Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

78. zk., 2006ko apirilaren 25a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila
2136

81/2006 DEKRETUA, 2006ko apirilaren 11koa, gune zoologikoei buruzkoa.

Animaliak babesteko urriaren 29ko 6/1993 Legea 1993ko azaroaren 15ean eman zen argitara Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 220. zenbakian. Lege horrek arauak ezarri zituen Euskal Autonomia Erkidegoan dauden etxe-abereak, abere etxekotuak eta leku itxian sartutako animalia basatiak babesteko, kontuan hartu gabe animalia horiek autonomia-erkidegoan erroldatuta eta erregistratuta dauden, eta zeinahi ere den animalia horien jabeen edo edukitzaileen bizilekua.

II. Tituluko Hirugarren Kapituluak "Haztegiak, salmentarako tokiak eta animaliak aldi batez edukitzeko tokiak" izena du; hor, hainbat baldintza orokor jaso dira, animaliak hazteko edo saltzeko establezimenduek, egoitzek, animaliak hezteko zentroek eta animaliak aldi batez edukitzeko dauden bestelako instalazioek bete behar dituztenak. Alabaina, testuaren idatz-zati batzuetan jasota dagoenez, arauz ezarriko dira animalia-mota bakoitzak beharko dituen gutxieneko neurriak eta instalazioak.

Hala, beraz, 1994ko abenduaren 20an, Euskal Autonomia Erkidegoko gune zoologikoen baimenari, erregistroari eta kontrolari buruzko azaroaren 15eko 444/1994 Dekretua eman zen argitara Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 240. zenbakian. Dekretu horren I. eranskinean, abere-establezimenduak eta gune zoologikoak baimentzeko baldintza orokorrak finkatu ziren. Ordutik hona, aldaketa ugari izan dira, hala arauen aldetik –Erkidegoko araudi berria, Euskal Autonomia Erkidegoan txakurrak edukitzeari buruzko ekainaren 1eko 101/2004 Dekretua– nola animalien defentsa, babes eta ongizatearen arloan, horri buruzko kontzientziazioa goraka baitoa gizartean. Aldaketa horien guztien ondorioz, eta azaroaren 15eko 444/1994 Dekretuan finkatutako baldintzen zehaztasun urria dela-eta, arlo honetan eskumena duten organoei zaila egin zaie legea bete behar duten subjektuak ondo kontrolatzea eta, hala behar denean, subjektu horiei zehapena jartzea. Hargatik, araua eraginkortasunez aplikatzeko behar diren elementuak zehazten eta jasotzen dituen xedapena egin behar da, eta, gero, azaroaren 15eko 444/1994 Dekretua indargabetu.

Dekretu hau prestatzerakoan, kontsulta egin zaie Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiei. Era berean, dekretua jendaurreko erakustaldian jarri da.

Horrenbestez, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuak proposaturik, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2006ko apirilaren 11n egindako bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen bidez, baldintzak ezarri nahi dira animaliak babesteko urriaren 29ko 6/1993 Legean finkatutako Euskal Autonomia Erkidegoko gune zoologikoen jarduera arautze aldera.

2. artikulua.– Gune zoologikoak.

1.– Dekretu honetan ezarritakoari begira, gune zoologikoa da animaliak edukitzeko, mantentzeko, hazteko eta/edo saltzeko dauden zentro, establezimendu eta instalazio guztiak, berdin dio hori gunearen jarduera nagusia den eta merkataritzako helburuak dituen edo ez.

2.– Gune zoologikoak honela sailkatuko ditugu:

a) Basa-animaliak, animalia exotikoak edo bertako animaliak dituzten guneak, betiere, helburu zientifikoa edota aisialdi- edo kultura-arloko xedea badute. Atal honen barruan, honako hauek ditugu:

1) Animaliak sendatzeko zentroak.

2) Parke zoologikoak.

3) Animaliak itxita dituzten erreserba zoologikoak.

4) Herriz herriko erakusketa zoologikoak.

5) Animaliak dauzkaten zirkuak.

6) Bilduma zoologiko pribatuak.

7) Zoosafariak.

b) Lagun egiteko etxe-abereak dituzten guneak eta aurreko idatz-zatian jaso ez diren horiek. Atal honen barruan, honako hauek ditugu:

1) Urtebetetik gorako 10 txakur edo gehiago dituzten txakurtegiak eta/edo 20 m2-tik gorako azalerako instalazioak dituzten horiek.

2) Sei hilabetetik gorako hamar katu edo gehiago dituzten instalazioak.

3) Animalien egoitzak.

4) Txakurrak hezteko eskolak, betiere, animaliak edukitzeko instalazioak badituzte.

5) Animaliak saltzeko dendak.

6) Txori- eta hegazti-dendak.

7) Urriaren 29ko 6/1993 Legearen 18. artikuluko 1. idatz-zatian jaso ez diren animaliak biltzeko zentroak.

8) Kalez kaleko salmentako establezimenduak.

9) Bilduma pribatuak edo partikularrak.

3. artikulua.– Aurretiazko eta jardunean jartzeko baimena.

1.– Jardunean hasi aurretik, gune zoologikoek eskumena duten foru-organoek emandako administrazio-baimen egokiak eduki beharko dituzte, aurretiazko eta jardunean jartzeko baimenak, alegia. Aurretiazko baimenaren bidez, aurkeztu den proiektuak dagozkion baldintza materialak eta funtzionalak betetzen ote dituen ikusi nahi da; beraz, hala behar denean, neurri zuzentzaileak eduki beharko ditu. Baimen hori jaso ondoren, dagokion udalari jakinarazi beharko zaio, espedientean jaso dadin; gainera, nahitaezko baldintza izango da udal-lizentziak emateko. Aurretiazko baimena eta udal-lizentziak eskuratu ondoren, jarduerari ekin aurretik, jardunean jartzeko baimena eskatu beharko da. Jardunean jartzeko lizentziaren baldintzetan eragina duen aldaketaren bat eginez gero, beste baimen bat eskatu beharko da horretarako.

2.– Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, gune zoologikoak aplika daitezkeen gainerako araudietan eskatzen diren baimen eta lizentzia guztiak eduki beharko ditu, batez ere arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeari buruzkoak.

Jendeari erakusteko zabalik dauden parke zoologikoei dagokienez, parke zoologikoetan basa-animaliak zaintzeari buruzko urriaren 27ko 31/2003 Legean ezarritako baldintzak bete beharko dira.

3.– Zirkuak, herriz herri doazen erakusketa zoologikoak eta aldi batez egongo diren bestelako establezimenduak zabaltzeko baimenak iraungi egingo dira baimena emateko epea igarotakoan, edota, nolanahi ere, dena delako establezimendua beste leku batera eramatean.

4. artikulua.– Aurretiazko baimena lortzeko baldintzak.

1.– Aurreko artikuluko 1. paragrafoan adierazitako aurretiazko baimena lortzeko, gune zoologikoek Dekretu honen I. eranskinean finkatuta dauden baldintza orokorrak bete beharko dituzte. Horrez gain, baldintza berezi hauek bete beharko dituzte:

a) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak dituzten zentroetan, II. eranskinean finkatuta dauden segurtasuneko baldintzak bete beharko dira.

b) Txakurrak edo katuak dituzten zentroetan, III. eranskinean finkatuta dauden baldintza bereziak bete beharko dira.

c) Basa-animaliak dituzten zentroetan, IV. eranskinean animalien ongizaterako finkatuta dauden baldintza bereziak bete beharko dira.

2.– Merkataritzako jardueraren bat egiten duten gune zoologikoetan, bertako basa-animaliak edo animalia exotikoak zaintzeko eta hazteko programak egiten dituzten horietan, eta etxe-abereei edo basa-animaliei buruzko hezkuntza- edo prestakuntza-programak egiten dituzten guneetan, Albaitaritzako lizentziatu bat eta osasun-profilaxiari buruzko programa bat eduki beharko dute.

5. artikulua.– Baimenaren eskabideak.

1.– Baimena jasotzeko eskabideak establezimenduaren kokalekuari dagokion foru-organoari zuzenduko zaizkio, organo horrek izango baitu ebazteko eskumena. Eskabidea zentroaren edo establezimenduaren titularra den pertsona fisikoak edo pertsona juridikoaren lege-ordezkariak sinatu beharko du. Baimena jasotzeko eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Zentroko jarduera deskribatzen duen memoria, zentroan eskura dauden baliabide materialen eta giza baliabideen zerrendarekin.

b) Zentroaren edo establezimenduaren eta instalazioen krokisa.

c) Barruan egongo diren espezien zerrenda.

d) Instalazioen higiene-programa, desinfektatzeko eta intsektuak eta arratoiak hiltzeko lanetan adituak diren langileek egina.

e) Horrelakorik behar izanez gero, animalien profilaxi-programa, albaitari batek gainbegiratua.

f) Laugarren artikuluko baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen agiria.

2.– Eskumena duen foru-organoak akatsen bat, gabeziaren bat edo zerbait oker dagoela atzematen badu aurkeztu den eskabidean, eskatzaileari jakinaraziko dio eta 10 eguneko epea emango dio zuzentzeko; eta ohartaraziko dio, hori egin ezean, eskabidean atzera egin duela pentsatuko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 42. artikuluan ezarritakoari jarraituz ebazpena eman ondoren.

3.– Foru-aldundiek lurralde historiko bakoitzean dauden gune zoologikoen zerrenda gaurkotua aurkeztuko diote urtero Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailari.

6. artikulua.– Merkataritza.

1.– Dekretu honen erregulazioaren eraginpean dauden eta animaliekin merkataritzako jarduerak egiten dituzten establezimenduek araudiak eskatzen dizkien baimenak eduki beharko dituzte, eta batez ere honako hauek bete beharko dituzte: Kontseiluaren 1996ko abenduaren 9ko 338/1997 (EE) Erregelamenduak, merkataritza kontrolatuz basoko animaliak eta landareak babesteari buruzkoak, eman dituen xedapenak eta erregelamendu horri egindako aldaketak; eta irailaren 16ko 1881/1994 Errege Dekretua, Europako Erkidego barneko trukeetan eta hirugarren estatu batzuetatik iritsitako animalien, espermaren, obuluen eta enbrioien inportazioetan aplikatu daitezkeen osasun-poliziako baldintzak ezarri dituena –betiere, baldintza hauei dagokienez, 1992ko urriaren 30eko 1316/1992 Errege Dekretuaren A eranskinaren 1. atalean eta Arriskuan dauden Espezieen Nazioarteko Salmentaren Kontrolerako Konbentzioan jasotako xedapenak bete behar ez badituzte–.

2.– Nahitaez aditzera eman behar diren gaixotasunekin kutsatu daitezkeen animaliekin Europako Erkidego barneko estatuen artean merkataritzako trukeak egiteko diren gune zoologikoek Dekretu honen V. eranskinean finkatutako osasun-baldintzak bete beharko dituzte.

7. artikulua.– Erregistro-liburua.

1.– Jardunean jartzeko baimena eskuratu ondoren, gune zoologikoek erregistro-liburua eduki beharko dute. Liburu hori eskumena duen foru-organoak gainbegiratuko du, eta, bertan, honako kontzeptu hauek zehaztu beharko dira, banaka identifikatutako animalia bakoitzeko edota banakako identifikaziorik ez duten animalien lote bakoitzeko:

a) Sarrera-eguna.

b) Animaliaren edo lotearen identifikazioa.

c) Animaliaren jatorria.

d) Altaren arrazoia.

e) Animaliaren helburua.

f) Irteera-eguna.

g) Bajaren arrazoia.

2.– Aurreko paragrafoan ezarritakoaz gain, zentroak edo establezimenduak agiri hauek eduki beharko ditu:

a) Etxe-abereak izanez gero, banakako identifikaziorako agiria, hori eskatu ahal denean, edo merkataritzako edota animalia lagatzeko agiria.

b) Leku itxian jaio ez diren bertako basa-animaliak izanez gero, ale horiek atzemateko baimena; baimen hori animaliaren jatorrizko tokian eskumena duen agintariak egin beharko du.

c) Leku itxian jaiotako bertako basa-animaliak izanez gero, merkataritza-agiria edo animalia lagatzeko agiria, hazleak edo lehengo jabeak egina.

d) Leku itxian hazitako basa-animalia exotikoak izanez gero, merkataritza-agiria edo animalia lagatzeko agiria, hazleak edo lehengo jabeak egina.

e) Leku itxian jaio ez diren basa-animalia exotikoak izanez gero, inportatzeko baimena, merkataritzako agiria edo animalia lagatzeko agiria, lehengo jabeak egina, eta Europar Batasunera inportatzeko baimena, Kontseiluaren 1996ko abenduaren 9ko 338/1997 (EE) Erregelamenduak, merkataritza kontrolatuz basoko animaliak eta landareak babesteari buruzkoak, B, C eta D eranskinetan eta erregelamenduaren aldaketek jaso dituzten espezien aleei dagokienez.

8. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Gune Zoologikoen Erregistroa.

1.– Dekretu honetan edo haren aldaketetan eta berrikuntzetan ezarritakoari jarraiki ematen diren baimenak Euskal Autonomia Erkidegoko Gune Zoologikoen Erregistroan inskribatuko dira; erregistro hori animalien osasunaren arloan eskumena duen lurralde historiko bakoitzeko foru-organoaren mende dago. Urriaren 29ko 6/1993 Legearen 18. artikuluko 1. idatz-zatian jaso ez diren animaliak biltzeko zentroek Erregistroan inskribatzeko eskaera egin beharko dute.

2.– Erregistroak izaera administratiboa eta publikoa edukiko du; eta atalka antolatuko da, Dekretu honen 2. artikuluan jasotako sailkapenarekin bat etorrita.

3.– Gune zoologikoak dagokien Erregistroko atalean erregistratuko dira, egiten duten jarduera nagusia ikusita.

9. artikulua.– Jakinarazpena.

Eskumena duten foru-organoek udal-organoei jakinaraziko dizkiete Euskal Autonomia Erkidegoko Gune Zoologikoen Erregistroan egindako inskripzioak eta oharrak, zehazki, dagokien udalerrian helbidea duten zentroei edo establezimenduei dagozkienak. Jakinarazpen hori egiteko hamabost eguneko epea egongo da, inskripzioa edo oharra egin den egunetik hasita.

10. artikulua.– Animaliak identifikatzea.

1.– Gune zoologikoetan dauden etxe-abereak osasun-arloko araudiari eta kasuan kasu aplikatu daitekeen banakako identifikazioko araudiari jarraiki identifikatuko dira.

2.– Toki itxian jaio eta hazitako basa-hegaztien aleak identifikatzeko, soldatu gabeko eta era bakarrean markatutako uztaitxo itxi bat jarriko zaie hankan, hau da, etenik edo loturarik gabeko zirkulua osatzen duen uztai edo zinta bat jarriko zaie, inola ere hautsi ez dena, tamaina egokia duena eta, hegaztia erabat hazita dagoenean, hankatik inork kendu ezingo diona. Uztaia helburu zehatz horretarako fabrikatuko da merkataritza-arloan, eta hegaztia jaio ondoko egunetan ezarriko zaio hankan. Uztaiaren bidez identifikazioa egitea ezinekoa bada, transponder edo mikrotxip bat baliatu ahal izango da, betiere, indarrean dauden ISO araudiak betetzen baditu.

3.– Aurrekoak ez bezalakoak diren basa-ornodunen espezieen aleak helduarora iritsi aurretik identifikatu ahal izango dira, indarrean dauden arauak betetzen dituen transpondera edo mikrotxipa jarriz.

4.– Beste animalia-espezie batzuetako aleei dagokienez –lehen aipatutako espezietakoak ere barne hartuta–, lehen deskribatutako prozeduren bidez identifikatzea ezinezkoa bada edo prozedura hori egokia ez dela frogatu bada, honela identifikatuko dira: uztaiak, zintak, etiketak, tatuajeak edo kode bakarra duten bide egokiagoak baliatuz.

5.– Nolanahi ere, erabiltzen den sistema gorabehera, identifikazioa egiterakoan behar bezalako tratua emango zaio animaliari, eta ahalegina egingo da animalia ondo egon dadin eta haren berezko portaera errespetatzeko.

11. artikulua.– Ikuskaritza eta zaintza.

1.– Foru-organoak arduratuko dira, animalien osasunaren eta ongizatearen arloan dagozkien eskumenak erabiliz, Dekretu honetan aipatzen diren zentroak eta establezimenduak ikuskatzeaz eta zaintzeaz, bai eta baimena emateko bete behar ziren baldintzak betetzen ote diren egiaztatzeaz, kontrolatzeaz eta zaintzeaz.

2.– Gune zoologikoetako titularrek animaliak dauden toki, lokal eta instalazioetara sartzen utzi beharko diete ikuskaritza-zerbitzuei, eta laguntza emango diete ikuskaritza-lanak egiten dituzten bitartean.

12. artikulua.– Arau-hausteak.

1.– Dekretu honen xede diren zentroetan egiten diren arau-hausteak zehatuko dira animaliak babesteko urriaren 29ko 6/1993 Legeak eta arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko Araubide Juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legeak ezarritakoaren arabera.

2.– Ondorio horretarako, 6/1993 Legearen 27.2 e) artikuluaren esparruan, jokaera hauek arau-hauste larriak dira:

a) Dekretu honen 7. artikuluan finkatutako agiriak ez edukitzea.

b) Erregistro-liburuak osatu gabe edukitzea edo datu batzuk ez izatea.

c) Animalien espezieak saltzea, edukitzea, haiekin trafikatzea, merkataritzan jardutea edo haiek erakustea, Arriskuan dauden Espezieen Nazioarteko Salmentaren Kontrolerako Konbentzioa eta irailaren 16ko 1881/1994 Errege Dekretua hautsiz.

d) Erregistroko inskripziorik edo jardunean jartzeko dagokion baimena ez edukitzea.

e) Aldaketak egiteko dagokion baimena ez izatea, edo Erregistroari aditzera ez ematea zentroan edota establezimenduan egindako aldaketen berri.

f) Ikuskaritzako lan ofizialak egiten ez uztea, oztopatzea edo laguntzarik ez ematea.

13. artikulua.– Zehapenak.

Aurreko artikuluko 2. paragrafoan aipatutako arau-hausteak honela zehatuko dira, gaitzespen-maila kontuan izanik, eta urriaren 29ko 6/1993 Legeak 30.1. a) artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita, baina aplikatzeari utzi gabe artikulu horretan jasotako zenbatekoen graduazioari begira erabakigarriak diren gainerako inguruabarrak arau-hauste larrien eskalan:

a) Aurreko artikuluko 2.b) eta f) idatz-zatietan aipatutako arau-haustea: 300 eta 600 euro bitarteko isuna.

b) Aurreko artikuluko 2.a) eta e) idatz-zatietan aipatutako arau-hausteak: 601 eta 1.050 euro bitarteko isuna.

c) Aurreko artikuluko 2.c) eta d) idatz-zatietan aipatutako arau-hausteak: 1.051 eta 1.500 euro bitarteko isuna.

14. artikulua.– Zehatzeko ahalmena.

Zehatzeko ahalmena baliatzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: animaliak babesteko urriaren 29ko 6/1993 Legeak V. tituluaren III. kapituluan ezarritakoa, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko Araubide Juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen zehatze-ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legea. Bestalde, honako organo hauek dira zehatzeko ahalmena izango dutenak:

a) Animaliak babesteko urriaren 29ko 6/1993 Legean ezarritako arau-hausteak direla-eta zehapena jartzeko eskumena xedapen horren 32. artikuluan jasota dauden organoena izango da.

b) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko Araubide Juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean ezarritako arau-hausteak direla-eta zehapena jartzeko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoan txakurrak edukitzeari buruzko ekainaren 1eko 101/2004 Dekretuan adierazita dauden organoena izango da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Dekretu hau indarrean sartzean jardunean dauden establezimenduek urtebeteko epea izango dute dekretuan jasotako xedapenetara egokitzeko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Honenbestez indargabetzen da azaroaren 15eko 444/1994 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko gune zoologikoak baimentzeari, erregistratzeari eta kontrolatzeari buruzkoa dena.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuari ahalmena ematen zaio Dekretu hau garatze eta aplikatze aldera egokitzat jotzen dituen xedapenak eman ditzan, eta, zehazki, agindu bidez I, II, III, IV eta V. eranskinak aldatu ditzan, hartara, Europako Erkidegoko araudi berrira egokitu ahal izateko.

Bigarrena.– Dekretu hau indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Vitoria-Gasteizen, 2006ko apirilaren 11n.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburua,

GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.

I. ERANSKINA, 2006KO APIRILAREN 11KO 81/2006 DEKRETUARI DAGOKIONA
ANIMALIEN OSASUN- ETA ONGIZATE-BALDINTZAK, GUNE ZOOLOGIKOEK ORO HAR BETE BEHARREKOAK

I.– Toki egokian kokatuta egongo dira.

II.– Instalazio eta ekipo egokiak edukiko dituzte animaliak behar diren higiene-baldintzekin maneiatu ahal izateko.

III.– Behar adina ur edukiko dute, eta ura behar den kalitatekoa izango da, gune zoologikoa era egokian garbitu ahal izateko. Merkataritzako helburua duten gune zoologikoetan, gutxienez, garbiketarako ur beroa eta hotza bideratzeko sarea eduki beharko dute.

IV.– Hondakinak ezabatzeko sistema egokia izango dute, ingurunea kutsatzeko edo osasun-aldeko arriskurik egon ez dadin, ez beste animalia batzuentzat ez eta pertsonentzat ere.

V.– Behar diren baliabideak edukiko dituzte animaliak maneiatzeko erabilitako instalazioak, materialak eta ibilgailuak garbitzeko eta desinfektatzeko. Gune zoologikoetan –20 m2ko azaleratik beherako instalazioak dituzten bilduma zoologiko, hegazti-denda eta txakurtegi pribatuetan izan ezik–, presiozko eta/edo lurrunezko garbiketako makina bat eduki eta aldian behin erabili beharko da; horrez gain, garbitzeko eta desinfektatzeko produktuak biltegiratzeko berariaz erabiltzen den leku bat eduki beharko da.

VI.– Une oro bermatu beharko da instalazioak eta ekipoak aski erosoak direla animalientzat, bai ostatu hartzeko lekuak, bai aisialdirako eta ariketa fisikoa egiteko prestatutako tokiak (aukera hori eman behar baitzaie nahitaez), bai eta osasun-laguntzako eta garraioko tokiak ere. Espezieak edo aleak kanpoaldeko girora eta eguraldi txarrera jarrita ez badaude, animalia horiek behar bezala babestu beharko dira. Instalazioek egokiak izan beharko dute, animaliek janaria eta ura jaso dezaten behar den kopuruan eta kalitatearekin.

VII.– Sistema bat eduki beharko da gorozkiak, mendak, simaurrak, gorpuak eta gunean egiten diren ohiko jardueretan sortzen den edozein gai ezabatzeko.

VIII.– Programa bat eduki beharko da instalazioak eta materiala garbitzeko, desinfektatzeko eta intsektuak eta arratoiak hiltzeko; eta, merkataritza-xedeko gunea izanez gero, sistema hori aditu batek gainbegiratu beharko du.

IX.– Animalien osasun-profilaxiaren programa prestatzeko eskatu ahal denean, programa horretan ondo jaso beharko da sartu berriak diren animaliekin osasun-aldetik egingo diren jarduerak eta gune zoologikoetan gehien aurreikusten diren patologiak agertzen direnean nola jokatuko den. Horrez gain, gune zoologikoak leku eta material egokiak eduki beharko ditu profilaxi-planean aurreikusitako osasun-arloko neurriak gauzatu ahal izateko, animaliei eta pertsonei isolamendu-maila egokia bermatuz.

X.– Toki eta material egokiak eduki beharko dira espezie eta animalia-mota bakoitzarentzat aurreikusi den gehienezko edukiera aintzat hartuta, eta, gainera, toki eta material horiek egokitu beharko dira ikuspegi etologikotik eta osasun- eta segurtasun-aldetik behar diren gainerako baldintza zehatzetara.

XI.– Instalazio eta bitarteko aski eduki beharko da animaliek ihes egitea galarazteko eta, era berean, baimenduta ez dauden animalia arrotzik barrura sar ez dadin.

II. ERANSKINA, 2006KO APIRILAREN 11KO 81/2006 DEKRETUARI DAGOKIONA
ARRISKUTSUAK IZAN DAITEZKEEN ANIMALIAK DITUZTEN GUNE ZOOLOGIKOEK BETE BEHARREKO SEGURTASUNEKO
BALDINTZAK

I.– Arriskutsuak izan daitezkeen animalia guztiek dagozkien instalazioen barruan egon beharko dute beti, haiek gidatzeko eta zaintzeko baimena duten langileen kontrolpean daudenean izan ezik.

II.– Instalazioen ingurunea diseinatzean eta eraikitzean, ezaugarri nagusiak hartuko dira kontuan, animaliak, hala nahi dutelako eta/edo ustekabez, kanpora atera ez daitezen.

III.– Instalazioetako hesiak aski sendoak izango dira eta ondo finkatuta egongo dira, animalien pisua eta presioa jasan ahal izateko.

IV.– Hobiak (hala lehorrak nola ur-hobiak) ondo babestuko dira langekin, barrura inor sar ez dadin.

V.– Ateak sendoak, gogorrak eta egokiak izango dira, animaliak kanpora atera ez daitezen; gainera, ateak ezin izango dira inola ere erauzi edo ireki, ez eta segurtasuneko mekanismoak aldatu ere. Bestalde, itxita daudenean blokeatu egingo dira.

VI.– Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak ezin izango dira kontaktu zuzenean egon pertsonekin, eta, hartara, langak, hesiak, hobiak edo eraginkorrak eta fidagarriak diren bestelako sistemak jarriko dira.

VII.– Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak dituzten instalazioetan, animalien arriskugarritasunaren berri ematen duten errotuluak jarriko dira, ahal dela sarreran eta irteeran.

VIII.– Ezaugarri hauek dituzten gune zoologikoek behar beste irteera eduki beharko dituzte, eta irteera horiek tamaina egokia izango dute, normalean barrualdean izaten diren pertsonak kontuan izanik, hartara, larrialdiren bat bada, berehala kanporatu ahal izan daitezen. Irteerak ondo seinaleztatu beharko dira, eta erraz ireki ahal izango dira barrualdetik.

IX.– Estaltzeetarako animaliarik erabiliz gero, neurri egokiak hartu beharko dira pertsonak edota beste animalia batzuk zauritu ez daitezen.

X.– Emergentzia-plana eduki beharko da, bai eta animaliak harrapatzeko material egokia ere, ihesen bat denean erabiltzeko. Gunearen ardura duten langileek plan horren berri izango dute eta ondo probatuta eduki beharko dute.

XI.– Zuhaitzak, farolak eta bestelako elementu bertikalak era egokian jarriko eta edukiko dira, animaliek ihes egin ez dezaten eta pertsonak barrura sar ez daitezen.

XII.– Animalien instalazioetan dauden gaineko pasabideak aski finkoak izango dira, aldi berean pasabidetik joan daitezkeen pertsonen eta ibilgailuen pisua jasan ahal izateko; horrez gain, arriskutsuak izan daitezkeen animalien eta pertsonen arteko kontaktu zuzena galaraziko dute.

XIII.– Baimendu gabeko animaliak eta pertsonak ezin izango dira sartu beren segurtasunerako arriskutsuak izan daitezkeen lekuetan; leku horietan seinale egokiak jarri beharko dira, eta kasu bakoitzean egokienak diren babes-gailuak ere bai.

XIV.– Lehen sorospenetarako ekipoa eduki beharko da, bai eta sorospenak emateko oinarrizko jarraibideen idazkia ere.

XV.– Animalia pozoitsuak izanez gero, serum egokiak eduki beharko dira larrialdietan erabiltzeko.

XVI.– Istripuren bat bada hozkadaren bat izan delako, pozoia inokulatu delako edo beste arrazoiren bat dela-eta, eta zauritutakoa berehala eraman behar bada osasun-zentro batera, guneko arduradunak ondo betetako inprimakia aurkeztu beharko du, eta, hor, istripuko datuez gain, zauriak eragin dituen espeziea eta eman diren larrialdiko laguntzak zehaztu beharko dira.

XVII.– Guneko instalazioetatik ibilgailuak ibiltzeko modua badago, orain arte esandakoez gain, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Instalazioetatik arriskutsuak izan daitezkeen animalia haragijaleak ibilgailuren batean sartzeko eta ateratzeko lekuetan, ate bikoitzak egongo dira, biak aldi berean itxi eta ibilgailua bien artean eduki ahal izateko.

b) Tresna bat egongo da, ate bat erabat itxi aurretik beste atea irekitzea ezinezkoa izan dadin, larrialdietan izan ezik.

c) Ateek ixteko sistema elektrikoa badute, horrek bestelako bideak baliatuz ixteko sistema automatikoa izango du, hornidura elektrikoak huts egiten duenerako.

d) Ateak zabaltzeaz eta ixteaz arduratzen diren langileek ateetan eta haien ingurunean egon daitezkeen oztopoak ikusteko modua izango dute.

e) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak dituzten instalazioetara ibilgailuak soilik sartu ahal izango dira behar bezala hornitutako erreskate-ibilgailu bat eskura badago. Estalki sendorik ez duten ibilgailuak ezin izango dira barrura sartu.

f) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak dituzten eta ibilgailuetarako sarbidea duten instalazioak etengabe zaindu beharko dira. Pertsonak zauritu edo hil ditzaketen animaliak badituzte instalazioan, zaindari batek, gutxienez, animalia erasotzailea hiltzeko moduko arma bat eduki beharko du.

XVIII.– Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak dituzten gune zoologikoek aseguru-poliza eduki beharko dute sinatuta eta indarrean, erantzukizun zibilaren arriskuak betetze aldera.

III. ERANSKINA, 2006KO APIRILAREN 11KO 81/2006 DEKRETUARI DAGOKIONA
TXAKURRAK ETA KATUAK DITUZTEN GUNE ZOOLOGIKOEK BETE BEHARREKO BALDINTZA BEREZIAK

I.– Txakurrak.

Txakurrak zaintzeko eta instalazioak mantentzeko, baldintza orokorrak bete behar izateaz gain, guneek gutxieneko espazioa eduki beharko dute animalia bakoitzeko, ondoko taulari jarraiki; gainera, kaiola edo txakurtegia banaka erabiltzeko modukoa ez bada, azalera % 50 handitu beharko da animalia bakoitzeko:

	Pisua	Kaiolen eta/edo 	Kaiolen eta/edo 	 Aldameneko jolas-gunearen

		atseden-lekuen gutxieneko 	atseden-lekuen 	 gutxieneko azalera

		azalera	gutxieneko altuera

12 kg-tik beherakoa	0,75 m2	0,8 m	1,2 m2

12-30 kg bitartekoa	1,2 m2	0,9 m	1,6 m2

30 kg-tik gorakoa	1,70 m2	1,2 m	2 m2

II.– Katuak.

	Pisua	Kaiolen eta/edo atseden-lekuen 	Kaiolen eta/edo atseden-lekuen

		gutxieneko azalera	gutxieneko altuera

Gehienez 4 kg pisatzen dutenak	0,3 m2	50 cm

4 kg-tik gora pisatzen dutenak	0,5 m2	50 cm

IV. ERANSKINA, 2006KO APIRILAREN 11KO 81/2006 DEKRETUARI DAGOKIONA
BASOKO ANIMALIAK DITUZTEN GUNE ZOOLOGIKOEK ANIMALIEN ONGIZATEA BERMATZE ALDERA BETE BEHARREKO BALDINTZA BEREZIAK

I.– Animalia-taldeak izanez gero, ondo kontuan izan beharko da taldearen egitura soziala, aleen kopurua gorabehera.

II.– Lekua era desberdinean baliatzen duten baina beren artean bateragarriak diren espezie desberdinetako animaliak esparru berean daudenean, eremu erabilgarria ez da zabaldu beharko, betiere, lekuaren tamaina egokia bada espezierik zorrotzenaren beharrak asebetetzeko.

III.– Aldiz, espezie desberdinetako animaliak esparru berean badaude eta ale horiek lekua antzera erabiltzen badute, honela jokatuko da lekuak eduki behar dituen dimentsioak kalkulatzeko: espezierik zorrotzenak behar duen gutxieneko bolumena gehi exijentzia gutxien duen espezieak behar dituen bolumenak.

IV.– Beharrizan bereziak asebete beharko dira (hezetasuna, tenperatura, elikadura eta beste batzuk). Hala, bada, kanpoaldeko esparruetan izaten diren espezie gautarrek leku eta baliabide egokiak edukiko dituzte egunez lo egin ahal izateko. Era berean, animalia zuhaiztarrek eta hegan egiteko gai direnek baliabide egokiak eduki beharko dituzte zuhaitzetara igotzeko eta haietatik zintzilikatzeko, lekua behar bezala baliatuz.

V.– Aire zabalean dagoen esparru baterako sarbidea eskatu daitekeenean, horren ordez, barrualdeko esparruak baliatu daitezke, betiere, teilatu lerragarriak eta eguzkiaren argia zuzenean barneratzeko aukera ematen duten ate eta/edo leihoak badituzte. Horrez gain, barneko esparru horiek eguzki-argiaren antzeko argi artifiziala eduki beharko dute, eguraldia dela-eta lehen adierazi ditugun ate-leihoak irekitzea komenigarria ez denean erabiltzeko. Horrelakoetan, barruko esparruak kanpoaldeko esparruetarako eskatzen diren dimentsioak eduki beharko ditu gutxienez, kanpoko eta barneko zatia edukitzea eskatu ahal denean izan ezik, kasu horretan azalerak bi zatien batuketaren parekoa izan beharko baitu gutxienez.

V. ERANSKINA, 2006KO APIRILAREN 11KO 81/2006 DEKRETUARI DAGOKIONA
NAHITAEZ ADITZERA EMAN BEHAR DIREN GAIXOTASUNEKIN KUTSATU DAITEZKEEN ANIMALIEKIN ESTATUEN ARTEAN MERKATARITZAKO TRUKEAK EGITEKO DIREN GUNE ZOOLOGIKOAK BAIMENTZEKO BETE BEHARREKO OSASUN-BALDINTZAK

Gune hauek bete beharreko osasun-baldintzak irailaren 16ko 1881/1994 Errege Dekretuaren C eranskinean ezarri dira; dekretu horren bidez, Europako Erkidego barneko trukeetan eta hirugarren estatu batzuetatik iritsitako animalien, espermaren, obuluen eta enbrioien inportazioetan aplikatu daitezkeen osasun-poliziako baldintzak finkatu dira –betiere, baldintza hauei dagokienez, 1992ko urriaren 30eko 1316/1992 Errege Dekretuaren A eranskinaren 1. atalean jasotako xedapenak bete behar ez badituzte–.

Bestalde, baldintza horiek edozein espezietako tximuak izateko eska daitezke, animaliaren jatorria zein den kontuan hartu gabe.


Azterketa dokumentala