Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

67. zk., 2006ko apirilaren 5a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Iragarpenak

SPRI SA
1831

IRAGARKIA, "KZ Urruneko Bakcupa" Programari buruzkoa eta enpresa txikietako ordenagailuetan gordetako datuen urruneko babes-kopiak Internet bidez egiteko laguntza neurriak ezartzen dituena.

1. artikulua.– Xedea.

KZ Urruneko Backupa Programaren helburua enpresa txikien eta profesionalen ordenagailuetan gordetako datuen Segurtasuna hobetzea da, Urruneko Babes-kopiak Internet bidez egitea bultzatuz.

2. artikulua.– Laguntzen nolakotasuna.

1.– Ordenagailuetan gordetako datuen urruneko babes-kopiak egiteko ematen diren laguntzak ez dira itzulgarriak izango.

2.– Laguntza eskariak aurkezten doazen neurrian (behar bezala beteta badaude) erabakitzen joango dira eta, betiere, Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua SAk KZ Urruneko Backupa Programako dirulaguntzak emateko daukan urteko aurrekontuetako kredituaren mugara arte, edo egozpen urtekotuaren aurrekontuan jarriko den mugara arte.

3.– Laguntzak emateko prozedura arau honen III. kapituluan ezartzen den bezala egingo da.

3. artikulua.– Onuradunak.

Jarduera ekonomikoa gauzatzen duten pertsona fisiko eta juridikoak izan daitezke onuradun, ondorengo baldintzak ere betetzen badituzte:

1.– Beren helbide soziala EAEn edukitzea edo gutxienez jarduera zentro bat EAEn kokaturik egotea.

2.– Laguntza eskaria aurkezteko unean 20 enplegatu baino gutxiago izatea.

3.– Internet bidez Urruneko Backup Diferentzialeko Zerbitzu batean (enpresa onuradunaren ordenagailuetako datuen babes-kopia) alta kontratatu dutela egiaztatzea, laguntza eskaria aurkeztu denez geroztik 2 hilabete igaro ez direnean eta gutxienez 12 hilabeteko eperako, SPRI SAk homologatutako hornitzaileetako batekin, zerbitzu hori eskain dakion.

4.– Zerga alorreko betebeharretan eta Gizarte Segurantzari dagokionetan egoera erregularizatuta edukitzea, hala nola SPRI taldeko edozein elkarterekin dituen betebeharretan ere bai.

5.– Ekonomi Jardueren gaineko Zergan alta emanda egotea.

Ez dira onuradun izango sozietate publikoak, ezta Zuzenbide Publikoko erakundeak ere.

4. artikulua.– Laguntza eskariak aurkezteko epea.

Laguntza eskariak aurkezteko epea 2006ko urtarrilaren 1ean hasiko da. Aurkezteko epea urte bereko abenduaren 31n amaituko da.

5. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko egitatea.

Diruz laguntzeko moduko egitatetzat hartuko dira Internet bidez urruneko babes-kopiak egiteko eta berreskuratzeko zerbitzuen gastuak (zerbitzuko alta barne), programa honetako zerbitzu horiek eskaintzeko SPRI SAk homologatutako edozein hornitzailerekin kontratatzen direnean.

Aurreko paragrafoan deskribatutako lanak enpresa eskatzailearekin akzio edo partizipazio bidezko loturarik (ez zuzenekorik edo zeharkakorik ere) ez duten erakunde edo enpresa espezializatuek egingo dituzte.

6. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.000 eurora bitarteko dirulaguntza onuradun bakoitzeko, SPRI SAk homologatutako edozein hornitzaileri kontratatuta, Internet bidez babes-kopiak egiteko eta berreskuratzeko zerbitzuek (zerbitzuaren alta barne) sortutako gastuei aurre egiteko, baldin eta, kontratua egin denez geroztik 2 hilabete gehienez ere igaro badira, Laguntza eskaria aurkeztutako datatik kontatzen hasita, eta baldin eta zerbitzuak emateko kontratuaren iraupena gutxienez 12 hilabetekoa bada.

Dirulaguntzaren kalkulua:

Dirulaguntza ez da inoiz Backup zerbitzuaren lehen 6 hilabeteen prestazioari dagozkion gastuak baino handiagoa izango.

Dirulaguntza ez da inoiz hilean 60 eurotik gorakoa izango, kontratatutako lizentzia bakoitzeko. Enpresa onuradun bakoitzeko diruz lagun daitezkeen lizentziak bederatzi izango dira gehienez ere.

Zerbitzuan alta emateagatik (baldin eta horrelakorik balego) eman daitekeen laguntza ez da inoiz 20 eurotik gorakoa izango.

Enpresa onuradun bakoitzak behin bakarrik heldu ahal izango dio KZ Urruneko Backupa Programari, indarrean dagoen aldi guztian.

Laguntza eskaria aurkeztu baino bi hilabete lehenagoko fakturak, gehienez ere, onartuko dira soilik.

7. artikulua.– Beste laguntzekiko bateragarritasuna.

Enpresa eskatzaileek SPRI SAri jakinaraziko dizkiote beste programa edo erakunde batzuetan helburu honetarako aurkeztutako laguntza eskariak edo haiengandik jasotako dirulaguntzak. Araudi honen arabera emandako dirulaguntzak bateraezinak izango dira helburu bera duten Administrazio Publikoek emandako beste dirulaguntzekin.

8. artikulua.– Minimis klausula.

Arautegi honetan jasotzen diren dirulaguntzak, 2001eko urtarrilaren 12ko Batzordearen 69/2001 Araudian (EE) (Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean 2001eko urtarrilaren 12an argitaratua) ezartzen denari lotuta daude. Araudi hori, EEko Tratatuaren 87 eta 88. artikuluak Minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da. Europar Batasunak ezartzen duenez, edozein enpresari ematen zaion Minimis laguntzak, guztira, ezingo du 100.000 euro gainditu hiru urteko epean. Muga hau, laguntza modua edo lortu nahi den xedea zein den kontuan hartu gabe aplikatuko da.

9. artikulua.– Zerbitzu hornitzaileen homologazioa.

SPRI, S.A.k hala eskatzen duten enpresen esku jarriko du "enpresa txikietarako Urruneko Backup zerbitzurako baldintzei" dagokien informazioa, "KZ Urruneko Backupa" Programan eskatzen dena. Enpresa hornitzaileak, homologatuak izateko, SPRI SAren aurrean dokumentu honetan ezartzen diren zerbitzuaren baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute.

SPRI SAk bere web orrian (www.spri.net) ikusgai izango du urruneko backup zerbitzua eskaintzeko hornitzaile homologatuen zerrenda eguneratua.

10. artikulua.– Prozedura.

Laguntza eskaria:

Laguntza Eskaria Internet bidez bete beharko da, SPRI SAk horretarako jarriko duen helbidean (www.spri.net edota www.enpresadigitala.net). Enpresa eskatzaileak inprimakiak behar bezala bete eta ondorengo dokumentazioa bidaliko dio SPRI SAri:

– Laguntza Eskariaren inprimakia behar bezala beteta, sinatuta eta zigilatuta, eta aurkeztutako dokumentu guztiak egiazkoak direla egiaztatzen duen zinpeko aitorpena.

– Jabetzako eskrituraren fotokopia, zeinen bitartez egiaztatzen den pertsona sinatzaileak ordezkatzeko nahikoa ahalmen duela laguntza eskari hau enpresaren izenean egiteko, eskatzailea pertsona juridikoa denean.

– Sinatzen duen pertsonaren NAren fotokopia.

– Internet bidez datuen babes-kopiak egiteko eta berreskuratzeko Urruneko Bakcup Zerbitzuaren Kontratuaren fotokopia, SPRI, S.A.k homologatutako edozein hornitzailerekin gutxienez 12 hilabeterako sinatu dena. Onuradunak, Laguntza Eskariaren bitartez, zerbitzu horretan alta gutxienez 12 hilabetez mantentzeko konpromisoa hartzen du.

– Eskaria egin aurreko ekitaldiko Ekonomi Jardueren gaineko Zerga, edota, Laguntza Eskaria egiteko unean, onuradunaren jarduera ekonomikoa egiaztatzen duen Ogasunaren Ziurtagiria, edo dokumentu baliokidea.

– Finantza erakundearen ziurtagiria, enpresa onuradunaren izenean dagoen banku-kontuaren titularitatea egiaztatzen duena.

– Azken TC-1, Laguntza Eskaria aurkeztu aurreko hilabeteari dagokiona, enpresaren langile-kopurua egiaztatzen duena edo dokumentu baliokidea.

Backup zerbitzu horietan Eskaria egiteko data baino lehenago, hau da, 2 hilabete baino gehiagoko aurrerapenaz alta eman duten enpresen Laguntza Eskaririk ez da onartuko.

SPRI SAk enpresa eskatzaileari eska diezaioke dirulaguntzaren xede den proiektuarekin zerikusia duen dokumentazio edota informazio gehigarri oro eman dezala.

Eskatzailea ados badago, eskariko datuak SPRI SAren fitxategi informatiko batean sartuko dira, dirulaguntzen programa hau aplikatu ahal izateko eta interesgarriak izan daitezkeen informazio bidalketak egiteko. Datu horiek Eusko Jaurlaritzari, Foru Aldundiei edota Urruneko Backup Zerbitzurako kontratatuko diren enpresa hornitzaileei laga dakizkieke, Dirulaguntzen Programa kudea dezaten (eta horrexetarako bakarrik). Eskatzaileak sartzeko, zuzentzeko, kitatzeko eta aurka jartzeko eskubideak egikari ditzake SPRI SAren egoitzan (Kale Nagusia, 35 - 3, 48009 Bilbao).

Erabakia:

SPRI SAk ebaluatuko ditu eskariak eta hartzen dituen erabakien berri emango die enpresa eskatzaileei. SPRI SAk gehienez hiru hilabeteko epean hartu eta jakinaraziko dio erabakia enpresari, Laguntza Eskaria behar bezala bete eta artikulu honetan adierazitako agiri osagarriak entregatu direnetik zenbatzen hasita.

Dirulaguntzen ordainketa diruz lagun daitezkeen gastuen fakturak aurkeztean egingo da, eta beti ere bi hilabeteko epean.

11. artikulua.– SPRI SAk, Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailarekin lankidetzan, ekimena bultzatzeko arduraduna baita, baliabide publikoak behar bezala aplikatzen direla egiaztatzeko eta KZ Urruneko Backupa Programaren garapena eta aplikazioa konprobatzeko egoki ikusten dituen egiaztapen, ikuskaritza eta gainontzeko kontrol neurriak burutzeko eskubidea gordetzen du.

12. artikulua.– Egiaztapen hauetan ikusiko balitz dirulaguntzaren onuradunak ez duela programa honetan ezarritako baldintzetakoren bat bete, kobratu dituen diru kopuruak eta kasuan kasuko legezko interesak itzul ditzala eskatuko dio SPRI SAk eta, bere kasuan, itzulketa hori egin dadin behar diren legezko jarduerak martxan jartzeari ekingo dio.

AZKEN XEDAPENAK

1.– Onuraduna behartuta dago SPRI SAri, Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikorako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edozein informazio ematera, dirulaguntzen helburua fiskalizatzeko lanak direla-eta hala eskatzen badiote.

2.– KZ Urruneko Backupa Programaren laguntza neurriak 2006-12-31ra arte egongo dira indarrean eta deialdi bidez luza daitezke, baina adierazten da, hala ere, aurkezten diren eskariak ekitaldi bakoitzean aztertuko direla hurrenkera kronologikoaren arabera, behar bezala bete direnean eta urtean helburu horretarako gaitu den kredituaren mugara arte. Urteko kreditua agortu eta gero aurkeztutako diru-laguntzen eskabideak hurrengo ekitaldian aztertuko dira, baldin eta horretarako krediturik badago eskabideari aurre egiteko.

3.– SPRIren erabakia merkataritza alorrekoa da eta jurisdikzio eskuduntza epaile eta auzitegi zibilena da. Enpresa onuradunak, eduki dezaketen edozein eskumeni formalki uko eginez, dirulaguntzen programa hau interpretatu edo gauzatzerakoan sor daitekeen edozein auzi, desadostasun, arazo edo erreklamazio konpontzeko Bilboko Justizia Auzitegien esanetara jartzen dira berariaz, horiek baitira gai horietan eskuduntza dutenak.

4.– Oinarri hauetan aurreikusi gabeko kontuetan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan ezartzen dena beteko da, dekretu horren bitartez onartzen baita EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina.

Bilbao, 2005eko abenduaren 15a.

SPRI SAko lehendakaria,

ANA AGUIRRE ZURUTUZA.


Azterketa dokumentala