
67. zk., 2006ko apirilaren 5a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
1806
EBAZPENA, 2006ko martxoaren 15ekoa, Teknologia eta Industria Garapeneko sailburuordearena, euskal enpresak atzerrian nazioartekotzeko proiektuen garapenean lankidetza-praktikak egin ditzaten, atzerriko tituludunei bekak emateko 2006. urteko deialdia argitara ematen duena.
Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2005eko maiatzaren 9ko Aginduak (2005eko maiatzaren 24ko EHAA, 96. zk.) euskal enpresak atzerrian nazioartekotzeko proiektuen garapenean lankidetza-praktikak egin ditzaten, atzerriko tituludunei bekak emateko programa arautu zuen.
Aipatu diru-laguntzak emateko kredituak EAEko Aurrekontu Orokorretan ekitaldi honetarako finkatutako aurrekontu partidetan jasotzen dira; izan ere, ekitaldi honetarako abenduaren 29ko 5/2005 Legean finkatzen da horien araupetzea.
Aipatutako aginduaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, egoki da hor iragarritako diru-laguntzak emateko, 2006ko ekitaldirako deialdia egitea, eta, horretarako, eman beharreko arau guztiak ematea.
Horrenbestez, aipatutako aginduaren 6. artikuluan ezarritako eskumena erabilita, honako hau,
XEDATU DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen helburua da Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2005eko maiatzaren 9ko Aginduan (2005eko maiatzaren 24ko EHAA, 96. zk.) ezarritako laguntzen 2006 urterako deialdia egitea. Euskal enpresak atzerrian nazioartekotzeko proiektuen garapenean lankidetza-praktikak egin ditzaten, atzerriko tituludunei bekak emateko programa arautu zuen agindu horrek.
Helburu hori betetzearren, guztira, 180.303 euro zuzenduko dira horretara Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan, arlo horretarako izendatutako aurrekontu-kredituari jarraituz.
Diru-kopuru hori aldatu ahalko da, betiere diru-laguntzei buruz ebazpena eman aurretik, eskatutako laguntzak guztira zenbatekoak diren ikusi ondoren, eta, baldin eta Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak beste programa batzuk burututakoan aurrekontuko diru-kopururik ahitu gabe geratzen bada, aurrekontuetan erabilgarri dagoen diruari ere begiratu behar zaio. Horrelako egoerarik gertatuz gero, horren berri jakinarazi behar da Industria Berritzeko eta Garatzeko sailburuordearen ebazpen bidez.
2. artikulua.– Betekizunak.
1.– Eskatzaileek, euskal enpresak atzerrian nazioartekotzeko proiektuen garapenean lankidetza-praktikak egin ditzaten, atzerriko tituludunei bekak emateko den aginduan aurreikusitako laguntzak eskuratu ahal izateko, aipatutako aginduaren 3. artikuluko 1. eta 3. paragrafoetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Enpresek ere baldintza batzuk bete beharko dituzte, hain zuzen ere, aipatu artikuluaren 2. eta 3. paragrafoetan jasotakoak.
2.– Halaber, eskabide-orria eta gainerako agiri osagarriak Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Nazioartekotze Zuzendaritzari bidali beharko dizkiote, eta, aurkeztu, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde-bulegoetan aurkeztu behar dituzte, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetan.
3.– Enpresek eskabideak aurkeztu ahalko dituzte 2006ko maiatzaren 9ra arte.
4.– Bekadun izan nahi duten hautagaiek hilabetea izango dute eskabideak aurkezteko, euskal enpresak atzerrian nazioartekotzeko proiektuen garapenean lankidetza-praktikak egin ditzaten, atzerriko tituludunei bekak emateko den Aginduaren 8.1 artikuluak aipatzen duen iragarkia argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
5.– Gehienez ere, 2006ko ekitaldian, hamabost (15) beka emango dira, eta, gehienez, hamabi hilabeteko iraupena izango dute.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Deialdia egiteko ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Bigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2006ko martxoaren 15a.
Teknologia eta Industria Garapeneko sailburuordea,
JOSÉ IGNACIO TELLECHEA FERNÁNDEZ.
RSS