Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

134. zk., 2006ko uztailaren 14a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
3661

AGINDUA, 2006ko ekainaren 29koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena; honen bidez ezartzen da entitate aholkulariak homologatzeko urte honetarako eskabideak —Baztertuta edo baztertuta egoteko arriskuan dauden pertsonak Laneratzeko Auzolan Programa arautzen duen uztailaren 30eko 199/2002 Dekretuko 2.2.c artikuluan aurreikusitakoak— aurkezteko epea.

Baztertuta edo baztertuta egoteko arriskuan dauden pertsonak Laneratzeko Auzolan Programa arautzen duen uztailaren 30eko 199/2002 Dekretuaren xedea Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bitartez Eusko Jaurlaritzak eman ahal izango dituen laguntzak —lanaldi partzialeko aldi baterako lan-kontratuen bidez egindako lan-praktikarekin konbinatuta, baztertuta dauden edo egoteko arriskuan dauden pertsonei lan-aukera eta baliagarritasun sozialerako prestakuntza ematekoak— arautzea da.

Aipatutako dekretuko 2.2.c artikuluan ezartzen denez, 3.1 artikuluko a), c), e) eta f) idatz-zatietan —hasierako prestakuntza, laguntzeko prestakuntza, prozesu osoan eskuratutako gizarte- eta lanbide-gaitasunen balantzea eta laneratzeko programa bat gauzatzea, eta bai tutoretzako eta laguntzako fase berria ere gaitzat dituztenetan— aurreikusitako prestakuntza-jarduerak garatzeko, entitate onuradunek Homologatutako Entitate Aholkulari baten laguntza profesionala izan beharko dute.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2002ko uztailaren 31ko Aginduaren bidez —2002ko irailaren 16ko EHAA, 175. zenbakikoa— arautu zen baztertuta edo baztertuta egoteko arriskuan dauden pertsonak Laneratzeko Auzolan Programa arautzen duen uztailaren 30eko 199/2002 Dekretuko 2.2.c artikuluan aurreikusitako entitate aholkulariak homologatzeko prozedura. Agindu horretako 5.2 artikuluan zehazten denez, 199/2002 Dekretua indarrean dagoen bitartean, urtero argitaratuko da bertan aurreikusitako homologazio-eskabideak aurkezteko epea, gutxienez 30 egunekoa izango dena agindua indarrean sartzen denetik.

Bestalde, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50. artikuluan izandako aldaketa jasotzeko xedearekin —aldaketa hori Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrenak eragin du—, debekatu egiten zaie deialdi honetan parte hartzea sexuarengatik egindako diskriminazioa dela-eta administrazio-zehapena edo zehapen penala jaso duten pertsona fisiko edo juridikoei, eta Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako legea dela-eta debeku honekin zigortutakoei, hori guztia dagokion zigorra indarrean dagoen bitartean.

Habilitazio horretaz baliatuz, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 49.2 artikuluan jasotako publikotasunaren printzipioa betetzeko, honakoa

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea homologazio-eskabideak aurkezteko epea 2006. urterako argitaratzea da, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2002ko uztailaren 31ko aginduko 5.2 artikuluan aurreikusita dagoen bezala. Agindu horretan, baztertuta edo baztertuta egoteko arriskuan dauden pertsonak Laneratzeko Auzolan Programa arautzen duen uztailaren 30eko 199/2002 Dekretuko 2.2.c artikuluan aurreikusitako entitate aholkulariak homologatzeko prozedura arautzen da.

2. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

2006an entitate aholkulariak homologatzeko eskabideak aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da, Agindu honek ondorioak sortzen dituen egunetik kontatzen hasita.

3. artikulua.– Baldintzak.

Homologazioa lortu nahi duten entitate aholkulariek Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2002ko uztailaren 31ko Aginduko 3. artikuluan aurreikusitako baldintzak bete beharko dituzte, agindu horrek arautzen baitu baztertuta edo baztertuta egoteko arriskuan dauden pertsonak Laneratzeko Auzolan Programa arautzen duen uztailaren 30eko 199/2002 Dekretuko 2.2.c artikuluan aurreikusitako entitate aholkulariak homologatzeko prozedura eta Agindu honetako xedapen gehigarri bakarrean adierazitakoa.

XEDAPEN GEHIGARRIA

1.– Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoa betez —lege horren bidez aldatu da azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50. artikulua—, ezin izango dute deialdi honetan parte hartu sexuarengatik egindako diskriminazioa dela-eta administrazio-zehapena edo zehapen penala jaso duten pertsona fisiko edo juridikoek, ezta Gizon eta Emakumeen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legea dela-eta debeku honekin zigortutakoek ere.

2.– Eskabidearekin batera aurkeztu behar den dokumentazioarekin batera, 2002ko uztailaren 31ko Aginduaren 5. artikuluan jasotakoaren arabera, aurreko paragrafoan aipatzen den baldintza betetzen dela adierazten duen zinpeko aitorpena ere aurkeztu beharko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek bide administratiboa amaitzen du, eta interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Justizia, Lan eta Gizarte Gaietako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean. Epeok agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira kontatzen.

Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gazteiz, 2006ko ekainaren 29a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala