Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

9. zk., 2006ko urtarrilaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Arbitraje Batzordea
182

2/2005 ERABAKIA, Arbitraje Batzordearen osoko bilkurak 2005eko abenduaren 20an emandakoa. Gaia: eskumen-arazoa, Arabako Foru Aldundiak garapenerako lankidetzarako lege-proiektuari aurkeztua.

Gasteizen, 2005eko abenduaren 20an, osoko bilkura egin du Arbitraje Batzordeak, Fernando Luis Ruiz Piñeiro jaunak (batzordeburua) eta Iñaki Lasagabaster, Mario Fernández, Edorta Cobreros, Fernando Campo, Andrés Urrutia eta José Manuel Castells jaunek (kideak) osatuta, eta erabaki hau hartu du:

ERABAKIA

Arabako Foru Aldundiak planteatutako eskumen-arazoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu duen garapenerako lankidetzarako lege-proiektuaren (aurrerantzean, lege-proiektua) 11.2 artikuluari buruz. Mario Fernández Pelazek egin du txostena, eta hartan Arbitraje Batzordeko kide guztien aho bateko iritzia jaso du.

AURREKARIAK:

Lehenengoa.– Arabako Foru Aldundiak eskumen-arazoa aurkeztu zuen Arbitraje Batzordearen aurrean, epearen barruan, lege-proiektuko artikulu eta paragrafo aipatutako horien gainean. Arbitraje Batzordeak, bestalde, eskumen-arazo horren jakinarazpena egin zion Eusko Legebiltzarreko Mahaiari, Ebazpen Batzordea Arautzen duen ekainaren 30ko 13/1994 Legeak (aurrerantzean, EBL) 49. artikuluan ezarritakoa betetzeko, eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiak, berriz, lege-proiektuaren tramitazioa eteteko agindu zuen.

Horren ondoren, EBLren 25. artikuluan eta harekin lotuta dagoen 30. artikuluan ezarritakoari jarraituz, alderdi gisa aurkeztu zen Bizkaiko Foru Aldundia, eta alegazioak egin zituen.

Bigarrena.– Arabako Foru Aldundiak, impugnazioaren hasieran, hala Autonomia Estatutaren 10.2 artikulua nola Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko Harrremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legeko 7.a artikulua aipatzen ditu, artikulu horietan aitortzen baita lurralde-historikoetako foru-organoek eskumena dutela –eta eskumen esklusiboen artean sartuta dago eskumen hori– "bere foruzko jardute-erakundeen erakuntza, jaurpideak eta jarduna" den guztian, arlo horietan lurralde historikoek, gorago aipatutako legearen 8.1 artikuluaren arabera, erregelamendu-ahalmenaz, administrazio-ahalmenaz eta administrazio-bidea berrikusteko ahalmenaz gain, arautze-ahalmena ere baitute, "foru-erakundeek emandako araupideak beste edozeinekiko lehentasunez erabiliz". Lege-xedapen horietan oinarrituta, uste du argi dagoela ezen, agian formulazio-oker bategatik, ez dela errespetatzen aipatutako eskumen-araubidea, zeren eta lege-proiektuaren 11.2 artikuluak Eusko Legebiltzarrari izendatzen baitio, besteak euskal erakunde batzuen artean, foru-aldundien kontrola egitea haiek alor honetan dituzten jarduketen kudeaketaren gainean. Impugnazioan, aurrerago, esaten da Arabako Foru Aldundiak ez duela batere eragozpenik bere jarduketak Eusko Legebiltzarrari jakinarazteko ez eta Eusko Legebiltzarrak jarduketa horiek gainerako erakundeenekin koordinatzeko sustatze-lanak egiteko ere, baina edozein kasutan batzar nagusiei dagokiela, modu esklusiboan, foru-aldundiak kontrolatzeko eginkizuna, Arabako lurraldeko historikoaren antolakuntza instituzionalerako 1983ko martxoaren 8ko foru-arauaren 4.2 artikuluaren arabera, zeinak, beste eginkizun batzuen artean, biltzarrei izendatzen baitie Foru Aldundiaren sustapena eta kontrola. Inpugnazioan, azkenik, eskatzen da eman dadila erabaki bat non zehaztuko baita Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrari bidalitako lege-proiektuak aldatu eta ukitu egiten duela erakunde komunen eta foralen arteko eskumen-banaketa, Autonomia Estatutuaren eta azaroaren 25eko 27/1983 Legearen xedapenak aintzat hartuz gero.

Hirugarrena.– Aurtengo azaroaren 25ean, Bizkaiko Foru Aldundia alderdi modura azaldu zen Arabako Foru Aldundiak planteatutako eskumen-arazoan, eta eskatu zuen Arbitraje Batzordeak eman zezala erabaki bat non ezarriko baita lege-proiektuaren 11.2 artikuluak urratu egiten duela Euskal Herriko Autonomia Estatutuan erakunde komunen eta foralen artean egindako eskumen-banaketa. Aurkeztutako idazkian esaten da lege-proiektuaren 11.2 artikulu horrek hautsi egiten duela Bizkaiko kondaira-lurraldeko foru-erakundeen antolaketa, jaurpide eta funtzionamenduari buruzko otsailaren 13ko 3/1987 foru-arauaren 4.2 artikuluan xedatutakoa –arau hori foraltasunaren muin ikuezinaren barrukoa da, eta, ondorioz, alor hori Estatuko eta Autonomia Erkidegoko botereen erregulazio-ahalmenenik kanpo dago–: artikulu horren Bizkaiko Batzar Nagusiei izendatzen die Bizkaiko Foru Aldundiaren kontrola.

Laugarrena.– Aurtengo abenduaren 2an, Gipuzkoako Foru Aldundiak alegazioak aurkeztu zituen, non eskatzen baitzuen Arbitraje Batzordeak erabaki zezala ezen lege-proiektuaren 11.2 artikuluak aldatu eta ukitu egiten zuela bai Autonomia Estatutuan bai azaroaren 25eko 27/1983 Legean erakunde komunen eta foralen artean egindako eskumen-banaketa. Iritzi horren oinarri modura, alegazioetan esaten da, lehenik, Gipuzkoako lurralde historikoak antolaketa parlamentario tipiko bat duela, non Batzar Nagusiak diren Gipuzkoako Legebiltzarra, Gipuzkoako lurralde historikoaren erakunde-antolaketa, gobernu eta administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 foru-arauko 4.1 artikuluaren arabera. Horrez gainera, abenduaren 26ko 17/1990 foru-araua ere aipatzen da, beste batzuekin batera arau horrek eta aurrekoak osatzen baitute "foraltasunaren muin ukiezina" deitu dena. Arau horietan eta lege-proiektuaren 2. eta 14. artikuluen ondorioetan oinarrituta, uste du, azkenean, ezen lurralde historikoei izendatu baldin bazaie lankidetzarako garapenaren arloan beharrezko ikusten dituzten programak eta ekintzak abiaraztea, behin jarduketok onartuak izandakoan, ekintza horien kudeaketaren gaineko jarraipena eta kontrola Batzar Nagusiei dagokiela modu esklusiboan. Horregatik, esaten du ezen Eusko Legebiltzarrari euskal administro publiko batzuen eta besteen kudeaketa kontrolatzeko ahalmena izendatzea, argi eta garbi, mugak gainditzea da. Hala ere, zehazten du Eusko Legebiltzarrak egin dezakeela, bai, programa eta ekintzen jarraipena eta kontrola, baina egitekotan, bakarrik, lege-proiektuak lankidetzarako garapenerako politikaren arloan ezartzen dituen printzipio, helburu eta lehentasunak betetzeari buruz izan behar duela. Alegia, ezin dezakeela lankidetzarako garapenerako ekintzen kontrola egin lege-proiektuaren 11.2 artikuluan aipatzen den modu orokorrean.

Bosgarrena.– Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, 2005eko abenduaren 5ean, eta tramiteak behar bezala eginez, alegazio-idazki bat aurkeztu zuen, non Arbitraje Batzordeari eskatzen baitzion eten zezala prozeduraren tramitazioa harik eta Arabako Foru Aldundiaren pretentsioa bete artean –adibidez, harekin erdibideko batera iritsi eta zuzenketa adostu bat aurkeztuta–, edo, bestela, Aldundiak bere asmoan atzera egiten badu, modu subsidiarioan ebatzi dadila lege-proiektuaren 11.2 artikuluak ez duela aldatzen eta ikutzen azaroaren 25eko 27/1983 Legean erakunde komunen eta foralen artean egindako eskumen-banaketa, eta ez duela hausten, orobat, erakunde komunen eta foralen arteko eskumen-banaketa. Bere alegazio bakarrean, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren ordezkariak adierazten du ezen lege-proiektuaren 11.2 artikuluaren "idazkera hobetzeko", Jaurlaritza babesten duten legebiltzar-taldeen bozeramaileek zuzenketa bat aurkeztuko dutela Foru Aldundiarekin lortutako konpromisoa betetzeko, eta horrela Arbitraje Batzordearen aurreko prozedura saihesteko –zuzenketa horren testua aurkezten du idazkiari erantsita–. Xedea da, hain zuzen, benetakoa ez den gatazka bat ekiditea, zeren eta legegaiaren espiritua ez baita Eusko Legebiltzarrak administrazio publikoen kontrola edukitzea. Erkidegoaren ordezkariak aipatzen du, orobat, Arbitraje Batzordeak, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa Arautzen duen Legearen 77. artikuluaren aplikazio analogikoa eginez, bide bat eskain diezaiekeela eskumen-arazo honen alderdiei aldeek beren pretentsioak auzibidetik kanpo asetzeko. Modu subsidiarioan aipatzen du, berriro, lege-proiektuaren 11.2 artikuluaren "idazkera bitxiak" Foru Aldundiaren interpretazio jakin bat eragin duela, hain zuzen ere legegaiaren espirituan ez zegoen interpretazioa, bai eta idazkera hori hobetzea lortzeko jarduketak abiarazi ere, inolako nahasmenik izan ez dadin. Adierazten du, azkenik, ezen lege-proiektuaren interpretazio kontestual eta sistematiko baten argitan, legegaitik inola ere ezin ondorioztatu daitekeela Legebiltzarrak foru-aldundien jardunaren gaineko kontrol-eginkizuna hartzen duela. Beraz, ez dira aldatzen gaur egun indarrean dauden kontrol-mekanismo instituzionalak, eta, horrenbestez, "ez dago zalantzarik" ezen, barne-antolaketa instituzionalaren esparruan, batzar nagusiek beren kontrol-tresna eta -prozedurak dituztela foru-aldundien gainean, eta bere ustez hori da Autonomia Estatutuak aldarrikatzen duena. Eusko Legebiltzarrari dagokio inola ere planifikazio-lana, lankidetzarako garapenerako jardun publiko osoari koherentzia emateko, eta eginkizun horren barruan interpretatu behar da lege-proiektuaren 11.2 artikulua. Artikulutik ezin atera daiteke planifikazio-eginkizun horrek, hain zuzen, Eusko Legebiltzarrari gaur egun dituen baino aginpide gehiago ematea dakarrela. Beraz, Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari izendatutako eginkizunek ez dute zerikusirik beste erakunde batzuek egiten duten kontrol parlamentarioarekin, eta zehazki lurralde historikoetako batzar nagusiek zeinek bere foru-aldundiaren gain dutenarekin.

Seigarrena.– Arabako Foru Aldundiaren –eskumen-arazoaren sustatzaile da– auzibideko ordezkariak, hil honen 14ko idazkiaren bidez, jakinarazi zuen "erabaki duela atzera egitea eskumen-arazoan", zeren eta "Eusko Jaurlaritzak konpromiso formala hartu baitu eskumen-arazoaren zio den artikulua aldatzeko". Aldaketa hori, hain zuzen, Legebiltzarreko tramitazioan zehar zuzenketa bat aurkeztuz egingo da, eta era horretara beste idazkera bat emango zaio paragrafoari, lurralde historikoek berentzako ez besterantzako aitortuta duten araubideari egokitu dakion.

Zazpigarrena.– Bizkaiko Foru Aldundiaren auzibide-ordezkariak idazki bat aurkeztu zuen 2005eko abenduaren 15ean, tramiteak behar bezala eginez. Idazkian adierazten du Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioak prozeduraren tramitazioa eteteko egindako eskaeraren kontra dagoela, uste baitu EBLk ez duela eskaintzen horretarako aukerarik, horren erakusgarri baita, bere iritzian, Erkidegoaren ordezkariak EBLren xedapen bat ere ez aipatzea bere eskaera babesteko. Iruditzen zaio Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioak egin behar zukeena dela Bizkaiko Foru Aldundiak eskatutakoa onartzea.

Zortzigarrena.– Gipuzkoako Foru Aldundiak, abenduaren 20ko idazki baten bidez, bat egiten du Arabako Foru Aldundiak, berak aurkeztutako eskumen-arazoan, atzera egiteko erabakiarekin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK:

Lehenengoa.– Erabakigai dugun eskumen-arazoa lege-proiektuaren xedapen eta paragrafo jakin batera mugatuta dago. Xedapen hori, hain zuzen, lege-proiektuaren 11.2 artikulua da, hitzez hitz hala dioena:

"11. artikulua.– Eusko Legebiltzarra.

(...)

2.– Eusko Legebiltzarrak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek lankidetza-jardueretan izan duten kudeaketaren jarraipena eta kontrola egingo du, eta horien koordinazioa, gardentasuna eta eraginkortasuna sustatuko ditu".

Lege-proiektua, hasieran, Arabako Foru Aldundiak inpugnatu zuen bakarrik, baina, gero, espediente honetan azaldu diren hiru foru-aldundiek jarrera bat bera izan dute –diferentzia bakarrik, normala denez, alegatutako foru-arauak dira, zeinek bere lurralde historikoarena aipatzen baitu–. Hiru aldundien ustez, lege-proiektuaren 11.2 artikuluak hautsi egiten du erakunde komunen eta foralen arteko eskumen-banaketa, Eusko Legebiltzarrari "kontrol"-funtzio bat izendatzen baitio, nahiz eta, aplikatzekoa den legediaren arabera, kontrol hori lurralde historiko bakoitzeko batzar nagusiek eduki izendatuta.

Alabaina, auziaren muinari buruz gogoeta egiten hasi baino lehen, Arbitraje Batzordeari erabaki bat eskatzen zaio, (i) eskumen-arazoaren sustatzaile izan den foru-aldundiak aurkeztutako atzera egitearen eraginkortasunari buruz, eta (ii), uste baldin bada atzera egite horrek ez diola amaiera ematen eskumen-arazoari, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioak tramitazioa eteteko aurkeztutako eskaerari buruz.

Bigarrena.– Seigarren aurrekarian kontatu denez, Arabako Foru Aldundiak –eskumen-arazoaren sustatzaile bakarra da– idazki bat aurkeztu zuen, arazoan atzera egindakotzat jotzeko eskatzeko. Asmo horrekin bat egin zuen, geroago, Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Batzordearen ustez, eskumen-arazoaren sustatzaileak aurkeztutako atzera egiteak amaiera ematen dio prozedurari, EBLren 36. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, non zera xedatzen baita: "Eskuduntza-arazo edo eskuduntza-auziren bat aurkeztu duenak atzera egin dezake bere ekintza horretan prozedurako edozein unetan, ebazpena edo erabakia eman baino lehen. Atzera egiteak prozedura amaitzea ekarriko du eta horren berri eman beharko zaio beste aldeari". Xedapen honek, beraz, atzera egiteko ahalmena ematen dio arazoaren edo gatazkaren "sustatzaileari", eta aurreikusitako ondorioa –prozedurari amaiera ematea– oso argia da.

Batzordearen iritziz, bi foru-aldundiak arazoan azaldu eta alegazioak aurkeztu dituztenez gero, prozedurako alderdi bilakatu dira zalantzarik gabe, baina ez dute "sustatzaile" izaerarik lortzen (EBLren 36. artikulua), argia baita izaera hori duela, soilik, "eskuduntza-arazoaren edo eskuduntza-auziaren hasiarazteko idazkia" aurkezten duenak epe barruan. EBLek nahiko zehatz bereizten ditu, alde batetik, "alderdiak" edo "auziak azaldutakoak" –horien artean dago "sustatzailea" ere–, eta bestetik, sustatzaile-izaera berak bakarrik duena, eta EBLren 36. artikuluak azkenengoari baino ez dio zilegitasunik ematen auzibidean atzera egiteko–. Arazoa tramitatzeko onartukoan, auzibidean azaldu, alegazioak aurkeztu eta Arbitraje Batzordeak alegazio horiek bere erabakia hartu baino lehen haztatzea eskatzen dutenek ezin dute pretentsio autonomo bat ere aurkeztu, baizik eta sustatzailearen eskaeraren osagarri dena. Orobat, ezin dute auzigaia zabaldu, ezta atzera egite eskaera egin eta hura "sustatzailearen" jarrerarrako lotesle izatea bilatu. Arrazoia da ezen, arazoa sustatzeko zilegitasuna eduki arren, ez zutela sustatu aukera izan zutenean.

Kasu honetan, gainera, lege-proiektuaren egileak aurkeztutako alegazio-idazkiak berariaz onartzen du ezen, aurreikusitako akordioaren ondorioz, sustatzailearen arazoan atzera egitea gerta daitekeela.

Beraz, ez dago arrazoi bat ere eskumen-arazoarekin aurrera jarraitzeko, zeren eta auzibide honen bukaerak aukera emango baitu akordio parlamentarioa egin eta eskumen-auziaren gaia desagertazteko (eta horrekin bat datoz bai eskumen-arazoaren sustatzailea, bai lege-proiektuaren egilea). Arrazoi horregatik beragatik, ez da bidezkoa Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak eskatu bezala tramitazioaren etetea aintzat hartzea.

EPAITZA

Aurreko guztia kontuan izanik, Arbitraje Batzordearen osoko bilkurak erabaki hau hartu du:

ERABAKIA:

Amaitutzat ematea eskumen-arazo hau, Arabako Foru Aldundiak, eskumen-arazoaren sustatzaileak, atzera egin baitu bere ekimenean.

Erabaki hau auziko alderdiei eta Eusko Legebiltzarrari jakinaraziko zaie eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Erabaki hori hartu dute Arbitraje Batzordeko kideek, eta sinatu egiten dute, eta nik, idazkariak, horren fede ematen dut.


Azterketa dokumentala