Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2005eko abenduaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
6455

AGINDUA, 2005eko abenduaren 14koa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena, energia aurrezteko, energia eraginkortasunerako eta energia berriztagarriak erabiltzeko ekintzak eta proiektuak sustatzeko laguntzen programa garatzen duena.

Ingurumenaren aldeko Estatuko laguntzei buruzko Europako Erkidegoko Norabideak onartu ondoren (2001/C 37/03), Europako Batzordeak 1994an onartutako Norabideak eguneratu ditu, ingurumenaren eremuko neurriek bilakaera bat izan baitute Estatu kideen eta Erkidegoaren ekimenez, bai eta mundu mailan ere, Kiotoko Protokoloa amaitu zenetik batik bat.

Batzordeak Norabide horietan adierazitakoaren arabera, energia aurreztearen aldeko eta, oro har, energien aldeko neurriak ingurumena babesteko neurrien barnean hartuta daude, inbertsio horiek zeregin nagusia betetzen baitute Europako Erkidegoak ingurumenaren eremuan dituen helburuak diru bidez lortzeko.

Elektrizitatearen eta beroaren produkzio konbinatuaren zein energia berriztagarrien aldeko neurriak ingurumenaren eremuan lehentasunekoak dira Europako Erkidegoarentzat. Sustatu beharreko epe luzerako ekimenak dira.

Bestalde, ez da ahaztu behar Europarentzat erronka handia dela 2010erako jarritako helburuak onartu izana. Izan ere, Energiaren Liburu Berdean azaldutakoaren arabera, energia berriztagarrien ekarpena energiaren barne-kontsumo gordinaren % 12 izatea lortu nahi da.

Estatuan, 2005-2010 aldirako Energia Berriztagarriak Planak energia berriztagarrien hazkundea bultzatuko duen estrategia antolatzeko elementu eta orientabide nagusiak jasotzen ditu, 2010. urtean energia primarioaren kontsumoa % 12koa izan dadin. Helburu hori Sektore Elektrikoari buruzko 54/1997 Legean adierazita dago. Planak, aldi berean, energia aurrezteko eta energia-eraginkortasunerako politikei beste bultzada bat eman behar zaiela adierazten du. Izan ere, politika horiek gabe, adierazitako helburua nekez lortuko litzateke.

Euskal Autonomia Erkidegoko Energia Politikaren oinarrizko ardatzetako bat energiaren intentsitatea murriztea da, honako hauen bidez hain zuzen ere: energiaren erabileraren arrazionalizazioa sustatzea, identifikazioaren bitartez mendekotasuna murriztea, eta bertako baliabide naturalak hobeto erabiltzea, hori guztia energia-politika horren barnean garapen iraunkorra lortzeko ingurumen-politikak hartzeko borondatearekin.

Euskadi energia-mendekotasuna duen Erkidegoa da, eta energia asko kontsumitzen duen industria-ekonomia bat du. Energia, gainera, ondasun urria eta kostu handikoa da, eta eragin garrantzitsua du ekonomian eta ingurumenean.

Euskal Energia Sektorearen erronkak, beraz, energia eta bertako baliabideak aurreztearen, ingurumenaren eta bizi-kalitatearen, inbertsioaren eta lehiakortasunaren, estrategiak koordinatzearen, eta lankidetza publiko/pribatuaren aldeko apustu garbia eskatzen du.

Horri jarraiki, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea ekonomia sustatzeko laguntzak ezartzen dituen ekainaren 27ko 121/2000 Dekretuaren (apirilaren 15eko 90/2003 Dekretuak aldatua) 33. artikulua garatzea da. Artikulu horrek energia aurrezteko, energia-eraginkortasunerako eta energia berriztagarriak erabiltzeko ekintzak eta proiektuak sustatzeko laguntzen Programa hartzen du kontuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Energia eta Ingurumen Politikaren helburuak lortzen laguntzeko.

2. artikulua.– Laguntzen nondik norakoa.

1.– Ekintza eta proiektu horiek suspertzeko eta sustatzeko laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzatzat hartuko dira, eta Europako Erkidegoko xedapenei eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren diru-laguntzak arautzen dituen indarreko araudiari lotuta egongo dira. Araudi hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretu bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean jasota dago.

2.– Aurreko artikuluan zehaztutakoa bete dadin erabiliko diren baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik etorriko dira. Aurrekontuko ekitaldiaren barruan, laguntzen zenbateko osoak ezin izango du gainditu aurrekontuetan esleituta dagoena, ez eta, indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontuaren aldaketak onartzen badira, eguneratze horien ondorioz sortzen den zenbatekoa ere. Azken zirkunstantzia horren berri eman beharko da Berrikuntza eta Energia sailburuordearen Ebazpen bidez.

3.– Agindu honetan ezarritako laguntzak lehiaketaren prozeduraren bidez ebatziko dira eta, beraz, laguntza guztiak aurrekontu-kreditu berekoak izanik, eskatzaile bat baino gehiago egon daitekeela aurreikusi behar da. Laguntzak emateko eta, hala badagokio, diru-kopurua zehazteko, beharrezkoa izango da eskatzaileak konparatzea eta ebaluatzea.

4.– Eskaerak, alde batetik, energia aurrezteko proiektuetan eta kogenerazio-proiektuetan sailkatuko dira eta, bestetik, energia berriztagarrietarako proiektuetan. Eskabideak balioetsi eta ebaluatu ondoren, arestian aipatutako multzo bakoitzean balioespen handiena jaso dutenak aukeratuko dira, esleitutako aurrekontu-kreditua edota, indarrean dagoen legeriari jarraiki aurrekontu-aldaketak onartuz gero, eguneratu ondorengoa amaitu arte.

Aurreko paragrafoan adierazitako diru-laguntza eremu bakoitzerako baliabide ekonomikoen esleipena urteko deialdi bakoitzean ezarriko da.

3. artikulua.– Onuradunak.

1.– Laguntzaren premiaren printzipioari jarraiki, hurrengo artikuluan deskribatutako jardueretako bat garatzen duten inbertsio-proiektuek eta/edo azterlanek baino ez dituzte laguntzak jasoko, betiere diruz lagundu beharreko jarduerak hasi aurretik proiektu edo azterlan horietarako laguntzak eskatu badira. Nolanahi ere, deialdi bakoitzari dagokion ekitaldian gauzatu beharko dira jarduerak.

2.– Hala ere, onuradunari egotzi ezin zaizkion eta behar bezala justifikatuta dauden arrazoiengatik, onartu ahal izango dira ekitaldi bakoitzeko abenduaren 31tik aurrera egindako jardunak, betiere aldez aurretik Energia eta Meategien zuzendariak dagokion luzapena ematen badu. Luzapena ez da 6 hilabetetik gorakoa izango.

3.– Nolanahi ere, laguntzen xede diren inbertsio-proiektuak edo azterlanak Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean kokatuko dira.

4.– Agindu honetan araututako laguntzak eskuratu ahal izango dituztenak honako hauek dira:

a) Enpresak.

b) Enpresa-elkarteak.

c) Autonomoen, nekazarien, abeltzainen eta abarren erregimenean euren kontura diharduten langileak.

d) Pertsona fisikoak.

e) Jabeen erkidegoak.

f) Irabazi-asmorik gabeko elkarteak edo erakundeak.

g) Toki-korporazioak.

h) Aurrekoen pareko beste edozein.

Jarduera ekonomikoak egiten dituzten erakundeak hartuko dira enpresatzat, estatutu juridikoa eta finantzatzeko modua edozein izanik ere.

Agindu honen ondorioetarako, Batzordeak mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz 2003ko maiatzaren 6an emandako Gomendioan (2003ko maiatzaren 25eko DOL 124, 36. or.) jasotako baldintzak betetzen dituztenak hartuko dira ETEtzat.

Era berean, Eraketa Aktan edo Estatutuetan esanbidez horrela zehaztuta dauden erakundeak hartuko dira irabazi-asmorik gabeko elkartetzat edo erakundetzat.

5.– Diruz laguntzeko moduko ekintzak onuradunaren titulartasunpeko ondasunetan egin beharko dira. Horrela egiten ez bada, dokumentu bidez justifikatu beharko da ondasuna erabiltzeko eskubidea.

6.– Onuradunei Agindu honetan araututako laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, beharrezkoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi zen eta oraindik bideratzen ari den edozein itzultze-prozedura edo zigor-prozedura amaitzea.

4. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko jardunak.

Agindu honen ondorioetarako, ingurumenaren aldeko Estatuko laguntzei buruzko Europako Erkidegoko Norabideen (2001/C 37/03) 36. puntuan bildutakoak diruz laguntzeko moduko inbertsiotzat, gastutzat edo kostutzat hartuko dira, erregimenean oinarrituta emandako laguntza guztietarako.

Agindu honen esparruan diru-laguntza jaso dezaketen jardunak honako hauek dira:

1.– Energia aurreztearen arloan.

a) Produkzioko, kontsumoko eta kontroleko instalazio eta ekipo berriak, eta berrikuntza teknologikoren bat dakarten edo aplikazio berritzaileak ahalbidetzen dituzten, eta programaren helburuak lortzen laguntzen duten materialak.

b) Hondakin-beroak aprobetxatzeko, energia-aldagaien kontrolerako eta kudeaketarako ekipo eta sistema berriak ordezkatzeko eta ezartzeko, eta lehengaiak berreskuratzeko instalazioak, betiere energia-kontsumoaren murrizte inplizitua eragiten badute eta ingurumenaren hobekuntza bultzatzen badute.

c) ETEetarako energia-eraginkortasunaren erabilerari, kudeaketari eta hobekuntzari buruzko azterlan integralak, Batzordearen 2001eko urtarrilaren 12ko 70/2001 zk. Araudiaren (EE) 5. artikuluan (EEko Itunaren 87. eta 88. artikuluak enpresa txiki eta ertainentzako Estatuko laguntzei aplikatzeari buruzkoa) xedatutakoari jarraiki.

2.– Elektrizitatearen eta beroaren produkzio konbinatuan.

Elektrizitatea eta beroa konbinatuta produzitzeko energia-errendimendu handiko kogenerazioa darabilten eta programaren helburua (energiaren eta ingurumenaren hobekuntza) lortzen laguntzen duten autoprodukzio-instalazio berriak.

Horretarako, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko otsailaren 11ko 2004/8/EE Zuzentarauan (energiaren barne-merkatuan bero eraginkorraren inguruan dagoen eskarian oinarritutako kogenerazioaren sustapenari buruzkoa, eta 1992/42/EEE Zuzentaraua aldatzen duena) jasotako jarduerak egiten dituzten instalazioak baino ez dira diruz lagunduko.

3.– Energia berriztagarrien arloan.

a) Eguzki-instalazio termikoak: ACS sortzeko huts-hodiak edo kolektore lauak, klimatizazioa eta 50 m2-tik gorako berokuntza.

b) 6 kWp-tik gorako eguzki-instalazio fotovoltaikoak, sare elektrikotik isolatuak.

c) 5 kW-tik gorako eguzki-instalazio fotovoltaikoak, sare elektrikoari konektatuak. 100 kW-ra bitartean diruz laguntzeko modukoak.

d) 5 kW-ra bitarteko eta sareari konektatutako eguzki-instalazio fotovoltaikoen multzoa, 5 kW-tik gorako potentzia metatuarekin. 250 kW-ra bitartean diruz laguntzeko modukoak.

Sustatzaile batekoak edo gehiagokoak izanik, proiektu berean taldekatu daitezkeen instalazioak hartuko dira eguzki-instalazio fotovoltaikoen multzotzat.

e) 10 kW-tik gorako instalazio eolikoak. MW 1era bitartean diruz laguntzeko modukoak.

f) 10 kW-tik gorako instalazio hidroelektrikoak. MW 1era bitartean diruz laguntzeko modukoak.

g) Elektrizitatea sortzeko biomasa aprobetxatzen duten instalazioak (2 MW-ra bitartean diruz laguntzeko modukoak), eta 50 kW termiko erabilgarritik gorako potentziako bero-instalazioak.

h) Beste energia-iturri berriztagarri batzuk (olatuak eta abar) erabiltzen dituzten instalazioak.

2001/77/EE Zuzentarauan ezarritakoari jarraiki, honako definizio hauek aplikatuko dira:

«energia-iturri berriztagarriak»: fosilak ez diren energia-iturriak (energia eolikoa, eguzki-energia, energia geotermikoa, olatu-energia, marea-energia eta energia hidraulikoa, biomasa, araztegietako gasak eta biogasa),

«biomasa»: nekazaritzan sortutako produktuen eta hondakinen zati biodegradagarria (landare-jatorriko eta abere-jatorriko substantziena barne), basogintzan sortutakoena eta horiei lotutako industrietan sortutakoena, eta industria-hondakinen eta udal-hondakinen zati biodegradagarria.

5. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– 4.1 artikuluan azaldutako ekintza bakoitzak lortu ahal izango dituen zuzeneko diru-laguntzen zenbatekoak honako hauek izango dira (kontuan hartutako inbertsio garbiarekiko ehunekoak):

a) eta b) idatz-zatietan jasotako proiektuek diruz laguntzeko moduko kostuaren % 40.

c) idatz-zatiaren barnean hartutako azterlan integralen eta kanpo-aholkularitza bidez emandako zerbitzuen kasuan, laguntza gordinek ez dute gaindituko, nolanahi ere, zerbitzu horien kostuen % 50, Batzordearen 2001eko urtarrilaren 12ko 70/2001 zk. Araudiaren (EE) 5. artikuluan (EEko Itunaren 87. eta 88. artikuluak enpresa txiki eta ertainentzako Estatuko laguntzei aplikatzeari buruzkoa) xedatutakoari jarraiki. Idatz-zati horren barnean hartutako azterlan integraletarako diru-laguntzen onuradunak enpresa txikiak eta ertainak baino ez dira izango, Batzordeak mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz 2003ko maiatzaren 6an emandako Gomendioan (2003ko maiatzaren 25eko DO L 124, 36. or.) jasotako definizioaren arabera.

2.– Agindu honen 4.2 artikuluan azaldutako ekintzek oro har jaso ahal izango dituzten zuzeneko diru-laguntzen zenbatekoak diruz laguntzeko moduko kostuaren % 40ra iritsiko dira gehienez (kontuan hartutako inbertsio garbiarekiko).

3.– 4.3 artikuluan azaldutako ekintza bakoitzak oro har jaso ahal izango dituen zuzeneko diru-laguntzen zenbatekoak diruz laguntzeko moduko kostuaren % 40ra iritsiko dira gehienez (kontuan hartutako inbertsio garbiarekiko).

4.– Gainera, eguzki-instalazio termikoetarako eta fotovoltaikoetarako irizpide partikularrak honako hauek izango dira:

Eguzki-instalazio termikoak:

ACS produzitzeko kolektore lauak, berokuntza eta igerilekuak.	160 euro/m2 gehienez.

Huts-hodiak.	220 euro/m2 gehienez.	

Eguzki-instalazio fotovoltaikoak:

Isolatuak.	7 euro/Wp gehienez

Banakako sareei konektatuak.	2 euro/Wp gehienez

Sare kolektiboei konektatuak.	2,5 euro/Wp gehienez

5.– Artikulu honen 1., 2. eta 3. idatz-zatietan xedatutakoaren ondorioetarako, diruz laguntzeko moduko jardueren energia-helburuak lortzeko ezinbestez gauzatu behar diren jarduera-zatiei dagokien eta Ebaluazio Organoak finkatuko duen kostua hartuko da laguntzaren ehunekoak kalkulatzeko eta laguntzaren zenbatekoa finkatzeko oinarria izango den diruz laguntzeko moduko kostutzat.

Diruz laguntzeko moduko kostuak ahalmenaren balizko areagotzearen ondorioz lortutako abantailetatik, inbertsioaren lehen bost urteetan sortutako kostuen aurreztetik, eta bost urteko aldi berean izandako produkzio osagarrietatik garbi kalkulatuko dira.

6.– Aurreko idatz-zatietan aipatutako inbertsioak egiten dituzten enpresa txiki eta ertainen kasuan, % 10 gordineko laguntza-osagarria onartuko da.

7.– Honako hauek ez dira diruz laguntzeko moduko kostutzat hartuko:

Fakturatutako ondasunak edo zerbitzuak erostean ordaindutako BEZa eta, oro har, erakundeak ordaindutako edozein zerga.

Inbertsioaren ondoriozko finantza-gastuak.

Erabilitako ekipoetan egindako inbertsioak.

Langile propioen gastuak.

Lurrak erostearen ondoriozko gastuak.

Oro har, argi eta garbi definituta ez dauden edo inbertsioen energia-helburuak lortzeko zuzeneko xedea ez duten gastu guztiak.

6. artikulua.– Aldi berean beste diru-laguntza batzuk jasotzeko aukera.

1.– Beste Administrazio Publiko batzuek eta Agindu honetan jasotakoen helburu bera duten erakunde pribatuek emandako diru-laguntzak bateragarriak izango dira, betiere aurreko artikuluan adierazitako gehieneko zenbatekoa gainditzen ez badute. Nolanahi ere, Energia eta Meategien Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio. Muga hori gaindituz gero, Agindu honi jarraiki emandako laguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da, gehiegizko kopurua adina.

2.– Agindu honetan araututako laguntzak bateraezinak izango dira Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) laguntza-programan energia-baliabide berriztagarrien aprobetxamendurako ezarritakoekin.

3.– Nolanahi ere, Europako Batasunaren esparruan laguntzen gehieneko mugari dagokionez emandako norabideak edo xedapenak errespetatuko dituzte Agindu honetan ezarritako laguntzek.

Hori dela-eta, Agindu honetan bildutakoez bestelako helburuekin ematen diren, baina diruz laguntzeko moduko kostu berei lotuta dauden laguntzen kasuan, laguntzaren gehieneko muga mesedegarriena aplikatuko da, ingurumenaren aldeko Estatuko laguntzei buruzko Europako Erkidegoko Norabideen (2001/C 37/03) 74. puntuak exijitu bezala.

7. artikulua.– Prozedurarekin hastea.

1.– Agindu honetan araututako laguntzetarako deialdi publiko bat egingo da urteko, eta publikotasunaren, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioei jarraiki emango dira.

2.– Berrikuntza eta Energia sailburuordeak deialdia egingo du, eta ekitaldiaren barruan 2.4 artikuluan adierazitako diruz laguntzeko moduko eremu bakoitzerako diru-laguntza emateko aurrekontu-izendapenaren zenbatekoa zehaztuko du, bai eta eskabideak aurkezteko epea eta lekua ere.

8. artikulua.– Eskabideak.

1.– Agindu honetan ezarritakoari jarraiki bertan aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituztenek Energia eta Meategien zuzendariari zuzendutako eskabidea eta gainerako dokumentazio osagarria aurkeztu beharko dute urteko deialdiari buruzko ebazpenak finkatutako epean, Industria, Merkataritza eta Turismoko Lurralde Bulegoetan edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean zehaztutako lekuetan. Onuradun izateko baldintzak diru-laguntza ordaintzen den unera arte bete behar dira.

2.– Eskabide-eredua eta formularioak Industria, Merkataritza eta Turismoko edozein Lurralde Bulegotan lortu ahal izango dira. Halaber, Interneteko www.eragintza.net orritik jaitsi ahal izango dira, Berrikuntza eta Energia sailburuordearen ebazpen bidez laguntzetarako deialdia egin ondoren.

3.– Eskabideak diruz laguntzeko moduko jarduna hasi aurretik eta jarduna hasten den ekitaldi ekonomikoan aurkeztu beharko dira. Eskabideen barnean ezin izango dira aurreko ekitaldietan egindako inbertsioak hartu.

9. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskatzaileak eskabide bat bete beharko du. Eskabide horrek honako datu hauek bildu beharko ditu, besteak beste: enpresari buruzko informazio orokorra, egin beharreko proiektua edo azterlana deskribatuko duen memoria (inbertsioak eta kostuak xehatuta eta lortu nahi diren helburuak zehaztuta), eta helburu berarekin beste erakunde batzuei eskatutako edo beste erakunde batzuetatik jasotako diru-laguntzen zenbatekoen egiazkotasunari buruzko zinpeko aitorpena.

Eskabideak, halaber, eskatzailearen zinpeko aitorpena bildu beharko du, sexu-diskriminazioagatik zigor administratiborik edo penalik jaso ez duela eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari jarraiki diru-laguntzetarako edo laguntzetarako deialdietan parte hartzeko debekuarekin zigortuta ez dagoela adieraziz.

Eskatzailea ETE bat bada, hori justifikatuko duen dokumentazioa aurkeztu beharko du.

2.– Dokumentazio horrekin batera, eskatzailearen ordezkatze-ahalordearen fotokopia aurkeztu beharko da, ahalorde hori Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak duenean eta ahalduna aldatu ez denean izan ezik.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako diru-laguntzen onuradunen zerga-betebeharrak betetzeari buruzko Ogasun eta Finantza sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan ezarritako kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, betiere eskatzailearen esanbidezko baimena badu, laguntzen eta diru-laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak bete izanaren egiaztagiria eskatuko die zuzenean zerga-alorreko organo eskudunei. Espedientean baimen hori jaso ezean, berriz, eskatzaileek ekarri beharko dute egiaztagiri hori.

4.– Eskatzaileak gorago aipatutako zinpeko aitorpenaren barnean hartutako daturen bat faltsutzen badu, indarrean dagoen zigor-erregimena ezarriko zaio, administratiboa zein penala.

5.– Eskabideak eskatutako datu guztiak barnean hartzen ez baditu, edo aurreko artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkezten ez bada, 10 eguneko epearen barruan okerra zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan eskatu ahal izango diote Lurralde Bulegoek interesdunari; halaber, hori egiten ez badu eskaerari uko egin diola ulertuko dela adieraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 71.1. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

10. artikulua.– Ebaluazioa.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, lau kidez osatutako ebaluazio-organo bat sortuko da. Ebaluazio-organoko lehendakaria Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Energia eta Meategien zuzendaria izango da. Gainerako kideak honako hauek izango dira: Energia Aurreztu eta Garatzeko Zentroko (Cadem) lehendakariordea (lehendakariorde-lanetan jardungo du Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 23.2 artikuluan aurreikusitako kasuetan), Cademen Industria Departamentuko arduraduna, eta Energia Zerbitzuko burua (horrek idazkari-lanetan jardungo du).

2.– Proposamenak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialak Energia Aurreztu eta Garatzeko Zentroaren (Cadem) Zerbitzu Teknikoek egingo dituzte. Zentroak Ebaluazio Organoan aurkeztu ditu zerbitzu horiek. Ebaluazioa egiteko prozesuan, proiektuak edo azterlanak ezarritako helburuetara hobeto egokitzeko komenigarritzat hartzen bada, proiektu edo azterlan horietan aldaketak egitea iradoki ahal izango zaie eskatzaileei.

3.– Ebaluazio Organoa biltzeko, eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, beharrezkoa izango da lehendakaria eta idazkaria (edo beren ordezkoak), eta gutxienez gainerako kideetako bat bertan egotea. Ebaluazio Organoaren funtzionamenduarekin zerikusia duen eta idatz-zati honetan aurreikusi ez den orotan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen II. Tituluko II. Kapitulua aplikatuko da, osagarri modura.

4.– Energia-eraginkortasuneko eta kogenerazioko proiektuen kasuan, laguntzaren ehunekoa aukeratzeko eta finkatzeko, eta diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, honako irizpide eta ponderazio hauek hartuko dira kontuan:

Zenbakia	Irizpidea	Ponderazioa1	- Energia-eragina	% 40	

2	- Bideragarritasun ekonomikoa	% 8	

3	- Industria-balio erantsia	% 2	

4	- Izaera berritzailea	% 15	

5	- Erreplikabilitatea	% 10	

6	- Ingurumenaren hobekuntza	% 15	

7	- Lantok. edo Unib. parte-hartzea	% 5	

8	- Beste faktore batzuk	% 5	

5.– Energia berriztagarrietarako proiektuen kasuan, laguntzaren ehunekoa aukeratzeko eta finkatzeko, eta diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, honako irizpide eta ponderazio hauek hartuko dira kontuan:

q 	Berrikuntza teknologikoa:	 % 30	

q 	Aplikazioaren berezitasuna:	% 30 	

q 	Proiektuaren gizarte-interesa:	% 30	

q 	Beste faktore berdintsu batzuk:	% 10	

6.– Nolanahi ere, aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertzeko, ebaluatzeko eta bideratzeko beharrezkotzat hartzen den dokumentazio eta/edo informazio guztia eskatu ahal izango zaio eskatzaileari. Halaber, arau honetan esanbidez aurreikusita ez dagoenari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoa aplikatuko dela adieraziko zaio.

11. artikulua.– Laguntzak emateko proposamena.

Eskabideak ebaluatzeko funtzioak betetzeaz arduratutako kide anitzeko organoak, gainera, laguntzak emateko ebazpen-proposamenak egingo dizkio dagokion organo eskudunari. Proposamen horietan honako hauek adieraziko ditu: bidezkotzat hartzen duen laguntzaren zenbatekoa, ikerketa-proiektua edo ikerketa-azterlana egiteko baldintzak eta epeak, eta beharrezkoa den beste edozein baldintza.

12. artikulua.– Diru-laguntzak ematea. Ebazpena.

1.– Energia eta Meategien zuzendariari dagokio eskatutako laguntzak emateko edo ukatzeko Administrazio Ebazpena ematea.

2.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasita sei hilabete igaro ondoren esanbidezko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, interesdunak bere asmoa ezetsi egin dela ulertuko du; nolanahi ere, administrazio-organo eskudunak eskatutako laguntzari buruzko ebazpena eman beharko du.

3.– Energia eta Meategien zuzendariak emandako ebazpenen aurka gorako errekurtsoa jarri ahal izango zaio Berrikuntza eta Energia sailburuordeari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoaren arabera.

4.– Emakidari buruzko ebazpena interesdun bakoitzari jakinarazi beharko zaio bakarka; nolanahi ere, esleipendunen zerrenda argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

5.– Diru-laguntzaren emakida jakinarazten duen komunikazioa jaso eta hamabost eguneko epean onuradunak laguntzari esanbidez eta idatziz uko egiten ez badio, onartzen duela ulertuko da.

13. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa.

1.– Diru-laguntza aldi bakarrean ordainduko da, proiektua edo azterlana amaitu ondoren, eta diruz lagundutako jarduerak egin izana, lortu nahi ziren helburuen betetze-maila eta egindako gastuak egiaztatzeko aukera emango duen dokumentazioa aurkeztu ondoren. Dokumentazio hori deialdia egin eta hurrengo urteko lehen hiru hilabeteetan aurkeztu beharko da.

2.– Cadem zentroa Erakunde Laguntzaile izendatu da 15. artikuluan xedatutakoari jarraiki, eta, laguntzaren ordainketa egin aurretik, proiektua gauzatu den eta egindako proiektuekin edo azterlanekin lortu nahi ziren helburuak zer neurritan bete diren egiaztatuko du.

3.– Ordainketa bideratzen den egunean, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako diru-laguntzen onuradunen zerga-betebeharrak betetzeari buruzko Ogasun eta Finantza sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan ezarritako kasuetan, Agindu honen 9.3 artikuluan ezarritako moduan egingo da adierazitako egiaztapena.

4.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketaren bat egiten bada (betiere diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen denean) eta, hala badagokio, diru-laguntza horrekin batera beste edozein erakunde publiko edo pribatutatik beste diru-laguntza eta laguntza batzuk jaso badira, diru-laguntzen emakidari buruzko Ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Energia eta Meategien Zuzendaritzak aldaketari buruzko bidezko Ebazpena emango du eta, bertan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira.

14. artikulua.– Informazioa emateko betebeharra.

1.– Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak edo, hala badagokio, Cademek, diruz lagundutako jardueren garapenaren eta gauzatzearen inguruan egokitzat hartzen dituen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu. Horretarako, beharrezkotzat hartzen den informazio guztia aurkeztu beharko dute onuradunek.

2.– Onuradunek, halaber, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzek izango duten erabilera fiskalizatzeko funtzioak betetzean eskatzen dieten informazio guztia eman beharko dute.

3.– Onuradunek edozein administraziotatik edo edozein erakunde publikotatik zein pribatutatik helburu berarekin jaso dituzten diru-laguntzen edo laguntzen, diru-sarreren edo baliabideen, eta eskatu diren eta ebazpenaren zain dauden laguntzen berri eman beharko diote erakunde emaileari.

4.– Onuradunak konpromisoa hartuko du proiektuetan lortutako emaitza teknikoen bilakaeraren berri emateko eta emaitza horien zabalkundea ahalbidetzeko. Era berean, diru-laguntza emateko kontuan hartu den edozein zirkunstantzia objektibo zein subjektibo jakinarazi beharko dio erakunde emaileari.

15. artikulua.– Erakunde Laguntzailea.

1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzen eta laguntzen ondorioetarako, Cadem zentroa Erakunde Laguntzaile izendatzen da, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretu bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean ezarritako baldintzetan, eta arau honetan jasotako zehaztapenekin. Horretarako, bidezko Lankidetza Hitzarmena izenpetu beharko da.

2.– Cademek honako funtzio hauek hartuko ditu bere gain:

a) Planteatutako eskaeren hasierako ebaluazioa egitea.

b) Proiektuen jarraipen teknikoa eta energia-jarraipena egitea.

c) Diruz lagundutako proiektuen eta azterlanen kontrola eta jarraipena egiteko prozesuak definitzea eta ezartzea.

d) Lortutako emaitzen amaierako ebaluazioa egitea.

e) Proiektua gauzatu den eta egindako proiektuekin edo azterlanekin lortu nahi ziren helburuak zer neurritan bete diren egiaztatzea.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Onuradunak Agindu honetan eta aplikagarriak diren gainerako arauetan ezarritako eskakizunen bat edota, hala badagokio, Ebazpenean ezartzen diren baldintzetako bat betetzen ez badu, organo eskudunak, ez-betetzearen ondoriozko espedientea hasi eta interesdunari entzun ondoren, Ebazpen bidez adieraziko du interesdunak diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela eta, egoki bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako laguntzak eta horiei dagozkien legezko interesak itzuli beharko dizkiola, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretu bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 53. artikuluan xedatutakoaren arabera, bidezkoak diren gainerako egintzak aparte utzi gabe. Aipatutako kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Energia eta Meategien Zuzendaritzari dagokio ez-betetzearen ondoriozko espedienteak hastea eta horiei buruzko ebazpena ematea.

3.– Itzultzeko prozedura administrazioko arau-haustea eragin duten gertakarien ondorioz hasi bada, gertakari horiek organo eskudunari jakinaraziko zaizkio, dagokion zigor-prozedurari hasiera emateko.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetan kontuan hartutako laguntzak bideratzeko beharrezkoa den dokumentazioa Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren beste laguntza batzuetarako aurkeztu denean, enpresa onuradunak ez du berriz aurkeztu beharko dokumentazio hori, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. artikuluan ezarri bezala.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Bigarrena.– Agindu honen aplikazioa 2007ko abenduaren 31n amaituko da, ingurumenaren aldeko Estatuko laguntzei buruzko Europako Erkidegoko Norabideen (2001/C 37/03) 81. puntuan xedatutakoa aplikatuta (2001-02-03ko DO C 37).

Hirugarrena.– Agindu honen aurka zuzenean errekurtsoa jarri ahal izango da Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren aurrean, bi hilabeteko epean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritakoari jarraiki.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko abenduaren 14a.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,

ANA AGUIRRE ZURUTUZA.


Azterketa dokumentala