Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

31. zk., 2006ko otsailaren 14a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Gipuzkoako Batzar Nagusiak
768

9/2005 FORU ARAUA, urriaren 27koa, etxebizitzen alokairua sustatzeko zerga neurriei buruzkoa.

Gipuzkoako diputatu nagusiak

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «Etxebizitzen alokairua sustatzeko zerga neurriei buruzko urriaren 27ko 9/2005 Foru Araua», eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Foru arau honetan zerga alorreko zenbait neurri ezartzen dira alokatzeko etxebizitzen errentamenduen merkatua bultzatzeko.

Helburu hori lortze aldera, hemen onartu diren zerga neurriek hiru zergatan dute eragina: Sozietateen gaineko Zergan, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan eta Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan.

Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, nabarmendu behar da araubide berezi bat ezarri dela lurralde espainiarrean kokatuta dauden etxebizitzak errentan ematen dituzten entitateentzat, beren jarduera ekonomiko nagusia hori denean.

Printzipioz, zerga araubide berezia sozietateei aplikatzen zaie baldin eta beren jarduera ekonomiko nagusia etxebizitzen errentamendua bada Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legeak 2. artikuluan definitzen duen eran. Nolanahi dela ere, araubide berezi hori aplikagarria izan daiteke, baita ere, errentamendu jardueran aritzen diren sozietateek errentan emango diren negozio-lokaletan eta garaje-plazetan inbertitzen dutenean, baina betiere beren kontabilitate balioa, batera hartuta, ez bada entitateak etxebizitzan inbertitutakoaren kontabilitate balio osoaren % 20 baino handiagoa.

Araubide bereziak 100eko 90eko hobaria ezartzen du etxebizitzen errentamenduagatik eta errentamendu horien bitartekaritzagatik eratorritako errenten kuota osoan, baldintza jakin batzuk tarteko. Era berean, hobari hori entitatearen etxebizitzak eskualdatzeagatik lortutako errentei ere aplikatzen zaie, baldin eta entitateak gutxienez 10 urtez izan baditu benetan errentan emanda etxebizitza horiek.

Bestalde, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan, salbuespen bat ezarri da maizterraren alde, abenduaren 30eko 316/2002 Dekretuak, «Etxebizitza Hutsaren Programa» sustatu eta bultzatzen duenak, xedatutakoaren barruan egozten zaizkion kantitateei dagokienez.

Horrez gain, ezarri da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Foru Arauak etxebizitza errentan emateagatik 76 bis artikuluan jasotzen duen kenkaria beste bi kasutan ere aplikatu ahal izango dela, alegia etxebizitzen titularrak aipatutako 316/2002 Dekretuan xedatutakora biltzen direnean eta etxebizitzak errentan ematen dituzten entitateentzat Sozietateen gaineko Zergaren araudian jasotako araubide bereziaz gozatzen duten sozietateei utzi edo alokatzen zaizkienean.

Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari dagokionez, beste bi salbuespen ezarri dira. Horrela, esaten da etxebizitzen eskualdaketak salbuetsita geratuko direla horiek erosten dituztenak Sozietateen gaineko Zergaren araudian etxebizitzak errentan ematen dituzten entitateentzat jasota dagoen zerga araubidera bildutako sozietateak badira, betiere horien geroko errentamenduagatik lortzen diren errentei araubide horretan ezarritako hobaria aplikagarri bazaie.

Bigarren salbuespena aplikatzen da errentamenduak abenduaren 30eko 316/2002 Dekretuan araututako «Etxebizitza Hutsaren Programa»ra biltzen diren etxebizitzen errentamenduak direnean, eta Sozietateen gaineko Zergaren araudiak etxebizitzak errentan ematen dituzten entitateen araubide berezian errentetarako aurreikusten duen hobariaz gozatzen dutenean.

Xedapen indargabetzaileak indarrik gabe uzten du Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren Foru Arauak 15.4 artikuluan jasotzen duen posibilitatea. Izan ere, artikulu horren arabera, udalek ahalmena zuten zerga horretan errekargu bat ezartzeko hutsik dauden etxebizitzen gainean.

Indargabetze horren arrazoia foru arau hau onartzea izan da. Izan ere, hemen artikulatzen diren neurriek indargabetu den neurri fiskalaren helburu berbera dute; hau da, gaur egun hutsik dauden etxebizitzen alokairua eta okupazioa sustatzea. Indargabetze horren beste arrazoi bat da zailtasun praktiko handiak daudela desokupazioaren baldintzak arautuko dituen erregelamendu bat onartzeko, eta hori behar-beharrezkoa da neurri fiskal hori operatiboa izan dadin.

I. KAPITULUA
SOZIETATEEN GAINEKO ZERGA

1. artikulua.– Uztailaren 4ko 7/1996 Foru Araua, Sozietateen gaineko Zergarena, aldatzea.

Sozietateen gaineko Zergari buruzko uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauaren VIII. tituluari XVI. kapitulua gehitu zaio 2005eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan ondorioak izateko. Hauxe da bere testua:

«XVI. KAPITULUA
ETXEBIZITZAK ERRENTAN EMATEN DITUZTEN ENTITATEAK.

119 bis artikulua.– Aplikazio eremua.

1.– Sozietateak kapitulu honetan aipatzen den araubidera bildu ahal izango dira beren jarduera ekonomiko nagusia lurralde espainiarrean kokatutako etxebizitzak errentan ematea denean.

Jarduera hori bateragarria izango da errentan emango diren negozio-lokaletan eta garaje-plazetan inbertitzeko jarduerarekin, baina betiere beren kontabilitate balioa, batera hartuta, ez bada entitateak etxebizitzan inbertitutakoaren kontabilitate balio osoaren % 20 baino handiagoa.

Ondorio horietarako, etxebizitza-errentamendua Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legeak 2. artikuluan definitutakoa izango da soilik, betiere lege horretan etxebizitzen errentamendu kontratuetarako ezarrita dauden baldintzak eta beharkizunak betetzen badira.

2.– Kapitulu honetan jasotzen den zerga araubide berezia aplikatzeko honako beharkizunak bete beharko dira:

a) Errentan ematen diren etxebizitzen % 90k ezingo du eduki 110 metro karratutik gorako azalera eraikia.

b) Entitateak bere jabetzako 10 etxebizitza edo gehiago eduki beharko ditu beti errentan emanda edo errentan eskainiak. Etxebizitzaren errentamenduak bi garaje plaza hartu ahal izango ditu gehienez, bai eta eraikineko eranskinak ere, negozio-lokalak kenduta, baldin eta batzuk eta besteak etxebizitzarekin batera errentan ematen badira.

Etxebizitza kopurua konputatzerakoan, ez dira kontuan hartuko foru arau honen 16. artikuluan jasotakoaren arabera elkarri lotuta dauden pertsona edo entitateei errentan emandakoak.

3.– Araubide hau aukeratzen bada, zerga administrazioari horren berri emango zaio. Zerga araubide berezia aplikatuko da komunikazio hori egin ondoren amaitzen den zergaldian eta araubideari uko egiten zaiola zerga administrazioari jakinarazi aurretik amaitzen diren hurrengoetan.

Erregelamendu bidez ezarri ahal izango da zein beharkizun izango dituen komunikazioak eta zein izango den harekin batera eman beharreko informazioaren edukia.

4.– Entitateari VIII. titulu honetako beste edozein araubide berezi aplikagarri zaionean, kenduta bateratze fiskalarena, nazioarteko gardentasun fiskalarena eta bategiteak, zatiketak, aktiboen ekarpenak, balore trukeak eta aktibo nahiz pasibo osoaren lagapenak arautzen dituena, ezin izango du XVI. kapitulu honetan arautzen den araubidea aukeratu, hurrengo paragrafoan ezarritakoa eragotzi gabe.

Foru arau honen 49. artikuluan jasotakoagatik enpresa txiki eta ertainen araubidea, foru arau honen VIII. tituluko II. kapituluan jasotakoa, aplikagarri zaienean, entitateek araubide hori aplikatzea edo XVI. kapitulu honetan araututakoa aplikatzea aukeratu ahal izango dute.

119 ter artikulua.– Zerga araubidea.

1.– Aurreko artikuluan aipatutako beharkizunak betetzen dituzten entitateek 100eko 90eko hobaria aplikatu ahal izango dute etxebizitzen errentamenduagatik eta errentamendu horien bitartekaritzagatik eratorritako errenten kuota osoan.

Errentamendutik eratorria izanik hobarituko den errenta honako hau izango da etxebizitza bakoitzeko: lortutako sarrera osoa ken sarrera hori lortzeko zuzenean izan diren gastuak ken sarrera horri proportzionalki dagozkion gastu orokorrak.

2.– Hobari hori entitatearen etxebizitzak eskualdatzean lortutako errentei ere aplikatuko zaie, baldin eta entitateak gutxienez 10 urtez izan baditu benetan errentan emanda.

3.– Zerga honen araudian jasota dauden gainerako hobariak aplikagarriak gertatuz gero, aurreko apartatuetan aipatutako hobariak haiek behin aplikatu ondoren egingo dira.

4.– Errentak lortzen badira foru arau honen 16. artikuluaren arabera elkarri lotuta dauden pertsona edo entitateei egindako errentamendu edo eskualdaketengatik, errenta horiei ez zaie aplikatuko artikulu honetan aurreikusitako hobaria.

Etxebizitzak eskualdatzen diren kasuetan, hobari hau aplikatu ahal izateko ezinbestekoa izango da, gainera, etxebizitza errentariak ez erostea.

5.– Kapitulu honetan jasotako araubidea aukeratzen duten entitateetako bazkideei aplikagarria izango zaie, hala badagokie, ezarpen bikoitza saihesteko kenkaria, foru arau honen 33. artikuluan aipatua, mozkinak banatu eta partaidetzak eskualdatzen direnean.

6.– Eskualdaketatik eratorritako errentari aurreko 2 apartatuan jasotako hobaria aplikatu bazaio, foru arau honen 22.1 artikuluak berrinbertsiorako ezartzen duen hiru urteko epea bost urtera zabalduko da.»

II. KAPITULUA
PERTSONA FISIKOEN ERRENTAREN GAINEKO ZERGA

2. artikulua.– Abenduaren 24ko 8/1998 Foru Araua, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarena, aldatzea.

2005eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, ondoko xedapenak aldatu dira Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 24ko 8/1998 Foru Arauan:

Bat.– 9. artikuluko v) letran jasotzen den zerrendari beste xedapen bat gehitu zaio, eta honela dio:

«r´) 316/2002 Dekretua, abenduaren 30ekoa, «Etxebizitza Hutsaren Programa» sustatu eta bultzatzen duena, errentariei dagokienez.»

Bi.– 76. artikuluaren 1 apartatua aldatu da, eta honela geratu da idatzita:

«1.– Ohiko etxebizitza errentan hartzeagatik zergaldiaren barruan diru kopuruak ordaintzen dituzten zergadunek bi kenkari hauetako bat egin ahal izango dute:

a) Zergaldian ordaindutako kopuruen % 20, 1.600 euroko mugarekin urtean.

b) Zergaldian ordaindutako kopuruen % 25, 2.000 euroko mugarekin urtean, baldintza hauetakoren bat betetzen duten zergadunak badira:

– 35 urte baino gutxiago edukitzea.

– Familia ugariaren titularrak izatea.

– Ezintasun iraunkor osoa edo erabatekoa, edo baliaezintasun handia onartuta izatea.

– Etxebizitzen errentariak izatea eta «Etxebizitza Hutsaren Programa» sustatu eta bultzatzen duen abenduaren 30eko 316/2002 Dekretuak xedatutakora bilduta egotea.»

Hiru.– 76. bis artikulua aldatu da, eta honela geratu da idatzita:

«76. bis artikulua.– Kenkaria etxebizitza errentan emateagatik.

1.– Errentatzaileak etxebizitza errentan emateagatik lortutako etekin garbiaren 100eko 20ko kenkaria egingo ahal izango du, barne hartuta etxebizitzarekin batera errentan emandako altzariak, trastelekuak, garaje plazak eta bestelako eranskinak, baldin eta Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legeak 2. artikuluan aipatutako errentamenduak badira.

Kenkari hori etxebizitzen jabeek nahiz haien gaineko usufruktu eskubide errealen titularrek aplikatu ahal izango dute abenduaren 30eko 316/2002 Dekretuak, «Etxebizitza Hutsaren Programa» sustatu eta bultzatzekoak, xedatutakora bilduta daudenean edo, bestela, Sozietateen gaineko Zergaren araudian etxebizitzak errentan ematen dituzten entitateentzat jasotako araubide bereziaz gozatzen duten sozietateei utzi edo alokatzen dizkietenean.

2.– Aurreko apartatuan aipatutako kenkaria 1.600 eurokoa izango da gehienez.»

III. KAPITULUA
ONDARE ESKUALDAKETEN ETA EGINTZA
JURIDIKO DOKUMENTATUEN GAINEKO ZERGA

3. artikulua.– Abenduaren 30eko 18/1987 Foru Araua, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergarena, aldatzea.

Foru arau hau indarrean sartzen denetik aurrera ondorioak izan ditzan, abenduaren 30eko 18/1987 Foru Arauak, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergarenak, 41. artikuluaren 1 apartatuko B letran jasotzen duen testuari 34 eta 35 zenbakiak gehitu zaizkio, honako hauek hain zuzen:

«34.– Etxebizitzen eskualdaketa, horiek erosten dituztenak Sozietateen gaineko Zergaren araudian etxebizitzak errentan ematen dituzten entitateentzat jasota dagoen zerga araubidera bildutako sozietateak direnean, betiere horien geroko errentamenduagatik lortzen diren errentei araubide horretan ezarritako hobaria aplikagarri bazaie.

35.– Abenduaren 30eko 316/2002 Dekretuan araututako «Etxebizitza Hutsaren Programa»ra biltzen diren etxebizitzen errentamenduak, eta, orobat, Sozietateen gaineko Zergaren araudiak etxebizitzak errentan ematen dituzten entitateen araubide berezian errentetarako aurreikusten duen hobariaz gozatzen duten errentamenduak.»

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK

Lehenengoa.– Indarrik gabe geratu da uztailaren 5eko 12/1989 Foru Arauak, Ondasun Higiezinen gaineko Zergarenak, 14. artikuluaren 5 apartatuan dioena.

Bigarrena.– Abenduaren 24ko 8/1998 Foru Arauan, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoan, hamazortzigarren xedapen gehigarria indargabetu da (Etxebizitza Hutsaren Programa).

AMAIERAKO XEDAPENAK

Lehenengoa.– Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondorengo egunean jarriko da indarrean, eta bere artikuluetan zerga bakoitzerako ezartzen dituen ondorioak sortuko ditu.

Bigarrena.– Diputatuen Kontseiluari baimena ematen zaio foru arau hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Donostia-San Sebastián, 2005eko urriaren 27a.

Diputatu nagusia,

Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Miranda.


Azterketa dokumentala