Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

67. zk., 2006ko apirilaren 5a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
1814

72/2006 DEKRETUA, martxoaren 28koa, Alegría-Dulantziko Udalak nahitaezko desjabetzea egiteko, "Hirugunetik igarotzean, Alegría ibaiaren ibilgua eta bazterrak leheneratzeko proiektua" burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu behar dituela deklaratzeko dena.

Alegría-Dulantziko Udalak 2005eko abenduaren 1ean egindako osoko bilkuran erabakitakoaren bidez, jendaurrean jarri ziren "Hirigunetik igarotzean, Alegría ibaiaren ibilgua eta bazterrak leheneratzeko proiektua" burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak, nahitaezko desjabetzea egiteko.

Halaber, bilkura horretan bertan erabaki zen, Eusko Jaurlaritzari eskatzea, nahitaezko desjabetzearen eraginpean dauden ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzeko, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Lehenbailehen hartu beharreko ondasun eta eskubideak banakatuta eta xehatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian eta, administrazio espedientean adierazten denez, alegazio-idazki batzuk aurkeztu eta ebatzi ziren.

Zerbitzu Teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da honako arrazoi hauengatik:

Proiektua da, ur-beltzen kolektorea eta hobi septikoa kentzeko, zubia zabaltzeko eta kaltetutako zonaren ibaibazterrak ingurumenaren aldetik leheneratzeko. Bestalde, obra egikaritzeak erraztu egingo du eraikitzen ari diren etxebizitzak kolektore berriarekin konektatzea.

Halaber, beharrezkoa, da obra uda iritsi orduko egikaritzea; agorraldiaren ondorioz ura gutxitzen denean hobia eta kolektorea kenduta egoteko; horrela, ibaia ezin izango da kutsatu.

Adierazitako guztia kontuan hartuta, halabeharrezkotzat eta premiazkotzat jo da, desjabetze-espedienteak eragindako lursailak lehenbailehen betetzea.

Euskal Herriko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: egikaritze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolamenduari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko jarduera isolatuak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari zegokion horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluan aurkeztea.

Ondorioz, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2006ko martxoaren 28an egindako bilkuran aztertu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolamenduari buruzko Legearen 26.an xedatutakoari jarraituz, Hirugunetik igarotzean, Alegría ibaiaren ibilgua eta bazterrak leheneratzeko proiektua burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Alegría-Dulantziko Udalak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzea egiteko. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

Vitoria-Gasteizen, 2006ko martxoaren 28an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ingurumen eta Lurralde

Antolamendu sailburua,

ESTHER LARRAÑAGA GALDOS.


Azterketa dokumentala