Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

9. zk., 2006ko urtarrilaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
191

AGINDUA, 2005eko azaroaren 28koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, "Fundación Fundipesca Euskadi Fundazioa" Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen duena.

Bilboko (Bizkaia) "Fundación Fundipesca Euskadi Fundazioa" Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskabidearen espedientea ikusi da.

AURREKARIAK:

1.– Ignacio San Juan Unanue jaunak, Luis Amenabar Alday jaunak, José Antonio Taramona Campo jaunak, Xabier Ormaetxea Garai jaunak, Miren Begoña Ibargüen Batenburg andreak, Imanol Urrutia Eiguren jaunak eta Javier Aldazabal Etxebarria jaunak eskritura publiko bidez "Fundación Fundipesca Euskadi Fundazioa" izeneko fundazioa eratu zuten. Eskritura Bilbon eman zen, 2005eko otsailaren 9an, Bilboko Notarioen Elkargoko Carlos Ramos Villanueva notarioaren aurrean (protokolo zenbakia: 662).

Fundazioa eratzeko eskritura publiko hori, hala ere, aldatu egin zen, Bilboko Notarioen Elkargoko Carlos Ramos Villanueva notarioaren aurrean, 2005eko irailaren 16an emandako notaritza eskrituraren bidez (protokolo zenbakia: 4512).

2.– Estatutuetako 3. artikuluan ezartzen denaren arabera, "Fundación Fundipesca Euskadi Fundazioa" fundazioaren xedea betetzeko:

"Honakoak sustatuko dira:

a) Biztanleria eboluzio etapa ezberdinetan eten gabe eta erabat heztea eta biztanleei bizirauteko baliabideak ematea.

b) Laneko osasun eta segurtasunaren arloan aurre hartzeko ekintzak.

c) Nekazaritza, abere txiki eta handien hazkuntza, baratzezaintza, lorezaintza, erlezaintza, itsas eta ur gezatako arrainzaintza eta garapen etapa ezberdinetako itsas arrantzaren arloko aukera ekonomikoak, ingurumenarekiko begirunea erakutsiz.

d) Asoziazionismoa, kooperatibismoa barne, egiturari eta ongintza-helburuari begira gailurrean dagoen arren.

Helburu zabal horien barruan, hona hemen, zehaztuta, berehala egingo diren ekintza garrantzitsuenak, adibide moduan ematen direnak:

1) Artisau eta industria arrantza tekniketan arrantzaleei heziketa ematea.

2) Arrainak hazteko zentroak jarriz arrantza alorraren menpeko biztanleria gehiagotzea; arrainak harrapatzeko prozedurak hobetzea; arrantza eta itsasontzi-tresnak eguneratzea; langileak hezi eta gaitzea.

3) Arrantza-ekoizpenaren kosteak gutxitzea, jarduera ekonomikoki errentagarriagoa eginez, eta osasun baldintzak hobetzea.

4) Arrainak harrapatu eta iraunarazteko teknikak hobetzea eta merkaturatzeko instalazio gehiago jartzea.

5) Arraina merkaturatzeko prozesua arrazionalizatzea.

6) Ikerketa-zentroekin akordioak egitea, herri administrazioei, herri enpresei, enpresa pribatuei, elkarteei, kofradiei eta gainerako interesatuei aipatutako gaiei buruzko informazioa eta aholkuak emateko.

7) Lehiaketak, kongresuak eta konferentziak antolatzea.

8) Alorrean espezializatutako aldizkariak eta argitalpenak editatzea.

9) Beka edo laguntza, sari eta abarrak sustatzea.

10) Fundazioaren egitekoak gauzatzeko lagungarri izan daitekeen beste edozein".

3.– Fundazioaren egoitza, Fundazioaren Estatutuetako 5. artikuluan adierazten denez, hau da: Bilboko (Bizkaia) Kale Nagusia-45, 1. solairua (101. departamentua).

4.– Fundatzaileek hasieran jarritako dotazioa hamazortzi mila (18.000) eurokoa da, eta kopuru hori ordaindu dela jasota geratu da erregistro-inskripzioko espedientean, hala agintzen baitu 404/1994 Dekretuaren 31.1.c artikuluak.

Ondarea askitzat jotzen da fundazioaren lehenengo programa lortzeko. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 9. artikuluak hala eskatuta, aditu independente batek egindako bideragarritasuneko ekonomia-azterketak hori erakusten du; azterketa hori, bestalde, administrazio-espedienteari erantsi zaio.

5.– Fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea Patronatuaren egitekoak izango dira. Patronatuko kideek dohainik beteko dituzte beren egitekoak, Fundazioaren Estatutuetako 10. artikuluan jartzen duen moduan.

6.– Fundazioa eratzeko eskrituran ezarritakoaren arabera, patronatuko kideak hauek izango dira:

Lehendakaria: Ignacio San Juan Unanue jauna.

Lehendakariordea: Luis Amenabar Alday jauna.

Idazkaria: Javier Aldazabal Etxebarria jauna.

Diruzaina: Imanol Urrutia Eiguren jauna.

Bokalak:

– José Antonio Taramona Campo jauna.

– Xabier Ormaetxea Garai jauna.

– Miren Begoña Ibargüen Batenburg andrea.

Guztiek onartu dituzte dagozkien karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan jasotako eran.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari dagokio fundazioaren eraketa inskribatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala dago aginduta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 40. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroa eta Babeslaritza Antolatu eta Jardunean Jartzeko Erregelamendua onartzen duen urriaren 18ko 404/1994 Dekretuaren 7.a artikuluan.

Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona juridiko pribatu batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta urriaren 18ko 404/1994 Dekretuaren 31. eta 34. artikuluetan ezarritako betekizunak konplitu dira.

Lege eta arau hauek ikusi dira: indarrean dagoen Konstituzioa; Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroa eta Babeslaritza Antolatu eta Jardunean Jartzeko Erregelamendua onartu zuen urriaren 18ko 404/1994 Dekretua; eta orokorrean aplikatzekoak diren gainerako arauak. Ondorioz,

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak,

EBATZI DU:

Lehenengoa.– Gaur, F-183 zenbakiaz, Bilboko (Bizkaia) "Fundación Fundipesca Euskadi Fundazioa" Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, bai eta patronatuko hasierako osaera ere. Patronatuko kideak seigarren aurrekarian aipatzen dira eta guztiek modu adieraziz onartu dituzte beren karguak.

Bigarrena.– Fundazio hori, dituen helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 4. sekzioan inskribatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroa eta Babeslaritza Antolatu eta Jardunean Jartzeko Erregelamendua onartu zuen urriaren 18ko 404/1994 Dekretuaren 14. artikuluan agindutakoaz bat etorriz.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Agindu honek administrazio bidea amaitzen du; beraz, bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, agindua jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko azaroaren 28a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala