Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

67. zk., 2006ko apirilaren 5a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Iragarpenak

SPRI SA
1830

IRAGARKIA, Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuarena, "Interneterako sarbidea eta mugikortasuna WI-FI-rekin" programaren araudiaren indarraldia luzatzeko eta aldatzeko. Programa horren bidez Wifi teknologia duten haririk gabeko sareak leku publikoetan instalatzen laguntzeko neurriak ezartzen Dira Interneterako sarbidea errazteko.

"Interneterako Sarbidea eta Mugikortasuna WI-FI-rekin" Programa, zeinen bidez Wifi teknologia duten haririk gabeko sareak leku publikoetan instalatzen laguntzeko neurriak ezartzen baitira Interneterako sarbidea errazteko.

I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Helburua.

"Interneterako Sarbidea eta Mugikortasuna WI-FI-rekin" Programaren helburua da ordenagailu eroangarriak edo PDAk (WI-FI txartelarekin) dituzten pertsonei Interneterako sarbidea erraztea haririk gabeko Wifi sarea duten leku publikoetan. Sare mota hori 2,5 GHz-ko bandan emititzen duten antenak instalatuz eratzen da; beraz, banda zabaleko interneterako sarbidea ahalbidetzen da (54 Mbp gehienez). Sarearekin lotu ahal izateko gehieneko distantzia 300 metrokoa da gutxi gorabehera, eta lotura-guneen izena Hot Spot (sarbidea edo lotura-gunea) da.

2. artikulua.– Laguntza mota.

1.– Interneterako sarbidea erraztu asmoz leku publikoetan Wifi sareen instalazioa bultzatzeko emango diren laguntzak diru-laguntza ez itzulgarriak izango dira.

2.– Laguntzen eskariak erabakitzen joango dira aurkezten doazen neurrian (behar bezala beteta badaude) eta, beti ere, Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua, IG-k "Interneterako Sarbidea eta Mugikortasuna Wifi-rekin" (hemendik aurrera, Wifi) programako diru-laguntza berriak emateko dauzkan urteko aurrekontuetako aurrekontu-kredituaren mugara arte, edo urteko egozketa aurrekontuan jasotzeko jarriko den mugara arte, proiektuak gauzatzeko epeen edo diru-laguntzen zenbatekoen arabera.

3.– Laguntzak emateko prozedura, arau honen III. Kapituluan ezartzen den bezala egingo da.

3. artikulua.– Onuradunak.

Enpresa jarduera gauzatzen duten pertsona fisiko eta juridikoak izan daitezke onuradun, horrez gainera, ondorengo baldintzak ere betetzen badituzte:

– EAEn, igarobide publikoak izatea, non ordenagailu eroangarriak edo PDAk dituzten erabiltzaileek gailu horiek erabili ahal izango dituzten, baldin eta igarobide horietan lan egiteko prestatuta dauden itxarote aldeak edo antzekoak badaude. Leku horiek ondokoak izango dira: kongresu jauregiak, justizi jauregiak, aireportuak, trenbide geltokiak, metro edo autobus geltokiak, unibertsitateak, merkataritza ganberak, erakustazokak, teknologi elkartegiak eta hotelak. Onuradun izango dira, baita ere, EAEko Turismo Administrazioko Erregistrora bildutako ostalaritza establezimenduak (jatetxeak, tabernak edo kafetegiak).

– Beren helbide soziala EAEn edukitzea edo gutxienez jarduera zentro bat EAEn kokaturik egotea.

– Wifi haririk gabeko sarea erabiltzea, beren instalazioetan dabiltzan pertsonak errazago konekta daitezen Internetekin.

– Wifi sarean Internetekiko lotura bermatzea eta erabiltzaileak banda zabalean, doan eta 3 urtez gutxienez –instalazioa martxan jarri zenetik– konektatu ahal izatea.

– SPRI S.A.k bultzatutako "Euskadiko Wifi puntuen Elkartea" sortzen bada, onuraduna elkarte horri atxikiko zaio, eta elkarteko erakunde kide diren eta Wifi puntuen titulartasuna duten guztientzat ezarritako baldintzak bete beharko ditu. Horrela beraz, enpresa onuradunak elkarte horren barruan atxiki beharko du bere Wifi puntua elkarteko kideek ezarritako baldintzetan eta gutxienez 3 urteko epean, diru-laguntza eman denetik zenbatzen hasita. Elkartea abian jarriko balitz, baldintza hauek 4. puntuan jasotakoak ordeztuko lituzkete.

– Leku ikusgarrian eta SPRIk emandako formatuen arabera, erabiltzaileak Euskadi Informazio Gizartean Planak sustatutako doako Wifi aldean daudela adierazteko konpromisoa hartzea. Era berean, programaren inguruko bestelako informazioa bildu ahal izango da, SPRIren ustetan, egokia bada.

– Zerga-obligazioak eta, hala badagokio, Gizarte-Segurantzari eta SPRIko edozein sozietateri dagozkionak betetzen direla egiaztatu beharko da.

– Ekonomi Jardueren gaineko Zergan alta emanda egotea.

4. artikulua.– Laguntza eskariak aurkezteko epea.

Laguntza eskariak aurkezteko epea programa hau indarrean egongo den urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean hasiko da eta urte bereko abenduaren 31n amaituko da.

Oro har, ez da onartuko Laguntza Eskaera aurkeztu baino sei hilabete lehenagoko fakturarik.

5. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko egitatea.

Hona hemen diruz laguntzeko moduko jarduerak edo jarduera subentzionagarriak:

1.– Antenak eta Wifi teknologia duten haririk gabeko sareak instalatzeko beharrezko ekipamendua muntatu eta eskuratzea, baldin eta EAEn badaude.

Onuradunaren instalazioetatik igarotzen diren pertsonentzako zerbitzua ematen duten Wifi instalazioak baino ez dira izango subentzionagarriak. Hortaz, enpresa onuradunaren pertsonak konektatzeko instalazioko zatiak ez dira subentzionagarriak izango.

Ez dira subentzionagarriak izango Interneterako sarbideko hornitzailean alta emateko gastuak eta diruz lagundutako haririk gabeko sarearen Interneterako lotura kuotak.

Instalazioa eta ekipoen salmenta enpresa eskatzailearekin zeharkako edo zuzeneko harremanik (akzio edo partaidetzaren bidez) ez duten erakunde edo enpresa adituen zeregina dira.

Diruz laguntzeko moduko ekipamendua berria izan beharko da eta 3 urtez egon beharko du martxan enpresan. Finantza errentamendupean eskuratutako ekipamendua ez da subentzionagarria izango.

II. KAPITULUA
LAGUNTZAK

6. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

Antenak eta Wifi puntua instalatzeko beharrezko ekipamendua eskuratu eta muntatzeko gastuen % 50eko diru-laguntza.

Onuradun bakoitzak laguntza eskabide bat aurkeztu ahal izango du jarduera zentro bakoitzeko (EAE egon behar da) programa indarrean dagoen bitartean. Proiektuko gehieneko diru-laguntza dela eta, irizpide hauek ezarri dira:

Sarbide publikoko gune komunak dituzten onuradunek 600 euroko gehieneko diru-laguntza izango dute, baldin eta gune horietatik pertsonak igaro badaitezke (hemendik Wifi estaldura eskainiko da) eta guneon azalera 500 m2tik beherakoa bada.

Sarbide publikoko gune komunak dituzten onuradunek 1.500 euroko gehieneko diru-laguntza izango dute, baldin eta gune horietatik pertsonak igaro badaitezke (hemendik Wifi estaldura eskainiko da) eta guneon azalera 500 m2koa edo gehiagokoa bada.

Enpresa edota organismo eskatzaileek SPRI, S.A.ri jakinarazi beharko dizkiote proiektu beragatik egin edo jasotako diru- laguntza eskariak. Ez bazaio jakinarazten, emandako diru-laguntza berehala itzultzeko eskatuko zaio enpresa eskatzaileari.

7. artikulua.– Minimis klausula.

Arautegi honetan jasotzen diren diru-laguntzak edo subentzioak, 2001eko urtarrilaren 12ko Batzordearen 69/2001 araudian (EE), Elkarte Europarraren Egunkari Ofizialean 2001eko urtarrilaren 12an argitaratua, ezartzen denari lotuta daude. Araudi hori, EEko Tratatuaren 87 eta 88. artikuluak Minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da. Europar Batasunak ezartzen duenez, edozein enpresari ematen zaion Minimis laguntzak, guztira, ezingo du 100.000 euro gainditu hiru urteko epean. Muga hau, laguntza modua edo lortu nahi den xedea zein den kontuan hartu gabe aplikatuko da.

III. KAPITULUA
PROZEDURA

8. artikulua.– Laguntza Eskariaren aurkezpena.

Laguntza eskaria:

Laguntza Eskaria Internet bidez bete daiteke SPRI, S.A.k horretarako jarriko duen helbidean (www.eeuskadi.net eta www.spri.es). Enpresa eskatzaileak behar bezala bete beharko ditu inprimakiak eta gero, SPRI, S.A.ri ondorengo dokumentazioa bidaliko dio:

– Enpresa onuradunak behar bezala bete, sinatu eta zigilatutako "Laguntza Eskabidea", non enpresa onuradunaren eta SPRI, S.A.ren arteko lankidetza konpromisoa agertuko den.

– Ahalordetze eskrituren fotokopia, zeinen bitartez egiaztatzen den pertsona sinatzaileak ordezkatzeko nahikoa ahalmen duela laguntza eskari hau enpresaren izenean egiteko.

– Sinatzen duen pertsonaren NANaren fotokopia.

– Ekonomi Jardueren gaineko Zergaren (EJZ) azkeneko alta edo ordainagiria (hala badagokio).

– Enpresaren edota elkartearen IFZ edo IFKren fotokopia.

– Erakunde Finantzarioaren egiaztagiria, bankuko kontuaren titularitatea onuradunaren (pertsona fisiko edo juridikoa) izenean dagoela frogatzeko.

– Proiektuaren gastu subentzionagarrien aurrekontua, alegia: antenak eta Wifi teknologia duten haririk gabeko sareak instalatzeko beharrezko ekipamendua (enpresa onuradunetik kanpoko enpresa) Wifi sareak instalatzeko beharrezko azterlanaren ondoriozko gastuak.

SPRIk emandako publizitatea leku ikusgarrian ipini beharko du enpresa onuradunak; izan ere, publizitate horretan, erabiltzaileei jakinaraziko zaie doako Wifi aldean daudela, eta Euskadi Informazio Gizartean Planak sustatu duela lotura-toki hori. Era berean, programaren inguruko bestelako informazioa bildu ahal izango da, SPRIren ustetan, egokia bada, eta leku ikusgarrian egon beharko da lankidetza hitzarmenaren indarraldian, hau da, 3 urtez.

SPRI, S.A.k enpresa eskatzaileari eska diezaioke diru-laguntzaren xede den proiektuarekin zerikusia duen dokumentazio edota informazio gehigarri oro eman dezala.

Eskatzailea ados badago, eskariko datuak SPRI S.A.-ren fitxategi informatiko batean sartuko dira, diru-laguntzen programa hau aplikatu ahal izateko eta interesgarriak izan daitezkeen informazio bidalketak egiteko. Datu horiek Eusko Jaurlaritzari edota Foru Aldundiei laga dakizkieke Diru-laguntzen Programa kudea dezaten (eta horrexetarako bakarrik). Eskatzaileak sartzeko, zuzentzeko, kitatzeko eta aurka jartzeko eskubideak egikari ditzake SPRI, S.A.ren egoitzan (Kale Nagusia, 35-3, 48009 Bilbao).

Ebazpena:

SPRI, S.A.k eskabideak ebaluatu ditu, eta kasuan kasuko ebazpena emango die enpresa eskatzaileei 2 hilabeteko epean, laguntza eskabidea behar den moduan beteta dagonetik zenbatzen hasita.

Ordainketa:

Diru-laguntzak osorik ordainduko dira 2 hilabetean gehienez ebazpena eman zenetik zenbatzen hasita, laguntza eskabidean jasotako agiriak aurkeztu ondoren eta SPRI, S.A.ri ondoko agiri osagarriak igorri eta gero:

– Internet Zerbitzuko hornitzailearekiko kontratuaren kopia; kontratu horren bidez, diruz lagundutako haririk gabeko Wifi sarearekin lotu nahi diren pertsonak banda zabalaren bidez konektatu ahal izango dira. Onuradunak laguntza eskabidea sinatzearen bitartez konpromisoa hartzen du banda zabaleko loturari 3 urtez gutxienez –diruz lagundutako instalazioa martxan jarri zenetik zenbatzen hasita– eusteko.

– Proiektuaren diruz laguntzeko moduko gastuen (beharrezko ekipamenduaren muntaketa eta eskuratzea eta Wifi sarea instalatzearen ondoriozko gastuak) fakturen fotokopiak.

– Egiaztagiri eguneratua (zeinaren data ez dadila emandako diru-laguntzaren ordainketa data baino 3 hilabete lehenagokoa izan) enpresa bere obligazio fiskaletan egunean dagoela frogatzeko.

– Egiaztagiri eguneratua (zeinaren data ez dadila emandako diru-laguntzaren ordainketa data baino 3 hilabete lehenagokoa izan) Gizarte Segurantzako Altxortegi Orokorraren Zuzendaritza Probintzialarena, enpresak erakunde horrekin dituen obligazioetan egunean dagoela frogatzeko.

Gastu subentzionagarria enpresak Laguntza Eskarian xedatu duena baino txikiagoa bada, diru-laguntza edo subentzioa proportzionalki egokituko zaio proiektua gauzatzeko ehunekoari.

IV. KAPITULUA
ARAUTEGIA EZ BETETZEA

9. artikulua.– SPRI, S.A.k, Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailarekin lankidetzan, ekimena bultzatzeko arduraduna baita, baliabide publikoak behar bezala aplikatzen direla eta "Interneterako Sarbidea eta Mugikortasuna Wifi-rekin" Programaren garapena eta aplikazioa egiaztatzeko egoki ikusten dituen egiaztapen, ikuskaritza eta gainontzeko kontrol neurriak burutzeko eskubidea du.

10. artikulua.– Egiaztapen hauetan ikusten bada diru-laguntzaren onuradunak ez duela programa honetan ezarritako baldintzetakoren bat bete, kobratu dituen diru kopuruak itzul ditzala eskatuko dio SPRI, S.A.k eta, hala egokituz gero, itzulketa hori egin dadin behar diren legezko jarduerak martxan jartzeari ekingo dio.

AZKEN XEDAPENAK

1.– Onuraduna behartuta dago SPRI, S.A.ri, Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikorako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edozein informazio ematera, diru-laguntzen helburua fiskalizatzeko daukaten egitekoa betetzerakoan eskatzen badiote.

2.– "Interneterako Sarbidea eta Mugikortasuna Wifi-rekin" Programaren laguntza neurriak 2006-12-31ra arte egongo dira indarrean, baina adierazten da, hala ere, aurkezten diren eskariak ekitaldi bakoitzean aztertuko direla hurrenkera kronologikoaren arabera, behar bezala bete direnean eta urtean helburu horretarako gaitu den kredituaren mugara arte. Kreditua agortu eta gero, ez da eskaririk aztertuko, nahiz eta aurkezturik egon.

3.– SPRIren erabakia merkataritza alorrekoa da eta jurisdikzio eskuduntza epaile eta auzitegi zibilena da. Enpresa onuradunak, eduki dezaketen edozein eskumeni formalki uko eginez, diru-laguntzen programa hau interpretatu edo gauzatzerakoan sor daitekeen edozein auzi, desadostasun, arazo edo erreklamazio konpontzeko Bilboko Justizia Auzitegien esanetara jartzen dira berariaz, horiek baitira gai horietan eskuduntza dutenak.

4.– Oinarri hauetan xedatu gabeko kontuetan, azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilean ezartzen dena beteko da, dekretu horren bitartez onartzen baita Euskadiko Ogasun Orokorreko Oinarri Antolatzaileen Legearen Testu bateratua.

Bilbao, 2005eko abenduaren 15a.

SPRI, S.A.ko lehendakaria,

ANA AGUIRRE ZURUTUZA.


Azterketa dokumentala