkeztu beharko dute.

Horregatik, Euskal Autonomia Erkidegorako 2006 ekitaldirako aurrekontu orokorrak onartu zituen abenduaren 29ko 5/2005 Legea onartuta dagoenez, laneratzeko enpresak sortu eta mantentzeko laguntzak arautu zituen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2002ko abenduaren 11ko Aginduaren 17. artikuluan jasotako habilitazioa erabiliz, hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Laneratzeko enpresak sortu eta mantentzeko laguntzak arautu zituen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2002ko abenduaren 11ko Aginduan jasotako laguntzetarako deia egitea 2006. urterako. Laguntza hauetarako eskabideak aurkezteko aurtengo epea agindua indarrean jartzen denean hasiko da eta 2006ko abenduaren 31n amaituko.

2. artikulua.– 2002ko abenduaren 11ko Aginduaren helburua lortzeko diru-baliabideei dagokienez, 23. artikuluan agindutakora joko da.

Helburua lortzeko, 2006 urtean guztira 7.659.460 euro bideratuko dira, honela banatuta: 1.659.460 euro, 2006. ekitaldiko kredituzko ordainketa baterako; 3.000.000 euro, 2007. ekitaldiko konpromiso-kreditu baterako; 2.300.000 euro, 2008. ekitaldiko konpromiso-kreditu baterako; eta 700.000 euro, 2009. ekitaldiko konpromiso-kreditu baterako.

3. artikulua.– Laguntza horiek jasotzeko eta emateko baldintzak eta epeak 2002ko abenduaren 11ko Aginduan eta Agindu honetako Xedapen Gehigarri Bakarrean jasotakoak izango dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

1.– Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoa betez, ezin izango dute deialdi honetan parte hartu sexuarengatik egindako diskriminazioa dela-eta administrazio-zehapena edo zehapen penala jaso duten pertsona fisiko edo juridikoek, ezta Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako legea dela-eta debeku honekin zigortutakoek ere.

2.– Eskabidearekin batera aurkeztu behar den dokumentazioarekin batera, 2002ko abenduaren 11ko Aginduaren 19. artikuluan jasotakoaren arabera, aurreko paragrafoan aipatzen den baldintza betetzen dela adierazten duen zinpeko aitorpena ere aurkeztu beharko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, interesdunek, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, eta errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izango da Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Interesdunek, bestela, zuzen-zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazio-auzietarako salan; bigarren aukera horretaz baliatzeko epea, berriz, bi hilabetekoa izango da Agindua aldizkari ofizial horretan argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2006ko uztailaren 5a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala