
67. zk., 2006ko apirilaren 5a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
1811
69/2006 DEKRETUA, martxoaren 28koa, Bilboko Udalak nahitaezko desjabetzea egiteko, Betolazako goialderako sarbideak trazatzeko proiektua burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu behar dituela deklaratzeko dena.
Bilboko Udalaren Gobernu-batzordeak 2005eko apirilaren 27an egindako bilkuraren bidez, jendaurrean jarri ziren "Betolazako goialderako sarbideak trazatzeko proiektua" burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak, nahitaezko desjabetzea egiteko. Halaber, bilkura horretan bertan erabaki zuen, Eusko Jaurlaritzari eskatzea, nahitaezko desjabetzearen eraginpean dauden ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzeko, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Lehenbailehen hartu beharreko ondasun eta eskubideak banakatuta eta xehatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian eta, administrazio espedientean adierazten denez, alegazio-idazki batzuk aurkeztu eta ebatzi ziren.
Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.
Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da honako arrazoi hauengatik:
Obra da, asfaltozko bidea zabaldu eta urbanizatzeko, halako moldez non bi ibilgailu gurutza daitezkeen eta oinezkoentzako pasagunea ere bermatzen den. Etxebizitzetarako sarbidea bermatzeaz gain, zerbitzu publikoa ematea ere bermatu behar da; alegia, zaborrak batu, eta anbulantziak eta suhiltzaileen ibilgailuak sartzeko lekua utzi.
Adierazitako guztia kontuan hartuta, halabeharrezkotzat eta premiazkotzat jo da, desjabetze-espedienteak eragindako lursailak lehenbailehen betetzea.
Euskal Herriko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: egikaritze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolamenduari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko jarduera isolatuak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari zegokion horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluan aurkeztea.
Ondorioz, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2006ko martxoaren 28an egindako bilkuran aztertu ondoren, honako hau
XEDATU DUT:
Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolamenduari buruzko Legearen 26.an xedatutakoari jarraituz, Betolazako goialderako sarbideak trazatzeko proiektua burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Bilboko Udalak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzea egiteko. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.
Vitoria-Gasteizen, 2006ko martxoaren 28an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Ingurumen eta Lurralde
Antolamendu sailburua,
ESTHER LARRAÑAGA GALDOS.
RSS