Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2005eko abenduaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
6463

AGINDUA, 2005eko abenduaren 20koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, ikastetxeetako Ulibarri programak 2006-2007 ikasturtean izango dituen gehienezko diru-baliabideak, programan sartzeko eta jarraitzeko baldintzak eta ikastetxe bakoitzak programarako izango dituen dedikazio-orduak zehaztuz.

Abenduaren 23ko 323/2003 Dekretuak (abenduaren 31ko EHAA) Hizkuntz Normalkuntzako Ulibarri programa arautzen du. Unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako Hizkuntz Normalkuntza Proiektuen garapenean parte diren eragileen arteko elkarlanak osatzen du programa: Administrazioa, ikastetxeak, bestelako instantziak.

Aipatu Dekretuaren 5.2.b artikuluak ezartzen du Ulibarri programan dauden ikastetxe kontzertatuek diru-laguntza jasoko dutela Hizkuntz Normalkuntzako ardura teknikoa hartzen duen irakaslearen dedikazioa estaliz.

Bestalde, Dekretuak 12. artikuluaren lehen pasartean dio programan sartzeko eskabideak baloratzeko irizpideak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren Agindu bidez ezarriko direla.

Hortaz, Ulibarri programak eta bertan 2006-2007 ikasturtean arituko diren ikastetxeek izango dituzten baliabideak finkatu behar dira batetik eta, bestetik, programan sarbidea eskatu nahi duten ikastetxeentzat prozedura eta baloratzeko irizpideak ezarri behar dira Agindu bidez.

Honen guztiaren haritik

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Ekitaldi ekonomiko honetan Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Ulibarri programan ari diren ikastetxe kontzertatuei diru-laguntzak esleitzeko ondoko gehienezko zenbatekoak erabiliko ditu:

a) Ikastetxe berriak sartzeko: 318.575,00 euro.

b) Lehendik daudenen luzapenerako: 1.871.425,00 euro.

Atal honetan zehaztutako gehienezko zenbatekoa gehitu edo gutxitu daiteke eskatutako guztirakoa kontuan hartuz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren bestelako diru-laguntza programetan agortu gabe geratutako aurrekontuzko baliabideak eta beti ere berauen ebazpenak ebatzi aurretik. Horrelakoetan, jendeaurrean agerian jarriko da Hezkuntza sailburuordearen Ebazpenaren bidez.

2. artikulua.– 2006-2007 ikasturterako Ulibarri programan sartu nahi duten ikastetxeek programa hau arautzen duen 323/2003 Dekretuaren 10. artikuluan zehazten diren baldintzak bete beharko dituzte eta berariazko eskabidea egin 2006ko martxoaren 1a baino lehen.

3. artikulua.– Abenduaren 23ko 323/2003 Dekretuaren 13.1 artikuluan ezarritakoaren ildotik, Dekretu honen eranskinean dauden ikastetxeek, non eta programa uzteko berariazko eskaera egiten ez duten 2006-2007 ikasturterako luzamendua izango dute. Hala ere, aurreko artikuluan zehaztutako epearen barnean, programan jarraitu nahi duten ikastetxe kontzertatuek 2006-2007 ikasturterako berariazko diru-laguntza eskabidea aurkeztu beharko dute.

4. artikulua.– Abenduaren 23ko 323/2003 Dekretuaren 12.1 artikuluan ezarritakoaren ildotik, aholku-emaileek aurkeztu proiektu berrien gainean irizpena eman beharko dute. Ondoren, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatutako balioespen batzordeak irizpen hauek aztertu eta bateratuko ditu eta dagokion taula JABA batzordeari helaraziko dio. Taula honek ondoko irizpideak erabiliz sailkatuko ditu izangaiak:

1.– Normalkuntzako proiektua bera. Gehienez: 0,60 puntu.

a) Ikastetxearen errealitatera egokitutako proiektua da. Diagnostiko sakonean oinarritzen da. Eragin esparru garrantzitsuenak hartu ditu aintzakotzat, eta erabakiak hartzeko jarraitu den prozedurak adostasun nahikoa bermatzen du (0,60).

b) Ez da bete-betean ikastetxearen errealitatera egokitzen. Diagnostikoa ez da hain sakona. Eragin esparru gehienak aintzakotzat hartu baditu ere, gabeziak antzematen dira, eta erabakiak hartzeko jarraitu den prozedurak adostasun arazoak ekar ditzake epe luzera (0,40).

c) Aurkeztutako proiektuak zuzendu beharreko gabezia larriak ditu. Ez da ikastetxearen errealitatera egokitzen. Diagnostikoa eskasa da, eta elaborazioak berak hutsune nabarmenak ditu (0,20).

2.– Proiektuaren garapenaren egoera. Gehienez: 0,3 puntu.

a) Diagnostikoa burutu eta proiektua elaboratu eta adosteaz gain, ikastetxeak urteko normalkuntza plana ezarria du dagoeneko. Normalkuntzako Batzordea eta teknikaria izendatu dituzte eta euren funtzioak erabat eragingarriak dira. Diseinatutako jarduerak normaltasunez ari dira gauzatzen (0,30).

b) Diagnostikoa egiteko fasea, proiektua elaboratzekoa eta adostasunak biltzekoa ikastetxeak egoki burutu baditu ere, proiektuaren ezarpena hasierako fasean dago. Plana garapenerako abiapuntuan dago (0,20).

c) Diagnostikoa egiteko fasea, proiektua elaboratzekoa eta adostasunak biltzekoa ikastetxeak burutu baditu ere, fase hau ezin dugu amaitutzat eman, dokumentu hauei osatu, berrikusi eta konpondu beharra somatzen zaie oraindik (0,10).

3.– Proiektuak eraginpean dituen ikasleak. Gehienez: 0,10 puntu.

Horretarako ikastetxearen gela kopurua 0,001 zenbakiaz biderkatuko da. 100 gela edo gehiago dituzten ikastetxeak gehienezko puntuazioarekin sailkatuko dira.

4.– Ikastetxeek, Ulibarri programan onartuak izateko aurreko hiru irizpidetan izandako puntuazioaren batura, gutxienez 0,41 puntukoa izan beharko dute.

5.– Puntuazioan bat datozen ikastetxeen kasuan, ikasle kopuruak finduko du hirugarren balorazio irizpidea. Laugarren dezimal moduan ezarriko da ikastetxe hauen hurrenkera txikienetik handienera. Gela eta ikasle kopurua Sailaren estatistika zerbitzuan erabaki proposamena egiteko garaian dauden azken matrikula datuetan oinarrituko da.

Balioespen batzordeak igorritako datuetan oinarrituz eskabide bakoitzari dagokion puntuazioa esleituko dio Jaba Batzordeak eta, lortutako puntuazioaren arabera eta beheranzko hurrenkeran, izangaien zerrendak osatu eta onarpen proposamenak egingo ditu. Honetarako desberdindu egingo dira publikoak direnak eta ez diren ikastetxeak.

Aurrekontuak jarritako bitartekoak kontuan izanik, abenduaren 23ko 323/2003 Dekretuaren arabera Hezkuntza sailburuordeak ebatziko ditu eskabideak.

5. artikulua.– 323/2003 Dekretuaren 4. artikuluaren 4. paragrafoak ezartzen duenaren arabera eta programaren lehen ebaluazioa egin ondoren, 2002-2003 ikasturtea baino lehenagotik Ulibarri programan dauden ikastetxeek 2006ko ekainaren 30erako proiektua aztertu eta eguneratu beharko dute.

6. artikulua.– 323/2003 Dekretuaren V. eta VI. kapituluetan ezarritakoaren arabera, ikastetxe bakoitzari dagokion ordu dedikazioa finkatuko da. Horretarako bi izaera desberdin bereiztuko dira:

– Hezkuntza sailburuordearen 2005eko uztailaren 26ko ebazpenak ezarritako dedikazio esleipena da, ebazpen horretan agertzen diren ikastetxeek 2006-2007 ikasturtean izango dutena.

– Agindu honetara bilduz, dagokion Ebazpenaren bidez, Ulibarrin sartzen diren ikastetxeen kasuan, ikastetxearen neurrian oinarritutako ordu dedikazioa esleituko zaie.

7. artikulua.– 323/2003 Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari datak egokitzeko ematen zaion ahalmena erabiliz, Agindu honi dagokion Ebazpena argitaratzeko epe muga ekainaren 15ean ezartzen da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ekonomi eta Ogasun Sailaren 1985eko azaroaren 12ko Aginduaren ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2006 urteko aurrekontu orokorretan kreditu egoki eta nahikoa egotea edo ez egotearen menpe geratuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Bide administratiboa agortzen duen Agindu honen aurka berraztertzeko errekurtsoa jarri liteke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aurrean, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean. Era berean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusian, dagokion gelan, esandako egunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Bigarrena.– Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengoan sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko abenduaren 20a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.


Azterketa dokumentala