Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

134. zk., 2006ko uztailaren 14a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
3656

AGINDUA, 2006ko ekainaren 23koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena. Agindu honen bidez, 2006-2007 ikasturtean unibertsitateko ikasketa-zerbitzuengatik ordaindu beharreko prezioak finkatzen dira.

Unibertsitateen abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 81.3.b) puntuak dioenez, titulu ofizialak lortzeko diren ikasketen kasuan, Autonomia Erkidegoak finkatuko ditu zerbitzu akademikoei dagozkien prezio publikoak, betiere Unibertsitatea Koordinatzeko Kontseiluak ezarritako mugen barruan. Gainontzeko ikasketetarako, berriz, Gizarte Kontseiluak finkatuko ditu.

Otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzkoak, 95. eta 96. artikuluetan arautzen ditu zerbitzu akademikoei eta gainontzekoei dagozkien prezio publikoak. Horretaz gainera, prezio publikoak izango direla eta tasa eta prezio publikoei buruzko araudiak xedatzen duenaren arabera funtzionatuko dutela adierazten da.

Maiatzaren 29ko 13/1998 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren tasa eta prezio publikoei buruzkoak, bere 177-182. artikuluetan, prezio publiko horien ezartzea zein irizpide orokorri atxikiko zaion arautzen du. Lege horren II. eta III. tituluak ekainaren 7ko 5/2000 Ebazpenaren bidez eguneratu dira. Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren ebazpen horrek argitara ematen du testu eguneratu horren argitaratzea agintzen duen Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabakia.

Uztailaren 21eko 161/1998 Dekretuak zehazten ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta horren erakunde autonomiadunek kobratu ahal izango dituzten zerbitzuak eta jardunak. Horretaz gain, dekretu horren bigarren artikuluak ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Sailek eta horren erakunde autonomoek prezio publikoak kobratu ahal izango dituztela dekretu horren eranskinean aipatzen diren zerbitzu eta jardunengatik; aldi berean, dekretu horren hirugarren artikuluak ezartzen du Ogasun eta Administrazio Sailari txosten loteslea eman beharko zaiola prezio publikook finkatzeko edo aldatzeko, dagokion saileko sailburuaren aginduz edo eskuratu behar dituen erakunde autonomoa hari atxikita dagoeneko saileko sailburuaren aginduz.

Horretarako, uztailaren 21eko 161/1998 Dekretuaren eranskinaren zazpigarren idatz-zatiak ezartzen du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak prezio publikoak kobratu ahal izango dituela ofizialtasuna duten tituluak lortzeko Euskal Herriko Unibertsitateak ematen dituen goi-mailako hezkuntzako zerbitzu publikoengatik.

Otsailaren 25eko 3/2004 Legeak 39.1.a) artikuluan arautzen ditu prezio publikoak ordaintzetik erabat salbuesten duten egoerak, hots, ohore eta lehen mailako familia ugariko ikasleen, kideren bat elbarria duten familietako ikasleen eta terrorismoaren biktimen eta beren senideen kasuan.

Bestalde, azaroaren 18ko 40/2003 Legeak, Familia Ugariak Babesteari buruzkoak, xedatutakoaren arabera, familia ugarietako kideek onura batzuk izango dituzte hezkuntzaren eremuko erregimen, maila eta ziklo guztietan.

Irailaren 24ko 214/2002 Dekretuak Terrorismoaren Biktimentzako Laguntzen Programa arautzen du. Bere 9. artikuluan ezartzen duenez, ekintza terroristaren biktimek, euren ezkontideek, seme-alabek edo biktima horiek ekintza terrorista gertatu baino lehen legez umeordetzat hartutakoek ez dute inolako ordainketa publikorik egin beharrik izango Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntza-maila guztietako ikastetxe publikoetan unibertsitateko ikasketa-zerbitzuak jasotzeagatik.

Abenduaren 23ko 322/2003 Dekretuak, Euskal Herriko Unibertsitateko Estatutuak onartzen dituenak, 96. artikuluan xedatutakoaren arabera, % 33ko edo gehiagoko elbarritasuna, horretarako eskuduntzak dituen erakunde batek emandakoa, duten ikasleei erabat salbuetsiko zaie tasak ordaintzetik unibertsitate-tituluak lortzera bideratutako ikasketetan.

Irailaren 26ko 190/2000 Dekretuak Euskal Herriko Unibertsitatean ematen diren titulazioen esperimentazio-mailak zehaztu, eta maila horiek 7tik 4ra jaitsi ditu.

Abuztuaren 1eko 1044/2003 Errege Dekretuak arautzen du tituluaren gehigarri europarra emateko unibertsitateek erabili behar duten prozedura. 7.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, Autonomia Erkidegoek zehaztuko dituzte aipatutako gehigarria emateagatik ordaindu beharreko prezio publikoak, abenduaren 21eko 6/2001 Legeak, Unibertsitateei buruzkoak, 81.3.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuak honako hauek ezarri ditu: kredituen sistema europarra, eta izaera ofiziala eta nazio-lurralde osorako balioa duten unibertsitate-titulazioen kalifikazio-sistema.

Urtarrilaren 21eko 56/2005 Errege Dekretuak honako hauek arautu ditu: Graduatu ondoko ikasketa ofizialen (bertan sartzen dira Espainiako unibertsitate-hezkuntzako sistemaren bigarren eta hirugarren zikloak) antolamenduaren oinarrizko alderdiak.

Martxoaren 18ko 309/2005 Errege Dekretuak, otsailaren 20ko 285/2004 Errege Dekretua aldatzen duenak, goi-hezkuntzako atzerriko tituluak eta ikasketak homologatu eta baliokidetzeko baldintzak arautu ditu. Bere 22.ter artikuluan ezarri du unibertsitateetako errektorek eskumena dutela Espainiako titulu eta graduekin homologatzeko.

Unibertsitatea Koordinatzeko Kontseiluak bere Batzorde Mistoaren eta Koordinazio Batzordearen saioetan —2006ko maiatzaren 30ean— hartutako erabakian xedatutakoaren esparruan, eta ekonomia- eta finantza-txostenean proposatutakoaren arabera, agindu honen bidez finkaturik geratzen dira Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek goi-mailako irakaskuntzako zerbitzu publikoaren truke ordaindu behar dituzten zenbatekoak. % 4,5eko gehikuntza ezarri zaio iazko ikasturteko prezioen aldean.

Horiek guztiak direla eta, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Titulu ofizialak eta titulu propioak.

1.– Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean titulu ofizialak lortzeko goi-mailako hezkuntzako zerbitzu publikoaren truke 2006-2007 ikasturtean ordaindu beharreko prezioak eranskinetako tarifetan adierazitakoak dira.

2.– Unibertsitatearen titulu propioak lortzeko diren unibertsitate-ikasketen prezioak, Gizarte Kontseiluak finkatuko ditu.

2. artikulua.– Eraberritu ez diren irakaskuntzak.

1.– Kreditu-sistemaren bidez egituratuta ez dauden irakaskuntzen kasuan, ikasturte osoaren prezioa I. eranskinean adierazitakoa da.

2.– Irakasgai solteentzat finkatutako prezioaren zenbatekoa ikasturte osoko prezioaren araberakoa izango da. Zenbateko hori honela kalkulatuko da: ikasturte osoak (aurreneko matrikula, bigarrena, hirugarrena edo ondorengoren bat) balio duen zenbatekoa eta I. eranskineko a) eta b) tarifak zatituko dira irakasgaiari dagokion ikasturteko urteko irakasgaien kopuruarekin.

3.– Irakasgaika ordaintzen bada, bi irakasgai-mota bereiziko dira: urtekoak eta lauhilabetekoak. Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak sailkatuko ditu irakasgaiak. Lauhilabeteko irakasgaiei urteko irakasgaien prezioaren zenbatekoaren erdia aplikatuko zaie.

4.– Matrikularen zenbatekoa kalkulatutakoan, hala badagokio, ohorezko matrikulei dagozkien hobariak kenduko zaizkio zenbateko horri.

3. artikulua.– Kreditu-sistemaz egituratuta dauden irakaskuntzak.

1.– Gai edo irakasgaien zenbatekoa (ikasleak aukeratzeko gaiak edo irakasgaiak direnak izan ezik) kalkulatzeko, kreditu bakoitzaren prezioa (irakaskuntzen esperimentazio-mailaren arabera eta II. eta III. eranskinetan ezarritakoa kontuan hartuta), irakasgaiari izendatutako kreditu-kopuruarekin biderkatuko da.

2.– Ikasleek berek aukeratuko dituzten gaien kredituak, aukeratutako gaien titulaziorako ezarritako tarifaren arabera ordainduko dira.

3.– Unibertsitateak ikasleari aukera ditzan eskaintzen dizkion eta helburu horretarako bereziki sortu dituen gaien kasuan, ikasleak lortu nahi duen titulazioari dagozkion prezioak aplikatuko dira.

4.– Hautaketa libreko kredituak amortizatzeko Unibertsitateak onartu bai baina Unibertsitateko ikasketa-planekin bat ez datozen jarduerei, ikasleak lortu behar duen titulazioaren arabera, horri legokiokeen zenbatekoaren % 25 aplikatuko zaie.

5.– Campus Birtualean emandako kredituei 1. esperimentaltasun mailari dagozkion prezioak aplikatuko zaizkie, lortu nahi den titulazioaren gorabehera.

6.– Graduatu ondoko programa ofizialak (Ikerketa Masterra eta Lanbide Masterra) badira, III. eranskinean ageri da kredituaren prezioa.

7.– Doktoretza-programen kasuan, kredituaren prezioa III. eranskinean agertzen dena izango da. Dagokion sailak doktoretza-tesiaren proiektua onartutakoan, ikasleak, urtero, IV. eranskinean adierazitako prezioa ordaindu beharko du tutoretzaren truke.

8.– Nolanahi ere, kredituak baliokidetasuna dela eta onartzen direnean, proba bat gaindituz kredituak lortzeko bidea ematen duten irakaskuntzarik gabeko gaietan, ahitzeko diren planetako ikasgaien kasuan horiei dagozkien irakasgaiak ematen ez badira, edo ikastetxeetatik kanpo egindako praktika babestuen kasuan, titulu horietarako finkatutako prezioen % 25a ordainduko da, titulu bakoitzari dagokion eranskinean esaten denaren arabera.

9.– Hala badagokio, ohorezko matrikulei dagozkien hobariak kenduko zaizkio matrikularen zenbatekoari. Hobari horiek aurreko lerroaldeetan adierazitakoaren arabera kalkulatuko dira.

4. artikulua.– Bestelako zerbitzuak.

Ebaluaketen, proben, tituluak ematearen eta Idazkaritzako eskubideen prezio publikoak IV. eranskineko tarifetan adierazitakoak dira.

Unibertsitateko titulazioei, izaera ofiziala eta Estatuko lurralde osorako balioa badute eta abuztuaren 1eko 1044/2003 Errege Dekretua indarrean jarri zenetik emanak badira, IV. eranskinean adierazitako tarifak ezarriko zaizkie. Dekretu horrek agintzen du unibertsitateek nola eman behar dituen Europak titulurako duen osagarria.

5. artikulua.– Matrikulatzeko eskubidea.

1.– Ikasleak irakasgai solteetan matrikulatu ahal izango dira, irakasgai bakoitzari dagokion ikasturtea kontuan hartu gabe.

2.– Aurreko lerroaldean esandakoa gorabehera, eraberritu gabeko irakaskuntzetan ikasketak hasten dituzten ikasleek aurreneko ikasturteko irakasgai guztien matrikula egin beharko dute, aurreneko ikasturte horretako irakasgairen batzuk baliozkotzen zaizkien kasuetan izan ezik.

3.– Halaber, eraberritutako irakaskuntzetan ikasketak hasten dituzten ikasleek, gutxienez, honako kreditu-kopuru honen matrikula egin beharko dute: 70 edo 65 kredituena, hurrenez hurren lau edo bost urtetan antolatutako ikasketa-planak badira; eta 60 krediturena gainerako kasuetan.

4.– Nolanahi ere, azterketarako eta matrikulatutako irakasgaien ebaluaketarako eskubidea, ikasketa-planetatik eratorritako bateraezintasun akademikoen pean geldituko da.

5.– Xedapen honetan ezartzen den matrikula-eskubidea erabiltzeak ez du ekarriko ikasketa-planen beharren arabera ikastetxe bakoitzak duen eskola-ordutegi orokorren erregimena aldatu beharrik.

6.– Matrikularen prezioa ordaintzeak bi azterketa-deialditarako eskubidea emango du ikaslea matrikulatu den irakasgai edo gai bakoitzeko, beti ere ikasturtearen barruan. Unibertsitateak ezarriko ditu deialdietako egunak.

6. artikulua.– Ordaintzeko era.

1.– Ezarritako prezioen ordainketa dena batera egin ahal izango da matrikula egiten denean, edo zatika hiru epe berdinetan. Hiru zati horiek honela ordainduko dira: lehena, matrikula egiterakoan; bigarrena, abenduko lehenengo hamabostaldian, eta hirugarrena, urtarrileko lehenengo hamabostaldian.

2.– Lauhilabeteka egituratutako irakaskuntzen kasuan, unibertsitatearen esku egongo da bigarren lauhilabetekoari dagokion matrikula lauhilabeteko horren hasieran egiteko baimena ematea. Kasu horretan ezingo da aplikatu aurreko lerroaldean aipatutako ordainketa zatikatua.

3.– 1. atalean zehaztutako ordainketaren zatiketa ez da aplikatuko, ikasleak ordaindu beharreko prezioen zenbatekoa 150 eurokoa baino txikiagoa bada.

4.– Matrikula ordaintzen ez bada edo matrikularen prezioaren zati bat bakarrik ordaintzen bada, indarrean dagoen legeriari helduko zaio eta, horrenbestez, ordaindutako zenbatekoak galduko dira eta ikasturte horretan ikaslea matrikulatuta egon den irakasgai guzti-guztiak ezabaturik geratuko dira, salbu Unibertsitatearen iritziz ikasleak behar bezala frogatzen badu du arrazoi larriren bat egon dela edo iruzur-asmorik ez duela izan.

7. artikulua.– Atxikitako ikastetxeak.

Adskripzio-hitzarmenetan onartutakoaren kalterik gabe, atxikita dauden unibertsitate-ikastetxe eta unibertsitate-institutuetako ikasleek, I. eta III. eranskinetako tarifetan ezarritako prezioen % 25a ordainduko diote unibertsitateari. Gainerako prezioak oso-osorik ordainduko dira aurreikusitako zenbatekoan.

8. artikulua.– Ikasketen baliozkotzea.

1.– Ikastetxe pribatuetan edo atzerrikoetan egindako ikasketak direla eta, ikasturte osoen edo irakasgai solteen baliozkotzea lortzen duten ikasleek kasuan kasuko eranskineko tarifetan jasotako prezioen % 25a ordainduko diote unibertsitateari.

2.– Unibertsitate publikoetako ikastetxeetan egindako ikasketak baliozkotzeagatik ez da ordainduko preziorik.

9. artikulua.– Familia ugariak.

1.– Maila orokorreko familia ugarietako partaideek aurreko ataletan ezarritakoa aplikatuz egokituko litzaizkiekeen prezioen % 50 ordaindu beharko dute.

2.– Maila bereziko familia ugarietako partaideek ez dituzte ordainduko aurreko ataletan ezarritakoa aplikatuz egokituko litzaizkiekeen prezioak.

10. artikulua.– Terrorismoaren biktimak.

Ekintza terroristaren biktimek, euren ezkontideek, seme-alabek edo biktima horiek ekintza terrorista gertatu baino lehen legez umeordetzat hartutakoek ez dute inolako ordainketa publikorik egin beharrik izango Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntza-maila guztietako ikastetxe publikoetan

unibertsitateko ikasketa-zerbitzuak jasotzeagatik. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ordainduko dio Unibertsitateari pertsona horiei dagozkien irakaskuntza-zerbitzuengatiko prezioen zenbatekoa.

11. artikulua.– Elbarritasunak dituzten pertsonak.

% 33ko edo gehiagoko elbarritasun maila duten familietako kide direnek tasak ordaintzetik erabat salbuesteko eskubidea izango dute unibertsitate-tituluak lortzera bideratutako ikasketetan. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ordainduko dio Unibertsitateari pertsona horiei dagozkien irakaskuntza-zerbitzuengatiko prezioen zenbatekoa.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Bekak.

1.– Ikasketa pertsonalizatuei laguntzeko beka-sistemak eta beste diru-laguntza batzuk arautzen dituen uztailaren 28ko 2298/1983 Errege Dekretuaren esparruko beka bat Euskal Autonomia Erkidegoko edo Estatuko Aurrekontu Orokorren pentzutan eskatzen duten ikasleek ez dute irakaskuntzako zerbitzuengatiko prezioa matrikula egitean bertan ordaindu beharrik izango. Hala ere, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Batzordeak aldez aurretik hala erabakita, unibertsitateetako idazkaritzetan, badaezpada, finkatutako baldintza akademikoak betetzen ez dituzten ikasleei irakaskuntzako zerbitzuengatiko prezioa ordaintzea eska dakieke.

2.– Matrikula betetzean, beka bat eskatu dutela eta, dagozkien prezioak ordaindu ez dituzten ikasleek, hautespen epaimahaiak behin-behinekoz beka ukatzen badie, egin zuten matrikulari dagokion prezioa ordaindu beharko dute, ukapen horren kontrako alegazioak aurkeztu ala ez.

3.– Unibertsitate zuzendariak, jardunbidearen edozein unetan edo jardunbidea amaitu ondoren, pertsona bati emandako beka indargabetzen badu, egin zuen matrikulari dagokion prezioa ordaindu beharko du.

4.– Prezioa ordaintzen ez badu, matrikula indargabetuta geldituko da irakasgai guztietarako, indarrean dauden legeetan aurreikusitako eran.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean sartuko da indarrean. Egun horretatik aurrera, eranskinetako tarifak aplikatuko zaizkie 2006-2007 ikasturtean eman beharreko zerbitzu akademikoei.

Vitoria-Gasteiz, 2006ko ekainaren 23a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.

2006-2007 IKASTURTEAN UNIBERTSITATEKO IKASKETA-ZERBITZUENGATIK ORDAINDU BEHARREKO PREZIOAK FINKATZEN DITUEN AGINDUAREN I. ERANSKINA
KREDITU-SISTEMAZ EGITURATUTA EZ DAUDEN IRAKASKUNTZAK
TARIFAK

a) Honako titulu hauek lortzeko ikasketak. Lizentziaturak: Medikuntza, Odontologia, Farmazia, Zientziak, Informatika, Arte Ederrak, Marina Zibila eta Itsas Makinak. Arkitektoa, Ingeniaria eta Ingeniari Teknikoa. Diplomaturak: Erizaintza, Marina Zibila eta Itsas Makinak (unibertsitate-eskoletako tituludunak fakultateetan eta goi-eskola teknikoetan sartzeko egokitze-kurtsoak barne).

b) Lehen eta bigarren zikloko titulu ofizialak -a) atalean zehaztutakoak ez direnak- ateratzeko diren gainerako unibertsitate-ikasketak (unibertsitate-eskoletako tituludunak fakultateetan sartzeko egokitze-kurtsoak barne).

IKASTURTE OSOA

	Lehenengo matrikula	Bigarren matrikula	Hirugarrena eta ondorengo matrikulak

	Euro	Euro	Euro

a)	753,19	828,50	994,77

b)	531,69	584,86	702,24

2006-2007 IKASTURTEAN UNIBERTSITATEKO IKASKETA-ZERBITZUENGATIK ORDAINDU BEHARREKO PREZIOAK FINKATZEN DITUEN AGINDUAREN II. ERANSKINA
UNIBERTSITATE-TITULU OFIZIALEN KATALOGOAN DAUDEN IRAKASKUNTZEN ESPERIMENTAZIO-MAILAK

1. mailako esperimentazioa: lizentziaturak: Biologia, Biokimika, Elikagaien Zientzia eta Teknologia, Ingurumen Zientziak, Itsas Zientziak, Farmazia, Medikuntza, Odontologia, Kimika eta Albaitaritza. Diplomaturak: Erizaintza, Fisioterapia, Giza Elikadura eta Dietetika, Podologia.

2. mailako esperimentazioa: Lizentziaturak: Arte Ederrak, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak, Enologia, Fisika, Geologia, Itsas makinak, Nautika eta Itsas Garraioak, Itsas Irrati Elektronika, eta Itzulpengintza eta Interpretazioa. Ingeniariak: Aeronautika; Nekazaritza; Automatika eta Elektronika industriala; Bideak, Ubideak eta Portuak; Meatzeak; Mendiak; Elektronika; Geodesia eta Kartografia; Geologia; Industria; Informatika; Materialak; Itsasoa eta ozeanoak; Industria Antolamendua; Kimika; Telekomunikazioak. Arkitektoak. Arkitekto teknikoak. Diplomaturak: Logopedia, Itsas Makinak, Itsas Nabigazioa, Optika eta Optometria, Itsas Irrati Elektronika eta Lanaren bidezko Terapia. Ingeniari tekniko aeronautikoak: Aeromotorrak, Aeronabigazioa, Aireontziak, Aireportuak, Ekipo eta Material Aeroespazialak. Nekazaritza-ingeniari teknikoak: Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiak, Barazki-frutazaintza eta Lorezaintza, Nekazaritza eta Elikagaien Industria, Nekazaritza Mekanizazioa eta Eraikuntzak. Industria Diseinuko ingeniari teknikoak. Baso-ingeniari teknikoak: Baso Ustiapenak, Baso Industriak. Kudeaketa-informatikako ingeniari teknikoa. Sistemen Informatikako ingeniari teknikoa. Industria-ingeniari teknikoa: Elektrizitatea, Elektronika Industriala, Mekanika, Kimika Industriala eta Ehungintza. Meatzetako ingeniari teknikoa: Meatze-ustiapenak, Meatzetako Instalazio Elektromekanikoak, Mineralurgia eta Metalurgia, Energia Baliabideak, Erregaiak eta Lehergaiak, Meatzetako Zundaketa eta Ikerkuntzak. Ontzigintzako ingeniari teknikoa: Itsasorako Egiturak, Ontzietako Propultsio eta Zerbitzuak. Herri Lanetako ingeniari teknikoa: Eraikuntza Zibilak, Hidrologia, Garraioak eta Hiri Zerbitzuak. Telekomunikazio-ingeniari teknikoak: Telekomunikaziorako Sistemak, Sistema Elektronikoak, Soinua eta Irudia, Telematika. Topografiako ingeniari teknikoa.

3. mailako esperimentazioa: Lizentziaturak: Zientzia eta Teknika Estatistikoak, Ikus-entzunezko Komunikazioa, Dokumentazioa, Musikaren Historia eta Zientziak, Matematika, Pedagogia, Publizitatea eta Harreman Publikoak, Psikologia eta Psikopedagogia. Diplomaturak: Bibliotekonomia eta Dokumentazioa, Gizarte-Hezkuntza, Estatistika, Gizarte Lana eta Turismoa. Irakasletza: Entzutea eta Mintzaira, Hezkuntza Berezia, Gorputz Hezkuntza, Haur Hezkuntza, Musika Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Atzerriko hizkuntza.

4. mailako esperimentazioa: Lizentziaturak: Administrazio eta Enpresen Zuzendaritza, Gizarte eta Kultura Antropologia, Aktuariotza eta Finantza Zientziak, Politika eta Administrazio Zientziak, Lan Zientziak, Zuzenbidea, Ekonomia, Filosofia, Aleman Filologia, Arabiar Filologia, Katalan Filologia, Filologia Klasikoa, Eslaviar Filologia, Frantses Filologia, Galiziar Filologia, Hebrear Filologia, Filologia Hispanikoa, Ingeles Filologia, Italiar Filologia, Portugaldar Filologia, Filologia Erromanikoa, Euskal Filologia, Geografia, Historia, Artearen Historia, Humanitateak, Merkatu Ikerketa eta Teknikak, Hizkuntzalaritza, Kazetaritza, Soziologia, Literatura Teoria, Literatura Konparatua. Diplomaturak: Enpresa Zientziak, Kudeaketa eta Administrazio Publikoa, Lan Harremanak.

2006-2007 IKASTURTEAN UNIBERTSITATEKO IKASKETA-ZERBITZUENGATIK ORDAINDU BEHARREKO PREZIOAK FINKATZEN DITUEN AGINDUAREN III. ERANSKINA
KREDITU-SISTEMAZ EGITURATUTAKO IRAKASKUNTZAK
TARIFAK

	 Irakaskuntzaren 	Lehenengo 	Bigarren 	Hirugarrena eta 	Doktoretza 	Ikerketa

	esperimentazio 	matrikula	matrikula	ondor. matrikulak	Programa	Masterra

	maila	(Kreditu prezioa)	(Kreditu prezioa)	 (Kreditu prezioa)	(Kreditu prezioa)	(Kreditu prezioa)

						ECTS

		Euro	Euro	Euro	Euro	Euro

	1	13,54	14,89	17,90	51,69	28,00

	2	12,99	14,27	17,13	51,36	27,82

	3	10,05	11,09	13,28	42,49	23,02

	4	8,73	9,60	11,50	37,09	20,09

El Correo-UPV/EHU Multimedia Kazetaritza masterrari, izaera profesionala baitu, kredituko (ECTS) 80,00 euroko tarifa aplikatuko zaio.

2006-2007 IKASTURTEAN UNIBERTSITATEKO IKASKETA-ZERBITZUENGATIK ORDAINDU BEHARREKO PREZIOAK FINKATZEN DITUEN AGINDUAREN IV. ERANSKINA
TARIFAK

1. tarifa.– Ebaluazioak, probak eta tutoretza:

1.1.– Unibertsitatera sartzeko gaitasun-probak: 58,80 euro.

1.2.– Itzulpengintza- eta interpretazio-ikasketak egiteko sarrera-probak: 58,53 euro.

1.3.– Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Fakultatean sartzeko deitutako probak (inskripzio-eskubideak): 50,16 euro.

1.4.– Espezializazio Didaktikoko Ikastaroa edo baliokidea.

1. kreditua: tarifa esperimentazioaren 4. mailari dagokiona izango da.

1.5.– Karrera amaierako proiektuaren ebaluaketa: 113,33 euro.

1.6.– Graduko azterketa edo tesinaren ebaluaketa: 113,33 euro.

1.7.– Goi-mailako hezkuntzako atzerriko tituluak homologatzeko proba: 113,33 euro.

1.8.– Goi-hezkuntzako atzerriko tituluak graduatu ondoko titulu akademikoekin (doktore) homologatzea: 177,00 euro.

1.9. Doktoregaien tutoretza: 27,14 euro.

1.10.– Doktoretza-tesirako azterketa: 117,64 euro.

2. tarifa.– Tituluak eta idazkaritza:

2.1.– Titulu akademikoak ematea:

2.1.1.– Doktoretza: 177,46 euro.

2.1.2.– Masterra: 140,00 euro.

2.1.3. Lizentziatua, Arkitektoa eta Ingeniaria: 119,14 euro.

2.1.4. Diplomatua, Arkitekto Teknikoa eta Ingeniari Teknikoa: 59,61 euro.

2.1.5.– Espezializazio didaktikoko ikastaroa edo baliokidea: 59,61 euro.

2.1.6.– Tituluaren gehigarri europarra: 54,60 euro.

2.1.7.– Ikasketa aurreratuen egiaztagiria-diploma: 64,82 euro.

2.1.8.– Unibertsitateko edo graduondoko titulu ofizialak ematea eta horien bikoizketen inprimaketa: 26,62 euro.

2.2.– Idazkaritza:

2.2.1.– Ikasketa-espedientea irekitzea ikastetxeren batean ikasketak hasten direlako, egiaztagiri akademikoak eta ikasketa-espedienteak tokiz aldatzea: 20,57 euro.

2.2.2.– Ikasketa-espedientea irekitzea hirugarren zikloko ikasketak hasten direlako: 20,57 euro.

2.2.3- Ikasketa-espedientea irekitzea graduatu ondoko ikasketa ofizialak egiten hasteagatik: 20,57 euro.

2.2.4.– Ikasketa-espedientea irekitzea Espezializazio Didaktikoko Ikastaroa edo baliokidea egiten hasteagatik: 20,57 euro.

2.2.5.– Kopia kauto, kautotu eta konpultsatuak ematea:

Kopiako: 4,05 euro.

Konpultsatu beharreko agiriaren orri gehigarriko: 0,40 euro.

2.2.6.– Identifikazio-txartela ematea: 4,66 euro.


Azterketa dokumentala